Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

148. zk., 2025eko abuztuaren 7a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEBIZITZA ETA HIRI AGENDA SAILA
3455

154/2025 DEKRETUA, uztailaren 22koa, zeinaren bidez deklaratzen baita ezen, Dimako udalerrian, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, nahitaez desjabetzeko, urgentziaz okupatu behar dituela Dimako Oba Goikoa auzoan luiziak eragindako hornidura-sarea hobetzeko proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak.

«Dimako Oba Goikoa auzoan luiziak eragindako hornidura-sarea hobetzeko» proiektuaren espedientea formalki prestatu eta onartu ondoren, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak adierazi zuen lursail guztiak erabilgarri behar zituela proiektua gauzatzeko.

2024ko irailaren 24an, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak erabaki zuen, batetik, nahitaezko desjabetze-espedienteari hasiera ematea, eta, bestetik, jendaurrean jartzea, hamabost eguneko epean, hark eragindako ondasunen eta eskubideen zerrenda, 2024ko urriaren 24an prentsan eta 2024ko urriaren 16ko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (200. zk.) iragarkiak jarrita. Gero, 2025eko otsailaren 25ean egindako bilkuran, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak erabaki zuen Eusko Jaurlaritzari eskatzea deklara zezala proiektuak eragiten dituen eskubideak eta ondasunak urgentziaz okupatu beharrekoak direla, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak zehaztuta eta banakatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko behar adina datuekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen, egoki zenean, eta hiru alegazio aurkeztu ziren, administrazio-espedientean adierazten denez.

Ondasun eta eskubide horiek okupatzea luzaezintzat jotzen da eskatzaileak adierazitako honako inguruabar hauengatik:

«Obako Atxa mendiaren hegalean izandako luiziaren ondorioz, Idezuriko deposituko ura Artaungo biltegitik bultzatzeko hodia hautsi zen, eta behin-behineko hodi bat eraiki behar izan zen prekarioan».

«Aipatutako aurrekariak kontuan hartuta eta 3/2023 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera, zeinak ur-hornidurako zerbitzuaren kalitateari eta jarraitutasunari eusteko beharra azpimarratzen baitu, BBUPk auzoan dauden eroanbideak berritzeko proiektu bat idaztea erabaki zuen, sarea ez hondatzeko eta horniduran ager litezkeen arazoak saihesteko».

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f artikuluan xedatzen denez, Eusko Jaurlaritzari dagokio deklaratzea urgentziaz okupatu behar direla nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak, nahitaezko desjabetzeak elementu hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Goian aipatutako lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde-antolamenduaren eskumenak dituen sailburuari dagokio horretarako proposamena aurkeztea Jaurlaritzaren Kontseiluari.

Hori dela eta, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak proposaturik, Gobernu Kontseiluak, 2025eko uztailaren 22ko bilkuran gaia aztertu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz, deklaratzea Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak urgentziaz okupatu behar dituela «Dimako Oba Goikoa auzoan luiziak eragindako hornidura-sarea hobetzeko proiektua» proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren ondasunak eta eskubideak, nahitaez desjabetzeko. Berariaz abiarazitako espedientean jasotako zerrendan zehazten dira, banakatuta, ondasun eta eskubide horiek.

AZKEN XEDAPENA BAKARRA

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aurretiaz berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Epeok, dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.

Vitoria-Gasteizen, 2025eko uztailaren 22an.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua,

DENIS ITXASO GONZÁLEZ.


Azterketa dokumentala