Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

148. zk., 2025eko abuztuaren 7a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
3450

EBAZPENA, 2025eko ekainaren 12koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bitartez proiektu honen ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten baita: 15,75 MWp-ko Ubalza eguzki-instalazio fotovoltaikoa eta hari lotutako ebakuazio-azpiegitura Agurain eta Iruraiz-Gaunako udal-mugarteetan (Araba), Cañaveras Solar SLk sustatua.

AURREKARIAK

2024ko urtarrilaren 26an Industria Administrazioaren Arabako Lurralde Ordezkaritzak jendaurreko informazioaren izapidea egin zien Agurain eta Iruraiz-Gaunako udal-mugarteetan (Araba) 26,63 MWp-ko Ubalza eguzki-instalazio fotovoltaikoa eta hari lotutako ebakuazio-azpiegitura jartzeko proiektuari eta horren ingurumen-inpaktuaren azterketari, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean eta Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean ezarritakoaren arabera, inork alegaziorik aurkeztu nahi bazuen ere. Izapide horren iragarkia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen 2024ko otsailaren 7an (28. zk.) eta Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean 2024ko otsailaren 9an (17. zk.).

Jendaurreko informazioaren izapidea burututa, Eusko Jaurlaritzaren Arabako Industria Administrazioko Lurralde Ordezkaritzak adierazi zuen alegazioak jaso zirela.

Halaber, jendaurreko informazioaren izapidearen aldi berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, Industria Administrazioaren Arabako Lurralde Ordezkaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei. Emaitza espedientean jasota dago. Horri dagokionez, sustatzaileak adierazi du kontuan hartu direla ukitutako administrazio publikoen erantzun-txostenak.

Ebazpen honen eranskinean jaso diren txosten eta alegazioen zerrenda ageri da. Dokumentu hau egitean ingurumen-arlokoak aztertu dira.

2024ko irailaren 13an Eusko Jaurlaritzako Industria Administrazioaren Arabako Lurralde Ordezkaritzak Cañaveras Solar SLk Agurain eta Iruraiz-Gaunako udal-mugarteetan (Araba) 15,75 MWp-ko Ubalza eguzki-instalazio fotovoltaikoa eta hari lotutako ebakuazio-azpiegitura jartzeko sustatutako proiektuaren (hemendik aurrera proiektua) ingurumen-inpaktuaren adierazpena eskatu zion Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoari jarraikiz.

Eskabidea aztertu ondoren, 2024ko azaroaren 13an, orduan Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritza zenak errekerimendua bidali zuen Eusko Jaurlaritzaren Arabako Industria Administrazioko Lurralde Ordezkaritzara, espedientean zuzenketa formal batzuk egiteko eta eduki tekniko batzuk zuzentzeko.

2024ko azaroaren 27an eta 2025eko urtarrilaren 24an Eusko Jaurlaritzaren Arabako Industria Administrazioko Lurralde Ordezkaritzak dokumentazio osagarria bidali zuen.

Jendaurreko informazioaren izapideak eta kontsultak egin ondoren, 2024ko abuztuan sustatzaileak aldaketak egin zituen proiektuan eta ingurumen-inpaktuaren azterketan (IIA).Ondorioz, ingurumen-organo honek ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko behar beste judizio-elementu eduki behar dituenez, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 40.5 artikulua aplikatzeko, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak uste du Arabako Foru Aldundiko Natura Inguruneko Zuzendaritzak eta Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzak jasotako informazio berriari buruzko ebazpena eman behar dutela. Horregatik guztiagatik, 2025eko otsailaren 13an ingurumen-organoak Eusko Jaurlaritzaren Arabako Industria Administrazioko Lurralde Ordezkaritzari eskatu zion administrazio publiko horiei eskatzeko ebazpena eman zezatela dokumentazioa jasotzen zenetik 30 egun baliodun igaro baino lehen.

Beste alde batetik, proiektuaren eremua antolatzen duen plan bereziaren espedientea dela eta, Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren ebazpen baten bitartez Aguraingo Ubalza eguzki-instalazio fotovoltaikoaren plan bereziaren ingurumen-azterketa estrategikoaren irismeneko dokumentua egin zen.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren xedea da proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea, proiektu horiek ingurumenean ondorio nabarmenak izateko arriskua dakartenean, ingurumenaren babes-maila handia bermatzea eta garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 76.1 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egingo zaie lege horren II.D eranskinean zerrendatzen diren proiektu publiko zein pribatuei. Hain zuzen ere, aztertutako proiektua eranskin horren D3 taldean dago (Industria energetikoa), honako atal honetan: Energia fotovoltaikoko instalazioak, 15 hektareako azalera edo handiagoa hartzen dutenak. Atal horretakoak dira hauek ere: azalera txikiagoa hartuta ere, beste instalazio fotovoltaiko baten mugan dauden titular beraren edo beste batzuen instalazioak, baldin eta instalazio horiek guztira 15 hektareako azalera edo handiagoa hartzen badute. Ez daude atal horretan dagoeneko finkatuta dauden lur urbanizatuetan edo lehendik dauden eraikinetan dauden energia fotovoltaikoko instalazioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatzeko, Industria Administrazioaren Arabako Lurralde Ordezkaritzak, organo substantibo gisa, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egiteko zer behar den xedatu du. Horretarako, ingurumen-inpaktuaren azterketa bat gehitu du espedientean, kontsulta publikoak egin ditu, eta ukitutako administrazio publikoek eta interesdunek prozeduran parte hartu dute.

Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-inpaktuaren azterketa zuzena dela eta kontuan hartzen dituela indarrean den araudian ezarritako alderdiak, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau eman du, zuzendaritza horrek baitauka horretarako eskumena, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Agurain eta Iruraiz-Gaunan (Araba) 15,75 MWp-ko Ubalza eguzki-instalazio fotovoltaikoa jartzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau ematea, ingurumen-efektuei dagokienez soilik.

1.– Proiektuaren deskribapena eta kokalekua.

Proiektua Aguraingo (Araba) lau landa-lurzatitan egingo da; instalazioek berek 22,22 ha hartuko dituzte (instalazioen perimetroaren barruko esparrua). Proiektuaren arabera, eguzki-instalazio fotovoltaikoaren guztirako potentzia 15,75 MWp izango da eta potentzia izendatua 13,53 MWn inbertsoreen irteeran (30.ºC-tan).

Proiektu honen bertsio berria da, jendaurreko informazioko izapidean eta eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsultak egiteko izapidean jaso diren txostenen eta alegazioen arabera aldatua: Agurainen eta Iruraiz-Gaunan (Araba) 26,63 MWp-ko Ubalza eguzki-instalazio fotovoltaikoa eta hari lotutako ebakuazio-azpiegitura jartzeko proiektua.

Eguzki-instalazio fotovoltaikoan bi sektore egongo dira (ekialdekoa eta mendebaldekoa), eta bien artean 800 m egongo dira gutxi gorabehera, zuzenean neurtuta. Bi sektoreak lurpeko 30 kV-ko linea batez lotuko dira. Bi sektoreetan 3 uharte egongo dira guztira.

Mendebaldeko sektorean PV1 azpieremua egongo da, eta ekialdeko sektorean bi azpieremu hauek: PV2 (bitan zatituta: PV2.1 eta PV2.2) eta PV3.

Proiektuaren arabera, egitura baten gainean zenbait modulu fotovoltaiko ipiniko dira, moduluek korronte zuzeneko elektrizitatea sortuko dute, gero korronte alternora bihurtuko da inbertsoreen bitartez eta, azkenik, transformazio-zentroetan tentsioa igoko da.

Eguzki-instalazio fotovoltaikoan sortzen den energia isolamendu-zentro batetik aterako da, eta lurpeko 30 kV-ko linea batetik Donemiliagako 220/30 kV-ko azpiestazio kolektorera eramango da. Handik energia Red Eléctrica de Españaren 220 kV-ko SE Elgea azpiestaziora eramango da (interkonexio-puntua) aireko 220 kV-ko linea baten bitartez.

Parkearen egitura bi lerroko jarraitzailearena izango da, 60 moduluko lerroekin (2x1Vx30). Aparteko kasuetan, lurzatietako ertzak ahalik ondoen aprobetxatzeko, 30 moduluko jarraitzaileak instalatuko dira (2x1Vx15). Proiektuaren arabera, Risen Energy fabrikatzailearen RSM132-8-725BHDG motako bi aldeko eta kristal bakarreko 21.720 modulu fotovoltaiko ipiniko dira iparra-hegoa ardatz finkoan biratzen diren egituretan banatuta. Egitura horiek eguzkiaren posizioari modu automatikoan jarraitzen diote egunean zehar ekialdea-mendebaldea noranzkoan. Modulu fotovoltaikoei eusten dien egitura metalikoa zuzenean tinkatuko da lurrean. Hala ere, baliteke toki batzuetan tinkatzeko beste soluzioren bat aplikatu behar izatea beste zimendatze-aukera batzuetara egokitu ahal izateko. Modulu fotovoltaikoen multzoetan sortzen den energia korronte zuzenetik korronte alternora bihurtzeko Huawei fabrikatzailearen SUN2000-330 KTL-H1 modeloko inbertsoreak edo antzekoak erabiliko dira.

Isolamendu-zentroa PV1 azpieremuko hego-ekialdeko izkinan egongo da; azkenean 39,32 m2 inguru hartuko ditu eta aldi batez 300 m2 inguru.

Osagai nagusiez gainera (eguzki-panelak, inbertsoreak, transformazio-zentroak, energia ateratzeko lineak eta konexio-lineak), instalazioan zenbait osagai estandar ere egongo dira (monitorizazio-sistema, segurtasun-sistemak, suteen aurkako sistema, etab.). Horiek proiektuaren ondoko fase batean zehaztuko dira.

Donemiliagako azpiestazio kolektorea energia berriztagarrien zenbait sustatzailek erabiliko dute. Sortzen den energia Red Eléctrica de Españaren 220 kV-ko SE Elgea aspiestaziora bidaliko du 220 kV-ko aireko linea batetik. Azpiestazio kolektoreari dagokionez proiektuaren irismena hauxe baino ez da: beste toki batera zabaltzea beste transformadore batekin, Ubalza eguzki-instalazio fotovoltaikoa konektatzeko. Beste alde batetik, Donemiliagako aspiestazioa eta Elgeakoa konektatzeko aireko linea ez da sartzen proiektu honetan.

Eguzki-instalazio fotovoltaikoaren bi sektoreak 30 kV-ko lurpeko linea batek konektatzen ditu. 1.317,23 metro luze da, eta Aguraingo udalerrian dago osorik. Ibaiak (Galtzar eta Los Apóstoles) zanga bidez zeharkatuko dira. Kontuan harturik zangaren eraikuntza-ezaugarriak eta materialak pilatu beharko direla, uste da gehienez 1,3096 ha-ko eremua okupatu beharko dela aldi batez.

Eguzki-instalazio fotovoltaikoan sortzen den energia 30 kV-ko lurpeko linea batetik eramango da Donemiliagako 220/30 kV-ko azpiestazio kolektorera. Linea hori 4.233,78 metro luze izango da; 800 metro baino apur bat gehiago Aguraingo udalerrian egongo dira eta gainerakoak Iruraiz-Gaunan. Ingurumen-inpaktuaren azterketaren arabera, energia ateratzeko lineak zulaketa horizontal gidatuaren bidez zeharkatuko ditu Etxabarri eta Arganzubi errekak. Aldiz, «izen gabeko 13515» erreka zanga bidez zeharkatuko da.

Kontuan harturik zangaren eraikuntza-ezaugarriak eta materialak pilatu beharko direla, kalkulatu da energia ateratzeko linearen instalaziorako gehienez 4,21 ha okupatu beharko direla aldi batez: 0,78 ha Agurainen eta 3,43 ha Iruraiz-Gaunan.

Ahal dela, galtzadak, bideak eta ibaiak haien ardatzekiko perpendikularrean zeharkatuko dira hodien bidez. Lurretik hodiaren gorengo azaleraino 0,6 m-ko sakonera egongo da gutxienez. Hodiak erabat hormigoiztatuta egongo dira. Kableak botatzeko zangak bitarteko mekanikoez zulatuko dira, eta haien neurriak eta eraikuntza-ezaugarriak aplikatu beharreko indarreko araudiaren araberakoak izango dira. Zanga barruan, kableak zuzenean lurperatuko dira, edo hodi barruan egongo dira, kasuan kasukoa kablearen arabera.

PV1 sektore edo «uharteko» sarbidea A-3110 bidea izango da; eguzki-instalazio fotovoltaikoaren ekialdeko sektore edo «uharteetako» sarbidea 051-000-14 landa-bidea izango da, parke fotovoltaikoa ezarriko den lurzatietako sarbideetatik.

Proiektuaren arabera, instalazioaren barruan zenbait bide egingo dira, bai obretarako, bai ustiapenerako, transformazio-zentroetara, isolamendu-zentrora, eragiketen eta mantentze-lanen eraikinera eta biltegira joateko, eta aldi batez baita materialak pilatuko diren eremuetara ere (horiek obren fasea amaitutakoan desegingo dira). Bideak 3,5 m zabal izango dira, eta sekzioa honela eratuko da: azpian 25 cm-ko oinarria, hautatutako lurrez egina eta Proctor aldatuaren % 98ra trinkotua; gainean zabor-legar artifizialezko 25 cm-ko geruza bat, Proctor aldatuaren % 98ra trinkotua.

Eguzki-instalazio fotovoltaikoaren inguruan hesia ipiniko da, lau azpisektoretan zatitua: azpisektore bakoitzak bere hesia edukiko du. 2,1 metroko altuerako ehiza-hesia izango da; zutoinen artean 5 metroko tartea utziko da. Zutoinak zimentaturik ainguratuko dira lurrean: HM-20 hormigoizko blokeak, 400x400x400 mm-koak.

Eguzki-instalazio fotovoltaikoaren barruko argi-sisteman erabileraren araberako eremuak egongo dira. Dena dela, argiztapen-maila nahikoa izan beharko da, araudian ezartzen diren baldintzen edo jabearen beharrizanen arabera.

Parke fotovoltaikoan sei eremu egongo dira makinak uzteko, garbitzeko eta materialak pilatzeko, «uharteetako» esparruetan. Guztira 2.297,94 m2 okupatuko dituzte.

Eguzki-instalazio fotovoltaikoaren barruan, isolamendu-zentroaren ondoan, eragiketak, mantentze-lanak eta kontrol-lanak egiteko eraikina egongo da. Horren hornidura elektrikoa hurbilen dagoen transformazio-zentrotik helduko da. Eraikin horren neurriak 10,681 x 2,350 x 2,800 m izango dira, eta guztira 30 m2-ko eremua hartuko du behin betiko, gutxi gorabehera. Eraikin horren barruan hiru espazio egongo dira: rack-en gela, bulego-eremua eta komuna. Eraikin horren ondoan 89,23 m2-ko edukiontzia egongo da.

Eguzki-instalazio fotovoltaikoan sortuko den energia ateratzeko azpiegituraren barruan, Donemiliagako 220/30 kV-ko azpiestazio kolektorea, Aixeindar SArena, hego-ekialdetik handituko da. Azpiestazio horren bidez Aixeindar SAk sustatutako Ubalza eguzki-instalazioan, Azazeta parke eolikoan eta Laminoria eguzki-instalazioan sortzen den energia 220 kV-ko aireko linea batetik Red Eléctrica de Españaren 30/220 kV-ko Elgea azpiestaziora eramango da. Azpiestazio hori 13,50 m-ko luzerako eta 7,6 m-ko zabalerako eraikin baten bidez handituko da. Eraikin aurrefabrikatua izan daiteke edo bertan eraiki. Guztira, azalera eraikia 103 m2-koa izango da gutxi gorabehera, eta zorutik teilatu-hegalerainoko altuera 3,3 m-koa izango da. Eraikinak zapata-zimenduak edukiko ditu, hain zuzen ere zimendu jarraituak, eta horma-zorra egongo da kableak eta instalazioak pasatzeko. Ur-hornidura edukiko du, eta hondakin-urak hobi septikora bideratuko dira. Garbitzeko ura tanga-kamioi baten bidez hornituko da, eta ur beltzak modu berean aterako dira. Gainera, azpiestazioaren zabalkuntzan elementu lagungarriak ipiniko dira: zerbitzu-koadroa, hodi elektrikoak, barruko argiak, kanpoko argiak eta larrialdietako argiak, korronte-harguneak eta suteetatik eta arrotzetatik babesteko sistemak. Azpiestazioko drainatze-sareak % 0,5-1eko malda edukiko du; inguruan egiten duen euriaren intentsitatearen arabera kalkulatuko da. Lurpean drainatze-zangak egingo dira (drainatze-hodia eta geoehunezko tapakia), zuhaitz modura antolatuta, ura hodi kolektore batetik azpiestaziotik kanpora atera eta lurzatitik kanpo botatzeko. Zangak drainatzeko agregakinez beteko dira. Zabalkuntzan, gainera, hesi perimetrala egongo da, hain zuzen ere 30 cm-ko altuerako horma eta haren gainean sare elektrosoldatua. Obrak egiten diren bitartean 1.825,57 m2 inguru okupatuko dira materialak eta makinak pilatzeko.

Aspiestazioko sarbidea Donemiliagako udalerriko nekazaritzako lursail bateko pistatik abiatuko da; handik 180,25 m-ko luzerako bide berria egingo da, aldi batez 5 m-ko zabalera eta behin betiko 3,5 m-koa edukiko duena. Donemiliagako azpiestazioaren zabalkuntzak 0,17 ha hartuko ditu; aldi batez materialak pilatzeko erabiliko den eremuaren azalera 0,18 ha izango da.

Lur-mugimenduak direla eta, kalkulatu da lurrak berdintzeko 27.225 m3 lur erauzi beharko direla. Lurra berdindu behar den tokietan 21.099 m3 landare-lur mugituko dira (kendu eta atzera ipini). Kalkuluen arabera, bideak egiteko 1.660 m3 landare-lur kendu beharko dira (eta gorde) eta materialak biltzeko 788 m3 (eraikuntza-fasearen amaieran lehengo tokietan utziko dira). Proiektuko lur-mugimenduak orekatuta daude; materialik soberan egonez gero, zorua berdintzeko geruza uniformea sortzeko edo bideak egiteko edo konpontzeko erabiliko da (materiala karakterizatu eta baliozkotu ondoren). Mugitzen den lurra ez da aterako instalazioaren perimetrotik; aitzitik, ildo-bizkarretan gordeko da, eta lurrak lehengoratzeko eta egokitzeko erabiliko da. Beraz, aurreikusten da ez dela lur-soberakinik egongo.

Proiektuko lanak 10 hiletan amaitzea aurreikusten da. Beste alde batetik, instalazioaren funtzionamendu-aldia 40 urtekoa izango dela uste da. Instalazioaren bizitza erabilgarria amaitutakoan, 6 hilabete beharko dira hura eta energia ateratzeko linea eraisteko eta lurra lehengoratzeko. Azpiestazioa eraisteko 2 hilabete beharko dira.

2.– Proiektuaren eremuan garrantzitsuak diren ingurumen-alderdiak.

Eguzki-instalazio fotovoltaikoa Aguraingo udalerriko lurzoru urbanizaezinean egingo da, batera ez dauden zenbait eremutan, guztira 22,22 ha hartuta. Energia handik ateratzeko erabiliko den linea Iruraiz-Gaunako udalerritik ere pasatuko da.

Proiektuak ukitzen duen eremuaren ezaugarri nagusiak:

– Proiektuaren eremua Zadorra ibaiaren unitate hidrologikoaren barruan dago, Ebroko Demarkazio Hidrografikoan, Zadorraren isurtze-arroan Ullibarri urtegiraino (kodea: ES091241). Proiektua egingo den tokiaren inguruan ibai eta erreka asko daude. PV1 azpieremua izen gabeko 10510 errekaren ondoan dago; erreka hori Los Apóstoles ibaira isurtzen da, 500 m beherago gutxi gorabehera. PV2.1 azpisektorearen mendebaldeko eta iparreko mugetan Galtzar ibaia dago, eta PV3 azpisektorearen ekialdeko mugatik hurbil Santa Engracia erreka dago.

Beste alde batetik, instalazioaren bi sektoreak konektatuko dituen lineak Los Apóstoles eta Galtzar ibaiak zeharkatuko ditu, eta instalazio fotovoltaikoan sortuko den energia Donemiliagako 220/30 kV-ko azpiestazio kolektorera eramango duen lurpeko lineak Etxabarri erreka, horra isurtzen den izen gabeko 13515 erreka eta Arganzubi ibaia zeharkatuko ditu.

– EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren arabera (LPS), Los Apóstoles, Galtzar eta Arganzubi ibaiak 1. mailakoak dira (1-10 km2-ko isurtze-arroa) eta Etxabarri erreka eta bertara isurtzen den izen gabeko 13515 erreka 00 mailakoak (1 km2-tik beherako isurtze-arroa). Gainera, LPS horren arabera, energia ateratzeko lineak izen gabeko 13641 errekara isurtzen den ur-lasterra zeharkatuko luke (geoEuskadin Gereñuko biztanlegunetik uretan behera kartografiatuta dago), eta horrek 1-10 km2-ko isurtze-arroa dauka. Kasu guztietan, hirigintzari dagokionez, landa-eremuko ibai-ertzak dira. Etxabarri erreka eta izen gabeko 13515 erreka lehentasuneko natura-intereseko zonetako ibai-ertzak dira energia eguzki-instalazio fotovoltaikotik Donemiliagako 220/30 kV-ko azpiestazio kolektorera eramango duen lineak zeharkatzen dituen tokietan.

– Plan Hidrologikoko Zona Babestuen Erregistroa (ZBE) kontuan hartuta, eremuko lur batzuk Ullibarri urtegiko zona sentikorreko urak biltzeko eremuan daude. Gainera, proiektuaren arabera energia ateratzeko linea eta Donemiliagako azpiestazioaren zabalkuntza Gasteizko lurpeko ur-masa alubialaren Dulantzi sektorean dago, eta hori nitratoen kutsadurarekiko eremu kaltebera da.

– Eguzki-instalazio fotovoltaikoa Kuartango-Agurain lurpeko ur-masaren gainean dago; energia ateratzeko linearen azken tartea eta Donemiliagako azpiestazioaren zabalkuntza Gasteizko lurpeko ur-masa alubialaren gainean daude. PV2 eta PV3 azpieremuak «Kuartango-Agurain kuaternarioa» lurpeko masen sektorearen mugakideak dira. PV2 azpisektoreko lur batzuk interes hidrogeologikoko eremu batean daude, zeren eta material litologiko nagusiak porositate bidezko iragazkortasun ertaineko jalkin alubialak baitira. Gainera, energia ateratzeko lineak lurpeko ur-masak dauden beste sektore batzuk eta interes hidrogeologikoko beste zona batzuk ere zeharkatuko ditu.

– PV1 azpisektorearen ekialdean, 330 metro ingurura Alaizamadura ureztatzeko baltsa dago. Halaber, horren ipar-mendebaldetik, 750 metro ingurura Langarika ureztatzeko baltsa dago. Ur-masa horiek EAEko Hezeguneen Inbentarioko III. taldean daude.

– Lurren gaitasun agrologikoa dela eta, eguzki-instalazio fotovoltaikoak EAEko nekazaritzako eta basozaintzako LPSaren arabera balio estrategiko handikoak diren lurrak okupatuko ditu. Hain zuzen ere, 11,53 ha inguru hartuko ditu. Gainera, basoa-mendi mehatza eta trantsizioko landa paisaia unitatea ere hartzen du. Eguzki-instalazio fotovoltaikoaren sektoreak konektatuko dituen linea energia ateratzeko linea batez ere balio estrategiko handiko nekazaritza eta abeltzaintzako lurretan zehar eta trantsizioko landa-paisaian zehar egingo dira.

– Eusko Jaurlaritzaren 2007ko landaretza-mapen arabera (geoEuskadi), proiektuaren eremua batez ere nekazaritzako lurretan dago (zereala, patata eta erremolatxa). Galtzar ibaiaren ertzetan, PV2 azpisektorearen mugan, lizarrak eta zumarrak daude, sektoreak konektatzen dituen linearen eta energia ateratzeko linearen toki batzuetan sahatsak eta lizarrak, eta energia ateratzeko lineatik hurbil dauden toki batzuetan erkamezti subkantauriarrak eta ipurudiak-zumitza dagoen larreak. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, proiektuaren eremuaren barruan Batasunaren intereseko habitatak daude: txilardi kaltzikolak (genistak) (kodea: UE 4090), 0,07 ha, eta ameztiak (kodea: UE 9240), 0,03 ha. Beste alde batetik, landare mehatxatuak edo EAEn oso urriak diren landareak direla eta, proiektuaren inguruan Arenaria vitoriana eta Carlina acaulis L. subsp. Simplex espezieak aurkitu izan dira, baina aztertutako eremuan ez dago inolako aukerarik espezie horiek bizitzeko. Aldiz, eguzki-lore laburra (Carlina acanthifolia subsp. cynara) badago. Gainera, lilipa txikia ere badago (Narcissus asturiensis); lore hori EAEko Espezie Mehatxatuen Katalogoaren arabera «interes berezikoa» da, eta txilardi kaltzikola tuparrizaleetan (genistak) ikusi izan da. Intereseko espezieei dagokienez, zenbait orkidea espezie daude (Oprys gr fusca, Anacamptis morio,...), eta Fritillaria lusitánica liliazeoa ere bai, denak txilardegi kaltzikoletan, baina parke fotovoltaikoa egongo den eremutik kanpo.

– Faunari dagokionez, ez proiektuaren eremuan, ez haren ingurune hurbilean, ez da identifikatu fauna mehatxatua kudeatzeko plan onartuen xede den espaziorik. Proiektuak ez du zuzenean ukitzen Batasunaren Intereseko Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Planeko interes bereziko eremurik, ez elikatzeko babes-eremurik, ez abifaunarentzako babes-eremurik (horiek guztiak Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduan finkatu ziren; 2016ko maiatzaren 23ko EHAA, 96. zk.). Nolanahi ere, Entzia sektoreko babes-eremua energia ateratzeko lineatik 60 metro baino apur bat urrunago dago, hegoaldean.

Parke fotovoltaikoa eta berari lotutako azpiegiturak egin nahi diren UTM 10 x 10 km-ko saretan Hegaztien Zuzentarauaren I. eranskineko 17 hegazti-espezie daude eta Habitaten Zuzentarauaren IV. eranskineko 8 ugaztun ertain eta herpetofaunako espezie. Espezie horien artean ez dago lehentasunekorik.

EAEko araudiari dagokionez, aurkeztutako dokumentazioan aipatzen da aztertutako eremuan EAEko Espezie Mehatxatuen Katalogoaren arabera galtzeko arriskuan dagoen espezie bat dagoela (miru gorria, Milvus milvus) eta kalteberatzat jotzen diren zazpi espezie (mirotz urdina, Circus pygargus; sai zuria, Neophron percnopterus; argi-oilarra, Upupa epops; mozolo arrunta, Athene noctua; Schreibers saguzarra, Miniopterus schreibersii; apo lasterkaria, Epidalea calamita; baso-igel jauzkaria, Rana dalmatina). Horietatik mirotz urdina da zabalguneekin edo nekazaritzako sailekin lotura handiena daukana, eta horixe da parke fotovoltaikoak eragin handiena edukiko duen habitata.

Proiektuak ingurumenean edukiko duen inpaktuari buruzko azterlanean parke fotovoltaikoa eta bertako energia ateratzeko hodia egongo diren eremuko faunari buruzko eragiketak hasi aurreko azterketaren emaitzen inguruko txostena sartu da (urteko zikloa). Azterketa 2023ko urtarrilean hasi zen, eta beraren helburuak dira parke fotovoltaikoa eta bertako energia ateratzeko hodia egongo diren eremuko hegaztien jarraipena egitea urtetik urtera, batetik, eta artatu beharreko herpetofaunari eta mastofaunari buruzko informazioa biltzea, bestetik. Mirotz urdina dela eta, aurkeztutako dokumentazioaren arabera 2023. urteko zikloan 6-9 bikote/lurralde erroldatu ziren proiektuko lurzatien 5 km-ko zerrendan: 6 bikote ziur eta 3 posible (ez zen zehaztu non zeuden habiak). Gutxienez 3 bikotek umeak izan zituzten. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, 2023. urtean Ubalza parke fotovoltaikoaren lurzatietan ez zen jaio mirotz urdinik eta, gainera, ezin da esan espezie horrek lurzatiok bizi-eremu modura hautatu zituenik ere. Beste alde batetik, 5 km-ko zerrendan hiru mirotz zuri bikote posible erroldatu ziren; ez zen zehaztu non zeuden habiak, eta bikote guztiak Ubalza parke fotovoltaikoaren proiektuko lurzatietatik kanpo ikusi ziren.

– Proiektuaren eremuan ez dago Natura 2000 Sareko gunerik, ez naturagune babesturik, ez EAEko korridore ekologikoen sareko elementurik, ez azpiegitura berdekorik. Proiektuak ez du zuzenean ukitzen naturagune babesturik, baina eguzki-instalazio fotovoltaikotik 2 km ingurura, hegoaldetik, Entzia KBE dago (ES2110022). Entzia mendilerroa EAEko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetako naturagune garrantzitsuen katalogo irekian ere badago.

– Eremuan ez dago interes geologikoko gunerik.

– Kultura-ondareari dagokionez, eguzki-instalazio fotovoltaikoaren inguruan zenbait elementu arkeologiko daude, batzuk kultura-ondasunak eta beste batzuk toki-interesekoak. Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 65. eta 66. artikuluak betetzeko, esku-hartze arkeologikoko proiektua egin da (Ondare Babesa, 2023). Horren dokumentazioa ingurumen-inpaktuaren azterketari erantsi zaio.

– Eguzki-instalazio fotovoltaikoa Aguraingo ikusmen-arroko nekazaritza-lurretan egongo da. Eremuaren paisaia-balioa oso txikia da; ez dauka ezer berezirik. Paisaia ez dago katalogatuta; hala ere, kilometro batera edo Araba Erdialdeko Eremu Funtzionaleko Paisaien Katalogoko P2 Gasteizko mendiak, Barga de Iturrieta eta Entzia paisaia-interes bereziko eremua dago.

– Egoera akustikoa dela eta, aurkeztutako dokumentazioan eragiketak hasi aurreko soinu-mailei buruzko entsegua dago, PROINAC, Proyectos Ingeniería Acústica SLUk egina (data: 2023ko apirila) obra-eremuaren mugakide diren biztanleguneetan (Egileor eta Alaitza eta Gereñu kontzejuak). Entsegu horretan soinu-maila altuak neurtu dira inguruan egiten diren nekazaritzako eta lorezaintzako lanen eraginez.

– Ingurumen-arriskuei dagokienez, baztertu egin dira uholde-arriskuarekin, SEVESO enpresetatik hurbil egotearen ondoriozko arrisku kimikoarekin eta trenbidez eta errepidez salgai arriskutsuak garraiatzearekin lotutakoak. Beste alde batetik, geoEuskadiren arabera, proiektuaren eremuan ia ez dago sutea gertatzeko arriskurik, inguruan zuhaixkak eta zuhaitzak urriak baitira. Azkenik, akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasuna baxua edo hutsaren hurrengoa da.

– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak egindako Energia eoliko eta fotovoltaikoaren garapena eta horren bateragarritasuna EAEko natura-ondarearen kontserbazioarekin izeneko azterlanaren arabera, eta kontuan hartuta geoEuskadi atarian dagoen kartografia, aerosorgailuak azpiegitura mota horientzako sentikortasun handiko eremuetan kokatzen dira, abifaunaren gaineko eragina aurreikus daitekeen eremuetan baitaude. Beste alde batetik, eguzki-instalazio fotovoltaikoa Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialean (hasierako onespena dauka) zehaztutako instalazio fotovoltaikorik gabeko eremuen kanpoaldeko mugan dago, baina beraren eremuan ez dago plan horretan hautatutako kokapen-eremurik.

3.– Espedientearen azterketa teknikoa.

Espedientean bildutako informazioaren arabera –2025eko otsaileko IIAn eta ukitutako administrazio publikoek eta pertsona interesdunek egindako txostenetakoa barne–, bai eta jendaurreko informazioaren izapidean jasotako alegazioetako informazioaren arabera ere, ebaluazioaren alderdi garrantzitsu hauek azpimarra daitezke, laburbilduta:

3.1.– Aukeren ingurumen-azterketa.

Proiektuaren definizioan parkea egiteko 4 toki aztertu dira. Gainera, beste aukera bat ere badago: 0, proiektua ez egitea. 1. tokia baztertu da berak daukalako eraginik handiena paisaian, eta hegaztiei kalte egingo liekeelako, parkea gertu egongo bailitzateke Pedroko hezegunetik. 2. tokia baztertu da okupatuko liratekeen lur gehienak balio estrategiko handikoak direlako EAEko nekazaritzako eta basozaintzako LPSaren arabera. 3. tokia baztertu da batez ere energia ateratzeko lineak kalte egingo liekeelako biztanleei eta hegaztiei, batik bat uretakoei, landa zabaletan bizi direnei eta basoko harrapariei.

Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, proiektua 4. tokian ezarriko litzateke, berak okupatuko lukeelako lur gutxien eta berak edukiko lukeelako eragin txikiena ingurumenean (paisaian, habitatetan eta landareetan, animalien komunitateetan eta konektagarritasun ekologikoan), bat datorrelako Europako Batzordeak energiaren arloan ezarritako politikekin, Energiaren eta Klimaren 2021-2030 Plan Nazional Integratuarekin eta Euskadiko 2030erako Energia Estrategiarekin, eta Ingurumenaren Kalitate eta Ebaluazioko Zuzendaritza Nagusiaren 2020ko abenduaren 30eko ebazpenak, 2021-2030 Plan Nazional Integratuaren ingurumen-adierazpen estrategikoa egiten duenak, ezartzen dituen ingurumenaren arloko neurriak eta gomendioak betetzen dituelako.

3.2.– Hautatutako tokiaren inpaktu nabarmenen tratamendua.

Ingurumenaren gaineko inpaktu handienak obretan gertatuko dira batez ere, honako lan hauen eraginez: landaretza garbitzea, lurrak mugitzea, makinak joan-etorrian, lurzatiak hesitzea, eguzki-panelen euste-egiturak ipintzea, transformazio-zentroak muntatzea, isolamendu-zentroa muntatzea, biltegia muntatzea, instalazioaren barruko bideak egitea eta lurpeko instalazioak jartzea (transformazio-zentroen arteko tentsio ertaineko lineak, uharteak konektatzeko linea eta sortzen den energia Donemiliagako 220/30 kV-ko azpiestaziora eramateko linea; uharteak konektatzeko lineak bi ibai zeharkatuko ditu, Galtzar eta Los Apóstoles, zanga bidez, eta sortzen den energia Donemiliagako 220/30 kV-ko azpiestaziora eramango duen lineak hiru, Etxabarri eta Arganzubi errekak lurrean tinkaturik eta izen gabeko 13515 erreka zanga bidez). Gainera, proiektuaren arabera Donemiliagako 220/30 kV-ko azpiestazio elektrikoa handituko da: kontroleko eraikina egingo da, eta 180 metroko sarbidea egingo da ondoko nekazaritzako pista batetik abiatuta.

Jarduketa horien ondorioz laborantza-lurrak galduko dira –batzuk balio estrategiko handikoak dira Nekazaritza eta Basoak Antolatzeko LPSaren arabera–, kalte egingo zaie jabari hidrauliko publikoari, paisaiari Batasunaren intereseko habitatei eta faunaren habitataren kalitateari, batez ere mirotz urdinaren (Circus pygargus) kontserbazioaren intereseko habitatari (EAEko Espezie Mehatxatuen Katalogoaren arabera espezie kaltebera da) eta mirotz zuriaren (Circus cyaneus) kontserbazioaren intereseko habitatari (EAEko Espezie Mehatxatuen Katalogoaren arabera interes bereziko espeziea da). Horrez gain, kultura-ondareari kalte egiteko arriskua dago (ustezko 14. zona arkeologikoa: Andra Mari Arana baseliza; ustezko 31. zona arkeologikoa: Eskandazabaleko herrigunea) eta makinen ustekabeko isuriekin edo lur-mugimenduetako esekitako solidoekin lurrazaleko uren kalitatean eragiteko arriskua ere badago. Halaber, baliabideak kontsumituko dira, atmosferaren kalitateari kalte egingo zaio (hautsa eta beste kutsatzaile batzuk isuriko dira obren eraginez), eta giza habitataren kalitatea narriatuko da (zarata). Horrez gain, lurrak iraultzeak erraztu egingo du, eraikuntza-fase honetan, landare-espezie inbaditzaileak sartzea; horrelako espezieak ugaritzeko arrisku-faktorea izango da, beraz.

Batasunaren intereseko habitatei dagokienez, energia ateratzeko lineak zuzeneko eragina edukiko du 9240 BIHko 0,03 ha-tan (ameztiak), eta baliteke eragina edukitzea 4090 BIHko 0,07 ha-tan (txilardegi kaltzikolak, genistak) proiektuaren eremuaren barruan, baina ez egiturak egongo diren tokietan. Ingurumen-inpaktuaren azterketan horiek babesteko neurriak ezarri dira.

Instalazioak mirotz urdinaren eta mirotz zuriaren kontserbaziorako intereseko habitatetan edukiko duen eragina dela eta, izapidetu den proiektuan txikitu egin da eguzki-instalazio fotovoltaikoak 2023ko apirileko bertsioan zeukan azalera. Gainera, ingurumen-inpaktuaren azterketan mirotzaren habitata lehengoratzeko eremu bat ezartzen da, eta Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzak eta Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Osasunaren eta Iraunkortasunaren Zerbitzuak eta Natura Ondarearen Zerbitzuak egokitzat jo dute.

Proiektuaren eremuan ustezko bi zona arkeologiko daude: ustezko 14. zona arkeologikoa, Andra Mari Arana baseliza (katastroko lurzatia: 51/1/512), eta ustezko 31. zona arkeologikoa, Eskandazabaleko herrigunea (katastroko lurzatia: 51/1/553). Horiei buruzko azterketa arkeologikoak egin ditu Ondare Babesa SLk, eta Arabako Foru Aldundiko Museo eta Arkeologia Zerbitzuak ontzat eman ditu, eta eskatu du kontrol arkeologikoa aplikatzeko katastroko 51/1/553 lurzatian lurra iraultzen denean.

Beste alde batetik, proiektuak nekazaritzako sektorean edukiko duen eragina ebaluatzeko protokoloa (EAEko nekazaritzako eta basozaintzako LPSan ezartzen dena) aplikatu da, eta Arabako Foru Aldundiko Ekonomia Garapenaren eta Jasangarritasunaren Saileko Nekazaritza Garapenerako Zerbitzuak esan du balio estrategiko handiko lurren galera bateragarria dela udalerriarentzat.

Ustiapen-fasean, inpakturik handienak eguzki-instalazio fotovoltaikoa kontrolatzen eta kudeatzen ariko diren gizakiek eragingo dituzte: hondakin gehiago sortuko dira, eta lanek joan-etorri asko eragingo dituzte. Hori dela eta, eguzki-instalazio fotovoltaikoa Egileor eta Alaitza biztanleguneetatik hurbil egongo da, eta baliteke jarduera berriak herri horietako lasaitasun publikoa nahastea. Horregatik, neurriak ezarri behar dira proiektuko jarduerak eragin kaltegarririk ez edukitzeko gizakiak bizi diren lekuetan.

Zarata dela eta, aurkeztutako dokumentazioaren arabera, eguzki-instalazio fotovoltaikoaren inguruan eragiketak hasi aurrean egin diren entseguek erakutsi dute zarata-maila altuak izaten direla inguruan egiten diren nekazaritzako eta lorezaintzako lanen eraginez. Nolanahi ere, funtzionamendu-fasean, energia sortzeko instalazioak zarata-iturri berriei aplikatzen zaizkien muga-balioak bete beharko ditu, hain zuzen ere Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezartzen direnak.

Proiektuak paisaian edukiko duen eraginari dagokionez, ingurumen-inpaktuaren azterketaren arabera ikusizko inpaktua egongo da Egileor, Alaitza, Agurain, Gazeo, Opakua eta Alangua herrietan, bai eta instalazioaren hegoaldeko mendietako gailurretatik ere (Entzia-Iturrieta-San Bitor-La Minoria), eta neurri zuzentzaileak ezartzen dira, esaterako 5 m-ko zabalerako landare-pantailak proiektuko hesi perimetralen inguruan. Paisaian integratzeko azterketa aurkeztu da. Bertan adierazten da honako neurri hauek egokiak direla instalazioaren ikusizko inpaktua arintzeko eta parke fotovoltaikoa paisaian integratzen laguntzeko: proiektuaren eremua murriztea; mendi-hegalak lurzatietako landaretza naturalarekin babestea; eremuko erliebe izurtua; ibai-ertzetako landaretza; instalazioa ibai-ertzetatik eta hurbilen dauden biztanleguneetatik urruntzea; modulu fotovoltaikoek islen kontrako estaldura edukitzea; hesi perimetralen kanpoaldean landare-zerrenda jartzea.

Beste alde batetik, fase honetan instalazioak ez die kalte egingo ibai-sareari, ez parke fotovoltaikoaren inguruko hezeguneei.

Lurzorua okupatzearen ondoriozko inpaktua obra-fasean sortuko da, eta ustiapenean ere jarraituko du, instalazioaren bizitza baliagarri osoan. Inpaktu hori epe luzera lehengoratu ahal izango da, instalazioa desmuntatuta; izan ere, lurzoruak eragin txikia jasango du eta, neurri zuzentzaileak ezarriz gero, lehengora itzuli ahal izango da. Eguzki-instalazioa ezartzeko aurreikusitako jarduketek eta lurrak mantentzeko aurreikusitako moduak (herbizidarik ez) aukera emango dute okupatutako lurzoruek aldi laburrean lanak egin aurreko egoerara itzultzeko instalazioak itxi ondoren. Hala ere, desmuntatzeko fasean lur-mugimenduak egongo dira, materialak lurgainean utzi eta metatuko dira, makinak erabiliko dira, egiturak desmuntatuko dira eta hondakinak sortuko dira.

Instalazioaren obren eta funtzionamenduaren ondorioz, hondakinak sortuko dira, eta lurzoruak nahiz ingurune hidrologikoa kutsatzeko arriskua egongo da, ustekabeko isurketen edo hondakin-kudeaketa okerraren eraginez. Beraz, neurri zuzentzaile egokiak ezarri beharko dira.

Bigarrena.– Baldintza hauek ezartzea proiektua gauzatzeko (lotesleak dira, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 78.1 artikuluan xedatzen denaren arabera):

1.– Proiektuari ezarritako baldintzak eta hark ingurumenean sortuko dituen ondorio kaltegarriak zuzentzeko eta babesteko neurriak.

Baldintza orokorrak:

– Proiektua garatzeko baldintzak, bai eta babes- eta zuzenketa-neurriak ere, indarrean dagoen araudiarekin eta hurrengo apartatuetan adierazitakoarekin bat etorriko dira, eta, esandakoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoarekin.

– Premiazko neurriei buruzko ekainaren 3ko 105/2008 Dekretuaren (Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legea garatzen duena) 4. artikuluan ezarritakoaren arabera, proiektua garatzeko Plan Berezi bat izapidetu behar da (eta ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar zaio), hirigintzarekin bat datorrela bermatzeko.

– Proiektua aldatzen edo zabaltzen bada, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

– Proiektuan aldaketa puntualak egiten badira, ingurumenaren ikuspegitik ere arrazoitu beharko dira, aurreko paragrafoan adierazitako garrantzia ez badute ere. Babes- eta zuzenketa-neurrietan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintzen agirian jasoko dira proiektuari egiten zaizkion aldaketak.

– Neurri horiek eta kontrolerako esleitutako langileen kopuruak nahikoak izan behar dute ingurumen-inpaktuaren azterketan finkatutako kalitate-helburuak eta ebazpenean finkatutakoak bermatzeko.

– Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan eta proiektu-planoetan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak aplikatuko dira obretan.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketan adierazitako neurriei honako apartatu hauetan azaltzen diren neurriak gehitu beharko zaizkie:

Paisaia babesteko eta obren eraginpeko lekuak lehengoratzeko neurriak:

– Paisaia integratzeko eta fauna zaindu eta babesteko, landare-pantaila bat jarriko da hesi osoaren inguruan.

Instalazio osoak ahalik eta gutxien aldatu beharko du paisaia. Horretarako, instalatu beharreko itxitura perimetrala ingurunearekin bat datozen eta paisaian eragin txikia duten materialak edo estaldurak erabiliz egingo da. Ingurune naturalarekin bat datozen pintura mateak erabiliko dira.

Landare-pantaila sortzeko hautatutako espezieek espezie autoktonoak izan beharko dute: inguruko baldintza edafiko eta klimatikoetara egokituak eta inguruko paisaiarekin bat datozenak.

– Bai hesiaren kanpoko perimetroan landare-pantaila sortzeko lanetan, bai landaredi-unada berriak sortzeko lanetan, honako eragiketa hauek egin beharko dira gutxienez:

– Lursaila aldez aurretik destrinkotzea, modelatzea eta profilatzea, forma fisiografiko egokia emateko eta behar bezala doitzeko lursail naturalarekin kontaktuan eta trantsizioan dauden eremuetan.

– Gutxienez 0,3 m-ko kalitatezko landare-lurra duen geruza bat gehitzea eta ondoren xehetasunez profilatzea.

– Lurzorua lantzeko eta harrotzeko eta ondoren fintzeko lanak egitea, ereiteko eta hidroereiterako eremuak behar bezala prestatzeko.

– Obrak ukitutako eremu guztiak lehengoratuko dira; baita lehengoratze-planean agertzen ez zirenak baina azkenean obraren ondorioz kaltetu direnak ere.

– Lurrak mugitzean landare-lurra kenduko da, eta bereizita pilatuko da, obrek eragindako inguruak lehengoratzeko eta landareztatzeko lanak erraztearren.

– Ingurumen-lehengoratzean lurraren berroneratze geomorfologikoa eta edafikoa sartuko da, bai eta landare-estalkia izan dezaketen guneen landareztatzea ere. Espezie autoktonoak erabiliko dira landareztatze-lanetan, habitat naturalizatuak sortzen laguntzeko eta inguruko landaredi naturalarekin bat etortzen saiatzeko.

– Obrek ukitutako eremu guztietako lehengoratze-neurriak obrak egin ahala hartuko dira; hala, obrek aurrera egiten duten neurrian, birmoldaketa- eta landareztatze-lanak egingo dira.

– Jarduteko eremuetan egin beharreko landaketek ezaugarri hauek izango dituzte:

– Metro batetik beherako aleak. Landareen arteko distantzia: 1,5 m-tik 2 m-ra. Zuloaren gutxieneko neurria: 0,4 x 0,4 x 4 m.

– Landareak sartu ondoren, zuloa edo zanga beteko da: hondoan, kalitatezko landare-lurra jarriko da, behar bezala trinkotutako 20 cm-ko geruzatan, 1/3 hareaz edo legarrez medeatuta, iragazkortasuna handitzeko; ondoren, kilo bat ongarri organiko konpostatu gehituko zaio.

– Zuloa kalitatezko lurrekin bete ondoren, 40 cm-ko erradioa eta 10 cm-ko kabailoi-altuera duen zuhaitz-txorko bat egingo da gainazalean, eta ureztatu egingo da (50 l/landare).

– Oso gomendagarria da landare guztien oinarrian belarren aurkako oinarri-babesgarri bat jartzea, Horsol motakoa, 110 g/m2-koa, metro bateko zabalera duena, alde bakoitzean 20 cm lurperatuz ondo ainguratzeko, eta 0,6 m agerian utziz.

– Landatzeko garaia: abendua-otsaila.

– Bermatu egin beharko da zurezko landare-estalduraren mantentze-lanak egingo direla hura ezarri ondorengo hasierako garaian, behin betiko sustraitzen eta ezartzen dela ziurtatzeko. Honako hauek aurreikusi beharko dira: ur-eskasia dagoen sasoian ureztatzea, hildako landareak birjartzea, oinen babesgarriak eta zurkaitzak lehengoratzea, ongarritzea, konformazio-inausketak egitea, belar-sastrakak kentzea, etab.

– Parkearen bizitza baliagarri osoan zehar, zenbait mantentze-lan egin beharko dira: lurra aitzurtu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak birlandatu, horretarako beharra ikusten denean. Ez da erabiliko pestizidarik, herbizidarik edo antzekorik landaredia tratatzeko.

– Aurreko paragrafoetan adierazitako betebeharrak eta aurkeztutako dokumentazioan adierazitakoak betetze aldera, Ubalza parke fotovoltaikoa gauzatzeko proiektuak Ingurumena Lehengoratzeko eta Paisaia Integratzeko Proiektu bat izan beharko du. Proiektu horretan, landare-hesiak landatzeko eta obrek ukitutako eremu guztiak landareztatzeko proposamena jasoko da. Lehengoratze-proiektua hirugarren batzuek egiteko bezain xehea izan beharko da, eta natura-ondarearen arloan eskumenak dituzten administrazioek baliozkotu beharko dute.

– Lehengoratze-proiektua obrek irauten duten bitartean jarriko da martxan, lanak egin ondoren jarraituko du, eta desmuntatzeko fasean ingurumena lehengoratzeko ere erabiliko da, ukitutako eremuak lehengoratzen direla bermatzeko. Proiektu honek honako hauek zehaztu eta kuantifikatu behar ditu: lan-azalerak, lurzorua prestatzeko metodoak, erabili beharreko landare-espezieak, landaketen antolamendua eta osaera, ereiteko edo landatzeko metodoak eta gainerako preskripzio teknikoak, bai eta jarduketa guztien aurrekontua eta kronograma ere.

– Kontuan hartuta landaketak urteko sasoi jakin batzuetan egin behar direla eta beste ingurumen-baldintza batzuk behar dituztela, landareztatzea obrak amaitu ondorengo lehen landatze-aldian egingo da, eta horien jarraipena egin eta bideragarritasuna ziurtatuko da eguzki-instalazioaren bizitza baliagarri osoan.

– Obra kontratatzeko baldintza-agiriak zein aurrekontuek barne hartu beharko dituzte proposatutako landareztatze-jarduketak eta landare-hesia sortzekoak behar bezala betetzen direla bermatzeko beharrezkoak diren baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak.

Natura-ondarea babesteko neurriak:

– Belar-sastrakak garbitzeko lanak ezin dira egin martxoaren 15etik ekainaren 15era bitartean, inguruko hegaztien ugaltze-aldia ez eragozteko.

– Ezinbesteko eremu txikienean egingo dira lanak eta lurzorua okupatzea dakarten gainerako jarduketa osagarriak; betiere proiektuko planoek ezartzen dituzten mugen barruan. Aipatutako mugetatik kanpo, ezingo da izan eraginik sarbideak egin, materialak bildu, instalazioak kokatu edo beste edozein jarduketa osagarri egin behar izateagatik, eta ahal bezainbat mugatuko da lanak egiteko makinen eta ibilgailuen zirkulazioa.

Istripuz kalterik egiten bada aipatutako eremutik kanpo, zuzenketa- eta lehengoratze-neurriak hartu ahal izango dira. Aldez aurretik, txostena egingo du ebazpen honen 4.14 apartatuan aipatzen duen ingurumen-aholkularitzak.

– Instalazio fotovoltaikoa instalatzeko landaredi belarkara kentzean, behar-beharrezkoa dena bakarrik kendu beharko da, eta instalazioaren kanpoko ertzetan edo mugetan dagoen zuhaixka- eta zuhaitz-landaredia mantendu beharko da.

– Proposatutako hesiari dagokionez, dokumentazioan jasotako oharrak aintzat hartzeaz gain, honako neurri hauek bete behar dira:

– Hesia garapen fotovoltaikoko eremu zehatzetan bakarrik jarri beharko da, eta itxitura-eremuak minimizatuko dira.

– Dauden baso-masetatik ahalik eta urrunen jarriko dira, landaredi naturala duten zuhaiztiak eta mendi-mazelak utzita.

– Seinale islatzaileak jarriko dira 10 metrotik behin hesiaren trazadura osoan, hegaztiek kalte hartzeko arriskua murrizteko.

– 4.2 apartatuan adierazten den bezala, ingurumena lehengoratzeko eta paisaia integratzeko proiektuan hesi osoaren inguruan landare-pantaila bat instalatzea ezarriko du. Landare-hesi horrek hegaztiek talka egiteko aukera murriztuko du, babesleku gisa balioko die zenbait espezieri eta paisaia integratzeko elementua izango da; gainera, ikusmen-inpaktua gutxituko du hurbilen dauden herrietan. Espezie autoktonoak landatuta hesi naturalizatuak jartzeko nahikoa lurzoru-azalera gordeko da. Landare-pantaila 5 metro zabal izan beharko da gutxienez, zenbait zuhaitz-geruza eta zuhaixka-geruza jartzeko. Inguruko espezieak erabiliko dira, ameztikoak hain zuzen ere: batetik tamaina handiko espezieak, azkar hazten direnak eta hostotza itxia sortzen dutenak, eta bestetik hazkuntza geldoagoko espezieak, eta horiekin batera zuhaixkak, landare fruitudunak, sasiak eta gramineoak, naturaltasun-gradu handia lortzeko.

– Ezaugarri hauek eduki beharko ditu:

i) Ehiza- edo abeltzaintza-sarea, ahal dela 2 metrotik gorakoa ez dena.

ii) Animalia txikiak eta ertainak pasatzeko moduko diseinua.

iii) «Katazulo» motako pasabideak, ainguratu gabe eta azpitik zorura eutsi gabe.

– Alaitza inguruan, parke fotovoltaikoaren inguruko hesiaren eta hezegunearen artean gutxienez 15 m-ko tartea egon beharko da bi aldeetan.

– PV1 sektoreko (553. lurzatiaren mugakidea) eta PV3 sektoreko (511. lurzatiaren mugakidea) hesi perimetralak gutxienez 5 metrora egon beharko dira lurzatien mugetatik, ez itxiturak ez perimetroko landaretzak eraginik ez dezaten eduki inguruko lurretan.

– Modulu fotovoltaikoei islen kontrako estaldura emango zaie, hegaztiak eguzki-panelen kontra talka eginda hil ez daitezen eta inguruko uretako hegaztiek ahalik kalte gutxien jasan dezaten. Neurri hori onuragarria izango da kiropteroentzat eta ornogabeentzat ere, panelak uraren gainazalarekin nahasteko arriskua baitago.

– Etxabarri eta Arganzubi erreken gurutzaguneak egitean, erriberako landare-formazioetan eraginik ez izatea bermatu beharko da, eta zaindu egin beharko da ibaiertzetako ibai-eremuen kalitatea eta kontserbazio-egoera. Zona horiek obrak egin aurretik balizatuko dira, makinen ondoriozko kalteak saihesteko.

– Obretako zuinketan eta babestu beharreko eremuak balizatzean botanikako espezialista bat egon beharko da, eta egiaztatu beharko du formazio eta espezie interesgarrienak ez direla ukitzen.

– Faunari dagokionez, obrak hasi aurretik gaian aditua den teknikari batek faunari buruzko azterketa egin beharko du, habiak sasoi fenologiko egokian egin direnez argitzeko. Babestutako espezieen habiak edo aleak hautematen badira, agintaritza eskudunei jakinaraziko zaie, neurri egokiak ezar ditzaten ukitutako espeziearen arabera.

Halakoetan, jarduketak gauzatzeko egutegia finkatuko da, kalte jasan lezaketen espezie babestuen aldi sentikorrak kontuan har daitezen. Instalazioa eraikitzeko, lursaila pixkanaka okupatzea gomendatzen da.

Nekazaritza-erabilera babesteko neurriak:

– Proiektatutako instalazioa San Miguel de Mendiorre Ureztatzaileen Elkartearen lursail ureztatuetan egingo da. Horrenbestez, lursailaren erabilera aldatzea aurreikusten denez, azkenean proiektua baimentzen bada, horren berri eman beharko zaio ureztatzaileen elkarte horri, lurzati horiek bere ureztatze-eremutik ken ditzan eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari eska diezaion bere emakidaren ezaugarriak aldatzeko, azalera eta ur-bolumena murriztuko baitira.

– Proiektuak Arabako Lurralde Historikoko Landa Bideen Erregistroan inskribatuta dagoen bide batean eragina izango du, gutxienez. Horregatik, Arabako Lurralde Historikoko Mendi Bideen Erabilpen, Kontserbazio eta Zaintzari buruzko 19/1995 Foru Arauan ezartzen dena bete beharko da.

Lurzorua eta urak babesteko neurriak:

Organo eskudunak ezartzen dituen baldintzak betetzeaz gain, babes-neurri eta neurri zuzentzaile hauek ezarriko dira aplikatu beharreko prozeduretan:

– Ahal beste murriztu beharko dira makineriaren lan-plataforma eta sarbideak, eta behar-beharrezkoa den lurzorua baino ez da ukituko.

– Obrako makinak gordetzeko erabiltzen den eremua eta horiek mantentzeko lanak egiteko eremua drainatze naturaleko saretik isolatuko dira. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema egongo dira, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Ezin izango da erregaien zamalanik, olio-aldaketarik eta konponketa-lantegiko jarduerarik egin horretarako adierazitako eremuetatik kanpo.

– Ahal bezain ondo kontserbatu beharko da eragindako eremuaren gaur egungo geomorfologia edo topografia; horretarako, indusketa minimizatze aldera, plakak «tinkatze» bidez instalatuko dira. Landare-lurrari dagozkion horizonte edafikoak –instalazio fotovoltaikoa egiteko kendu beharrekoak– selektiboki kenduko dira. Lehenbailehen birbanatu beharko dira, edo, bestela, pilatu, eremuko ingurumena lehengoratzeko berrerabiltzeko. Ebakuazioko linea elektrikoaren lurpeko trazadura lurzatietatik zehar egiten bada, era berean jokatuko da hura egikaritzean: landare-lurrari dagozkion horizonte edafikoak modu selektiboan kendu eta zangak betetzeko erabiliko dira, edo pilatu egingo dira, eremuaren ingurumena lehengoratzeko berrerabiltzeko. Horizonterik sakonenak, hau da, zorupea, material geldo egokikoak izanez gero, ahal dela inguruko lursailak edo finkak lehengoratzeko edo birmoldatzeko baliatuko dira.

– Lursailak parkearen funtzionamendurako beharrezkoak diren eraikinen zimenduak jartzeko bakarrik berdindu beharko dira, eta, ahal dela, panelen ezarpen-eremuetan ez da lurzorua berdinduko. Eremu horietan, ahal bada, lurzoruaren jatorrizko profilari eutsiko zaio, gainazaleko geruza kendu gabe; aldaketa bakarrak zangan lurpeko kableak jartzeak eragiten dituenak izango dira.

– Oro har, eraikitzeko fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze naturaleko sarera; horrez gain, uren kalitateari eragiten ez zaiola bermatu beharko da. Era berean, euste-sistema egokiak jarri beharko dira, isurketarik gertatzen bada, ibaiei kalte ez egiteko.

– Obretan hidrokarburoen xurgatzaile espezifikoa (biribilki modukoa, material pikortatua...) jarri beharko da eskura, ustekabeko isuri edo ihesen bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko. Istripuz jario edo isuriak daudenerako jarduteko protokolo bat ezarriko da.

– Une oro urak lurrazaletik ibilguetarantz drainatzea bermatuko da, ertzak garbi mantenduz. Landare-lurraren geruza landareak lehengoratzeko berrerabiliko da, eta parke osoan drainatze-sare bat jarriko da, eremuko jariatze-ura hustubide naturalera bideratzeko. Gainera, euri-urak biltzeko eta husteko sistemarik eraginkorrenak jarri beharko dira.

– Ur-ibilguak zeharkatzeko obretan, ibilgupeko hodia sartu ondoren ibilguaren hustuketa-sekzioa lehen bezala utzi beharko da, txikitu gabe. Gainera, gogoan eduki behar da ezen, jabari hidrauliko publikoan esku hartzeko baimena emateko irizpideen arabera (irizpideok Ebroko Konfederazio Hidrografikoak zein agentzia honek bete behar dituzte), lurpeko gurutzaguneetan, hodiaren gorengo gainazala gutxienez ibilgua baino 1,5 metro beherago egon behar da sakanetan eta ur-laster txikietan.

– Ibilgupeko gurutzaguneetan, hodiaren babesaren gaineko azken berrogeita hamar zentimetroak zulaketan ateratako lurrez beteko dira edo urak eramango ez duen beste material batez, eta ibilguaren ohea ezin da geratu hasierako kota baino gorago.

– Ahal dela, obren eraginpeko ibilguko ezponda naturalak bere hartan utziko dira: haien morfologia eta landaretza lehen bezala utziko dira, eta ondo egonkortuta eta naturalizatuta geratuko dira.

– Kutxatilak ezin dira inolaz ere jabari publiko hidraulikoan jarri, eta ibilguen bost metroko zortasun-zerrenden barnean ere ez.

– Ibaiertzeko landare-formazioei kalterik ez egitea bermatuko da, ibaiertzetako ibai-eremuen kalitatea eta kontserbazio-egoera zainduz.

– Hidrogeologiari dagokionez, beharrezkoa bada, lurpeko uretan izan daitezkeen eraginak kontuan hartzeko, honako hauek aztertuko dira: akuiferoen kokapena, kargatzeko eta sortzeko eremuak, uren kalitatea eta isurketen inbentarioa, eta maila freatikoen urtaroaren araberako bilakaera eta lurpeko fluxuen zehaztapena.

– Kontuan izan behar da akuiferoak betetzeko dinamika naturala aldatu litekeela, panel fotovoltaikoek lurraren azalera bat hartu dutelako.

– Proiektatutako jarduketak jarduketa-eremuko ingurune hidrikoan ahalik eta eragin txikiena izateko behar diren neurri guztiak hartu beharko dira, eta behar beste arretaz jardun beharko da. Hala, eremuaren dinamika hidrogeologikoan aldaketa nabarmenik ez eragitea bermatu behar da, eta une oro lurrazaleko eta lurpeko uren kalitatea ziurtatu.

– Ustiapen-fasean, lurzorua trinkotu dezaketen jarduketak saihestuko dira. Ibilgailuen zirkulazioa barneko bide-sarera mugatuko da; sare hori uste da iragazgaiztu gabe diseinatu beharko litzatekeela, eta horrela mantendu. Hazten utziko zaie tarteko kaleetako eta panel-lerroen arteko landareei.

– Landaredi naturala kontrolatzeko ez da herbizidarik eta pestizidarik erabiliko, lurrazaleko eta lurpeko urak kutsa baitaitezke. Horrela, espezie espontaneoen hazkundea erraztuko da, eta eremu biogeografikoarekin bat etorriko diren tamaina txikiko espezieak edo zuhaixkak landatuko dira. Mantentze-lanak metodo mekanikoen bidez egin beharko dira. Inguruan dagoen azienda estentsiboarekin bazkaren aprobetxamendua egitea gomendatzen da, ahal dela ardi-aziendarekin.

Hori ezinezkoa izanez gero, larreko eremurik handiena garbitu gabe eduki behar litzateke gutxienez uda betean egon arte, ahalik eta bertako landare-espezie gehienen urteko zikloa errespetatzeko, oinarrizko elikadura-iturriak izango baitira intsektuentzat (batez ere polinizatzaileentzat) eta hegaztientzat, besteak beste.

– Panelak garbitzeko ez da produktu kimiko kutsagarririk edo arriskutsurik erabiliko, eta ahal den guztietan ur birziklatua erabiltzea lehenetsiko da.

– Karraskariak, lagomorfoak edo beste animalia batzuk kontrolatzea ezinbestekoa bada, bitarteko mekaniko eta biologikoak erabiliko dira kontrolatzeko, eta ez da pestizidarik, intsektizidarik, errodentizidarik edo bestelako pozoirik erabiliko.

– Linea elektrikoa mantentzeko behar diren ibilguetako jarduketek ibilguaren trazadura, fisionomia eta egitura errespetatu beharko dituzte.

– Proiektuaren fase guztietan, edozein elementutan sortutako hondakinak eta hondakin-urak aldizka bildu eta eremutik atera beharko dira, eta kudeatzaile baimenduari entregatu. Alderdi horretatik, arreta berezia jarri behar zaie panelak mantentzeko eta garbitzeko lanei (erabilitako produktuak, beharrezkoa den ura, hondakinen kudeaketa, etab.).

– Obrak egin bitartean lursailera edo ibilgu publikoetara isurketak egiteari dagokionez, oroitarazi behar dugu horretarako ere beharko dela isurketa aurretiaz baimentzea, eta baimen horren esparruan ezarriko dira, hala badagokio, egokiak diren arauak.

– Eraikuntza-proiektuak ura hartzea aurreikusten badu, nahitaezkoa den aldi baterako baimena/emakida eskatu beharko zaio aldez aurretik Ebroko Konfederazio Hidrografikoari.

– Indarrean dagoen araudiaren arabera, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren nahitaezko baimena beharko dute jabari horretan nahiz haren zortasun-eremuetan (5 metro) eta zaintza-eremuetan (100 metro) egiten den jarduketa iraunkor nahiz aldi baterako guztiek, eta Uraren Euskal Agentzian izapidetu beharko da.

– Uren Legearen testu bateginaren 97. artikulua betetzeko, debekatuta daude, oro har, eta 100. artikuluan isurketa-baimenez xedatzen dena gorabehera, jabari publiko hidraulikoa kutsatzea edo narriatzea eragin dezaketen jarduera guztiak.

Kultura-ondarea babesteko neurriak.

Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak xedatzen duena gorabehera, Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Saileko Museo eta Kirol Zerbitzuak egindako txostenarekin bat etorriz, honako neurri hauek ezarriko dira:

– 51/1/ 297 lurzatian (ustezko 14. zona arkeologikoa, Andra Mari Arana baseliza) obrak egiten hasi aurretik, zundaketa arkeologikoak egingo dira. Garrantzizko hondarrak agertuz gero, indusketa egin beharko da. Gainera, obraren kontrol arkeologikoa egin beharko da.

– 51/1/553 lurzatian (ustezko 31. zona arkeologikoa, Eskandazabaleko herrigunea, Agurain) kontrol arkeologikoa egingo da.

– Kontrol arkeologikoa egingo da energia ateratzeko lurpeko linean, hain zuzen ere aztarnategien ondotik pasatzen den tokietan, bai eta eguzki-parke fotovoltaikoaren «uharteak» konektatzen dituen linean ere:

a) Aguraingo ustezko 19. zona arkeologikoa: Zumalburuko herrigunea.

b) Aguraingo ustezko 31. zona arkeologikoa: Eskandazabaleko herrigunea.

c) Iruraiz-Gaunako ustezko 5. zona arkeologikoa: Abitonako herrigunea.

d) Iruraiz-Gaunako ustezko 26. zona arkeologikoa: Ozabaleko herrigunea.

– Nolanahi ere, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obran aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio hori Arabako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

– Beste alde batetik, berehala jakinarazi beharko zaio Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailari proiektuaren edozein aldaketa egiten bada, baldin eta aldaketa horrek eragin arkeologikoa izan badezake, edo trazaduraren gainerakoan lanak egiten diren bitartean edozein aurkikuntza arkeologiko egiten bada (Euskal Kultura Ondareari buruzko 6/2019 Legearen 74. artikulua).

Hauts-emisioak murrizteko neurriak:

– Lanek iraun bitartean zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak iragan ondoko garbiketa-lanak, bai obrek eraginpean hartutako ingurunean, bai jarduketa-eremuetara sartzeko guneetan. Ureztapen-sistema bat edukiko da, aldi baterako soilduta dauden edo ibilgailuak pasatzean partikulak aireratu daitezkeen pista eta eremuetarako. Gainera, lehorraldietan, hautsa duten lur- eta material-pilaketak ureztatuko dira.

– Indusketatik ateratako materiala hezetasun-baldintza egokienetan garraiatuko da, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lokatzak eta partikulak barreia ez daitezen.

Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak:

– Lanek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki biztanleguneen inguruan, eta, bereziki, indusketa-, eraispen-, zamalan- eta garraio-lanetan, baita erabilitako makineriaren mantentze-lanetan, zaraten eta bibrazioen murrizketan, zarata sortzeko ordutegia mugatzean eta erabilitako ekipoen zaraten kontrolean eta abarrean ere.

– Obretako zarata: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Bestalde, proiektua garatzean, obraren eragin-eremuan sorrarazitako zaratek ez dituzte gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoak, hargatik eragotzi gabe dekretu horretako 35 bis artikuluan ezartzen dena.

– Egunez bakarrik egingo da lan.

Hondakinak eta lurrak kudeatzeko neurriak:

– Proiektuaren gauzatze- eta funtzionatze-faseetan zehar sortutako hondakinen kudeaketa Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta arautegi zehatzetan xedatutakoaren arabera egingo da.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea, balioztatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne, eta, azkenik, deuseztatzea.

Hondakinak ezabatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haien balorizazioa ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.

– Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdinetako hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

– Zabortegira bidali beharreko hondakinak, hain zuzen ere Hondakinak zabortegietan utzita deuseztatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera kudeatuko dira.

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketen baten ondorioz nahasiz gero, arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Orobat, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan hondakinak biltegiratzeari, nahasteari, ontziratzeari eta etiketatzeari buruz ezarritako betebeharrak bete beharko dira, eta itxita egongo dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

– Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak aldi batean pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

– Aipatutako ontziak edo bilgarriak argi eta modu irakurgarri eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, baita indarreko araudiaren arabera ere.

– Sortzen den olio erabilia kudeatzeko, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 29. artikuluari eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituko zaie. Erabilitako olioak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako andel estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei aurre egiteko sistemen barruan.

– Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inolaz ere ez da efluente kontrolatu gaberik sortuko, erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruekin lotutako neurriak:

Eguzki-jatorriko energia elektrikoa ekoizteko jarduera (azpiestazioak eta potentzia-transformadoreak soilik) lurzorua kutsa dezakeen jarduera gisa jasotzen du Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeak (I. eranskina, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duen abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuak aldatua). Ondorioz, instalazio horiek nahitaez bete beharko dituzte araudi horretan jasotako betebeharrak.

– Hala ere, aurrekoa ezertan eragotzi gabe, lurra kutsatzen duten jarduerak edo instalazioak izan dituen beste lekurik aurkitzen bada obrek dirauten bitartean, edo lurzorua kutsatzen duten substantzien zantzu argirik agertzen bada, kasu horietarako aipatutako ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta lege hori garatzen duen abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan ezarritakoa beteko da.

Garbiketa eta obra bukatzea:

Lanak bukatu ondoren garbiketa sakona egin beharko da, eta proiektuaren eragin-eremuan ezingo da gelditu obra arrastorik. Hondakinak lan-eremutik aterako dira, eta, haiek kudeatzeko, ebazpen honen 4.9 apartatuan xedatzen dena aplikatuko da.

Konpentsatzeko neurriak:

Aurkeztutako lehengoratze-planaren arabera, honako konpentsazio-neurri hauek aplikatuko dira (konpentsazio-plan batean bildu beharko dira, eta bertan noiz hasiko diren zehaztu beharko da):

– Sustatzaileak adierazten du habitataren okupazio iraunkorra konpentsatzeko neurri hau aplikatuko duela: izen gabeko 10510 errekaren ertzak hobetu eta lehengoratuko dira Los Apóstoles errekarekin bat egiten duen tokiraino, eta gauza bera egingo da FA67 Alaizamadura baltsako ezpondetan eta Galtzar errekaren ertzetako tarte batean ere.

– Galtzar errekako ibaiertzeko basoa lehengoratuko da PV2 blokeko hesi perimetralaren mendebaldeko muturrean, ekialdeko uhartean, trinkoagoa eta zabalagoa izan dadin. Hain zuzen ere, ibaiertzeko landareak eta zuhaixka eta belar espezieak tartekatuko dira, mirotz urdinen eta zurien habitata hobetzeko.

– Halaber, PV1 uhartearen mendebaldeko muturrean, 553. lurzatiaren erdian, gaur egun lurzatiko jariatze-ura biltzen den tokian, hezegunea sortzea sustatuko da. Gero hasi batez inguratuko da (hesolak eta alanbrea), ungulatuak sartu ez daitezen.

– Eremu horren ondoko lurretan espezie autoktonoak landatuko dira, batez ere mirotz zuriei eta urdinei ugaltzen laguntzeko; zuhaitzen aldean lehentasuna emango zaie zuhaixkei eta bazka-landareei.

– 553. lurzatiaren mendebaldeko sektorean (ez dago proiektuaren eremuan) zerealak landatuko dira (garia, garagarra eta oloa, batik bat), eta tarteka naturari bere bidea egiten utziko zaio, larre naturalek beren ziklo biologikoa osatzeko aukera izan dezaten (garatu, loratu eta erne). Zereal-sailetan, mirotz zuriak eta urdinak hegan hasten diren aldira arte atzeratuko da uzta. Lurzati horretako uztondoa zabalean bizi diren hegaztien udako migrazioa hasi ondoren bilduko da.

– Gainera, proiektuko lurzatietan urguneak eta harri-pilak sortuko dira, eta mozoloentzako 3 habia-kutxa ipiniko dira eguzki-instalazio fotovoltaikoaren inguruan.

Neurri horiek hirugarrenek aplikatu ahal izateko beste garatu beharko dira eta proiektuaren aurrekontuan sartu beharko dira.

Jarduera bertan behera uztea:

Aurkeztutako ingurumen-inpaktuaren azterketak barne hartzen du parke fotovoltaikoko instalazio guztiak desmuntatzea haien bizitza baliagarriaren ondoren. Era berean, okupatutako lurzorua berreskuratzea eta haren izaeraren arabera sortutako hondakinak kudeatzea aurreikusten du.

Jarduera uzten den garaian aplikatzekoa den berariazko araudia betetzeaz gain, instalazioak desmuntatzeko lanetan babes- eta zuzenketa-neurri batzuk aplikatuko dira. Hain zuzen, ebazpen honetan parke fotovoltaikoaren egikaritze- eta ustiapen-faseetarako ezarri direnen antzeko neurriak aplikatuko dira; batez ere, lursailaren berroneratze morfologikoari dagozkionak, eta lurzorua eta landaretza lehengoratzeari, uren kalitatea babesteari eta hondakinen kudeaketari buruzkoak.

Bestalde, lehen aipatu bezala, eguzki-jatorriko energia elektrikoa ekoizteko jarduera (soilik azpiestazioak eta potentzia-transformadoreak) lurzorua kutsa dezakeen jarduera gisa jasota dago, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen arabera. Ildo horretatik, lurzoruaren kalitatea deklaratzeko prozedura hasi beharko du sustatzaileak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 31. artikuluan xedatu bezala, eta kontuan hartu beharko ditu abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren (Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duena) 23. artikuluan ezarritako zehaztapenak.

Ingurumen-aholkularitza:

Obrak amaitu arte eta obra horren bermeak dirauen arte, ingurumen gaietan eta babes- eta zuzenketa-neurrietan aholkularitza gaitua eduki beharko du Obra Zuzendaritzak, ebazpen honen zehaztapenen arabera. Baldintza-agiriak gai horiei buruz esleitzen dizkion funtzioen alorrean Obra Zuzendaritzak hartu beharreko erabakiek, aldez aurretik, aholkularitza horrek egindako txostena izan beharko dute.

Jardunbide egokien sistema bat hartzea:

Langileek jardunbide egokien sistema bat hartu beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta gehien bermatzeko:

a) Obraren erabilera-mugak eta makineriaren zirkulazioa kontrolatzea.

b) Intereseko flora- eta fauna-espezieen aleen gaineko eragina kontrolatzea, Batasunaren eta eskualdearen intereseko habitatetan.

c) Hondakinik ez isurtzea, eta olio-isurketen ondorioz edo lurra leku batetik bestera eramateagatik lurzorua eta ura ez kutsatzea.

d) Obretan sortutako hondakinak zuzen kudeatzea.

e) Proiektuaren eragin-eremuko espezieei zarata eta hautsa direla-eta eragozpenik ez eragitea.

Lan-programa diseinatzea:

Lanak hasi aurretik, kontratistak proposamen zehatzak egingo ditu azpiapartatu hauetan aipatzen diren alderdiei buruz, gutxienez.

Lanak egiteko programari erantsiko zaizkio proposamen horiek, eta obren zuzendariak berariaz onartu beharko ditu; aurrez, txosten bat egingo du aurreko 4.14 apartatuan aipatutako ingurumen-aholkularitzak. Dokumentu hauek bilduko ditu aipatutako programak:

– Kontratistaren instalazioen eremuen kokalekuari eta ezaugarriei buruzko xehetasunak, pilaketak behin-behinean biltzeko eremua, makineria-parkeak, instalazioak eta materialak, ibilgailuak garbitzeko eremuak eta beste edozein azpiegitura adierazita.

– Obretako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sor daitezkeen hondakinak nola kudeatuko diren islatzen duen plana, honako hauetan xedatutakoaren arabera: Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuaren 5.1 artikuluan, eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 7. artikuluan.

2.– Ingurumena zaintzeko programa:

Sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera gauzatuko da ingurumena zaintzeko programa, eta ondoren zehaztuko diren kontrol hauek erantsi behar zaizkio.

Ingurumena zaintzeko plana instalazioaren bizitza baliagarri osoan zehar gauzatuko da, bereziki arlo hauek kontuan hartuta: faunarengan izango duen eraginaren kontrola, landaredia mantentzea, istripuz gertatutako isurketen kontrola, higadura-prozesuen kontrola eta aukeratutako konpentsazio-neurriei eustea eta horien eraginkortasuna.

Programa hori obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartuta egon behar du, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontua izango du.

– Obrak okupatzen dituen mugak kontrolatzea.

Egiaztatuko da lanen eremua proiektuko aurreikuspenekin bat datorrenez; obrek ez dute hartuko aurrez ikusitako azalera baino eremu handiagoa.

– Leheneratzearen arrakastaren kontrola.

Instalazioaren bizitza baliagarri osoan zehar, aldizkako jarraipena egingo zaio proiektuak ukitutako gainazalen landare-lehengoratzeak izan duen arrakasta-mailari.

– Itxituraren eta panel fotovoltaikoen kontra zenbat animaliak egiten duten talka kontrolatzea.

Instalazioaren bizitza erabilgarri osoan hark animalien artean heriotzarik eragiten duenez kontrolatuko da.

Hegaztiei dagokienez, instalazioa abian den lehen hiru urteetan, hamabostean behin laginketak egingo dira, eta horretarako panelen arteko pasillo guztiak arakatuko dira. Gainera, hesiaren kanpoaldea ere ikuskatuko da. Hirugarren urtetik aurrera, kontrolen aldizkakotasuna eraginaren ondorioetara egokitu ahal izango da, maiztasuna handituta edo murriztuta.

– Mirotz urdinaren eta mirotz zuriaren populazioen jarraipena.

Mirotz urdinaren (Circus pygargus) eta mirotz zuriaren (Circus cyaneus) populazioen jarraipena obrak amaitu ondoko lehen bost urteetan egingo da, eta haien urteko zikloa aztertzeko erabiliko den metodologia bera aplikatuko da.

– Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina.

Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina egin beharko du sustatzaileak, eta bertan bilduko ditu ingurumen-inpaktuaren azterketan proposatutako betebeharrak eta proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena formulatzeko ebazpen honetan ezarritakoak. Kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira programa horretan, bai eta beste hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia; kontrol-puntuak non dauden kokatuta xehetasunezko kartografian; kontrol horien maiztasuna, eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren xehetasunak.

– Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.

Ingurumena Zaintzeko Programako txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu beharko dira, eta organo substantiboaren bidez bidaliko zaizkio Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari. Obrak bukatu eta lehengoratze-obren bermealdia amaitutakoan bidaliko da txosten hori.

Ingurumena zaintzeko programaren emaitzekin batera, ingurumen-gaietan espezializatutako entitate batek egindako txostena ere aurkeztu beharko da. Txosten horretan emaitzen analisia jasoko da, eta bereziki aipatuko dira epe horretan izandako gertakari nagusiak, haien balizko kausak eta konponbideak eta, halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aldez aurretik egin ez bada.

Proiektuaren sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez, eta datu horiek administrazio publikoen ikuskaritza-zerbitzuen eskura jarriko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikatu beharreko araudia betetzeko.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 52. artikuluan xedatutakoa betez, jarraipen-txostenean, ingurumena zaintzeko programan adierazitako neurriak egiaztatzeko zerrenda bat jasoko da.

Era berean, aipatutako 52. artikuluaren arabera, ingurumena zaintzeko programa eta, behintzat, ingurumena zaintzeko programan adierazitako neurriak egiaztatzeko zerrenda organo substantiboak argitaratuko ditu egoitza elektronikoan, eta, aldez aurretik, ingurumen-organoari jakinaraziko dio egoitza elektronikoan argitaratu duela.

– Gorabeheren erregistroa.

Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta babes- eta zuzenketa-neurriak zenbateraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren eskura egongo da erregistroa, hark ikuskatzeko, eta, nolanahi ere, lanak amaitutakoan, hari bidaltzeko, dagokion organoaren bidez. Proiektua gauzatzean aldaketak egin badira, xehetasunez dokumentatu beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu behar dira aipatutako aldaketak.

3.– Neurriak eta ingurumena zaintzeko programa aldatzea.

Babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa aldatzeko aukera egongo da, bai eta neurtu behar diren parametroak, neurketen maiztasuna eta parametroen mugak ere, hala komeni bada araudi berriak indarrean jartzen direlako edo inplikatutako sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharragatik. Ingurumen-organoak, era berean, alda ditzake babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumen zaintzako programa, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz. Hori guztia, ingurumen-zaintzako programan lortutako emaitzetan oinarrituta, edo ingurumen-inpaktuak saihesteko ezarri diren babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak nahikoa ez direla egiaztatzen bada.

4.– Sustatzaileak aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Sustatzaileak jarraian aipatzen diren agiriak aurkeztu beharko dizkio organo substantiboari, ingurumen-organoari helarazteko:

– Obrak hasi baino lehen, ebazpen honen 5. apartatuan adierazitako ingurumen-zaintzako programako dokumentu bategina.

– Obrak hasi aurretik, Ingurumena Lehengoratzeko eta Paisaia Integratzeko Proiektua, ebazpen honen 4.2 apartatuan adierazitako zehaztapenekin.

– Obrak hasi aurretik, ebazpen honen 4.8 apartatuan aipatzen den konpentsazio-plana, ekintzak zehaztu eta ekintzak hasteko egutegia ezartzen duena.

– Obrak amaitutakoan, lanak egitean izandako gorabeheren erregistroa, bai eta babes- eta zuzenketa-neurrien betetze-mailarena ere, ebazpen honen 5.7 apartatuan adierazten denari jarraituta.

– Obrak amaitutakoan, urtean behin, jarduera hasten denetik eta jardueraren bizitza baliagarri osoan, eta lehengoratzearen berme-aldiaren amaieran, ebazpen honen 5. apartatuan ezarritako ingurumena zaintzeko programaren emaitzei buruzko dokumentua.

Hirugarrena.– Proiektua gauzatzen hasteko epea lau urtekoa izango da, ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epealdi horretan proiektua gauzatzen hasten ez bada, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honen indarraldia amaituko da, eta adierazpenak ez du sortuko berezko ondorio gehiagorik. Halakoetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko izapidea, aipatutako epea luzatzea adosten ez bada behintzat. Hori guztia, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 78.5 artikuluan eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin.

Laugarrena.– Aurreko apartatuan xedatutakoaren ondoreetarako, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen-organoari, organo substantiboaren bitartez, zer egunetan hasiko den proiektua gauzatzen.

Bosgarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Eusko Jaurlaritzako Industria Administrazioaren Arabako Lurralde Ordezkaritzari.

Seigarrena.– Ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 12a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.

ERANSKINA
JENDAURREKO INFORMAZIOAREN ETA UKITUTAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOEI ETA PERTSONA INTERESDUNEI EGINDAKO KONTSULTEN EMAITZA

Jendaurreko informazioaren izapidean Arabako Nekazarien Elkartearen alegazioak jaso dira.

Kontsulten izapidearen emaitza taula honetan bildu da:

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala