Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

147. zk., 2025eko abuztuaren 6a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
3433

AGINDUA, 2025eko uztailaren 15ekoa, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira ziurtatutako ekoizpen ekologikorako trantsiziorako laguntzetarako 2025eko deialdiaren oinarriak.

Sail honen lehentasun politikoa da ingurumenaren aldetik jasangarriak diren ekoizpen-metodoetarantz aurrera egitea, eta ez bakarrik Europako biztanleen gizarte-eskaerengatik, uste osoz egin ere, EB osoko azaleraren % 25 ekoizpen ekologikopean egotea edo banaketako linealetan produktu ekologikoen eskaera haztea bultzatzen baitute. Uste osoz egin da hori, nekazaritza-sektoretik garapen jasangarriaren eta 2030 agendaren helburuei lagundu behar diegulako, hala nola klima-aldaketaren aurkako borroka, elikadura osasungarri eta arduratsuaren sustapena edo lurzoruaren eta ekosistema naturalen zaintza bezalako esparruetan.

Nekazaritzak aurrekaririk gabeko erronka bati egin behar dio aurre, elikagai eta zuntz gehiago ekoitzi behar ditu, munduko biztanleria gero eta handiagoa –aurreikuspen demografikoen arabera, mende amaieran 10.000 milioi pertsona– elikatzeko; horrek esan nahi du baliabideen eskaria % 70 handituko dela. Gainera, elikagaien ekoizpenaren hazkunde hori klima-aldaketaren testuinguruan gertatu behar da, baliabide naturalen gero eta eskasia handiagoa eta gero eta eskulan gutxiago egonik eta kontuan izanik munduko biztanle gehienak hiriguneetan bizi direla: kalkuluen arabera, biztanleria osoaren % 60 hiriguneetan biziko da (70eko hamarkadan, ordea, % 40 baino ez zen); ez da ahaztu behar Europaren bihotzean gatazka beliko bat dagoela eta gatazka horrek elikagaien hornikuntza eta prezioa asko baldintzatu dituela.

Horren ondorioz, elikagaiak ekoizteko egungo sistemen jasangarritasuna zalantzagarria da; izan ere, urteetan zehar, ekoizpena handitzeko helburu argiarekin, baliabideen erabilera intentsiboa egin da, eta horrek ingurumen-inpaktu konponezinak eragin ditu. Elikagaien ekoizpenak eragin du mundu mailan emandako biodibertsitate-galeraren % 60, baita berotegi-efektuko gasen isurketen % 24. Era berean, biodibertsitatearen galera hori, klima-aldaketa eta lurzoruaren degradazioa elikadura-segurtasunean zuzeneko eragina duten arazo handiak dira, etorkizuneko elikadura-segurtasuna bera arriskuan jartzeraino. Alabaina, kontuan hartu behar da nekazaritza, ingurumen-arazoaren parte izanik ere, ingurumen-erronkak konpontzeko ere parte garrantzitsua dela.

Horregatik guztiagatik, zalantzarik gabe, nekazaritza jasangarriago baterako trantsizioa egin behar da, elikatze-kateko eragile guztiak kontuan hartuko dituen trantsizioa. Zehazki, lehen sektoreak azkarrago eraldatu behar ditu bere ekoizpen-metodoak, eta ahalik eta modurik onenean erabili behar ditu irtenbide teknologikoak, digitalak eta naturan oinarritutakoak, ingurumen-emaitza hobeak lortzeko, klima-aldaketaren aurreko erresilientzia handitzeko eta sargaien erabilera murriztu eta optimizatzeko. Etorkizuneko edozein agertokik proteina-iturri berriak eskatzen ditu, barazkiak ekoizteko ur, ongarri eta fitosanitario gutxiago behar dituzten sistemak, baita elikagai-galera eta -hondakinak geldiaraztea ere.

Baina aldaketa hori ezinezkoa da erakunde publikoen inplikaziorik gabe. Ildo horretan, Euskal Autonomia Erkidegoan, eragileen arteko lankidetza funtsezkoa da nekazaritza berde, digital eta erresistentea bermatuko duen ezagutza sortzeko, eta, aldi berean, jakintza hori helaraziko duten eta elikagaien ekoizpenaren ondoriozko ingurumen-arazo nagusiei irtenbidea emango dieten ingurumen-politikak diseinatzeko.

Uste sendo horretatik bultzatu nahi da Euskal Autonomia Erkidegoan ziurtatutako ekoizpen ekologikoaren hedapena, bere garaian ekoizpen integratuari eman zitzaion bultzadatik harago joanez, eta ondo jakinda uneotan Euskadiko ziurtagiri ekologikoa duten laboreen azalera (7.500 hektarea gutxi gorabehera, % 11) urrun dagoela 2030erako EBko biodibertsitate-estrategiak markatutako parametroetatik, hau da, nekazaritza-azaleraren gutxienez % 25 izatetik.

Horregatik, laguntzen agindu honen helburua da EAEko ekoizpen konbentzionala partez ekoizpen ekologikorako trantsizioan jartzea sustatutako duten jarduketak bultzatzea, betiere, ekoizpen-ereduen arteko aurrez aurrekorik eragin gabe eta bi ekoizpen-sistemetako ekoizleen arteko errezeloak gainditzen laguntzeko.

Horretarako, bi motatako laguntzak proposatzen dira:

1) Aholkularitza ematea eta ezagutzak eta informazioa transferitzea, Europako Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduan xedatutakoarekin bat. Erregelamendu horren bidez, nekazaritza- eta basogintza-sektoreetan eta landa-eremuetan barne-merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza-kategoria deklaratzen dira Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (2022ko abenduaren 21eko DOUE, 327. zk.).

2) Ekoizpen konbentzionaleko nekazaritza-ustiategiak ekoizpen ekologiko bihurtzeko proiektuak garatzen laguntzea, hainbat jarduera barnean hartuta, Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 EB Erregelamenduaren arabera, minimis laguntzei Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzkoa (2023ko abenduaren 15eko EBAO, 2831). Laguntza-deialdi honek aurrekontu-zuzkidura nahikoa du, Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko ekitaldiko aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 20ko 8/2024 Legeak baimendutako kredituen arabera (2024ko abenduaren 30eko EHAA, 252. zk.).

Era berean, dirulaguntza-deialdi hau barne hartuta dago Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko abenduaren 28ko Aginduan, zeinaren bidez onartzen baita Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren 2024ko, 2025eko eta 2026ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6. artikuluari jarraikiz. Horren bidez, elikadura ekologikoa, tokikoa, jasangarria eta osasungarriagoa sustatu nahi da, ingurumena errespetatzen duten ekoizpen-sistemak sustatuta, betiere.

Eta bat etorriz Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearekin (lege horren 26.4 artikuluaren arabera, Jaurlaritzako kide gisa dagozkien eskumenei kalterik egin gabe, sailburuek beren sailari dagozkion gaietan administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak emateko eskudantzia izango dute), honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

Onartzea, 2025erako, ziurtatutako ekoizpen ekologikorako trantsiziorako laguntza-deialdiaren oinarriak. Agindu honen I. eranskinean jasota daude oinarriok.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko uztailaren 15a.

Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

AMAYA BARREDO MARTÍN.

I. ERANSKINA
I. KAPITULUA
ZATI OROKORRA

1. oinarria.– Laguntzaren xedea.

Agindu honen xedea da ziurtatutako ekoizpen ekologikorako trantsiziorako laguntzetarako deialdia egitea 2025eko ekitaldirako.

2. oinarria.– Laguntza-lerroak.

Ziurtatutako ekoizpen ekologikorako trantsiziorako laguntzen barruan, lerro hauek ezarriko dira:

1) «Ekoizpen ekologikoan sartzeko gidaliburuak» sortzen laguntzea; oinarrion II. kapituluan garatuta dago.

2) Ekoizpen ekologikora bihurtzeko proiektuen bideragarritasun-azterlanak egiten laguntzea; oinarrion III. kapituluan garatuta daude.

3) Erakusketa-jarduerak eta bisitak babestea; oinarrion IV. kapituluan garatuta daude.

4) Ekoizpen ekologikora bihurtzeari buruzko aholkularitza integrala; oinarrion V. kapituluan garatuta dago.

5) Ekoizpen ekologikoan espezializatutako aholkularitza; oinarrion VI. kapituluan garatuta dago.

6) Ekoizpen konbentzionaleko nekazaritza-ustiategiak ekoizpen ekologikora bihurtzeko proiektuak garatzea; oinarrion VII. kapituluan garatuta daude.

Aurreko 1. puntutik 5. puntura bitarteko laguntzok, II. kapitulutik VI. kapitulura garatuta daudenak, Europako Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduko 22. artikuluan araututakoen artean daude. Erregelamendu horrek nekazaritza eta basogintza sektoreetarako eta landa eremuetarako laguntza kategoria jakin batzuk barne merkatuarekin bateragarriak deklaratzen ditu, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz. Laguntza horiek Tratatuaren 108.3 artikuluan ezarritako jakinarazpen-betebeharretik salbuetsita daude, hargatik eragotzi gabe Erregelamenduaren 3. artikuluan ezarritakoa. Alabaina, erregelamendu beraren 11. artikuluaren arabera, nahitaezkoa izango da Europako Batzordeari jakinaraztea, Erregelamenduarekin batera horretarako aurkeztutako formatu normalizatuan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hogei egun balioduneko epean.

Bestalde, 6. puntuko laguntza, VII. kapituluan garatuta dagoena, Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 Erregelamenduan (EB) araututakoen artean dago. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzetan aplikatzeari buruzkoa da. Laguntza horiek Tratatuaren 108.3 artikuluan ezarritako jakinarazpen-betebeharretik salbuetsita daude.

3. oinarria.– Finantzaketa.

1.– II., III., IV., V., VI. eta VII. kapituluetan aurreikusitako laguntzak osorik Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargura finantzatuko dira.

2.– Agindu honen bidez deitutako laguntzak finantzatzeko, 300.000 euroko aurrekontu-kredituak erabiliko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura, honela banatuta:

– 20.000 euro II. kapituluko laguntzetarako.

– 20.000 euro III. kapituluko laguntzetarako.

– 20.000 euro IV. kapituluko laguntzetarako.

– 30.000 euro V. kapituluko laguntzetarako.

– 30.000 euro VI. kapituluko laguntzetarako.

– 180.000 euro VII. kapituluko laguntzetarako.

3.– Jarduketa baterako aurreikusitako funtsak estaltzen ez badira, funts gehiago behar dituen beste jarduketa batera transferitu ahalko dira, 6.2 oinarriko azken paragrafoan ezarritakoari jarraituz.

4. oinarria.– Eskakizun orokorrak.

1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluari jarraikiz, ezingo dira dirulaguntzen onuradun izan inguruabar hauetan zehazten diren egoeretan dauden pertsonak edo entitateak:

a) Epai irmo bidez, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorra jaso ez izana edo prebarikazio, eroskeria, diru publikoen erabilera bidegabea, influentzia-trafiko, iruzur eta ordainarazpen ilegal edo hirigintza-delituak direla eta zigorra jaso ez izana.

b) Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaera egin izana, edozein prozeduratan kaudimengabe deklaratua izatea, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta egotea (salbu eta konkurtso horretan hitzarmen batek efikazia lortu badu), esku-hartze judizialaren menpe egotea edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta egotea, hartzekodunen konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe egonik.

c) Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik administrazioarekin egindako kontraturen bat irmo suntsiaraztea eragin ez izana.

d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea honako lege hauek jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legea eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko Eusko Legebiltzarraren 1/2014 Legea. Edo ez direla Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

e) Egunean izatea indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bat etorriz Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduarekin (zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa), bai eta Euskadiko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruko dirulaguntzak itzultzeari dagozkion betebeharrak ere.

f) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako herrialde edo lurralde batean izatea.

g) Egunean ez izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritako baldintzetan (Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa, Agindua).

h) Ebazpen irmo bidez dirulaguntzak eskuratzeko aukera galtzeko zehapena jaso izana, lege honen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta estatu-legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.

i) Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera arau-hauste astun edo oso astun batengatik eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez zehatuta dauden pertsona fisikoak edo juridikoak, publikoak edo pribatuak, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.

j) Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota betetzen ez dutenak, hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.

k) Onuradunak enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa adierazi beharko du, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, baita gainfinantzaketan ez erortzeko konpromisoa ere, arau beraren 9.4.h) artikuluari jarraikiz.

2.– Ezingo dira onuradun izan pertsona fisiko edo juridikoen talde publiko edo pribatuak, ondasun-erkidegoak edo beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereizi, baldin eta bertako kideren batek aurrez adierazitako debekuetako bat badu –a) eta j) letren artekoak–.

3.– Ezingo dute dirulaguntzarik jaso, halaber, entitate eta enpresa hauek: haien buru diren pertsonak edo beste inguruabar batzuk kontuan hartuta, aurretik debekua jaso duten entitate eta enpresen jarraipen izan daitezkeela pentsatzeko bidea ematen dutenek edo entitate edo enpresa haien aldaketa, bat-egite edo ondorengo izan daitezkeela pentsatzeko bidea ematen dutenek.

4.– Inola ere ezingo dira lege honetan erregulatutako dirulaguntzen onuradun izan Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4.5 eta 4.6 artikuluetan ezarritako debekuren bat jaso duten elkarteak.

Ez-zilegitasun penalen arrazoizko zantzuak egoteagatik elkarte baten inskripzio-prozedura administratiboa eteten bada Elkartzeko Eskubidea Arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuta, delako elkarte hori ere ezingo da onuradun izan, harik eta ebazpen judizial irmoa eman eta dagokion erregistroan inskribatzeko aukera ematen zaion arte.

5.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.3 bis artikuluak ezartzen duenez, 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetarako, eskatzaileak Merkataritza Eragiketetan Berankortasunaren Aurkako Neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legearen aplikazio eremuan sartzen diren subjektu baino ez direnean, lege horretan aurreikusitako ordainketa-epeak betetzen ez dituzten enpresak ezingo dira onuradun edo entitate laguntzaile izan. Egoera hori IV. eranskinean ezartzen duen bezala egiaztatuko da.

6.– Gainera, aplikatzekoak diren europar erregelamenduetan ezarritakoa betetzeko:

a) Eskatzaileek jakinarazi behar dute diruz laguntzen den gastu bera ordaintzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten administrazio publiko edo ente publiko edo pribaturen bati, bai eta eskuratu duten ala ez. Eta, VII. kapituluko laguntzen kasuan, minimis erregimeneko beste laguntzarik eskatu ote duen, eta, eskatzekotan, jaso ote duen.

b) Eta, VII. kapituluko laguntzen kasuan, minimis erregimeneko beste laguntzarik eskatu ote duen, eta, eskatzekotan, jaso ote duen. Onuradunek ezingo dute 300.000 euro jaso izan minimis araubideari atxikitako laguntzetan 2022., 2023. eta 2024. urteetan, edozein dela ere laguntzaren kontzeptua.

c) II. kapitulutik VI. kapitulurako laguntzen kasuan, mikroenpresatzat edo ETEtzat hartuz izatea Nekazaritza- eta basogintza-sektoreetako eta landa-eremuetako laguntza-kategoria jakin batzuk barne-merkatuarekin bateragarriak direla deklaratzen duen Europako Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko (EB) 2022/2472 Erregelamenduren I. eranskinean ezarritako irizpideen arabera, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

d) II. kapitulutik VI. kapitulura bitarteko laguntzen kasuan, krisian den enpresatzat hartua ez izatea, 2022/2472 Erregelamenduaren (EB) 2. artikuluaren 59. puntuaren arabera.

e) II. kapitulutik VI. kapitulura bitarteko laguntzen kasuan, pertsona onuraduna berreskuratze-agindu baten eraginpean ez egotea, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu emandako laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

7.– Halaber, Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legearen 19.3 artikuluan xedatuta dagoen bezala, nekazaritzaren arloan eskumena duten EAEko administrazioek ez diete laguntzarik ez dirulaguntzarik emango nekazaritzaren arloan jarduten duten profesionalen, enpresen, sindikatuen edo bestelakoen elkarte edo erakundeei, baldin eta ez badute emakumeen presentzia gutxienez orekatua zuzendaritza-organoetan.

8.– Ez zaie inolako laguntzarik emango beren onarpen-prozesuan edo funtzionamenduan jaiotza, arraza, sexu, erlijio, iritzi edo bestelako inguruabar pertsonal edo sozialengatik diskriminatzen duten elkarteei. Era berean, ez zaie laguntzarik emango beren jardueraren bidez pertsona fisikoen zein juridikoen aurkako gorrotoa edo indarkeria sustatzen edo justifikatzen duten elkarteei, edo terrorismo-delituak edo delitu horiek egikaritzen parte hartu dutenen delituak edozein bitartekoren bidez goresten edo justifikatzen dituztenei, edo delitu terroristen biktimen edo haien senideen izen ona galtzea, gutxiestea edo umiliatzea dakarten ekintzak egiten dituztenei.

9.– Onuradun izan daitezkeen nortasun juridikorik gabeko pertsona fisikoen zein juridikoen taldeetako kide guztiek bete egin behar dituzte aurreko apartatuetan jasotako eskakizunak.

10.– Era berean, dirulaguntzak jasotzeko debekuek enpresa hauei ere eragingo diete: zuzentzen dituzten pertsonak edo beste zirkunstantzia batzuk direla-eta, horiek tartean izan dituzten beste enpresa batzuen jarraipentzat edo deribaziotzat hartzekoei –eraldaketa, bat-egite edo ondorengotzaren ondorioz–.

11.– Pertsona fisiko edo juridikoen taldeak direnean, publiko zein nortasunik gabeko pribatuak direnen, berariaz adierazi beharko dira, bai eskaeran, bai dirulaguntza emateko ebazpenean, taldeko kide bakoitzak bere gain hartutako egikaritze-konpromisoak, baita horietako bakoitzak aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa ere, eta horiek ere onuraduntzat hartuko dira. Nolanahi ere, ordezkari edo ahaldun bat izendatu behar dute elkarteek, elkarteari onuradun izateagatik dagozkion betebeharrak betetzeko ahalorde askietsiak dituena. Talde hori ezingo da desegin harik eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean aurreikusitako preskripzio-epea igaro arte.

12.– Aurreko paragrafoetan aurreikusitakoez gain, berariazko deialdi honen 22., 28., 34., 40., 46. eta 52. oinarrietan laguntza-lerro bakoitzerako ezarritako eskakizunak bete beharko dituzte.

13.– Era berean, eskakizun hauek bete behar dituzte aurkeztutako proiektuek:

a) Diruz lagundu daitezkeen jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan egitea.

b) Diruz lagundu daitezkeen gastuak epe hauetan eginak izatea:

– II. kapitulutik VI. kapitulura: EB 2022/2472 Erregelamenduaren 6. artikuluan araututako efektu pizgarriaren arabera. Ezingo dira diruz lagundu agindu honen 5. oinarrian aipatzen den eskabidea aurkeztu aurretik hasitako jarduerak, eta 10. oinarrian ezarritakoaren arabera, betiere.

– VII. kapitulua: 2025ean egindako gastuak lagundu ahal izango dira diruz.

Bi kasuetan, 2025eko ekitaldi honetako abenduaren 15a izango da proiektuak egikaritzeko gehieneko epea.

5. oinarria.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

1.– Hilabetekoa izango da eskabideak aurkezteko epea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskabide hau oinarri honen 8. paragrafoan ezarritako baldintzetan eskatutako agiriekin osatu beharko da, baita hurrengo kapituluetan adierazitako eskakizun espezifikoetan oinarrituta beharrezkoa den agiriekin ere.

2.– Dirulaguntzen efektu pizgarria –2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluan aurreikusitakoa– bermatzeko, gastu edo inbertsioa eskabidea aurkezteko data igaro ondoren abiarazten duten pertsona eskatzaileek –II. kapitulutik VI. kapitulura bitartekoek– baino ezingo dituzte baliatu.

Alabaina, deialdi hau argitaratu eta eskabidea aurkeztu aurretik egiten diren gastu edo inbertsioak ere hartuko dira kontuan, inbertsioak abiarazi aurretik, eskatzaileak laguntza eskuratzeko aldez aurretiko idatzizko eskabide bat aurkeztu badu eta, salbuespenen 2022/2472 Erregelamenduaren 6.2 artikuluan zehaztutakoari jarraikiz, informazio hau jasotzen badu: enpresaren izena eta tamaina; proiektuaren edo jardueraren deskribapena, hasierako eta amaierako datak barne; proiektuaren edo jardueraren kokapena; diruz lagundu daitezkeen kostuen zerrenda; eskatutako laguntza mota (itzuli beharrik gabeko dirulaguntza); eta proiekturako/jarduerarako behar den finantzaketa publikoaren zenbatekoa. Kasu horretan, eskabidea aurkezteko epea ireki ondoren, interesdunak behin betiko eskabidea aurkeztu beharko du agindu honetan ezarritako baldintzei jarraikiz.

3.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluari jarraikiz, pertsona juridikoek bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dituzte eskabideak; aurkezpenaren ondorengo izapideak ere bitarteko horien bidez egin beharko dira. Herritarrei arreta integral eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 15.1.a) artikuluan jasotako pertsonek ere elektronikoki eskatuko dituzte haien eskabideak eta egingo dituzte ondorengo izapideak. Pertsona fisikoek aurrez aurre zein elektronikoki aurkeztu ditzakete eskabideak:

– Aurrez aurre: eskabideak Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren bulegoetan aurkeztuko dira (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak xedatzen dituen tokietariko edozeinetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren organismo autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuaren arabera. Eskatzaileak postetxe batean aurkezten badu eskabidea, gutun-azal irekian egin beharko du, postako langileek zigila dezaten eta data ezar diezaioten. Eskabidea Zuzenean zerbitzuan aurkezteko, ezinbestekoa izango da aurretik hitzordua eskatzea:

https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean

– Elektronikoki: eskabideak bitarteko elektronikoak erabiliz ere aurkeztu daitezke, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1207005

Helbide horretan eskuratu daiteke eskabide-orria (II. eranskina), bai eta eskabideak aurrez aurre nahiz modu telematikoan aurkezten eta justifikatzen (III. eranskina) laguntzeko informazioa ere.

4.– Eskabidearen ondorengo izapideak elektronikoki egiteko (baita gastua justifikatzeko izapidea ere), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikora sartu beharko da, «Nire karpeta» atalera:

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak izapidetzeko moduari buruzko zehaztasunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1207005

6.– Eskaera ordezkari baten bitartez egiten bada, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza, ahalordeen erregistro elektronikoaren bitartez:

https://www.euskadi.eus/ordezkariak

7.– Laguntza-eskabidearen ereduaren oinarri hauen eranskin gisa argitaratu da (II. eranskina).

8.– Laguntza eskatzen duen pertsona fisiko zein juridiko bakoitzeko, agiri hauek aurkeztuko dira laguntza-lerro bakoitzari dagokion kapituluan deskribatutako agiriekin batera:

a) Pertsona juridikoen kasuan, entitatea eratzeko eskritura eta ondorengo aldaketen eta estatutuen kopia, dagokion erregistroan inskribatu dela adierazten duen zigilua jarrita. Gainera, II. kapitulutik VI. kapitulura bitarteko laguntzen kasuan, mikroenpresa edo ETE bat dela egiaztatzeko agiriak, 2022/2472 Erregelamenduaren (EB) I. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, ordezkaritza-ahal nahikoa duenak behar bezala izenpetua, hauek adierazteko: aurkeztutako agiri guztiak egiazkoak direla, aginduan ezarritako eskakizun guztiak betetzen dituela laguntzarako eskubidea izateko aitorpena lortzeko, hori egiaztatzeko agiria badituela, eskatzen zaionean Administrazioaren eskura jarriko dituela agiri horiek, eta aurreko betebeharrak aipatutako aitorpen horri dagokion aldi osoan betetzeko konpromisoa hartzen duela. Era berean, erantzukizunpeko adierazpenean adieraziko da ea beste administrazio edo erakunde publiko zein pribaturen batek laguntzarik eman dion eskabidean aurkeztutako gastu berberak ordaintzeko. Eta, 2.6 oinarriko laguntzen kasuan, aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta abian den ekitaldi fiskalean jasotako gainerako minimis laguntza guztiei dagokien enpresa-adierazpena ere aurkeztuko du eskatzaileak, baldin eta laguntzok erregelamendu honen edo bestelako minimis erregelamenduen mende badaude.

c) Pertsona juridikoek, ondasun-erkidegoek eta sozietate zibilek, Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legearen 19.3 artikuluaren arabera, zuzendaritza-organoetan emakumeen presentzia orekatua dagoela ziurtatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte, eta, gainera, berau osatzen duten pertsonen izena, abizenak, NAN zenbakia eta sexua zehaztu.

d) Entitate eskatzaileak laguntza kuantifikatzeko aurkeztu nahi duen beste edozein agiri osagarri.

Laguntzak eskatu dituzten eta izaera juridikorik ez duten pertsona fisikoen zein juridikoen taldeen kasuan, proiektuan parte hartzen duten enpresa edo entitate bakoitzari dagokionez aurkeztu beharko dira agiriak.

9.– Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko ditu NAN eta IFK zenbakiak, zerga-betebeharren ordainketak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean direla egiaztatzen duten agiriak, pertsona eskatzaileek edo onuradunek horretarako berariazko baimena eman beharrik izan gabe, berariaz aurka egiten denean salbu, eta, kasu horretan, dagokion ziurtagiria edo agiria aurkeztu beharko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 28.2 artikuluaren arabera. Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren otsailaren 13ko Aginduaren arabera egingo da akreditazioa, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak bai Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari eta dirulaguntzak itzultzeari buruzkoa.

10.– Herritarrei arreta integral eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 9. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, eskatzaileek administrazio honetan edo beste edozein administrazio publikotan aurkeztu badituzte eskatutako agiriak, eta berariaz adierazten badute ez dela aldaketarik izan, ez dituzte agiri horiek aurkeztu beharrik izango, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoarekin. Alabaina, agiri horiek noiz eta zer administrazio-organotan aurkeztu dituzten adierazi beharko dute. Prozedurak eskatzen dituen datu eta agiriak kontsultatu edo bilduko eta egiaztatuko ditu Administrazioak, eta ez da interesdunen adostasunik eskatuko Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 72.1 artikuluan aipatutako kasuetan.

Eskatzaileak adierazi beharko du zein Administraziotan eta noiz aurkeztu diren agiriok, eta Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak elektronikoki bilduko ditu bere korporazio-sareen bidez.

11.– Laguntza jasotzeko eskabidea eta eskatutako agiriak nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dira. Era berean, laguntza-eskaeraren ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

12.– Baldin eta eskabideak ez baditu biltzen oinarri honetan eskatutako agiriak, osorik ez badago edo akastuna bada, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak interesdunari hutsa zuzentzeko eskatuko dio, hamar egun luzaezineko epean, eta adieraziko dio, halaber, horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak ebazpena eman ondoren, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.4 artikuluan xedatutakoa betetzeko, eskabidea legez telematikoki aurkeztu behar badu interesdunak baina presentzialki egiten badu, aipatutako eskakizun horri muzin eginda, aurkezteko modua zuzentzeko eskatuko zaio, eta legez ezarritako bide elektronikoak erabiliz egiteko. Eskabideari kasurik egiten ez bazaio, edo oinarri honetan ezarritako epetik kanpo erantzuten bazaio, eskabideak ez du baliorik edo eraginkortasunik izango, eta aurkeztu gabetzat joko da. Elektronikoki aurkezteko jarritako epea da eskabidea aurkezteko epea.

13.– Horiek horrela, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak beharrezkotzat jotako agiriak edo informazio gehigarria eskatu ahal izango dio eskatzaileari, aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta bideratzeko.

14.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartutako bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

6. oinarria.– Laguntzak esleitzeko eta kuantifikatzeko prozedura.

1.– Lehiaketa bidez esleituko dira agindu honen II., III., IV.,V., VI., eta VII. kapituluek arautzen dituzten laguntza-lerro bakoitzeko laguntzak.

2.– Aipatutako kapituluek arautzen duten laguntza-lerro bakoitzaren barruan, jarduketa-proiektu bakoitzari ematen zaion laguntzaren hasierako zenbatekoa kalkulatzeko, aurkezten diren proiektuak konparatuko dira, eta aginduak finkatzen dituen hautaketa-irizpide objektiboak eta balioespena aplikatuko zaizkie. Ondoren, laguntza-lerro bakoitzeko aurkeztutako proiektuen zerrenda egingo da, proiektuak puntu gehien duenetik puntu gutxien duenera ordenatuta. Jarraian, ordena horretan esleituko dira laguntzak, deialdi honen 24., 30., 36., 42. eta 48. oinarriek finkatzen dituzten ehunekoak aplikatuta, funts guztiak agortu arte.

Funtsen muga kontuan hartuta, ildo bakoitzeko azken laguntzarako proposatu den kopuruak erabilgarri dagoen kopurua gainditzen badu, kopuru horretan esleituko da laguntza, baldin eta diruz lagundu daitekeen gastuaren % 70 edo hortik gorakoa bada. Diru kopuru erabilgarri hori diruz lagundu daitekeen gastuaren % 70 baino gutxiago bada, ez da laguntza esleituko, eta kopuru horrek 1. oinarrian jasotako beste lerro batera zuzendutako funtsak handituko ditu, hurrenkera honetan: II., III., V., VII., VI. eta IV. kapituluak, harik eta guztiz agortzen diren arte.

3.– VII. kapituluko laguntzen kasuan, eta lehen aipatutako 2023/2831 Erregelamenduan (EB) ezarritakoaren arabera, enpresa bakar bati emandako minimis laguntzen zenbateko osoa ez da 300.000 eurotik gorakoa izango hiru zerga-ekitalditan (2022, 2023 eta 2024).

7. oinarria.– Laguntzen kudeaketa.

1.– Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak du deialdi honetan araututako laguntzak kudeatzeko eskumena.

2.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 8. artikuluaren arabera, beharrezkoak diren neurriak hartuko dira eskabideen balorazioan edo prozedura horien ebazpenean parte hartzen duten pertsona guztien interes-gatazkak eragozteko.

3.– Eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, balorazio-batzorde izeneko kide anitzeko organoa bat eratuko da, eta dagokion zuzendaritzara atxikitako pertsona hauek izango dira batzordekideak:

• Amaia Pérez de Anucita González izango da programaren arduraduna eta balorazio-batzordearen lehendakaria.

• Resurrección Abasolo García izango da balorazio-batzordeko idazkaria.

• Lide Totorikaguena Iturriagak izango ditu batzordeko langile teknikoen eginkizunak.

• Esther Plagaro Sierra, Vanesa Vera Leal eta Félix Guarrotxena Arlunduaga (ordezkoak).

4.– Balorazio-batzordeak eginkizun hauek izango ditu:

a) Aurkeztutako eskabide guztiak aztertzea, eta aplikatzekoa den araudia betetzen ez dutenak baztertzea. Gainera, araudia betetzen ez duen eskabide bakoitza baztertzeko arrazoiak zerrendatuko ditu.

b) Aplikatu beharreko araudia betetzen duten proiektuen eskabideak ebaluatzea, baita ezarritako irizpide objektiboen betetze-maila ere. Laguntzaren ildoan inplikatutako azpisektorearen garrantziari lotutako balorazio-irizpidearen ondorioetarako (30., 42., 48. eta 54. oinarrietan dago), azken hiru urteetan EAEko nekazaritzako azken ekoizpenari egindako balio erantsi gordinaren ekarpenaren batez besteko ehunekoaren garrantzia hartuko da kontuan.

c) Ebaluazioaren emaitzari buruzko txostena egitea laguntza-mota bakoitzerako. Txostena behar bezala justifikatu eta arrazoituko da.

5.– Balorazio-batzordeak nahi dituen funtzionamendu-arauak ezarri ahalko ditu, eta horietan xedatzen ez den guztian Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta ondorengoetan xedatutakoari jarraituko diote.

8. oinarria.– Ebazpen-proposamena.

1.– Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak, kide anitzeko organoaren espedientea eta txostenak ikusita, lerro bakoitzarentzat behin-behineko ebazpen-proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta, non adierazi beharko baitu dirulaguntza zein entitate eskatzaileri ematen dion, eta zenbat.

2.– Baldin eta prozeduran interesdunek adierazitakoez bestelako egitateak, alegazioak eta frogak ageri badira edo kontuan hartzen badira, ebazpen-proposamen hori behin-behinekoa izango da, interesdunei jakinaraziko zaie, eta 10 eguneko epea emango zaie alegazioak aurkezteko. Jakinarazpena bitarteko elektronikoen bidez egingo da, «Nire karpeta» atalaren bidez, salbu eta interesdunak izapidea aurrez aurre egin badu; kasu horretan, posta arrunt ziurtatuaren bidez egingo da jakinarazpena.

Aurkeztutako alegazioak aztertu ondoren, organo kudeatzaileak behin betiko ebazpen-proposamena egingo du, eta bertan adieraziko ditu dirulaguntza jasotzeko proposatzen diren eskatzaileen zerrenda eta bakoitzari dagokion zenbatekoa, bai eta, hala badagokio, eskabideak ebaluatzeko erabilitako balorazio-irizpideak ere.

3.– Entzunaldi-izapidea albo batera utz daitekeen kasuetan –ez dagoelako interesdunek adierazitakoez bestelako egitaterik, frogarik edo alegaziorik–, emandako behin-behineko ebazpen-proposamenak behin betiko izaera izango du, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4.– Eskatzaileek, dirulaguntza emateko proposamena egin baino lehen, egiaztatu beharko dute, dirulaguntzak itzultzeari buruzko betebeharrez gain, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela. Egiaztapen hori Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 7. artikuluaren arabera egingo da. Agindu hori, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da. Era berean, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek automatikoki egiaztatuko dute egunean dituztela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta haren IFKa eta erroldatze-agiria ere. Alabaina, entitate eskatzaileak berariaz egin ahal izango dio uko egiaztatze horri, baina, orduan, adierazitako agiriak aurkeztu beharko ditu.

5.– Behin-behineko eta behin betiko ebazpen-proposamenek ez diete administrazio-arloko eskubiderik ekartzen onuradun izateko proposatutakoei.

9. oinarria.– Ebazpena eta jakinarazpena.

1.– Behin betiko ebazpen-proposamena onartu ondoren, Elikadura eta Landa Garapeneko sailburuordeari dagokio deialdia ebaztea, aurreikusitako laguntza-lerro bakoitzeko emango duen ebazpen baten bidez, zeinetan emango ala ukatuko baitira eskatutako laguntzak.

Laguntzak emateko espedientean organo kudeatzailearen txosten bat jasoko da, non adieraziko baita organo kudeatzailearen esku dagoen informazioaren arabera onuradunek betetzen dituztela dirulaguntzak jasotzeko eskakizun guztiak.

2.– Ebazpenak informazio hau jaso beharko du, gutxienez:

A) Baietsitako eskabideei dagokienez:

1) Onuradunen izena edo izen soziala, eta IFK edo NANa.

2) Laguntzaren xedea.

3) Laguntzaren zenbateko osoa.

4) Ordaintzeko modua eta epea.

5) Laguntza justifikatzeko modua.

6) Laguntza emateko zein xedapen hartu den oinarri gisa, hots, agindu hau.

7) Izaerarik gabeko pertsona fisikoen zein juridikoen taldeek berariaz adierazi beharko dituzte taldeko kide bakoitzak proiektua egikaritzeko hartzen dituen konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntza-zenbatekoa.

8) VII. kapituluko laguntzen kasuan, minimis laguntzak direla agerraraztea.

B) Ezetsitako eskabideei dagokienez:

1) Eskabidea aurkezten duen pertsonaren edo sozietatearen izena, IFK edo NANa.

2) Ukatzeko arrazoiak.

3.– Bat etorriz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluarekin, prozeduraren ebazpena EHAAn argitaratuko da, agindu hau indarrean jarri eta gehienez ere sei hilabeteko epean. Argitalpen horrek jakinarazpen-ondorioak izango ditu.

Era berean, argitalpenaren egunean bertan, interesdunei horren berri emango zaie https://www.euskadi.eus/nirekarpeta helbidean, bertan sartu ahal izateko. Abisu hori informatzeko baino ez da izango.

4.– Agindu honek ondorioak dituenetik aurrera sei hilabete igarota ebazpen espresurik ez eman ez bada, eskaerak ezetsi egin zaizkiela ulertu ahal izango dute interesdunek, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

5.– Prozeduraren ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko dio interesdunak Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jasotzen duenetik aurrera, edo, hiru hilabeteko epean administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

6.– Jakinarazpen elektronikoak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da:

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

10. oinarria.– Pertsona onuradunen betebeharrak.

1.– Eman zaien dirulaguntza onartzea. Ildo horretan, baldin eta dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena hartu eta hamar eguneko epean onuradunek ez badiote dirulaguntzari berariaz uko egiten, onartu egiten dutela ulertuko da.

2.– Aurreko betebehar horretaz gain, agindu honetan iragarritako laguntzen onuradunek bete egin beharko dituzte Dirulaguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 46. artikuluko betebeharrak:

Onuradunak, entitate laguntzaileak eta dirulaguntzaren xedearekin edo justifikazioarekin zerikusia duten hirugarrenak behartuta daude Estatuko Administrazioaren, autonomia-erkidegoen edo toki-korporazioen Kontu Hartzailetza Nagusiari laguntzera eta kontrol-eginkizunak betetzean eskatutako agiri guztiak ematera, dirulaguntza ematen duen administrazioaren esparruan, bai eta, Europar Batasuneko araudiari jarraikiz, finantza-kontroleko eginkizunak esleituta dituzten organoei ere; horretarako, honako ahalmen hauek izango dituzte:

a) Irispide librea izango dute egiaztatu beharreko agirietara, programa eta fitxategi informatikoetara barne.

b) Irispide librea izango dute negozio-lokaletara, bai eta dirulaguntzaren xede izan den jarduera egiten den establezimendu eta toki guztietara eta dirulaguntzaren kargura finantzatutako eragiketak egiazkoak eta erregularrak diren egiaztatzeko arakatu beharreko tokietara ere.

c) Dirulaguntza oker jaso, gozatu edo erabili delako zantzuak agertzen dituzten eragiketen inguruko fakturak edo antzeko edo ordezko agiriak gorde behar dituzte, edo haien kopiak eman.

d) Irispide librea izango dute dirulaguntzak kobratzeko edo funtsak baliatzeko erabiltzen diren finantza-entitateetako banku-kontuetako informaziora.

Eginbehar hori betetzeari uko egitea erresistentziatzat, aitzakiatzat, oztopatzetzat edo ukapentzat hartuko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluaren arabera, hargatik eragotzi gabe dagozkion zehapenak ezartzea, hala badagokio.

3.– Horrenbestez, hauek izango dira onuradunen betebeharrak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluaren arabera:

a) Dirulaguntza ematea bidezko egiten duen jarduera gauzatzea edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.

b) Entitate emaileari justifikatzea dirulaguntza ematea edo dirulaguntzaz baliatzea eragin duten eskakizunak eta baldintzak betetzen direla eta jarduera egin dela. Jarduera pertsonei buruzkoa bada, sexuaren arabera bereizitako datuak eman beharko dira.

c) Organo edo entitate emaileak egingo dituen egiaztatze-jarduketak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-jarduketak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratu diren dirulaguntzen kasuan. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziak xedatutako jarduketak ere onartu beharko dituzte, bai eta finantzaketa dela-eta beste kontrol-organo batzuek egin ditzaketenak ere.

d) Helburu berbererako, beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatuetatik dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak lortu direla jakinaraztea entitate esleitzaileari.

Jakin bezain laster eman beharko diote haren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

e) Laguntza eman duen entitateari jakinaraztea dirulaguntza emateko kontuan hartu den edozein gorabehera objektibo nahiz subjektiboren aldaketak.

Jakin bezain laster eman beharko diote haren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

f) Egiaztatzea, emate-ebazpena proposatu baino lehen eta berau ordaintzeko unean, egunean dituela hala zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak nola dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak, bat etorriz zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzko Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoarekin.

g) Erakundearen izaera juridikoa dela eta liburu kontulariek hala ezarriz gero, diligentzia-erregistroak eta behar bezala ikustatutako gainerako agiriak aurkeztea onuradunari dagokion merkataritzako legediak eta sektoreko legediak ezartzen duen terminoetan, baita dirulaguntzen oinarri arautzaileek eskatzen dituzten kontabilitateko egoerak eta erregistroak ere, egiaztatzeko eta kontrolatzeko jarduketak behar bezala egitea bermatzeko.

h) Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzeko agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapenak edo kontrolak egiteko erabil baitaitezke.

i) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 27. artikuluan jasotako zabalkunde-neurriak hartzea.

j) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako kasuetan, jasotako funtsak organo emaileari itzultzea edo, diruz lagundutako jardueraren edo egindako jarduketaren kostua baino gehiago jasoz gero, soberakina organo emaileari itzultzea.

k) Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituen hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntza jasotzen duen jarduerak edo proiektuak behar dituen agiri eta material guztietan.

l) Diruz lagundutako jarduketarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean herritarren hizkuntza-eskubideak eta bereziki euskararen erabilera bermatzea.

11. oinarria.– Gastua justifikatzea.

1.– Laguntzen den proiektua egikaritu dela justifikatzeko, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzan:

a) Egindako jarduketen justifikazio-memoria, proiektuaren betetze-mailari, egikaritze-mailari eta azken emaitzei buruzko informazioa jasoko duena, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikuluan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 72. eta 73. artikuluetan ezarritakoaren arabera. (Izenburu osoa) (III. eranskina).

b) Langile-gastuak: nominen bidez, nominak ordaindu izanaren frogagirien bidez eta altan dauden langileen txostenaren bidez justifikatuko dira, kotizazio-kontuaren kode batean (ITA), dirulaguntzaren xede diren jarduerak egin diren hilabeteei dagokienez. Era berean, langileak dirulaguntzaren xede diren jarduerak egiteko zenbat denbora behar duen egiaztatzen duen agiria.

Langile autonomoen kasuan, ordutegi-kostuaren ziurtagiri bat aurkeztuko da, proiektuan parte hartzen duten gainerako langileen ordu-kostuaren batezbestekoaren arabera kalkulatuta. Era berean, norberaren konturako langileen edo autonomoen araubide berezian alta eman izanaren egiaztagiria aurkeztu beharko da, bai eta langile autonomoaren 2025eko azken 3 hilabeteetako likidazio-ordainagiriak ere. II-VI. lerroetan, beharrezko agiriak aurkeztuko dira, hauek egiaztatzeko: laguntzak eskatzen dituzten pertsonei aholkularitza edo prestakuntza ematen aritzen diren langileen prestakuntza, nekazaritza-gaietako eta antzekoetako titulazioa eta ekoizpen ekologikoko berariazko titulazioa (ikastaroak, lanbide-heziketa, batxilergoa, ekoizpen edo labore ekologikoekin lotutako zientzia-gradua, nekazaritza, ingurumena edo antzekoak) eta esperientzia (gutxienez 3 urteko esperientzia frogagarria ekoizpen edo labore ekologikoekin lotuta).

c) Fakturak eta froga-balio baliokidea duten gainerako agiriak, baliozkoak direnak merkataritzako trafiko juridikoan, edo administrazio-efikazia dutenak. Egiaztagiriak zigilu batekin markatuko dira, eta laguntza honetara aurkeztu izana eta egiaztagiriari egotzitako dirulaguntzaren ehunekoa adieraziko dira.

Aurkeztutako faktura diruz lagungarriak epean ordainduak izan behar dira, Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legearen 4. artikuluan deskribatzen den bezala. Hau da, 1. puntuan hau adierazten da: «Zordunak bete behar duen ordainketa-epea, kontratuan ordainketarako eperik edo datarik ezarri ez badu, hogeita hamar egun naturalekoa izango da, salgaiak jaso edo zerbitzuak ematen direnetik aurrera, baita aurretik pareko ordainketa-eskaria edo ordainagiria jaso duenean ere». 3. puntuan jasotzen denez, «Kontratuko aldeek luzatu egin ditzakete, hitzarmen bidez, aurreko puntuetan adierazitako ordainketa-epeak, baina ezingo dute inoiz ere hitzartu 60 egun naturaletik gorako eperik».

d) Erantzukizunpeko adierazpena, ordezkaritza-ahal nahikoa duenak behar bezala izenpetua; bertan zehaztuko da fakturak eta ordainketak justifikatzeko gainerako egiaztagiriak ez direla aurkeztu beste dirulaguntza-programa batzuk justifikatzeko edo, hartarako aurkeztu badira, zehaztuko da zer dirulaguntza-programa justifikatzeko aurkeztu diren eta faktura edo egiaztagiri bakoitzaren zer ehuneko lagundu den diruz.

e) VII. kapituluarekin zerikusia duen laguntzaren bat eskatzen bada, «Produkzio-eskuliburua» egin beharko da eta bertan honako agiri hauek jaso beharko dira:

• Garatutako proiektuari buruzko informazio teknikoa (ekoizpen konbentzionalerako eta haren identifikaziorako hektareak, ekoizpen ekologikorako hektareak, egindako laboreak, ereite-metodoak, azienda larriko unitateak, ekoizpen-orientazioak, eta justifikatzeko beharrezkotzat jotzen den informazio guztia).

• Espero diren emaitzei buruzko planteamenduak.

• Lortutako emaitzak.

• Behar den informazio ekonomikoa (egindako gastuak, ekoizpen-errendimenduak, aurreikuspen komertzialak eta abar).

• Atal honetan interesgarritzat jotzen den informazioa aurkeztea.

f) Hala badagokio, dirulaguntzak itzultzeagatik dagozkion betebeharrak ordaindu dituela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena.

g) IV. kapituluko laguntzen kasuan, frogaketa-jarduerak gauzatzeko izan diren gastuen xehetasunak aurkeztuko dira, bai eta erabilitako zabalkunde-materialaren kopia bat ere.

h) V. eta VI. kapituluetako laguntzak eskatuz gero, emandako zerbitzuaren ezaugarriak (ustiategiak, azalerak, laboreak, azienda larriko unitateak, ekoizpen-orientazioak eta abar) jasotzen dituen urteko txostena aurkeztu beharko du entitateak. Txostenean agerian jarri beharko dira aholkatutako ustiategiek ekoizpen ekologikoaren ziurtagiria lortzea errazten edo zailtzen duten faktoreak. Txostena ekitaldia amaitzen den unean entregatuko da.

i) VII. kapituluko laguntzak eskatu dituzten nekazaritza-ustiategien kasuan, Euskadiko Ekoizpen Ekologikoko Operadoreen Erregistroaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute, ENEEKen Kontseiluak emana. Eskabidea egiten den unean, ez badute ziurtagiri hori, erregistro horretan inskribatzeko eskabidea aurkeztu beharko dute, eta geroago, ziurtagiria aurkeztu.

j) III., IV., V. eta VI. kapituluetako laguntzak eskatu badira, aholkularitza-zerbitzuaren emailearen eta azken hartzailearen artean sinatutako agiri bat edo azken hartzaileak egindako erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko da, ordezkaritza-ahal nahikoa duen pertsona batek laguntza honen xede den zerbitzua jaso duela egiaztatzeko. Gainera, emandako zerbitzua nola ordaintzen den egiaztatzen edo azaltzen duten agiriak bidali beharko dira (fakturak eta ordainagiriak).

2.– Laguntzak modu egokian kudeatu eta ordaintzen direla bermatzeko, 2025eko abenduaren 31ra artekoa izango da egindako gastua justifikatzeko agiriak aurkezteko epea.

3.– Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak agiri gehiago eskatu ahal izango ditu, egoki irizten badio. Eskaera hori arrazoitu egin beharko da.

12. oinarria – Ordainketa.

1.– Ordainketa egiteko, aurretik eskatu eta gastua justifikatu beharra dago, aurreko oinarrian adierazitako agiriak aurkeztuta.

2.– Ez da laguntzen aurrerakinik edo konturako ordainketarik emango.

3.– Ordainketa egiteko eskabidearekin batera, 12. oinarriko 1. paragrafoan aipatzen diren agiriak aurkeztuko dira. Agiri horiek osatu eta gehienez bi hilera, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak egin beharreko izapideak egingo ditu Ogasun eta Finantza Sailak ordainketa egin dezan.

4.– Diruz lagundu daitekeen gastua ez bada ezarritako gehieneko epeetan egiten, edo inbertsioa egin izanaren egiaztagiriak ez badira epean aurkezten, onuradunek dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko dute, eta, hala dagokionean, agindu honen 17. oinarrian aurreikusitako itzulketa-prozedura jarriko da abian.

5.– Izaera juridikorik ez duten pertsona fisikoen zein juridikoen elkarteen kasuan, elkarteak funtsen hartzaile izateko izendatu duen kideari egingo zaio ordainketa, eta hark banatuko ditu elkarteko gainerako kideen artean.

6.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, entitate onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean jasota egon beharko du. Hirugarren interesdun gisa alta emateko edo datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak emandako hirugarrenentzako erregistro telematikora jo behar da, honako helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

13. oinarria.– Diruz lagundutako jarduerak kontratatzea onuradunek.

1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikulua aplikatuz, diruz lagundutako jardueraren egikaritzea onuradun ez diren hirugarrenei azpikontratatu ahalko die onuradunak. Proiektua egikaritzeko azpikontratua diruz lagunduko den jardueraren % 60koa izan daiteke gehienez.

2.– Hirugarrenei azpikontratatutako jardueraren zenbatekoa dirulaguntzaren zenbatekoa baino % 20 handiagoa bada, eta, gainera, dirulaguntza 60.000 eurotik gorakoa, idatzizko kontratua egin beharko da, zeina Elikadura eta Landa Garapeneko Sailburuordetzak baimendu beharko baitu kontratua formalizatu aurretik eta eskabidea aurkeztu ondoren.

Kontratua formalizatzeko baimen-eskaera laguntza-eskaerarekin eta baimena emateko edo ukatzeko ebazpenarekin batera aurkeztuko da, eta gehienez bi hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaera aurkezten den egunetik aurrera. Epe hori bukatzen bada berariazko ebazpenik eman gabe, interesdunak eskabidea ezetsi zaiola ulertu beharko du, hala ezartzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24. artikuluan. Prozedurako ebazpenaren aurka, interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuordeari. Horretarako hilabeteko epea izango du ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, edo nahi duenean, administrazio-isiltasunak ondorioak izan eta hurrengo egunetik aurrera.

3.– Kontratua ezin izango da zatikatu kontratuaren zenbatekoa murriztu eta 2. paragrafoko eskakizunak betetzea saihesteko.

4.– Kontratistek onuradunaren aurrean baino ez dute izango betebeharrik, eta onuradunak dauka diruz lagundutako jarduera ondo egikaritzeko erantzukizun osoa Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saila.

5.– Aurreko apartatuan jasotakoaren ondorioetarako, onuradunen erantzukizuna da zaintzea agindu honetan ezarritako mugak errespetatzen direla hirugarrenekin itundutako diruz lagundu daitekeen jarduera egikaritzean, diruz lagundutako gastuen izaera eta zenbatekoari dagokionez, eta kontratistek, aldiz, agindu honen 9. oinarrian adierazitako lankidetza-betebeharra bete behar dute, eta muga horiek benetan errespetatzen dituzten ala ez behar bezala egiaztatzeko aukera eman.

6.– Onuradunek inola ere ezin izango dute honako hauekin hitzarmenik egin diruz lagundutako jarduera osorik ala partez egikaritzeko:

a) 4. oinarrian ezarritako eskakizun orokorrak betetzen ez dituzten pertsonak edo entitateak.

b) Kontratuaren xede den jarduera egiteko beste dirulaguntza batzuk jaso dituzten pertsonak edo entitateak.

c) Bitartekariak edo aholkulariak, horiei ordaindu beharrekoak eragiketaren guztizko kostuaren ehuneko jakin bat badira, non eta ordainketa hori ez dagoen justifikatuta egindako lanak edo emandako zerbitzuak merkatuan daukan balioaren erreferentziaren arabera.

d) Pertsona onuradunarekin loturaren bat duten pertsona edo entitateekin, inguruabar hauek gertatzen direnean izan ezik:

1) Aldez aurretik Elikadurako eta Landa Garapeneko Sailburuordetzaren berariazko baimena eskuratzea, ebazpen arrazoitu baten bidez.

2) Dirulaguntzaren zenbatekoa ez izatea atxikitako entitateak egindako kostuarena baino handiagoa. Kostua justifikazioan egiaztatuko da, onuradunaren gastuak egiaztatzeko ezarritako termino beretan.

e) Deialdi eta programa berean dirulaguntza eskatu duten eta eskakizunak ez betetzeagatik edo behar adinako balorazioa ez lortzeagatik dirulaguntzarik gabe geratu diren pertsona eta entitateekin.

14. artikulua.– Emandako dirulaguntza aldatzea.

1.– Emandako dirulaguntzak aldatu ahal izango dira, alde batek eskatuta edo, hala badagokio, ofizioz, honako kasu hauetan:

a) Proiektuko jarduketa guztiak gauzatuko ez direla aurreikusten denean, eta, beraz, egikaritutako eta justifikatutako jarduketen behin betiko gastua dirulaguntza emateko ebazpenean emandako zenbatekoa baino txikiagoa izango denean. Era berean, jarduketa guztiak egikarituta, behin betiko gastu justifikatua dirulaguntzaren ebazpenean emandako zenbatekoa baino txikiagoa izango dela aurreikusten denean.

b) Beste edozein erakunde publikok nahiz pribatuk helburu bererako emandako laguntzak edo dirulaguntzak lortuz gero.

c) Egikaritzeko ezarritako epeak luzatu nahi direnean. Kasu horretan, luzapenak ezin izango ditu gainditu ezarritako gehieneko epeak.

d) Proiektua egikaritzean aldaketak gertatzen direnean helburuei, jarduketei, faseei, gastu-kontzeptuei eta egutegiari dagokienez.

2.– Dirulaguntza ematen duen organoak dirulaguntza aldatzea erabaki ahal izango du oinarri honen 1. apartatuan adierazitako kasuetan, baldintza hauek betetzen direnean:

a) Onuradunak eskatuta, aurreko apartatuko a) eta b) letretan ezarritako inguruabarretako edozeinetan oinarritutako aldaketa bat egin nahi denean, inguruabarra ezagutu bezain laster egin behar da jakinarazpena, eta, nolanahi ere, egikaritze-epea amaitu baino lehen.

b) Onuradunak eskatuta, aurreko apartatuko a) letran ezarritako kausan oinarritutako aldaketa bat egin nahi denean, emandako dirulaguntzaren % 60 gutxienez egikaritu eta justifikatu izana. Dirulaguntzaren % 60 baino gutxiago egikaritzen eta justifikatzen bada, ez-betetze handitzat hartuko da, eta emandako dirulaguntza osorik itzultzeko arrazoia izango da.

c) Dirulaguntzaren zenbatekoa ez handitzea.

d) Onuradunaren borondateak zerikusirik ez izatea aldaketa justifikatzen duten inguruabarrekin.

e) Oinarri erregulatzaileen xedeen artean egotea gauzatu den edo gauzatzekoa den jarduera edo jokabidea.

f) Aldaketa dakarten elementu eta inguruabar berriak, hasierako dirulaguntza emateko unean gertatu izanez gero, dirulaguntza ez emateko arrazoi ez izatea, eta aldaketak ez eragitea hasieran onetsitako proiektua nabarmen aldatzea.

g) Hirugarrenen eskubideei kalterik ez egitea.

15. oinarria.– Ez-betetzeak.

1.– Baldin eta entitate onuradunak ez badu betetzen agindu honetako betebeharren bat edo dirulaguntzak emateko ebazpenak ezartzen duen baldintzaren bat, edo dirulaguntza edo laguntza publikoak itzultzera behartzen duen egoeraren batean badago Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluaren arabera, Elikagaien eta Landa Garapeneko sailburuordeak, ebazpen baten bidez, dirulaguntza jasotzeko eskubidea kenduko dio (osorik ala partez) onuradunari, eta, hala badagokio, aginduko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko hartu dituen laguntzak (osorik ala partez, proiektuaren egikaritze-mailarekiko modu proportzionalean) eta dirulaguntzen arloan aplikagarriak diren berandutze-interesak, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuarekin eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluarekin. Aipatutako diru-zenbateko horiek zuzenbide publikoko sarreratzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

2.– Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza izango organo eskuduna itzulketa-espedientea abiarazi eta izapidetzeko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40.1 artikuluan adierazitako deskontzentrazioaren arabera.

3.– Itzulketa-prozedura administrazioko arau-haustea eragiten duen gertakari baten ondorioa bada, eskumena duen organoari jakinaraziko zaio dagokion zehapen-prozedura hasteko.

16. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Laguntzaren eskatzaileak atzera egin ahalko du eskabidean, baina atzera-egite hori eskatutako laguntzak emateko prozedurako ebazpena jakinarazi baino lehen egin beharko da. Jasota geratzea ahalbidetzen duen edozein bitartekoren bidez egin ahal izango da, baldin eta dagozkion sinadurak eransten badira eta Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari idatziz aurkezten bazaio. Hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du atzera egitea, eta amaitutzat emango du horretarako prozedura.

2.– Laguntzaren onuradunak emandako laguntzari uko egin ahal izango dio. Uko-egitea jasota uzten duen edozein bide erabiliz egin ahal izango da, baldin eta dagozkion sinadurak baditu. Uko-egitea idatziz aurkeztuko zaio Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordeari, eta hark, ebazpen baten bidez, uko-egite hori onartuko du, eta amaitutzat emango du hari dagokion prozedura. Uko-egitea onartu ondoren, onuradunak automatikoki galduko du ebazpen bidez onartutako eskubidea, bai eta emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere.

3.– Nolanahi ere, ematen diren atzera-egite edo uko-egite kasuetan, urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legea 94. artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio.

17. oinarria.– Dirua itzultzeko arrazoiak.

1.– Dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratu beharko da, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak eta dagozkion berandutze-interesak itzultzea, kasu hauetan:

a) Entitate onuradunak ez badu dirulaguntza eskatutako eta emandako helbururako erabiltzen, ez badu dirulaguntza eragin zuen jarduketa egiten, ez badu justifikatzen eskatutako helburuetarako erabili duela, edo, oro har, organo eskudunak ezarritako baldintzetako edozein betetzen ez badu.

b) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36.1 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluan xedatutako gainerako kasuetan ere egin beharko da itzulketa.

2.– Horrez gain, dirulaguntzaren xede den jarduketaren kostuaren gaineko soberakina itzuli beharko da, baldin eta beste laguntza edo dirulaguntza batzuekiko bateragarritasun-muga gainditzen bada, agindu honen 24. oinarrian adierazitakoari jarraikiz.

3.– Itzulketa-prozedura Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. eta 41. artikuluetan ezarritakoaren arabera gauzatuko da, eta ebazpena emateko eskumena Elikadura eta Landa Garapeneko Sailburuordetzarena izango da.

4.– Onuradunaren egikaritze-maila ia erabatekoa bada, eta hark egiaztatzen badu dirulaguntza onartu zuenean hartu zituen konpromisoak betetzeko asmo irmoa duela, ezingo da deklaratu kobratzeko eskubidea guztiz galdu duela, eta, ondorioz, jasotako dirulaguntza osorik itzuli behar duela. Aitzitik, dirulaguntzaren ordainketa partzialerako eskubidea duela deklaratuko da, eta, hala badagokio, itzulketa partziala egin behar duela. Itzuli beharreko kopurua jarduketa osoaren egikaritze-mailaren araberakoa izango da.

Nolanahi ere, onuradunak kobratzeko eskubidea duen zenbatekoa benetan eta behar bezala justifikatuta eman den dirulaguntzaren zenbatekoa izango da, organo emaileak justifikazioa egiaztatu eta onartu ondoren.

5.– Aipatutako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

18. oinarria.– Bateragarritasunak.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein entitate publikok zein pribatuk helburu bererako emandako beste edozeinekin, baldin eta dirulaguntza guztien baturak gainditzen ez baditu deialdi honen oinarriek egoera bakoitzerako ezarritako gehieneko ehunekoak. Muga hori gaindituz gero, gaindikinari dagokion zenbatekoa kenduko zaio programa honen babespean emandako dirulaguntzari.

Beste entitate publiko nahiz pribatu batetik beste laguntza edo dirulaguntzaren bat jasoz gero, idatziz justifikatu eta jakinarazi beharko zaio Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari, eta, horren ondorioz, baliteke dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea; kasu horretan, dena dela, agindu honetan ezarritako gutxieneko eskakizunak eta laguntza ematea eragin zuen helburua mantendu beharko dira. Horretarako, Elikadura eta Landa Garapeneko sailburuordeak dagokion aldaketa-ebazpena emango du, hala egokituz gero, emandako dirulaguntzaren zenbatekoak oinarri berriaren arabera doitzeko. Hala badagokio, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan jasotako itzulketa-prozedurari ekingo zaio.

VII. kapituluko laguntzen kasuan, beste dirulaguntza eta laguntza batzuekiko konkurrentziak ezin izango du gainditu 6. oinarriko hirugarren puntuan ezarritako muga.

19. oinarria.– Datuen babesa.

Agindu hau aplikatuta jasotzen diren datu pertsonalak tratatzeko orduan, berariaz beteko dira Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Datuak babesteari buruzko informazioa lortzeko:

https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/113000-capa1-eu.shtml

II. KAPITULUA
«EKOIZPEN EKOLOGIKOAN HASTEKO GIDALIBURUAK» SORTZEN LAGUNTZEA

20. oinarria.– Xedea eta helburua.

Kapitulu honen xedea da laguntza-lerro hauek arautzea:

1.– «Ekoizpen ekologikoan sartzeko gidak» delakoetarako txantiloia egiteko laguntzak: edozein ekoizpen-orientaziori aplika dakiokeen ibilbide-orriaren gidoia markatuko duen oinarrizko dokumentu bat ezartzea.

2.– «Ekoizpen ekologikoan sartzeko gidak» egiteko laguntzak: gida horiek espezifikoak izango dira ekologikoan garatu beharreko ekoizpen-orientazio bakoitzerako. Ekoizpen ekologikora bihurtzeko prozesua hasi nahi denetik Ekoizpen Ekologikoko egiaztagiria lortu arte egin beharreko urratsak argitzeko jomuga izan behar du edukiak. Beraz, Egiaztapen Ekologikoaren Kontseiluak eskatutako memoriaren eskakizunetara egokitu behar dira gidaliburuok. Elementu garrantzitsu gisa, ekoizpen paraleloko bihurtzearen berezitasunak landu behar dituzte.

21. oinarria.– Onuradunak.

Kapitulu honetan araututako laguntzen onuradun izan ahalko dira, pertsona fisikoak zein juridikoak, nekazaritza-alorreko kooperatibak edo bestelako elkarte batzuk barne hartuta, baldin eta, besteak beste, sektoreko aholkularitza edo informazioa eta laguntza emateko helburua badute, baita esperientzia egiaztatua ere ekoizpen ekologikoren alorrean. Aurrekoen artean sartzen dira ekoizleen elkarteak eta erakundeak, eta horiek ezin dute haietan afiliatzea eskatu zerbitzura irispidea izan ahal izateko.

Pertsona juridikoen kasuan, mikroenpresak edo ETEak izan beharko dira, 2022/2472 Erregelamenduaren (EB) I. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

22. oinarria.– Eskakizun espezifikoak.

1.– Gidaliburuetarako ereduen kasuan, agindu honen 4. oinarrian jasotako eskakizun orokorrak betetzeaz gain, Eusko Jaurlaritzaren baliozkotzea beharko dute eredu eta gidaliburuok.

2.– Gidaliburuen kasuan, agindu honen 4. oinarriko eskakizun orokorrak ez ezik, eskakizun hauek ere bete behar dituzte:

a) Aurkezten den gidaliburuak gidaliburu berria izan beharko du, existitzen ez dena edo, existitzekotan, gutxienez hiru urteko antzinatasuna duena.

b) Eskabidearekin batera, lan-plan bat aurkeztuko da, garatu beharreko jarduerak deskribatuko dituena, eta kronograma bat, gehienez sei hilabeteko lana aurreikusiko duena.

c) Amaitu ondoren, gidaliburua sektore interesdunari aurkeztu beharko zaio.

3.– Proiektua garatzen duten pertsonek trebakuntza eta esperientzia egiaztatua izan beharko dute, hau da:

a) Titulazioa nekazaritza-alorrean eta antzekoetan.

b) Titulazio espezifikoa ekoizpen ekologikoan.

Kasu batzuetan, zerbitzua ematen duen pertsonaren gaitasun espezifikoa esperientzian oinarrituta egiazta daiteke, edo ekoizpen ekologikoaren arloan ospe handia duten argitalpenen bidez dokumentatuta.

2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 22.6 artikuluan ezarritakoaren arabera, zerbitzu-emailea inpartziala izan beharko da, eta ez du interes-gatazkarik izan beharko.

4.– Eskabide independente bat aurkeztuko da egin beharreko eredu edo gida bakoitzeko.

23. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen kostuak eta diruz lagundu ezin direnak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira diruz lagundutako jarduerarako gauzatu beharrekoak, baldin eta ezinbestekoak badira eta deialdi honetan eta emateko ebazpenean edo hark izan ditzakeen aldaketetan ezarritako epearen barruan gauzatzen badira. Diruz lagundu daitezkeen gastuen erosketa-kostuak ezingo du inoiz gainditu merkatuko balioa.

2.– Hauek izango dira diruz lagundu daitezkeen gastuak:

a) Langile-gastuak. Langile-gastuak justifikatzeko behar diren agiriez gain (12. oinarrian aipatzen dira), gida prestatzeko erabilitako orduen zerrenda edo lanaldiaren portzentajea adierazi beharko da.

b) Joan-etorriek eragindako gastuak, halakorik badago.

c) Material-gastuak eta funtzionamendu-gastuak.

3.– Ez da inolaz ere diruz lagundu daitekeen gastutzat hartuko BEZ kengarriaren zenbatekoa, baldin eta pertsona edo entitate onuraduna zerga horren aitorpena egitera behartuta badago. Horrelakoetan, gastu gisa egotz daitekeen zenbatekoa egiaztagirien zerga-oinarriari dagokiona izango da.

24. oinarria.– Proiektuak hautatu eta baloratzeko irizpideak.

Aurkeztutako proiektua irizpide hauen arabera baloratuko da:

a) Eredu edo gidalibururako proposamena sortzea. Gehienez 30 puntu emango dira.

b) Gidaren xede den sektorearen garrantzia. Gehienez 15 puntu emango dira.

c) Aurretiazko gidalibururik ez izatea (gidaliburuaren antzinatasuna). Gehienez 10 puntu emango dira.

d) Idazle-taldeak gidaliburuaren xede den sektorean duen esperientzia. Esperientzia hori egiaztatzeko agiriak aurkeztu beharko dira. Gehienez 15 puntu emango dira.

e) Lan-plana eta kronograma. Gehienez 15 puntu emango dira.

f) Idazle-taldean emakumeen presentzia gutxienez orekatua izatea. Erredakzio-taldeko kide bakoitzak egindako lanak agerian uzteko agiriak erantsiko dira. Gehienez 15 puntu emango dira.

25. oinarria.– Laguntzaren zenbatekoa.

Onuradun gisa hautatutako proiektu bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa-sistema bat aplikatuko da. Horren arabera, kapitulu honetarako ezarritako eta 3.2 oinarrian aurreikusitako zuzkidura ekonomikoa balorazio-irizpideen arabera lortutako puntuazioaren arabera banatuko da, eta proiektu bakoitzeko laguntzaren gehieneko ehunekoa diruz lagun daitekeen kostuaren % 100 izango da, 1.500 euroko mugarekin eredu edo gida bakoitzeko.

III. KAPITULUA
NEKAZARITZA-USTIATEGIAK EKOIZPEN EKOLOGIKORA BIHURTZEKO PROIEKTUEN BIDERAGARRITASUN-AZTERLANAK EGITEKO LAGUNTZA

26. oinarria.– Xedea eta helburua.

Kapitulu honen xedea da nekazaritza-ustiategietan ekoizpen konbentzionaletik ekoizpen ekologikora bihurtzeko proiektuen bideragarritasun-azterlanak egiteko laguntzak arautzea.

27. oinarria.– Onuradunak.

Kapitulu honetan araututako laguntzen onuradun izan ahalko dira, pertsona fisikoak zein juridikoak, nekazaritza-alorreko kooperatibak edo bestelako elkarte batzuk barne hartuta, baldin eta, besteak beste, sektoreko aholkularitza edo informazioa eta laguntza emateko helburua badute, baita esperientzia egiaztatua ere ekoizpen ekologikoren alorrean. Aurrekoen artean sartzen dira ekoizleen elkarteak eta erakundeak, eta horiek ezin dute haietan afiliatzea eskatu zerbitzura irispidea izan ahal izateko.

Pertsona juridikoen kasuan, mikroenpresak edo ETEak izan beharko dira, 2022/2472 Erregelamenduaren (EB) I. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

28. oinarria.– Eskakizun espezifikoak.

Agindu honen 4. oinarriko eskakizun orokorrak ez ezik, hauek ere bete behar dituzte:

1) Eskabidearekin batera, nekazaritza-ustiategiaren bideragarritasuna aztertzeko proposamena aurkeztuko da. Proposamen horrek honakoak jasoko ditu:

1) Garatu beharreko jarduerak deskribatzen dituen lan-plana.

2) Bihurketaren faseen kronograma.

Azterlan hori justifikazio-fasean entregatu beharko da, eta modelo konbentzionaleko nekazaritza-ustiategiak ekoizpen ekologikora bihurtzearen bideragarritasuna edo haren gabezia justifikatzeko memoria ekonomiko bat barne hartuko du.

2) Proiektua garatzen duten pertsonek trebakuntza eta esperientzia egiaztatua izan beharko dute, hau da:

a) Titulazioa nekazaritza-alorrean eta antzekoetan.

b) Titulazio espezifikoa ekoizpen ekologikoan.

c) Nekazaritza-gaietan eta ekoizpen ekologikoan gaitasuna edo esperientzia duten pertsonei ez ezik, ekonomia- edo kontabilitate-gaietan prestakuntza duten langileei ere utziko zaie proiektuaren bideragarritasunarekin zerikusia duten eginkizunetan jarduten. Horretarako, arlo horretako berariazko titulazioa aurkeztuko da (enpresa-prestakuntza, prestakuntza ekonomikoa eta antzekoak).

Kasu batzuetan, zerbitzua ematen duen pertsonaren gaitasun espezifikoa esperientzian oinarrituta egiazta daiteke, edo ekoizpen ekologikoaren arloan ospe handia duten argitalpenen bidez dokumentatuta.

2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 22.6 artikuluan ezarritakoaren arabera, zerbitzu-emailea inpartziala izan beharko da, eta ez du interes-gatazkarik izan beharko.

3) Eskabide independente bat aurkeztuko da proiektu bakoitzeko.

29. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen kostuak eta diruz lagundu ezin direnak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira diruz lagundutako jarduerarako gauzatu beharrekoak, baldin eta ezinbestekoak badira eta deialdi honetan eta emateko ebazpenean edo hark izan ditzakeen aldaketetan ezarritako epearen barruan gauzatzen badira. Diruz lagundu daitezkeen gastuen erosketa-kostuak ezingo du inoiz gainditu merkatuko balioa.

2.– Hauek izango dira diruz lagundu daitezkeen gastuak:

a) Langile-gastuak.

b) Joan-etorrien gastuak.

c) Material-gastuak eta funtzionamendu-gastuak.

3.– Ez da inolaz ere diruz lagundu daitekeen gastutzat hartuko BEZ kengarriaren zenbatekoa, baldin eta pertsona edo entitate onuraduna zerga horren aitorpena egitera behartuta badago. Horrelakoetan, gastu gisa egotz daitekeen zenbatekoa egiaztagirien zerga-oinarriari dagokiona izango da.

30. oinarria.– Proiektuak hautatu eta baloratzeko irizpideak.

Aurkeztutako proiektua irizpide hauen arabera baloratuko da:

a) Bideragarritasun-azterlana egiteko proposamenaren kalitatea. Gehienez 40 puntu emango dira.

b) Azterlanean interesa duen azpisektorearen garrantzia. Gehienez 15 puntu emango dira.

c) 4 urte baino gutxiagoko antzinatasuna duen antzeko lanik ez egotea. Gehienez 15 puntu emango dira.

d) Idazleen taldeak azterlanaren xede den sektorean duen esperientzia. Gehienez 15 puntu emango dira.

e) Idazleen taldean emakumeen presentzia gutxienez orekatua izatea. Gehienez 15 puntu emango dira.

f) Bideragarritasun-azterlanaren xede den ustiategia eremu kalteberatzat aitortuta badago, gainerako irizpideei jarraikiz lortutako puntuazioaren zenbatekoa 1,2ko koefizienteaz biderkatuko da.

31. oinarria.– Laguntzaren zenbatekoa.

Onuradun gisa hautatutako proiektu bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa-sistema bat aplikatuko da. Horren arabera, kapitulu honetarako ezarritako eta 3.2 oinarrian aurreikusitako zuzkidura ekonomikoa balorazio-irizpideen arabera lortutako puntuazioaren arabera banatuko da, eta proiektu bakoitzeko laguntzaren gehieneko ehunekoa diruz lagundu daitekeen kostuaren % 100 izango da, 1.500 euroko mugarekin azterlan bakoitzeko.

IV. KAPITULUA
ERAKUSKETA-JARDUERAK ETA BISITAK BABESTEA

32. oinarria.– Xedea eta helburua.

Kapitulu honen xedea da erakusketa-jarduerak egiteko laguntzak arautzea, hau da, praktika, makineria edo lan-sistema berriak nola erabiltzen edo egiten diren erakusten duten saio praktikoak. Jarduera ustiategietan edo erakusketa-finketan egingo da.

33. oinarria.– Onuradunak.

Kapitulu honetan araututako laguntzen onuradun izan ahalko dira, pertsona fisikoak zein juridikoak, nekazaritza-alorreko kooperatibak edo bestelako elkarte batzuk barne hartuta, baldin eta, besteak beste, sektoreko aholkularitza edo informazioa eta laguntza emateko helburua badute, baita esperientzia egiaztatua ere ekoizpen ekologikoren alorrean. Aurrekoen artean sartzen dira ekoizleen elkarteak eta erakundeak, eta horiek ezin dute haietan afiliatzea eskatu zerbitzura irispidea izan ahal izateko.

Pertsona juridikoen kasuan, mikroenpresak edo ETEak izan beharko dira, 2022/2472 Erregelamenduaren (EB) I. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

34. oinarria.– Eskakizun espezifikoak.

Agindu honen 4. oinarriko eskakizun orokorrak ez ezik, aurkeztu beharreko proiektuan jaso eta zehaztuko diren hauek ere bete beharko dituzte:

1) Jarduera berritzaile bat izan beharko da, berritzaile dena aurkeztutako praktikaren izaeragatik, edo bertaratu direnengatik. Garatu beharreko erakusketa-jardueraren deskribapena aurkeztuko da, jardueraren izaera berritzailea justifikatzen duena eta xede-publikoaren ezaugarriak zehazten dituena.

2) Jarduera zabaltzeko eta sustatzeko proposamen bat egingo da, eta proposamen hori proiektuan zehaztuko da.

3) Erakusketa egiten duten pertsonek trebakuntza eta esperientzia egiaztatua izan beharko dute, hau da:

a) Titulazioa nekazaritza-alorrean eta antzekoetan.

b) Titulazio espezifikoa ekoizpen ekologikoan.

c) Nekazaritza-ekoizleen kasuan, ekoizpen ekologikoan gutxienez 5 urteko esperientzia frogatzeak balioko du.

Kasu batzuetan, zerbitzua ematen duen pertsonaren gaitasun espezifikoa esperientzian oinarrituta egiazta daiteke, edo ekoizpen ekologikoaren arloan ospe handia duten argitalpenen bidez dokumentatuta.

2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 22.6 artikuluan ezarritakoaren arabera, zerbitzu-emailea inpartziala izan beharko da, eta ez du interes-gatazkarik izan beharko.

4) Eskabide independente bat aurkeztuko da jarduera bakoitzeko.

35. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen kostuak eta diruz lagundu ezin direnak.

1.– Hauek izango dira diruz lagundu daitezkeen gastuak:

a) Teknikari-gastuak.

b) Erakusketa-jarduerak ematen dituzten nekazarien edo abeltzainen, kooperatiben edo bestelako nekazaritza-elkarteen ordutegi-kostuen gastuak. Proforma faktura edo gastu horiek frogatzen dituen agiria aurkeztuko da.

c) Joan-etorrien gastuak.

d) Jarduerarekin lotutako gastuak (gasolioa, ongarriak, tratamenduak).

e) Jarduera hedatu eta sustatzeko gastuak.

2.– Ez da inolaz ere diruz lagundu daitekeen gastutzat hartuko BEZ kengarriaren zenbatekoa, baldin eta pertsona edo entitate onuraduna zerga horren aitorpena egitera behartuta badago. Horrelakoetan, gastu gisa egotz daitekeen zenbatekoa egiaztagirien zerga-oinarriari dagokiona izango da.

3.– Dirulaguntza jaso dezaketen gastuetan, erosketa-kostua inoiz ez da izango merkatuko balioa baino handiagoa.

36. oinarria.– Proiektuak hautatu eta baloratzeko irizpideak.

Aurkeztutako proiektua irizpide hauen arabera baloratuko da:

a) Erakutsi beharreko teknikaren/prozesuaren/ekintzaren berrikuntza-maila. Gehienez 50 puntu emango dira.

b) Xede-publikoa osatzen duten pertsonen profila. Gehienez 20 puntu emango dira.

c) Erakusketa garatzen duten pertsonen esperientzia eta prestakuntza. Gehienez 15 puntu emango dira.

d) Proposamenaren genero-ikuspegia. Gehienez 15 puntu emango dira.

e) Erakustaldi-jarduera kalteberatzat deklaratutako eremu batean kokatutako ustiategi batean egiten bada, eta erakusketaren zati bat nitratoekin ura ez kutsatzeko ustiategiaren kudeaketa egokira berariaz bideratuta badago, gainerako irizpideekin lortutako puntuazioaren zenbatekoa 1,2ko koefizienteaz biderkatuko da.

37. oinarria.– Laguntzaren zenbatekoa.

Onuradun gisa hautatutako jarduera bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa-sistema bat aplikatuko da. Horren arabera, kapitulu honetarako ezarritako eta 3.2 oinarrian aurreikusitako zuzkidura ekonomikoa balorazio-irizpideen arabera lortutako puntuazioaren arabera banatuko da, eta jarduera bakoitzeko laguntzaren gehieneko ehunekoa diruz lagun daitekeen kostuaren % 100 izango da, jarduera bakoitzeko 1.500 euroko mugarekin.

V. KAPITULUA
EKOIZPEN EKOLOGIKO BIHURTZEKO AHOLKULARITZA INTEGRALA

38. oinarria.– Xedea eta helburua.

Kapitulu honen xedea da ustiategia partez ala osorik ekoizpen ekologikora bihurtzeko aukera planteatzen duten ustiategiei laguntzeko etengabeko laguntza ematen dieten zerbitzuen laguntzak arautzea.

Ustiategiak planteamendua egiten duenetik bihurketa-aldia amaitu eta bost urtera arteko aldia hartzen du, eta lagun egiteko urte horiek guztiak lagundu ahalko dira diruz. Ibilbide hori urte naturalarekin bat datozen faseen arabera zatitu daiteke, hau da, ekitaldi bakoitzeko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra.

39. oinarria.– Onuradunak.

Kapitulu honetan araututako laguntzen onuradun izan ahalko dira, pertsona fisikoak zein juridikoak, nekazaritza-alorreko kooperatibak edo bestelako elkarte batzuk barne hartuta, baldin eta, besteak beste, sektoreko aholkularitza edo informazioa eta laguntza emateko helburua badute, baita esperientzia egiaztatua ere ekoizpen ekologikoren alorrean. Aurrekoen artean sartzen dira ekoizleen elkarteak eta erakundeak, eta horiek ezin dute haietan afiliatzea eskatu zerbitzura irispidea izan ahal izateko.

Pertsona juridikoen kasuan, mikroenpresak edo ETEak izan beharko dira, 2022/2472 Erregelamenduaren (EB) I. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

40. oinarria.– Eskakizun espezifikoak.

Agindu honen 4. oinarriko eskakizun orokorrak ez ezik, aurkeztu beharreko proiektuan zehaztuko diren hauek ere bete behar dituzte:

1) Ustiategia partez edo osorik ekoizpen ekologikoko ustiategi bihurtzeko konpromisoa dutela egiaztatzen duten nekazaritza-ustiategien titularrei emandako zerbitzuak baino ez dira diruz lagunduko, aholkulariak emandako konpromiso-ziurtagiri baten bidez.

2) Zerbitzua ematen duten entitateek baliabide materialak eta langile kualifikatuak izan behar dituzte, aldian behin prestakuntza jasotzen dutenak eta aholkularitzaren arloan esperientzia eta fidagarritasuna dutenak.

3) Zerbitzua ematen duten pertsonek trebakuntza eta esperientzia egiaztatua izan beharko dute, hau da:

a) Titulazioa nekazaritza-alorrean eta antzekoetan.

b) Titulazio espezifikoa ekoizpen ekologikoan.

Kasu batzuetan, zerbitzua ematen duen pertsonaren gaitasun espezifikoa esperientzian oinarrituta egiazta daiteke, edo ekoizpen ekologikoaren arloan ospe handia duten argitalpenen bidez dokumentatuta.

2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 22.6 artikuluan ezarritakoaren arabera, zerbitzu-emailea inpartziala izan beharko da, eta ez du interes-gatazkarik izan beharko.

4) Entitateak zerbitzua emateko plan bat aurkeztu beharko du, eta bertan metodologia zehaztu beharko du, aholkatu beharreko ustiategien ezaugarrien arabera (esperientzia, ekoizpen-orientazioa, hedadura).

5) Eskabide independente bat aurkeztuko da aholkatutako ustiategi bakoitzeko.

6) Gainerako agiriekin batera, aholkularitza-zerbitzuaren emailearen eta azken hartzailearen artean sinatutako agiria aurkeztu beharko da.

41. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen kostuak eta diruz lagundu ezin direnak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira diruz lagundutako jarduerarako gauzatu beharrekoak, baldin eta ezinbestekoak badira eta deialdi honetan eta emateko ebazpenean edo hark izan ditzakeen aldaketetan ezarritako epearen barruan gauzatzen badira. Diruz lagundu daitezkeen gastuen erosketa-kostuak ezingo du inoiz gainditu merkatuko balioa.

2.– Hauek izango dira diruz lagundu daitezkeen gastuak:

a) Teknikari-gastuak.

b) Joan-etorrien gastuak.

c) Material-gastuak eta funtzionamendu-gastuak.

3.– Ez da inolaz ere diruz lagundu daitekeen gastutzat hartuko BEZ kengarriaren zenbatekoa, baldin eta pertsona edo entitate onuraduna zerga horren aitorpena egitera behartuta badago. Horrelakoetan, gastu gisa egotz daitekeen zenbatekoa egiaztagirien zerga-oinarriari dagokiona izango da.

42. oinarria.– Proiektuak hautatu eta baloratzeko irizpideak.

Aurkeztutako proiektua irizpide hauen arabera baloratuko da:

a) Zerbitzua emateko aurkeztutako planerako proposamenaren kalitatea. Gehienez 40 puntu emango dira.

b) Ustiategia parte den azpisektorearen garrantzia. Gehienez 15 puntu emango dira.

c) Zerbitzu-emaileen esperientzia eta prestakuntza. Gehienez 15 puntu emango dira.

d) Zerbitzua emateko eskura dauden baliabide materialak. Gehienez 15 puntu emango dira.

e) Aholkularitza-taldean emakumeen presentzia gutxienez orekatua izatea. Gehienez 15 puntu emango dira.

f) Aholkatutako ustiategia eremu kalteberatzat aitortuta badago, gainerako irizpideei jarraikiz lortutako puntuazioaren zenbatekoa 1,2ko koefizienteaz biderkatuko da.

43. oinarria.– Laguntzaren zenbatekoa.

Onuradun gisa hautatutako jarduera bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa-sistema bat aplikatuko da. Sistema horren arabera, kapitulu honetarako ezarritako eta 3.2 oinarrian aurreikusitako zuzkidura ekonomikoa balorazio-irizpideen arabera lortutako puntuazioaren arabera banatuko da, eta jarduera bakoitzeko laguntzaren gehieneko ehunekoa diruz lagundu daitekeen kostuaren % 100 izango da, 1.500,00 euroko mugarekin urtean eta laguntzan parte hartzen duen ustiategi bakoitzeko.

VI. KAPITULUA
EKOIZPEN EKOLOGIKOAN ESPEZIALIZATUTAKO AHOLKULARITZA

44. oinarria.– Xedea eta helburua.

Kapitulu honen xedea hau da: ekoizpen ekologikoan ziurtatutako nekazaritza-ustiategietako titularrei emandako aholkularitza-zerbitzu espezializatu eta puntualetarako laguntzak arautzea, izaera berritzaileagatik, jakintzaren alderdi espezifikoagatik edo beste arrazoi batzuengatik aholkularitza-zerbitzu jarraituek eman ezin dituzten gaiak ebazteko (hots, ziurtagiria lortu ondoren sortutakoak).

45. oinarria.– Onuradunak.

Kapitulu honetan araututako laguntzen onuradun izan ahalko dira, pertsona fisikoak zein juridikoak, nekazaritza-alorreko kooperatibak edo bestelako elkarte batzuk barne hartuta, baldin eta, besteak beste, sektoreko aholkularitza edo informazioa eta laguntza emateko helburua badute, baita esperientzia egiaztatua ere ekoizpen ekologikoren alorrean. Aurrekoen artean sartzen dira ekoizleen elkarteak eta erakundeak, eta horiek ezin dute haietan afiliatzea eskatu zerbitzura irispidea izan ahal izateko.

Pertsona juridikoen kasuan, mikroenpresak edo ETEak izan beharko dira, 2022/2472 Erregelamenduaren (EB) I. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

46. oinarria.– Eskakizun espezifikoak.

Agindu honen 4. oinarriko eskakizun orokorrak ez ezik, hauek ere bete behar dituzte:

1) Soil-soilik lagundu ahal izango dira nekazaritza-ustiategien titularrei emandako zerbitzuak, baldin eta aholkularitza-enpresak emandako eta sinatutako konpromiso-ziurtagiriaren bidez egiaztatzen badute erakunde eskatzaileak aholkatu egingo dituela.

2) Zerbitzua ematen duten entitateek baliabide materialak eta langile kualifikatuak izan behar dituzte, aldian behin prestakuntza jasotzen dutenak eta aholkularitzaren arloan esperientzia eta fidagarritasuna dutenak.

3) Zerbitzu hori ematen duten pertsonek trebakuntza eta esperientzia egiaztatua izan beharko dute, hau da:

a) Titulazioa nekazaritza-alorrean eta antzekoetan.

b) Titulazio espezifikoa ekoizpen ekologikoan.

Kasu batzuetan, zerbitzua ematen duen pertsonaren gaitasun espezifikoa esperientzian oinarrituta egiazta daiteke, edo ekoizpen ekologikoaren arloan ospe handia duten argitalpenen bidez dokumentatuta.

2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 22.6 artikuluan ezarritakoaren arabera, zerbitzu-emailea inpartziala izan beharko da, eta ez du interes-gatazkarik izan beharko.

4) Entitateak zerbitzua emateko plan bat aurkeztu beharko du, premia justifikatzeko eta jarraitu beharreko metodologia azaltzeko.

47. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen kostuak eta diruz lagundu ezin direnak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira diruz lagundutako jarduerarako gauzatu beharrekoak, baldin eta ezinbestekoak badira eta deialdi honetan eta emateko ebazpenean edo hark izan ditzakeen aldaketetan ezarritako epearen barruan gauzatzen badira. Diruz lagundu daitezkeen gastuen erosketa-kostuak ezingo du inoiz gainditu merkatuko balioa.

2.– Hauek izango dira diruz lagundu daitezkeen gastuak:

a) Teknikari-gastuak.

b) Joan-etorrien gastuak.

c) Material-gastuak eta funtzionamendu-gastuak.

3.– Ez da inolaz ere diruz lagundu daitekeen gastutzat hartuko BEZ kengarriaren zenbatekoa, baldin eta pertsona edo entitate onuraduna zerga horren aitorpena egitera behartuta badago. Horrelakoetan, gastu gisa egotz daitekeen zenbatekoa egiaztagirien zerga-oinarriari dagokiona izango da.

4.– Eskabide independente bat aurkeztuko da aholkatutako interesdun bakoitzeko.

48. oinarria.– Proiektuak hautatu eta baloratzeko irizpideak.

Aurkeztutako proiektua irizpide hauen arabera baloratuko da:

a) Zerbitzua emateko aurkeztutako plan-proposamenaren kalitatea. Gehienez 40 puntu emango dira.

b) Ustiategia parte den azpisektorearen garrantzia. Gehienez 15 puntu emango dira.

c) Zerbitzu-emaileen esperientzia eta prestakuntza. Gehienez 15 puntu emango dira.

d) Zerbitzua emateko eskura dauden baliabide materialak. Gehienez 15 puntu emango dira.

e) Aholkularitza-taldean emakumeen presentzia gutxienez orekatua izatea. Gehienez 15 puntu emango dira.

f) Aholkatutako ustiategia eremu kalteberatzat aitortuta badago, gainerako irizpideei jarraikiz lortutako puntuazioaren zenbatekoa 1,2ko koefizienteaz biderkatuko da.

49. oinarria.– Laguntzaren zenbatekoa.

Onuradun gisa hautatutako jarduera bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa-sistema bat aplikatuko da. Horren arabera, kapitulu honetarako ezarritako eta 3.2 oinarrian aurreikusitako zuzkidura ekonomikoa balorazio-irizpideen arabera lortutako puntuazioaren arabera banatuko da, eta jarduera bakoitzeko laguntzaren gehieneko ehunekoa diruz lagun daitekeen kostuaren % 100 izango da, 1.500 euroko mugarekin entitate bakoitzeko.

VII. KAPITULUA
EKOIZPEN KONBENTZIONALEKO NEKAZARITZA-USTIATEGIAK EKOIZPEN EKOLOGIKORA BIHURTZEKO PROIEKTUAK GARATZEA

50. oinarria.– Xedea eta helburua.

Kapitulu honen xedea da nekazaritza-ustiategietarako laguntzak arautzea, ekoizpen-eredu konbentzionaletik ekoizpen-eredu ekologikora bihurtzea (partez ala osorik) ahalbidetuko dieten neurriak hartu eta ezartzeko proiektuak egikaritzeko laguntzak, hain zuzen.

Azken helburua da nekazaritza-ustiategiak ekoizpen ekologikoaren ziurtagiria eskuratzea. Beraz, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak eskatutako memoriaren eskakizunetara egokitu behar dira (informazio gehiago nahi izanez gero, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilura jo daiteke, 94 627 15 94 telefono-zenbakira deituz edo info@ekolurra.eus helbidera idatziz).

51. oinarria.– Onuradunak.

Hauek izan ahalko dira kapitulu honetan araututako laguntzen onuradun: lehenik, nekazaritza-ustiategien titularrak, baldin eta euren nekazaritza-ustiategia partez edo osorik ekoizpen ekologikora bihurtu nahi badute; bigarrenik, jarduera ekologiko bat hasten duten pertsonak; hirugarrenik, jada ziurtagiri ekologikoa izanik beren ekoizpen-eremua oso hein handian ekoizpen orientazio berrietara bihurtzen dutenak.

52. oinarria.– Eskakizun espezifikoak.

Agindu honen 4. oinarriko eskakizun orokorrak ez ezik, hauek ere bete behar dituzte:

1) Bihurtu nahi duten nekazaritza-ustiategiak Nekazaritza Ustiategien Erregistroan edo legez dagokion erregistro ofizialean inskribatuta egon beharko dira, eta, hala badagokio, Euskadiko Operadore Ekologikoen Erregistroan (10/2006 Legea, abenduaren 29koa, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoari buruzkoa).

2) Proiektuaren memoria aurkeztu beharko da, eta, bertan, hauek zehaztuko dira, besteak beste:

• Egingo diren jardueren eta haien kokapenaren deskribapen orokorra (lursailak, labore ekologikoetarako hektareak, hurrengo kanpainetan lortu nahi diren edo lortzea espero diren produktu ekologikoak eta abar).

• Proiektua garatzeko landuko diren faseak eta neurriak.

• Egin beharreko inbertsioen gastua justifikatzea.

• Lortu nahi diren helburuak eta emaitzak.

• Aurreikusitako kronograma.

3) Ustiategiaren titularrak/ek bihurketa-proiektuaren emaitzara sarbide publikoa ahalbidetzeko konpromisoa hartzen du(te), eta Eusko Jaurlaritzak ezarriko du azterlana argitaratzeko eta zabaltzeko modurik egokiena.

4) Ziurtagiri ekologikoa duten ustiategien kasuan, baldin eta ekoizpena dagoeneko ziurtatuta dagoenaz bestelako ekoizpen-lerro batera bihurtzea aurreikusten badute, gutxienez laborantza estentsiborako 10 hektarea, frutagintzarako 2 hektarea eta barazkigintzarako 0,5 hektareatan gauzatu beharko dute.

53. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen kostuak eta diruz lagundu ezin direnak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira diruz lagundutako jarduerarako gauzatu beharrekoak, baldin eta ezinbestekoak badira eta deialdi honetan eta emateko ebazpenean edo hark izan ditzakeen aldaketetan ezarritako epearen barruan gauzatzen badira. Diruz lagundu daitezkeen gastuen erosketa-kostuak ezingo du inoiz gainditu merkatuko balioa.

2.– Hauek izango dira diruz lagundu daitezkeen gastuak:

a) Langile-gastuak.

c) Material-gastuak eta funtzionamendu-gastuak.

c) Bihurketarekin hertsiki lotuta dauden inbertsio-gastuak.

3.– Ez da inolaz ere diruz lagundu daitekeen gastutzat hartuko BEZ kengarriaren zenbatekoa, baldin eta pertsona edo entitate onuraduna zerga horren aitorpena egitera behartuta badago. Horrelakoetan, gastu gisa egotz daitekeen zenbatekoa egiaztagirien zerga-oinarriari dagokiona izango da.

54. oinarria.– Proiektuak hautatu eta baloratzeko irizpideak.

Aurkeztutako proiektua irizpide hauen arabera baloratuko da:

a) Proiektuaren memoria. Espedienteari 52. oinarriko 2. puntuan deskribatutako informazioa modu argi, oso eta zehatzean jasotzen duen memoria bat gehitzen bazaio, atal honetan gehieneko puntuazioa lortuko da. Era berean, aintzat hartuko da proiektua eskualdeko beste ustiategi batzuetara estrapolagarria izan ahal izatea. Atal honetan, gehienez 50 puntu emango dira.

b) Proiektuaren xede den azpisektorearen garrantzia. Gehienez 15 puntu emango dira.

c) Proiektua garatzeko eskuragai dauden giza baliabideak eta baliabide materialak: puntuazio handiagoa emango zaie ustiategiak bere osoan aintzat hartu dituzten eta haien baliabideak eta hondakinak (azken horiei aterabide ekologikoa emanez) aintzat hartu dituzten proiektu guztiei. Gehienez 20 puntu emango dira.

d) Bihurtu beharreko nekazaritza-ustiategiaren titulartasunean presentzia gutxienez orekatua izatea. Gehienez 15 puntu emango dira.

e) Ustiategia eremu kalteberatzat aitortuta badago, gainerako irizpideei jarraikiz lortutako puntuazioaren zenbatekoa 1,2ko koefizienteaz biderkatuko da.

55. oinarria.– Laguntzaren zenbatekoa.

Onuradun gisa hautatutako proiektu bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa-sistema bat aplikatuko da. Horren arabera, kapitulu honetarako ezarritako eta 3.2 oinarrian aurreikusitako zuzkidura ekonomikoa balorazio-irizpideen arabera lortutako puntuazioaren arabera banatuko da, eta proiektu bakoitzeko laguntzaren gehieneko ehunekoa diruz lagundu daitekeen kostuaren % 100 izango da, 60.000 euroko mugarekin azterlan bakoitzeko.

Era berean, 2023/2831 (EB) Erregelamenduaren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera, onuradun bakar bati emandako minimis laguntzen zenbateko osoa ezingo da 300.000 eurotik gorakoa izan segidako hiru zerga-ekitalditan, dagokigun kasuan, 2021eko, 2022ko eta 2023ko ekitaldietan.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala