Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

147. zk., 2025eko abuztuaren 6a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
3432

AGINDUA, 2025eko uztailaren 9koa, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza- eta elikagaigintza-sektoreetako elkarte profesional eta enpresarialentzako laguntzetarako deia egiten duena 2025eko ekitaldirako.

Eusko Jaurlaritzako Elikadurako eta Landa Garapeneko Sailburuordetzaren lehentasunezko jardun-arloetako bat da nekazaritzako eta elikagaigintzako ekoizpen-eremuetan sektorea egituratzeko bultzada ematea, azpisektore bakoitzaren aholkularitza eta interesak indartzeko artikulazio-elementu gisa, nekazaritzako elikagaien balio-katearen barruan negoziatzeko duten gaitasunean.

Hortik dator Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza- eta elikagaigintza-sektoreetako elkarte eta federazio profesional eta enpresarialei laguntzeko «Elkarteak» programa, zeinaren helburuak baitira azoken funtzionamendu-, ordezkaritza-, laguntza- eta antolaketa-gastuak finantzatzea eta azpisektore-eremu bakoitzean ekoizpena hobetzeko proiektu esperimentalak egitea.

Laguntza-programa hori sartuta dago Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuaren 2023ko abenduaren 28ko Aginduaren bitartez onartu zen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2024, 2025 eta 2026rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan, eta egoitza elektroniko honetan kontsulta daiteke:

https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/sail-plana/diru-laguntzen-plan-estrategikoa-ekonomiaren-garapen-jasangarritasun-eta-ingurumen-sailarena-2024-2025-eta-2026-urteetarako/

Agindu honen xedea da euskal nekazaritza- eta elikagaigintza-sektoreko elkarte profesional eta enpresarialei dirulaguntzak emateko mekanismo bat ezartzea, entitate horiek funtsezkotzat jotzen baitira azpisektore jakin batzuk beren jarduerak sustatuz egituratzeko.

Aginduan aintzat hartu da genero ikuspegia, bai agindua bera egitean, bai aplikatzean, Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legearen arabera, bai eta Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren arabera ere.

Laguntza-deialdi honek aurrekontu-estaldura nahikoa du, Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko ekitaldiko aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduren 20ko 8/2024 Legeak baimendutako kredituen arabera.

Eta bat etorriz ekainaren 30eko 7/1981 Gobernu Legearekin (lege horren 26.4 artikuluaren arabera, Jaurlaritzako kide gisa dagozkien eskumenei kalterik egin gabe, sailburuek beren sailari dagozkion gaietan administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak emateko eskudantzia izango dute), honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

Onartzea Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza- eta elikagaigintza-sektoreetako elkarte profesional eta enpresarialentzako laguntzen 2025erako deialdiaren oinarriak, zeinak agindu honen I. eranskinean jasotzen baitira.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik bi hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko uztailaren 9a.

Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

AMAYA BARREDO MARTÍN.

I. ERANSKINA

1. oinarria.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza- eta elikagaigintza-sektoreetako elkarte eta federazio profesional eta enpresarialei zuzendutako 2025eko ekitaldirako laguntza ekonomikoen deialdia egitea, helburu hauekin: 2025. urtean prestakuntza-jarduerak eta -azterlanak egitea, jarduerak sustatzea eta zabaltzea, haien helburu sozialak betetzeko funtzionamendu-gastuak ordaintzea, eta elkartekideak sustatzeko azokak eta lehiaketak antolatzea.

2. oinarria.– Aurrekontu-zuzkidura.

1.– Agindu honetan jasotako laguntzak finantzatzeko erabiliko diren baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoaren 2025eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako kredituetatik aterako dira soilik, eta guztira 350.000,00 (hirurehun eta berrogeita hamar mila) euro izango dira; horietatik 250.000,00 (berrehun eta berrogeita hamar mila) euro nekazaritzaren sektorean erabiliko dira, eta 100.000,00 (ehun mila) euro elikagaigintzan.

2.– Aurreko paragrafoan adierazitako gehieneko guztizko zenbatekoa % 40 handitu ahal izango da. Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordeak emango du handitze horren berri, ebazpen baten bidez, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Argitalpenak, baina, ez du eragingo eskabide berriak aurkezteko epea hastea, ezta ebazteko beste epe bat hastea ere.

3. oinarria.– Onuradunak.

1.– Laguntza hauen onuradun izan daitezke beren jarduera ekonomikoa Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen duten nekazaritza- eta elikagaigintza-sektoreetako elkarte profesionalak eta haien federazio eta konfederazioak.

2.– Kanpoan geratzen dira izaera sindikaleko nekazaritza-erakunde profesionalak, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-sektorearen interes orokorrak ordezkatzea eta defendatzea helburu dutenak, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko arraza garbien abeltzain-elkarteei dirulaguntzak emateko modua arautzen duen urriaren 24ko 240/2017 Dekretuan sartzen diren elkarteak ere.

4. oinarria.– Onuradunek bete beharreko baldintzak.

1.– Eskabideak aurkezteko epean betekizun espezifiko hauek betetzen dituztenak izan daitezke onuradun:

a) Legez eratuta eta inskribatuta egotea dagokion erregistroan, 2025eko urtarrilaren 1a baino lehen.

b) Egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.

c) Bere helburu soziala soilik nekazaritza- edo elikagaigintza-sektorearen interesak defendatzeari eta ordezkatzeari lotuta egotea.

d) Irabazi-asmorik ez izatea.

e) Jardun-eremua Euskal Autonomia Erkidegoa izatea.

2.– Gainera, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluari jarraikiz, ezingo dira onuradun izan inguruabar hauetako edozeinetan dauden entitateak:

a) Epai irmo bidez, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorra jaso izana edo prebarikazio, eroskeria, diru publikoen erabilera bidegabea, influentzia-trafiko, iruzur eta ordainarazpen ilegal edo hirigintza-delituak direla eta zigorra jaso izana.

b) Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaera egin izana, edozein prozeduratan kaudimengabe deklaratua izatea, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta egotea (salbu eta konkurtso horretan hitzarmen batek efikazia lortu badu), esku-hartze judizialaren menpe egotea edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta egotea, hartzekodunen konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe egonik.

c) Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik administrazioarekin egindako kontraturen bat irmo suntsiaraztea eragin izana.

d) Lege hauetan jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean egotea: 53/1984 Legea, abenduaren 26koa, Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzkoa eta 1/2014 Legea, ekainaren 26koa, Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituena. Halaber, ez izatea Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko kargurik, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako zehaztapenen arabera.

e) Indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez izatea.

f) Egunean ez izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritako baldintzetan (Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).

g) Ebazpen irmo baten bidez, dirulaguntzak jasotzeko aukera galtzea dakarren zigorren bat izatea. Zehazki, ezin izango dira dirulaguntzen onuradun izan sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zehapen administratibo edo penala jaso duten pertsonak, kasuan kasuko zehapenean ezarritako aldian.

h) Zigortuta egotea Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun edo oso astun batengatik, administrazio-bidean emandako ebazpen irmo baten bidez, zuzenketa-neurri egokiak hartu eta zehapena ordaindu arte.

i) Desgaitasuna duten pertsonentzat lanpostuak erreserbatzeko legez ezarritako kuota bete ez izana, hura betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla frogatu gabe.

j) LGTBIfobia egin, bultzatu edo sustatu izana, konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea barne.

k) Berreskuratze-agindu baten mende egotea, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

3.– a), b), d), g), h) eta i) letretan jaso diren debekuak automatikoki hartuko dira aintzat. Epai edo ebazpen irmoak zehaztuko du debekuaren irismena. Halakorik ez bada, irismena arauz zehaztutako prozeduraren bidez ezarriko da, eta ezingo da bost urtetik gorakoa izan debekua ez bada epai irmo baten ondoriozkoa.

4.– 1. apartatuaren e), eta f) letretan jasotako debekuak Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 7. artikuluan xedatutakoaren arabera ezarriko dira (Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzko Agindua).

5.– Oinarri honen 1. apartatuaren c) letran jasota dagoen debekua aintzat hartzeko eta haren irismena zehazteko, sektore publikoko kontratazioa erregulatzen duen arautegiak ezarritakoaren arabera jokatuko da.

6.– Entitate eskatzaileek, dirulaguntza emateko proposamena egin baino lehen, egiaztatu beharko dute zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela. Betebehar horri eutsi beharko zaio, gutxienez laguntzaren edo dirulaguntzaren azken ordainketa egiaztatzen den unera arte. Betebehar horiek betetzen direla egiaztatzeko, zerga-organo eskudunek edo Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emandako administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko dira. Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak eta Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzak, elkarreragingarritasun-zerbitzuen bidez, zuzenean eskatuko dizkie dokumentu horiek organo eskudunei. Entitate interesdunak, horren aurka azalduz gero, bere kabuz bilatu eta aurkeztu beharko ditu dagozkion ziurtagiriak.

7.– Onuradun izatea galarazten duen debekurik ez dutela frogatzeko –artikulu honen 1. paragrafoan adierazten dira debekuak–, bide hauek dituzte entitateek: lekukotza judiziala, ziurtagiri telematikoak edo datu-transmisioak, betiere Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan xedatutakoaren arabera; edo, bestela, ziurtagiri administratiboa, kasuaren arabera. Agiri hori agintari eskudunak egiterik ez badu, haren ordez Administrazioko agintari edo notario publiko baten aurrean egindako erantzukizunpeko adierazpen bat aurkez daiteke.

8.– Halaber, Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legearen 19.3 artikuluan xedatuta dagoen bezala, nekazaritzaren arloan eskumena duten EAEko administrazioek ez diete laguntzarik ez dirulaguntzarik emango nekazaritzaren arloan jarduten duten profesionalen, enpresen, sindikatuen edo bestelakoen elkarte edo erakundeei, baldin eta ez badute emakumeen presentzia gutxienez orekatua zuzendaritza-organoetan.

9.– Laguntza-eskabidea aurkezten denetik emango den dirulaguntza likidatzen den arte bete beharko dira eskakizun horiek.

5. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak eta gehieneko zenbatekoak.

1.– Dirulaguntza jaso ahal izango da jarraian aipatzen diren gastuengatik, 2025eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarte egindakoak badira, % 70eko gehieneko mugarekin:

a) Nekazaritza- edo elikagaigintza-sektorean jarduteko baldintzak sustatzeko eta hobetzeko ikerketak eta prestakuntza-ekintzak (aurrez aurrekoak zein telematikoak) egiteko gastuak, bai eta elkartearen jarduerak sustatzeko eta hedatzeko ekintzen gastuak ere.

b) Nekazaritza eta abeltzaintzako edo elikadurako azokak eta lehiaketak (aurrez aurrekoak zein telematikoak, autonomia zein estatu mailakoak) antolatzeko edo horietan parte hartzeko gastuak, gehienez ere ekitaldi bakoitzeko bi ordezkarirentzat. Kanpoan geratzen dira bidaia-gastuak (garraioa, ostatua, dietak...).

2.– Gastu hauek lagundu daitezke diruz 2025. urtean, gehienez % 50era arte:

a) Pertsonal-gastuak, kaleratzeagatik eta erretiro aurreratuagatik ematen diren kalte-ordainak izan ezik.

b) Helburuak lortzearekin lotutako funtzionamendu-gastu hauek:

– Alokairuak, entitate eskatzailearen ohiko jarduera gauzatzen den egoitzena bakarrik.

– Entitate eskatzailearen organoetako kide ez diren profesional independenteen zerbitzuak.

– Aseguru-primak.

– Hornidurak, entitate eskatzailearen ohiko jarduera gauzatzen den egoitzetako uraren, argiaren eta gasaren gastuei dagozkienak soilik.

– Beste entitate batzuetako kide izateagatik ordaindutako kuotak.

3.– Hauek dira gastu-kontzeptu bakoitzean diruz lagundu daitezkeen gehieneko zenbatekoak:

a) 30.000 euro, 5.1.a) oinarriako kontzeptuan adierazitako guztizko gastuan.

b) 10.000 euro, 5.1.b) oinarriako kontzeptuan adierazitako guztizko gastuan.

c) 30.000 euro, 5.2.a) oinarriako kontzeptuan adierazitako guztizko gastuan.

d) 20.000 euro, 5.2.b) oinarriako kontzeptuan adierazitako guztizko gastuan.

4.– Dirulaguntza jaso ahal izateko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan xedatutakoa bete beharko dute gastuek. Onuradunak dirulaguntzaren xede diren ekintzak erabat azpikontratatu ahal izango ditu, aipatutako lege-xedapenaren 31. artikuluan ezartzen diren mugekin.

5.– Ez dira diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko aurkeztutako gastuengatik ordaindutako BEZari dagokion zatia, ez eta, oro har, beste edozein zergari dagokiona ere, eta, oro har, argi eta garbi definituta ez dauden eta agindu honen 5. artikuluaren 1. eta 2. apartatuetan jasotakoekin zuzenean identifikatu ezin diren gastu guztiak.

6. oinarria.– Kuantifikazio-irizpideak.

Onuradun bakoitzari dagokion laguntzaren zenbateko zehatza ezartzeko, balorazio-ehuneko metagarriak aplikatuko zaizkio onartutako gastuaren zenbatekoari, betiere artikulu honetan ezarritako mugen barruan. Hauek dira balorazio-ehuneko metagarriak, sektoreka:

1.– Elikagaigintza-sektorea:

a) Lurralde historikoetako zenbait elkarte batuta sortu berri den elkartea edo federazioa (gehienez ere % 10).

b) Entitate eskatzaileak aldezten dituen interes ekonomiko eta sozialen garrantzia (% 20 gehienez).

c) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore zehatz bakoitzaren barruan egiaztatzen duen ezarpen-maila (gehienez ere % 20).

d) Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak sustaturiko jarduera eta ekimenetan entitateak azaltzen duen lankidetza-maila, betiere haren arloa modernizatu eta hobetzeari dagokionez (% 15 gehienez).

e) Lanbideko azoketan izan duen parte-hartzea (gehienez ere % 10).

f) Aurkeztutako proiektuen interes teknikoa eta zientifikoa, bai eta emaitzek sektorea hobetu, garatu eta modernizatzeari begira ekar ditzaketen abantailak ere (% 20 gehienez).

g) Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabiltzea, elkarte edo federazioaren barne-komunikazioetan zein kanpokoetan (% 5 gehienez).

2.– Nekazaritza-sektorea:

a) Entitate eskatzaileak aldezten dituen interes ekonomiko eta sozialen garrantzia (% 30 gehienez).

b) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore zehatz bakoitzaren barruan egiaztatzen duen ezarpen-maila (% 25 gehienez).

c) Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak sustaturiko jarduera eta ekimenetan entitateak azaltzen duen lankidetza-maila, betiere haren arloa modernizatu eta hobetzeari dagokionez (% 15 gehienez).

d) Aurkeztutako proiektuen interes teknikoa eta zientifikoa, bai eta emaitzek sektorea hobetu, garatu eta modernizatzeari begira ekar ditzaketen abantailak ere (% 15 gehienez).

e) Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabiltzea elkarte edo federazioaren barne-komunikazioetan zein kanpokoetan (% 15 gehienez).

7. oinarria.– Eskabideak aurkeztea eta epea.

1.– Laguntza-eskabidea Elikagai Politika eta Industriako Zuzendaritzari (elikagaigintza-sektorea) edo Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari (nekazaritza-sektorea) zuzenduko zaie, eta agindu honen bidez onartzen den eredu normalizatuak eta 8. oinarrian adierazitako dokumentazioak osatuko dute.

2.– Eskabideak bitarteko elektronikoak erabiliz aurkeztuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta eta helbide hauetan:

Elikagaigintzaren sektorea: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1083406

Nekazaritzaren sektorea: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0113511

3.– Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa –hor eskuratu daitezke tramitaziorako jarraibideak eta ereduak, eta horren bidez sar daiteke eskabide-formulariora– helbide hauetan dago eskuragarri:

Elikagaigintzaren sektorea: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1083406

Nekazaritzaren sektorea: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0113511

4.– Kanal elektronikoaren bidez eskabidea egin ondoren, gainerako izapideak –jakinarazpenak barne– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» gunearen bitartez egin beharko dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Eskaera ordezkari baten bitartez egiten bada, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza. Ildo horretan, eta agindu honen esparruan, ordezkaritza egiaztatuta dago Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ordezkarien erregistro elektronikoan inskribatuta badago (https://www.euskadi.eus/ordezkariak Ordezkaritza erregistro horretan inskribatuta ez badago, ordezkaritza egiaztatzeko, borondatezko ordezkaritza emateko inprimaki normalizatua bete behar da (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/), edo zuzenbidean onartutako beste edozein modutan egiaztatu beharko da.

6.– Eskabideak aurkezteko epea bi hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

8. oinarria.– Dokumentuak aurkeztea.

1.– Agindu honetan araututako laguntzak jasotzeko, eskabide-inprimakia behar bezala beteta aurkeztu beharko da, II. eranskinean dagoen ereduaren arabera eta entitate eskatzailearen legezko ordezkariak sinatuta. Horrez gain, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Entitateak ekitaldi ekonomikoan garatu dituen edo garatzea aurreikusten duen jardueren eta ekimenen memoria deskribatzaile xehatua, eskatutako gastu eta jardueren arabera: datak eta lekua, parte-hartzaileen kopurua eta ekintzen xedea, giza baliabideak (langileak) eta baliabide materialak (lokalak, bulegoak, etab.), helburu bererako lortutako laguntzak, eta laguntzaren premia eta zenbatekoa ebaluatzeko baliagarriak izan daitezkeen beste alderdi guztiak, III. eranskineko ereduen arabera.

b) Eraketa-akta eta estatutuak, dagokion organo administratiboak ikus-onetsita.

c) Hala badagokio, entitatea batasun, federazio edo bestelako entitate baten barruan dagoela egiaztatzen duen agiria.

d) Identifikazio fiskaleko txartela.

e) Erakundeak edo elkarteak agindu honetan aurreikusitako laguntzak eskatzeko hartu duen erabakiaren ziurtagiria, IV. eranskineko ereduaren arabera.

f) Hirugarrenen alta-agiria, azken bost urteetan Eusko Jaurlaritzari beste laguntzarik eskatu ez zaion kasuetan, edo emandakoa aldatu nahi denean. Elektronikoki izapidetu ahal izango da, dagokion zerbitzuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak/. Gainerako izapideetarako bezala, izapidetze elektronikora behartuta dauden pertsonek eta entitateek hirugarrenaren alta lortzeko erabili beharko dute zerbitzu hori. Pertsona juridikoa bada, ahalordetze-eskritura, hala badagokio, eta entitatearen eratze-eskrituraren eta estatutuen kopia, dagokion erregistroan zigilatuta. Laguntza emanez gero, hura ordaintzeko, beharrezkoa izango da inskribatuta egotea Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan.

Era berean, gastuen zenbatekoa zehatz justifikatu beharko da, behin betiko faktura edo baliokidea erantsiz: eskabideak aurkezteko datan jada egindako ekintzei dagozkien gastuetarako.

2.– Dirulaguntza-eskaera aurkezteak esan nahi du eskatzaileak dagokion arloan eskumena duen zuzendaritzari baimena ematen diola zuzenean eskuratu ditzan beste edozein administrazio publikok egindako agiri guztiak, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan.

3.– Ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 9. artikuluan xedatutakoa aplikatuz (herritarrei arreta integral eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izatekoa), eskatzaileek administrazio honetan edo beste edozein administrazio publikotan aurkeztu badute eskatutako dokumentazioa, eta berariaz adierazten badute ez dela aldaketarik izan, ez dute dokumentazio hori aurkeztu beharrik izango, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Alabaina, dokumentu horiek noiz eta zer administrazio-organotan aurkeztu dituzten adierazi beharko dute. Prozeduran eskatzen diren datu eta agiriak kontsultatu edo bildu eta egiaztatuko ditu Administrazioak, eta ez da interesdunen adostasunik eskatuko Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 72.1 artikuluan aipatutako kasuetan.

Hala ere, interesdunek aurka egin ahal izango dute. Horrelakoetan, interesdunak berariaz alegatu beharko ditu aurka egitea eragin duten arrazoiak, eta tratamenduaren arduradunak haztatuko ditu. Interesdunak tratamenduari aurka egiten diola adierazten badu, dokumentuak aurkeztu beharko ditu, hargatik eragotzi gabe eskabidearen hartzaile den organoaren egiaztatze-ahalak.

4.– Entitate eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute laguntza-eskabidea eta horri erantsi beharreko gainerako agiriak. Gainera, laguntza-eskabidetik eratorritako jardunetan eta prozedura osoan, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

5.– Kudeaketa-organoak automatikoki egiaztatuko du laguntzak eskatzen dituzten entitateek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, horretarako haien baimena behar izan gabe. Hala ere, entitate eskatzaileak baimena ukatu ahal izango du, arrazoiak emanez, eta, hala eginez gero, dirulaguntzei buruzko araudian aurreikusitako ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu. Dirulaguntza honi Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Agindua aplikatuko zaio, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak bai Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari eta dirulaguntzak itzultzeari buruzkoa.

6.– Laguntza eskatzen duen entitateak, eskabidearekin batera, eskabide-orrian agertzen den erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du, honako alderdi hauen egiazkotasunari buruzkoa:

a) Beste edozein administrazio, ente publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu eta, hala badagokio, eskuratuz gero, horren berri eman duela.

b) Betetzen dituela agindu honen 4. oinarrian jasotzen diren eta agiri bidez egiaztatu ez dituen betekizunak.

7.– Eskatzaileak adierazi behar du eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak egiazkoak direla, eta, orobat, dirulaguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela. Erantzukizunpeko adierazpen bati eransten zaion datu, azalpen edo dokumenturen bat zuzena ez bada, edo faltsua bada, edo haietako bat falta bada, prozedura etengo da horren berri jakin bezain laster, eta baliteke erantzukizunak gertatzea ere (penala, zibila edo administratiboa).

8.– Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak eta Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzak beste edozein agiri edo argibide eskatu ahal izango dute, baldin eta aurkeztu den eskabidea behar bezala balioesteko beharrezkotzat jotzen badute.

9.– Aurkeztutako eskaeran adierazitakoa egoki ulertu, ebaluatu eta eskaera izapidetzeko beharrezko iritzitako bestelako argibide edo agiri osagarriak eskatu ahal izango zaizkio eskatzaileari.

9. oinarria.– Agiriak zuzentzea.

Eskaerak betekizun guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar eguneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezkoak diren agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio, horrela egin ezean, atzera egin duela joko dela, hirugarrenaren altari dagokionez izan ezik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritako moduan emango den ebazpen baten bitartez.

10. oinarria.– Laguntzen organo kudeatzailea eta laguntzak emateko prozedura.

1.– Nekazaritza eta Abeltzaintzako Zuzendaritzari eta Elikagai Politika eta Industriako Zuzendaritzari dagokie prozedura hau kudeatzea, eta txosten bat egin beharko dute espedienterako, jasota utziz eskura duten informaziotik ondorioztatzen dela onuradunek laguntzak eskuratzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituztela. Txosten hori ebazteko eskumena duen organoari helaraziko zaio.

2.– Deialdi hau norgehiagoka-prozeduraren bidez ebatziko da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera. Prozedura horretan, aurkeztutako eskabideak alderatuko dira, eta agindu honetan aurreikusitako kuantifikazio-irizpideak aplikatuko zaizkie.

11. oinarria.– Balorazio-batzordea.

1.– Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko hiru profesional teknikok osatua. Bat Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak izendatuko du, beste bat Elikagaien Politika eta Industriako zuzendariak, eta hirugarrena Zerbitzuen zuzendariak. Ebazpen horietan, batzordeko idazkaria eta lehendakaria izendatuko dira. Batzorde horren jardunean, behar diren neurriak hartuko dira eskaeren balorazioan parte hartzen duten pertsona guztien interes-gatazkak saihesteko.

2.– Balorazio-batzordearen barruan gizonezkoen eta emakumezkoen presentzia orekatua bermatuko da, eta bete egingo da, beraz, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak arautzen duena (emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen Dekretua).

3.– Batzordeak, bere eginkizunak betetzeko, arloko adituei eskatu ahal izango die hala bileretan parte hartzeko nola aholkularitza emateko, beharrezko irizten dionean.

12. oinarria.– Balorazio-batzordearen txostena.

1.– Balorazio-batzordeak proiektuak aztertuko ditu, eta, adierazitako irizpideei jarraituz, puntuak esleituko. Ondoren, zenbatekoak kalkulatuko ditu, lortutako puntuazioaren arabera.

2.– Ondoren, txosten bat egingo du, non zehaztuko baita egindako ebaluazioaren emaitza. Txostenak entitate eskatzaileen zerrenda jasoko du, sektorearen eta eskatzaile bakoitzak lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta, handienetik txikienera. Puntu gehien lortu dituen eskabideari agindu honetan xedatutako gehieneko ehunekoa aplikatuko zaio, eta gainerako eskaerei, hortaz, lortutako puntuazioaren arabera aplikatuko zaie dagokien ehunekoa, hurrenez hurren.

3.– Sektore bakoitzerako aurreikusitako zenbateko ekonomikoa iristen bada kalkulatutako kopuruak emateko, guztiei emango zaie laguntza, aurrez erabakitako zenbatekoan. Gehieneko diru-kopurua ez bada nahikoa aurkeztutako eskaera guztiei erantzuteko, dirulaguntza hainbanatu egingo da sektore bakoitzeko onuradunen artean, harik eta funtsak erabat agortu arte.

4.– Sektore batean soberakinik badago, besteari egotziko zaizkio, erabat agortu arte.

13. oinarria.– Behin-behineko ebazpen-proposamena.

1.– Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak edo Elikagaien Politika eta Industriako zuzendariak, espedientea eta Balorazio Batzordearen txostena aztertu ondoren, behin-behineko ebazpen-proposamena egingo dute, behar bezala arrazoituta. Proposamen hori interesdunei jakinaraziko zaie, eta hamar eguneko epea emango zaie alegazioak aurkezteko, interesdunek emandakoez besteko egitate, alegazio eta frogak prozeduran agertzen direnean edo kontuan hartzen direnean.

2.– Aurreko paragrafoan adierazitako kasuaz kanpo, egindako ebazpen-proposamena behin betikoa izango da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21.3 artikuluari jarraikiz.

14. oinarria.– Behin betiko ebazpen-proposamena.

1.– Alegazioak aztertuta, halakorik egonez gero, eta hurrengo paragrafoetan xedatutako alderdiak egiaztatuta, Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak eta Elikagaien Politika eta Industriako zuzendariak behin betiko ebazpen-proposamena egingo du. Bertan, dirulaguntzaren hartzaile izateko proposatzen diren eskatzaileen zerrenda eta zenbatekoa adierazi beharko ditu, eta, hala badagokio, ebaluazioa eta hura egiteko jarraitu diren balorazio irizpideak zehaztu.

2.– Eskatzaileek, dirulaguntza emateko proposamena jaso baino lehen, egiaztatu beharko dute dirulaguntzak itzultzeko betekizunak betetzen dituztela. Egiaztapen hori Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 7. artikuluaren arabera egingo da. Agindu hori, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da. Era berean, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatu beharko dute, eta IFKa automatikoki egiaztatuko dute Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzako edo Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek. Hala ere, entitate eskatzaileak berariaz egin ahal izango dio uko egiaztatze horri, baina, orduan, adierazitako dokumentuak aurkeztu beharko ditu.

3.– Dirulaguntzak emateko espedientean Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzaren edo Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzaren txostena egongo da, eta txosten horretan jasota geratuko da organo kudeatzailearen esku dagoen informazioaren arabera onuradunek betekizun guztiak betetzen dituztela dirulaguntzak jasotzeko.

4.– Behin betiko ebazpen-proposamena Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordeari helaraziko zaio.

5.– Behin-behineko eta behin betiko ebazpen-proposamenek ez diete administrazio-arloko eskubiderik ekartzen onuradun izateko proposatuta daudenei.

15. oinarria.– Prozeduraren ebazpena, ebatzi eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko era, eta errekurtsoak.

1.– Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari eta Elikagaien Politika eta Industriako zuzendariari dagokie deialdia ebaztea, Landa Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariak proposatuta. Hala ere, aurretik, txosten bat egin beharko da, non jasoko baita zuzendaritzaren esku dagoen informaziotik ondorioztatzen dela onuradun gisa proposatutako entitateek dirulaguntzak jasotzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituztela. Ebazpenak barnean hartu beharko du Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.3 artikuluan aurreikusitakoa.

2.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igaro eta hurrengo 3. apartatuan ezarritako argitalpena egin ez bada, entitate interesdunek ulertu behar dute dirulaguntza emateko eskaera administrazio-isiltasunez ezetsi dela, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, oinarri honen 5. apartatuan adierazitako gora jotzeko administrazio-errekurtsoa jartzearen ondorioetarako.

3.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta argitalpena jakinarazpentzat hartuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluari jarraikiz. Dena den, interesdun guztiei banaka jakinaraziko zaie ebazpena osorik; horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

4.– Laguntza emateko edo ukatzeko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio interesdunak Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, edo edozein unetan, administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluarekin bat etorriz.

16. oinarria.– Justifikazioa eta ordainketa.

1.– Laguntzaren helburu izan diren gastu guzti-guztiak behar bezala justifikatu eta gero abonatuko da laguntza; horretarako, gastuak justifikatzeko agiriez gain, V. eranskina behar bezala beteta aurkeztu beharko da (Gastuak justifikatzeko inprimakia). Hori guztia diruz lagundutako jarduera osorik egin ondoren eta egindako gastu guztiak agiri bidez justifikatu ondoren, justifikazio-kontu bat aurkeztuta. Kontu hori egiteko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32.2 artikuluan adierazitakoa beteko da. Justifikazio-kontu horretan, alderdi hauek jasoko dira:

a) Dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko jarduketen justifikazio-memoria; bertan, zer jarduera egin eta zer emaitza eskuratu diren adierazi behar da.

b) Jardueraren gastuen eta inbertsioen zerrenda sailkatua, ondokoak zehaztuta: hartzekodunaren eta dokumentuaren identifikazioa, zenbatekoa, jaulkipen-data eta, hala badagokio, ordainketa data. Dirulaguntza aurrekontu zenbatetsi baten arabera eman bada, gertatutako desbideratzeen berri ere eman beharko da.

c) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuen zerrenda xehatua, zenbatekoa eta jatorria adierazita.

d) Horrekin batera, behin betiko fakturak edo diruz lagundu daitekeen gastuaren egiaztagiriak aurkeztuko dira.

2.– Edozein kasutan, dokumentazio hori 2026ko urtarrilaren 10a baino lehen aurkeztu beharko da. Beraz, onartutako programan aurreikusitako gastuak, 2025eko ekitaldian egin behar direnak, egun hori baino lehen gauzatu beharko dira.

3.– Ez da inolako ordainketarik egingo entitate onuradunak egunean ez baditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak edo itzulketa-ebazpen batek adierazita zordun bada.

4.– Onuradunak aurretik eskaera arrazoitua eta idatzia egiten badu, laguntzaren zenbatekoaren % 50 aurretik ordaindu ahal izango da, deialdia erabakitzeko ebazpena jakinarazi eta dirulaguntza onartu eta gero. Gainerako % 50a dirulaguntza jaso zuen inbertsioa edo gastua erabat eta ondo erabili dela justifikatu eta gero ordainduko da.

17. oinarria.– Entitate onuradunen betebeharrak.

1.– Betebehar hauek izango dituzte agindu honetan araututako laguntzen entitate onuradunek:

Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, onuradunak ez badio uko egiten dirulaguntzari, berariaz eta idatziz, laguntza eman izanaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean, onartu egin duela ulertuko da.

a) Zertarako ematen zaien, horretarako erabiltzea dirulaguntza.

b) Laguntza emateko ebazpenak eta, hala badagokio, laguntza luzatzeko ebazpenak xedatzen duen epean egin behar dute diruz laguntzen den gastua.

c) Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailari jakinaraztea gastu osoa edo zati bat egin dutela, eta haren esku uztea diruz laguntzen den gastua egin dutela egiaztatzeko behar diren agiri guztiak.

d) Onuradunek publizitate egokia egin behar dute jardueraren finantzaketaren izaera publikoaz, gardentasunari buruzko legedian ezarritakoari jarraikiz.

e) Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiak informaziorik eskatzen badiete emandako laguntzak nola erabiltzen dituzten eta diruz laguntzen diren helburuak lortzen dituzten ala ez kontrolatzeko, eman egin behar diete onuradunek.

f) Idatziz jakinaraziko diote Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailari, baldin eta edozein administraziori edo ente publiko eta pribaturi xede bererako eskatutako beste dirulaguntza edo laguntza batzuk eskatu eta jaso badute. Horretarako, hamabost egun naturaleko epea izango dute, egoera horren berri izan den egunetik hasita, eta, edonola ere, jasotako funtsak erabili direla justifikatu aurretik.

g) Jakinaraztea ea administrazio publiko edo ente publiko edo pribaturen bati bestelako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten ala ez diruz lagundu daitekeen gastu bera ordaintzeko, bai eta lortu duten ala ez ere.

h) Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzeko agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapenak edo kontrolak egiteko erabil daitezkeen bitartean.

i) Dirulaguntza emateko kontuan hartutako inguruabarren bat, objektiboa zein subjektiboa, aldatuz gero, horren berri eman behar diote idatziz Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailari. Aldaketa horren berri izan eta ondorengo hamabost egun naturaleko epean egin beharko da jakinarazpen hori, eta, edonola ere, jasotako funtsei eman zaien erabilera justifikatu baino lehen.

j) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatu beharko dute, harik eta dirulaguntzaren azken ordainketa egiaztatzen den arte. Alderdi hori automatikoki egiaztatuko dute Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzako eta Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek. Hala ere, entitate onuradunak berariaz ukatu ahal izango dio egiaztatze hori egiteko baimena; orduan, ordea, adierazitako dokumentuak berak aurkeztu beharko ditu.

k) Dirulaguntzen araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14, 27 eta 42. artikuluetan ezarritako betebeharrak betetzea.

2.– Enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa adierazi beharko dute onuradunek, Dirulaguntzen Araudia Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezartzen den moduan; halaber adierazi beharko dute gainfinantzaketarik ez izateko konpromisoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4.h artikuluan xedatutakoaren arabera.

3.– Artikulu honen 1.g) apartatuan adierazitako organoen ahalmena gorabehera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Sailak emandako diruz lagundutako jardueraren inguruan bidezko jotzen dituen egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu.

18. oinarria.– Bateragarritasuna.

1.– Alde batera utzi gabe 3. oinarriko 2. apartatuan xedatutakoa, agindu honen arabera emandako dirulaguntzak bateragarriak dira beste pertsona fisiko edo juridiko batzuek emandakoekin.

2.– Laguntza bateragarrien zenbatekoak ezin izango du gainditu diruz lagundutako jarduketen kostua, ez beste administrazio edo ente publiko edo pribatu batzuek emandako dirulaguntza edo laguntzekin batera, ezta helburu bererako beste diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera ere.

19. oinarria.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, eta, nolanahi ere, aldi berean beste administrazio edo ente publiko edo pribatu batzuek helburu bererako emandako dirulaguntzak eta laguntzak lortzen badira, dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere dirulaguntzen arauan onuradun izateko ezarritako betekizunak betetzen badira. Dirulaguntzen araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

20. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Laguntza eskatzen duen entitateak atzera egin ahal izango du bere eskaeran. Eskatutako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi baino lehen egin beharko du atzera. Atzera egiteko, halaxe egin dela egiaztatzea ahalbidetzen duen edozein modu erabiliko da, eta Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendaria edo Elikagaien Politika eta Industriako zuzendaria izango da, ebazpen bidez, atzera egite hori erabat onartu eta prozedura bukatutzat joko duena entitate horri dagokionez.

2.– Emandako laguntzari uko egin ahal izango dio entitate onuradunak. Emandako laguntza onartu ondoren eta gastua egiten bukatu aurretik egin ahal izango dio uko laguntzari, baldin eta Administrazioak ez badu inolako ordainketarik egin. Uko egiteko, hala egin dela jasota uzteko moduko edozein bitarteko erabil daiteke. Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordeak, ebazpen baten bidez, berariaz onartuko du uko-egite hori, eta prozedura bukatutzat joko du entitate horri dagokionez.

3.– Aurkeztutako uko-egitea ez da onartuko entitate interesdunari ez-betetzea deklaratzeko prozedura bat edo deialdi honen esparruan hasitako zehapen-prozedura bat hasi dela jakinarazi ondoren. Prozedura horrek aurrera jarraituko du ebatzi arte.

21. oinarria.– Ez-betetzeak.

1.– Entitate onuradunak ez badu betetzen agindu honetako betebeharren bat edo dirulaguntzak emateko ebazpenak ezartzen duen baldintzaren bat, ez badu proiektua partez betetzen (eta, horrela, laguntzaren xedea osorik hutsaltzen badu), edo dirulaguntza edo laguntza publikoak itzultzera behartzen duen egoeraren batean badago Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluarekin bat etorriz, laguntza eman zuen organo eskudunak, ebazpen bidez, dirulaguntza jasotzeko eskubidea kenduko dio (partez edo erabat) onuradunari, eta, hala badagokio, aginduko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko hartu dituen laguntzak (guztia edo zati bat, proiektuaren betetze-mailarekiko modu proportzionalean) eta dirulaguntzen arloan aplikagarriak diren berandutze-interesak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluarekin bat. Aipatutako diru-zenbateko horiek zuzenbide publikoko sarreratzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako. Zenbatekoa kalkulatzeko, itzulketa partziala egin behar den kasuetan, betetze-maila kontuan hartuko da, edo inbertsioen mantentzea «pro rata temporis» araua aplikatuko da.

2.– Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendaria edo Elikagaien Politika eta Industriako zuzendaria izango da itzulketa-espedientea abiarazi eta izapidetzeko organo eskuduna, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40.1 artikuluan jasotako deskontzentrazioaren arabera.

3.– Itzultze-prozedura administrazioko arau-hauste baten ondorioa bada, eskumena duen organoari jakinaraziko zaio dagokion zehatze-prozedura hasteko.

22. oinarria.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko: Elikagaien industriaren arloko laguntzak.

– Arduradunak: Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza eta Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritza; Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saila.

– Xedea: Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzaren laguntzen jarraipena, kontrola eta kudeaketa.

– Legitimazioa: Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean misio bat egiteko edo tratamenduaren arduradunari aitortzen zaizkion ahalorde publikoak egikaritzeko.

– Hartzaileak:

• Euskal Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

• Nekazaritza eta Arrantzako Estatistika Ofizialen Zerbitzua (SEAS). Organismo ordaintzailea.

– Eskubideak: eskubidea duzu datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

– Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta xehea duzu gure web-orrian:

https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/001600-capa2-eu.shtml

– Araudia:

https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES

• Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

• 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala