
147. zk., 2025eko abuztuaren 6a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (129 KB - 2 orri.)
- EPUB (111 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
SEGURTASUN SAILA
3427
EBAZPENA, 2025eko uztailaren 15ekoa, Trafikoko zuzendariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko bide-sarean trafikoaren kontrol, erregulazio, zaintza eta diziplinarako irudiak hartzeko gailuak izango dituzten radar-kabinak instalatzeko eta erabiltzeko baimena ematen duena.
Euskal Autonomia Erkidegoko bide-sarean gertatzen diren zirkulazio-istripuen % 90ean gehiegizko abiaduraren faktorea agertzen da. Horregatik, ezinbestekoa da errepideetako zenbait bide-tartetan bide-segurtasuna are gehiago zaintzea.
Horiek horrela, azken urte hauetan eta bigarren mailako bide-sarearen zenbait puntutan istripu-tasa gora doala ikusten ari da. Bide-segurtasunari buruzko azterketak egin dira, eta horien emaitza izan da istripu horien eragileetako bat abiadura izan ohi dela.
Bide-segurtasuna indartu eta zirkulazioaren arintasuna hobetzeko, egokitzat jo da ebazpen honetan aipatutako bide-sareko zatian irudiak hartzeko gailuak instalatu eta erabiltzea.
Belabietako tunelaren barruan –Donostiarako noranzkoan– egingo diren obrak direla eta, Iruñerako noranzkoko tunelaren barrualdea bi noranzkoko zirkulazioan egongo da obrak egiten diren bitartean, eta, beraz, radar-kabina batzuk jarri behar dira, zirkulazioa hartzeko eta grabatzeko kamerak izango dituztenak.
Hori guztia dela eta, alde batetik Euskal Herriko Poliziak toki publikoetan bideokamerak erabiltzeko baimena eman eta haien erabileraren erregimena (abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoan araututa) garatzen duen uztailaren 21eko 168/1998 Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak ezarritakoaren arabera; eta bestetik, Segurtasun Sailaren egitura organiko eta funtzionalari buruzko apirilaren 11ko 83/2017 Dekretuaren 17.3 artikuluak Trafiko Zuzendaritzari ematen dizkion eskumenak erabiliz, hauxe
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Radar-kabinen gailuak instalatzeko eta erabiltzeko baimena ematea. Kabina horiek trafikoaren kontrol, erregulazio, zaintza eta diziplinarako irudiak hartzeko gailuak izango dituzte, honako bide eta kilometro-puntu hauetan:
(Ikus .PDF)
Bigarrena.– Abiadura kontrolatuko den kilometro-puntuetan, herritarrei horretarako egokiak diren seinale informatiboen bidez ohartaraziko zaie irudiak hartzeko gailuak badaudela.
Hirugarrena.– Grabazioetan jasotako ekintzetatik bide-segurtasunaren arloko arau-hauste administratiboren bat egin dela ondorioztatzen bada, grabazioak arau-hauste horiei dagozkien zehapen-prozedurak tramitatzeko eta ebazteko eskumena duten organoetara helaraziko dira. Grabazioetan jasotako ekintzetatik ez-zilegi penalen bat egin dela ondorioztatzen bada, grabazio horiek eskumena duen agintaritza judizialera bidaliko dira.
Laugarrena.– Grabazioetan jasotako ekintzetatik bide-segurtasunaren arloko arau-hauste administratiboren bat egin dela ondorioztatzen bada, grabazioak Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoko Datu Pertsonalen Tratamendurako Jardueren Erregistroaren parte izango dira, eta Trafiko Zuzendaritzaren aurrean erabili ahal izango dira datuetara sartzeko eta datuak zuzentzeko eta deuseztatzeko eskubideak, datuen eramangarritasunaren gaineko eskubidea eta datuen tratamendua mugatzeko eta horri aurka egiteko eskubideak.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko uztailaren 15a.
Trafiko zuzendaria,
ESTIBALIZ OLABARRI GONZALEZ.
RSS