Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

146. zk., 2025eko abuztuaren 4a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
3416

EBAZPENA, 2025eko uztailaren 4koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Bizkaiko lurralde-ordezkariarena, zeinaren bidez aurretiko eta eraikitzeko administrazio-baimena ematen baita «BESS La Jara» izeneko baterien bidezko biltegiratze-instalazioaren proiekturako, Gueñesko udal-mugartean (Bizkaia).

Espedientea: 48-GE-Y-2024-00016.

AURREKARIAK

1.– 2024ko abuztuaren 8an, BESS Development 2, S.L. enpresak aurretiko eta eraikitzeko administrazio-baimenaren eskaera aurkeztu zuen, «BESS La Jara» izeneko baterien bidezko biltegiratze-instalazioaren proiekturako, Gueñesko udal-mugartean (Bizkaia).

2.– «BESS La Jara» proiektuak sarbide- eta konexio-baimena du, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes, S.A.U. enpresa banatzaileak 2023ko uztailaren 18an emandakoa.

3.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu ziren:

– «BESS La Jara izeneko energia biltegiratzeko instalazioa» burutzeko proiektua, Gueñesko udal-mugartean (Bizkaia).

– Ukitutako ondasun eta eskubideei dagozkien separatak.

– Ingurumena lehengoratzeko proiektua.

– Proiektuaren inpaktu akustikoari buruzko azterlana.

– Sustatzaileen arteko akordioa, ST La Jara 30 kV azpiestazioko konexio puntura lotzeko azpiegitura komunak erabiltzeko eskubidea lagatzekoa. Azpiestazio hori I-DE Redes Eléctricos Inteligentes, SAUren titulartasunekoa da.

4.– Eusko Jaurlaritzaren martxoaren 31ko 48/2020 Dekretuaren 10. artikuluan ezartzen denaren ondorioetarako, argitara eman zen horren iragarkia, adierazitako eskabidea jendaurrean jartzeko, 2024ko irailaren 16ko EHAAn eta 2024ko irailaren 18ko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean.

5.– Jendaurreko informazioaren izapidearekin batera, kontsultak egin zitzaizkien ukitutako ondasunak edo eskubideak dituzten administrazio publiko, erakunde eta enpresa hauei, 48/2020 Dekretuaren 11. artikuluaren arabera, sustatzaileak aurkeztutako proiektuaren zatien separata teknikoei dagokienez, haien baimena eman edo uka dezaten, baldintza teknikoekin batera: Gueñesko Udala, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen zuzendaritza, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes eta Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Saila.

6.– Kontsultak amaituta, jasotako txostenen hitzez hitzeko kopiak bidali zitzaizkion BESS Development 2, S.L. sustatzaileari.

Gueñesko Udalak eskatu du instalazio berriak paisaian integratzeko neurriak sartzeko, eta azterlan akustikoa egiteko, plantaren eragina baloratu ahal izateko.

Bizkaiko Foru Aldundiak adierazi du ez duela eskumenik proiektua baimentzeko, BI-3621 foru-errepidea babes-eremutik kanpo dagoelako.

7.– 2024ko urriaren 24an, orduko Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Industria Administrazioaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak erreferentziako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena (ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua) egiteko eskaera osatu zuen, orduko Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean.

8.– 2024ko azaroaren 5ean, orduko Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak erakunde eta pertsona interesdunei kontsulta egiteko izapidea hasi zuen. Jasotako txostenak aztertu ondoren, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egin da, obrak kontratatzeko baldintza-orrietan sartu beharreko neurri babesle eta zuzentzaileak adieraziz, eta neurri horiek beteko direla bermatuko duen aurrekontuarekin.

Neurri babesle eta zuzentzaileen artean, Ingurumena Lehengoratzeko Proiektu bat egiteko beharra dago. Bertan, proiektuaren jarduketa-eremu osoko ingurumena lehengoratzeko ezaugarriak definituko dira, xehetasun maila egokiarekin.

Hori guztia jasota geratzen da Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2025eko urtarrilaren 24ko Ebazpenean. Ebazpen horren bidez, BESS Development 2, S.L. enpresak Gueñesko udal-mugartean (Bizkaia) sustatutako BESS La Jara izeneko baterien bidezko biltegiratze-instalazioaren proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egiten da.

9.– Aurretiko eta eraikitzeko administrazio-baimena eskatzeko espedientea aztertu ondoren, «BESS La Jara» izeneko baterien bidezko biltegiratze-instalazioaren proiekturako, Gueñesko (Bizkaia) udal mugartean, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Bizkaiko lurralde-ordezkaritzako energia arloko zerbitzu teknikoek eskaeraren aldeko txostena egin zuten.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Ebazpen hau Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Bizkaiko lurralde-ordezkariak eman du, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren 20. artikuluan (2024-12-10eko EHAA) xedatutakoaren arabera.

2.– Espedientea izapidetzerakoan, honako arau hauetan ezarritako izapideak bete dira: 24/2013 Legea, abenduaren 26koa, Sektore Elektrikoari buruzkoa; 1955/2000 Errege Dekretua, abenduaren 1ekoa, Energia elektrikoko instalazioen garraioko, banaketako, merkaturatzeko eta hornidurako jarduerak eta baimen-prozedurak arautzen dituena; Eusko Jaurlaritzaren 48/2020 Dekretua, martxoaren 31koa, zeinaren bidez arautzen baitira energia elektrikoa ekoizteko, garraiatzeko eta banatzeko instalazioen administrazio-baimenaren prozedurak; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa, eta 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena.

3.– 48GEY 202400016 espediente honetan, zeinak «BESS La Jara» izeneko baterien bidezko biltegiratze-instalazioaren proiektuaren aurretiko eta eraikitzeko administrazio-baimenaren eskaera jasotzen baitu, adierazita dago BESS Development 2, S.L. sustatzaileak AESC Tender I, S.L. sustatzailearekin egindako akordioa, sarera energia isurtzeko azpiegiturak modu partekatuan erabiltzeko, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren –Energia elektrikoko instalazioen garraio-, banaketa-, merkaturatze- eta hornidura-jarduerak eta baimen-prozedurak arautzekoa– 123.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Adierazitako oinarri juridikoak eta oro har aplikatzekoak diren gainerakoak ikusita, eta ordezkaritza honetako energia arloaren txostenarekin bat etorriz, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Bizkaiko lurralde-ordezkariak honako hau

EBAZTEN DU:

Aurretiko eta eraikitzeko administrazio-baimena ematea BESS Development 2, S.L. enpresari, «BESS La Jara» izeneko baterien bidezko biltegiratze-instalazioaren proiekturako. Proiektua Gueñesko udal-mugartean (Bizkaia) kokatuta dago.

Proiektuak honako instalazio hauek hartzen ditu:

a) 17 bateria-edukiontzi, guztira 85,27 MWh-ko kapazitatea dutenak, ferrofosfatozko litiozko bateriez osatuak. Edukiontzi bakoitza 5,016 MWh-ko potentzia unitariokoa da.

b) 6 inbertsore, guztira 26,34 MW-ko potentzia nominalekoak. Inbertsore bakoitzak 690 V-eko tentsio nominala eta 4,39 MW-ko potentzia unitariokoa da.

c) 3 transformadore, guztira 26,34 MVA-ko potentzia nominalekoak, eta linea- eta babes-gelaxkak. Transformadore bakoitza 0,690/30 kV-ko transformazio-erlazio eta 8,78 MVA-ko potentzia unitariokoa da.

d) Babes- eta neurketa-zentroa eta zerbitzu osagarrietarako zentroa. Zentroa babes- eta neurketa-gelaxkek eta zerbitzu osagarrien transformadoreak osatzen dute. Transformadorea 0,420/30 kV-ko transformazio-erlazioa eta 75 kVA-ko potentzia nominalekoa da.

e) Ebaketa- eta neurketa-zentroa. Zentroa babes- eta neurketa-gelaxkek osatzen dute.

f) Sarera energia isurtzeko 30 kV-ko linea, 77 m inguruko luzerakoa, 30 kV-ko babes- eta neurketa-zentroa, proiektuaren plantan kokatutakoa, beste enpresa sustatzaile batekin elkarbanatutako ebaketa- eta neurketa-zentroarekin konektatzeko, eta zentro hori ST «La Jara» azpiestazioarekin konektatzeko. Linearen ibilbidea lurpekoa da, Gueñesko udal-mugartean (Bizkaia).

Ebazpen hau ematen da 48/2020 Dekretuan xedatutakoaren arabera, eta baldintza orokor hauek kontuan hartuta:

1.– Obrak egiteko, onartutako proiektua bete behar da, kasu bakoitzean eskatu eta baimentzen diren aldaketak eginda. Halaber, obrak Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak 2025eko urtarrilaren 24an egindako eta 2025eko otsailaren 18ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren 33. zenbakian argitaratutako ingurumen-inpaktuaren txostenean ezarritakoaren arabera burutu beharko dira.

2.– Martxan jartzeko epea hiru urtekoa izango da, ebazpen hau ematen den egunetik aurrera. Epe hori igaro eta instalazioa ustiatzeko baimenik eskatu ez bada, ebazpen hau iraungitzat jo ahal izango da. Nolanahi ere, sustatzaileak abenduaren 27ko 8/2023 Errege Lege Dekretuaren –Ukraina eta Ekialde Hurbileko gatazken ondorio ekonomiko eta sozialei aurre egiteko eta lehortearen ondorioak arintzeko neurriak hartzen dituena– 28. artikuluan xedatutakoa baliatu ahal izango du, behin betiko ustiatzeko eta abian jartzeko baimena lortzeko administrazio-mugarriaren luzapenari dagokionez.

3.– Lanak amaitutakoan, eta araututako egiaztapenak egin ondoren, instalazioen titularrak Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Bizkaiko lurralde-ordezkaritzari jakinarazi beharko dio lanen amaiera, behin betiko ustiatzeko eta abian jartzeko baimena eman dezan. Horrekin batera, aplikatu beharreko erregelamendu teknikoetan adierazitako agiriak aurkeztu beharko ditu. Era berean, Ekoizpen Elektrikoko Instalazioen Administrazio Erregistroan inskribatu beharko da, instalazioa zerbitzuan dagoenean.

4.– Ebazpen hau ematen da obrak egiteko behar diren udal- eta probintzia-eskumenetako eta bestelako baimenak edo lizentziak edozein direla ere, eta horiek aparte utzi gabe, eta bereziki lurraldearen antolamenduari eta ingurumenari dagozkienak. Eskatzaileak nahitaez eskuratu beharko ditu baimen horiek guztiak. Era berean, hirugarrenen eskubideak kaltetu gabe emango da, jabetza-eskubidea salbu utzita.

Kasuan kasuko baimenak, lizentziak edo baimenak izapidetzeak edo sustatzaileak onartutako baldintza teknikoak betetzeak instalazioa burutzeko proiektuan funtsezko aldaketak eragiten baditu, edo aldaketa horiei ingurumen-ebaluazioa egin behar zaiela erabakitzen bada, dagokion baimena eskatu beharko da.

5.– Jarduera uzteko, instalazioa ixteko aldez aurretiko administrazio-baimena beharko da. Horretarako, eskaera egin beharko da, justifikazio-memoriarekin, plano eguneratuekin eta instalazioa eraisteko planarekin batera. Plan hori ingurumen-inpaktuaren txostenean ezarritako baldintzetara egokitu beharko da, eraiste-fasean ingurumena lehengoratzeari dagokionez.

6.– Sistemaren operadoreak ezartzen dituen arau teknikoak eta jarduteko prozedurak bete beharko dira.

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saileko Deskarbonizazioko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera.

Bilbao, 2025eko uztailaren 4a.

Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Bizkaiko lurralde-ordezkaria,

MARÍA JESÚS MARKAIDA URIARTE.


Azterketa dokumentala