Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

146. zk., 2025eko abuztuaren 4a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
3415

EBAZPENA, 2025eko ekainaren 26koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Getxoko (Bizkaia) Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren berrikuspenaren ingurumen-adierazpen estrategikoa egiten duena.

AURREKARIAK

2014ko abuztuaren 11n, eta IEEB_ECIA_2014_011 espedientearen esparruan, Getxoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (aurrerantzean, Plana) lehenengo berrikuspenaren ingurumen-jasangarritasuneko txostenaren irismena zehazten duen erreferentziazko dokumentua eman zen, hauetan xedatutakoaren indarrez: Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, Plan eta programa jakin batzuek ingurumenean dituzten ondorioak ebaluatzeari buruzko apirilaren 28ko 9/2006 Legea eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretua.

2018ko ekainaren 27an, Getxoko Udalak jendaurrean jarri zuen Planaren Aurrerapena, urriaren 15era arte, Bizkaiko Aldizkari Ofizialaren 123. zenbakian argitaratutako iragarki baten bidez.

Ingurumen-izapidetzea otsailaren 27ko 3/1998 Legean, apirilaren 28ko 9/2006 Legean eta urriaren 16ko 211/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera hasi bazen ere, 2018an egindako ingurumen-azterketa estrategikoa Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen erregulazioetara egokitu zen.

2022ko irailaren 30ean, Udalak hasierako onarpena eman zion planari, eta, ingurumen-azterketa estrategikoarekin batera, jendaurrean jarri zuen 2023ko urtarrilaren 15era arte, 2022ko urriaren 18ko Bizkaiko Aldizkari Ofizialeko (198. zk.) iragarkiaren bidez. Jendaurreko informazioarekin batera, Udalak kontsulta egin zien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluaren arabera.

Getxoko Udalak adierazi zuenez, alegazio eta txosten ugari jaso zituzten –horien emaitza nahiz edukia espedientean daude jasota–, eta aipatutako alegazio eta txosten horiek kontuan hartu ziren Planaren behin betiko bertsioa idazteko orduan. Txosten bat aurkeztu da, jasotako alegazio bakoitza laburbiltzeko, baloratzeko eta ebazteko proposamen bat egiteko.

2024ko uztailaren 26an, Getxoko Udalak, idazketa-taldeak horretarako egindako txostenaren arabera, egindako alegazioak ebatzi zituen, eta behin-behinean onartu zuen Getxoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Berrikuspena, kontuan hartuta aurreko apartatuko alegazioen ebazpenetik eratorritako aldaketak, eskumen sektorialak dituzten administrazioek egindako txostenen ondoriozko gaiak eta idazketa-taldeak proposatutako hobekuntza-gogoeta teknikoak.

2025eko apirilaren 9an, Getxoko Udalak Planaren Ingurumen Adierazpen Estrategikoaren eskaera bete zuen aurreko Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan. Eskaerarekin batera honako hauek aurkeztu zituen: behin betiko plan-proposamena, haren ingurumen-azterketa estrategikoa eta informazio publikoaren izapidea eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei entzunaldia egiteko izapidea azaltzeko zenbait dokumentu.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak eragin ditzaketen planak arautu behar dituzten oinarriak ezartzea, eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarria sustatzeko.

Halaber, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluaren arabera, ingurumen-ebaluazioak ingurumena babesteko maila handia bermatu eta garapen jasangarria sustatuko du. Horretarako, planak, programak eta proiektuak egiteko, hartzeko, onesteko edo baimentzeko ingurumen-alderdiak bateratuko ditu; ingurumen-alternatiba bideragarriak aztertu eta hautatuko ditu; ingurumenarekiko ondorio kaltegarriak prebenitzeko, zuzentzeko eta, hala badagokio, konpentsatzeko aukera ematen duen neurriak ezarriko ditu; eta ingurumen-ebaluazioaren helburua betetzeko beharrezkoak diren zaintza-, jarraipen, eta zehapen-neurriak ezarriko ditu.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.1.a) artikuluan xedatutakoa aplikatuz, administrazio publiko batek abian jarritako edo onetsitako planei eta programei ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar zaie, bai eta haien aldaketei ere, lege- edo arau-xedapen batek beharturik prestatu eta onartu badira, baldin eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak baimentzeko etorkizuneko eremua ezartzen badute eta arlo jakin batzuei erreferentzia egiten badiete, hala nola hiri- eta landa-lurraldearen antolamenduari eta lurzoruaren erabilerari.

Gainera, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 61. artikuluaren arabera, ingurumenean efektu nabarmenak izan ditzaketen planei eta programei, eta horien aldaketei eta berrikuspenei, ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egingo zaie, II.A eranskinean zehazten denari jarraikiz. Aipatutako eranskin horretan jasotako planen eta programen artean, hiri-antolamenduko plan orokorrak daude.

Era berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta Planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera, bai Getxoko Udalak bai Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak beharrezkoa den guztia xedatu dute planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura aurrera eraman ahal izateko. Horretarako, ingurumen-azterketa estrategiko bat egin beharra xedatu dute, eta haren irismena aurrez ezarri, kontsulta publikoen bidez eta ukitutako administrazio publikoek eta interesdunek parte hartzeko prozeduraren bitartez.

Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-azterketa estrategikoa egokia dela eta indarrean dagoen araudiari egokitzen zaiola, ingurumen-adierazpen estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, organo eskuduna baita abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera (Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen du dekretu horrek). Adierazpenean, ingurumenaren arloko alderdiak planaren proposamenean egoki txertatu direla baloratzen da, eta plan horrek ingurumenean eragingo dituen inpaktu nabarmenen aipamena ere jasotzen da, azkenean onartuko den planean sartu beharreko azken zehaztapenak barnean direla, ingurumen-ondorioetarako bakarrik.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Getxoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren berrikuspenaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-adierazpena ematea, jarraian zehazten den moduan:

A) Planaren eremua Getxo udal-mugarte osoa da, eta 11,86 km2-ko azalera du. Uribe Kosta eskualdean dago Getxo, Bilbo Metropolitarreko Eremu Funtzionalean, eta Sopela, Erandio, Berango, Leioa eta Portugalete udalerriekin egiten du muga.

Getxoko hiri-egituraren berezitasun bat da, hainbat aldaketa direla medio, ez dagoela landa-gunerik kategoria urbanistiko gisa, eta garrantzi handia hartzen dutela hiri-lurzoruek eta lurzoru urbanizagarriek. Beraz, lurzoru urbanizaezinaren antropizazio-maila handia nabarmentzen da.

HAPOren berrikuspenaren oinarri kontzeptuala hainbat ikuspegik osatzen dute: ingurumenekoa, ekonomikoa, fisikoa eta soziala. Hala, HAPOren antolamendua orientatzeko irizpideek honako printzipio hauetan oinarritutako proposamen estrategikoa hartuko dute beren gain: garapen jasangarri integrala, interes publikoaren mendekotasuna, hirigintza-plangintzaren eskumena, hirigintza-antolamenduaren koherentzia eta herritarren parte-hartzea.

Jarraian, Planaren proposamen nagusiak aztertzen dira:

Hiri-lurzoruaren antolaketa.

Lehendik dagoen hiriguneari eustea eta inguruan hazkunde iraunkorra planteatzea erabaki da, indarrean dagoen Plan Orokorrekoa baino neurtuagoa, batez ere bloke kolektiboaren tipologian.

Hiri-lurzoru finkatua Areetako eta Neguriko lurzoru urbanizatuaren nukleoak eta Algortako eta Andra Mariko eremu mendebaldekoenek osatzen dute nagusiki, eta horien inguruan egituratzen diren espazioak daude, bide-azpiegituran oinarrituta. Lurzoru horretan, zenbait jarduketa isolatu (AA) eta zuzeneko hiru jarduketa (ADI) proposatzen dira. Era berean, zuzkidura publikoak egikaritzeko 10 jarduketa eta plan bereziaren bidez antolatu beharreko zuzkiduretarako hiru eremu mugatu dira:

– Zuzkidura publikoak gauzatzeko jarduketak (AEDP): AEDP-SUC-A Portuko pasealekua, 29 (espazio libreen irekiera); AEDP-SUC-C Txakursolo, 10-20 (Los Chopos igogailua); AEDP-SUC-D Ibarra, 4 irekiera partikularra; AEDP-SUC-E Ibarrako irekiera partikularra; AEDP-SUC-F Padre Felix de la Virgen irekiera; AEDP-SUC-G Bastiaintxuna handitzea; AEDP-SUC-H Urgull irteera zabaltzea; AEDP-SUC-I Maidagan handitzea 5; AEDP-SUC-J Maidagan handitzea 41; AEDP-SUC-L Ollarretxe (Malakate).

– Hiri-berrikuntzako plan bereziak (zuzkidura publikoak): PERU-01 Portu Zaharra 22.893,00 m2, PERU-02 Geltokiko plaza 15.307,00 m2, PERU-03 Trinitarios 4.189,97 m2.

Hiri-lurzoru finkatugabean, bizitegi-zuzkidurako jarduketak (AD-R) eta bizitegi-jarduketa integratuak (AI-R) planteatzen dira. Guztira 41 zuzkidura-jarduketa definitu dira (AD-R), 47.112,90 m2-ko azalera hartzen dutenak: AD-R01, AD-R02, AD-R03, AD-R06, AD-R07, AD-R08, AD-R09, AD-R10, AD-R11, AD-R12, AD-R13, AD-R14, AD-R15, AD-R16, AD-R17, AD-R18, AD-R21, AD-R22, AD-R24, AD-R27, AD-R28, AD-R30, AD-R31, AD-R32, AD-R33, AD-R34, AD-R35, AD-R36, AD-R37, AD-R38, AD-R39, AD-R41, AD-R42, AD-R43, AD-R44, AD-R45, AD-R46, AD-R47, AD-R48, AD-R49, AD-R50. 11 jarduketa integratu sartzen dira (AI-R), guztira 144.838,54 m2-ko azalera hartzen dutenak: AI-R01, AI-R02, AI-R04, AI-R05, AI-R06, AI-R07, AI-R08, AI-R09, AI-R10, AI-R11 eta AI-R12.

Era berean, tratamendu espezifikoaren berezitasuna eta beharra kontuan hartuta, hiri-lurzoruko Plan Berezira igortzen dira Andra Mariko bizitegi-jarduketa hauek: ARRU-PE-R01 Uri (63.129 m2), ARRU-PE-R02 Peruene (31.338 m2), ARRU-PE-R03 Diliz Goikoa (24.931,85 m2), ARRU-PE-R04 DIliz Behekoa (25.232,09 m2), ARRU-PE-R05 Saratxaga (32.080,44 m2) eta ARRU-PE-R06 Moreaga (17.048,82 m2).

Gainera, PC-M01 Mimenaga jarduera ekonomikoen eremua mugatu da (97.165 m2), eta bateragarritasun-plan bat beharko du garatzeko.

Azkenik, Ekipamenduak Hornitzeko Jarduketak (AD-E) proposatzen dira. Guztira 60.230,90 m2-ko azalera hartzen dute: AD-E01 Algorta 108 (Trinitarias ikast.; AD-E05 Gobela, 17 (Divino Pastor ikast.); AD-E06 Atxekolandeta 1 (Lezama Leguizamon jauregia, ostatu-azpieremua); AD-E07 Ibarrangoa 1 (gasolindegia); AD-E08 Caridad 2 (Ugartenako jatetxea); AD-E09 Santa Eugenia 25 (aparkalekua); AD-E10 Maidagan 45 (kooperatiba); AD-E11 Basagoiti 61 eta 63 (Zubiri+ Eterna); eta AD-E12 Chopos 18 (Jolaseta kluba).

Lurzoru urbanizagarriaren antolamendua.

Lurzoru urbanizagarrian bost bizitegi-sektore eta jarduera ekonomikoetarako sektore bat definitzen dira:

a) Bizitegi-kalifikazio orokorra duten sektoreak: Bost bizitegi-sektoreek (S-R) 590.465 m2 hartzen dituzte guztira, tartean 3.133 etxebizitza, horietatik 2.523 babestuak:

– S-R01 Tosu: 140.915,13 m2

– S-R02 Muru: 89.740,26 m2

– S-R03 Peña Santa Marina: 159.869,99 m2

– S-R04 Dendariena: 135.058,57 m2

– S-R05 Dilizgoikoa: 96.393,66 m2

b) Ekoizpen-jarduera ekonomikoaren kalifikazio orokor mistoa duen sektorea:

– SM-01 Mariturri: 123.757,86 m2

SR-01 Tosu, SR-02 Mÿ, SR-03 Peña Santa Marina eta SM-01 Mariturri sektoreak planetik zuzenean antolatzen dira. S-R04 Dendariena eta S-R05 Dilizgoikoa sektoreek Plan Partzial bat behar dute. Garatzeko baldintza gisa beharrezkoa da okupazio zuzena duten gainerako bizitegi-sektoreetan lehen okupazioko lizentzien % 75 eman izana.

c) Bateragarritasun-eremuak.

Berango udalerriaren mugan hiri-espazio hutsak betetzeko, espazio eten bat mugatu da. Espazio hori hiri-egituren arteko hiru lurzoru-poltsek osatzen dute, Mimenaga PZ izenez, 97.165,58 m2-ko azalera izanik guztira. Bateragarritze-plan batek egiturazko antolamenduaren parametroak definituko ditu.

Lurzoru urbanizaezinaren antolamendua.

Proposatutako lurralde-eredu berriari hirigintza jasangarriaren printzipioak aplikatzearen ondorioz, lurzoru urbanizagarriaren azalera handi bat desklasifikatu da. Ondorioz, lurzoru urbanizaezin gisa sailkatuko da (indarrean dagoen HAPOn aurreikusitako lurzoru urbanizagarriaren % 70 baino gehiago). Kategoria eta baldintzak mugatzeko irizpideak lurralde- eta sektore-plangintzatik datoz nagusiki. Lurzoru urbanizaezinerako kategoriak honako hauek dira:

(Ikus .PDF)

Era berean, baldintzatzaile hauek identifikatzen dira, lurzoru urbanizaezinaren antolamendu-kategoriei gainjarriak:

– Natura-arriskuei eta klima-aldaketari lotuak:

i) Akuiferoak kutsatzeko arriskua duten eremuak: oso handia/handia/ertaina.

ii) Arrisku geologikoak: Muturrekoak edo oso larriak diren higadura-prozesuen guneak.

iii) Uholde-arriskuko eremuak.

iv) Klima-aldaketarekin lotutako arriskuak.

– Azpiegitura berdea:

i) Beren ingurumen-balioengatik babestutako espazioak: katalogatutako natura-intereseko espazioak (Punta Galea-Barrika), hezeguneak, hondartzak.

ii) Batasunaren intereseko habitatak.

iii) Kudeaketa-plana duen fauna mehatxatua (bisoi europarra eta arrain hiruarantza).

iv) Korridore ekologikoa.

v) Intereseko paisaia-elementuak.

– Beste hainbat baldintza:

i) Interes geologikoko lekuak.

ii) Ibaiak eta errekak.

iii) Ondare arkeologikoa.

iv) Intereseko ibilbideak.

v) Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak.

vi) Eragin akustikoko eremuak (ZSA-zortasun akustikoko eremuak).

vii) Eragin aeronautikoko eremua.

viii) Kostak.

Bestalde, lurzoru urbanizaezina antolatzeko eremu berriak zehazten dira:

– AEDP-SNU-A eta AEDP-SNU-B Larrañazubi, 12. Elkarren ondoan dauden zuzkidura publikoak egikaritzeko bi jarduketa dira, 1.392 m2-koak eta 4.142 m2-koak, hurrenez hurren. Jarduketa honen bidez, aparkaleku-eremu bat garatu nahi da Getxoko Hondakinen Transferentzia Zentrorako eta ingurumen-gelarako. Lortu beharreko lurzorua azpiegituren eta zerbitzuen sistema orokor gisa kalifikatzen da.

– AEDP-SNU-C Fadura zabalkundea. Fadurako kirol-gunea etorkizunean handitu ahal izateko, 44.566 m2-ko zuzkidura-jarduketa bat mugatu da lurzoru urbanizaezinean, ezarritako antolamendu-ereduaren barruan.

– AEDP-SNU-D Sabino Arana-Berango. Bi udalen artean (Getxo eta Berango) hitzarmen bat ezartzearen baldintzapean, lurzoru urbanizaezinean hornidura publikoak egikaritzeko 207 m2-ko jarduketa bat mugatu da, Berangoko garapen berriak Uribe Kostako korridorera ateratzea errazteko.

Getxoko udal-mugartearen lurralde-eremuaren barruan, ingurumen-balio nabarmenak dituzten eta katalogo eta inbentario hauetan jasotzen diren beste gune batzuk daude:

– EAEko Natura Gune Garrantzitsuen Katalogo Irekian sartutako espazioa (Punta Galea-Barrika), LAGen azpiegitura berdeko interes naturaleko beste espazio batzuetan ere sartuta dagoena.

– EAEko hezeguneen inbentarioan sartutako hezeguneak: Bolueko Haraneko eta Gorrondatxeko Putzuko istilak.

– Geologia Intereseko Lekuak: Galea-Barrikako paleorasa, Punta Galea-Tunelbokako numuliteak, Punta Galeako tolestura sinklinala, Tunelbokako eta Gorrondatxeko hondartza zementatuak, Gorrondatxeko eozenoa.

– Batasunaren intereseko habitatak dituzten eremuak (92/43/EEE Zuzentarauaren I. eranskina): 1210 - Itsasoko hondakin metatuen gaineko urteko landaredia, 1230-Atlantikoko eta Baltikoko kostaldeetako landaredia duten itsaslabarrak, 2110-Enbrioi-duna mugikorrak, 4030-Europako belardi lehorrak, 4040*-Erica vagans espezieko kostaldeko belardi lehor atlantikoak, 6210*-Belardi lehor erdinaturalak eta kare-substratuen gaineko sastraka-faziesak (Festuco-Brometalia), 6510-Altitude baxuko sega-belardi elkorrak (Alopecurus pratensis, Sanguisorba officinalis), 91E0*-Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior espezieetako alubioi-basoak.

– Mehatxatutako landare-espezieei dagokienez, Chamaesyce peplis eta Olea europaea var. Sylvestris espezieak nabarmentzen dira. Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan «galtzeko arriskuan» kategorian sartuta dauden espezieak dira.

– Arrain hiruarantzak (Gasterosteus aculeatus) Kudeaketa Plan bat du onartuta 186/2008 Foru Dekretuaren bidez. Plan horretan, Gobela ibaia eta Bolueko hezegunea interes bereziko eremutzat jotzen dira espeziearentzat.

– Udalerriko lurrazaleko ur-ibilgu guztiak Bisoi Europarraren (Mustela lutreola) Kudeaketa Planean «hobetu beharreko tarte» gisa sartzen dira.

– Bestalde, azterlan eta inbentario ugari daude Getxoko udalerriko faunaren egoerari buruz, Udaleko Ingurumen Arloak eskatuta. Horietan, Bolueko hezegunearen eta Arrigunaga-Barinatxe kostaldeko zatiko faunaren gaineko jarraipenak nabarmentzen dira; horien artean, apo lasterkariaren populazioez gain, apoarmatu korrontezalearenak azpimarratzen dira, «kaltebera» gisa katalogatutako espeziea izaki.

– Bolue inguruaz eta kostaldeaz gain (dibertsitate biologiko nabarmena dute), udalerriko landazabal atlantikoko eremua nabarmendu behar da. Andra Mari, Galea eta Azkorri eremuak bi espezie mehatxaturen habitata dira: mozolo arrunta (Athene noctua) eta apo lasterkaria (Epidalea calamita). Bi espezie horiek «kaltebera» eta «galtzeko arriskuan» mehatxu-mailan katalogatuta daude, hurrenez hurren, Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan.

– Ingurumenaren aldetik garrantzitsuak dira, halaber, Nekazaritza eta Basoak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialeko balio agrologiko handiko lurzoruak (Berango eta Leioa udalerrien arteko azalera txiki bat), jabari publiko hidraulikoa eta lurralde-plangintzaren (Bilbo Metropolitarraren Eremu Funtzionaleko Lurralde Plan Partziala) edo plangintza sektorialaren (EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko LPS) ondorioz babes-araubidea duten naturaguneak.

– Udalerrian ez dago Natura 2000 Sareko espazioekin bat datorrenik, ez eta beste gune babestu batzuekin ere.

– Udal-mugarteko zati handieneko paisaia «oso arrunta», «txikia» eta «oso txikia» da, EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoaren Aurreproiektuaren arabera, baina udalerriaren azaleraren zati bat Bilbo Metropolitarreko Eremu Funtzionaleko paisaiaren katalogoko eta zehaztapenetako «AEIP05-C Hiri-hezeguneak, Bolue» paisaia-interes bereziko eremuaren barruan dago.

– Era berean, katalogo horren arabera, kostaldeko zerrenda, Sopela udalerriaren mugatik kirol-porturaino eta haren gertuen dagoen eremuraino, Katalogatutako Itsas Eragineko Eremutzat hartzen da (Punta Galea-Barrika eta Getxo), hau da, itsasoak paisaiaren balioan eragin positiboa duen eremutzat.

– Bi paisaia-mugarri identifikatu dira: Aixerrotako errota eta Bizkaia zubia. Euskal Autonomia Erkidegoko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoaren Aurreproiektuari jarraikiz, paisaia oro har «oso arrunta» da, eta balio «txikikoa» eta «oso txikikoa».

– Kultura-balio handia duten eremuen artean kultura-ondarearen zati direlako kalifikatuta dauden edo inbentarioan jasota dauden eremuak edo ondasunak daude, bai eta ustezko arkeologia-eremuak ere.

– Ingurumen-arriskuei dagokienez, udalerrian identifikatu dira lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan dauden lurzatiak. Halaber, 10, 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskua duten eremuak daude udalerrian, Gobela ibaiari lotuta. Udalerri osoan ia ez dago akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun handiko edo oso handiko eremurik.

– Egoera akustikoari dagokionez, Getxoko zarata-maparen eta zonakatze akustikoaren arabera, zarata-foku nagusiak ibilgailuen trafikoa eta trenbideko trafikoa dira.

Lurzoru urbanizaezinari dagokionez, Planaren zonakatzeak, baldintzatzaile gainjarriekin osatuta, egokiro babesten ditu udal-mugarteko natura-balioak.

Planaren ezaugarria nagusia da egungo hiri-sarea betetzearen aldeko apustua egiten duela. Getxoko bizitegi-erabilerarako herri-bilbean tamaina handiko barne-lurzati ugari daude garatu gabe, eta, beraz, lurzoruz inguratuta eta dagoeneko eraldatuta dauden lurzati mota horien garapenak lehentasuna du lurzoru berrien okupazioaren aurrean. Irizpide hori baliagarria da, baita ere, industria-jardueretarako lurzoruetarako, baldin eta lurzorua okupatzeko estrategiaren oinarria hiri-lurzoruen industria-bilbeak betetzea bada.

Eragin positibotzat jotzen da Planaren arabera urbanizagarritzat jotako egungo lurzoruaren zati handi bat (192 ha) desklasifikatzea, hau da, 2001eko HAPOn aurreikusitako lurzoru urbanizagarriaren % 70 baino gehiago.

Hala ere, Planak eraldatu gabeko lurzorua kontsumitzen duten zenbait eragiketa ere zehazten ditu, honako hauek garatzeko: bizitegi-lurzoru urbanizagarri berriak (S-R01 Tosu, S-R02 Moru, S-R03 Peña Santa Marina, S-R04 Dendariena, eta S-R05 Dilizgoikoa; 590.465 m2), S-M01 Mariturri industria-lurzoru urbanizagarriaren sektorea (123.757,86 m2) eta PC-M01 Mimenaga jarduera ekonomikoen eremua (97.165 m2), zeinak bateragarritasun-plan bat beharko baitu hura garatzeko. Oro har, eremu horiek garatzeko landa-lurzoruaren 811.387,86 m2 okupatu beharko da.

Eremu horietan, urbanizazioak geoEuskadik belardi, baratze eta labore atlantiko gisa deskribatutako azalerei eragingo die nagusiki. Lurzoru urbanizagarriko sei sektoreetan (S-R01 Tosu, S-R02 Moru, S-R03 Peña Santa Marina, S-R04 Dendariena, S-R05 Dilizgoikoa, S-M01 Mariturri), Batasunaren intereseko 6510 habitata (Larratu gabeko sega-belardi atlantikoak) identifikatu da. Era berean, S-R05 Dilizgoikoa sektorearen zati handi bat eta S-R03 Peña Santa Marina sektorearen iparraldeko mugaren zerrenda bat Batasunaren intereseko 6210* habitataren (Albiztiak eta Mesobromion taldeko larreak) barruan sartzen dira. PC-M01 Mimenaga eremuan Batasunaren intereseko 91E0* habitata (Ibaiertzeko haltzadi eurosiberiarra) deskribatzen da.

Hidrologiaren gaineko eraginari dagokionez, PC-M01 Mimenaga eremua Gobela ibaiak zeharkatzen du ipar-mendebalderantz, eta eremuaren barruan Kanderu erreka igaro eta Gobelan isurtzen da. SM-01 Mariturri sektorea bat dator ekialdeko mugan Kanderu errekarekin, eta S-R04 Dendariena sektoreak Kanderu errekarekin egiten du muga ekialdean eta iparraldean. Gainerako sektoreak ez datoz bat ibai-ibilguekin.

S-M01 Martiturri, S-R04 Dendariena eta PC-M01 Mimenaga eremuak, ibai-ibilguak daudenez, bat datoz bisoi europarraren kontserbaziorako hobetu beharreko zatiekin eta arrain hiruarantzarentzako interes bereziko eremuekin.

Halaber, S-R01 Tosu, S-R02 Moru, S-R03 Peña Santa Marina, S-R04 Dendariena eta S-R05 Dilizgoikoa sektoreek Barrika-La Galeako Paleorrasa 90 GILari eragiten diote.

Ibai-ibilguak daudenez, PC-M01 Mimenaga eremuak uholde-arriskua du 10, 100 eta 500 urteko errepikatze-denboretarako. Gobela ibaia, eremutik igarotzen den tartean, Getxoko ES017-BIZ-IBA-03 eremuan sartzen da.

Fadurako kiroldegia handitzeak Bolueko hezegunearen funtzionamendu ekologikoari eragin diezaioke. Arrain hiruarantzarentzako (Gasterosteus aculeatus) interes bereziko eremua da, eta kudeaketa-plan bat du (186/2008 Foru Dekretua, abenduaren 9koa, Bizkaiko Foru Aldundiarena). Interes Bereziko Eremuan espeziearen habitatari eragin diezaioketen jarduketak, proiektuak edo planak Bizkaiko Foru Aldundiko organo eskudunaren ebazpenaren mende egongo dira.

Lau alternatiba diseinatu dira, 0 alternatiba edo jarduketarik eza barne, baina azken hori baztertu egin da, lurzoru urbanizagarriaren gehiegizko kontsumoa dakarrelako. Ingurumen-azterketa estrategikoaren arabera, 3. alternatiba da ingurumenaren aldetik onuragarriena, nekazaritza-lurzoruaren azalera txikiago bati eragiten baitio eta ibai-ibilguei gutxiago erasaten baitie. Gainera, 3. alternatibak lurzoru naturala gutxiago zatitzen duela uste da, eta aurreikusitako lurzoru urbanizaezina trinkoago eta lurralde-jarraitutasun handiagoarekin mantentzea ahalbidetzen du, baita Kanderu errekaren tokiko korridore ekologikoan ere.

B) Txosten hau bat dator Ingurumen Azterketa Estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta uste da nahikoa justifikatu dela 2014ko abuztuaren 11ko Ebazpenaren bidez emandako irismeneko dokumentuan aurkeztutako ingurumen-irizpideen integrazioa.

Planak ingurumen-azterketa estrategikotik eratorritako ingurumen-alderdiak txertatu ditu, ingurumen-organoak emandako irismen-dokumentuan eskatutako sakontasun-, xehetasun- eta zehaztasun-maila bermatuta. Ondorioztatzen da ingurumen-arloko izapidetze-prozesuan adierazitako alderdi guztiak behar besteko zorroztasunez jorratu direla, plangintza-prozesuan gerta litezkeen ingurumen-eraginak kontuan hartu direla bermatzeko moduan.

C) Plana izapidetzean, ez da gehitu ingurumen-ebaluazio estrategikoa zabaltzeko eskatzen duen beste jarduketarik, eta ez da atzeman planean birdefinitu edo kendu behar den jarduketarik.

D) Indarrean dagoen araudiaren arabera hartuko dira neurri babesleak, zuzentzaileak, konpentsatzaileak eta jarraipenekoak, baita hurrengo apartatu hauetan xedatutakoaren arabera eta, aurrekoa galarazten ez dutenetan, ingurumen-azterketa estrategikoan aurreikusitakoaren arabera ere. Era berean, zehaztapen hauek jaso beharko ditu Planak:

D.1.– Izaera orokorreko neurriak.

Garapen berriko eremuen hirigintza-fitxek eremu bakoitzari eragiten dioten baldintzak jaso beharko dituzte: uholde-arriskua eta lurzoruaren erabileren mugak, Plan Hidrologikoaren araudiaren arabera; babes-eremuen, kultura-ondarearen eta intereseko landare-formazioen presentzia (zuhaiztiak, heskai autoktonoak eta Batasunaren intereseko habitatak); eraikuntzetatik ibilguetarako tarteak; flora exotiko inbaditzailearen presentzia, eta fauna kontserbatzeko intereseko eremuak (bisoi europarra, apo lasterkaria, apoarmatu korrontezalea, mozolo arrunta eta arrain hiruarantza).

Ildo horretan, Gobela ibaiaren ibilgutik eta Bolueko hezegunetik hurbil dauden eremuen hirigintza-fitxek gune babestu horiek kudeatzeko tresnetara jo beharko dute.

Gainera, eremu bakoitzeko fitxek «Araudi Partikularraren Eranskina. Kalitate akustikoko helburuak betetzea, 2024ko uztaila» agirian jasotako baldintza akustikoak jaso beharko dituzte.

Beraz, kasuan kasuko hirigintza-fitxetan baldintza gisa jaso beharko da ibaien egoera naturalak eta horiei lotutako ibaiertzeko landaredia babesteko eta kontserbatzeko betebeharra, edo, bestela, egoera horiek leheneratzeko beharra.

Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dauden edo egon diren lurzoruen inbentarioan sartutako kokalekuetan dauden eremuen hirigintza-fitxetan berariaz aipatuko dira jarduera edo instalazio horiek, kokalekuaren erreferentzia-kodea adierazita.

D.2.– Natura-ondarea babesteko neurriak.

Planak bermatuko du udalerriko zuhaizti autoktonoak eta Batasunaren intereseko habitatak babestuko direla, bat etorriz 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauak (Habitat naturalak eta basoko fauna eta flora zaintzeari buruzkoak), Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legeak, Euskadiko natura-ondarea kontserbatzeari buruzko azaroaren 25eko 9/2021 Legeak eta EAEko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroek ezarritakoarekin.

Bolueko hezegunearen inguruan egiten den edozein jarduerak, edo haren egiturari eta funtzionamenduari eragin diezaiokeenak, kontuan hartu beharko ditu EAEko Hezeguneen Lurralde Plan Sektorialak ezartzen duen zonakatzea eta erabileren erregulazioa, eta hezegunea katalogatzea eragin zuten natura-balioen kontserbazioarekin bateragarria dela bermatu beharko du.

Fadurako kiroldegian aurreikusitako zabalkundea egin aurretik, hezegune horretan izan dezakeen eraginaren azterketa zehatza egin beharko da, bai zuzenean bai zeharka, eta erregimen hidrikoan gerta daitezkeen aldaketak aztertuko dira, funtsezkoa baita hezegunera ura kargatzeko ziklo naturalak ziurtatzeko. Azterketa hau hezegunea kudeatzeko eskumena duen organoak balioztatu beharko du.

Arrain hiruarantzaren (Gasterosteus aculeatus) interes bereziko guneetan egiten diren proiektuak ingurumen-azterketa estrategikoan deskribatutako neurrien arabera egingo dira, eta ez da obrarik egingo umatze-garaietan, eta espeziea eremuan finkatzeko habitat egokiak kontserbatzeari edo ezartzeari bide emango zaio. Era berean, Arrain Hiruarantzaren (Gasterosteus aculeatus) Kudeaketa Planaren arabera (186/2008 Foru Dekretua, abenduaren 9koa, Bizkaiko Foru Aldundiarena), plan orokorra garatzean espeziearen habitatari eragin diezaioketen jarduketak, proiektuak edo planak Bizkaiko Foru Aldundiko organo eskudunaren ebazpenaren mende egongo dira.

Bisoi europarraren (Musteola lutreola) Kudeaketa Planean jasotako hobetu beharreko tarteetan egikaritu beharreko proiektuak saiatuko dira erribera lehengoratzen eta bisoi europarraren habitata birsortzen, Bizkaiko Lurralde Historikoan Bisoi europarraren Kudeaketa Plana, Mustela lutreola (Linnaeus, 1761), onesten duen ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuaren I. eranskinaren 2.2.1 artikuluari jarraikiz.

Hirigintza-eremuetan, garapenek landaredi autoktonoari kalte egitea saihestu edo kalteak minimizatu beharko dituzte. Berariaz identifikatuko da eremuaren antolamenduan zein habitat interesgarri eta zuhaitz sar daitezkeen eta zein kendu behar diren. Ingurumen-balio handiko elementuen gaineko eragina saihetsezina denean, neurri zuzentzaileak eta konpentsaziozkoak proposatuko dira.

Plangintzaren garapenaren ondorioz moztu behar diren ingurumen-balioko zuhaitzak birjarri edo konpentsatuko dira, moztu behar diren ale kopuru bera eta espezie berdinak edo antzekoak landatuz. Ahalegina egingo da zuhaiztiak eremu berberetan edo hurbileneko inguruneetan ordezteko, eta, ezinezkoa bada, udalerriko eremu degradatuetan edo eraldatuetan, ingurumena lehengoratzen laguntzeko.

D.3.– Itsas-lehorreko jabari publikoaren babesari, jabari publiko hidraulikoaren babesari eta uholde-arriskuak murrizteari buruzko neurriak.

Itsas-lehorreko jabari publikoari edo babes-zortasunari eragin diezaioketen jarduketak egin nahi badira, ur eta itsasertzen arloko organismo eskudunen aldez aurreko baimena beharko da. Baimenean, obren ezaugarriak eta eraginak aztertuko dira, eta, hala dagokionean, behar diren zehaztapenak ezarriko dira.

Planak EAEko Itsasertzaren Lurralde Plan Sektorialeko babes bereziko lurzoruen eta hondartzen zonifikazioa jaso beharko du, eta haren erregulazioa plan sektorialera igorri.

Jabari Publiko Hidraulikoari (JPH) edo hari lotutako babes-eremuei eragiten dieten jarduketek, edo korronteen erregimenari eragiten diotenek, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoaren aldez aurreko baimena beharko dute, eta Uraren Euskal Agentzian (URA) izapidetuko dira.

Uholdeak izateko arriskuari dagokionez, Planak kontuan hartu beharko du Kantauri ekialdeko demarkazio hidrografikoaren Espainiako zatiko plan hidrografikoaren xedapen arautzaileei dagokien I. eranskineko VII. kapituluan ezarritakoa, urtarrilaren 24ko 35/2023 Errege Dekretu bidez onartutakoa. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planeko E.2 apartatuko uholdeen aurkako babesari buruzko berariazko araudiak bete beharko dira.

Garapen berrietarako egiten diren azterlan hidraulikoak Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoaren 10. gehigarrian jasotako gidalerroetan oinarritu beharko dira, eta, hala badagokio, arlo horretan eskumena duen organoak aldez aurretik baloratu beharko ditu. Nolanahi ere, garapen berriek bermatu beharko dute bateragarriak direla uholde-arriskuaren arloan aplikatu beharreko araudiarekin, hots, hala Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduan nola Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoan jasotakoarekin.

Ibai-ekosistemaren hobekuntza sustatze aldera, proposatu da jabari publiko hidraulikoko ibilguek gurutzatzen dituzten edo horiekin mugakideak diren eremuen hirigintza-fitxen baldintzen artean jasotzea beharrezkoa izango dela ibilguen ondoko eremuen ingurumena kontserbatzea edo leheneratzea sustatzeko beharra, gutxienez zortasun-eremuaren 5 metroetan ur-bazterreko zerrenda bat ezarriz, biderik, zoladurarik, betelanik edo hiri-altzarien bestelako elementurik gabe.

Drainatzeari dagokionez, komenigarritzat jotzen da urbanizazio berriek, ahal den neurrian, drainatze jasangarriko sistemak izatea (zoladura iragazkorrak erabiltzea, etab.), jariatze-uren emaria egungoa baino handiagoa bada konpentsatu ahal izateko, egoki husteko edo kalterik ez eragiteko.

D.4.– Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

Garatzekoak diren zenbait eremu lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dauden edo egon diren lurzoruen inbentarioan sartutako kokalekuetan badaude, lurzoruaren kalitatearen adierazpena izapidetu beharko da, baldin eta Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluan xedatutako egoeraren bat gertatzen bada.

Ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 31.4 artikuluan xedatzen duenarekin bat etorriz, lurzoruaren kalitatearen deklarazioa antolamendu xehea jasotzen duten hirigintza-bitartekoak behin betiko onartu baino lehen egin beharko da; edo, bestela, jarduera urbanizatzailearen programari edo lekua barne hartzen duen kudeaketa-esparruko birpartzelazio- eta urbanizazio-proiektuei hasierako onespena eman aurretik.

Lurzoruaren kalitatearen ikerketak eta lehengoratze-neurrien diseinua eta exekuzioa urriaren 10eko 199/2006 Dekretuaren arabera akreditatutako erakundeek gauzatu beharko dituzte (Lurzoruaren kalitatea ikertzeko eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema ezartzen du dekretu horrek).

D.5.– Zarataren eraginak gutxitzeko neurriak.

Planeko eremu akustikoren batean kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez badira, organo substantiboak Babes Akustiko Bereziko Eremu (aurrerantzean, BABE) izendatu beharko du, baldin eta eremu akustiko horretan aurreikusten den etorkizuneko hirigintza-garapenak, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 45. artikuluaren a) letran adierazitako baldintzak betetzen baditu.

Kontuan hartuta Plana etorkizunean garatzean eremuren bat Bizkaiko Foru Aldundiaren Errepideen Zortasun-eremuaren barruan geratzen dela, Planak ziurtatu beharko du azpiegitura horien zortasun akustikoen pertsona edo erakunde titularrek urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 37. artikuluan aipatutako inpaktu akustikoari buruzko azterlana jaso dutela eta nahitaezko txostena egin dutela, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 30. artikuluan adierazitakoaren arabera. Nolanahi ere, errepideen zortasun horiekin bat datozen etorkizuneko hirigintza-garapeneko eremuetako prebentzio akustikoko neurriak Plana sustatzen duen administrazioaren erantzukizuna izango dira, eta eragindako azpiegituren trafiko-baldintza okerrenak (20 urterako aurreikusitakoak) kontuan hartzen diren agertoki batean ebaluatu beharko dira.

Eraikin berriak aurreikusten badira tren-azpiegituraren trazaduratik 75 metrora baino gutxiagora, bibrazio-mailen ebaluazioa egingo da, aplikatu beharreko kalitate akustikoko helburuak betetzen direla egiaztatzeko eta, hala badagokio, neurri zuzentzaileak ezartzeko.

D.6.– Lurraldeko paisaia babesteko eta leheneratzeko neurriak.

Zenbait jarduketa egiteko, paisaia-integrazioko azterketak beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamenduan paisaia babestu, kudeatu eta antolatzearen gaineko ekainaren 3ko 90/2014 Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoari jarraituz. Kasu horietan, eskakizun hori eremu horietako arau partikularretan sartzeko beharra baloratu beharko da.

Bertako baldintza bioklimatikoetara egokitzen diren eta gutxieneko mantentze-lana behar duten landare-espezie autoktonoak erabiliko dira garapen-planetan eta -proiektuetan sartzen diren eremuak lehengoratzeko eta, oro har, espazio libreak diseinatzeko. Hala badagokio, ura ahalik eta gehien aurrezteko sistemak jarriko dira, eta ura berrerabiltzea ahalbidetzen duten sistemak sustatuko dira. Planaren esparruko berdeguneak diseinatzeko, Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua hartuko da kontuan (Udalsarea 21en lan-koadernoa, 20.b zenbakia, 2017ko apirila, Eusko Jaurlaritza).

Neurriak hartuko dira ahalmen inbaditzaileko espezie aloktonoen zabalkundea saihesteko (Buddleja davidii, Cortaderia selloana, Robinia pseudoacacia, Fallopia japonica, besteak beste). Ildo horretan, kontrol-neurriak hartuko dira landare-espezie inbaditzailerik sar ez dadin mugitutako lurren eta landarerik gabe utzitako lursailen bidez (prestatutako gainazaletan segituan landatzea eta ereitea, landare-lurren pilaketak babestea eta abar). Era berean, espezie horien propaguluak izan ditzakeen landare-lurra bereizita kudeatzea proposatuko da.

Zenbait jarduketa egiteko, paisaia-integrazioko azterketak beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamenduan paisaia babestu, kudeatu eta antolatzearen gaineko ekainaren 3ko 90/2014 Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoari jarraituz. Kasu horietan, eskakizun hori eremu horietako arau partikularretan sartzeko beharra baloratu beharko da.

D.7.– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriaren aldeko neurriak.

Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoetarako beharrezkoak diren ezaugarriei dagokienez, Etxebizitzen eraikuntza iraunkorrerako gidan (https://www.ihobe.eus/argitalpenak) jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Lehengai berriztaezin gutxiago kontsumitzea.

– Energia. Energia gutxiago kontsumitzea edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

– Barneko kalitatea. Barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Planak kontuan hartuko du, eraikitzeko udal-lizentzia emateko, etxebizitza kolektiboko eraikinen proiektuek garajeetan ibilgailu elektrikoak kargatzeko behar diren aurreinstalazioak jaso beharko dituztela.

Eraikinak ahalik eta energia-efizientzia handiena lortzeko eta energia berriztagarriak aprobetxatzeko diseinatuko dira. Ahal den neurrian, «kontsumo energetiko ia nulua» duten eraikinak lortzeko ahalegina egingo da.

Era berean, argiteria publikoan ahalik eta aurrezpen eta efizientzia handiena lortzea izango da xede.

D.8.– Klima-aldaketa apaltzeari eta klima-aldaketara egokitzeari buruzko neurriak.

Klima-aldaketari eta trantsizio energetikoari buruzko maiatzaren 20ko 7/2021 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, Plana gauzatzeko proiektuak klima-aldaketaren aurrean pixkanaka eta erresilientziaz egokitzeko beharrezkoak diren neurriak kontuan hartuta diseinatuko dira.

Klima-aldaketara egokitzeko eta «uharte termikoaren efektua» gutxitzeko asmotan, espazio publikoaren gaineko esku-hartzea aprobetxatuz eta jarduketak ahalbidetzen badu, hiri-babesleku klimatiko gisa funtzionatuko duten itzalguneak sortu eta ingurunea naturalizatzeko prozesuak sustatuko dira. Horretarako, Ihobek argitaratutako Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua hartu ahal izango da erreferentzia gisa.

Era berean, kontuan hartu beharko da Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 84. artikulua, erosketa publiko berdeari buruzkoa. Zehazki, aintzat hartuko da obra-kontratuak egikaritzeko klausula administratiboen eta baldintza tekniko berezien orrien idazketan adieraziko direla haietako bakoitzari begira erabili beharreko azpiproduktuen, bigarren mailako lehengaien, material birziklatuen edo berrerabiltzeko xedean prestatzeko prozesuetatik eratorrien ehunekoak. Material horiek % 40 izan beharko dira gutxienez, justifikatutako arrazoi teknikoengatik ehunekoa murriztu behar bada salbu.

D.9.– Kultura-ondarearekin loturiko neurriak.

Euskal Kultura Ondarearen Zentroak egindako txostenaren arabera, inplikatutako administrazio publikoei kontsultak egiteko izapidean, Planak honako zehaztapen lotesle hauek jaso beharko ditu:

– Bilboko saneamendu-sare zaharreko monumentu-multzoa. Fitxetan multzo horretatik falta diren elementuak sartu behar dira (Tunelbokako karkaba), eta esku-hartze motak 69/2022 Dekretuaren babes-araubideak ezarritakora egokitu behar dira.

– Amorotoena etxea. Ez du adierazpen independenterik. Getxoko Eremu Bereiziko Monumentu Multzoan sartu behar da, oinarrizko babes-mailarekin.

– Eraikin babestuak edo babes-proposamena duten eraikinak pixkanaka eraisteari dagokionez, ondasun horiek babestu behar direla azpimarratzen da, toki-erakundeak horiek zaintzeko eta ez eraisteko benetako konpromisoa har dezan.

Era berean, Planak txosten horretan identifikatutako elementu arkitektonikoak identifikatu eta babestu beharko ditu, eta haien babes-maila ezarri.

Balizko arkeologia-guneetan egiten den obra orok Bizkaiko Foru Aldundiaren baimena izan beharko du. Aldundiak erabakiko du aurrez esku-hartze arkeologikoko proiektu bat egin behar den, ondare-inpaktua aztertzeko. Arkeologia- eta historia-intereseko objekturik edo aztarna materialik aurkitzen bada, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 74. artikuluan (4. eta 5. apartatuak) ezarritakoari jarraituko zaio.

D.10.– Ingurumena babesteko neurri orokorrak aurreikusitako garapenak gauzatzen diren bitartean.

Urbanizazio- edo eraikuntza-obretan, obretako jardunbide egokitzat jotzen diren neurriak hartu beharko dira, lurren eta soberakinen kudeaketan, hondakinen sorkuntzan eta kudeaketan, induskatutako lurzoruen kontrolean, uraren eta airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesean aplikatzeko direnak. Zehazki, neurri hauek aplikatuko dira:

Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obretan eta garbiketa-kanpainan sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek behar bezala bete beharko dituzte Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautzen dituen apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21.d) artikuluan ezarritako segurtasun-neurriak.

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

Amiantoa duen hondakinik edo elementurik aurkitzen bada, eraisketak egin aurretik, RERAn (Amianto Arriskua duten Enpresen Erregistroa) inskribatutako enpresa batek lan-plana aurkeztu beharko dio lan-agintaritzari, onar dezan, Amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplikatu behar zaizkien segurtasuneko eta osasuneko gutxieneko xedapenak ezartzen dituen martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuak ezarritakoari jarraikiz.

Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, ustekabeko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (obrako instalazio osagarriak iragazgaiztea, material xurgatzaileak erabiltzea, etab.).

Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta soinu-emisioei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora. Halaber, egunez egingo dira lanak.

Kultura-ondarearen babesa: Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, lur-mugimenduak egin bitartean aztarna arkeologikoren bat egon daitekeen zantzuren bat aurkitzen bada, lanak eten egingo dira, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

– Ekosistemak eta biodibertsitatea. Naturaguneen funtzioak hobetzea eta biodibertsitatea handitzea edo kontserbatzea.

– Paisaia. Sektorea eta haren instalazioak paisaian integratzea.

– Arriskuak eta segurtasuna. Arrisku naturalak edo antropikoak minimizatzea.

– Klima-aldaketa. Klima-aldaketaren ondorioetara egokitzea.

E) Ingurumen-jarraipeneko plana.

Planaren ingurumen-jarraipenak ingurumen-azterketa estrategikoan ezarrita dagoenari jarraituko dio, zeinak ingurumen-zaintzako programa bat jasotzen baitu. Programa horren xedea da behar diren zaintza- eta kontrol-sistemak ezartzea, egiaztatu ahal izateko planeko aurreikuspenak betetzen direla, eta, horien barruan, planteatutako jarduketen ingurumen-exijentziak mantentzen direla.

F) Planaren ondoriozko proiektuen ingurumen-ebaluaziorako gidalerro orokorrak.

Planaren ondoriozko proiektuen ingurumen-ebaluazioan aintzat hartuko dira lurraldearen baldintzatzaileak eta 2014ko abuztuaren 11ko Ebazpenaren bidez emandako irismen-dokumentuan adierazitako ingurumen-irizpideak.

Arreta berezia jarriko da hauetan, besteak beste: lurzoru-kontsumoa minimizatzea; hondakinak egoki kudeatzea; jabari publiko hidraulikoa babestea; eremuaren kalitate akustikoa; ingurumen-baliabideen erabilera jasangarria; habitatak eta espezieak zaintzea eta hobetzea; lurraldean egiten diren esku-hartzeetan paisaia modu egokian integratzea; arrisku naturalak minimizatzea, eta lehentasuna ematea kalteen prebentzioari, ez konpentsazioari.

Bigarrena.– Bi urteko gehieneko epea ezartzea, Getxoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren berrikuspena onartzeko, ingurumen-adierazpen estrategiko hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igarotakoan, Plana ez bada onartu, ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia amaituko da, eta hortik aurrera ez du ondoriorik izango. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, non eta ez den ingurumen-adierazpen estrategikoaren epea luzatzea adosten. Hori guztia, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Getxoko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 26a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.


Azterketa dokumentala