
146. zk., 2025eko abuztuaren 4a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (142 KB - 3 orri.)
- EPUB (107 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
3411
EBAZPENA, 2025eko uztailaren 18koa, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariarena, hautagaien behin betiko zerrenda osagarri hauek argitaratzeko agintzen duena: Euskal Autonomia Erkidegoan Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioen egonkortze-prozesuetan gainditutzat jotakoena, hautaketa-sistema lehiaketa-oposizioa denean, edo deitutako lanpostu-kopuruan puntuazio handiena duten hautagaiena, hautaketa-prozesua lehiaketa denean.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren 2022ko abenduaren 12ko Aginduaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioak egonkortzeko prozesuen oinarri orokorrak onartu ziren. Halaber, egun bereko eta organo bereko zenbait aginduren bidez, azpieskala hauetan sartzeko hautaketa-prozesuen deialdiak eta oinarri espezifikoak onartu ziren: Idazkaritza azpieskalan, sarrerako kategorian; Kontuhartzailetza-Diruzaintza azpieskalan, sarrerako kategorian, eta Idazkaritza-Kontuhartzailetza azpieskalan. Agindu horiek 2022ko abenduaren 16ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (239. zk.) eta 2022ko abenduaren 22ko Estatuko Aldizkari Ofizialean (306. zk.) argitaratu ziren.
Hamaseigarren oinarri orokorrak, lehenengo apartatuan, hau ezartzen du: hautaketa-sistema bakoitzak deitutako lanpostu-kopuruaren barruan, epaimahai kalifikatzaileek Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren bulegoetan eta hamabigarren oinarri orokorrean adierazitako Interneteko helbidean argitaratuko dituzte behin betiko gainditutzat jotako hautagaiak, hautaketa-sistema lehiaketa-oposizioa denean, edo deitutako lanpostu-kopuruan puntuazio handiena duten hautagaiak, hautaketa-prozesua lehiaketa denean, eta, betiere, oinarri orokorretan ezarritako betekizunak betetzen badituzte. Zerrenda horiek, oinarrietan aurreikusitako betekizunak eta gainerako inguruabarrak betetzen direla egiaztatu ondoren, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuari aurkeztuko zaizkio, praktiketako funtzionario izenda ditzan, hautaketa-prozesuaren parte den hautaketa-ikastaroan parte hartzeko. Ikastaro horren barruan sartzen da praktikaldi bat egitea Euskal Autonomia Erkidegoko foru- edo toki-administrazioren batean.
Aurrekoaren ondorioz, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariaren 2025eko martxoaren 11ko Ebazpenaren bidez (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 52. zk.), lehen deia egin zitzaien behin betiko gainditu zuten izangaiei eta deitutako lanpostu-kopuruaren barruan puntuazio handiena lortu zutenei.
Ebazpen horrek 5. artikuluan ezartzen duenez, azpieskala batean baino gehiagotan behin betiko gainditutzat jotako izangaiek horietako bat aukeratu beharko dute praktiketako funtzionario izendatuak izateko eta hautaketa-ikastaro bakar baterako onartuak izateko, eta, ondorioz, aukera hori egin ez duten azpieskaletako hautaketa-prozesuetan lortutako eskubideak galduko dituzte.
Lehen deian hutsik geratu ziren lanpostuak betetzeko, bai azpieskalaren aukera egitearen ondorioz, bai proposatutako pertsonek eskaerarik egin ez zuten kasuetan, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariaren 2025eko ekainaren 9ko Ebazpenaren bidez (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 111. zk.), bigarren dei bat egin zitzaien gainditu zuten izangaiei eta puntuazio handiena lortu zutenei, lanpostu hutsak bete arte. Izangai horiek, aipatutako eskaera egiteko deitu ez bazitzaien ere, hurrengo posizioetan zeuden.
Bigarren deian aurreko paragrafoan azaldutako arrazoi berberengatik hutsik geratu diren lanpostuak betetzeko, hirugarren dei bat egin behar zaie gainditu duten izangaiei eta puntuazio handiena lortu dutenei lanpostu hutsak bete arte.
Horregatik, eta hamazazpigarren oinarri orokorrean aurreikusitakoarekin bat etorriz, baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko, epaimahai kalifikatzaileak gaitzat jotzen dituen izangaiek, hogei egun balioduneko epean, aurreko apartatuan aipatzen diren pertsonen zerrenda argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, dagokion azpieskalako praktiketako funtzionario izendatzeko eskabidea aurkeztu beharko diote Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariari, eta eskakizunak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu.
Horregatik guztiagatik, aipatutako araudia betez, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Agintzea Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren bulegoetan eta https://www.euskadi.eus/enplegu-publikoa/helbide elektronikoan argitara daitezela Euskal Autonomia Erkidegoan Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioen aldi baterako enplegua egonkortzeko esparruaren barruan deitutako hautaketa-prozesuetan gainditutzat jotako hautagaien behin betiko zerrenda osagarriak, hautaketa-sistema lehiaketa-oposizioa denean, edo deitutako lanpostu-kopuruan puntuazio handiena duten hautagaien behin betiko zerrenda osagarriak, hautaketa-prozesua lehiaketa denean.
2. artikulua.– 1.– 20 egun balioduneko epea irekitzea, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, praktiketako funtzionario izendatzeko eskaera Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzan aurkezteko.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren erregistro elektroniko orokorraren bidez egingo da eskaera, url honetan: https://www.euskadi.eus/registro-electronico-general/web01-sede/es/; edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aurreikusitako moduetan.
3. artikulua.– 1.– Praktiketako funtzionario izendatzeko eskabidearekin batera, zortzigarren oinarri orokorrean eta, ezintasun kasuetan, bederatzigarren oinarri orokorrean, aurreikusitako baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira.
Bitarteko elektronikoen bidez aurkezten diren dokumentuak dokumentu elektronikoak izango dira. Honako hauek onartuko dira:
– Dokumentu elektronikoak, hau da, organo emaileak ziurtagiri elektronikoarekin edo CSVrekin elektronikoki sortu eta sinatutakoak.
– Euskarri ez-elektronikoan (paperean) dauden dokumentuen kopia elektronikoak (jatorrizkoak edo kopia autentikoak).
Aurkeztu beharreko dokumentuak (jatorrizkoak edo kopia autentikoak) paperean badaude, Zuzenean-Herritarrentzako arreta-bulegoetan edo edozein administrazio publikotako erregistro-gaietan laguntzeko beste edozein bulegotan aurkeztu beharko dira, kopia elektroniko autentiko gisa digitalizatzeko. Kopia elektroniko hori erregistratu egingo da, eta bulego horretatik dagokion administrazioari edo unitate izapidegileari bidaliko zaio.
2.– Ez da beharrezkoa izango betekizunei buruzko dokumentazioa aurkeztea, baldin eta interesdunek, praktiketako funtzionario izendatzeko eskabidean, berariazko baimena ematen badiote Administrazio Publikoaren Euskal Institutuari, beharrezkoak diren datu-base ofizialen bidez, honako hauek kontsultatzeko: Espainiako nazionalitatea; hautaketa-prozeduran parte hartzeko eskatzen diren titulu ofizialak; deialdian eskatzen den hizkuntza-eskakizuna izatea egiaztatzen duen dokumentua, betiere Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan jasota badago; eta, hala badagokio, % 33 graduko edo gehiagoko desgaitasun-aitorpena, euskal administrazio publikoek egina bada.
3.– Nolanahi ere, kasu hauetan, baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte:
a) Unibertsitateko titulazio ofiziala 1996 baino lehenagokoa denean.
b) Unibertsitate-titulazioa eskabideak aurkezteko epea amaitu zenean oraindik eman ez bada, egun horretan titulua eskuratzeko moduan zegoela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko da.
c) Euskal administrazio publikoek ez dutenean % 33ko edo gehiagoko desgaitasun-aitorpena egin.
d) Hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko datuak Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan jasota ez daudenean.
4.– Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioen eskalaren beste azpieskalaren desberdin batean daudenek ere eskabide bera aurkeztu beharko dute, baina soilik adierazi behar dute Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioen eskalakoak direla.
4. artikulua.– Haurdunaldi arriskutsuagatik edo erditzeagatik bakarrik eskatu ahal izango da hautaketa-ikastarora sartzeko atzerapena, hamaikagarren oinarri orokorrean aurreikusitako baldintzekin.
5. artikulua.– Azpieskala batean baino gehiagotan behin betiko gainditutzat jotako izangaiek horietako bat aukeratu beharko dute praktiketako funtzionario izendatuak izateko eta hautaketa-ikastaro bakar baterako onartuak izateko, eta, ondorioz, aukera hori egin ez duten azpieskaletako hautaketa-prozesuetan lortutako eskubideak galduko dituzte. Aukera hori egin ezean, praktiketako funtzionario izendatuko dira esperientzia handiena egiaztatu duten azpieskalan.
6. artikulua.– Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak praktiketako funtzionario izendatuko ditu hautaketa-ikastaroan onartutako izangaiak, ikastaroan dauden bitartean, eta izendapen horrek ondorioak izango dituen data zehaztuko du. Izendapenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA
Ebazpen honen aurka ezin izango da errekurtsorik jarri administrazio-bidean edo jurisdikzio-bidean, kualifikatu gabeko izapide-egintza bat delako. Hala ere, zuzenbidez egoki iritzitako jarduketak egin ahal izango dira, eta berraztertzeko errekurtsoa edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da hautaketa-prozesuen behin betiko ebazpenaren aurka.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko uztailaren 18a.
Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendaria,
LEIRE CORRALES GOTI.
RSS