Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

145. zk., 2025eko abuztuaren 1a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
3382

EBAZPENA, 2025eko ekainaren 19koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Gueñeseko udalerrian, Sodupetik pasatzean, Cadagua ibaiaren uholdeen aurka babesteko Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena. Proiektu hori Uraren Euskal Agentziak sustatu du.

AURREKARIAK

2025eko martxoaren 13an, Uraren Euskal Agentziak eskabide bat aurkeztu zion Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari, Gueñesen, Sodupetik pasatzean, Cadagua ibaiaren uholdeen aurka babesteko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa sinplifikatua hasteko, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa sinplifikatuaren prozeduraren esparruan (Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. kapituluaren 2. atalean arautua).

Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua aplikatuta, 2025eko apirilaren 9an Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak hasi zuen ukitutako pertsona interesdun eta administrazio publikoentzako kontsulta-izapidea. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait organismoren txostenak jaso dira, eta haien emaitza espedientean dago jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmena izan dezaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, horrela ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren azterketa sinplifikatua egin behar zaio, lege horren II. eranskineko 8. taldeko c) epigrafean deskribatutakoarekin pareka daitekeelako: Ubideratze-obrak, ibilguak eta ibaiertzak babesteko proiektuak, eta I. eranskinean sartuta ez dauden ibai-dragatzeak, baldin eta ur-masaren ezaugarri fisikoak aldatzeak ur-masaren edo ibaian beherako beste batzuen egoera edo potentzial ekologikoa honda badezake, edo 1. edo 2. irizpide orokorrak betetzen badituzte.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusirik proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarrean dagoen araudian xedatutako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txostena eman behar du (organo hori da eskuduna Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera). Txosten honetan, aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzakeen aztertuko da, eta, beraz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaion, edo, bestela, zer baldintza ezarri behar diren proiektua garatu eta ingurumena egokiro babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Gueñesen, Sodupetik pasatzean, Cadagua ibaiaren uholdeen aurka babesteko proiekturako ingurumen-inpaktuaren txostena egitea, Uraren Euskal Agentziak sustatuta, honela:

A) Proiektuaren xedea da La Conchita presa txikia irekitzeko, Gallarraga zubia ordezteko eta Zubiko auzoko aparkalekuan eustorma bat eraikitzeko egin behar diren obrak definitzea.

B) Ebazpen honetan, zeinaren bidez Gueñesen, Sodupetik pasatzean, Cadagua ibaiaren uholdeen aurka babesteko proiekturako (aurrerantzean, proiektua) ingurumen-inpaktuaren txostena egiten baita, proiektuaren ingurumen-dokumentuaren edukia aztertzen da, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F. eranskinean ezarritako irizpideekin:

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Proiektuaren xedea da Sodupe babestea Cadagua ibaiari lotutako uholdeetatik, 50 urteko errepikatze-denborarako, Zubiko auzoko aparkalekutik Herrerias ibaiarekin bat egiten duen lekuraino.

Proiektuaren barruan sartzen da La Conchita presa txikia irekitzea, Gallarraga zubia ordeztea eta Zubiko auzoko aparkalekuan eustorma bat eraikitzea.

La Conchita presa txikia irekitzea.

La Conchita 3,59 metroko altuera duen presa txikia da, eta Gallarraga zubitik metro batzuk beherago dago, Herrerias ibaiarekin bat egin aurretik. Presa txikia trapezio-sekziokoa da, 1,50 m-ko zabalerakoa da oinarrian eta 0,63 m-ko zabalerakoa gainaldean, eta 39,3 metroko luzera du guztira. Hormaren estribuak ibaiertzeko hormetan bermatzen dira zuzenean. Presa txikiaren altxaeraren ezkerraldean, ibaian behera ikusita, hondoko hustubiderako irekigune bat dago. Irekigune horrek emaria husteko duen ahalmena nahikotzat jo da ur gutxiko erregimenean. 2023an, URAk, lehengoratze-atalaren bidez, La Conchita presa txikian, Cadagua ibaian, Sodupe parean (Gueñes, Bizkaia), eskotaduraren proiektua gauzatu zuen. Proiektu horretan, 4,75 metroko irekiera bat egin zen presa txikiaren erdialdean, ibilguari luzetarako jarraitutasuna emateko eta arrain-faunak igarobidea izateko, bai eta uraren eta sedimentuen zirkulazio askea ahalbidetzeko ere.

Proiektu honetarako proposatutako alternatiben azterketaren ondorioz, ikusi zen, 50 urteko errepikatze-denborako uraldiaren elkargunetik ibaian gora Cadagua ibaiaren eremua babesteko egin behar ziren jarduketen artean lehendik zegoen eskotadura 23 metrora handitu behar zela. Dagoen presa txikiaren zati bat eraitsiko da, beraz, oinarrian 23 metroko irekiera utzi arte, eta alboetan 45.º-ko inklinazioa izango du. Presa txikiaren bistako aurpegi berriak harlangaitzez konponduko dira.

Presa txikia bi fasetan irekiko da, fase bat ertz bakoitzean, eta biek antzeko eraikuntza-prozedura izango dute. Hasteko, esparru lehor bat sortuko da, kanpotik datorren material granularreko bigbag-en ur-hesia eraikiz. Ibaian behera, agregakin esekiak atxikitzeko hesi bat jarriko da, lastozko bi ilara jarrita, presa txikia eraisteak ibilguan izan dezakeen eragina murrizteko. Materialak, makinak, edukiontziak eta abar jaisteko, garabi bat erabiliko da La Conchita plazan, eskuineko ertzeko hormatik gertu. Ertz batean eraispena egin ondoren, metaketak, materialak eta makineria kenduko dira ur-hesiak ezabatu aurretik, eta eragiketa berberak egingo dira kontrako ertzean. Presa txikia eraisten den bitartean, jarraipen arkeologikoa egin beharko da.

La Conchita presa txikia irekitzeko obrak Gallarraga zubia ordezteko obrekin koordinatuta egingo dira. Presa txikia ezkerraldetik eraisten hasiko da, Gallarraga zubia ezkerraldetik eraisteko obrekin koordinatuta. Ezkerreko eraispena amaitu ondoren, material guztia eta ezkerreko ertzeko ur-hesia kenduko dira, eskuineko ertzeko ur-hesia egingo da zubia eraisteko obrekin koordinatuta, eta presa txikiaren eskuineko tartea eraitsi egingo da. Eraispena amaitu ondoren, material guztia eta eskuineko ertzeko ur-hesia kenduko dira. Presa txikiaren eraispena amaierarako utziko da, lanak egin bitartean urak eraman dezakeen materiala atxikitzeko hesi gisa funtziona dezan presa txikiak.

Gallarraga zubia ordezkatzea.

Cadagua ibaiaren gaineko Gallarraga zubia fabrikako puntu erdiko gangazko zubia da, gutxi gorabehera 30 m-ko luzera eta 10,60 m-ko zabalera dituena. Zubia 3 gangek osatzen dute; erdikoak 5 m-ko erradioa du gutxi gorabehera, eta albokoek 2,50 m-koa. Gangak bi zutabe nagusiren gainean daude. Zubi-brankak ibaian gora daude, eta muturrak harlanduzko estribuetan. XX. mendearen amaieran handitze-lan bat egin zen, eta lehendik zegoen zubiaren gainean hormigoizko taula bat eraiki zen, haren zabalera handitzeko. Taula horrek hegal txikiak ditu espaloien bi aldeetan.

Zubi berria metalezko taula bat da, 20,70 metroko luzerako arku simetriko batez osatua, luzetara ertz aldakorreko metalezko tiradera itxi gisa definitutako luzetarako habe batzuen (beheko kordoiak) gainean bermatzen dena. Zubiaren bi muturretan, sestra azpian sartutako tiraderekin hasten da abioa, eta, horrela, oztoporik gabeko espazio librea dago zubiaren sarrerako eta irteerako biraketetan. Ainguratutako euskarrien ardatzen arteko tartea 42,20 metrokoa da, eta horiek zuzenean lotzen dute taula estribuarekin, egitura altxatzea eta kolapsatzea saihesteko. Bigarren euskarri-lerroa estribuen aurrealdean dago, eta 31,45 metroko distantzia du ardatzen artean. Zubiaren luzetarako malda % 3,00koa da mendebaldetik ekialderako norabidean, eta, beraz, estribuak kota desberdinetan egin behar dira.

Hauek dira zubiaren zeharkako sekzioaren ezaugarri nagusiak: 7 metroko galtzadak osatzen duen sekzio-tipoa, errei bat noranzko bakoitzeko, 2,00 metroko espaloiak eta 0,5 metroko berma-areka.

Gallarraga zubiaren lerrokadura berria dela eta, beharrezkoa da Gallarraga kalea eta ertzetatik zubirako sarbideak aldatzea; Atxeta kalea eskuinaldean eta Zubiko auzoa kalea ezkerraldean. Gallarraga zubia ordezteko obrak egiten diren bitartean, lehendik dagoen zubiaren bidezko ibilgailuen trafikoari eragingo zaio.

Eragindako zerbitzuak hauek dira: Euskaltelen sare kapilarraren kanalizazioa, Telefónicaren sarearen kanalizazioa, udal-saneamenduko kolektorea, udal-argiteriaren sarea, PEsg Ø110 eta ACsgØ8 gas-eroanbideak, Nortegasen jabetzakoak, eta hornidura-eroanbideak, FGØ80 (kendu egingo da), FCØ150 (litekeena da ez berritzea eta FDØ150arekin bat egitea, ezkerraldean, baldin eta konexioan edo hartatik gertu VRPØ50 mm bat instalatzea proiektatzen bada) eta FCØ125 (FDØ150 hodi bat jarriko da).

Gallarraga zubiaren ezkerraldeko zerbitzu-desbideratzeak trenbideetatik ahalik eta gehien urrundu beharko dira. Ez da lortu trenbidearen bidez bideratu daitezkeen zerbitzuei buruzko daturik, eta, beraz, ez dira proiektuan jaso.

Zubia eraitsi bitartean, jarraipen arkeologikoa egitea aurreikusten da.

Gallarragako zubia ordezteko eraikuntza-prozedurak honako obra hauek hartzen ditu barne:

– Zerbitzuak desbideratzea (hornidura, gasa eta Euskaltel). Gainera, Gallarraga zubiaren ezkerraldean egin beharreko lanak, trenbideen segurtasun-eremuaren barruan edo horietatik gertu, tren-linearen geltokietan egin beharko dira, gaueko ordutegian.

– Plataforma bat egitea ibilguan sartzeko zubitik ibaian behera, La Conchita presa txikitik gertu. Plataforma horrek ibilgua zeharkatuko du, ibilgutik bi ertzetan lan egin ahal izateko. Ura igaro ahal izateko, eta lehorrean lan egiteko denbora handitu ahal izateko, plataforma hori PVCzko 1200 diametroko hodiz osatuta egongo da, eta horien gainean bolo txikiak jarriko dira plataforma zurruntzeko eta materialaren garbiketa minimizatzeko, eta, azkenik, zagor-geruza bat. Jaisteko arrapalaren kanpoaldea harri-lubetazko bi geruzaz babestuko da, higadura murrizteko. Harri-lubetaren eta arrapalaren artean geotestil bat jarriko da arrapala ez higatzeko.

– Zubiaren estribuen zimenduak egitea (indusketak barne) eta, indusketekin batera, gaur egun Cadagua ibaia puntu horretan bideratzen duten hormak eraistea, estribu berriak eraikitzeko behar diren altueretan.

– Estribuen armatua jartzea eta bi estribuak hormigoiztatzea.

– Estribuak amaitu ondoren, zubitik ur beherako espaloia eraistea. Eraispen hori beharrezkoa da zubi berria eraiki ahal izateko, zubi berriak espaloi horren espazioa hartuko baitu. Ibaian behera dagoen guneko sarbide-pista ere kenduko da.

– Zubiaren taula estribuen gainean jartzea (estribuen gaineko egitura metalikoaren muntaketa barne, ondoren metalezko egitura zentralaren muntaketa, gero aurrelauzak jartzea, burdinaztatzea, hormigoiztatzea, iragazgaiztea eta, azkenik, zolatzea).

– Zubiaren azpiko lur-plataforma eta ezkerreko ur-hesia muntatzea, zubia eraisten hasteko; jarduketa hori, gainera, beharrezkoa da zubiaren alboko hormak eraikitzeko eta La Conchita presa txikia eraisteko. Eskuineko ertzetik ibaian gora sartzen den lur-plataformak ibilgua zeharkatuko du, ibilgutik bi ertzetan lan egin ahal izateko. Ura igaro ahal izateko, eta lehorrean lan egiteko denbora handitu ahal izateko, plataforma hori PVCzko 1200 diametroko hodiz osatuta egongo da, eta horien gainean bolo txikiak jarriko dira plataforma zurruntzeko eta materialaren garbiketa minimizatzeko, eta, azkenik, zagor-geruza bat. Plataforma hori erdiko arkuaren barrualdetik zabalduko da, eraispenaren materiala biltzeko plataforma gisa funtziona dezan.

Jaisteko arrapalaren kanpoaldea harri-lubetazko bi geruzaz babestuko da, higadura murrizteko. Harri-lubetaren eta arrapalaren artean geotestil bat jarriko da arrapala ez higatzeko.

Hormak eraisteko eta eraikitzeko lanak ezkerreko ertzetik hasiko dira, eta, horretarako, ur-hesia jarri beharko da, esparru lehor bat sortuz, lehenik ezkerreko ertzean eta, ondoren, eskuineko ertzean.

– Egungo zubia eta zubitik ibaian gora eta ibaian behera dagoen espaloia eraistea. Zubia eraitsi ondoren, lursailari eusteko behar diren euste-lanak egingo dira, ezkerraldetik hasita.

– Hormak eraitsi eta eraiki ondoren, ibilguko material guztia kenduko da, lan-plataformak barne, eta obraren garbiketa orokorra eta azken erremateak egingo dira.

Obrak egiteak lur-mugimendu hauek eragingo ditu:

– Lur-mugimenduak, guztira (m3): 3.206,69 m3.

– Lurren mailegua (m3): 1.053,51 m3.

– Lur-indusketak, guztira (m3): 3.206.69 m3.

– Lur-soberakina (m3): 2.536,85 m3.

– Balioztatzea aurreikusten den lur-soberakinen kopurua (m3): ez dago aurreikusita.

– Ezabatzea aurreikusten den lur-soberakinen kopurua (m3): 2.536,85 m3.

Ingurumen-dokumentuaren arabera, hondeatutako materialaren % 100 balioztatuko da.

Zubiko auzoko aparkalekurako eustorma.

Zubiko auzoko aparkalekuan horma perimetral bat jarriko da, 50 urteko errepikatze-denborarako babesa lortzeko. Azterketa hidraulikoaren emaitzen arabera, T50erako gehieneko sakonera 1,05 metrokoa da eremu horretan.

1,35 m-ko altuera izango duen hormigoi armatuzko horma bat egingo da, 50 urteko errepikatze-denborako sakoneratik 30 cm-ko babesa egon dadin. Lurzati pribatura ematen duen hormaren zatiak Herkules sarearen metro bateko gehigarria izango du, eta sartzeko ate bat jarriko da, egungoaren zabalera berekoa. Hormaren zapata lurperatuta geratuko da, 50 cm gutxienez, eta 80 cm-raino iritsi beharko da ibilgutik gertu, zapatak argi-paldoen zimenduekin interferentziarik izan ez dezan.

Eragindako zerbitzuak hauek dira: Telefónicaren sarearen kanalizazioa, BBUP Ø300 kolektorea, udal-saneamenduko kolektorea eta udal-argiteriaren sarea.

Zubiko auzoko aparkalekuko hormaren eraikuntza erabat independentea da gainerakoekiko, eta obraren edozein unetan egin daiteke.

Obrak egiteko, 15 hilabeteko epea aurreikusten da, kontuan hartu gabe bisoi europarra babesteagatik jarduerarik izango ez den tartea.

Alternatibak aztertuz gero, ingurumen-dokumentuak uholdeetatik babesteko hainbat jarduketa jasotzen ditu, bai Herrerias ibaiarentzat, bai Cadagua ibaiarentzat, Herrerias ibaiarekin bat egiten duen gunetik ibaian gora eta behera.

Alde batetik, proiektuaren xederako Herrerias ibaiaren eremuan esku hartzeko aukerak aztertu ziren. Bertan, Allende Zelaiako zubia ordezteko hainbat aukera aztertu ziren, eta ibilguaren hainbat handitze modelizatu ziren, bai elkargunean, bai Independentzia Plazako aparkalekuaren eremuan. Era berean, Lorgi inguruko jarduketak eta Herrerias ibaiko hainbat aukera uztartu ziren. Hala ere, alternatiba horiek sortzen dituzten hobekuntza hidraulikoak ez dira esanguratsuak, eta, proiektuaren ingurumen-dokumentuaren arabera, inbertsio ekonomiko handia dakarte, bai eta ingurumen-eragin handia ere. Alternatiben modelizazioan lortutako emaitzen arabera, aztertutako irtenbideetako batek ere ez du konpontzen xedeko errepikatze-denborako uholde-arriskuaren arazoa, eta, beraz, alternatiba horiek baztertuta geratzen dira.

Era berean, proiektuaren xederako aztertutako aukeren artean Lorgi eremurako hainbat alternatiba aztertu dira (Cadagua ibaia, Herrerias ibaiarekin bat egiten duen tokitik behera). Ibilguaren hainbat handitze-lan modelatu dira, muturreko zabaleretaraino (40 m), baina horrek eremu horretako ibilguarekiko paraleloak diren bideak atzeraematea ekarriko luke, eta zerbitzuei oso kalte handiak eragingo lizkieke. Aukera horietako batek ere ez du hobekuntza nabarmenik eragin ur-laminan. Halaber, inbertsio ekonomiko handia dakarte, bai eta ingurumen-eragin handia ere. Alboak lubeten edo hormen bidez altxatzea ere aztertu da, baina gehiegizko altuerak dira, horrek eremua drainatzeko orduan arazoak sortuko lituzke, eta eragin handia izango luke eremu horretako biztanleen paisaian. Alternatiben modelizazioan lortutako emaitzen arabera, aztertutako irtenbideetako batek ere ez du konpontzen xedeko errepikatze-denborako uholde-arriskuaren arazoa, eta, beraz, alternatiba horiek baztertuta geratzen dira.

Azkenik, Cadagua ibaiak Herrerias ibaiarekin bat egiten duen lekutik ibaian gorako tartean esku hartzeak nabarmen murrizten du Cadagua ibaiko ur-xafla, Herrerias ibaiarekin bat egiten duen lekutik ibaian gora, eta, ondorioz, horixe da aukeratutako alternatiba. Horren barruan sartzen da Gallarragako zubia bao bakarreko beste batekin ordeztea, La Conchita presa txikian 23 metro irekitzea eta Zubiko auzoko aparkalekuan perimetro-horma bat egitea.

Ingurumen-dokumentuak ondorioztatzen du, beraz, hautatutako konponbidea hirugarren jarduketa dela, errepikatze-denbora objektiboko uholde-arriskuaren arazoa behar bezala konpontzen duelako.

2.– Proiektuaren kokapena.

Proiektua Ibaizabalgo Unitate Hidrologikoan (UH) dago, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoan (ES017), eta Cadagua ibaiaren gainean jarduten du; beraz, ibaiaren zortasun-eremuarekin bat dator. Proiektuaren eremuan, ibaia bat dator Cadagua II (ES073MAR002900) ur-masarekin, Kantabriako eta Atlantikoko ardatz txiki karedunen motakoa eta oso aldatua berau. 2023ko balorazio-urtean, Cadagua II ur-masaren egoera ekologikoaren potentziala neurrizkoa da, egoera kimikoa ona eta urteko egoera globala ona baino okerragoa. 2019-2023 aldirako, egoera ekologikoa ona edo handiagoa da, egoera kimikoa ona da eta urte anitzeko globala ona. Proiektuaren eremuan, Cadagua II ur-masak bat egiten du espezie mehatxatuen interes bereziko eremuekin (bisoi europarra) eta urari lotutako kultura-ondareko elementuekin (Sodupe/Astobitzadel zubiko errotak eta burdinolak osatzen duten balizko arkeologia-gunea); halaber, Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroan hornidura-harguneak dituen masa gisa sartzen da. Plangintzaren eskumen-eremuei dagokienez, sare hidrografikoa erkidego arteko arroen barruan dago, eta Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak du haren gaineko eskumena ur-arloan.

EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren osagai hidraulikoaren arabera, esku-hartze eremuaren parean, Cadagua ibaia IV. mailako gisa izapidetzen da (200 < C < 400 km2); hirigintza-osagaiari dagokionez, Cadaguaren ezkerraldea landa-eremuko ertz gisa zonifikatuta dago, eta eskuinaldea, berriz, eremu garatuetako ertz gisa; ingurumen-osagaia kontuan hartuta, berriz, Cadaguaren eskuinaldea baino ez da zonakatzen lehengoratzeko beharra duten ertz gisa.

Litologikoki, Zubiko Auzoko aparkalekuan proiektatutako jarduketak bat datoz tuparri-kareharriekin, kareharrizko tuparriekin eta pitzaduragatik iragazkortasun txikia duten kalkarenitekin, bai eta porositateagatik iragazkortasun ertaina duten alubioi-metakinekin ere; gainerako jarduketak bat datoz porositateagatik iragazkortasun ertaina duten alubioi-metakinekin. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, proiektuaren eremuko baldintza geoteknikoak oso kaltegarriak dira Cadagua ibaiaren presentziaren ondorioz, eta arazoak daude, hala nola uholde-arriskua, istiltzeko arriskua, nahiz sostengu-ahalmenak eta asentuek eragindako arazoak.

Ikuspuntu hidrogeologikotik, proiektuaren eremua Hegoaldeko Antiklinorioko (ES017MSBT017-006) lurpeko ur-masaren gainean dago –ur-masa horien egoera globala ona da–, Arabako Plataforma Jabariaren Balmaseda-Elorrio Sektore Kuaternarioarekin gainjarrita. Balmaseda-Elorrio Sektore Kuaternarioa, EAEko lurpeko ur-masen sektorea, bat dator interes hidrogeologikoko gunearekin.

Proiektuan ez dago Natura 2000 Sareko espazioekin bat datorrenik, ez eta beste gune babestu batzuekin ere. Halaber, ez dago inbentario edo katalogoren batean jasotako paisaia-baliorik, ez eta EAEko geologia-intereseko lekuen inbentarioan sartutako geologia-intereseko lekurik ere. Soilik aipatu behar da lehentasunezkoa ez den Batasunaren intereseko 6510 habitatarekin (Larratu gabeko sega-belardi atlantikoak) gainjartzen dela Zubiko auzoko aparkalekuan.

Bestalde, proiektuaren xedeko zatian, Cadagua ibaia Euskal Autonomia Erkidegoko azpiegitura berdearen (LAG) bilbe urdinean sartzen da, eta bat dator Bizkaiko azpiegitura berde-urdinarekin, konektore urdin bat osatzen baitu (CCA.07 kodea).

Eusko Jaurlaritzaren landarediaren kartografiaren arabera, proiektua landaredi erruderal nitrofiloan garatzen da, hiriguneetan eta lugorrietan eta landaredirik gabeko eremuetan. Erreferentziako ingurumen-dokumentuak, aparkaleku-eremuan, bi sektoretan banatzen du landaredia: lehenengoa mendebaldeko mugan dago, eta erdi lorategiko eremu bat da, kontserbazio-egoera onean dauden 4 karpek eta bi likido-anbarrek osatua, eta, bigarrena, Cadagua ibaiarekin muga egiten duen eremuan, belar-substratu baten gaineko platanondoek eta hurritzek osatzen dute nagusiki. Bestalde, Gallarraga zubiaren gaineko jarduketekin bat datorren zatian, aurkeztutako dokumentazioak aipatzen du haltzadiak, bananondoak, sahatsak eta pikondoak daudela; presa txikiaren eremuan, berriz, landaredi nagusia erruderal-nitrofiloa da, espezie inbaditzaileak ere badituena.

Faunari dagokionez, proiektuaren eremua Bisoi Europarraren Kudeaketa Planaren xede da –118/2006 Foru Dekretua, ekainaren 19koa, Bizkaiko Lurralde Historikoan bisoi europarra, Mustela lutreola (Linnaeus, 1761), Kudeatzeko Plana onartzen duena, galzorian dagoen eta babesteko neurri espezifikoak behar dituen espeziea den aldetik–, eta bat dator espezie horrentzako interes bereziko eremuarekin, La Conchita presa txikitik ibaian behera eta aipatutako presa txikitik ibaian gora hobetu beharreko tarteetan. Planaren eremuak ez du ukitzen fauna mehatxatua kudeatzeko onartutako planen xede den beste eremurik, ez eta Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoak edo Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduaren arabera (2016-05-23ko EHAA, 96. zk.) abifauna babesteko ezarritako beste eremurik ere. Ingurumen-dokumentuaren arabera, azterlanaren eremuan espero daitezkeen fauna-komunitateak hiri-eremuei eta ibai-eremu antropizatuei lotutakoak dira.

Kultura-ondareari dagokionez, proiektuak La Conchita presa txikiari eragiten dio. Presa hori Gueñes udalerriko 13. balizko arkeologia-gunearen parte da: Sodupe edo Astobiza zubiko errota eta burdinola. Gainera, Gallarraga zubia, proiektuaren arabera eraitsi beharrekoa, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zentroko GIS Ondarean sartzen da, Zubiko izeneko intereseko beste elementu eraiki batzuen moduan (159. fitxa).

Ingurumen-arriskuei dagokienez, proiektuaren eremua bat dator lehentasunezko fluxu-eremuarekin eta Gordexola UAPGGarekin (kodea: ES017-BIZ-7-1) (I. TALDEA). 10, 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uraldi-arriskua duen eremu bat da. Ingurumen-dokumentuaren arabera, aurreikusitako jarduketek murriztu egingo dute uholde-arriskua hurbileko hiriguneetan.

Beste arrisku batzuei dagokienez, eremua ez dago lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzatien inbentarioan sartuta; gainera, baztertu egiten dira sismikotasunaren ondoriozko arriskuak, akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun handia edo oso handia, errepide edo trenbide bidezko salgai arriskutsuen garraioan istripu-arrisku handia, Seveso III Zuzentarauaren mendeko enpresen hurbiltasunaren ziozko arriskua, edo baso-sutearen arriskua.

3.– Inpaktu potentzialaren ezaugarriak.

Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpaktu esanguratsuenak obra-fasean gertatuko dira, eta, batez ere, aurreikusitako eraispenen ondorio izango dira –La Conchita presa txikia irekitzea, Gallarraga zubia eraistea eta zubitik ibaian behera espaloia egitea–, bai eta Zubiko auzoko aparkalekuaren eremuko ibai-ertza berregituratzearen (1,35 metroko altuerako euste-horma) eta Cadagua ibaiaren gainean zubi berri bat eraikitzearen ondorio ere. Horri gehituko zaizkio Cadagua ibaiaren ibilgua gurutzatuko duten bi plataforma egitearen ondoriozko afekzioak, bata zubitik ibaian behera eta bestea ibaian gora, ibai-ertz bietan zubi berriaren estribuetarako indusketen eta zimenduen ondoriozkoak, bai eta jarriko diren ur-hesiak gauzatzearen ondoriozkoak ere, ibai-ertzetako lanek aurrera egin ahala, ibilguan obrak egingo diren esparru lehorrak sortzeko. Horrez gain, obrak garatzeko, instalazio osagarrietarako bi eremu egokituko dira, bat Zubiko auzoko aparkalekuan eta bestea La Conchita plazan. Aurreikusitako jarduketak egiteko, lur-mugimenduak egin beharko dira (3.206,69 m3 guztira), baita landaredia kendu, ibilgailuak eta obrako makinak mugitu, obra-materiala kargatu eta deskargatu eta zerbitzuak eten ere. Horrek guztiak inpaktu potentzialak eragingo ditu ibai-morfologian, landaredian, faunan (bereziki, ibaiari lotutakoan), lurzoruetan, kalitate atmosferikoan, egoera akustikoan, paisaian, ondarean eta ibai-uren kalitatean, bai solido esekiak handitzeagatik, bai erabilitako makinek eta giza habitatak istripuzko isuriak egiteagatik.

Bisoi europarrarentzat hobetu beharreko tartea (presa txikitik gora) eta bisoi europarrarentzat interes berezia duen eremua (presa txikitik behera) sartzen direnez proiektuan, espeziea kudeatzeko planean eta Bizkaiko Foru Aldundiaren nahitaezko txostenean xedatutakoa beteko da (plana Bizkaian onartu zen, ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuaren bidez). La Conchita presa txikiaren gaineko eragina dela eta –Gueñes udalerriko 13. balizko arkeologia-gunea osatzen duen elementua: Sodupe edo Astobiza zubiko errota eta burdinola–, Kultura, Gazteria eta Kiroleko sailburuordearen 1997ko maiatzaren 21eko Ebazpenean eta Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoa beteko da.

Ustiapen-fasean, ibaia iragazkortzeak, jarduketa-zatiko uholde-arriskua hobetzeaz gain, ibai-habitataren konektagarritasun ekologikoa erraztuko du.

Aurrekoez gain, obra-fasearekin lotutako beste inpaktu batzuk egongo dira, baina guztiak bateragarritzat jotzen dira.

Bigarrena.– Ebazpen honetan, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumen-jarraipeneko kontrolak ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Gueñesko udal-mugartean dagoen eta Sodupetik igarotzen den Cadagua ibaiaren uholdeetatik babesteko proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin beharrik egon ez dadin, baldin eta ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak eta kontrolak txertatzen badira.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Eusko Jaurlaritzaren Ingurumenaren Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan ezarritakoa kontuan hartuta.

Bestalde, neurriak eta kontrolerako langileen kopurua behar adinakoak izango dira ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txostenak xedatuko dituenak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obretako jardunbide egokiak aplikatuko dira.

Gehitu egin beharko dira honako apartatu hauetan adierazitako neurriak:

Natura-ondarea babesteko neurriak.

Aplikazio-araudian xedatutakoa gorabehera, prebentzio- eta zuzenketa-neurri hauek erantsiko zaizkio proiektuari ondare naturala babeste aldera:

– Bisoi europarraren gaineko eraginari dagokionez, ibilguan eta haren ertzetan edozein ekintza egin aurretik, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailaren nahitaezko txostena beharko da, bisoi europarraren kudeaketa-planaren administrazio arduraduna den aldetik.

– Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailak nahitaezko txostenean xedatzen duena alde batera utzi gabe, espeziearentzako kritikoa den garaitik (martxoaren 15etik uztailaren 31ra) kanpo egingo dira ibilguari, ibaiertzei eta ingurumariei zuzenean eragiten dieten eraispen- eta eraikuntza-jarduketa guztiak. Muga hori behar bezala jaso behar da proiektuaren obra-planean.

– Ezinbestekoa den eremurik txikienean egingo dira lanak eta lurzorua okupatzea dakarten gainerako jarduketa osagarriak; betiere, proiektuko planoek ezartzen dituzten mugen barruan. Aipatutako mugetatik kanpo ezingo da inolaz ere eraginik sortu, non eta obra-zuzendaritzak eta ingurumen-laguntzak ez duten oniritzia eman sarbideak egiteko, materialak pilatzeko, instalazioak kokatzeko edo beste edozein jarduketa osagarri egiteko; bestalde, muga horietatik kanpo, ahal bezainbeste mugatuko da lanak egiteko makinen eta ibilgailuen zirkulazioa. Eremu horietatik kanpo ustekabeko eraginik gertatzen bada, zuzentzeko eta lehengoratzeko neurri egokiak aplikatuko dira, ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren.

– Oro har, zuzeneko okupaziorik aurreikusita ez dagoen eremuetan ekidin egingo da tokiko landaredia moztea, eta, bereziki, behar diren neurriak ezarriko dira nahitaez moztu edo inausi behar ez diren zuhaitzei kalterik ez sortzeko.

Horretarako, obrak hasi aurretik, zehatz-mehatz mugatu eta in situ balizatuko dira lanak egiteko nahitaez moztu edo kendu behar ez diren bertako zuhaitz-aleak eta Batasunaren intereseko habitatak. Gainera, kontserbatu beharreko zuhaitzak behar bezala babestuko dira, sustrai-sistemak ez izateko kolperik eta kalterik. Aipatutako eremu sentikorren zuinketa-fasean eta lanak egitean, ingurumen-aholkularitzak bertan egon beharko du.

Urak eta lurzoruak babesteko neurriak.

Babes- eta zuzenketa-neurri hauek hartu beharko dira jabari publiko hidraulikoan eta haren zortasun- eta zaintza-guneetan eragina duten obretarako:

– Ibilguaren okupazioa eta okupazio horrek sortutako uhertasuna ahalik eta gehien murrizteko moduan egingo dira obrak.

– Makineriak beti erabiliko ditu zubi berria eraikitzeko eta zaharra eraisteko sortutako lan-plataformak (ur-laminaren kanalizazioa PVCzko hodien bidez) eta proiektuan deskribatutako La Conchita presa txikia eraisteko egindako ur-hesiak, betiere ibilgutik zirkulatzea saihestuz.

– Eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta substantzia kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera. Ildo horretan, ingurumen-dokumentuan deskribatzen denaren arabera, zubi berriko mikropiloteak egin eta estribuak induskatu aurretik, dekantazio-sistema mugikorrak instalatuko dira; gailu horiek solidoen atxikipen optimoa bermatzeko egon behar diren kalkulu hidraulikoen arabera dimentsionatuko dira.

Tratamendu-sistemak aldian-aldian ikuskatuko dira, bai eta eurite handiak direnean ere, edukiera erabilgarria nahikoa izan dadin une oro, eta, hartara, tratamendu-sistemaren errendimendua ahalik eta onena izan dadin. Sistema horien funtzionamendua eraginkorra ez dela ikusten bada, behar diren neurriak hartuko dira, kaltea sortzen duten obra-lekuetan lanak aldi baterako gelditzea barne, material esekiz betetako urik lurrazaleko ur-ibilguetara irits ez dadin.

Obrako dekantazio-sistema guztietan dekantatutako jalkinak aldizka bildu eta behar bezala kudeatuko dira, haien ezaugarrien arabera. Bestalde, dekantazio-sistemetako efluenteen jarraipen analitikoa egingo da. Isurketa-baimenetan ezarritako mugak betetzen direnean bakarrik isuri ahal izango dira urak ibilgu naturaletara.

– Hormigoi-ontzietako kanaletak garbitzeko, edukiontzi iragazgaiztu bat jarriko da, kanaleten garbiketa-urak jaso ahal izateko. Hormigoi-upelak obra-eremutik kanpo garbituko dira. Ez da inola ere onartuko hormigoiaren ikuzketaren hondarrak ibaiaren ibilgura isurtzea. Edukiontzi horretan metatutako hormigoi-hondarrak kudeatzaile baimenduak kudeatu beharko ditu.

– Ibaian uhertasuna hautematen bada, ezarritako dekantazio- eta iragazketa-sistemak eraginkorrak diren aztertuko da, eta haiek indartu edo sistema eraginkorragoekin ordeztu behar diren aztertuko da.

– Lanak egin bitartean uraren mailatik behera hondeatzen diren materialak ibilguaren zati lehorrean utziko dira aldi baterako –edo berariaz diseinatutako instalazioetan–, harik eta helmugara garraiatzeko eta han onartzeko hezetasun-mailara iritsi arte.

– Obrako makinak gordetzeko eremua eta makina horien mantentze-lanak egiteko eremua drainatze naturaleko saretik isolatuko dira. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olio eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Ezin izango da erregaien zamalanik, olio-aldaketarik eta konponketa-lantegiko jarduerarik egin horretarako adierazitako eremuetatik kanpo.

– Obretan hidrokarburoen xurgatzaile espezifikoa (biribilki modukoa, material pikortatua...) jarri beharko da eskura, ustekabeko isuri edo ihesen bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.

– Obren eraginez soildutako lurren landareztatze azkarra eta handia egingo da. Horrela, obra-leku bakoitzean lur-mugimenduak amaitu ahala, ingurumen-dokumentuan adierazten diren birmoldatze- eta landareztatze-lanak egingo dira.

– Ahal dela, materialak eta ekarkinak aldi baterako metatzeko guneak, bai eta garbigunea ere, ibilguetatik urrun eta uholde-arriskuko eremuetatik kanpo kokatuko dira. Uholde-arriskua duten eremuetan kokatuta badaude, obran pilatutako materialak arrastatzea saihesteko, pilaketa-eremuen kotara irits daitezkeen ibaiaren ur-goraldiak aurreikusten badira, pilatutako material guztiak ahalik eta lasterren kenduko dira, eta urpean gera ez daitezkeen eremuetara eramango dira.

– Obrek lurrazaleko ur-ibilguen gainean izan ditzaketen ondorioak zehazteko, lanak egin aurretik, kalitate fisiko-kimikoari buruzko egoera zehaztu beharko da obra-eremutik ibaian gora eta ibaian behera. Parametro hauek aztertuko dira gutxienez: pH-a, eroankortasuna, material esekiak, olio eta koipeen kontzentrazioa eta hidrokarburoen kontzentrazioa.

– Obrak egin bitartean, hamabostean behin, uraren kalitate fisiko-kimikoaren kontrolak egingo dira, eta lanak egin aurreko egoeran ezarritako parametroak zehaztuko dira. Kontrol horietan lortutako emaitzen arabera, uren kalitateari eragiten diola hautemanez gero, horren arrazoia identifikatu eta neurri zuzentzaile egokiak ezarriko dira (dekantazio-sistema mugikorren dimentsionamendua berraztertzea, laneko plataformen eta ur-hesien egoera aztertzea eta abar).

Kutsatutako lurzoruen kudeaketarekin lotutako neurriak.

– Azkenik, obrak egin bitartean, lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela adierazten duten zantzu sendoak agertuz gero, horren berri eman beharko zaie, berehala, Gueñesko Udalari eta Ingurumeneko Sailburuordetzari, azken horrek zehaztu dezan zer neurri hartu behar diren eta zer pertsona fisikok edo juridikok exekutatu behar dituen neurri horiek, Lurzorua kutsatzea saihesteko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikuluarekin bat.

Hauts-emisioak murrizteko neurriak.

– Ingurumen-dokumentuaren arabera, gurpilak garbitzeko sistema bat instalatuko da, dekantazio-tanga eta ur-zirkuitu itxia dituena, solido esekien karga handia duten urak ibaira isurtzea saihesteko. Gailu horiek egoera onean mantenduko dira obra fase osoan zehar. Obrak dirauen bitartean, garbiketa-lanen kontrol zehatza egin beharko da ibilgailuak igaro ondoren, bai proiektuaren zuzeneko jarduera-eremuan eta ukitutako ingurunean, bai iristeko bideetan eta, bereziki, inguruko etxebizitzen inguruetan. Bideak, ahal dela, eskuz edo erratz-makinen bidez garbituko dira. Ahal den neurrian, ez da urik erabiliko, ibaira isurtzen diren solido-karga handiko jariatze-urak sortzea saihesteko.

– Mikropiloteak egiteko makinek partikula esekien emisioak murrizteko sistemak izango dituzte.

– Indusketatik ateratako materiala hezetasun-baldintza egokienetan garraiatuko da, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lokatzak eta partikulak barreia ez daitezen.

Zarataren eta bibrazioen ondorioak murrizteko neurriak.

– Lanek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko –bereziki indusketa-, eraispen-, zama- eta garraio-lanetan–, bai eta erabilitako makineriaren mantentze orokorrean, zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan, zarata sortzeko ordutegiaren mugaketan, lanetan erabilitako ekipoen zaraten kontrolean eta abarrean ere.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Bestalde, proiektua garatzean, obraren eragin-eremuan sorrarazitako zaratek ez dituzte gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoak, hargatik eragotzi gabe dekretu horretako 35.bis artikuluan aurreikusitakoa. Alde horretatik, sei hilabete baino gehiago irautekoak diren lanetan, inpaktu akustikoari buruzko ikerketa bat egin beharko da, zer zuzenketa-neurri behar diren zehazteko.

– Egunez bakarrik egingo da lan.

Hondakinak eta lurrak kudeatzeko neurriak.

– Proiektuaren gauzatze- eta funtzionatze-faseetan zehar sortutako hondakinak Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta arautegi zehatzetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea, balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne, eta, azkenik, deuseztatzea.

– Hondakinak ezabatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haien balorizazioa ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.

– Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketen baten ondorioz nahasiz gero, arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egongo dira kudeatzaileari eman arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

Aipatutako edukiontziak edo ontziak etiketatu egin beharko dira argi eta irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan, indarrean dagoen araudiaren arabera.

– Sortzen den olio erabilia kudeatzeko, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 29. artikulua eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua bete beharko dira. Erabilitako olioak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako andel estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei aurre egiteko sistemen barruan.

– Hori dela eta, eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak aldi batean pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

– Aplikatu beharreko araudia betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inola ere kontrolatu gabeko efluenterik sortuko erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

– Aurkeztu den dokumentazio teknikoaren arabera, lur- eta arroka-soberakinak izango direla aurreikusten da. Soberakin horiek kudeatzeko, hierarkiaren printzipioari eta hondakinak kudeatzeko hurbiltasunaren printzipioari jarraituko zaie. Eraginpeko eremua morfologikoki lehengoratzeko erabiltzea baztertu ondoren, balioztatzea lehenetsiko da, honelako lanetarako erabiliz: material horiek behar dituzten gertuko eraikuntza-obrak, erauzketa-jarduerek eragindako lursailak birgaitzeko lanak edo beste espazio degradatu batzuk lehengoratzeko lanak. Hala, ez dira ezabatuko betelan-instalazioetan. Horretarako, kontuan izango da urriaren 10eko APM/1007/2017 Agindua (Hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzkoa).

– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

– Amiantoa duen hondakinik edo elementurik aurkitzen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak ezarritakoa bete beharko da –amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura prebenitu eta gutxitzekoa da errege-dekretu hori–, bai eta martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuak ezartzen duena ere –amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplikatu behar zaizkien segurtasuneko eta osasuneko gutxieneko xedapenak ezartzen ditu errege-dekretu horrek–.

– Zabortegira bidali beharreko hondakinak, hain zuzen ere Hondakinak zabortegietan utzita deuseztatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera kudeatuko dira. Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

– Kontuan hartuko da abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 84.3 artikuluan erosketa publiko berdeari buruz xedatutakoa.

Kultura-ondarea babesteko neurriak.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzaren txostenaren arabera, neurri hauek hartuko dira:

– Obrek eragozten badute ibiltariak Zelaieta kaletik Atxeta kalera igarotzea, horren iragazkortasuna eta jarraitutasun alternatiboa bermatu beharko dira. Era berean, Atxeta kaleko Donejakue Bidearen seinalea kendu edo aldatzen bada, berriro kokatu edo fabrikatu beharko da, eta leku berean jarri.

– La Conchita presa txikian eta Sodupeko errota/burdinola balizko arkeologia-gunean eraispen-obren kontrol arkeologikoa egingo da, eta haien prozesua dokumentatuko da, bai eta, hala badagokio, ustez harlangaitzezko egituraren azpian kontserbatuko den zurezko egitura ere.

– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Ondare Kulturalaren Zerbitzuari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

– Konpentsazio-neurri gisa, azterketa historiko-arkitektonikoa eta eraispen-prozesuaren dokumentazioa egitea gomendatzen da. Hiru ale egingo dira: bat Gueñesko udal-artxiborako, beste bat Euskal Kultura Ondarearen Zentrorako eta beste bat Bizkaiko Foru Aldundiko Ondare Arkitektonikoaren Zerbitzurako.

Paisaia babesteko eta obren eraginpeko lekuak lehengoratzeko neurriak.

– Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzarekin bat etorriz, lehengoratze-planaren alderdi hauek aldatu egingo dira:

a) Haltzadiaren lehengoratze-eremurako landaketa-dentsitatea 9 m2-ko unitate 1ekoa izango da zuhaitzentzat eta 4 m2-ko unitate 1ekoa zuhaixka-espezieentzat.

b) Aparkalekuaren mendebaldean, harizti/harizti misto atlantikoko espezie autoktonoak erabiliko dira, eremuko landaredi potentzialaren parte direnak.

c) La Conchita plazaren kasuan, lehengoratzeko proposamena lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburuaren arabera garatuko da. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egin zuen. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko eta eremuko landaredi potentzialaren berezko espezieak erabiltzeari lehentasuna emateko.

– Landareztatzea ahalik eta lasterren egingo da, higadura-prozesuak eta ibilgura solido-arrasteak ekiditeko, eta espezie autoktonoak erabiliz; horrela, habitat naturalizatuak sortzen lagunduko da, eta ahaleginak egingo dira habitat horiek inguruko landaredi naturalarekin lotzeko.

– Kanpoko landare-espezie inbaditzaileak sartu eta hedatzen diren hauteman eta saihesteko kontrol-neurriak hartuko dira. Horretarako, obrak hasi aurretik, jarduketa-eremuan dauden espezie aloktono inbaditzaileen aleak kenduko dira.

– Obran erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, halakoetan proiektuaren afekzio-eremuan koka litezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak egon baitaitezke.

– Obrak ukitzen dituen eremu guztietan egingo dira obraren paisaia-integraziorako lanak, bai eta aurkeztutako leheneratze-proiektuan agertu ez arren obrak bukatzean kaltetuta daudenetan ere.

– Lur-mugimenduek irauten duten artean, landare-lurrari dagozkion horizonteak modu selektiboan kenduko dira, eta landare-lurra bereizita metatu eta zabalduko da, eragina pairatu duten eremuen lehengoratzea eta landareztatzea errazte aldera. Lehengoratzean, ez dira erabiliko flora inbaditzaileko espezieekin [hala nola budleia (Buddleja davidii), panpa-lezka (Cortaderia selloana), sasiakazia (Robinia pseudoacacia)] kutsatuta egon litezkeen lurrak, jatorria obran bertan edo kanpoan izan.

– Obra kontratatzeko baldintzen agirian eta aurrekontuetan, proposatutako landareztatze-jarduketak behar bezala beteko direla bermatzeko behar diren baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak jasoko dira.

Jardunbide egokien sistema bat ezartzea.

Beharginek jardunbide egokien sistema bat hartu beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta hobekien bermatzeko:

– Obraren okupazio-mugak eta makineriaren zirkulazioa kontrolatzea: egiaztatu egin beharko da lanen eremua proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela; obrek ez dute hartuko aurreikusitakoa baino eremu handiagoa.

– Interes handiko landaretza-eremuen (haltzadia) gaineko eragina kontrolatzea.

– Bisoi europarraren garai kritikoan (martxoaren 15etik uztailaren 31ra) ez egitea ur-ibilguei eta haien ertzei eragiten dien obrarik.

– Hondakinen isurpenak saihestea, bai eta olio-isurien eta lurren arrastatzearen ondoriozko lurzoruaren eta uren kutsadura ere.

– Obretan sortutako hondakinak era egokian kudeatzea.

– Proiektuaren eragin-esparruan zarata eta hautsa direla-eta eragindako eragozpenak ekiditea.

Garbiketa eta obra bukatzea.

Behin obrak amaituta, garbiketa-kanpaina sakona egingo da, proiektuaren eraginpean egon den esparru osoan obra-hondakinik ez uzteko. Hondakinak lan-eremutik aterako dira, eta, haiek kudeatzeko, txosten honetan xedatzen dena aplikatuko da.

Ingurumen-aholkularitza.

Obra amaitu arte eta haren berme-aldian zehar, obra-zuzendaritzak ingurumenaren eta babes- eta zuzenketa-neurrien arloan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du.

Ingurumen-aholkulariek, gainera, obra egiteko jardunbide egokiak baliatzen diren begiratuko dute. Besteak beste, proiektuaren ekintzen eragina aztertuko dute, bereziki hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hauts eta zarataren sorrera, isurtzeak, hondakinen kudeaketa eta natura- eta kultura-ondarearen babesa.

Hirugarrena.– Aipagarria da ez dela uste proiektua gauzatuta kalte handirik egingo zaionik ingurumenari, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta baldin eta ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen eta ezarritako kontrolak ezartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere –adierazitakoen aurkakoak ez badira–. Beraz, ez da beharrezkotzat jotzen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea Gueñesen, Sodupetik pasatzean, Cadagua ibaiaren uholdeetatik babesteko Uraren Euskal Agentziak sustatutako proiektuari.

Laugarrena.– Ebazpen honen edukia Uraren Euskal Agentziari jakinaraztea.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Seigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 19a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.


Azterketa dokumentala