
144. zk., 2025eko uztailaren 31, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (137 KB - 2 orri.)
- EPUB (107 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ETXEBIZITZA ETA HIRI AGENDA SAILA
3367
152/2025 DEKRETUA, uztailaren 15ekoa, zeinaren bidez urgentziako deklaratzen baita Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, nahitaezko desjabetzea egiteko, «Plentziako Saratxaga auzoko hornidura-sarea hobetzeko proiektua» burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak okupatzea.
«Plentziako Saratxaga auzoko hornidura-sarea hobetzeko» proiektuaren espedientea formalki prestatu eta onartu ondoren, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak adierazi zuen lursail guztiak erabilgarri behar zituela proiektua gauzatzeko.
2024ko apirilaren 29an, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak nahitaezko desjabetze-espedienteari hasiera ematea eta eraginpeko ondasun eta eskubideen zerrenda hilabeteko epean jendaurrean jartzea erabaki zuen, 2024ko maiatzaren 30eko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (104 zk.) eta prentsan argitaratutako iragarkien bidez. Ondoren, 2024ko azaroaren 28an egindako bilkuran, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak erabaki zuen Eusko Jaurlaritzari eskatzea proiektu horren eraginpeko ondasun eta eskubideak urgentziaz okupatu behar direla deklaratzeko, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako.
Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak zehaztuta eta banakatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko behar adina daturekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen, egoki zenean, eta lau alegazio aurkeztu ziren, administrazio-espedientean adierazten denez.
Ondasun eta eskubide horiek okupatzea luzaezintzat jotzen da eskatzaileak adierazitako honako inguruabar hauengatik:
Espedienteak honela justifikatzen du premiazkotzat jotzeko beharra:
– Hodien kokapenaren eta babes egokirik ezaren ondoriozko hausturen maiztasun handia, ura galtzearen ondoriozko kalte ekonomikoa eta ingurumenekoa ez ezik, horniduran etengabeak diren etenak ere sortuz, herritarren ongizateari eta bizi-baldintzei eraginez. 2024ko urtarriletik 2025eko maiatzera bitartean, BBUPren ustiapen-zerbitzuaren 20 lan-agindu zenbatu dira, auzo horretako ur-hornidurarekin lotutako gorabeherei erantzuteko.
– Egoera larriagotzeko arriskua: ibilgailuen zirkulazioaren eta agente meteorologikoen eraginpean dauden hodien egiturazko narriadurak sarea partzialki edo guztiz kolapsatzeko arriskua areagotzen du, eta horrek zerbitzua luzaroan etetea eragin dezake populazio handia duen hiri-eremu batean.
– Zerbitzuaren kalitatean zuzeneko ondorioak: etengabeko matxurek zaildu egiten dute sarean presio eta emari egokiari eustea, uraren kalitate mikrobiologikoari eragiten dioten gorabeherak sortuz, batez ere behin-behineko konponketek eragindako tarteetan.
– Ingurumen-inpaktua: hausturekin lotutako ur-ihesek ur-baliabideak xahutzea dakarte, eta uraren ziklo integralaren kudeaketan eskatzen diren jasangarritasun- eta efizientzia-printzipioen aurka doa.
– Horrez gain, deskribatutako egoerak urratu egiten ditu urtarrilaren 10eko 3/2023 Errege Dekretuan –kontsumorako uraren kalitatearen irizpide tekniko-sanitarioak ezartzen dituena– jasotako baldintzak; izan ere, baldintza horien arabera, uneoro bermatu behar da banaketa-sareetan osasungarritasuna, garbitasuna eta presio egokia dagoela. Matxura eta ihesekiko esposizio jarraituak arriskuan jartzen ditu estandar horiek eta, ondorioz, operadoreak legezko betebeharrak bete ahal izatea; gainera, arriskuan jartzen ditu, baita ere, osasun publikoa eta abonatuen konfiantza.
Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f artikuluan xedatzen denez, Eusko Jaurlaritzari dagokio deklaratzea urgentziaz okupatu behar direla nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Goian aipatutako lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde-antolamenduaren eskumenak dituen sailburuari dagokio horretarako proposamena aurkeztea Gobernu Kontseiluari.
Hori dela eta, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak proposaturik, Gobernu Kontseiluak, 2025eko uztailaren 15eko bilkuran gaia aztertu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26.ean xedatutakoari jarraituz, deklaratzea «Plentziako Saratxaga auzoko hornidura-sarea hobetzeko proiektua» burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak urgentziaz okupatu beharrekoak direla. Berariaz hasarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztu eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aurretiaz berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Epeok, dekretu hau azkenekoz argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.
Vitoria-Gasteizen, 2025eko uztailaren 15ean.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua,
DENIS ITXASO GONZÁLEZ.
RSS