Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

144. zk., 2025eko uztailaren 31, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEBIZITZA ETA HIRI AGENDA SAILA
3365

149/2025 DEKRETUA, uztailaren 15ekoa, zeinaren bidez urgentziazko deklaratzen baita, nahitaezko desjabetzea egiteko, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak «Gueñes-Ametzagako ur biltegi berriak» ukitzen dituen ondasun eta eskubideak okupatzea.

«Gueñes-Ametzagako ur biltegi berriaren» proiektuaren espedientea formalki prestatu eta onartu ondoren, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak adierazi zuen lursail guztiak erabilgarri behar zituela proiektua gauzatzeko.

2024ko uztailaren 23an, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak erabaki zuen nahitaezko desjabetze-espedienteari hasiera ematea, eta eraginpeko ondasun eta eskubideen zerrenda hilabeteko epean jendaurrean jartzea, 2024ko irailaren 5eko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (171. zk.) eta prentsan iragarkiak argitaratuz. Gero, 2025eko otsailaren 25ean egindako bilkuran, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak erabaki zuen Eusko Jaurlaritzari eskatzea proiektu horren eraginpeko ondasun eta eskubideak lehenbailehen okupatu beharrekoak zirela deklaratzeko, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako.

Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak zehaztuta eta banakatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko behar adina datuekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen, egoki zenean, eta lau alegazio aurkeztu ziren, administrazio-espedientean adierazten denez.

Ondasun eta eskubide horiek hartzea atzeraezintzat jotzen da, eskatzaileak adierazitako honako inguruabar hauengatik:

Espedientearen arabera, behar-beharrezkoa da Gueñes-Ametzagako ur-biltegitik hornitzen diren auzoetako pertsonen osasuna modu erreal eta jarraituan arriskuan jartzen duen egoerari erantzutea eta hortik dator urgentziazko deklaratzeko premia; izan ere, auzo horiek ez dute hornidura-bermearen bolumenik gaur egun, biltegia zerbitzuz kanpo baitago.

Eskaera hau egiteko arrazoi diren inguruabar zehatzak honako hauek dira:

– Hornidura-uraren kalitatea behar dena ez izatea sarritan, eta horrek horniduran etengabe etenak eragitea eta herritarren ongizateari eta bizi-baldintzei eragitea. Deskribatutako egoerak urratu egiten ditu 3/2023 Errege Dekretuak ezartzen dituen baldintzak (3/2023 Errege Dekretua, urtarrilaren 10ekoa, Kontsumorako Uraren Kalitatearen Irizpide Tekniko Sanitarioak ezartzen dituena). Izan ere, baldintza horien arabera, une oro bermatu behar da banaketa-sareetan osasungarritasuna, garbitasuna eta presio egokia. Kloratu gabeko ur gordina biltzeak arriskuan jartzen ditu estandar horiek, eta, horrekin batera, operadoreak legez bete beharreko betebeharrak, baita osasun publikoa eta abonatuen konfiantza ere.

– Egoera larriagotzeko arriskua: lehendik dauden instalazioak gero eta okerrago daude, eta horrek sarea eta depositua partzialki edo guztiz kolapsatzeko arriskua areagotzen du: Gueñesko udalerriaren zati batean zerbitzua luzaroan etetea eragin dezake.

– Zuzeneko ondorioak zerbitzuaren kalitatean: sareko presio eta emari egokiari eusteko zailtasunak gorabeherak sortzen ditu, uraren kalitate mikrobiologikoari eragiten diotenak.

– Ingurumen-inpaktua: hausturekin lotutako ur-ihesek ur-baliabideak xahutzea dakarte, eta uraren ziklo integralaren kudeaketan eskatzen diren iraunkortasun- eta efizientzia-printzipioen aurka doa xahutze hori.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f artikuluan xedatutakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio deklaratzea urgentziaz okupatu behar direla nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Goian aipatutako lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde-antolamenduaren eskumenak dituen sailburuari dagokio horretarako proposamena aurkeztea Gobernu Kontseiluari.

Hori dela eta, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak proposaturik, Gobernu Kontseiluak 2025eko uztailaren 15eko bilkuran gaia aztertu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26.ean xedatutakoari jarraituz, «Gueñes-Ametzagako ur-biltegi berria» egiteko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzea. Berariaz abiarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztu eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aurretiaz berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Epeok, dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.

Vitoria-Gasteizen, 2025eko uztailaren 15ean.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua,

DENIS ITXASO GONZÁLEZ.


Azterketa dokumentala