Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

144. zk., 2025eko uztailaren 31, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
3363

EBAZPENA, 2024ko abenduaren 4koa, Ingurumen Jasangarritasunaren sailburuordearena, ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko eta ingurumen-baimen bateratua emateko WPI Bilbao SL enpresak sustatzen duen hondakin solido plastikoak balorizatzeko instalazioari.

EGITEZKO AURREKARIAK

2023ko azaroaren 31n, WPI Bilbao SL enpresak ingurumen-baimen bateratua eta nahitaezkoa den ingurumen-inpaktuaren adierazpena eskatu zituen Zierbenan duen (Refragidas kalea 5L, Bilboko Portua, AZ-1 kaia, 48508 Zierbena, Bizkaia) hondakin solido plastikoak balorizatzeko instalazioaren proiekturako, bat etorriz Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean eta abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginean xedatutakoarekin. Eskaerarekin batera, dokumentazio tekniko hau aurkeztu zen:

– Administrazio-datuak.

– Planoak.

– Proiektu teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren azterketa, ingurumen-baimen bateraturako eta ingurumen-inpaktuaren adierazpenerako.

– Laburpen ez-teknikoa.

– Txostena, jarduera hirigintzarekin bateragarria dela egiaztatzen duena, Zierbenako Udalak 2022ko azaroaren 21ean emana.

– Hondakin izateari uzteko eskaeraren memoria.

– Isilpeko datuak.

Aurkeztutako dokumentazioa nahikoa zela egiaztatu ondoren, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2024ko martxoaren 13ko iragarkiaren bidez erabaki zen jendaurrean jartzea WPI Bilbao SL enpresak sustatutako proiektua 30 egun baliodunez, epe horren barruan egoki iritzitako alegazioak aurkezteko. Horretarako, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Eusko Jaurlaritzaren iragarkien taula elektronikoan argitaratu zen, 2024ko apirilaren 8an.

Jendaurrean jartzeko izapidea amaitu ondoren, alegaziorik ez dela aurkeztu egiaztatu zen.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen testu bateginaren 37., 38. eta 39. artikuluetan xedatutakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak txostenak eskatu zizkien Zierbenako Udalari, URA - Uraren Euskal Agentziari, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoari, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari, IHOBEri, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzari, Bilboko Portu Agintaritzari, Ekologistak Martxan elkarteari, Eguzkizaleak elkarteari, Bizkaiko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari, eta Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari.

Hala, entitate hauen txostenak jaso ziren: Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzen­daritzarena (2024ko apirilaren 24an), Ihoberena (2014ko maiatzaren 17an eta XX), Zierbenako Udalarena (2024ko maiatzaren 24an), Bizkaiko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzarena (2024ko maiatzaren 29an), Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzarena (2024ko ekainaren 4an), Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoarena (2024ko uztailaren 2an eta uztailaren 22an) eta URA - Uraren Euskal Agentziarena (2024ko abuztuaren 1ean).

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 38. artikulua aplikatuz, 2024ko abuztuaren 29an, organo substantiboak aldez aurreko izapideetan jasotako txostenak igorri zizkion sustatzaileari, hala bazegokion, proiektuaren bertsio berria eta ingurumen-inpaktuaren azterketa idaztean kontuan izateko.

2024ko irailaren 4an, sustatzaileak idazki bat bidali zuen. Zioenez, ez zen beharrezkoa aurkeztutako proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterketa aldatzea, baina jasotako txostenetan adierazitako zenbait ohar kontuan hartu ziren.

2024ko abenduaren 3an, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 40. artikuluan xedatutakoa betez, WPI BILBAO SLren esku utzi zen espedientea, eta espedientean dago horren emaitza.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren 10/2021 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko, kontserbatzeko eta hobetzeko arau-esparrua xedatzea.

Legeak ingurumenean eragina duten jardueren antolamendua arautzen du, ingurumena babesteko araudi sektorialean ezarritako prozedura administratiboak sinplifikatzeko eta bateratzeko premisapean. Hala, bertan xedatzen diren baldintzak eta eskakizunak jasotzen ditu, eta jarduerak garatzeko egon daitezkeen oztopo juridikoak eta administratiboak deuseztatzen ditu.

Era berean, 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak, abenduaren 16koak, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina onartzen duenak, 1. artikuluan ezartzen duenaren arabera, lege horren xedea da airearen, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea edo, besterik ezin bada, hura murriztea eta kontrolatzea, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integraturako sistema bat ezarriz, ingurumena, oro har, ahalik eta gehien babesteko.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 1. eranskinean jasota dauden jarduerak garatzen dira instalazioan; horietaz gainera, baimen honek barnean hartzen ditu aipatutako legearen aplikazio-eremuan sartzea ekarri zuten instalazioaren kokapenean garatzen diren jarduera guztiak, baita, eranskin horietan jasota ez egonik, jarduera horrekin lotura teknikoa dutenak eta sor daitezkeen emisioen eta kutsaduraren gainean ondorioak izan ditzaketenak ere.

Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartzen duen Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 9. artikuluan xedatutakoaren arabera, WPI Bilbao SL enpresak Zierbenan sustatzen duen hondakin solido plastikoak balorizatzeko proiektua Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen I. eranskineko 4.1.a) epigrafean sartzen da, bai eta I.A eranskineko 4.1 apartatuan ere. Beraz, jarduera hori egin ahal izateko, ingurumen-baimen bateratua lortu behar du.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoa aplikatuz, WPI Bilbao SL enpresak Zierbenan sustatutako hondakin solido plastikoak balorizatzeko proiektua Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen I. eranskineko 5a taldean eta II.D eranskineko 5a taldean jasota dago, eta, beraz, ingurumen-ebaluazio arruntaren prozedura bete behar du.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 11. artikuluan xedatuta dagoenaren arabera, baimen honen oinarrizko helburua da lege hau aplikatu behar duten instalazioei lege honen xedea betearazteko beharrezkoak diren baldintzak ezartzea, baimena ematerakoan esku hartu behar duten administrazio publiko guztien koordinazioa bermatzen duen prozedura baten bitartez, izapideak bizkortzeko eta partikularren zama administratiboak arintzeko, eta administrazioaren esku-hartze bakar batean batzea indarrean dagoen legerian jasotako ingurumen-baimen guztiak.

WPI Bilbao SLren kasuan, ingurumen-izaerako beste zehaztapenen artean, hondakinak sortu eta kudeatzeari, kolektorera isurtzeari, itsaso eta lehorraren arteko jabari publikora isurtzeari eta atmosferara eginiko emisioei dagozkien baimenak behar ditu. Gainera, espedientean beste administrazio eta organismo eskudun batzuek ere zegozkien txostenak eginez parte hartu dutela egiaztatu da.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 29. artikuluan xedatuaren arabera, ingurumen-baimen bateratua emateko prozedurak lehentasuna izango du administrazio eskudunek jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuak egiten dituzten herritarren jardueran esku hartzeko ezar dezaketen beste edozein bideren gainetik. Ondorio horietarako, ingurumen-baimen bateratua toki-agintarientzat loteslea izango da, baldin eta jarduerak egitea ukatzeko bada, edota zuzenketa-neurriak ezartzeko, baita 22. artikuluan jasotako ingurumen-alderdiei buruzko guztian ere.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 37. artikuluak ezartzen du ingurumen-baimen bateratuaren prozedurak, izapide guztietan, jarduera sailkatuaren lizentziaren prozedura ordeztuko duela.

EAEko Ingurumen Administrazioaren 10/2021 Legearen 31. artikuluan xedatzen denari jarraikiz, baimen hori, nolanahi ere, instalazioak eraiki, muntatu edo lekualdatu baino lehen eskuratu beharko da, eta instalazioetan egingo diren aldaketetara egokituko da.

Halaber, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 11.4 artikuluan eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 14. artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, autonomia-erkidegoek behar diren neurriak hartuko dituzte jarduketa hauek ingurumen-baimen bateratua emateko eta aldatzeko prozeduran sartzeko: ingurumen-inpaktua ebaluatzeko jarduketak, edo ingurumen-ebaluazioko beste figura batzuk, autonomia-erkidegoko araudian aurreikusiak, halakorik eska daitekeenean eta horretarako eskumena autonomia-erkidegoarena denean.

Era berean, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 43. artikuluko 4. apartatuaren arabera, ingurumen-baimen bateratuaren mendeko jarduera ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren mende badago, ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren berezko alderdiak jasoko ditu. Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 78. artikuluan adierazten denez, ingurumen-inpaktuaren adierazpenak prozeduraren mugarri nagusien laburpena jasoko du, eta zehaztuko du, ingurumen-efektuei begira, proiektua egitea bidezkoa den ala ez, eta, hala badagokio, zer baldintzatan gara daitekeen. Besteak beste, hartu beharko diren babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak eta jarraipena egiteko neurriak jasoko ditu.

Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 76.1 artikuluan ezarritakoa betez, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egingo zaie ingurumen-ebaluazioaren eremuan 5. taldean jasota dauden proiektuei:

D5 taldea. Industria kimikoa, petrokimikoa, ehungintza eta papergintza.

5.a) Eraldaketa kimiko edo biologikoaren bidez, produktu edo produktu multzo hauek eskala industrialean ekoizteko instalazioak:

1.– Produktu kimiko organikoak:

i) Hidrokarburo soilak (linealak edo ziklikoak, aseak edo asegabeak, alifatikoak edo aromatikoak).

Era berean, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 23.a) artikuluan xedatutakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko eskumena Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoari dagokionean, eta jarduera ingurumen-baimen bateratuaren erregimenaren eraginpean dagoenean, ingurumen-baimen bateratuaren prozedura eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura bateratu egingo dira. Gainera, ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren edukia ingurumen-baimen bateratuaren parte izango da, eta ekintza administratibo berean egingo dira bi adierazpen horiek.

Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginean adierazitakoari jarraikiz, ingurumen-organoak neurriak hartu ditu ingurumen-inpaktua ebaluatzeko jarduerak ingurumen-baimen bateratuaren prozeduran txertatzeko. Alde horretatik, aipatutako prozedura horren izapideetan, proiektuak ingurumenean izan ditzakeen eragin guztiak batera bildurik hartu dira kontuan, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko araudiaren ikuspegitik, eta abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginean jasotako ingurumen-preskripzioen ikuspegitik zehaztearren proiektuaren bideragarritasuna zenbaterainokoa den. Bateratze hori ikus daiteke, halaber, ingurumen-baimen bateratua emateko ebazpen-proposamenaren aurreko proiektuaren balioespen orokorrean. Ebazpen honetan ere sartuta dago ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aipatutako prozesuaren emaitza. Horretarako, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten du lehenengo apartatuan, aldeko irizpenarekin, eta aukeratutako kokapenean proiektua bideragarria dela adierazten du, ingurumen-ondorioei soilik erreparatuta; proiektua zer baldintzatan gauzatu behar den ere ezartzen du, eta baldintza horiek koherenteak dira abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina aplikatuz proiektuari ezarriko zaizkion zuzenketa-neurriekin.

Azkenik, instalazioan jatorria izan lezaketen substantzia kutsagarrien emisioen muga-balioak zehazteko, bai eta instalazioaren beste ustiapen-baldintza batzuk ere, betiere ingurumena bere osoan ahalik eta gehien babesteko, ebazpen hau egitean kontuan izan dira teknika erabilgarri onenak, eta aplikatzekoa den sektoreko legeriak zehaztutako neurriak eta baldintzak. Zehazki, honako hauek kontuan hartu dira:

– Batzordearen 2017ko azaroaren 21eko 2017/2117 (EB) Betearazpen Erabakia, zeinaren bidez ezartzen baitira teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauari jarraikiz (ekoizpen bolumen handiko industria kimiko organikoari buruzko zuzentaraua).

– Batzordearen 2016ko maiatzaren 30eko 2016/902 (EB) Betearazpen Erabakia, sektore kimikoan hondakin-ur eta -gasen tratamendu- eta kudeaketa-sistema komunetarako teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezartzen dituena, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauari jarraikiz.

– Batzordearen 2022ko abenduaren 6ko 2022/2427 (EB) Betearazpen Erabakia, zeinaren bidez ezartzen baitira teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauaren esparruan (sektore kimikoko hondakin-urak eta -gasak tratatzeko eta kudeatzeko sistema komunetarako zuzentaraua).

Azaldu dugun guztia aintzat hartuta, espedientean jaso den informazioa aztertutakoan ebazpen-proposamena egin zen, eta bertan jaso ziren WPI Bilbao SLk sustatutako jarduerari aplikatu beharreko baldintzak.

Goian adierazitako izapideak aipatu dugunaren arabera amaituta, entzunaldi-izapidea bete da, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren 10/2021 Legearen 40. artikuluan jasotzen denari jarraikiz.

Hauek ikusi dira: sailburuordetza honen 2024ko abenduaren 3ko Ebazpena; 10/2021 Legea, EAEko Ingurumen Administrazioarena, 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioarena; 7/2022 Legea, apirilaren 8koa, Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzekoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta oro har aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren aldeko adierazpena egitea WPI Bilbao SL enpresak Zierbenan (Refragidas kalea 5L, Bilboko Portua, AZ-1 kaia, 48508 Zierbena, Bizkaia) sustatzen duen hondakin solido plastikoak balorizatzeko proiektuarentzat, ebazpen honen eranskinetan ezarritako baldintzetan.

Bigarrena.– WPI Bilbao SLri (egoitza soziala: Izarraitz auzoa 511 - Behea 1, 20730 Azpeitia, Gipuzkoa; eta IFK: B67779686) ingurumen-inpaktuaren aldeko adierazpena ematea Zierbenan (Refragidas kalea 5L, Bilboko Portua, AZ-1 kaia, 48508 Zierbena, Bizkaia) duen hondakin solido plastikoak balorizatzeko instalazioarentzat, ebazpen honen eranskinetan ezarritako baldintzetan.

Hirugarrena.– Proiektua gauzatzeko obrak hasteko, aurkeztutako dokumentazioan proposatutako babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriez gain, aurretiaz eduki beharko da lurzoru-kalitatearen adierazpena, kokagunea aurreikusitako erabilerarako egokia dela zehazten duena.

Laugarrena.– Ebazpen honen eranskinetan zehazten diren baldintzak eta betekizunak ezartzea WPI Bilbao SL enpresak Zierbenako udal-mugartean (Bizkaia) sustatzen duen hondakin solido plastikoak balorizatzeko instalazioa egokitzeko obretarako, ustiapenerako eta jardunari uzteko.

Bosgarrena.– AAI00445 erregistro-kodea eta 4820217074 ingurumeneko identifikazio-zenbakia (NIMA) esleitzea WPI Bilbao SL enpresak Zierbenan (Refragidas kalea 5L, Bilboko Portua, AZ-1 kaia, 48508 Zierbena, Bizkaia) ustiatzen duen instalazioari. Kokalekua: UTM (ETRS89) 30N, X: 495619.65, Y: 4800737.587.

Seigarrena.– Ingurumen-baimen bateratu honi lotutako baimen- eta inskripzio-kodeak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako aplikazio informatikoan agertzen direnak izango dira. Besteak beste, Hondakinen Ekoizpen eta Kudeaketa Erregistroko baimen- eta inskripzio-kodeak erabili beharko dira hondakinak lekualdatzeko dokumentuak betetzeko.

Zazpigarrena.– Baimen honen eraginkortasuna eta baimendutako hondakin-kudeaketaren hasiera baldintzatuko ditu aurretiaz egiaztapenak. Ikuskatze-bisita egingo dute ingurumen-organo honi atxikitako zerbitzu teknikoek, instalazioak aurkeztutako proiektuaren eta ebazpen honetan xedatutakoaren arabera eta Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 33.7 artikuluan xedatutakoari jarraikiz eraiki eta hornitu direla egiaztatzeko.

Instalazioa ezingo da abiarazi ingurumen-baimen bateratuaren onespena izan arte. Hala ere, probaldian abiarazteko aldi bat baimenduko da, gehienez ere bost hilabetekoa. Probaldi horretan, besteak beste, zuzenketa-neurrien eraginkortasuna egiaztatuko da. Epe horretan, baimen honetako baldintza partikularren atalean ezarritako neurketak egingo dira, eta horien emaitzak organo honi igorriko zaizkio, lehen aipatutako ikuskatze-bisita horren aurretik.

Zortzigarrena.– Ingurumen-baimen bateratua eman zaion jarduera hasteko epea lau urtekoa da.

Bederatzigarrena.– WPI Bilbao SLri eskatzea erantzun bat eman diezaiela, adierazitako epean, gai hauei:

1.– Instalazioaren eraikuntza amaituta, instalazioak martxan jartzeko gaituta daudenean, eta, hala badagokio, lizentziak, baimenak, jakinarazpenak edo inskripzioak eduki beharko ditu dagozkion erregistro sektorialetan:

– Organo honi eta Udalari teknikari eskudun batek sinatutako ziurtagiria aurkeztea, baimenaren helburu den jarduketa motaren arabera, egiaztatuko duena instalazioak onartutako proiektura egokitzen direla eta bete direla ingurumen-baimen bateratuan ezarritako baldintzak.

– As built proiektua; emisio atmosferikoen fokuen datuak (altuera, diametroa eta koordenatuak) eta uretara isurtzeko puntuen koordenatuak sartu beharko dira.

– Erantzukizun zibileko asegurua, ebazpen honetan ezartzen denarekin bat etorriz.

– Ingurumen-arriskuen analisia (IAA) eta, hala badagokio, ingurumen-erantzukizunari buruzko araudiko finantza-bermea eratu izanaren egiaztagiria.

– Lurzoruen txosten bakarra.

– Lurzoruaren egoerari buruzko txostena, as built proiektuan oinarrituta.

– Oinarrizko txostena.

– Lurzoruen eta lurpeko uren kontrola eta jarraipena.

– Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak bere txostenean eskatutako eskakizunak aurkeztu izanaren justifikazioa.

– Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina.

– Espero diren immisioen modelizazioa (indize akustiko hauen ebaluazioa: Lk,d, Lk,e eta Lk,n), zarata-fokuen emisio-datu errealetatik abiatuta, eta instalazioaren ebaluazio akustikoaren txostena, ezarritako gehieneko emisioen muga-balioak betetzen direla egiaztatzen duena.

Dokumentazio hori aurkeztutakoan, jarduketa martxan jarri ahal izango da. Nolanahi ere, administrazio publikoek beren eskumenen arloetan egiaztapen-, kontrol- eta ikuskapen-gaitasunak baliatu ahal izango dituzte.

2.– Jarduera hasi eta 6 hilabeteko epean:

– Tratamendu-kontratuak, sortzen diren hondakin arriskugabeen eta arriskutsuen kudeatzaile baimendu batek emandakoak.

– Ingurumen-lankidetzako erakundeak (ILE) emisio atmosferikoen fokuei buruz egindako txostena.

3.– Bilboko Portuko hutseko saneamendu-sarea martxan jartzen denean (2025eko abuztuan):

– Kolektorera isurtzeko baimena, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren Saneamenduari eta Arazketari buruzko Ordenantzak agintzen duen moduan.

4.– Pirolisi-olioa, nafta ekologikoa eta diesel ekologikoa produktu gisa lehenengoz isuri aurretik:

– Hondakin izateari uzteko baldintzak betetzen direla egiaztatzen duen informazioa, «Hondakinen Kudeaketa - Baldintza Partikularrak» eta «Hondakinen Kudeaketa - Baldintza Orokorrak» ataletan ezarritakoari jarraikiz.

Eskatutako dokumentazio hori guztia Nire Karpetatik aurkeztuko da, AAI00445_SOL_2023_002 espedientearen barruan. Espediente hori itxita badago, dokumentazioa aurkezteko espediente bat irekiko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako aplikazio informatikoaren bidez, eta adieraziko da aipatutako hasierako eskaera-espedienteari lotutako dokumentazioa dela.

Jakinarazpenak jasotako edo harekin batera aurkeztutako datuak, adierazpenak edo dokumentuak zehatzak ez badira, faltsututa badaude edo funtsezko zerbait agertzen ez bada, edo horrelakorik aurkezten ez bada, ezin izango da jarduera egiten jarraitu gertakari horien berri izaten den unetik, kasu horretan egon litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboei kalterik egin gabe.

Hamargarrena.– Babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa aldatzeko aukera egongo da, bai eta neurtu behar diren parametroak, neurketen maiztasuna eta parametroen mugak ere, hala komeni bada araudi berriak indarrean jartzen direlako edo inplikatutako sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharragatik. Era berean, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu egin daitezke jardueraren sustatzaileak hala eskatuta edo ofizioz, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.

Hamaikagarrena.– Instalazioetan edozer aldaketa egiteko, eskaera egin beharko da, edo horren berri eman beharko da, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-informazioko sisteman, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 30. eta 45. artikuluen ondoreetarako (funtsezko aldaketak), artikulu horietan kasuan-kasuan eskatzen den informazioa adierazita.

Sustatzaileak aldaketa bat funtsezkoa ez dela justifikatzeko agirien kasuan, ingurumen-organoak eskatutako aldaketa aztertu eta kalifikatuko du, funtsezkoa dela edo ez ebazteko.

Egin beharreko aldaketen eskaerarekin edo jakinarazpenarekin batera, kasu bakoitzerako eskatutako informazioarekin batera, webgunean eskuragarri dagoen formularioa sartu behar da:

https://www.euskadi.eus/contenidos/serv_proc_comunicacion/p_comu_20194 158 89 9329/procedures/proc_20194 158 89 9905/es_def/adjuntos/Formulario_modificaciones.docx

Era berean, proiektua aldatzen den kasuetan, aplikatzekoa izango da Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1.c) eta 7.2.c) artikuluetan xedatutakoa.

Baldin eta aldaketak lurzoru berria okupatzea aurreikusten badu eta aipatutako lurzoruak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak baditu edo izan baditu, aldaketa gauzatu aurretik, hartu beharreko kokalekuaren lurzoru-kalitatearen deklarazioa eduki beharko da, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoari jarraikiz.

Hamabigarrena.– WPI Bilbao SLk Administrazioarekiko harremanen goi-mailako tituludun arduradunari buruz emandako datuen edozein aldaketaren berri emango dio ingurumen-organo honi.

Hamahirugarrena.– Ingurumen-baimen bateratuaren indarraldia mugagabea da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoan aldian-aldian berrikusiko du, ingurumen-baimenen aurrerapen-klausulari jarraikiz.

Ingurumen-baimen bateratuaren berrikuspena ofizioz egingo da kasu hauetan:

a) Instalazioak eragindako kutsaduraren ondorioz ezarritako emisioen muga-balioak berrikustea edo berriak hartzea komeni denean.

b) Isurketak nabarmen murriztu daitezkeenean, teknika erabilgarri onenetan egindako aldaketa handien ondorioz gehiegizko kosturik izan gabe.

c) Arroko organismoak, urei buruzko legedian xedatutakoaren arabera, uste badu ingurumen-baimen bateratua berrikustea edo aldatzea justifikatzen duten inguruabarrak daudela, Estatuko Administrazio Orokorrak kudeaturiko arroetako jabari publiko hidraulikora egindako isurketei dagokienez. Kasu horretan, arroko organismoak, txosten lotesle bidez, organo eskudunera joko du ingurumen-baimen bateratua eman dezan, gehienez ere hogei eguneko epean hasteko aldaketa-prozesua.

d) Prozesuaren edo jarduketaren funtzionamenduaren segurtasunagatik beste teknika batzuk erabili behar direnean.

e) Instalazioari aplikagarri zaion sektoreko legediak hala eskatzen badu, edo abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 22.3 artikuluari jarraikiz, ingurumen-kalitateko arau berriak edo berrikusiak betetzea beharrezkoa bada.

f) Teknika erabilgarri onenak erabiliz lor litezkeenak baino baldintza osagarri zorrotzagoak aplikatzea beharrezkoa denean, ingurumen-kalitateko arauak beteko badira.

g) Aplikatu beharreko araudi berria indarrean jartzen denean.

h) Ingurunearen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharra ikusten denean, bereziki inplikatutako sistemen hauskortasuna areagotzen dela antzematen bada.

i) Ingurumena zaintzeko programan jasotako emaitzen edo bestelako oharren arabera, ingurumen-inpakturako ezarritako babes-, zuzenketa- edo konpentsazio-neurriak aski ez direla egiaztatzen bada.

j) Aldaketa beharrezkoa denean, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 44. artikuluko 1. apartatuan ezarritakoari jarraikiz egindako azterketaren arabera.

Ingurumen-baimen bateratua berrikusteak ez du kalte-ordainerako eskubiderik ekarriko, EAEko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 44.5 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamalaugarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren 10/2021 Legearen 28.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, WPI Bilbao SLk ebazpen honen xede den hondakin solido plastikoak balorizatzeko jardueran gerta litekeen titulartasun-aldaketa oro jakinarazi beharko dio ingurumen-organo honi, azken horrek onar dezan.

Hamabosgarrena.– Baimen honek balioa galduko du honelakoren bat gertatuz gero:

– Epean ez bada egiaztatzen ebazpen honen zortzigarren apartatuan ezarritako baldintzak betetzen direla, non eta interesdunak ez duen behar bezala justifikatuz epea luzatzeko eskatzen.

– Lau urteko epean ez bada abiarazten ebazpen honen zortzigarren apartatuan baimentzen den jarduera, non eta interesdunak ez duen behar bezala justifikatuz epea luzatzeko eskatzen.

– WPI Bilbao SL enpresaren nortasun juridikoa iraungitzea, indarrean dauden arauek aurreikusitako kasuetan.

Hamaseigarrena.– Ingurumen-baimen bateratu honetan ezarritako baldintzak ez betetzea arau-hauste astun gisa tipifikatuta dago Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 106. artikuluari jarraituz, eta lege horren 108. artikuluan jasotako zigorrak ezartzea ekar dezake.

Hamazazpigarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea WPI Bilbao SLri, Zierbenako Udalari, ingurumen-baimen bateratua emateko prozeduran parte hartu duten organismoei eta gainerako interesdunei.

Hemezortzigarrena.– Ingurumen-baimen bateratu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Errekurtsoak:

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko abenduaren 4a.

Ingurumen Jasangarritasunaren sailburuordea,

JOSU BILBAO BEGOÑA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala