
144. zk., 2025eko uztailaren 31, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (146 KB - 3 orri.)
- EPUB (113 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
OGASUN ETA FINANTZA SAILA
3361
146/2025 DEKRETUA, uztailaren 15ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren 2025erako Aurrekontuan kredituak sartzeari buruzkoa, ekainaren 24ko 895/2011 Errege Dekretuaren bidez Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren ikuskaritzako funtzio publikoaren arloan Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatutako eginkizunak gehitzearen ondorioz.
Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean dauden lege-xedapenen Testu Bateginaren 75. artikuluak honako hau ezartzen du (testu bategin hori maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuak onartu zuen, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio eta partzuergoei aplikatu beharreko aurrekontu-araubidea): Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen edo zerbitzu berriak eskuratzen baditu Estatutik, eskumen-aldaketaren ondorioz sortutako betebeharrak eta likidatuko diren ekonomia-eskubideak betetzeko behar diren kredituak txertatu beharko dira aurrekontu orokorretan. Halaber, Transferentzien Batzorde Mistoaren erabakia Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian azken aldiz argitaratu eta hogei egun baliodun igaro baino lehen, Jaurlaritzak eskumen edo zerbitzu berriari dagozkion gastuen eta sarreren egoera-orria onartuko du eskumenaren edo zerbitzuaren transferentzia gauzatu den ekonomia-ekitaldia amaitu arte gelditzen den aldirako.
2025eko ekainaren 24ko Estatuko Aldizkari Ofizialean, ekainaren 17ko 512/2025 Errege Dekretua argitaratu zen, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren ikuskaritzako funtzio publikoaren arloan Estatuko Administrazioaren eginkizunak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeari buruzkoa. Halaber, 2025eko ekainaren 24ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ekainaren 17ko 127/2025 Dekretua argitaratu zen, zeinaren bidez onartzen baita aipatutako arloari dagokionez Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoak hartutako erabaki bat, zehazki, ekainaren 24ko 895/2011 Errege Dekretuaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatutako Estatuko Administrazioaren eginkizunak zabaltzekoa.
Horrenbestez, Ogasun eta Finantzetako sailburuak eta Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak, 2025eko uztailaren 15eko bilkuran, proposamena eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Kredituak txertatzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren 2025eko aurrekontuan.
1.– 20.572,00 euroko gastuen egoera-orria onartzen da, betebehar hauei aurre egiteko behar den zenbatekoaz osatua: Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren ikuskaritzako funtzio publikoaren arloan Estatutik hartutako eginkizun eta zerbitzu berrien ondoriozko betebeharrak.
2.– Jasotako eskumen berriari dagokion sarreren egoera-orria 20.572,00 eurokoa da.
3.– Aurreko apartatuetan aipatzen diren sarreren eta gastuen egoera-orriak 2025eko uztailaren 1etik 2025eko abenduaren 31ra arteko aldiari dagozkio. Honela xehatzen dira:
Gastuak:
3112 programa – Lana.
(Ikus .PDF)
Diru-sarrerak:
9111 programa – Foru-aldundien ekarpenak.
(Ikus .PDF)
2. artikulua.– Kredituak txertatzearen ondorioak.
1.– Ogasun eta Finantza Sailak aurreko artikuluan aipatu diren gastuen eta sarreren egoera-orriak integratuko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko aurrekontuan, dagozkion ondorio juridikoak izan ditzan, eta, bereziki, egoera-orri horien kontabilitatea, exekuzioa eta ondorengo likidazioa egoki gauza daitezen.
2.– Urriaren 7ko 4/2021 Legearen bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontuak finantzatzeko foru-aldundiek egin beharreko ekarpenak zehazteko eta baliabideak egoki banatzeko metodologia onartu zen 2022-2026 aldirako; bada, metodologia horren 8. artikuluaren 1. apartatuan xedatzen denarekin bat etorriz, Kupoaren metodologiatik datozenei –aipatutako metodologiaren 2. artikuluan zehaztuak– beste kenkari gehigarri bat egingo zaie 2025eko ekitaldian, 20.572,00 eurokoa.
3.– Aurreko apartatuan adierazitako metodologiaren 8. artikuluko 3. apartatuak xedatutakoarekin bat etorriz, eta eskualdatze berriak finantzatze aldera, foru-aldundiek Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiari ekarpen berezi eta osagarri bat egingo diote 2025eko ekitaldian; 20.572,00 euroko ekarpena, hain zuzen ere.
4.– Aurreko 2. eta 3. zenbakietan adierazitako ondorioak egun honetatik aurrera aplikatuko dira: itsasertza antolatu eta kudeatzeko arloko eginkizunak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzea eraginkorra den egunetik aurrera.
3. artikulua.– Kupoan minorazio bat aldatzearen ondorioak.
1.– Apirilaren 3ko 10/2023 Legeak Euskadiko Kupoa zehazteko metodologia onartu zuen 2022-2026 bosturterako; bada, metodologia horren 11. artikuluaren lehen eta bigarren apartatuen arabera, 2025eko ekitaldiko kupo likidoaren minorazio efektiboaren ondoriozko emaitza izango da behin betiko zenbatuko dena dekretu honen aurreko artikuluaren 2. zenbakian aipatutako kenkari gehigarrian.
2.– Emaitza hori bera zenbatuko da, halaber, dekretu honen aurreko artikuluko 3. apartatuan aipatu den ekarpen berezi eta osagarrian.
3.– Baimena ematen zaio Ogasun eta Finantza Sailari artikulu honetan ezarritakoa aplikatzearen ondorioz egin behar den aldaketa oro egiteko.
4. artikulua.– Eusko Legebiltzarrari jakinaraztea.
Ogasun eta Finantza Sailak, Eusko Jaurlaritzaren izenean, Eusko Legebiltzarreko Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontu Batzordeari jakinaraziko dio dekretu honetan xedatutakoaren babesean egindako kreditu-kontsignazioa.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA.– Indarrean jartzea.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean, eta 2025eko uztailaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak, orduan gehituko baitira dekretuan aipatzen diren eginkizun eskualdatuak.
Vitoria-Gasteizen, 2025eko uztailaren 15ean.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua,
MIGUEL TORRES LORENZO.
Ogasun eta Finantzetako sailburua,
NOËL D'ANJOU OLAIZOLA.
RSS