Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

144. zk., 2025eko uztailaren 31, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Izendapenak, egoerak eta gorabeherak

JUSTIZIA ETA GIZA ESKUBIDEEN SAILA
3355

AGINDUA, 2025eko ekainaren 5ekoa, Justizia eta Giza Eskubideen sailburuarena, zeinaren bidez behin betiko ebazten baita honako lekualdatze-lehiaketa arrunt hau: Justizia Administrazioaren Prozesu eta Administrazio Kudeaketako, Prozesu eta Administrazio Izapidetzeko eta Laguntza Judizialeko kidegoetako eta eskaletako funtzionarioen arteko plaza hutsetarako lekualdatze-lehiaketa arrunta, 2025eko urtarrilaren 16ko Aginduaren bidez iragarria.

Oinarri hartu da honako hauetan xedatutakoa: Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 524. artikulua eta hurrengoak (abenduaren 23ko 19/2003 Lege Organikoak eta abenduaren 28ko 4/2018 Lege Organikoak aldatu zuten lege hori), Justizia Administrazioko Funtzionarioen Sarbiderako, Lanpostu Hornikuntzarako eta Lanbide Sustapenerako Arautegiaren 43. artikulua eta hurrengoak eta xedapen indargabetzaile bakarra (abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen arautegi hori) eta 2025eko urtarrilaren 16ko Aginduaren bederatzigarren oinarria (urtarrilaren 24ko aldizkari ofiziala) –agindu horren bidez, lekualdatze-lehiaketarako deialdia egiten da, Justizia Administrazioaren Prozesu eta Administrazio Kudeaketako, Prozesu eta Administrazio Izapidetzeko eta Laguntza Judizialeko kidegoetako eta eskaletako funtzionarioen arteko lekualdatze-lehiaketa–. Bada, horiek guztiak kontuan hartuta, honako hau

xedatzen da:

Lehenengoa.– Behin betiko ebaztea (eranskinean adierazi bezala) Justizia Administrazioaren honako kidego eta eskala hauetako funtzionarioen arteko lekualdatze-lehiaketa: Prozesu eta Administrazio Kudeaketa, Prozesu eta Administrazio Izapidetzea eta Laguntza Judiziala. Lehiaketarako deialdia 2025eko urtarrilaren 16ko Aginduaren bidez egin zen.

Bigarrena.– Lekualdatze-lehiaketatik kanpo uztea Presidentetza, Justizia eta Gorteekiko Harremanetarako Ministerioaren webgunean zerrendatutako funtzionarioak: kudeaketa, Izapidetze eta Laguntzako 2024ko lehiaketa arrunta.

(https://www.mjusticia.gob.es/es/ciudadania/empleo-publico/concursos-traslados/concurso-ordinario-gta-2024)

Aurretik aipatutako web-orrian adieraztea lehiaketaren behin betiko ebazpenean kontuan hartu diren lehentasunak.

Hirugarrena.– Adieraztea destinorik eman ez zaien eskabideak, lehiaketa honetako partaideek aurkeztuak, hain zuzen, iraungi direla. Beraz, hurrengo lekualdatze-lehiaketetan ez dira kontuan hartuko.

Laugarrena.– Lehiaketa honetan adjudikatu ez diren plazak plaza huts betegabe deklaratzea eta funtzionario sartu berriek betetzea baldin eta plaza horiek amortizatu nahi ez badituzte, zerbitzuaren premiak direla-eta. Plaza huts gisa ere iragarri ahal izango dira berriro lehiaketa arruntean, ez bada hautaketa-prozesuen deialdirik egiten edo egiten den enplegu-eskaintza publikoan betegabe dauden plaza huts guztiak iragarri behar ez badira.

Bosgarrena.– Jardunean edo zerbitzu berezietan dauden funtzionarioei dagokienez, betiere funtzionario horiek lehiaketa honetako ezein kidegotan edo eskalatan berriro sartzen ez badira (ez dira hor barne hartzen behin-behinean berriro sartu diren funtzionarioak), ondoko egun hauetan utziko dute lanpostua: Prozesu eta Administrazio Izapidetzekoek 2025eko ekainaren 20an (ostirala); Prozesu eta Administrazio Kudeaketakoek eta Laguntza Judizialekoek 2025eko ekainaren 24an (asteartea).

Lanpostu bat zerbitzu-eginkizunetan betetzen ari diren funtzionarioek, kargu-uztea formalizatzeko, ez dute zertan erreserbatuta daukaten jatorriko organo judizialera joan; aitzitik, zerbitzuak ematen diharduten organoan egin ahalko dute eta, horretarako, gerentziek eta autonomia-erkidego eskudunek lehiaketariak zerbitzu-eginkizunean diharduen organoari helaraziko dizkiote dokumentuak. Langile horiei dagokien lanpostuaz jabetzeko epea zenbatzeko, kontuan hartuko dira zerbitzu-eginkizunetan benetan betetzen ari den lanpostuaren herria –ez erreserbatuta daukan lanpostuarena– eta lehiaketan lortutako lanpostuaren herria.

Seigarrena.– Aurreko puntuan zehaztutako funtzionarioei dagokienez, lehiaketa bidez lorturiko destino berriaz jabetzea hiru egun balioduneko epearen barruan egingo da, kargu-uztearen egunaren biharamunetik zenbatzen hasita, funtzionarioak herriz aldatu behar ez badu; epea zortzi egun baliodunekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen beste herri batera aldatu behar badu, eta hogei egun baliodunekoa baldin eta beste autonomia-erkidego batera joan behar badu, honako kasu hauetan izan ezik: Kanarietako Autonomia Erkidegoa, Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoa, Ceutako Hiri Autonomoa eta Melillako Hiri Autonomoa; kasu horietan hurrengo hila izango da, bai irletako nahiz hirietako lanpostua jatorrikoa bada, bai destinokoa bada. Interesdunei emandako baimenak edo lizentziak (oporrak barnean direla) amaitzen direnean gertatuko da kargu-uztea, eta lanpostuaz jabetzeko epeak zenbatzen hasiko dira; kasu horretan, pertsona horiek euren lanpostuan hasten diren egunean bertan utziko dute kargua, eta orduan hasiko da zenbatzen lanpostuaz jabetzeko epea. Jabetza hartu ondoren, lanpostuaz jabetzeko epea zerbitzu aktibo gisa hartuko da ondorio guztietarako. Lanpostuaz jabetzeko epea lehiaketa honetan lortutako plazaren gaineko eskumena duen administrazioak ordainduko du.

Zazpigarrena.– Senitartekoak zaintzeagatiko borondatezko eszedentzian, sektore publikoan zerbitzuak emateagatiko borondatezko eszedentzian, interes partikularrengatiko borondatezko eszedentzian, familia elkartzeagatiko borondatezko eszedentzian edo eginkizun-gabetzean diren funtzionarioen kasuan, puntu horretan behin-behinean atxikita dauden funtzionarioak sartuta, aginduak badakar zerbitzu aktiboan Justizia Administrazioaren Prozesu eta Administrazio Kudeaketako, Prozesu eta Administrazio Izapidetzeko edo Laguntza Judizialeko kidego eta eskaletan berriro hastea, lanpostuaz jabetzeko epea hogei egun baliodunekoa izango da eta agindu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik aurrera zenbatuko da. Lanpostuaz jabetzeko epe hori ez da ordainduko.

Lehiaketa honen bitartez berriro sartzen diren funtzionarioei dagokienez, baldin eta berriro sartzen diren kidego edo eskalari behin-behinean atxikita badaude edo Justizia Administrazioko beste kidego eta eskala batean aktiboan badaude eta Justizia Administrazioarekiko zerbitzu-harremana etetea nahi ez badute, aski izango da jabetzarako hogei egun balioduneko epearen barruan kidego edo eskala berrian gauzatzea jabetzea, eta lehengo destinoko lanpostutik kendu egingo dira lanpostu berriaz jabetu aurreko egunean. Horretarako, lanpostuaz jabetzeko ezinbestekoa den denbora izateko, autonomia-erkidego eskudunari edo egungo destinoko Justiziako Lurralde Gerentziari baimen ordaindu bat eskatu ahal izango diote: bi egun baliodunekoa, herriz aldatzen badira, edo hiru egun baliodunekoa, Kanarietara, Balear Uharteetara, Ceutara edo Melillara mugitu behar badute. Edonola ere, lanpostuaz jabetzeko epearen barruan baliatu behar dira egun horiek. Destino berrian, aipatutako baimen-egunen barruan jabetu behar dute lanpostuaz.

Autonomia-erkidego eskudunak edo dagokion lurralde-gerentziak ofiziozko eszedentzia emango diete jatorriko eskala edo kidegoan, baldin eta eszedentzia hori Justizia Administrazioaren zerbitzuan dagoen kidego edo eskala batean gertatzen bada; izan ere, destino hartako lanpostua utzi dutela ondorioztatuko da Prozesu eta Administrazio Kudeaketako, Prozesu eta Administrazio Izapidetzeko edo Laguntza Judizialeko kidego edo eskalan lanpostuaz jabetu aurreko egunean, ordainsariak jasotzean etenik izan ez dadin.

Adjudikatutako plaza horiek betetzen ari diren bitarteko funtzionarioek utzi egingo dituzte lanpostuok, titularra lanpostuaz jabetzearen ondorioz.

Zortzigarrena.– Berriro sartzen diren funtzionarioen kasuan (zazpigarren puntuan adierazitakoak), funtzionarioa ekainaren 20a edo 24a baino lehenago jabetzen bada lanpostuaz zerbitzu aktiboan, zerbitzu berezietan edo senitartekoak zaintzeko eszedentzian destinatutako funtzionario bat dagoen edo behin-behineko atxikipena duen funtzionario bat (lehiaketan postua lortuta lekuz aldatu beharko lukeena) dagoen organo judizial batean, ez zaio jarraituko postua uzteko bosgarren puntuan ezarritako ordenari; honela egingo da:

Berriro sartzen den funtzionarioa lanpostuaz jabetuko da.

Berriro sartzen den funtzionarioa lanpostuaz jabetzen denean utziko du lanpostua zerbitzu aktiboan, zerbitzu berezietan edo senitartekoak zaintzeko eszedentzian dagoen edo behin-behineko atxikipena duen funtzionarioak, eta orduan hasiko zaio funtzionario horri kontatzen lanpostuaz jabetzeko epea, seigarren puntuan adierazitakoa.

Oraindik postua utzi ez duen funtzionario batek okupatutako organo judizial batean jabetzen bada lanpostuaz b) apartatuan postua utzi duen funtzionarioa, a) eta b) puntuetan adierazitako eran jardungo da, eta horrela hurrenez hurren.

Zerbitzu aktiboan, zerbitzu berezietan edo senitartekoak zaintzeko borondatezko eszedentzian dagoen funtzionarioa lanpostuaz jabetzean, berriro sartu behar duen funtzionarioak edo behin-behineko atxikipena duen funtzionarioak oraindik ez badu lanpostua uztea aukeratu, hala badagokio, edo lanpostuaz jabetzea aukeratu, honela jardun beharko da:

Zerbitzu aktiboan, zerbitzu berezietan edo senitartekoak zaintzeko eszedentzian dagoen funtzionarioa lanpostuaz jabetuko da.

Zerbitzu aktiboan, zerbitzu berezietan edo senitartekoak zaintzeko eszedentzian dagoen funtzionarioa lanpostuaz jabetzen den egun berean utziko du postua, hala badagokio, edo lanpostuaz jabetzea aukeratuko du berriro sartu behar duen edo behin-behineko atxikipena duen funtzionarioak, eta orduan hasiko zaio kontatzen lanpostuaz jabetzeko epea, zazpigarren puntuan adierazitakoa.

Lanpostua utzi duen edo lanpostuaz jabetzea aukeratu duen e) apartatuko funtzionarioa –berriro sartu dena edo behin-behineko atxikipena duena– oraindik lanpostua utzi ez duen beste batek okupatutako organo judizial batean jabetzen bada lanpostuaz, d) eta e) puntuetan bezala jardungo da, eta horrela hurrenez hurren.

Bederatzigarrena.– Justizia Zerbitzu Publikoaren efizientzia-neurriei buruzko urtarrilaren 2ko 1/2025 Lege Organikoaren lehenengo xedapen gehigarriak honako hau adierazten du:

Epaitegi eta auzitegiei buruzko aipamenak: Auzialdiko auzitegiak modu eraginkorrean eratu eta ezarri ondoren, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoan epaitegi eta auzitegiei egiten zaizkien aipamen orokorrak azken horiei buruzkoak direla ulertuko da, edo horietan lan egiten duten epaile eta magistratuei buruzkoak. Legeetan eta gure ordenamendu juridikoko gainerako xedapenetan lehen auzialdiko eta instrukzioko epaitegiei, lehen auzialdiko epaitegiei, merkataritza-arlokoei, instrukzio-epaitegiei, emakumeen aurkako indarkeriaren epaitegiei, zigor-arlokoei, adingabeen arlokoei, espetxe-zaintzaren arlokoei, administrazioarekiko auzien arlokoei eta lan-arlokoei egindako erreferentziak auzialdiko auzitegietako dagokion jurisdikzio-ordenako atalei buruzkoak direla ulertuko da, lege honetan aurreikusitakoarekin bat etorriz. Halakotzat hartuko dira, halaber, epaitegi zentralei egiten zaizkien erreferentziak, auzialdiko auzitegi zentraleko atalei dagokienez.

Azaldutakoa dela bide, hau jakinarazten da:

1. Kargu-uzteak: guztiak 2025eko uztailaren 1a baino lehen egingo dira, agindu honen seigarren puntuan ezarritako kasuetan izan ezik; beraz, epaitegi eta auzitegiei buruzko aipamena auzialdiko auzitegiak ezarri aurreko organo judizialei egin zaiela ulertuko da. Seigarren puntuan aipatutako kasuetan, zeinak adierazten baitu kargu-uztea eta lanpostuaz jabetzeko epeen zenbaketa baimenak edo lizentziak amaitzen direnean gertatuko direla, kargu-uzteak 2025eko uztailaren 1aren ondoren gertatzen badira, ulertuko da 1/2025 Lege Organikoaren arabera eratutako eta ezarritako organo berriei buruzkoak direla.

2. Jabetzeak: Jabetzeak 2025eko uztailaren 1a baino lehen gertatzen badira, ulertuko da epaitegi eta auzitegiei eginiko aipamena auzialdiko auzitegiak ezarri aurreko organo judizialei eginikoa dela.

Jabetzeak 2025eko uztailaren 1a baino geroago gertatzen badira, ulertuko da epaitegi eta auzitegiei eginiko aipamena 1/2025 Lege Organikoaren arabera eratutako eta ezarritako organo berriei eginikoa dela.

Hamargarrena.– Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Justizia eta Giza Eskubideen sailburuari, hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoaren arabera, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunean, bi hileko epean, agindua Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hala xedatuta baitago Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/98 Legearen 9. artikuluan.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 5a.

Justizia eta Giza Eskubideen sailburua,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala