Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

140. zk., 2025eko uztailaren 24a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
3257

EBAZPENA, 2025eko ekainaren 6koa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariarena, «Zehar Heziketa Programak» erakundeak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundearen aitorpena lortzeko aurkeztutako eskabidea ezesten duena.

Otsailaren 11ko 11/2014 Dekretuaren bidez, «Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundea» aitorpena arautu zen, emakumeen eta gizonen berdintasuna errazteko baldintzak sustatzeko eta berdintasun hori eragozten duten oztopoak kentzeko. Horretarako, gizarte- eta lan-eremuan emakumeen eta gizonen aukera-berdintasunaren eta tratu-berdintasunaren alde sor daitezkeen ekimenak sustatu ziren.

Zehar Heziketa Programak erakundeak emakumeen eta gizonen berdintasunerako lankidetza-erakunde gisa aitortzeko eskaera aurkeztu zuen 2024ko abenduaren 16an.

Ondorioz, Zehar Heziketa Programak erakundeak aurkeztutako eskabidea eta erakunde interesdunak bidalitako dokumentazioa egiaztatu eta ebaluatu ondoren Ebaluazio Batzordeak egindako ebazpen-proposamena ikusita, honako hau

EBAZTEN DUT:

Emakumeen eta gizonen berdintasunerako lankidetza-erakundearen aitorpena lortzeko Zehar Heziketa Programak erakundeak aurkeztutako eskabidea ezestea, ez baitator bat otsailaren 11ko 11/2014 Dekretuan ezarritakoarekin («Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundea» aitorpena arautzen du dekretu horrek), arrazoi hauengatik, nagusiki:

– Bidalitako dokumentazioa ez dator bat «Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundea» aitorpena arautzen duen otsailaren 11ko 11/2014 Dekretuaren 2., 3. eta 4. artikuluetan ezarritako baldintzekin.

– Diagnostikoan ematen diren datuak oso urriak dira, eta ez datoz bat otsailaren 11ko 11/2014 Dekretuaren 3. artikuluak eskatzen duenarekin. Egoeraren diagnostikoak eta jasotzen den informazioak ez dute ahalbidetzen genero-arrakalak murrizteko beharrezko neurriak identifikatzea, taula bakarra bidali baita (txantiloia sexuaren arabera bereizita). Gabezia horrek azterketa ahula eta genero-arrakalak modu eraginkorrean identifikatzeko nahikoa ez izatea dakar. Otsailaren 11ko 11/2014 Dekretuaren 3. artikuluan aipatzen diren giza baliabideen prozesuak eta gainerako informazioa ere ez dira aztertu.

– Berdintasun Plana ez da egokitzen otsailaren 11ko 11/2014 Dekretuaren 4. artikuluan ezarritako eskakizunetara. Zehazki, aipatutako aginduaren bigarren atalean xedatutakoa urratzen da, Plana esku-hartze arloka egituratzen ez den heinean, urte anitzekoa ez den heinean, aurrekonturik ez duen heinean eta ekintza bakoitza gauzatzeko arduraduna nor izango den zehazten ez den heinean. Era berean, ez da Planaren jarraipenerako eta ebaluaziorako sistemarik ezartzen, eta ez da Planaren ezarpenaz, jarraipenaz eta ebaluazioaz arduratuko den Batzorderik aipatzen. Azkenik, ez da zehazten nola sartuko den berdintasun-ikuspegia zerbitzuetan.

– Plana ez dago erregistratuta, eta, beraz, urratu egiten du urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuaren 11.1 artikuluan ezarritako legezko betebeharra (901/2020 Errege Dekretua, urriaren 13koa, berdintasun-planak eta haien erregistroa arautzen dituena eta laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistroari eta gordailuari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua aldatzen duena).

– Otsailaren 11ko 11/2014 Dekretuaren 2.7 artikulua ere urratu da, Zehar Heziketa Programak erakundeak sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurkako protokolo ez-espezifiko bat aurkeztu baitu. Protokolo hori ez da espezifikoa, sexu-jazarpenaz eta sexuan oinarritutako jazarpenaz gain, laneko jazarpena eta diskriminaziozko tratua jasotzen baititu.

Ondorioz, agerikoa da eskaeraren edukia ez datorrela bat Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundearen aitorpena arautzen duen otsailaren 11ko 11/2014 Dekretuan ezarritako gutxieneko baldintzekin.

Horrek guztiak eragozten du eskaera eta aitorpena emateko dokumentazioa behar bezala baloratzea, «Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundea» aitorpena arautzen duen otsailaren 11ko 11/2014 Dekretuan ezarritako balorazio-irizpideei eta betekizunei dagokienez.

Otsailaren 11ko 11/2014 Dekretuaren 10. artikuluan ezarritakoaren arabera, ebazpen hau erakunde interesdunari jakinaraziko zaio, hargatik eragotzi gabe Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta beronen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean Administrazioarekiko Auzien Epaitegi eskudunean, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 6a.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendaria,

MIREN ELGARRESTA LARRABIDE.


Azterketa dokumentala