
139. zk., 2025eko uztailaren 23a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (347 KB - 24 orri.)
- EPUB (538 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
3241
AGINDUA, 2025eko ekainaren 24koa, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoan izaera sindikala duten nekazaritzako erakunde profesionalentzako 2025eko ekitaldirako laguntza-deialdia egiten duena.
Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legearen (2008ko abenduaren 31ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren 250. zenbakian argitaratua) VII. ttulua elkarteen ordezkaritzari eta antolaketari buruzkoa da. Horrela, hau dio 85. artikuluak: «EAEko administrazioek harremana eta zerbitzua eman behar diete laborantzan, abeltzaintzan eta basogintzan (hots, orokorrean nekazaritza eta elikagaigintzan) jarduten diren pertsonei, fisiko nahiz juridiko izan». Beraz, arloarekin zerikusia duten elkarteak eratzea eta haiei eustea bultzatzen da. Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzako eta elikagaigintzako politikak diseinatzeko erakunde solaskide garrantzitsuen izaera ematen zaie, eta, horretarako, euskal administrazioek beharrezko baldintzak sortuko dituzte elkarte horiek nekazaritza eta elikagaigintzako azpisektoreen interesen ordezkari izan daitezen. Asoziazionismoaren barruan, nekazarien erakunde profesionalak nabarmendu behar dira; halaxe jasotzen dira 87. artikuluan. Nekazarien erakunde profesionaltzat hartzen dira estatutuetan, oro har, nekazarien interes sozioekonomikoak ordezkatzeko eta defendatzeko eginkizuna jasota daukaten elkarteak eta, gutxienez ere, Euskal Autonomia Erkidegoan jarduten dutenak. Bete behar dituzte, gainera, 87. artikuluan bertan aipatzen diren eskakizunak. Asoziazionismoa oro har eta nekazarien erakunde profesionalak bereziki solaskide eraginkorrak dira, eta haien bidez bideratzen dira, halaber, ordenamendu juridikoan jasotako kontsultak.
Lehen sektorearen egituratze sozial eta profesionaleko tresna gisa duten eginkizuna betetzean, nekazarien erakunde profesionalek gastuak izaten dituzte; haien jarduera sindikalak etengabe hobetzen jarrai dezaten laguntzeari egoki irizten dio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako Sailaren bidez. Hori da, hain zuzen ere, agindu honen xedea: Euskal Autonomia Erkidegoan izaera sindikala duten nekazarien erakunde profesionalentzako laguntzen 2025eko ekitaldirako deialdia egitea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekiko interlokuzio sozialeko eginkizunak gauzatzeko, betiere euskal nekazaritza sektoreari buruzko gaietan, eta nekazaritza sektoreari oro har eta afiliatuei bereziki orientazioa eta aholkularitza eskaintzeko haien jarduera sindikalei eusteko.
Sustapen-lan hori ez da berria, 1993ko ekitaldiaz geroztik aplikatzen ari den dirulaguntzen arloko programa bat da eta.
Laguntza hauetarako, lege eta arau hauetan xedatutakoa hartu behar da kontuan: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onesten duena, eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Lege berria, zeinaren bidez onuradun izateko baldintzak eguneratu behar izan baitira, bai eta izaera hori lortutakoan bete beharko dituzte obligazioak ere.
Halaber, agindu honen bidez deitzen diren laguntzak jasota daude Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan. Plan estrategiko hori Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko abenduaren 28ko Aginduaren bidez onartu zen (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2024, 2025 eta 2026rako dirulaguntzen plan estrategikoa onartzekoa), eta Eusko Jaurlaritzaren «www.euskadi.eus» webgunean argitaratuta dago, sailari buruzko eremuan, ardatz-estrategiko honen barruan: I. Oparotasuna. Enplegua eta Suspertze Ekonomikoa.
Harik eta Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sail berriaren dirulaguntzen plan estrategiko espezifiko bat onartzen ez den bitartean, dagokion aginduaren bidez, eta 18/2024 Dekretuaren lehenengo xedapen iragankorrarekin bat etorriz, indarrean jarraituko du 2023ko abenduan onartutako planak.
Programa honen finantzaketa 2025eko ekitaldiari dagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 20ko 8/2024 Legean aurreikusitakoaren arabera. Deialdi honetako laguntzen zenbatekoa 241.000 eurokoa izango da.
Horiek horrela, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdia.
2025erako dirulaguntza-deialdi hau onartzea, egitea eta I. eranskinean jasotako oinarriak argitaratzea, eta II. eranskinean, eskabide-eredua ematea.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Ordezko araubidea.
Oinarri horietan prozeduraren arloan aurreikusi gabeko guztiari dagokionez, Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea aplikatuko da.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Helegiteak.
Berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote agindu honi interesdunek Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren aurrean, argitaratu eta hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango diote Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasuetan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (aurrerantzean, EHAA) argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da epea.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 24a.
Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,
AMAYA BARREDO MARTÍN.
I. ERANSKINA
1. oinarria.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan izaera sindikala duten nekazarien erakunde profesionalentzako laguntzen 2025eko ekitaldiko deialdia egitea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekiko solaskidetza sozialeko eginkizunak gauzatzeko, betiere euskal nekazaritza sektoreari buruzko gaietan, eta nekazaritza sektoreari, oro har, eta afiliatuei, bereziki, orientazioa eta aholkularitza eskaintzeko jarduera sindikalei eutsi diezaien.
2.– Agindu honen babespean ematen diren laguntzak ez dira itzuli beharrekoak izango.
2. oinarria.– Erakunde onuradunak eta onuradun izateko debekuak.
Sindikatu izaerako nekazaritza alorreko erakunde profesionalak izan ahalko dira onuradunak, halakotzat ulerturik Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 87. artikuluan xedatutako betekizunak betetzen dituztenak, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza sektorearen interes orokorrak ordezkatzea eta defendatzea xedetzat dutenak eta nekazaritzako profesionalez osaturik dauden erakundeak, diharduten nekazaritzaren ekoizpen-azpisektorearengatik inolako bereizketarik egin gabe.
Halaber, Emakume Nekazarien Estatutuaren urriaren 15eko 8/2015 Legetik eta Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretutik eratorritako baldintzak bete beharko dira, bai eta Europako, Estatuko eta autonomia-erkidegoko legeriatik erator daitezkeenak ere.
1.– Laguntza-eskatzaileek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan edukitzea.
b) Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 87. artikuluan nekazarien erakunde profesionalei ezartzen zaizkien eskakizunak betetzea, hau da:
– Beren estatutuetan, oro har, nekazaritzan diharduten pertsonen interes sozioekonomikoak ordezkatzeko eta defendatzeko eginkizuna jasotzea, eta gutxienez Euskal Autonomia Erkidegoan ezarrita egotea.
– Nekazaritzako azpisektore batean edo batzuetan benetan ezarrita egotea.
– Euskal Autonomia Erkidegoan ezarrita egotea gaur egun, eta gutxienez, laguntza eskatu aurreko bi urteetatik hona, etenik gabe.
– Bulego irekiak eta giza baliabide nahikoa edukitzea, nekazariei behar bezalako laguntza emateko, edo, hala badagokio, erakunde kidetuei laguntza emateko.
– Irabazi-asmorik ez izatea.
2.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluaren arabera, ezingo dira lege honetan araututako dirulaguntzaren onuradun edo entitate laguntzaile izan inguruabar hauetako bat duten pertsonak edo erakundeak:
a) Dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzea dakarren epai irmo baten bidez kondenatuak izan direnak edo prebarikazioagatik, funtzionario-eroskeriagatik, ondasun publikoak bidegabe erabiltzeagatik, influentzia-trafikoagatik, iruzur egiteagatik eta legearen aurkako ordainarazpenengatik edo hirigintza-delituengatik epai irmo baten bidez kondenatuak izan direnak.
b) Hartzekodunen borondatezko konkurtsoa deklaratzeko eskaera egin izana, edozein prozeduratan kaudimengabe deklaratua izatea, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta egotea (salbu eta konkurtso horretan hitzarmen batek efikazia lortu badu), esku-hartze judizialaren menpe egotea edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta egotea, hartzekodunen konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe egonik.
c) Administrazioarekin egindako kontraturen bat ebazpen irmoz suntsiarazteko arrazoiak sorrarazi eta haien errudun deklaratuak izan direnak.
d) Lege hauek jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean dauden pertsona fisikoak, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legea eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko Eusko Legebiltzarraren 1/2014 Legea. Edo ez direla Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.
e) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak –indarreko xedapenek ezartzen dituztenak– ez izatea arauz zehazten den bezala beteta eta eguneraturik.
f) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako herrialde edo lurralde batean dutenak.
g) Dirulaguntzak itzuli behar izateagatik sortutako betebeharren ordainketa egunean ez dutenak, erregelamenduz zehazten diren baldintzetan.
h) Ebazpen irmo bidez dirulaguntzak eskuratzeko aukera galtzeko zehapena jaso dutenak lege honen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta estatu-legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.
i) Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko 2022ko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren 2021eko abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera arau-hauste astun edo oso astun batengatik eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez zehatuta dauden pertsona fisiko edo juridikoak, publiko edo pribatuak, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.
j) Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota betetzen ez dutenak, hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.
3.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 11.4 artikuluan aurreikusitako elkarteak ezin izango dira onuradun izan haien kideetako edozeinek aurreko debekuren bat badu.
4.– Ezingo dute dirulaguntzarik jaso, halaber, entitate eta enpresa hauek: haien buru diren pertsonak edo beste inguruabar batzuk kontuan hartuta, aurretik debekua jaso duten entitate eta enpresen jarraipen izan daitezkeela pentsatzeko bidea ematen dutenek edo entitate edo enpresa haien aldaketa, bat-egite edo ondorengo izan daitezkeela pentsatzeko bidea ematen dutenek.
5.– Ezingo dira inola ere lege honetan erregulatutako dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debekuren bat jaso duten elkarteak.
Ezingo dira halaber dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, zigor-arloko arau-hauste baten zentzuzko zantzuak egoteagatik, inskribatzeko administrazio-prozedura etenda duten elkarteak ere, harik eta ebazpen judizial irmoa eman, eta, horren bitartez, dagokion erregistroan inskribatu ahal izan arte.
6.– Ezingo dira onuradun edo erakunde laguntzaile izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.3 bis artikuluan ezarritako ordainketa-epeak betetzen ez dituzten enpresak.
7.– Halaber, ezin izango dira onuradun edo entitate laguntzaile izan LGTBfobia egin, bultzatu edo sustatu duten enpresak, bihurtze-terapiak sustatu edo egitea barne.
Artikulu honetako 2 zenbakiaren b), d), f), g) eta j) letretan eta 3, 4 eta 5 zenbakietan jaso diren debekuak automatikoki hartuko dira aintzat, eta bere horretan iraungo dute kasu bakoitzean zehaztutako egoerek irauten duten bitartean.
Artikulu honetako 2 zenbakiaren a), h) eta i) letretan jaso diren debekuak automatikoki hartuko dira aintzat. Epai edo ebazpen irmoak zehaztuko du debekuaren irismena. Halakorik ez bada, irismena arauz zehaztutako prozeduraren bidez ezarriko da, eta ezingo da bost urtetik gorakoa izan debekua ez bada epai irmo baten ondoriozkoa.
Artikulu honetako 2 zenbakiaren c) letran jasota dagoen debekua aintzat hartzeko eta haren noiz artekoa zehazteko, sektore publikoko kontratazioa erregulatzen duen arautegiak ezarritakoaren arabera jokatuko da.
2. zenbakiko e) letran jasotako debekua Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 7. artikuluan xedatutakoaren arabera ezarriko da. Agindu hori, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da.
Onuradun edo entitate laguntzaile izatea galarazten duen debekurik ez dutela frogatzeko –artikulu honen 2 zenbakitik 5era bitarte aipatu dira debekuak– bide hauek dituzte pertsona edo entitateek: lekukotza judiziala, ziurtagiri telematikoak edo datu-transmisioak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak teknika elektronikoak, informatikoak eta telematikoak erabiltzeko dagokion araudian ezarritakoaren arabera, edo, bestela, ziurtagiri administratiboa, kasuaren arabera. Agiri hori agintari eskudunak egiterik ez badu, haren ordez administrazioko agintari edo notario publiko baten aurrean egindako erantzukizunpeko adierazpen bat aurkez daiteke.
Laguntza honen organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, onuradunen aldetik berariazko baimenik behar izan gabe; berariaz horren aurka agertzen direnean salbu, kasu horretan egiaztatu egin beharko baitute datu hori. Bestalde, dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharrak betetzen direla egiaztatzeko, pertsona edo entitate eskatzailearen edo onuradunaren erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko da.
3. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.
Elkarrizketa sozialeko jarduketak diruz lagundu ahal izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-sektoreari buruzko gaietan, eta nekazaritza-sektoreari eta, zehazki, afiliatuei orientazioa eta aholkularitza emateko gaietan, betiere agindu honetan xedatutako eskakizun subjektiboak, objektiboak eta aldi baterakoak betetzen badituzte. Jarduketa horiek 2025eko ekitaldian zehar gauzatu beharko dira.
4. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen kostuak.
1.– Diruz lagundu daitezkeen kostutzat hartuko dira diruz lagundutako jarduerak egitean sortutako gastuak, hala nola:
a) Jarduera sindikaletan erabiltzen diren lokalak egokiro mantentzetik eratorriak.
b) Jarduera sindikaletan diharduten langileak edukitzeko egiten dituzten lan-kontratuei eustea.
c) Nekazaritza-sektoreko profesionalei aholkularitza eta informazio sindikala emango dieten langileen lan-kontratu berriak egitea.
d) Gastu arruntak, ez inbertsiokoak.
Edonola ere, gastu horiek diruz lagundu ahal izateko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan xedatutakoa bete beharko dute.
2.– Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, gutxienez hiru eskaintza –zenbait hornitzailerenak– eskatu beharko ditu onuradunak, obrarako konpromisoa kontratatu aurretik, zerbitzua eman aurretik edo ondasuna entregatu aurretik, salbu eta, haien ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez badago aski erakunde haiek egin, eman edo entregatzeko, edo salbu eta gastua dirulaguntzaren aurretik egin bada.
Efizientzia- eta ekonomia-irizpideen arabera hautatuko da aurkeztutako eskaintzen artean, eta berariaz justifikatu beharko da hautu hori, memoria batean, proposamen ekonomiko merkeena ez denean. Eskaintza horiek justifikazioarekin batera aurkeztu beharko dira, edo, bestela, dirulaguntza-eskabidearekin batera.
3.– Erakunde onuradunak diruz lagundutako jarduerak azpikontratatu ahal izango ditu, gehienez % 50. Horretarako, xedapen hauetan ezarritako eskakizunak bete behar dituzte: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluan.
5. oinarria.– Finantzaketa.
Agindu honetan jasotako laguntzak finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoek Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 20ko 8/2024 Legean zehaztutako kredituetan izango dute jatorria, eta baliabide horiek 241.000 eurokoak izango dira.
6. oinarria.– Eskaerak, dokumentazioa eta aurkezteko epea.
1.– Laguntza-eskaerak (II. eranskin gisa erantsi da eredua) Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari bideratuko zaizkio.
2.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 14. artikuluan xedatutakoaren arabera, eskaerak elektronikoki aurkeztuko dira. Horretarako, euskadi.eus egoitza elektronikoan sartu beharko da, ebazpen-zati honetako hurrengo apartatuan adierazitako helbideen bitartez.
3.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak izapidetzeko moduari buruzko zehaztasunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri:
https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/10290011
Eskabidearen osteko izapideak, bide elektronikoz, honen bidez egiten dira:
https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
4.– Laguntza-eskatzaileek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) Eraketa-akta eta dagokion administrazio-organoak ikus-onetsitako estatutuak. Eskakizun hori ez dute bete beharko agindu honen kargura laguntza jaso duten nekazarien erakunde profesionalek: «Agindua, 2024ko ekainaren 4koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez egiten baita Euskal Autonomia Erkidegoan izaera sindikala duten Nekazaritzako Erakunde Profesionalentzako 2024ko ekitaldirako laguntza-deialdia», estatutuetan egindako aldaketen kasuan salbu (halakoetan, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari eman beharko zaio haien berri).
b) Ekitaldian zehar egin beharreko ekintzak justifikatzeko memoria, ekintza hauek adieraziz eta kuantifikatuz:
1) Jarduera sindikalen koordinazioa.
2) Sektoreko elkarteekiko eta administrazioekiko lankidetza.
3) Administrazioarekin zerikusia duten prozeduretan, nekazaritza-lanak egiten dituztenekiko lankidetza, aholkularitza, laguntza eta kudeaketa.
4) Prestakuntza-, informazio- eta dinamizazio-jardueren antolakuntza.
5) Nekazaritzako politiken segimendua eta zabalkundea.
6) Euren interesak defenditu eta sustatzeko, afiliatuei emandako zerbitzuak.
c) Erakunde bakoitzean afiliatutako pertsonen kopurua, Gizarte Segurantzako Nekazaritzako Erregimen Berezian sartuta daudenen kopurua adierazita. Erakunde bakoitzeko Idazkaritzak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharko da kopurua, erakundeko afiliatuek ordaindutako kuotak zehaztuta.
d) Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jasotzeko aukeretan parte hartzeko erakundeak hartutako erabakiaren ziurtagiria.
e) Erakundearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, agindu honen III. eranskineko ereduaren arabera.
5.– Dirulaguntza kudeatuko duen organoak automatikoki egiaztatuko du onuradunak egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, berariazko baimena jaso beharrik gabe, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoari jarraituz (Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan, bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da agindua). Egiaztapen automatikoa Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzaren elkarreragingarritasun-zerbitzuen bidez egingo da.
Hala ere, egoki arrazoituta horren aurka egin ahal izango du eskatzaileak, eta, hala egiten badu, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.
Era berean, eskabidearen bitartez, organo kudeatzaileari baimena emango zaio inskripzioa Elkarteen Erregistroan indarrean dagoela egiaztatzeko.
6.– Erakunde eskatzaileek ez dute aurkeztu beharrik aurrez edozein Administraziori aurkeztutako dokumenturik, baldin eta berariaz adierazten badute dokumentu horietan ez dela izan aldaketarik. Ondorio horietarako, erakunde eskatzaileak adierazi beharko du noiz eta zer administrazio-organotan aurkeztu zituen aipatutako dokumentuak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 28. artikuluko hirugarren apartatuan xedatutako ondorioetarako.
7.– Hilabetekoa izango da eskabideak aurkezteko epea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskabideak betekizun guztiak betetzen ez baditu, entitate interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezko diren agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio, horrela egin ezean, atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritako moduan emango den ebazpen baten bitartez.
8.– Laguntza jasotzeko eskaera, eskatutako dokumentazioarekin batera, nahi den hizkuntza ofizialean aurkez daiteke. Halaber, laguntza-eskabidetik eratorritako jarduketetan eta prozedura osoan, entitate eskatzaileek aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.
9.– Aurkeztutako eskabidean adierazitakoa egoki ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko beharrezko iritzitako bestelako dokumentu edo informazio osagarriak eskatu ahal izango zaizkio erakunde eskatzaileari.
7. oinarria.– Organo kudeatzailea eta ebazpen-proposamena.
1.– Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari dagokio agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea.
2.– Nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arloan eskumena duen zuzendaritzako zerbitzu teknikoek eskabide bakoitzak agindu honetan ezarritako eskakizunak betetzen dituela egiaztatuko du. Era berean, dirulaguntzaren xede den jarduera deskribatzen duen memoria aztertuko dute, eta eman beharreko laguntzaren zenbatekoaren haztapena eta kalkulua jasoko dituen txosten bat egingo dute.
3.– Txosten hori kontuan hartuta, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak ebazpen-proposamen bat egingo du, dirulaguntza zer eskatzaileri ematea eta zenbateko dirulaguntza ematea proposatzen den adierazita.
4.– Prozeduran interesdunek adierazitakoez bestelako egitateak, alegazioak eta frogak ageri badira edo kontuan hartzen badira, ebazpen-proposamen hori behin-behinekoa izango da, interesdunei jakinaraziko zaie eta 10 eguneko epea emango zaie alegazioak aurkezteko. Alegazio horiek aztertuta, behin betiko ebazpen-proposamena egingo da.
5.– Entzunaldi-izapidea albo batera utz daitekeen kasuetan –ez dagoelako interesdunek adierazitakoez bestelako egitaterik, frogarik edo alegaziorik–, oinarri honen beraren 3. apartatuaren arabera emandako ebazpen-proposamena behin betikoa izango da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
8. oinarria.– Laguntzak esleitzea eta zenbatekoa kalkulatzea.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.2 artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.
Agindu honetan jasotako eskakizunak betetzen dituzten eskatzaile guztiek jasoko dute laguntza. Onuradun gertatzen den erakunde profesional bakoitzak jasoko duen zenbateko osoa ezin izango da justifikatutako gastuak baino handiagoa izan, eta honako prozedura honen arabera zehaztuko da:
a) Lehenengo eta behin, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa lurralde historikoen artean erkide banatuko da Euskal Autonomia Erkidegoaren 2025eko ekitaldiko aurrekontu orokorretan xede horretarako erreserbatuta dagoen zenbatekoa, eta ateratzen den zenbatekoa izango da lurralde historiko bakoitzean diharduten erakunde profesional guztiek batera jasoko duten gehieneko zenbatekoa.
b) Honela banatuko da lurralde historiko bakoitzari egotzitako zenbatekoa:
– Heren bat uniformeki banatuko da, lurralde historikoan diharduten erakunde profesionalen artean.
– Beste heren bat proportzionalki banatuko da erakunde profesionalen artean; hain zuzen ere, Gizarte Segurantzako Nekazaritzako Erregimen Berezian izena emanda dauden afiliatu-kopuruaren arabera, bat etorriz 6. oinarriko 4 c) apartatuan ezarritakoarekin.
– Gainerako herena proportzionalki banatuko da, justifikatzeko memorian aipatutako jardueren arabera eta jarduera horien zenbatekoa kontuan harturik.
Baldin eta diru-zuzkidura hori nahikoa ez bada elkarte onuradun guztiei diruz lagundu ahal zaizkien gastuen zenbatekoa estaltzeko, hainbanatu egingo da dirulaguntzaren zenbatekoa.
9. oinarria.– Ebazpena.
1.– Elikadura eta Landa Garapeneko sailburuordeari dagokio laguntzak ebaztea, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak proposatuta eta aldez aurretik txosten bat izanik, non adieraziko baita Zuzendaritzaren esku dagoen informaziotik ondorioztatzen dela onuradun gisa proposatutako entitateek dirulaguntzak jasotzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituztela. Ebazpenak barnean hartu beharko du Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.3 artikuluan aurreikusitakoa.
2.– Ebazpenaren gutxieneko edukia:
Ebazpenak arrazoitua izan beharko du, eta informazio hau jaso beharko du gutxienez:
a) Onartutako eskabideen kasuan:
1) Erakunde onuradunen izenak.
2) Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoa.
3) Dirulaguntzaren zenbatekoa.
4) Aurreikusitako jarduerak egiteko epea.
5) Zehapen-prozeduraren batean edo itzultze-prozeduraren batean egonez gero, emakidaren ebazpena emateko eta, hala badagokio, ordainketarako, hura amaitua izan beharko da. Prozedurak, amaieran, laguntza publikoak eskuratzeko desgaikuntza badakar edo laguntza itzultzeko betebeharra ezartzen badu, baldintzapean emandako laguntza baliogabetu egingo da, onuradun izateko debekua ezartzen duen egoera batean egoteagatik.
b) Ukatutako eskabideei dagokienez:
1) Eskatzailearen izena.
2) Laguntza ukatzeko arrazoiak.
3.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igaro eta hurrengo 4. apartatuan ezarritako argitalpena egin ez bada, entitate interesdunek ulertu behar dute dirulaguntza emateko eskaera administrazio-isiltasunez ezetsi dela, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, oinarri honen 5. apartatuan adierazitako gora jotzeko administrazio-errekurtsoa jartzearen ondorioetarako.
4.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan xedatzen denarekin bat, prozeduraren ebazpena EHAAn argitaratuko da, agindu hau indarrean jarri eta gehienez ere sei hilabeteko epean. Argitalpen horrek jakinarazpen-ondorioak izango ditu. Era berean, argitalpenaren egunean bertan, interesdunei berri emango zaie https://www.euskadi.eus/nirekarpeta atariaren bitartez, ebazpena ikusi ahal izan dezaten. Abisu hori informatzeko baino ez da izango.
5.– Ebazpenak laguntza baietsi nahiz ezetsi, interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari. Horretarako, hilabeteko epea izango du ebazpenaren jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, edo hiru hileko epea administrazio-isiltasunak ondorioak izan eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Prozedurak, amaieran, laguntza publikoak eskuratzeko desgaikuntza badakar edo laguntza itzultzeko betebeharra ezartzen badu, eta dirua ez bada itzuli borondatez itzuli beharreko epean, baldintzapean emandako laguntza baliogabetu egingo da, onuradun izateko debekua dakarren egoera batean egoteagatik.
10. oinarria.– Onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan araututako laguntzen onuradunek oinarri honetan ezarritako betebeharrak bete behar dituzte, baita Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan eta Europako erregelamendu aplikagarrietan jasotakoak ere. Honako hauek dira:
1.– Laguntza zer urtetarako eman den, urte horretan egin beharko dira inbertsioak eta gastuak edo aurreikusitako gastu-konpromisoak. Auditoretza-txostenari dagozkionak, berriz, egikaritze-epea bukatu eta hurrengo lau hilabeteetan fakturatu ahal izango dira.
2.– Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, baldin eta dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena hartu eta hamabost egunean onuradunek ez badiote berariaz uko egiten, onartu egiten dutela ulertuko da.
3.– Jarduera egitea, edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.
4.– Entitate emaileari justifikatzea dirulaguntza ematea edo dirulaguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak eta betekizunak betetzen direla eta jarduera aurrera eraman dela. Jarduera pertsonei buruzkoa bada, datuak sexuaren arabera bakandutan eman beharko dira.
5.– Organo edo entitate emaileak egingo dituen egiaztatze-jarduketak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-jarduketak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratu diren dirulaguntzen kasuan. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziak xedatutako jarduketak ere onartu beharko dituzte, bai eta finantzaketa dela-eta beste kontrol-organo batzuek egin ditzaketenak ere.
6.– Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea hasierako laguntza eman duen erakundeari.
Hura jakin bezain laster eman beharko dute haren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.
7.– Dirulaguntza jasotzeko kontuan hartu zen edozein egoera objektiboren edo subjektiboren aldaketa oro jakinaraztea dirulaguntza eman dion erakundeari.
Hura jakin bezain laster eman beharko dute haren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.
8.– Egiaztatzea, dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egin aurretik eta hura ordaintzeko unean, egunean dituztela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, baita dirulaguntzak organo emaileari itzultzeari buruzkoak ere. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan ogasun-gaietako eskumena duen sailburuak agindu baten bidez arautuko du hori egiteko modua.
9.– Erakundearen izaera juridikoa dela eta liburu kontulariek hala ezarriz gero, diligentzia-erregistroak eta behar bezala ikustatutako gainerako dokumentuak aurkeztea onuradunari dagokion merkataritzako legediak eta sektoreko legediak ezartzen duen terminoetan, baita dirulaguntzen oinarri arautzaileek eskatzen dituzten kontabilitateko egoerak eta erregistroak ere, egiaztatzeko eta kontrolatzeko jarduketak behar bezala egitea bermatzeko.
10.– Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne; izan ere, agiri horiek egiaztatze- eta kontrol-jarduketetan erabil daitezke.
11.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 27. artikuluan biltzen diren zabalkunde-neurriak hartzea.
12.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako kasuetan, jasotako funtsak organo emaileari itzultzea edo, diruz lagundutako jardueraren edo egindako jarduketaren kostua baino gehiago jasoz gero, soberakina organo emaileari itzultzea.
13.– Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituen hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntza jasotzen duen jarduera edo proiektuak behar dituen agiri eta material guztietan.
14.– Diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean herritarren hizkuntza-eskubideak eta bereziki euskararen erabilera bermatzea.
15.– Adieraztea hartzen duela enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 49. artikuluan adierazitako baldintzetan.
16.– Gainfinantzaketarik ez eragiteko konpromisoa hartzea.
Gainera, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 42. artikuluaren arabera, onuradunek kolaboratu beharko dute, eta eskatutako dokumentazio guztia eman Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Estatuko Administrazio Orokorraren barruan kontrol-jarduerez arduratzen diren organoei, bai eta Europar Batasunaren araudiaren arabera finantza-kontrolerako eskumena duten organoei ere. Organo horiek ahalmen hauek izango dituzte xede horretarako:
a) Irispide librea izango dute egiaztatu beharreko dokumentaziora, programa eta fitxategi informatikoak barne.
b) Irispide librea izango dute negozio-lokaletara, bai eta dirulaguntzaren xede izan den jarduera egiten den establezimendu eta toki guztietara eta dirulaguntzaren kargura finantzatutako eragiketak egiazkoak eta erregularrak diren egiaztatzeko arakatu beharreko tokietara ere.
c) Dirulaguntza oker jaso, gozatu edo erabili delako zantzuak agertzen dituzten eragiketen inguruko fakturak edo antzeko edo ordezko agiriak gorde behar dituzte, edo haien kopiak eman.
d) Irispide librea izango dute dirulaguntzak kobratzeko edo funtsak baliatzeko erabiltzen diren finantza-entitateetako banku-kontuetako informaziora.
Betebehar hori betetzeari uko egitea erresistentziatzat, aitzakiatzat, oztopatzetzat edo ukapentzat hartuko da dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko araudian xedatutako ondorioetarako, eta, hala badagokio, zehapenak ezarri ahal izango dira.
11. oinarria.– Dirulaguntzen justifikazioa eta ordainketa.
1.– Dirulaguntza bi alditan ordainduko da. Lehenengo ordainketa, onartutako zenbatekoaren % 50, onartzeko ebazpena eman eta gero; eta bigarren ordainketa, gainerako % 50a, gastua justifikatu ondoren. Gastua justifikatzeko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan xedatutakoa bete beharko da, aurretik honako dokumentu hauek aurkeztuta:
– Diruz lagundutako jarduerak bete direla justifikatzeko memoria bat, egindako jarduera sindikalak adierazita.
– Memoria ekonomikoa, egindako jardueren kostua frogatzen duena, honako dokumentuek osatua:
a) Gobernu-organoak 2025eko urtarrilaren 1etik 2025eko abenduaren 31ra bitartean egindako diruz laguntzeko moduko gastuei buruz hartutako erabakiaren ziurtagiria.
b) Jardueraren gastuen eta inbertsioen zerrenda sailkatua, alderdi hauek zehaztuta: hartzekodunaren eta dokumentuaren identifikazioa, zenbatekoa, jaulkipen-data eta ordainketa-data.
c) Merkataritza-zirkulazio juridikoan froga-baliokide diren fakturak edo dokumentuak, edo administratiboki eraginkorrak direnak, zeinak aurreko apartatuan aipatutako zerrendan jaso baitira, eta ordainketaren ziurtagiria (egindako ordainketaren banku-ziurtagiria, aurkeztutako ordainagiriekin bat datorrena).
d) Beste administrazio edo erakunde publiko, pertsona fisiko zein pertsona juridiko pribatu batzuek xede bererako emandako laguntzen ziurtagiria, baita xede bererako eskatutako laguntzena ere.
Onuradunei emandako funtsetatik sortzen diren finantza-etekinek handitu egingo dute emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, eta diruz lagundutako jarduerari aplikatuko zaizkio.
2.– Kudeaketa egokia eta artikulu honen 1. apartatuan aipatzen diren laguntzen ordainketa bermatzeko, bi hilabetekoa izango da justifikatzeko agiriak aurkezteko gehieneko epea, laguntza emateko ebazpena jakinarazten den egunetik edo jarduerak bukatzen diren egunetik aurrera, egun hori geroagokoa bada. Nolanahi ere, justifikazioa 2026ko urtarrilaren 14a baino lehenago egin beharko da.
3.– Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak dokumentu gehigarria eskatu ahal izango du beharrezkoa baderitzo, eta arrazoiak emanda, betiere.
4.– Onuradunei dirulaguntza ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntzen edo laguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den itzulketa- edo zehapen-prozedura oro.
5.– Dirulaguntzen xede diren jarduerak 2025. urtean zehar egiten ez badira, edo ezarritako epean horien ziurtagiriak aurkezten ez badira, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da.
6.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izateko, onuradunak dagokion hirugarren erregistroan izena emanda egon beharko du. Hirugarren interesdun gisa alta emateko edo datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak emandako hirugarrenen erregistro telematikora jo behar da, honako helbide honetan:
https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
12. oinarria.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
1.– Beste edozein erakunde publiko nahiz pribatuk emandako dirulaguntzak eta laguntzak ere lortzen badira, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari idatziz jakinarazi eta justifikatu beharko zaio, egoera horren berri izan eta hurrengo hamabost egun balioduneko epean, eta, nolanahi ere, jasotako funtsen erabilera justifikatu baino lehen. Horretarako, Elikadura eta Landa Garapeneko sailburuordetzak dagokion aldaketa-ebazpena emango du, hala egokituz gero, emandako dirulaguntzaren zenbatekoak oinarri berriaren arabera doitzeko. Hala badagokio, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan eta hurrengoetan jasotako itzulketa-prozedurari ekingo zaio.
2.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzaren bat aldatzen bada, Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari idatziz jakinarazi edo justifikatu beharko zaio, eta gerta liteke horren ondorioz laguntza emateko ebazpena ere aldatzea. Horretarako, dagokion aldaketa-ebazpena emango du Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordeak.
Hala ere, dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatzen badira, jeta aldaketa eragin duten elementu eta inguruabar berriek helburu bera badute, hasierako emakidan egon arren, dirulaguntza ukatzea eragin ez badute, eta aldaketa horrek hasieran onartutako proiektuaren funtsezko aldaketa ez badakar eta laguntzaren helburua mantentzen badu, Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendariari jakinarazi eta justifikatu beharko zaio idatziz, eta dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Elikadura eta Landa Garapeneko sailburuak emango du behar den aldatze-ebazpena.
Hauek jotzen dira funtsezko aldaketatzat:
1) Eskabidean hasieran adierazitako helbururen bat nabarmen aldatzea edo ezabatzea.
2) Aurreikusitako jarduketen egikaritze-epea.
3) Eskabidean aurreikusitako jarduketaren bat bertan behera uztea, jarduketa jakin horretarako eman bada laguntza.
4) Gastu-kontzeptuak aldatzea, hasieran onartutako gastuez gain beste batzuk ere sartuz.
5) Jarduera sindikalak modu egokian garatzeko beharrezkoak diren ekipamenduko ondasunak eta bitarteko teknikoak erabiltzeko epea bi urtetik behera murriztea, dirulaguntza eman den xede zehatzerako.
6) Onuradunaren nortasun juridikoa aldatzea, horrela, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 87. artikuluan xedatutako eskakizunak betetzen ez baditu.
Aldaketek ez dute inoiz ekarriko emandako laguntza handitzea.
Aldaketak ez badira funtsezkoak, ez dute biderik emango laguntza ematea xedatzen den ebazpena aldatzeko.
3.– Diruz lagundutako jardueraren behin betiko kostu erreala onartutako aurrekontua baino txikiagoa bada (laguntza zehazteko baliatu zen aurrekontu hori), emandako dirulaguntzaren zenbatekoa txikitu egingo da, dagokion proportzioan, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariaren ebazpen baten bidez, eta, ondoren, dirulaguntzaren ehunekoa oinarri berriari aplikatuko zaio.
13. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.
1.– Laguntzaren eskatzaileak atzera egin dezake laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik, betiere. Horretarako, idatzi bat helaraziko dio Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari, zeinak, ebazpen baten bidez, zuzenean onartuko baitu atzera-egite hori, eta prozedura hori amaitutzat emango baitu pertsona horri dagokionez.
2.– Laguntzaren onuradunak uko egin diezaioke emandako laguntzari, emandako laguntza onartu eta gero eta gastua gauzatzen amaitu aurretik, Administrazioak inolako ordainketarik egin ez badu, betiere. Uko egitea adierazteko, idazki bat aurkeztu beharko dio Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordeari, eta hark, ebazpen baten bitartez, esanbidez onartuko du uko-egite hori, eta prozedura amaitutzat emango du pertsona horri dagokionez. Uko-egitea onartu ondotik, onuradunak automatikoki galduko du ebazpen bidez onartutako eskubidea, bai eta emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere.
3.– Aurkeztutako uko-egitea ez da onartuko entitate interesdunari ez-betetzea deklaratzeko prozedura bat edo deialdi honen esparruan hasitako zehapen-prozedura bat hasi dela jakinarazi ondoren. Prozedura horrek aurrera jarraituko du ebatzi arte.
14. oinarria.– Ez-betetzeak eta diru-itzulketak.
1.– Entitate onuradunak agindu honetan ezartzen den eskakizunen bat betetzen ez badu, edo Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako gainerako kasuetan, ezingo du eskatu laguntza edo dirulaguntza ordaintzeko, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzuli beharko ditu, bai eta aplikatzekoak diren berandutze-interesak ordaindu ere, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan xedatutakoaren arabera. Aipatutako zenbateko horiek zuzenbide publikoko sarreratzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.
Horrez gain, diruz lagundutako jardueraren kostuaren gainetik eskuratutako soberakina itzuli beharko da, eta dagokion berandutze-interesa ordaindu, baldin eta beste laguntza edo dirulaguntza batzuekiko bateragarritasun-muga gainditzen bada, agindu honen 8. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
Aipatutako zenbatekoak diru-sarrera publikotzat hartuko dira dagozkien ondorioetarako.
2.– Itzultzeko prozedura izapidetzeko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan eta haren aurkakoak ez diren abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren xedapenetan ezarritakoari jarraituko zaio. Dekretu horrek, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen du, eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko eskakizunak, araubidea eta betebeharrak ezartzen ditu. Espedientea hasteko ebazpenean, hauek jakinaraziko zaizkio onuradunari: itzulketa-prozeduraren hasiera, bete ez diren betebeharrak eta ukitutako dirulaguntza-zenbatekoa. Prozeduraren ebazpenak dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko du, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak eta dirulaguntzen arloan aplika daitezkeen berandutze-interesak itzultzeko xedatuko du, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura emandako dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan xedatutakoaren arabera. Aipatutako zenbateko horiek zuzenbide publikoko sarreratzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.
Elikadura eta Landa Garapeneko sailburuordeari dagokio itzulketa-espedientea, osoa nahiz partziala, abiaraztea eta ebaztea.
3.– Dirulaguntza ematea onartzeko oinarritzat hartu zen aurrekontuko partidaren batean kontsignatutako zenbatekoen % 25eko beheranzko desbideratzea edo txikiagoa bada ez-betetzea, horrek ez du nahitaez ekarriko dirulaguntza osorik kobratzeko eskubidea galtzea, ez eta aurretik jasotako zenbatekoak itzultzea ere, baldin eta administrazio-organoak inguruabar hauek atzematen baditu, justifikazio-prozedurari amaiera ematen dion ebazpenean:
– Egiaztatzea onuradunak jardun argi eta garbia izan duela bere konpromisoak osorik betetzeko.
– Ez zaiela kalterik eragin hirugarrenen eskubideei.
– Onuradunak behar bezala arrazoitu eta egiaztatu dituela desbideratze horren zergatiak.
Kasu horretan, emandako dirulaguntzatik egiazki eta behar bezala justifikatutako zenbatekoa ordainduko zaio onuradunari, entitate emaileak justifikazioa egiaztatu eta onartu ondoren.
4.– Aurreko paragrafoan ezarritako baldintzak partzialki betetzen badira, onuradunak argi eta garbi konpromisoak betetzeko jardun duela egiaztatzen bada, betiere, dirulaguntzaren zati bat ordainduko da, edo, hala badagokio, zati bat itzuliko da, eta egindako jarduera osoak guztizkoarekiko duen proportzioa kalkulatuko da. Nolanahi ere, onuradunak kobratzeko eskubidea duen zenbateko partziala onartutako dirulaguntzatik benetan eta behar bezala justifikatu den zenbatekoa izango da, justifikazioa egiaztatu eta entitate emaileak onartu ondoren.
15. oinarria.– Bateragarritasunak.
Laguntza hauek bateragarriak izango dira beste edozein administrazio publiko, sail, organismo edo erakunde publiko zein pribatuk xede bererako emandako laguntzekin, baldin eta ez badu laguntzen pilaketak jardueraren kostuaren ehuneko ehun gainditzen eta ez badu gainfinantzaketa eragiten. Gainfinantzaketa badago edo ezarritako mugak gainditzen badira, kendu egingo da soberakinari dagokion kopurua, Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordearen ebazpen baten bidez.
16. oinarria.– Datuen babesari buruzko informazioa.
Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta indarreko gainerako araudian xedatutakoarekin bat etorriz tratatuko dira datu pertsonalak.
Trataera horri buruz gehiago jakin nahi izanez gero, jo helbide honetara:
https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/113000-capa2-eu.shtml
RSS