Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

139. zk., 2025eko uztailaren 23a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
3233

EBAZPENA, 2025eko maiatzaren 23koa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariarena, zeinaren bidez ezetsi egiten baita Ekialdebus SL erakundeak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza erakunde gisa aitortzeko egindako eskabidea.

Otsailaren 11ko 11/2014 Dekretuaren bidez, «emakumeen eta gizonen berdintasunerako lankidetza-erakundea» aintzatespena arautu zen, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna erraztuko duten baldintzak sustatzeko eta berdintasun horrek dituen oztopoak kentzeko. Horretarako, esparru sozio-laboralean emakumeen eta gizonen aukera- eta tratu-berdintasunaren alde sor daitezkeen ekimenak sustatu ziren.

Ekialdebus SL erakundeak emakumeen eta gizonen berdintasunerako lankidetza-erakunde gisa aitortzeko eskaera aurkeztu zuen 2024ko azaroaren 27an.

Hori dela eta, Ekialdebus SL erakundeak aurkeztutako eskabidea eta Ebaluazio Batzordeak aurkeztutako ebazpen-proposamena ikusita, erakunde interesdunak dokumentazioa egiaztatu eta ebaluatu ondoren, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Ekialdebus SL erakundeak emakumeen eta gizonen berdintasunerako lankidetza-erakundearen aitorpena lortzeko aurkeztutako eskaera ezestea, ez datorrelako bat «Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundea» aitorpena arautzen duen otsailaren 11ko 11/2014 Dekretuan ezarritakoarekin, batez ere arrazoi hauengatik:

– Aurkeztutako dokumentazioa ez dator bat «Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundea» aitorpena arautzen duen otsailaren 11ko 11/2014 Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritako baldintzekin.

– 3. artikulua ez betetzea: erakundeak aurkeztutako egoera-diagnostikoaren ondorioz, sexuaren arabera bereizitako datuak ez dira nahikoa bildu, eta aztertutako aldagaietan genero-azterketa egokia egitea falta da. Gabezia horrek azterketa ahul eta nahikoa ez dena dakar genero-arrakalak modu eraginkorrean identifikatzeko, eta horrek eragozten du haiek zuzentzeko neurri espezifikoak eta neurridunak diseinatzea.

– 4. artikulua ez betetzea: aurkeztutako berdintasun-arloko jarduketa-planean ez da jasotzen erakundean emakumeen ordezkaritza handitzeko neurri nahikorik. Gainera, ez du zerbitzuen prestazioan berdintasun-printzipioa eraginkortasunez txertatzeko jarduketarik, eta horrek esan nahi du ez direla kontuan hartu 11/2014 Dekretuaren arau-esparruan ezarritako eskakizunak.

Ondorioz, argi dago eskaeraren edukia ez datorrela bat Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundearen aitorpena arautzen duen otsailaren 11ko 11/2014 Dekretuan ezarritako gutxieneko baldintzekin.

Horrek guztiak eragozten du «Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundea» aitorpena arautzen duen otsailaren 11ko 11/2014 Dekretuan ezarritako balorazio-irizpideei eta betekizunei dagokienez eskabidea eta aitorpena emateko dokumentazioa behar bezala baloratzea.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta beronen aurka berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 23a.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendaria,

MIREN ELGARRESTA LARRABIDE.


Azterketa dokumentala