
139. zk., 2025eko uztailaren 23a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (100 KB - 2 orri.)
- EPUB (102 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LEHENDAKARITZA
3231
EBAZPENA, 2025eko apirilaren 24koa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariarena, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundearen aitorpena lortzeko LKS S. Koop. enpresak aurkeztutako eskaera ezesten duena.
Otsailaren 11ko 11/2014 Dekretuaren bidez, «Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundea» aitorpena arautu zen, emakumeen eta gizonen berdintasuna errazten duten baldintzak sustatzeko eta berdintasun hori eragozten duten oztopoak kentzeko, gizarte- eta lan-eremuan emakumeen eta gizonen aukera-berdintasunaren eta tratu-berdintasunaren alde sor daitezkeen ekimenak sustatuz.
LKS S. Koop. enpresak emakumeen eta gizonen berdintasunerako lankidetza-erakunde gisa aitortzeko eskaera aurkeztu zuen 2024ko irailaren 26an.
Ondorioz, LKS S. Koop. enpresak aurkeztutako eskaera eta Ebaluazio Batzordeak egindako ebazpen-proposamena ikusita, erakunde interesdunak bidalitako dokumentazioa egiaztatu eta ebaluatu ondoren, honako hau
EBAZTEN DUT:
Ezestea LKS S. Koop. enpresak aurkeztutako eskaera, emakumeen eta gizonen berdintasunerako lankidetza-erakundearen aitorpena lortzekoa, ez datorrelako bat otsailaren 11ko 11/2014 Dekretuan ezarritakoarekin (11/2014 Dekretua, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundearen aitorpena arautzen duena). Arrazoi hauengatik egin da nagusiki:
– Ez dago urte anitzeko berdintasun-planik indarrean. LKS S. Koop. sozietateak III. Diagnostikoa eta Berdintasun Plana aurkeztu zituen. Dokumentu horiek sozietateko besteren konturako langileei soilik zuzenduta daude. Eskatzailea kooperatiba bat denez, bazkide langileak ditu, baita besteren konturako langileak ere. Horregatik, aipatutako gabeziak zuzentzeko eskatu zitzaion eskatzaileari. Hala ere, eskatzaileak II. Diagnostikoa eta II. Berdintasun Plana aurkeztu zituen. Dokumentu horiek besteren konturako langileak eta bazkideak hartzen dituzte, baina haien indarraldia (2021-2024) ez da luzatzen lankidetza-erakundearen aitorpena ematen den aldira. Ondorioz, urte anitzeko berdintasun-planik ez egoteak otsailaren 11ko 11/2014 Dekretuaren 4. eta 9.2 artikuluak urratzen ditu.
– III. Planean aurkeztutako ordainsari-auditoretza ez dator bat Emakumeen eta Gizonen Ordainsari-berdintasunari buruzko urriaren 13ko 902/2020 Errege Dekretuaren 7. eta 8. artikuluetan ezarritakoarekin; izan ere, diagnostikoak edo analisiak ez du lanpostuen ebaluaziorik aurkezten ordainsari-sistemari eta sustapen-sistemari dagokienez. Are gehiago, ez da sexuaren arabera banakatutako daturik ematen ordainsarien erregistroari buruz, zehazki soldataren, soldata-osagarrien eta soldataz kanpoko ordainsarien mediana aritmetikoari buruz.
– III. Diagnostikoa eta Berdintasun Plana 2017an egindako galdetegi batean oinarrituta daude, eta ez da emakumeen eta gizonen egoerari buruzko iritzi-datu eguneraturik ematen enpresaren eremu guztietan.
Ondorioz, LKS S. Koop. enpresak aurkeztutako dokumentazioa ez dator bat urriaren 14ko 901/2020 Errege Dekretuan ezarritako baldintzekin (901/2020 Errege Dekretua, urriaren 14koa, Berdintasun-planak eta haien erregistroa arautzen dituena eta laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistroari eta gordailuari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua aldatzen duena).
AZKEN XEDAPEN BAKARRA
Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta beronen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, zuzenean, administrazioarekiko auzien epaitegi eskudunean, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko apirilaren 24a.
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendaria,
MIREN ELGARRESTA LARRABIDE.
RSS