Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

138. zk., 2025eko uztailaren 22a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
3207

AGINDUA, 2025eko ekainaren 19koa, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita Fundación Onkologikoa Fundazioa izeneko fundazioa azkentzeko erabakia.

2025eko maiatzaren 27an, eskabide bat sartu zen Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren Sailaren Erregistro Orokorrean, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzari eskaera hau luzatzeko: berrets zezan Fundacion Onkologikoa Fundazioa izeneko fundazioa azkentzeko erabakia.

Fundazioaren patronatuak hartu zuen erabakia, 2025eko maiatzaren 22an, egun horretan bertan patronatuaren kide ez den idazkariak, presidentearen oniritziarekin, egindako ziurtagirian jasotakoarekin bat.

Eskabidearekin batera administrazio-espedientean dagoen dokumentazioa aurkeztu zen.

Patronatuak aho batez onartu du Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 40.c) artikuluan ezarritako kausa betetzen dela, hau da, fundazioaren helburua ezin dela gauzatu.

Halaber, likidatzeko plana onartzea erabaki da, bai eta fundazioaren izenari «likidazioan» adierazpena formalki gehitzea eta, azkenik, likidaziotik soberan dagoen ondarea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrera bideratzea ere.

2023ko abenduaren 29an, Euskal Autonomia Erkidegoko 2024ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legea argitaratu zen EHAAn. Lege horrek 14. xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera, Onkologikoa osasun-zentroa Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan titulartasun publikoko baliabide gisa integratzeko baimena ematen da. Dekretu bidez zehaztu behar dira integrazio horretarako baldintzak eta ente publiko horrek beteko dituen funtzioekin lotutako edo funtzio horietatik eratorritako ondasunak, eskubideak eta betebeharrak zeini atxiki, Fundación Onkologikoa Fundazioa izeneko fundazioko giza baliabideek ente publikoan integratu arte finkatu eta lortu dituzten lan-eskubideen eta -betebeharren gaineko titulartasunari dagokion ondorengotza onartuz.

2024ko apirilaren 26an, lankidetza-hitzarmena sinatu zuten Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak eta Fundacion Onkologikoa Fundazioa izeneko fundazioak (2024ko maiatzaren 20ko EHAA), lege-aurreikuspen horren garapena eta aplikazioa antolatzeko, Onkologikoa Fundazioa azkendu ondoren.

Hitzarmen horretan eta DNCG_DEC_3010/24_09 espedientearen pean izapidetzen ari den dekretu-proiektuaren azalpen-zatian jaso den bezala, eta fundazioak bere helburuen garapenari dagokionez Babeslaritzari aurkeztutako dokumentazioan egiaztatu ahal izan denez, Administrazio Publikoak, arian-arian, bere gain hartu du onkologiaren arloko osasun-zerbitzuen prestazioa, eta fundazioa osasun-zerbitzu publikoen osagarri subsidiario izatera pasatu da; hori dela eta, Fundación Onkologikoa Fundazioa izeneko fundazioak bere existentzia edo izateko arrazoia zalantzan jartzen du, momentu honetan, izan ere, egoerak fundazioa hondamendira eraman du azken ekitaldietan izan den funts-propioen galera metatuen ondorioz.

Azkentzea adosten da, honako hauek aintzat hartuta: a) Fundazioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak 2024ko apirilaren 26an sinatutako lankidetza-hitzarmenean itundutakoa (2024ko maiatzaren 20ko EHAAn argitaratua), Onkologikoa Fundazioaren aktibo, pasibo eta harreman juridiko guztiak (lan-kontratukoak barne) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean behin betiko integratzeko prozesua arautzen duena; bi kasuetan subrogatuko da oinordetza unibertsalaren bidez. b) Zentzu hertsian, fundazioa likidatzeko benetako prozesurik ez egotea, azkentzearen ondorengoa.

Fundazioa azkentzeko erabakia 2025eko ekainaren 4ko Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariaren ebazpen bidez berretsi da.

Azkentzeko erabakia Álvaro Rodríguez Santos notario jaunaren aurrean, 2025eko ekainaren 13an egiletsitako eskritura publikoan gauzatu da (protokolo-zenbakia: 378).

Fundación Onkologikoa Fundazioaren azkentzea adostu ondoren, fundazioak likidatzeko prozesu bati ekin behar dio. Prozesu horretan, Fundazioei buruzko Legearen 42. artikuluaren bosgarren paragrafoan xedatutakoa oinarri hartuta, likidaziorako, kredituak kobratzeko, zorrak ordaintzeko edo betearazteko dauden egintzak betetzeko beharrezkoak diren obligazioak baino ezingo ditu hartu.

Fundazioaren azkentzeak harekin ekarriko du likidatzeko prozesua abiaraztea, zeina patronatuak gauzatuko baitu.

Likidazio-eragiketak eskritura publikoan formalizatuko dira, eta erabakia Fundazioen Erregistroan inskribatuko da, Babesletzak txostena egin ondoren.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak eman behar du, agindu bidez, azkentzeko espediente honen gaineko ebazpena, arau hauetan xedatutakoarekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 9.1.n) artikulua, eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 317/2024 Dekretuaren 3.1 artikulua.

Espedienteari funtsezko iritzitako datu eta dokumentu guztiak erantsi zaizkio, eta bereziki bete dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 40., 41. eta 51.2 artikuluetan; eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 48. artikuluan aurreikusitako baldintzak.

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea Fundacion Onkologikoa Fundazioa izeneko fundazioa azkentzeko erabakia, agindu honen datarekin eta Álvaro Rodríguez Santos notario jaunaren aurrean, 2025eko ekainaren 13an, egiletsitako azkentze eskrituran aurreikusitako baldintzetan (protokolo-zenbakia: 378).

XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei jakinaraztea.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, ondorioz, beraren aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburu honen aurrean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean; bestela, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 19a.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,

MARÍA UBARRECHENA CID.


Azterketa dokumentala