Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

138. zk., 2025eko uztailaren 22a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
3206

AGINDUA, 2025eko uztailaren 2koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuarena, zeinaren bidez 2025. urterako dirulaguntzak ematen baitzaizkie erakunde sindikalei Sindikatu Hauteskundeen Batzordea eta Lurralde Batzordeak osatzeagatik, bai eta azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuan ezarritako ikuskapen-araubidean parte hartzeagatik ere.

Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu zituen azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriak dirulaguntzak emateko prozedura zehaztu zuen –garai hartako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren aurrekontu-zuzkiduraren kontura ematekoak–.

Halaber, aipatutako dekretuko 8. artikuluak Sindikatu Hauteskundeen Batzordearen osaeran sindikatuei dagokien ordezkaritza arautu zuen, proportzionaltasun-irizpidea errespetatuz, enpresetako eta administrazio publikoen zerbitzupeko langileen ordezkaritza-organoetarako hauteskundeetan Euskal Autonomia Erkidegoan sindikatu bakoitzak eskuratutako ordezkatze-mailaren arabera.

Horretaz gain, aipatutako dekretuko bigarren xedapen gehigarriak aurrekontu-kreditua banatzeko ohiko prozedura zehazten du, eta, horren ondorioz, dirulaguntzaren zenbatekoa zati berdinak emanez banatu daiteke, edo proportzionaltasuna aplikatuz, enpresetako eta administrazio publikoen zerbitzupeko langileen ordezkaritza-organoetarako hauteskundeetan Euskal Autonomia Erkidegoan sindikatu bakoitzak eskuratutako ordezkatze-mailaren arabera. Hori guztiori, dirulaguntzak emateko aginduan xedatzen denari jarraikiz, eta Sindikatu Hauteskundeen Batzordeko kide diren sindikatuekiko akordiorik dagoen ala ez ere kontuan hartuz.

Bigarren xedapen gehigarri horren 2. zenbakian xedatutakoarekin bat etorriz, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak, 2025eko maiatzaren 8ko Aginduaren bidez, prozedura hasi zuen 2025. urterako dirulaguntzak emateko erakunde sindikalei Hauteskunde Sindikalen Batzordea eta Lurralde Batzordeak osatzeagatik, baita azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuan araututako ikuskapen-araubidean parte hartzeagatik ere.

2025eko maiatzaren 23an, Hauteskunde Sindikalen Batzordeko erakunde sindikalek eta Lan eta Gizarte Segurantzako zuzendariak erabaki bat hartu zuten: Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuari proposatu zioten zati berdinetan bana zezala 2025. urterako ezarritako dirulaguntza –Euskal Autonomia Erkidegoaren 2025. ekitaldiko Aurrekontu Nagusiak onartzen dituen abenduaren 20ko 8/2024 Legeak ezarritakoa, 3112. programan (11 zerbitzua), 816.817,00 euroko hornidurarekin–.

Aipatutako azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriaren 3tik 5era bitarteko apartatuetan xedatutakoarekin bat etorriz, agindu honen bidez dirulaguntza ematen zaie bertan aurreikusitako Sindikatu Hauteskundeen Batzordea, Lurralde Batzordeak eta Ikuskaritza osatzen dituzten erakunde sindikalei.

Hori guztia dela eta,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Dirulaguntza ematea.

1.– 2025erako dirulaguntzak ematen zaizkie erakunde sindikalei Hauteskunde Sindikalen Batzordea eta Lurralde Batzordeak osatzeagatik, bai eta azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuan araututako ikuskapen-araubidean parte hartzeagatik ere (237/2000 Dekretua, azaroaren 28koa, Euskal Autonomia Erkidegoan Hauteskunde Sindikalen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortzen dituena).

2.– Dekretu horren bigarren xedapen gehigarriko 3. puntutik 5. puntura agindutakoaren arabera, eraginpeko alderdiek erabaki zuten 2025. urterako zati berdinetan banatzea 816.817,00 euroko aurrekontu-dotazioa, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2025. ekitaldiko Aurrekontu Nagusiak onartzen dituen abenduaren 20ko 8/2024 Legeak ezarritakoa. Hauteskunde Sindikalen Batzordea osatzen duten erakunde sindikal hauetako bakoitzak 204.204,25 euro jasoko ditu:

– Euskal Langileen Alkartasuna (ELA).

– Confederación Sindical de CCOO de Euskadi.

– Langile Abertzaleen Batzordeak (LAB).

– Unión General de Trabajadores (UGT-Euskadi).

2. artikulua.– Dirulaguntza jasotzeko baldintzak.

Aurreko artikuluan ezarritako dirulaguntza jaso baino lehen, interesatuta dauden erakunde sindikalek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzearen egiaztagiriak, 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoaren arabera (Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).

Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeko, administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko dira, hurrenez hurren, zerga-organo eskudunek edo Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emandakoak. Espedientearen organo kudeatzaileak dokumentu horiek zuzenean bilduko ditu, elkarreragintasun-zerbitzuen bitartez.

Hala ere, erakunde eskatzaileak horren aurka egin ahal izango du; kasu horretan, bere kabuz aurkeztu beharko ditu dagozkion ziurtagiriak.

b) Erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu behar da. Dokumentu horrek honako hauek egiaztatu beharko ditu:

b.1.– Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak aurretik emandako dirulaguntzak justifikatu izanarenak.

b.2.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.1 artikuluan aurreikusitako inguruabarretako batean ez egotearenak.

b.3.– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatearenak, 2023ko otsailaren 13ko Aginduan zehazten den moduan (Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).

3. artikulua.– Ordaintzeko modua.

Aldi bakarrean ordainduko da dirulaguntza, agindu honetan ezarritako agiriak aurkeztu ondoren.

4. artikulua.– Bateragarritasuna.

Laguntzak bateragarriak dira erakunde sindikalek jaso ditzaketen beste laguntza, dirulaguntza, sarrera edo baliabide batzuekin, baldin eta azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuaz araututako laguntzen helbururako barik, beste helburu baterako badira. Dekretu horren bidez, bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu ziren.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluek ezarritakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Onesten den egunetik aurrera izango ditu ondorioak agindu honek, baina horrek ez du eragotziko pertsona interesdunei jakinarazpena egitea.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, herritar guztiei jakinarazteko.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko uztailaren 2a.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua,

MIGUEL TORRES LORENZO.


Azterketa dokumentala