
136. zk., 2025eko uztailaren 18a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (222 KB - 10 orri.)
- EPUB (209 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LEHENDAKARITZA
3156
EBAZPENA, 2025eko uztailaren 9koa, Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren idazkari nagusiarena, zeinaren bidez iragartzen baita Gaztemundu programaren 2025 urteko edizioa.
Azaroaren 14ko 170/2023 Dekretuak Gaztemundu programa arautzen du –2023ko azaroaren 28ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 227. zk.–. Programa horren bitartez, euskal etxeetako gazteek egonaldia egingo dute Euskadin, Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak finantzaturik, gaurko errealitatera hurbil daitezen. Dekretu horren 8. artikuluak ezarritakoaren arabera, bidezkoa da 2025eko ekitaldirako laguntzak iragartzea.
Deialdi hau Lehendakaritzaren 2024-2027 aldirako Dirulaguntzen Lau Urteko Plan Estrategikoan sartzen da (Ebazpena, 2024ko otsailaren 12koa, Koordinazio eta Gizarte Komunikazioko idazkari nagusiarena). Plan hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren helbidean argitaratuta dago (https://www.euskadi.eus/proiektua/lehendakaritzaren-2024ko-diru-laguntzen-plan-estrategikoa/web01-s2lehen/eu/) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura finantzatuko da. Gaztemundu programak, gainera, kanpoan den euskal komunitatea indartzen laguntzen du, Lehendakaritzaren 2024-2027 Dirulaguntzen Lau Urteko Plan Estrategikoan jasotako helburu estrategikoetako bat baita.
Hori dela eta, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdia.
Gaztemundu programa iragartzea, 100.000 euroko zenbatekoarekin, euskal etxeetako gazteek 2025eko egonaldia egin dezaten Euskadin. Eranskin bakarrean jaso dira horretarako onartu diren oinarriekin, eta Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean xedatutakoarekin bat etorriz.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jar dakioke ebazpena eman duen organoari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hileko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko uztailaren 9a.
Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren idazkari nagusia,
ANDER CABALLERO BARTUREN.
I. ERANSKINA
GAZTEMUNDU 2025 PROGRAMARAKO DEIALDIAREN OINARRIAK
Lehenengoa.– Xedea.
1.– Oinarri hauen xedea Gaztemundu programarako deia egitea da, programa hori arautzen duen azaroaren 14ko 170/2023 Dekretuaren 4. artikuluan –2023ko azaroaren 28ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 227. zk.– ezarritako baldintzak betetzen dituzten gazteek egonaldia egin dezaten Euskadin 2025eko azaroaren 30etik abenduaren 14ra.
2.– Gaztemundu 2025 urteko programaren gaia «erro tradizionaleko musika tresnak» da. Helburua da programak, oro har, Euskal Diasporako gazteak tresna hauen praktikan eta irakaskuntzan trebatu ahal izatea, eta horrek Euskal Etxeen funtzionamenduan eragin positiboa izatea.
3.– Edizio honetan 15 egonaldi eskainiko dira gehienez.
Bigarrena.– Hartzaileak.
1.– Hartzaileek Gaztemundu programa arautzen duen Dekretuaren 4. artikuluan eskatzen diren baldintzak bete beharko dituzte.
2.– Artikulu horretako d) baldintza honela egiaztatuko da:
a) Euskal Etxe bateko musika-animazioan aktiboki parte hartuz, erro tradizionaleko musika tresnei buruzko musika-ezagupenen agiri bidez egiaztatzea.
b) Erro tradizionaleko musika-tresnei buruzko musika-ezagutzak egiaztatzea, 3 eta 5 minutu bitarteko iraupena duen bideo bat aurkeztuz, hautagaia euskal folklore tradizionaleko pieza bat interpretatzen erakutsiz.
Bi egiaztapen-bide horiek metagarriak dira, hau da, bi baldintzak egiaztatu behar dira, eta ez da nahikoa baldintza horietako bat egiaztatzea.
Hirugarrena.– Zenbatekoa.
Gaztemundu prestakuntza-programara 2025erako 100.000 euro bideratu dira guztira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko aurrekontuetan berariaz ezarritako aurrekontu-kredituetatik dator zenbateko hori.
Laugarrena.– Eskabideak aurkezteko epea, modua eta lekua.
1.– Interesdunek zuzenean aurkeztu ahal izango dituzte hautagaitzak, edo Euskal Etxe bati edo beste ordezkari bati emanda. Ordezkaritza zuzenbidean baliozko den edozein bitartekoren bidez egiaztatu ahal izango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Ordezkaritza deialdi-ebazpen honen I. eranskineko III. dokumentuko ereduaren arabera formalizatu ahal izango da. Eredu hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren helbide honetan dago eskuragarri:
2.– Pertsonalki edo Euskal Etxea ez den beste ordezkaritza baten bidez egindako eskabideak Lehendakaritzan aurkeztuko dira, Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren Idazkaritza Nagusian –Nafarroa kalea 2, 01007 Vitoria-Gasteiz–, I. eranskinean –I. dokumentua– eskuragarri dagoen ereduaren arabera. Interesdunek eskuragarri izango dute www.euskadi.eus/euskaldunak webgunean, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako edozein modutan.
3.– Euskal Etxeek modu telematikoan aurkeztuko dituzte eskabideak, https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0073505 helbidean, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren egoitza elektronikoan dauden inprimakiak eta ereduak kontuan hartuta eta bertan ezarritako jarraibideei jarraituz.
4.– Administrazio-prozeduraren informazio-fitxaren bidez sartzen da eskabide-formularioan, bertan daude izapideak egiteko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak. Helbide honetan dago:
https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0073505
5.– Hautagaitzak aurkezteko eta ondorengo izapide guztiak egiteko, euskal etxeek BAK doako identifikazio- eta sinadura elektronikoko sistema erabili beharko dute. Sistema hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dago eskuragarri, helbide honetan:
https://www.izenpe.eus/bak-herritarrentzako-sinadura-eta-identifikazioa/webize00-cnciudadania/eu/
6.– Dekretu Arautzailearen 9. artikuluaren arabera, eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira hautagai bakoitzarentzat:
a) Pasaportearen edo nortasun agiriaren kopia, adina eta bizilekua egiaztatzeko.
b) Euskal Etxeak emandako ziurtagiria, eskatzailearen bazkidetza egiaztatzeko, hau da, ofizialki aintzatetsitako eta Euskal Etxeen Erregistroan inskribaturiko Euskal Etxe bateko bazkide dela deialdia argitaratu baino hiru urte lehenagotik, gutxienez.
c) Euskal Etxearen txostena, erantzukizun-eremuetan pertsonak duen parte-hartze mailari buruzkoa.
d) Deialdian proposatutako gaiari buruzko azterketa- edo analisi-lana.
2025eko deialdiaren gaia «erro tradizionaleko musika tresnak» izanik, eskaera-inprimakian 3 eta 5 minutu bitarteko iraupena duen bideoaren esteka jarriko da. Bideo horretan, hautagaiak erro tradizionaleko musika tresnan gaineko ezagutzak egiaztatu beharko ditu euskal folklore tradizionaleko pieza bat jotzez. Horretarako, Youtube kanala erabili beharko da, hemen eskuragarri dagoena: https://www.youtube.com/. Bideoa grabatu ondoren, Youtube kanalera igoko da, eta modu «ezkutuan» konfiguratuko da ikusteko, hau da, bideoaren estekarekin bakarrik ikusi ahal izateko. Bideoaren esteka hori eskaera-inprimakian sartuko da.
e) Euskal Etxe bateko musika-animazioan aktiboki parte hartuz, erro tradizionaleko musika tresnei buruzko ezagutzak dituela egiaztatzen duen agiria.
f) Euskaren ezagutzaren egiaztagiria.
g) Programa osoan parte hartzeko hautagaiaren erantzukizunpeko adierazpena, bai eta parte hartzetik erator daitezkeen erantzukizunak bere gain hartzekoa ere, hargatik eragotzi gabe Euskal Autonomia Erkidegoko funts publikoekin finantzatutako programa batean parte hartzearen ondorioz izan ditzaketen beste erantzukizun batzuk.
Hautagaiak aurkeztu beharreko erantzukizunpeko adierazpenaren eredua ebazpen honen I. eranskinean dago –III. dokumentua–, eta helbide honetan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0073505.
Eskabide-inprimakia, erantzukizunpeko adierazpena eta ordezkaritza-ematea hautagaiak izenpetu beharko ditu.
7.– Hautagaitzak, eskatutako dokumentazioarekin batera, erakunde eskatzaileak aukeratzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dira. Halaber, prozeduratik eratorritako jardueretan, erakunde eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.
8.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, oinarri arautzaileen deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4 artikuluan xedatutakoaren arabera.
Bosgarrena.– Ebaluazio Batzordea.
Azaroaren 14ko 170/2023 Dekretuaren 11. artikuluan aurreikusitako ebaluazio batzordeak honako kide hauek izango ditu:
– José Manuel Meaurio Antón jauna, Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren Idazkaritza Nagusiko teknikaria, batzordeburua.
– Benan Oregi Iñurrieta jauna, Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren Idazkaritza Nagusiko teknikaria, bokala.
– Alicia Díaz de Guereñu Curto andrea, Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren Idazkaritza Nagusitik, bokala.
– Iñigo Durana Ibañez jauna, Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren Idazkaritza Nagusitik, Batzordeko idazkaria.
Seigarrena.– Prozedura kudeatzea eta ebaztea.
Laguntzak kudeatzeko organo eskuduna Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritza izango da, laguntzak arautzen dituen Dekretuaren 7. artikuluaren arabera.
Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren idazkari nagusiak ebatziko du Gaztemundu programaren deialdia, Ebaluazio Batzordeak egindako proposamena kontuan izanda.
Zazpigarrena.– Balorazio-irizpideak.
1.– Baloratuko da musika pieza bat jotzea erro tradizionaleko honako musika tresna hauen arteko batez eta gehiagoz baliatuta: alboka, atabala edo gaita danborra, gaita nafarra, panderoa, trikitixa, txalaparta, txirula eta txistua.
2.– Ebaluazio Batzordeak aurkeztutako hautagaitzak baloratuko ditu, Gaztemundu programa arautzen duen Dekretuaren 6. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideen arabera. Alderdi espezializatu horren balorazioa – 6. artikuluko a) irizpidea –, instrumentu horietan adituak diren pertsonek egingo dute. Aditu horiek Ebaluazio Batzordeari helaraziko diote beren balorazioa.
3.– Aipatutako 6. artikuluko a) irizpidea, alegia, aurkeztutako azterketa- edo analisi-lanaren kalitatea, gehienez 40 punturekin baloratuko da, honako baremazio irizpide hauei jarraituz:
a) Musika proposamena testuinguruan kokatzea, proposamenaren jatorria, koherentzia eta justifikazioa, hobekuntza bezala alderdi berritzaileak hartuz kontuan (10 puntu, gehienez).
b) Aukeratutako musika tresna ezagutzea (10 puntu, gehienez).
c) Aukeratutako musika pieza jotzeko gaitasuna (10 puntu, gehienez).
d) Musika tresna jotzen erakusteko orduan azaldutako ezagutza pedagogikoa hobekuntza bezala alderdi berritzaileak hartuz kontuan (10 puntu, gehienez).
Zortzigarrena.– Ebazpena jakinaraztea.
Dekretu arautzailearen 12. artikuluaren arabera, hautaketa-ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz jakinaraziko da, bai eta egoitza elektronikoko «Nire karpeta» zerbitzuaren bidez ere parte hartzen duten euskal etxe guztiei. Bertan, programan parte hartzeko hautatutako hautagaien zerrenda, izendatutako ordezkoen zerrenda –halakorik balego– eta hautatu gabeko pertsonen zerrenda jasoko dira.
Gaztemundu programako hautagaiak hautatzeko ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, sei hilabeteko epean, urteko deialdiaren ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe horretan berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hautagaitza ezetsitzat jo ahal izango da.
Hautagai-zerrendak hautatzeko ebazpenak amaiera emango dio administrazio-bideari, eta, horren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio egintza eman zuen organoari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluekin bat etorriz, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean ezarritako eskumen-araubidearen arabera.
Bederatzigarrena.– Ez-betetzeak.
Onuradunek Gaztemundu programa arautzen duen azaroaren 14ko 170/2023 Dekretuan ezarritako baldintzak eta betebeharrak betetzen ez badituzte, programan parte hartzeko eskubidea galduko dute, eta, hala badagokio, sortutako gastuen zenbatekoa eta dirulaguntzak itzultzeagatik dagozkien berandutze-interesak itzuli beharko dizkiote Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen III. tituluan itzulketari buruz araututakoa kontuan hartuta.
Betebehar horiek ez betetzea, dagokion zehapen-espedientea izapidetu ondoren, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 44. artikuluan araututako arau-haustetzat jo ahal izango da.
Hamargarrena.– Datu pertsonalen babesa.
Gaztemundu 2025 programa dela-eta bildutako datu pertsonalak erabiliko dira, eta tratamendu-jarduera honi erantsiko zaizkio: Kanpoan den euskal komunitateari Laguntzak eta dirulaguntzak.
– Arduraduna: Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritza, Lehendakaritza.
– Helburua: Kanpoan den euskal komunitateetako pertsonei edo eskabidea egiten dutenei laguntzak eta dirulaguntzak ematea.
– Legitimazioa:
Tratamendua beharrezkoa da lege-betebeharrak betetzeko.
Tratamendua beharrezkoa da misio bat betetzeko, zeina egiten baita interes publikoaren izenean, edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzeko.
– Hartzaileak:
Euskal Etxeak.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila.
– Eskubideak: Datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.
– Informazio osagarria: Gure web-orrian kontsulta dezakezu Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua:
www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/062400-capa2-eu.shtml.
– Araudia:
Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra:
https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD-2016_0679_eu.pdf
3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa:
http://www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf
RSS