
135. zk., 2025eko uztailaren 17a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (131 KB - 3 orri.)
- EPUB (110 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
3146
137/2025 DEKRETUA, uztailaren 1ekoa, zeinaren bidez kentzen baita «Ntra. Sra. del Carmen» Helduen Hezkuntza Iraunkorreko Ikastetxe Publikoa, eta sortzen baita «El Carmen» Lanbide Heziketako Institutua, Hezkuntza Sailaren titulartasunekoa, lanbide-heziketaren arloko irakaskuntzak emateko.
Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren 16. artikuluaren arabera, irakaskuntza Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumena da, bere luze-zabalean, maila, gradu, era eta espezialitate guztietan, hargatik bazter utzi gabe Konstituzioaren 27. artikulua, artikulu hori garatzen duten lege organikoak, Konstituzioaren 149.1.30.a) artikuluak Estatuari ematen dizkion ahalmenak, eta hori betetzeko eta bermatzeko behar den goi-ikuskaritza ere.
Lege-agindu hori garatuz, abenduaren 30eko 3195/1980 Errege Dekretuak eskumenak ematen dizkio Euskal Autonomia Erkidegoari unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoak sortu, eraldatu, handitu, batu, sailkatu eta kentzeko (3195/1980 Errege Dekretuaren bidez osatzen da Estatuak irakaskuntzaren arloan dituen zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeko prozesua).
Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoak 17. artikuluan xedatzen du Gobernuak edo dagokion autonomia-erkidegoko gobernu-kontseiluak sortu eta kenduko dituela ikastetxe publikoak, bakoitzak bere eskumenen esparruan.
Otsailaren 3ko 21/2009 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan unibertsitateaz kanpoko ikastetxeen sarea antolatzeko eta planifikatzeko irizpideak ezartzen ditu.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatzen duen abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak, berrogeita hamasei ter apartatuan, 111. artikuluko 1. apartatua aldatzen du, eta adierazten du lanbide heziketako institutuak deituko zaiela lanbide-heziketako irakaskuntzak soilik eskaintzen dituzten ikastetxeei.
Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 19ko 381/2024 Dekretuak 18.1.h) artikuluan adierazten duenez, Lanbide Heziketako Sailburuordetzari esleitutako funtzioen eta jardun-arloen artean dago, lanbide-heziketari dagokionez, unitate eta ikastetxe pribatuak baimentzeko eta baimen horiek aldatu eta azkentzeko proposamenak egitea, bai eta unitate eta ikastetxe publikoak sortu, eraldatu eta kentzeko proposamenak egitea ere. Dekretu horren 19.1.f) artikuluak, Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzari dagozkion egiteko eta jardun-arloen artean, lanbide-heziketako ikastetxe eta unitate publiko eta pribatuak sortu, eraldatu eta kentzeko prozedurak hasi eta izapidetzea jasotzen du.
Ondorioz, Hezkuntzako sailburuaren proposamenez, Lanbide Heziketako Euskal Kontseilua jakitun jarrita, eta Gobernu Kontseiluak 2025eko uztailaren 1ean egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Hezkuntza Sailaren titulartasuneko ikastetxe publiko hau kentzea:
Kodeak: 01002481 (estatukoa) eta 010258 (EAE).
Izen generikoa: Helduen Hezkuntza Iraunkorreko Ikastetxe Publikoa.
Izen espezifikoa: «Ntra. Sra. del Carmen».
Helbidea: Judizmendi etorbidea 5.
Udalerria: Vitoria-Gasteiz.
Lurralde Historikoa: Araba.
2. artikulua.– Hezkuntza Sailaren titulartasuneko ikastetxe publiko hau sortzea:
Kodeak: 01002481 (estatukoa) eta 010258 (EAE).
Izen generikoa: Lanbide Heziketako Institutua.
Izen espezifikoa: «El Carmen».
Helbidea: Judizmendi etorbidea 5.
Udalerria: Vitoria-Gasteiz.
Lurralde Historikoa: Araba.
3. artikulua.– Heziketa-eskaintza.
Sortutako lanbide-heziketako institutuak bere heziketa-ekintzetan sartuko ditu lanbide-heziketaren berezko irakaskuntzak, gradu guztietan.
– Lanbide Heziketaren ondoriozko osaera:
– Lanbide-arloa: Nekazaritza.
– Nekazaritzako lorezaintza eta lore konposizioak, oinarrizko mailako heziketa-zikloa. Edukiera: 3 ziklo.
– Lanbide-arloa: Irudi pertsonala.
– Ile-apainketa eta estetika, oinarrizko mailako heziketa-zikloa. Edukiera: ziklo 1.
– Lanbide-arloa: Zurgintza, altzarigintza eta kortxoa.
– Arotzeria eta altzarigintza, oinarrizko mailako heziketa-zikloa. Edukiera: ziklo 1.
– Lanbide-arloa: Garraioa eta ibilgailuen mantentze lanak.
– Ibilgailuen mantentze-lanak, oinarrizko mailako heziketa-zikloa. Edukiera: ziklo 1.
4. artikulua.– Ikastetxeko langileak.
1.– Behin betiko destinoa duten irakasle funtzionarioen berratxikitzeari ekingo zaio, 86/2002 Dekretua bigarren aldiz aldatzen duen uztailaren 29ko 148/2008 Dekretuak ezartzen duen bezala. Dekretu horren bidez ezartzen dira Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Institutu Espezifikoetako Lanpostu Zerrendak ikasturte bakoitzean zein irakaslerengan eragiten duen zehazteko irizpideak, eta arautzen da irakasleak dagozkien ikastetxeetan atxikitzeko prozesua.
2.– Hezkuntza Sailak urtero onartzen du, dekretu bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetan Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakasleen kidegoetako lan-kontratuko irakasleentzat eta funtzionarioentzat gordetako lanpostuen zerrenda, maisu-maistren kidegokoa izan ezik. Berratxikitze-prozesuak indarrean dagoen lanpostuen zerrendan azken oinarria duen araudi orokorraren arabera arautuko dira, zehazki, otsailaren 27ko 20/2024 Dekretuaren arabera (2024ko martxoaren 13ko EHAA). Onartu eta argitaratuko den dekretuan, 2024-2025 ikasturteari dagokionez, 2. artikuluan sortutako ikastetxeko irakasleen lanpostuak sartuko dira.
3.– Ikastetxe honetako Administrazio Orokorreko langileen atxikipena administrazio publikoetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko araudian araututako berratxikitze-prozesuetan oinarritzen da (170/2006 Dekretua, irailaren 12koa, urriaren 13ko 190/2004 Dekretua aldatzen duena).
XEDAPEN GEHIGARRIA.– Zuzendaritza-taldeak kargutik kentzea eta izendatzea.
Bai kendutako ikastetxeko zuzendaritza-taldeen kargu-uztea, bai sortutako lanbide heziketako institutuko zuzendaritza-talde berrien izendapena, otsailaren 28ko 29/2023 Dekretuan ezarritakoaren arabera egingo da. Dekretu hori hezkuntzaren arloan eskumena duen sailaren titulartasuneko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetan zuzendaritza-funtzioa eskuratzeari, prestakuntzari, ebaluazioari eta jarduna aitortzeari, eta hura osatzen duten karguak uzteari buruzkoa da.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek 2025eko irailaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak 2025-2026 ikasturterako.
Vitoria-Gasteizen, 2025eko uztailaren 1ean.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Hezkuntzako sailburua,
MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.
RSS