
133. zk., 2025eko uztailaren 15a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (151 KB - 4 orri.)
- EPUB (121 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
MUGIKORTASUN JASANGARRIAREN SAILA
3119
EBAZPENA, 2025eko uztailaren 3koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, «Usurbilen Illunbeko eta Torrekuako trenbide-pasaguneak kentzeko eraikuntza-proiektuak» ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda onartzen duena, eta titularrei dei egiten diena Okupazioaren Aurretiko Aktak egiteko.
2025eko martxoaren 11ko Ebazpenaren bidez, «Usurbilen Illunbeko eta Torrekuako trenbide-pasaguneak kentzeko eraikuntza-proiektua» onetsi zen. Ebazpena 2025eko martxoaren 31n argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (62. zk.).
Ondoren, 2025eko apirilaren 3ko Ebazpenaren bidez, «Usurbilen Illunbeko eta Torrekuako trenbide-pasaguneak kentzeko eraikuntza-proiektua» berriz ere onetsi zen. Ebazpena 2025eko apirilaren 25ean argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (78. zk.).
Onarpen berriaren arrazoia aurrekontuan egindako zuzenketa bat da, jatorrizko proiektuan ez baitzen behar beste diru erabili jarduketan eragina izan zuen zuhaitz-masa hostotsu bateko zuhaitzak kendu eta mozteko. Horrek aurrekontua handitzea ekarri du «Trenbide-plataformatik kanpoko lanak» partidan.
Illunbeko (96+609 KP) eta Torrekuako (96+873 KP) trenbide-pasaguneak, ETSren Bilbao-Donostia lineari dagozkionak, A (Aktiboa) motako trenbide-pasaguneak dira, eta trenbide-pasaguneko seinale bertikalen bidez bakarrik babesten dira. Inguruko nekazaritza-eremuetara sartzeko pasabideak dira.
Aginagako trenbide-pasagunea (96+971 KP) da inguru horretako nagusia, eta Aginaga auzorako sarbidea da 634 errepide nazionaletik. C motako pasabidea da, hesi automatikoak, orduen araberako soinu-sistema eta errepiderako argi-seinaleak dituena.
Euskal Trenbide Sarearen Bilbao-Donostia linea ustiatzeko baldintzak eta segurtasuna hobetzeko, lehenengo bi pasaguneak (Torrekua eta Illunbe) kentzea eta Aginagako egungo pasagunean dauden hiru pasaguneak kontzentratzea planteatzen da.
Proiektu honen helburua da trenbide-pasagune horiek kentzeko behar diren jarduketak jasotzea.
Lursailak lortzeko eta ukitutako ondasun eta eskubideak kudeatzeko, proiektuak ondasun eta eskubide horien identifikazio xehatua biltzen du (desjabetzeen eranskinean jaso dira lurzatien zerrenda eta planoak).
Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2025eko apirilaren 29ko Ebazpenaren bidez, erabaki zen proiektua gauzatzeko behar diren ondasun eta eskubideak nahitaez desjabetzeko prozedurari hasiera ematea eta desjabetzeen eranskinaren zerrenda jendaurrean jartzea. Interesdunei jakinarazi zitzaien, eta 2025eko maiatzaren 23an Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta «El Diario Vasco» eta «Berria» egunkarietan argitaratu zen. Ondasun eta eskubideen zerrenda hori Usurbilgo udaletxeko iragarki-taulan ere jarri zen.
Izapide honetan bi alegazio-idazki aurkeztu dira; Zerbitzu Teknikoetara bidali dira, neurriak hartzeko eta kontuan hartzeko, akatsak zuzendu behar badira ere. Banakako erantzuna bidali zaie.
Jendaurrean jartzeko epea amaituta, ukitutako ondasun eta eskubideen behin betiko zerrenda egin da.
Organo honek eskumena du garraio-azpiegituren arloko jarduerak gauzatzeko behar diren desjabetze-espedienteak izapidetzeko, Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 19ko 382/2024 Dekretuaren 11.2.c) artikuluak xedatzen duenaren arabera.
Abenduaren 19ko 26/2022 Legeak aldatutako Trenbide Sektoreari buruzko irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, trenbide-lineen proiektuak, horien tarteak edo trenbide-azpiegiturako beste elementu batzuk onesteak edo lehendik daudenak aldatzeak lursail berriak erabiltzea eskatzen badu, horietan identifikatutako eraginpeko ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako, onura publikoko edo gizarte-intereseko deklarazioa egingo da, eta okupatu beharrekoa eta presakoa dela deklaratuko da. Legezko adierazpen horrek Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluan aurreikusitako prozedurara jotzeko ahalmena ematen dio administrazioari; hartara, lurrak okupatu edo ukitutako ondasunak eskuratuko ditu, ondasun edo eskubide horiek deskribatzen dituzten aktak egin ondoren, titularrak identifikatuz eta baloraziorako behar diren datuak jasoz, eta, aldez aurretik, okupazioaren aurreko gordailu gisa perituak zehaztutako zenbatekoa ordainduz edo kontsignatuz, eta, hala badagokio, okupatzeko presak eragindako kalteen zenbatekoa ordainduz edo kontsignatuz.
Ondorioz, egindakoa ikusita, eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 20., 21. eta 52. artikuluetan eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen Erregelamendua onartzen duen 1957ko apirilaren 26ko Dekretuaren 56. artikuluan eta horrekin bat datozen eta oro har aplikatu beharreko gainerako xedapenetan xedatutakoarekin bat etorriz, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– «Usurbilen Illunbeko eta Torrekuako trenbide-pasaguneak kentzeko eraikuntza-proiektuak» ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda onartzea, eta hura okupatu beharra deklaratzea, Trenbide Sektoreari buruzko irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.2 artikuluan adierazitako ondorioekin.
Bigarrena.– Zerrenda horretan agertzen diren jabeei dei egitea, Usurbilgo Udalera joan ondoren, ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu aurreko aktak egiteko, zerrenda horretan adierazitako egun eta orduetan, eta, hala badagokio, horiek formalki okupatzeko; hala ere, beharrezkoa izanez gero, aukera egongo da lursailetara bertaratzeko, interesdunek hala eskatuta.
Egintza horretara interesdunek berek joan beharko dute, edo haien izenean jarduteko behar bezalako baimena jaso duten ordezkoek; haien titulartasuna egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte (eskritura publikoak, Jabetza Erregistroko ziurtagiriak edo informazio-oharrak, etab.), bai eta beren eskubideak egiaztatzen dituen beste edozein agiri ere. Egoki iritziz gero, beren perituekin eta notario batekin batera aurkeztu ahal izango dira, baina hori haien kontura izango da.
Era berean, eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen Erregelamendua onartzen duen 1957ko apirilaren 26ko Dekretuaren 56.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, interesdunek alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte okupazioaren aurreko akta egiten den egunera arte, akatsik egonez gero horiek zuzentzeko. Horretarako, Mugikortasun Jasangarriaren Saileko Garraio Azpiegituren Zuzendaritzara jo beharko dute, idatziz (Donostia kalea 1, Lakua 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
Ebazpen hau ez da behin betikoa administrazio-bidean, eta beronen aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Errekurtsoa jartzeko idazkia organo honi edo Azpiegitura eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordeari zuzendu behar zaio.
Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute, bi (2) hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan. Nolanahi ere, aurretik aukera izango dute errekerimendua egiteko, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko uztailaren 3a.
Garraio Azpiegituren zuzendaria,
MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.
RSS