
133. zk., 2025eko uztailaren 15a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (130 KB - 2 orri.)
- EPUB (103 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LEHENDAKARITZA
3118
16/2025 DEKRETUA, ekainaren 25ekoa, lehendakariarena, zeinaren bidez Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren Idazkaritza Nagusiko titularrari eskuordetzen baitzaizkio Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Kontseiluaren presidentetzarekin lotuta lehendakariari esleitutako eskumenak.
2014ko urriaren 21eko 197/2014 Dekretuak Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseiluaren irailaren 16ko 158/2008 Dekretuaren 3. artikuluaren 1. paragrafoa aldatzen du. Haren arabera, garapenerako lankidetzaren arloan eskumena duen Jaurlaritzako kide bat izango da kontseiluburua. Kanpoan edo gaixorik egonez gero, Idazkaritza Nagusiko edo garapenerako lankidetzaren ardura duen Sailburuordetzako titularrak ordezkatuko du.
Lankidetzarako eta Elkartasunerako otsailaren 15eko 3/2024 Legeak Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseiluaren izena aldatzen du; lege horren arabera, aurrerantzean, Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Kontseilua izango da, eta Euskadiko lankidetzaren eta elkartasunaren arloko kontsulta- eta partaidetza-organo gorena izango da, politika hori proposatzeko, irizpena emateko eta haren jarraipena egiteko gaitasunarekin.
Lankidetzaren eta elkartasunaren arloko eskumena Lehendakaritzari dagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 4.2 artikuluaren arabera.
Lehendakaritzaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 26ko 388/2024 Dekretuaren 4.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentzia zuzenbide pribatuko ente publikoa Jaurlaritzaren Lehendakaritzari atxikita dago, Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren Idazkaritza Nagusiaren bitartez, Lankidetzarako eta Elkartasunerako otsailaren 15eko 3/2024 Legeak aldatutako ekainaren 19ko 5/2008 Legean ezarritakoaren arabera, eta organismo horri dagokio lankidetzaren eta elkartasunaren arloa.
Hortik ondorioztatzen da, indarrean dagoen araudiak xedatutakoaren arabera, lehendakariari dagokiola kontseilu horren burua izatea; izan ere, Lehendakaritzaren egungo egitura organikoan, haien izaera dela-eta Gobernuko kide bati lotuta dauden funtzio guztiak lehendakariak berak bete behar ditu.
Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 9. artikuluak xedatutakoaren arabera, administrazio publikoetako organoek administrazio bereko beste organo batzuen esku utz ditzakete esleituta dituzten eskumenak. Gauza bera xedatzen du Euskadiko Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legeko 25. artikuluak.
Administrazio-jardunean arintasun eta eraginkortasun handiagoa lortzeko, eta eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentzia Lehendakaritzari atxikitzearen ondorioz, beharrezkoa da aipatutako kontseiluaren presidentetzari esleitutako eskumenak eskuordetzea.
Horren guztiaren arabera, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren Idazkaritza Nagusiko titularrari eskuordetzea Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Kontseiluaren presidentetzarekin lotuta lehendakariari esleitutako eskumenak.
2. artikulua.– Dekretu honen bidez eskuordetutako eskumenak edozein unetan berreskuratu ahal izango ditu organo eskuordetza-emaileak.
3. artikulua.– Xedapen honen bidez eskuordetutako eskumena baliatuta ematen diren ebazpen guztietan berariaz jaso beharko da gorabehera hori, bai eta dekretu hau onartu den eguna eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu den eguna aipatu ere.
4. artikulua.– Dekretu hau sinatzen den egunean sartuko da indarrean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den eguna kontuan hartu gabe.
Vitoria-Gasteizen, 2025eko ekainaren 25ean.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
RSS