Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

132. zk., 2025eko uztailaren 14a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
3115

EBAZPENA, 2025eko uztailaren 3koa, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiarena, 2024rako Adimen Artifizial Aplikatua eta Datuaren Estrategia laguntza-programaren oinarri arautzaileak aldatzen dituena, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan, Europar Batasuneko NextGenerationEU funtsek finantzatuta.

2024ko abuztuaren 9an, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiak 2024rako Adimen Artifizial Aplikatua eta Datuaren Estrategia laguntza-programaren oinarri arautzaileak onartzeko, argitaratzeko eta deialdia egiteko ebazpena eman zuen, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan, Europar Batasuneko NextGenerationEU funtsek finantzatuta.

2025eko maiatzaren 12an, SPRIko zuzendari nagusiak programa horren oinarri arautzaileak aldatzeari buruzko ebazpena eman zuen, eta, horren bidez, programari esleitutako baliabide ekonomikoak handitzea eta eskabideak aurkezteko epea luzatzea onartu zen.

Argitaratu zenetik, eskaeren bolumena handia izan da; izan ere, programaren helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko enpresetan adimen artifizialean oinarritutako zerbitzuak eta/edo soluzio komertzialak aplikatzeko proiektuak babestea, enpresen lehiakortasuna hobetzeko. Horretarako, datuaren kudeaketa estrategikorako proiektuak ere babesten ditu, adimen artifizialean oinarritutako soluzioak ezartzeko prozesua azkartzeko.

Era berean, aipatu beharrekoa da programa erakundearen Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dagoela 2025-2028 aldirako. Aipatutako Plan Estrategikoa Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak 2025eko urtarrilaren 24an emandako Agindu bidez onartu zen, eta gardentasun-atarian argitaratuta dago.

Horregatik, programari esleitutako baliabide ekonomikoak handituko ditu, aurrekontuaren aukeren barruan. Honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– 2024rako Adimen Artifizial Aplikatua eta Datuaren Estrategia laguntza-programako oinarri arautzaileen 3. artikuluko 1. apartatua aldatzea, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan, Europar Batasuneko NextGenerationEU funtsek finantzatuta. Honela geldituko da idatzita:

«3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– 2024an eta 2025ean laguntza-programa honetara bideratutako baliabide ekonomikoak 9.000.000 eurokoak dira, eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan horretarako ezarri diren aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira. SPRIren aurrekontuak 2024rako eta 2025erako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan sartuta daude.

Adierazitako hornikuntza ekonomikoa Europako Suspertze Tresnatik eratorritako baliabide finantzarioen bidez finantzatzen da («Next Generation EU»), Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzeko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko (EB) 2021/241 Erregelamenduak ezarritako Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren bitartez.»

Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitaratzea 2024rako Adimen Artifizial Aplikatua eta Datuaren Estrategia laguntza-programaren oinarri arautzaileak aldatzeko ebazpen hau, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan, Europar Batasuneko NextGenerationEU funtsek finantzatuta.

Hirugarrena.– Ebazpen honen kontra berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Bilbao, 2025eko uztailaren 3a.

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,

JON ANSOLEAGA UGARTE.


Azterketa dokumentala