Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

132. zk., 2025eko uztailaren 14a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
3114

EBAZPENA, 2025eko uztailaren 2koa, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendariarena, 2025erako Nazioarteko Gauzatu laguntza-programaren oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea agintzen duena.

SPRI - Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia («SPRI») Zuzenbide Pribatuko Erakunde Publikoa da, Eusko Jaurlaritzako Industria, Energia Eraldaketa eta Iraunkortasuna Sailaren mendekoa. Euskal Autonomia Erkidegoan honako hauek sustatzera bideratutako jarduketez arduratzen da: industria- eta enpresa-jarduera, inbertsioa, garapena, dibertsifikazioa eta industria-lehiakortasuna, berrikuntza, nazioartekotzea, Informazio eta Ezagutza Gizartearen garapena, eta enpresa arloko ekintzailetza-jarduera.

Horrekin lotuta, SPRIk Euskadiko enpresetan nazioartekotzea bultzatzera bideratutako hainbat ekintza garatu ditu. Jarduera horien artean, gure enpresen nazioarteko posizionamendua hobetzeko laguntza-programak aipatu behar dira.

Ondorioz, Laguntza Programa hau euskal enpresak atzerrian ezartzea sustatzeko lehentasunezko helburuarekin diseinatu da.

Bestalde, Dirulaguntzen Erregimena Arautzen duen 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak (DEAL) 7.2.a) artikuluan eskatzen du Lege horrek ezartzen duen dirulaguntzen kudeaketa eta esleipena hainbat printzipioren arabera egiteko, besteak beste, publizitate-printzipioaren arabera. Era berean, DEALen 8.3 artikuluak ezartzen du dirulaguntza edo diruz lagundutako programa mota bakoitzaren oinarri arautzaileak argitaratu behar direla Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Hori guztia dela eta, hau

ERABAKITZEN DUT:

Lehenengoa.– 2025. urterako «Nazioarteko Gauzatu» laguntza-programari dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea. Horien edukia atxikita dago ebazpen honen Eranskinean.

Bigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitaratzea.

Hirugarrena.– Ebazpen honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke SPRIren Nazioartekotze Zuzendaritzari, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honek eragina izango du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Bilbao, 2025eko uztailaren 2a.

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendaria,

NAGORE BONILLA GABARAIN.

ERANSKINA
NAZIOARTEKO GAUZATU 2025 LAGUNTZA PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

XIII. legealdiko «Ongizatean hazi» gobernu-programak 5 ardatz nagusi ditu honako gai hauetan aurrera egiteko: ongizatea, aurrerapena, eraldaketa eta autogobernua Euskadi globalerako. Bigarrenak, Hazkunde eta Ongizate Eredua izenaren pean, lankidetza publiko-pribatuko esparru batean, Euskadin industria-egitura moderno, dinamiko, garatu eta jasangarria bultzatzeko baldintzak sustatu nahi ditu, ekonomia berriak eskaintzen dituen aukerak aprobetxatuz, bai eta aberastasuna sortu eta banatzeko ere, inor atzean gera ez dadin.

Konpromiso hori 2030eko Industria Planean zehaztuta dago. Plan horrek aurreko legegintzaldietan hasitako politika publikoaren etapa berri bat marrazten du, eta, besteak beste, kanpoko merkatuetara sartzearen aldeko apustua egiten duten euskal enpresei zuzenduta dago.

Horri dagokionez, Gauzatu Nazioarteko programa aukeratu da, aurrerakin itzulgarriak emanez, Euskadiko enpresei nazioarteko merkatuetan produkzioa ezartzen laguntzeko. Bide horretatik, enpresek lan egiten duten merkatuetan presentzia izateko duten gero eta premia handiagoari erantzuten zaio eta, aldi berean, haien lehiakortasuna eta etorkizuneko bideragarritasuna indartzen dira.

Horrekin lotuta, aipatu beharrekoa da 2025eko Gauzatu Nazioarteko Programak aurrekontu-kreditu nahikoa duela, eta SPRIren 2025-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan dagoela. Plan hori Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak 2025eko urtarrilaren 24ko emandako Aginduaren bidez onartu eta Gardentasunaren Atarian argitaratu zen. Planaren helburu hau lortzen laguntzea du xede: «kanpoan Euskadiko enpresen ezarpenak sortzea eta garatzea bultzatzea».

SPRIko Administrazio Kontseiluak, 2025eko otsailaren 17an, gainera, programa honi dagokion gastua onartu zuen.

1. artikulua.– Xedea.

Euskal enpresen nazioarteko ezarpenen (ekoizpenarena edo ekoizpenarekin lotutako zerbitzu teknikoena) kokapena, hedapena eta berrikuntza bultzatzera bideratutako laguntzen emakida erregulatzea da oinarri hauen helburua. Ezarpen horiek finkatzen laguntzen dute aipatutako laguntzek, eta nazioarteko merkatu horietako presentzia indartzen dute, haien lehiakortasuna handitzeko eta nazioartekotze-prozesuetan zehar bideragarritasuna eta garapen jasangarriaren sustapena ziurtatzeko helburuz.

2. artikulua.– Laguntzen izaera.

Emango diren laguntzak aurrerakin itzulgarriak izango dira, eta norgehiagoka-prozeduraren bidez emango dira.

Laguntza horiek inola ere ez dira egongo esportatutako kopuruei, banaketa-sare bat ezartzeari eta ustiatzeari, edo esportatzeko jarduerari lotutako beste gastu korronte batzuei zuzenean lotuta.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

2025ean laguntzak emateko programa honetara bideratutako baliabide ekonomikoak 5.000.000 eurokoak dira, eta SPRIren aurrekontuetan horretarako esleitutako aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira. SPRIren aurrekontuak 2025erako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan sartuta daude.

4. artikulua.– Enpresa onuradunak eta izaera hori lortzeko eskakizunak.

1.– Honako kategoria hauetakoren batekin bat datozen pertsona juridikoek jaso ahal izango dute oinarri hauetan jasotzen den laguntza:

a) Enpresa Txiki eta Ertainak (ETEak). Horiei Europako Batzordearen 651/2014 Erregelamendua (EB) aplikatuko zaie, 2014ko ekainaren 17koa, laguntza-kategoria batzuk barne-merkatuarekin bateragarri direla deklaratzen duena, EBFI itunaren 107 eta 108. artikuluak aplikatuta, zehazki 17. artikulua («651/2014 Erregelamendua»).

ETEaren definizioa aplikatzeko, 651/2014 Erregelamenduaren I. eranskinean zehazten dena hartuko da kontuan.

Enpresa Txiki eta Ertainen (ETEak) kategoria honako hauek osatzen dute: 250 langile baino gutxiago dituzten eta urtean 50 miloi euroko negozio bolumena gainditzen ez duten enpresak, edo urteko balantze orokorra 43 miloi eurokoa baino handiagoa ez dutenak.

Enpresa Txikia izango da 50 langile baino gutxiago dituena eta urteko negozio bolumena edo urteko balantze orokorra 10 miloi eurokoa baino handiagoa ez duena.

Hauek dira mikroenpresak: 10 langile baino gutxiago dituzten eta urteko negozio bolumena edo urteko balantze orokorra 2 miloi eurokoa baino handiagoa ez dutenak.

b) Enpresa Handiak. Horiei aplikatuko zaie Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko EB 2023/2831 Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa («2023/2831 Erregelamendua»).

2.– Enpresek Euskal Autonomia Erkidegoan ekoizpen-instalazioa izan beharko dute; bertatik garatuko dute haien jarduera ekonomikoa eta I+G proiektuan parte hartuko duten bertako langileak izango dituzte.

5. artikulua.– Erakunde eskatzaileen baldintzak.

1.– Ezingo dituzte deialdi honetan aurkezten diren dirulaguntzak jaso:

a) DEALen 13. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean ez daudenek.

Zehazki, eskatzaileek zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzako betebeharrak eta dirulaguntzen itzulketen betebeharrak betetzen dituztela aintzat hartuko da Ekonomia eta Ogasun Kontseilariak 2023ko otsailaren 13an emandako aginduak ezarritako kasuetan. Hala, dirulaguntzen itzulketen betebeharren ordainketan eguneratuta dagoela aintzat hartuko da zorrak zatikatuta edo atzeratuta eta bermatuta daudenean edo itzultzeko dagokion ebazpenaren inpugnazioa bertan behera uztea adostu bada.

b) Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa dela edo barne-merkatuarekin bateraezina dela erabaki ondoren, laguntzak errekuperatzeko agindu baten mende daudenek.

c) LGTBIfobia egin, bultzatu edo sustatzea, bihurketa-terapiak sustatu edo egitea barne, trans pertsonen berdintasun erreal eta eragingarrirako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.

d) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen eta enpresen kasuan soilik, merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka egiteko neurriak ezartzen dituen 2004ko abenduaren 29ko 3/2004 Legeak aurreikusten dituen ordainketa-epeak ez betetzea.

e) Enpresa Handien kasuan, aurreko hiru urteetan de minimis laguntza gisa 300.000 euro jaso izana.

f) ETE-en kasuan, krisian dauden enpresak, krisian dauden eta enpresa arlokoak ez diren enpresen berregituraketako eta salbamenduko Estatuko laguntzei buruzko arauen definizioa aintzat hartuta (EBAO, C249, 2014/07/31).

2.– Laguntza aurkezten den unetik dirulaguntza osorik itzuli arte bete behar dira aurreko ataletan aipatutako baldintzak.

6. artikulua.– Erakunde laguntzaileak.

1.– Oinarri hauen ondorioetarako, Basque Trade & Investment (Euskadiko Nazioarteko Agentzia, «BT&I») eta Finantzen Euskal Institutua («FEI») erakunde laguntzaile izendatu dira, DEALen 12. artikuluan ezarritako baldintzen eta ebazpen honetan eta dagokion lankidetza-hitzarmenean jasotako zehaztapenen arabera.

2.– BT&I honako zereginez arduratuko da:

a) Laguntza-eskaerak eta laguntzari uko egiteko berariazko eskaerak, egin beharreko inbertsioak gauzatzeko epea luzatzeko eskaerak eta inbertsioak deklaratzeko eskaerak jasotzea.

b) Dokumentazioaren azterketa, zuzentzeko errekerimendua, hala dagokionean.

c) Enpresa-proiektuaren eta ezarpen-planaren azterketa teknikoa eta ebaluazioa egitea.

d) Inbertsioen txosten teknikoa egitea eta ebaluazio-batzordeari igortzea.

e) Inbertsioaren justifikazio-dokumentuak jasotzea eta aztertzea.

f) Aurrerakin itzulgarriak ordaintzeko proposamena.

g) Ordainketa itzultzeko likidazioen jarraipena.

h) Oinarri hauen 20. artikuluan araututako baldintzak aldatzeko eskaeren azterketa teknikoa.

3.– FEI honako zereginez arduratuko da:

a) Erakunde onuradunei onartutako aurrerakin itzulgarriak ordaintzea, SPRIko Nazioartekotze zuzendariak agindutako ordainketa-ebazpenetan xedatutako baldintzetan.

b) Aurrerakin itzulgarriekin lotutako eragiketak modu espezifikoan kontabilizatzea.

c) SPRIko organoak emandako emakida-ebazpenak aplikatuz, FEIren aurrekontuan aurrerakin itzulgarriak ordaindu ahal izateko beharrezko zenbatekoak islatzea.

d) SPRIri laguntzen kudeaketarekin lotutako alderdien berri ematea, hiru hilean behin alderdien artean sinatutako lankidetza-hitzarmenean zerrendatutako kudeaketa-datuak bidalita, honakoak barne:

d.1.– Eragiketa hauen balantzea, erregistro-datarekin:

– Onuradunei egindako ordainketak.

– SPRIren ordainketen kobrantzak.

– Onuradunen diru-itzultzeen kobrantzak.

– Aurreko eragiketa bakoitzaren osteko saldoa.

d.2.– Deialdiaren zorpetze finantzarioagatik sortutako interesen likidazioaren kalkulua.

d.3.– Deialdiaren kudeaketarengatik sortutako komisioen likidazioaren kalkulua.

d.4.– Onuradun bakoitzeko, banakako erregistroa: ordainketen, diru-itzulketen eta jazoeren datak; bereziki, onuradunek epea betetzean amortizatu gabeko zenbatekoekin lotutako jazoerenak.

d.5.– Hitzarmenean definitutako Jarraipen Batzordeak erabakitzen duen beste edozein informazio.

e) Urtean likidazio bat egitea, aurreko atalean zerrendatutako kudeaketa-datu esanguratsuenak barne hartuko dituena.

f) Itzulitako zenbatekoak eta, hala dagokionean, horien interesak jasotzea, eta urtero SPRIri transferitzea, 2025eko Nazioarteko Gauzatu Programa aurrera eramateko FEIk bere gain hartutako zorra kitatu ostean.

g) Euskadiko Kontu Publikoen Auzitegiak eta eskumena duten beste organo batzuek laguntzen kudeaketa egiaztatzeko egin ditzaketen jarduketak onartzea.

7. artikulua.– – ETE-entzako eta enpresa handientzako laguntza jaso ditzaketen inbertsioak.

1.– Laguntza jaso dezakete kanpoan egiten diren inbertsio-proiektu hauek: establezimendu berri bat irekitzea, lehendik zeuden establezimenduak berritzea edo handitzea, edo atzerriko sozietateak erostea, baldin eta euskal enpresaren partaidetzak gehiengoa badu, eta inbertsioaren jomugako herrialdeko legeak kontrakorik agindu ezean. Enpresa berria, beranduenera jota, 2025eko urriaren 31n eratu beharko da, eta 2025eko abenduaren 1a baino lehen egiaztatu beharko da legez.

2.– Laguntza jaso dezaketen proiektuek, gutxienez, 120.000 euroko inbertsioa izan behar dute 2007ko azaroaren 16ko 1514/2007 Errege Dekretuan jasotako Kontabilitateko Plan Nagusiko kategorietan edo inbertsioaren jomugako herrialdeko Kontabilitateko Planaren araberako kategoria baliokideetan. Jarraian zerrendatzen dira kategoria horiek:

203 Jabetza industriala eta patenteak.

206 Aplikazio informatikoak.

210 Lursailak eta ondasun naturalak.

211 Eraikuntzak.

212 Instalazio teknikoak.

213 Makinak.

214 Tresneria.

215 Beste instalazio batzuk.

216 Altzariak.

217 Informazio-prozesuetarako ekipoak.

3.– Laguntza jaso dezakeen inbertsioa 2025ean hasi beharko da, laguntza-eskaera aurkeztu ondoren, eta gehienez 36 hilabeteko epea egongo da hura gauzatzeko. Edonola ere, 2028ko abenduaren 31 baino lehen gauzatu beharko da.

Laguntza-eskaera aurkeztu aurretik egindako inbertsioak diruz lagun daitezkeela ulertuko da, baldin eta laguntzaren efektu bultzatzailea bermatzen bada. Horretarako, eskaera aurkeztu aurreko inbertsioak hartuko dira kontuan, erakunde eskatzaileak inbertsioak egiten hasi aurretik laguntzaren aurretiazko eskaera bat aurkeztu badu, idatziz. Kasu horretan, laguntza jaso dezakeen inbertsioa gauzatzeko 36 hilabeteko epe hori aurre-eskaera aurkeztu den datan hasiko da zenbatzen. Aurre-eskaerak, gutxienez, informazio hau izan beharko du:

a) Enpresaren izena eta tamaina.

b) Proiektuaren deskribapena (hasteko eta amaitzeko datak barne) eta kokapena.

c) Proiektuaren kostuen zerrenda.

d) Eskatutako laguntza mota (aurrerakin itzulgarria).

e) Eta aurrera eramateko behar den finantzaketa publikoaren zenbatekoa.

Balizko kasu honetan, deialdiaren epea irekitzen denean, interesdunak behin betiko eskaera aurkeztu behar du derrigorrez, oinarri hauen 11. eta 13. artikuluetako baldintzetan.

4.– Euskal enpresak proiektuan duen parte-hartzearen proportzioaren arabera kontatuko da inbertsio hori.

5.– «Lursailak eta ondasun naturalak» eta «Eraikuntzak» kategorietako inbertsioen kasuan, kontuan hartuko den gehieneko zenbatekoa laguntza jaso dezaketen gainerako aktiboen kasuko berbera izango da. Gehieneko zenbateko hori gaindituz gero, inbertsio soberakina ez da laguntza jaso dezakeen inbertsiotzat hartuko laguntzak erabakitzeko orduan.

6.– Aktiboen preziotzat hartuko da horien balio «garbia», hau da, balio erantsiaren gaineko zerga (edo haren baliokidea, inbertsioaren jomugako herrialdean) kendu ostean fakturatutako zenbatekoa.

7.– Era berean, aktibo horiek:

a) Lehenengo aldiz erabili behar dira edo lehenengo aldiz sartu behar dute funtzionamenduan.

b) Atzerriko enpresa bat erosiz gero, haren aktiboak berriak balira bezala tratatuko dira.

c) Gutxienez hiru urteko amortizazio-epea izan behar dute, eta gutxienez bost urtez egon behar dute enpresaren aktiboan.

d) Ezin zaizkie hirugarrenei laga, ez ordainduta, ez ordaindu gabe.

e) Ezin ditu fabrikatu enpresa eskatzaileak berak (eta inolako kasutan ere ez dira kontatuko barne hartzen dituzten kanpo-kontsumoen balioa baino handiagoarekin).

f) Ezin dute laguntzarik jaso bazkidea den edozein pertsonak generotan egindako kapital-ekarpenek.

g) Diruz lagun daitezkeen aktibo immaterialak laguntzaren onuradunaren establezimenduan bakarrik erabili beharko dira, elementu aktibo amortizagarritzat hartuko dira, hirugarrenei erosiko zaizkie merkatuko baldintzetan eta enpresaren aktiboan egon beharko dute gutxienez bost urtez.

8.– Leasingaren edo finantza-errentamenduaren bidez finantzatutako inbertsioak laguntza jaso dezake, betiere enpresak berariaz hitzematen badu haren kontratua amaitzean erosteko aukeraz baliatuko dela, edo bi alderdiek sinatutako kontratua gauzatzeko konpromisoa hartzen badu.

9.– Establezimendu baten aktiboak erosteko, 651/2014 Erregelamenduaren 17.3.b) artikuluan adierazitakoa bete behar da.

a) Establezimendua itxita egotea, edo erosi ezean itxi egin behar izatea.

b) Aktiboak eroslearekin zerikusirik ez duen hirugarren bati erostea.

c) Eragiketa merkatuko baldintzetan egitea.

Hasierako jabearen familiako kide batek edo langile batek enpresa txiki baten ardura hartzen badu, ez da aplikatuko aktiboak eroslearekin zerikusirik ez duen hirugarren bati erosi beharraren baldintza. Enpresa baten akzioak eroste hutsa ez da inbertsio bat izango.

Atal honetan araututako kasuan, laguntza jaso dezakeen inbertsioa zehazteko, honako zenbateko hauetatik txikiena hartuko da erreferentziatzat: erosketaren truke benetan ordaindutako prezioa edo, salerosketa-eragiketaren aurreko ekitaldiko kontuen arabera, erositako establezimenduari dagozkion eta 2. epigrafean zerrendatutako kategoriei dagozkien aktiboen balio garbia.

10.– Oinarri hauen ondorioetarako, berrikuntza-proiektutzat hartuko dira lehendik dagoen establezimenduko ekoizpen-prozesu orokorrean aldaketa garrantzitsu bat eragiten dutenak.

11.– Filialak dituzten enpresen kasuan, laguntzaren enpresa onuradunek atzerrian dituzten filialek egindako inbertsioek bakarrik jaso hala izango dute laguntza, betiere bi enpresen helburu sozialak argi eta garbi lotuta badaude.

12.– Elkartutako edo lotutako enpresen aktiboak erosteko inbertsioak, 651/2014 Erregelamenduaren I. eranskinaren arabera, berariaz komunikatu behar zaizkio SPRIren Nazioartekotze Zuzendaritzari, eta kanpoko kontrol-auditoretzen arabera baloratuko dira.

13.– Ez dira diruz lagun daitezkeen inbertsiotzat hartuko honako hauek:

a) Sektore hauetara bideratutako inbertsioak: eraikuntza, higiezinak, finantzak, aseguruak, defentsa, arrantzako produktuak eta akuikultura eta lehen mailako nekazaritza-ekoizpena.

b) Ekipamendua edo makineria ordezkatzea helburu duten inbertsioak, baldin eta horrek ez badu aldaketa garrantzitsurik eragiten ekoizpen-prozesuan.

c) Atzerrian banaketa-sare bat ezartzea helburu duten inbertsioak.

14.– DEALen 30.1 artikuluan aurreikusten den moduan, diruz lagundu daitezkeen gastuak eskuratzeko kostua ezingo da inolaz ere merkatuaren balioa baino altuagoa izan.

15.– DEALen 31. artikuluak xedatutakoaren arabera, ez da aurrez ikusi onuradunak diruz lagundutako jarduera osorik edo zati batean kontrata dezakeenik. Kontzeptu horretatik kanpo geratuko da onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kabuz gauzatzeko egin beharreko gastuen kontratazioa.

16.– DEALen 30.3 artikuluan aurreikusitakoa betez, diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoak gainditu egiten baditu sektore publikoko kontratazioaren arloan indarrean dagoen araudiak kontratu txikirako ezarritako kopuruak, eta betiere hirugarrengoen kontratazioren bat baldin badago, onuradunak gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik. Horretarako salbuespena izango da beren ezaugarri bereziak direla eta, merkatuan horiek egiten, ematen edo hornitzen dituzten nahikoa erakunde ez izatea. Kasu horretan, onuradunek inguruabar hori justifikatu beharko dute hiru eskaintza aurkezteko betebehar horrekin lotutako salbuespen gisa. Edo, gastua dirulaguntza eman aurretik egin bada, onuradunek berdin-berdin justifikatu beharko dute.

Dirulaguntzaren justifikazioan edo eskaeran aurkeztutako eskaintzen artean aukeratzeko, efizientziaren eta ekonomiaren irizpideak hartuko dira kontuan, eta abantailarik handienak dituen proposamen ekonomikoa aukeratzen ez bada, berariaz justifikatu beharko da memoria batean.

17.– Nolanahi ere, oinarri hauen testuinguruan diruz lagun daitezkeen gastutzat hartuko dira DEALeko 30. artikuluarekin bat datozenak.

8. artikulua.– Baloratzeko irizpideak.

1.– Laguntza onuradun izateko baldintzak bete dituztela egiaztatu duten enpresei esleituko zaie, betiere, balorazio-irizpide hauen arabera, eta haztapena:

1. irizpidea: Inbertsio-proiektuaren memoria xehea, ezarpen-plana barne, 1. eranskinean deskribatutako edukiarekin (gehienez 50 puntu):

1.1.– Enpresa eskatzailearen gaitasuna (gehienez 10 puntu):

1.2.– Proiektuaren izaera teknologikoa eta/edo berritzailea (gehienez 15 puntu).

1.3.– Enpresan eta haren lehiakortasunean izango duen inpaktua, eta Euskadin izango duen trakzio-eragina (gehienez 15 puntu).

1.4.– Koherentzia estrategikoa eta enpresaren inbertsio-ahalegina, haren tamainarekiko (gehienez 10 puntu).

2. irizpidea: Enpleguan izango duen inpaktua: kontuan hartuko da Euskadiko enpleguaren sorreran izango duen inpaktu positiboa (gehienez 30 puntu):

2.1.– Enpresa eskatzailearen langile kopuruaren hazkundea (30 puntu).

2.2.– Enpresa eskatzailearen plantilla finkatzea (15 puntu).

3. irizpidea: Konpromiso Soziala eta Jasangarritasuna: Garapen Jasangarrirako Helburuekin lerrokatuta dagoela erakusteko, jomugako ingurunean izango duen inpaktu positiboa baloratuko da, 2030 Agendako helburuekiko erakutsitako konpromisoaren bidez eta/edo enpresa eskatzaileak, hala dagokionean, dituen ziurtapenen eta/edo jasangarritasunari, genero-berdintasunari, lanaren eta familiaren arteko kontziliazioari, euskaren sustapenari eta erantzukizun sozial korporatiboari buruzko planen bidez (oinarri hauen 2. eranskinean jasota daude), betiere enpresaren ezaugarriengatik derrigorrezkoak ez direnean (gehienez 20 puntu):

3.1.– Giza Eskubideekin lotutako inpaktu positiboa jomugako ingurunean, Informazio Ez Finantzarioaren Egoeraren bidez edo antzeko ezaugarriak dituen justifikazio-memoria baten bidez ziurtatuta (20 puntu).

3.2.– Ingurumen-jasangarritasuneko, genero-berdintasuneko, Euskararen sustapeneko eta Erantzukizun Sozial Korporatiboko bi ziurtagiri edo gehiago (15 puntu).

3.3.– Aurreko puntuko gai berdinekin lotutako ziurtagiri bat (5 puntu).

2.– 50 puntu baino gutxiago lortzen dituzten eskaerek inola ere ezingo dute jaso programaren baitako laguntza.

9. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa eta mugak.

1.– Eskaerak 8. artikuluko irizpideen aplikazioan jasotako puntuazioaren arabera ordenatuko dira.

2.– Egindako balorazioaren lehentasun-ordenari jarraituz esleituko dira aurrerakin itzulgarriak, deialdiaren hornidura amaitu arte (amaitzen bada). Finantzaketaren ehunekoa eta artikulu honetan ezarritako muga kuantitatiboak aplikatuta kalkulatuko da zenbatekoa.

3.– Enpresaren tamainaren arabera, finantzaketa itzulgarriaren ehunekoa honakoa izan daiteke:

a) Laguntza jaso dezakeen inbertsioaren % 50, enpresa txikien eta mikroenpresen kasuan.

b) Laguntza jaso dezakeen inbertsioaren % 35, enpresa ertainen kasuan.

c) Laguntza jaso dezakeen inbertsioaren % 25, enpresa handien kasuan.

4.– Laguntza kalkulatzeko, euskal enpresak inbertsio-proiektuan duen parte-hartzearen ehunekoa bakarrik hartuko da kontuan.

5.– Enpresa bakoitzak jasoko duen aurrerakin itzulgarriak ezin du izan 1.000.000 euro baino handiagoa. Gainera, enpresa handien kasuan, aplikatu beharreko araudian aurreikusitakoaren arabera finantzaketa emateak ekarriko lukeen dirulaguntza gordinaren baliokidea kalkulatuko da eta, enpresa eskatzaileak aitortutako minimis laguntzei gehitutako zenbatekoak 300.000 euroko muga gainditzen badu, eman beharreko aurrerakin itzulgarria gutxiagotuko da muga horretara egokitu ahal izateko.

ETE-en kasuan, aplikatu beharreko araudian aurreikusitakoaren arabera aurrerakin itzulgarriak emateak ekarriko lukeen dirulaguntza gordinaren baliokideak ezingo ditu gainditu Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduan aurreikusitako laguntza-intentsitatearen atalaseak. Erregelamendu horren bidez, laguntza-kategoria jakin batzuk barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira, EBFTren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

6.– Deialdi bakoitzeko eta enpresa eta herrialde bakoitzeko proiektu bakar bati lagunduko zaio.

10. artikulua.– Laguntzen bateragarritasuna eta metatzea.

1.– Administrazio Publikoek edo erakunde pribatuek ematen dituzten eta programa honetan jasotakoen helburu berdinak dituzten laguntzak bateragarriak izango dira, oinarri hauetako 4. artikuluan ETE eta enpresa handientzat ezarritako mugak betetzen badira.

2.– De minimis laguntzen kasuan, ez zaizkio metatuko Estatuko inongo dirulaguntzari, diruz lagun daitezkeen gastu horiei dagokienez, ezta arriskuaren finantzaketa-neurri berdinarentzako estatuko beste edozein dirulaguntzari ere, baldin eta metatze horrek gaindituko balu laguntzaren intentsitatea edo dagokion dirulaguntzaren kopururik altuena. Gehieneko kopuru hori kasu bakoitzaren ezaugarri zehatzen arabera dago ezarrita, kategorien araberako salbuespen-araudi baten edo Batzordeak harturiko erabaki baten bitartez. Posible da diruz lagun daitezkeen kostu espezifikoetarako ematen ez diren eta diruz lagundu daitezkeen kostu espezifikoei egotzi ezin zaizkien minimis laguntzak Estatuak emandako laguntzekin metatzea, kategorien araberako salbuespen-erregelamendu baten arabera edo Batzordeak hala erabakita. De minimis laguntzak emandakotzat hartuko dira enpresari laguntza jasotzeko eskubide legala ematen zaion unetik hasita.3. Laguntzen zenbatekoak ezingo du inolaz ere lagundutako inbertsioaren kostua baino altuagoa izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin uztartuta.

11. artikulua.– Laguntza-eskaera.

1.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da laguntza-eskaerak aurkezteko epea, eta 2025eko urriaren 31n bukatuko da.

2.– Eskaerak, eskakizunak, jakinarazpenak eta deialdi honetan inplikatutako gainerako kudeaketak baliabide elektronikoen bidez egin beharko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluak («39/2015 Legea») ezarritakoaren arabera.

3.– Kanal elektronikoaren bidezko izapidearen zehaztapenak eta eskaerak helbide honetan bete behar dira: www.spri.eus/gauzatuinternacional/.

4.– Betetako eskabidearekin batera, pertsona edo enpresa eskatzailearen sinadura aitortuaz gain, hurrengo artikuluan aipatzen den dokumentazioa ere aurkeztu beharko da.

5.– Espedientea eta eskaeraren ondorengo gainerako izapideak kanal elektronikoaren bidez eskuratuko dira, helbide honetan:www.spri.eus/gauzatuinternacional/

6.– Laguntza-eskaera, aurkeztu beharreko dokumentazioarekin batera, hautatutako hizkuntza ofizialean aurkez daiteke. Halaber, laguntza-eskaeratik eratorritako jardueretan, eta prozedura osoan, enpresa eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko 10/1982 Legean, azaroaren 24koan, eta Euskadiko Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzeko 2024ko otsailaren 22an ezarritako 19/2024 Dekretuaren arabera.

7.– Ofizioz egiaztatuko da honako eskakizunak betetzen direla:

– Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera-zentro bat dutela.

– Euskadiko Ekonomia Jardueren Gaineko Zergaren epigrafe industrialean alta emanda daudela.

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituztela.

Dena den, eskatzaileak uko egin diezaioke ofizioz egiaztatzeari. Hala bada, kasu bakoitzean eskumena duen organoaren administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko ditu.

8.– Gainerako baldintzak 13. artikuluan adierazitako dokumentazioa aurkeztuz edo oinarri hauen 3. eranskinean jasota dagoen normalizatutako ereduaren araberako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira. Bigarren kasu horretan, erantzukizunpeko adierazpen horretan adierazitako dokumentazioa egiaztatzeko betebeharra izango du eskatzaileak, SPRIk hala eskatzen dionean, 39/2015 Legearen 69. artikuluan eta DEALen 13.9 artikuluan aurreikusitako eskakizunak betez. Erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatutako baldintzen egiazkotasuna ikuskapen bidez edo dokumentazioa eskatuz egiaztatu ahal izango da hala badagokio.

12. artikulua.– Zuzenketak.

SPRIk edota BT&Ik aurkeztutako dokumentazioan akatsen bat, hutsegiteren bat edo zehaztasun-faltaren bat dagoela ikusiko balute, enpresa eskatzaileei jakinaraziko die, eta 10 eguneko epea emango die akatsa zuzentzeko, eta ohartaraziko die, hala egin ezean, eskaeran atzera egin dutela ulertuko dela 39/2015 Legeko 21. eta 68. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

13. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskatzaileek honako eduki hauekin egin beharko dute eskabidea:

a) Behar bezala betetako eskaera telematikoa, eskatzailearen datuekin eta behar adinako boterea duen ordezkariak sinatuta.

b) Inbertsio-proiektuaren memoria xehatua, 1. eranskinean zehaztutako egiturari jarraituz. Bertan, ezartzeko plana, ekonomia- eta finantza-plana eta horiek egiteko epeak jasoko dira, baita ezarpenak eskaera egin duen enpresaren enpleguan, fakturazioan eta lehia-posizioan izango duen eraginaren kuantifikazioa ere eta, taldeetako enpresen kasuan, enpresa eskatzaileari lotutako euskal enpresena. Atzerriko sozietate baten erosketaren kasuan, sozietate horren balorazioa ere aurkeztu beharko da (kanpoko enpresa batek egin beharko du salerosketa-eragiketarekin lotuta), bai eta auditatutako kontuak, erregistratutako azken kontuak edo, herrialde horretako kontu baliokideak (salerosketa-eragiketaren aurreko ekitaldikoak). Makinak berritzeari dagokionez, memoriak xehetasunez justifikatu behar du berritze horrek aldaketa garrantzitsua eragingo duela lehendik dagoen establezimenduko ekoizpen-prozesu orokorrean.

Kasu guztietan, proiektuaren izaera teknologikoa eta/edo berritzailea frogatu behar ditu memoriak, eta proiektuak enpresaren merkatuko posizioa, lehiakortasuna eta etorkizuneko jasangarritasuna indartzen dituela, Euskadin duen industria-jarduerari kalterik eragin gabe.

c) Hala dagokionean, jomugako ingurunearen gaineko inpaktu positiboaren justifikazio-memoria, 3. irizpidean («Konpromiso Soziala eta Jasangarritasuna») adierazitakoan oinarrituta.

d) Enpresa eskatzailearen eratze-eskriturak eta ordezkaritza-ahalordea, baita laguntza jasoko duen ezarpenarenak eta haren etorkizuneko aldaketenak ere, hala dagokionean. Eskatzailea enpresa-talde batekoa denean, eragiketan esku hartu duten sozietate guztien eskriturak eta ordezkaritza-ahalmena.

e) Emandako kontu korrontearen bankuko titulartasun-ziurtagiria, dagozkion ordainketak egin ahal izateko.

f) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituztela egiaztatzen duten ziurtagiriak, baldin eta ofizioz kontsultatzeari uko egiten badiote.

g) Azkeneko bi ekitaldietan Merkataritza Erregistroan gordailututako urteko kontuak eta gainerako dokumentuak, eta Sozietateen gaineko Zergaren azken bi aitorpenak.

h) «Alta egoeran dauden langileen batez besteko kopurua» txostena, Gizarte Segurantzak igorria, edo, eskatzailea kooperatiba bat denean, batez besteko mutualista kopuruaren ziurtagiria, deialdi hau argitaratu aurreko bi urteei dagokiena.

i) Oinarri hauen 3. eranskin gisa ageri den normalizatutako ereduaren edukiaren arabera egindako erantzukizunpeko adierazpena.

Gainera, enpresa handien kasuan, informazio hau aurkeztu behar da:

– Aurreko hiru urtetan jasotako de minimis laguntzen zerrenda; bertan adierazi beharko da laguntza hori noiz eman zen, zer erakundek eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.

– Proiektu hori bera gauzatzeko beste erakunde publiko zein pribatu batzuei eskatutako edo/eta haiek emandako dirulaguntzak, bertan adieraziz laguntza hori noiz eskatu zen, eta, hala badagokio, zein organismok eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.

j) 30.000 eurotik gorako laguntza-eskaeren kasuan, enpresa-ziurtagiria edo, hala badagokio, ROACen izena emandako auditorearen ziurtagiria, edo Adostutako Prozeduren Txostena ordaintzeko epe legalei lotuta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.3 bis artikulua betetzeari dagokionez, agindu horrek zehaztutako baldintzetan.

k) EAEko bi hizkuntza ofizialetako batean aurkeztu behar da dokumentazioa.

l) DEALen 30.3 artikulua aplikatuz, erakunde onuradunak eskatu behar izan dituen hiru aurrekontuak, salbu eta, bere ezaugarriak bereziak direla eta, merkatuan ez badago lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko behar beste erakunde (inguruabar hori justifikatu beharko dute onuradunek).

2.– SPRIk laguntza-eskabidean aurkeztutako proiektua behar bezala ulertu eta ebaluatzeko behar beste dokumentazio eta/edo informazio eskatu ahal izango dio erakunde eskatzaileari.

3.– Ez da derrigorrezkoa SPRIren eskuetan dauden eta indarrean dauden dokumentuak aurkeztea. Kasu horretan, eskaeran adierazi behar da zer organo edo saili aurkeztu zitzaizkion eta zer datatan, 39/2015 Legean ezarritako baldintzetan.

14. artikulua.– Eskaeren azterketak.

1.– Eskaera-epea amaitutakoan, BT&Ik aurkeztutako eskaeren azterketa teknikoa egingo du oinarri hauetako 6.2 artikuluan ezarritakoaren arabera eta txosten teknikoak prestatuko ditu. Ondoren, ebaluazio-batzordera bidaliko dira eta hark ebaluazioa egiteko erabiliko ditu.

2.– 3 pertsonaz osatutako batzorde bat sortuko da eskaerak baloratzeko, 8. artikuluko irizpideetan oinarrituta:

– Presidentea:

– Imanol Landeta. BT&Iko Zerbitzu eta Programetako zuzendaria.

– Ordezkoa: Iván Fernández. BT&Iko Adimen Lehiakorreko zuzendaria.

– Kideak:

– Maite Subinas. BT&Iko Enpresa Zerbitzuen arduraduna.

– Ordezkoa: Josu Mugertza. BT&Iko Enpresa Zerbitzuetako Proiektuen kudeatzailea.

– Idazkaritza:

– SPRIren Nazioartekotze Programen arduraduna.

– Ordezkoa: Mikel Gastelu-Iturri. SPRIren Nazioartekotze Programen teknikaria.

3.– Batzorde honen eraketa baliozkoa izango da saioak egiteko, deliberamenduak egiteko eta erabakiak hartzeko. Presidenteak eta idazkariak parte hartuko dute (edo, hala dagokionean, horien ordezkoek) eta gainerako kideen artetik gutxienez kide batek, aurrez aurre edo urrunetik. Atal honetan aurreikusi ez den batzordearen funtzionamenduari buruzko guztian, osagarri gisa aplikatuko dira Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulua eta hurrengoak.

4.– Eskarien balorazio teknikoa egiteko, 8. irizpidean jasotako irizpideak eta haztapenak aplikatuko zaizkie aurkeztutako proiektuei eta horiek sostengatzen dituzten dokumentuei. Hala, lortutako puntuazioaren arabera ordenatuko dira proiektuak, eta Batzordearen txostenean adieraziko da ordena.

5.– Jarraian, organo kudeatzaileak, espedientea eta batzordearen txostena ikusita, ebazpen-proposamena egingo dio SPRIren Nazioartekotzeko zuzendariari.

15. artikulua.– Laguntzak emateko ebazpena.

1.– Laguntzak prozedura bakar baten bidez izapidetuko dira, eta SPRIko Nazioartekotze zuzendariaren ardura izango da ebazpena ematea, batzordeak proposatuta.

2.– Laguntza emango zaien enpresen zerrenda jasoko du aipatutako ebazpenak. Enpresa bakoitzaren kasuan, aurkeztutako inbertsioa, diruz lagun daitekeen inbertsioa eta emandako laguntzaren zenbatekoa zehaztuko dira, ezarritako 3 urteko mugaren barruan epeak banakatuta. Minimisekin lotutako laguntzen kasuan, alderdi hori adieraziko da emakidaren ebazpenean.

3.– Ezezko ebazpenen kasuan, ezezkoaren arrazoiak jasoko dituzte ebazpenek.

4.– Prozedura ebatzi eta ebazpena interesdun enpresei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, deialdia argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Epe hori amaitutakoan ez bada inolako ebazpenik jakinarazi, eskaerari uko egin zaiola uler dezakete interesdunek, 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoaren arabera.

5.– SPRIren Nazioartekotze zuzendariak emandako eskaeraren baiespen- edo ezespen-ebaz­pen hori eskatzaileari jakinaraziko zaio; halaber, haren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahalko da SPRIren Nazioartekotze zuzendariaren aurrean, 39/2015 Legean ezarritako epe eta moduan.

6.– Eskatzaileei ebazpena banaka jakinarazteaz gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, DEALen ezarritakoaren arabera.

16. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Erakunde onuradunen betebeharrak dira DEALen 14., 27. eta 42 artikuluetan jasotakoak, eta zehazki eta xede mugatzailerik gabe, hauek:

1.– Emandako laguntza onartzea. Ildo horretan, enpresa onuradunek ez badiote berariaz eta idatziz uko egiten, gehienez ere 15 eguneko epean, onartutzat jo dutela ulertuko da.

2.– Laguntza eman den helbururako erabiltzea, inbertsioa gauzatzea eta justifikatzea, eta hitzemandako enplegua sortzea.

3.– Inbertsioa gauzatzen den artean eta sortutako enplegua mantentzen den artean, eskatutako informazio guztia eta gerta litezkeen aldaketen gaineko informazioa bidaltzea organo kudeatzaileari, Administrazioak egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egin ditzan horien garapenarekin eta gauzatzearekin lotuta.

4.– Faktura osoak gordetzea eta SPRIren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea bost urtez, gastu hautagarriak gauzatzen direnetik aurrera.

5.– Hala badagokio, SPRIk egin beharreko egiaztapen-jarduketak baimentzea edo Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikorako Bulegoak, Euskadiko Kontu Publikoen Auzitegiak edo estatuko zein erkidegoko beste edozein kontrol-organo eskudunek jasotako dirulaguntzen gainean egin beharreko beste edozein egiaztapen eta kontrol finantzario baimentzea, aurretik aipatutako zeregin horiek egiteko beharrezkoa den edozein informazio emanez.

6.– SPRIri jakinaraztea beste edozein administraziotatik edo erakunde publiko nahiz pribatutatik helburu bererako edo antzerako beste dirulaguntza edo laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik eskatu edo lortu den. Jakin eta berehala jakinarazi beharko da, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

7.– SPRIri jakinaraztea enpresak legez kanpoko laguntzaren bat jaso badu eta Europako Batzordeak haren aurkako erabakia hartu badu dirulaguntza eman ondoren, laguntza berreskuratzeko aginduarekin, eta oraindik ez bada dirua itzuli.

8.– Hedapen-neurri hauek ezartzea dirulaguntza jasoko duen programaren, jardueraren, inbertsioaren edo jarduketaren izaera publikoari publizitate egokia eman ahal izateko, DEALekin bat etorriz:

– Jendaurrean zabaltzeko prestatzen diren dokumentuetan, karteletan, propagandan eta argitalpenetan, SPRIren logotipoa eta esaldi hau jaso beharko dira: «SPRIk diruz lagundua», esteka honetan eskuragarri dagoen formatuaren arabera: https://www.spri.eus/es/logo/

– Diruz lagundutako jarduerarekin lotutako ekintzen argitalpenean, iragarkietan eta publizitatean bi hizkuntza ofizialak erabiltzea.

– Dirulaguntza jaso dezaketen programa, jarduera, inbertsio edo jardueren finantzaketaren izaera publikoaren publizitate egokia ematea, gardentasunari buruzko legerian ezarritakoaren arabera.

9.– Emandako laguntza indarrean dagoen aldi osoan zehar zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea, eta jasotako funtsak itzultzea, haien bidezkotasunari buruzko ebazpen baten ondorioz zorrak izanez gero.

10.– Laguntza emateko garaian kontuan hartutako edozein gorabehera aldatu dela jakinaraztea SPRIri.

11.– Hizkerak eta irudiek ikuspegi intersekzionala errespetatzea eta, batez ere, sexua eta generoa, dirulaguntza jasoko duen jarduerak edo proiektuak eskatzen dituen dokumentu eta material guztietan. Hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista bermatzea, diruz lagundutako proiektua gauzatu bitartean sortzen diren dokumentu eta euskarri guztietan.

12.– Herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea eta, batez ere, euskara erabiltzea diruz lagundutako jarduketarekin lotutako argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean.

13.– Onuraduna DEALen 48.1 artikuluan aurreikusita dauden egoeretan baldin badago, deslokalizazioan ez erortzea, DEALen 9.4.h) artikuluan jasotako gainfinantzaketan ez erortzea barne.

14.– Erakundearen izaera juridikoa dela eta liburu kontulariek hala ezarriz gero, diligentzia-erregistroak eta behar bezala ikustatutako gainerako dokumentuak aurkeztea pertsona onuradunari dagokion merkataritzako legediak eta sektoreko legediak ezartzen duen terminoetan, baita dirulaguntzen oinarri arautzaileek eskatzen dituzten egoera kontulariak eta erregistroak ere, egiaztatzeko eta kontrolatzeko jarduketak behar bezala egin daitezkeela bermatzeko.

15.– Jasotako funtsen aplikazioaren dokumentu justifikatzaileak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko jarduketak egin ahal izateko.

16.– Garatutako jardueraren edo jarduketaren gaineko diruz lagundutako kostuaren soberakina edo jasotako funtsak itzultzea, DEALen 36. artikuluan jasota dauden kasuetan.

17.– DEALen 30.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, dirulaguntza jasotzen duena enpresa bat baldin bada, operazio komertzialetan egindako diruz lagundu daitezkeen gastuak aplikagarria den sektoreko araudian aurreikusitako ordainketa-epeetan ordaindu beharko dira, edo, hala badagokio, merkataritzako-operazioetan berankortasunaren aurka egiteko neurriak ezartzen dituen 2004ko abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako epeetan.

17. artikulua.– Aurrerakin itzulgarria ordaintzeko ebazpena.

1.– Laguntzak jasotzeko, enpresa onuradunek egindako inbertsioen aitorpen bat aurkeztu behar diote BT&Iri. Horretarako, fakturen taula bat atxiki behar dute, eredu ofizialaren arabera, baita faktura horiek eta ordainagiriak ere. Gainera, kanpoko auditoretza baten txosten bat aurkeztu behar da, ebazpenak xede zituen inbertsioak benetan egin direla eta oinarri hauetan adierazitakoarekin bat datozela ziurtatzen duena. Auditoretza horrek fakturen eta ordainketa-egiaztagirien berrikuspena egin beharko du.

Enpresa onuradunak, hala dagokionean, SPRIren eta BT&Iren esku jarriko du eskatutako dokumentazio guztia, egindako inbertsioak egiaztatzeko helburuz.

Halaber, beranduenera jota, enpresa berria 2025eko urriaren 31n eratzen bada, dagokion egiaztagiriak aurkeztu beharko dira 2025eko abenduaren 1a baino lehen.

2.– Laguntzaren xede diren inbertsioen azken justifikazioa, beranduenez, inbertsio-proiektua amaitzeko epea amaitu eta 12 hilabetera aurkeztu beharko da.

3.– SPRIko Nazioartekotze zuzendariak ebazpen bat igorri beharko du, eta enpresa onuradunak ordaindu beharreko zenbatekoa (osoa edo partziala) adierazi beharko du bertan. Enpresa bakoitzak urtean behin ordainduko du finantzaketa itzulgarria.

4.– Goian aipatutako ebazpena, enpresa onuradunari bidaltzeaz gain, FEIri ere bidaliko zaio, ebazpenean adierazitako zenbatekoko laguntzak ordain ditzan.

5.– Enpresak legez kanpoko laguntzaren bat jaso badu eta Europako Batzordeak haren aurkako erabakia hartu badu, laguntza berreskuratzeko aginduarekin, eta oraindik ez bada dirua itzuli, amaierako ordainketa-eskaerarekin batera zorra kitatu izanaren justifikazioa aurkeztu beharko du. Izan ere, ordainketa hori ez da gauzatuko alderdi hori justifikatu arte.

18. artikulua.– Finantzaketa itzulgarria itzultzea.

1.– Inbertsioak amaitu ondoren, enpresek urtebeteko epea dute dirua itzultzen hasi aurretik. Hortaz, inbertsio-proiektua amaitu eta handik 2 urtera egin beharko da lehenengo itzulketa, eta gainerakoa beste lau urtetan zehar, kuota berdinetan.

Finantzaketaren itzulketak FEIren kontu batera egingo dira urtero, itzulketari dagokion ekitaldi ekonomikoko lehenengo bi hilabeteetan zehar. Urte bakoitzean itzuli beharreko zenbatekoa jasotako laguntzaren bostena izango da.

2.– Enpresa onuradunek BT&Iri bidaliko diote banku-transferentziaren kopia.

19. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Enpresa onuradunak ez balitu beteko inbertsio-konpromisoa, emandako finantzaketa itzultzeko konpromisoa edo oinarri hauetan, araudi aplikagarrian edo laguntza emateko ebazpenean (hala dagokionean) ezarritako baldintzak, organo eskudunak ez-betetzearen espedientea egingo du eta, gero, laguntza jasotzeko eskubidearen galera aitortuko du, ebazpen administratibo baten bidez; eta, hala dagokionean, jasotako laguntzaren printzipala eta dirulaguntzen arloan dagozkion berandutze-interesak SPRIri itzultzeko betebeharra aitortuko du, DEALen ezarritako baldintzen arabera. Aipatutako zenbatekoak zuzenbide publikoko diru-sarrera izango dira ondorio legaletarako, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketari buruzko urtarrilaren 12ko 1/2021 Erregelamenduan diru-sarrera horietarako ezarritako baldintzetan kobratuko dira. Hala, borondatezko epean eskatutako zenbatekoak ordaindu ezean, premiamendu-prozedura administratiboaren bidez kobratuko dira.

Erakunde onuraduna konkurtso-prozedura batean sartuko balitz, SPRIk, eman dituen laguntza itzulgarriak berreskuratzeko, kasu bakoitzean aplikatzekoak diren xedapenek aitortzen dioten lehentasuna izango du, eta, hala badagokio, itzultzeko betebeharraren erantzukizun subsidiarioa deribatzeko espedienteak hasi ahal izango dira pertsona juridikoen ordezkarien aurka, edozein izanik ere haien izaera, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Dirubilketa Erregelamendua onartzen duen 2021eko urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuaren 100.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– SPRIko Nazioartekotze zuzendariaren ardura izango da ez-betetzearen espedienteari hasiera ematea eta ebaztea. BT&Ik edo FEIk proposatuta ireki daiteke espedientea, diru-itzultzeekin lotutako jazoerak direla eta.

20. artikulua.– Inbertsioaren gauzatzea atzeratzea, itzultze-egutegian luzapenak edo aurrerapenak eta laguntzaren baldintzen aldaketak.

1.– Inbertsioaren gauzatzea atzeratzea: salbuespen gisa, aurrez eskatuta eta enpresak justifikatuta, SPRIko Nazioartekotze zuzendariak urtebeteko atzerapen bakar bat baimendu dezake egin beharreko inbertsioak gauzatzeko betiere alegatutako arrazoiek justifikatzen badute. Ordainketa-epea luzatuz gero, atzeratu egingo da dagokion laguntzaren ordainketa ere. Halaber, 17.2 artikuluaren azken justifikazioaren gehieneko epea atzeratzea ere baimendu dezake. Atzerapenak ez du aldatuko emandako finantzaketa itzulgarriaren zenbatekoa, ezta hura itzultzeko baldintzak ere. Hala, urtebete baino ez dira atzeratuko emakidaren ebazpenean dirua itzultzeko ezarritako datak.

2.– Itzulketen egutegiaren luzapena: salbuespen gisa, enpresak eskatu eta justifikatu ondoren, eta programa kudeatzen duen organoak azaldutako inguruabarrak eta enpresaren finantza-egoera ebaluatu ondoren, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze Zuzendaritzako titularrak itzulketen egutegiaren luzapena eman ahal izango du. Luzapen horrek hasierako egutegian ezarritako itzulketa guztiei edo batzuei eragin ahal izango die eta, hasieran ezarritako epeari dagokionez, ezin izango du urtebetetik gorakoa izan. Luzaketa ematea onartuz gero, dagozkion legezko interesak ordaindu beharko dira, eta baliteke aurrez bermeak eman behar izatea. Hemen deskribatutako luzapena ezin izango da eskatu, baldin eta, aldez aurretik eta proiektu bererako, aurreko atalean aipatzen den inbertsioa atzeratzeko baimena eman bazaio enpresari eta, horrekin batera, dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako itzulketa-datetan urtebeteko luzapena eman bazaio.

3.– Itzulketen egutegia aurreratzea: aurreko 1. eta 2. ataletan aurreikusitakoa gorabehera, onuradunek itzulketen egutegian aurrerapen bat edo batzuk eskatu ahal izango dizkiote SPRIri. Horren ondorioz, itzultzeke dauden aurrerakin itzulgarriak erabat edo partzialki ezeztatuko dira eta, horrela, hasieran aurrez ikusitako itzulketen egutegia laburtuko da, edo ezeztapen partzialaren ondoren itzultzeke zeuden urteko zenbatekoak murriztuko dira. Enpresak idatziz eskatu beharko du aukera hori, eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze Zuzendaritzako titularrak eman beharko du dagokion ebazpena.

4.– Laguntza emateko orduan kontuan hartutako baldintzak aldatuz gero (betiere, laguntzaren helburua bete dela ulertzen bada) eta, hala dagokionean, beste edozein erakunde publiko edo pribatuk emandako dirulaguntzak eta laguntzak aldi berean jasoz gero, aldatu egin daiteke emakidaren ebazpena, betiere onuradun izateko ebazpen honek ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.

Aurreikusita dago dirulaguntza ematen duen organoak, aldez aurretik aldi bereko egoeraren balorazio zirkunstantziatua eginda, emandako dirulaguntza edo bere baldintzak aldatzea erabakitzea, ofizioz edo interesdunak eskatuta, baldintza hauek betetzen direnean:

a) Alde baten instantziari erantzunez gero, pertsona onuradunak jakin bezain pronto komunikatzea eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioaren justifikazioaren aurretik, DEALen 14.e) artikuluan jasotako betebeharra betez.

b) Zenbatekoa ez handitzea.

c) Egindako jarduera edo jokabidea edo egingo dena oinarri arautzaileen xedearen barruan egotea.

d) Aldaketa justifikatzen duten baldintzak onuradunaren borondatearen araberakoak ez izatea.

e) Aldaketa sustatu duten elementu eta baldintza berriak hasieran eman izan balira, dirulaguntza ukatzeko modukoak ez izatea eta aldaketa ez izatea hasieran onartutako proiektua erabat aldatzeko bezain handiak.

f) Hirugarrengoen eskubideak ez urratzea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Programa honi araudi hau aplikatuko zaio:

1.– Dirulaguntzen Erregimena Arautzen duen 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legea.

2.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Lege hori garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua) dirulaguntza arloko oinarrizko legeriari dagokion guztian.

3.– Aplikagarri denean, abenduaren 17ko 698/1991 dekretua, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen berme eta ordainketen araubide orokorra, eta zeinetan finkatzen diren berorren kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen baldintzak, erregimena eta betebeharrak.

4.– Europako Batzordearen EB 2023/2831 Erregelamendua, abenduaren 13koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO-L-2023-81820).

5.– 2014ko ekainaren 26an 187. EBAOn argitaratutako 651/2014 Salbuespeneko araudi orokorra (EB).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko Datuak Babesteko 2016/679 Erregelamendu Orokorrean eta datu pertsonalak babesteko gainerako araudi aplikagarrian ezarritakoarekin bat etorriz, jakinarazten da emandako datuak SPRIk tratatuko dituela eta haren Tratamendu Jardueren Erregistroan sartuko direla.

Tratamendu horren helburua, deialdiaren interes publikoan eta parte hartzeko eskabidean oinarritua, eskatutako laguntzaren espedientea kudeatzea da. Datu pertsonalak tratatzeko oinarri juridikoa da SPRIk duen interes publikoa, SPRI sortzeko estatutuetan ezarritako helburuak betetzeko.

Informazio hori gaian eskumena duen Administrazio Publikoari eta SPRI Taldeko enpresei laga ahal izango zaie.

Laguntza emateko espedientea izapidetzen den bitartean eta legez eska daitekeen epean gordeko dira datuak, legezko betebeharrak bete ahal izateko.

Interesdun guztiek eskubidea izango dute datuak zuzentzeko edo ezabatzeko, tratamendua mugatzeko, datuen eramangarritasunari aurka egiteko edo tratamendu automatizatuan soilik oinarritutako erabaki baten xede ez izateko, bai eta datuak babesteko araudi aplikagarrian aurreikusitako beste edozein eskubide ere, eskubide horiek aplikagarriak direnean, honako helbide elektroniko honetara idatziz bidalita: lopd@spri.eus. Era berean, interesdunak Datuak Babesteko gure ordezkariarekin harremanetan jarri ahal izango dira, idatzizko komunikazioaren bidez, helbide elektroniko honetan: dpd@spri.eus.

Era berean, interesdun orok du edozein erreklamazio aurkezteko eskubidea dagokion kontrol-agintaritzan, eta SPRIren kasuan, Datuak Babesteko Euskal Autoritatea izango da: www.avpd.eus

SPRIk Datu Pertsonalen Babeserako esparruan egiten duenaren inguruko informazio gehigarriaren eta xehakatuaren berri izateko, jo https://www.spri.eus/lege-oharra/ web-orrialdeko pribatutasun-politikara.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

SPRIk oinarri hauei buruz hartzen dituen erabaki guztiak administratiboak dira eta, beraz, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa da jurisdikzio eskuduna.

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA

Onuradunek programa honen bitartez esleitutako dirulaguntzaren jatorriaren publizitate egokia eman beharko dute, oinarrietan zehaztutako baldintzetan.

1. ERANSKINA
INBERTSIO PROIEKTUAREN MEMORIA XEHEA

1.– Enpresa eskatzailearen gaitasuna. 10 puntu, gehienez.

• Jarduera nagusia eta enpresaren produktuak.

• Enpresak ezarpenari heltzeko duen gaitasun finantzarioa.

• Ekoizpen/logistika gaitasuna.

• I+G arloan inbertitzeko gaitasuna.

2.– Proiektuaren izaera teknologikoa eta/edo berritzailea. 15 puntu, gehienez.

• Helburuak.

• Ezarpenerako herrialde potentzialen analisia.

• Aukeratutako herrialdea lehenesteko faktore erabakigarriak.

• Jomugako herrialdearen abantailak, EAErekin alderatuta.

• Aukeratutako herrialdearen balizko arriskuak politikoen, ekonomikoen eta sozialen identifikazioa.

• Ezarriko den herrialdeko legezko baldintzatzaileak.

•Proiektuaren plangintza Faseak, ekintzak eta epeak ezartzea.

• Proiektua atxikita dagoen industria-sektorea; lehentasuna izango dute RISS3-ren eremuko goi mailako proiektu teknologikoek.

• Proiektuaren aurrekontua.

• Enpresaren egoera nazioarteko merkatuen aurrean (AMIA).

○ Ahultasunak.

○ Mehatxuak.

○ Indarguneak.

○ Aukerak.

3.– Enpresan eta haren lehiakortasunean izango duen inpaktua, eta Euskadin izango duen trakzio-eragina. 15 puntu, gehienez.

• Fakturazioaren/Esportazioaren aurreikuspena.

○ Enpresaren fakturazio orokorra.

○ Proiektuari dagokion fakturazioa.

• EAEko langile kopuruaren aurreikuspena.

○ Enpresaren enplegu osoa.

○ Proiektuaren ondorioz sortutako enplegua.

• Aurreikuspen kualitatiboa.

○ Eragina enpresaren posizio lehiakorrean.

○ Sortutako enplegu mota, jatorrian zein jomugan (enpleguaren kalitatea, berdintasuna...)

4.– Koherentzia estrategikoa eta enpresaren inbertsio-ahalegina, haren tamainarekiko. 10 puntu, gehienez.

• Enpresak nazioartekotze-proiektuari ekiteko eta fakturazioa handitzeko duen gaitasuna hartuko da kontuan, eta haztapen hobea izango du proposatutako inbertsio-ahaleginak, tamainak baino.

2. ERANSKINA
KONPROMISO SOZIALEKO ETA JASANGARRITASUNEKO ZIURTAGIRIAK
• INGURUMENA (1)

○ EMAS III ziurtagiria (lortze-data, azken eguneraketa).

○ ISO 14001 ziurtagiria (lortze-data, azken eguneraketa).

○ Ekoscan ziurtagiria (lortze-data, azken eguneraketa).

○ ISO 14006 ziurtagiria (lortze-data, azken eguneraketa).

○ ISO 14064 ziurtagiria (lortze-data, azken eguneraketa).

○ UNE 22470 ziurtagiria (lortze-data, azken eguneraketa).

○ UNE 22480 ziurtagiria (lortze-data, azken eguneraketa).

• BERDINTASUNA ETA KONTZILIAZIOA (2)

○ Berdintasun Plana Emakunderen metodologiaren arabera (data, iraupena).

○ Kontziliazio-plana (data, iraupena).

○ EFR ziurtagiria (lortze-data, azken eguneraketa).

• EUSKARA (3)

○ BIKAIN ziurtagiria (lortze-data, azken eguneraketa).

○ Bai Euskarari ziurtagiria (lortze-data, azken eguneraketa).

○ Euskara Plana (data, iraupena).

• ERANTZUKIZUN SOZIAL KORPORATIBOA ETA JASANGARRITASUNA (4)

○ Global Compacteko kide izatea, 2030 Agendako 17. GJHrekin bat egiteko.

○ Eusko Jaurlaritzako GJH plataformako kide izatea.

○ ISO 26000 auditoretza (badauka, lortze-data, azken eguneraketa).

○ SR10 ziurtagiria (badauka, lortze-data, azken eguneraketa).

○ SGE 21 ziurtagiria (badauka, lortze-data, azken eguneraketa).

○ UNE 165010:2009 EX ziurtagiria (badauka, lortze-data, azken eguneraketa).

○ Xertatu (ekintza-planaren data, azken ebaluazioaren data).

○ SA 8000.

○ Azken 3 urteotan, BEINT programaren baitan, gazteei nazioartekotze arloko prestakuntza ematen lagundu izana.

• BESTE ZIURTAGIRI BALIOKIDE BATZUK
3. ERANSKINA
ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENAREN EREDU NORMALIZATUAREN EDUKIA

[Izen-abizenak] jaunak/andreak, [...] zenbakidun NANa indarrean duenak, [eskatzailearen izena] ordezkatzen du, [...] IFZ zenbakia duena eta egoitza-jarduera [Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera ekonomikoa duen erakunde eskatzailearen zentro bat adierazi behar da gutxienez] helbidean duena, eta adierazten du:

I.– Programa honen xede den laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen baldintzak betetzen dituela; zehazki, honakoak:

– Enpresa handien kasuan:

i) Aurreko hiru urteetan minimis laguntza gisa 300.000 euro ez dituela jaso.

ii) Eskaera honi dagokion atalean alderdi hauei buruzko informazioa jasota dagoela:

a) Aurreko hiru urtetan jasotako de minimis laguntzak, bertan adierazi beharko da laguntza hori noiz eman zen, zer erakundek eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.

b)Proiektu hori bera gauzatzeko beste erakunde publiko zein pribatu batzuei eskatutako edo/eta haiek emandako dirulaguntzak, bertan adieraziz laguntza hori noiz eskatu zen, eta, hala badagokio, zein organismok eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.

– ETE-en kasuan:

i) Krisian dagoen enpresa edo entitatea ez izatea, krisian dauden enpresak Salbatzeko eta Berregituratzeko Estatuko Dirulaguntzei buruzko Jarraibide komunitarioen arabera (DOUE 2014/C 249/01).

– Bi kasuetan, DEALen 13. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean ez egotea, hau da:

a) Epai irmo baten bidez dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzearen zigorra jaso izana; edo prebarikazioarekin, funtzionario-eroskeriarekin, ondasun publikoak bidegabe erabiltzearekin, influentzia-trafikoarekin, iruzurrekin eta legearen aurkako ordainarazpenekin lotutako delituengatik edo delitu urbanistikoengatik zigorra jaso izana.

b) Borondatezko konkurtso-aitorpena eskatu izana, prozeduraren batean kaudimengabetzat aitortu izana, konkurtsoan aitortuta egotea (hitzarmen bat eragingarri bihurtu denean izan ezik), esku-hartze judizial baten mende egotea edo 2003ko uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legeak xedatutakoaren arabera ezgaituta egotea, konkurtsoa kalifikatzeko epaian ezarritako ezgaitze-aldia amaitu gabe egonda.

c) Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik, Administrazioarekin egindako edozein kontraturen suntsiarazpen irmoa eragin izana.

d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona fisiko batzuen legezko ordezkariak direnak honako lege hauek jasotako kasuren batean sartuta egotea bateraezintasuneko erregimenari dagokionez: Administrazio Publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunei buruzko 1984ko abenduaren 26ko 53/1984 Legea eta Kargudun Publikoen Interes Gatazkak eta Jokabide Kodea Arautzen dituen 2014ko ekainaren 26ko 1/2014 Legea, edo Hauteskunde Erregimen Orokorreko 1985eko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan xedatutako hautetsia izatea, gai horiek arautzen dituen araudi autonomikoan edo lege horretan ezarritako baldintzen arabera.

e) Indarrean dauden xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez izatea, araudiak zehazten duen moduan.

f) Zerga-egoitza erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean izatea.

g) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrarekin lotutako ordainketak egunean ez izatea, araudiak zehazten dituen baldintzetan.

h) Epai irmo baten bidez, zigor gisa, dirulaguntzak jasotzeko aukera galdu izana, lege honen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera. Zehatzago esanda, dirulaguntzen onuradun edo erakunde kolaboratzaile izaera ezin izango dute eduki sexu-arrazoiarekin lotutako jarduera baztertzailea egin badute edo sexu-arrazoiengatiko bazterkeria egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko araudia ez betetzeagatik zigor administratiboa edo penala jaso badute, zigor horretan ezarritako aldian zehar. Honako enpresa hauek ere ezingo dute jaso laguntzarik edo dirulaguntzarik: Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat izan behar dutenek baina ez dutenek; eta 50 langile baino gehiago izanik, sexu-jazarpena do sexu-arrazoiengatiko jazarpena prebenitzeko eta hari aurre egiteko neurriak ezarri izana ziurtatzen ez duten enpresek, emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko Estatuko legediak ezarritako baldintzetan.

i) Pertsona fisikoa edo juridikoa, pribatua edo publikoa, ekonomia zirkularrerako kutsatutako lurzoruei eta hondakinei buruzko 2022ko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren 2021eko abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste larri edo oso larriengatik administrazio-bidean ebazpen irmo bidez zehatua egotea, dagozkion neurri zuzentzaileak abian jarri eta isuna ordaindu arte.

j) Desgaitasuna duten pertsonen mesedetan lanpostuak erreserbatzeko legez ezarritako kuota ez bete izana, hori bete ahal izateko neurri alternatiboak abian jarri direla frogatu gabe.

– Bi kasuetan, Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa dela edo barne-merkatuarekin bateraezina dela erabaki ondoren, laguntzak errekuperatzeko agindu baten menpe ez egotea.

– Bi kasuetan, LGTBIfobiarik ez egin, bultzatu edo sustatzea, bihurketa-terapiak sustatu edo egitea barne, trans pertsonen berdintasun erreal eta eragingarrirako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.

– Bi kasuetan, adierazpen honek barne hartzen duela eskatzailearen konpromisoa enpresa ez deslokalizatzeko (DEALen 49. artikuluan jasotako baldintzen arabera) eta gehiegizko finantzaketarik ez egiteko (DEALen 9.4.h) artikuluaren arabera).

II.– Indarrean dagoen araudian jasotako eskakizunak betetzen ditut.

– Eskaera honetako datu guztiak eta aurkeztutako dokumentazio guztian jasotakoak egiazkoak eta osoak dira. Horrekin lotuta, dagokion erantzukizuna hartuko dut neure gain (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legeko 28.7 artikulua).

III.– Adierazpen honi laguntzen dion edo Adierazpenaren barruan agertzen den datu, adierazpen edo dokumenturen bat guztiz zuena ez bada, faltsua bada edo hutsak baditu, edo horiek Administrazio eskudunaren aurrean aurkezten ez badira, ezingo da eraginpeko eskubidea edo jarduera gauzatu, gertakari horien berri izaten den unetik bertatik; gainera, dagozkion erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak ezarriko zaizkio, 39/2015 Legearen 69. artikuluko 4. atalean ezarritakoaren arabera.

[...] Goian jasotako adierazpenen edukia onartzea.


Azterketa dokumentala