
132. zk., 2025eko uztailaren 14a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (170 KB - 9 orri.)
- EPUB (128 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
3113
EBAZPENA, 2025eko ekainaren 26koa Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendariarena. Horren bidez, Euskadiko musikari gazteen lehiaketaren (EMGL) oinarriak ezartzen dira, eta 2025-2026 ikasturterako proiektuak aurkezteko eta hautatzeko prozesua arautzen da.
Musika-ikasketak eta araubide orokorreko gainerako irakaskuntzak bateragarri egitea ikasleentzat ahalegin osagarri bikaina da. Izan ere, araubide orokorreko ikasketen curriculumaren ordu-karga handiari, banakako ikaskuntzaz gain, taldekako eta banakako entseguak gehitu behar zaizkio.
Ahalegin horrek, ikasketa arautuen kasuan eta beste edozein irakaskuntza arauturekin gertatzen ez den bezala, ez du batzuetan urteetan luzatu daitekeen prestakuntza-ibilbidea konpentsatzen duen titulaziorik.
Hezkuntza Saila, ikasle horiek aurreko guztiaren ondorioz dituzten zailtasunekiko sentikorra izanik, pizgarri, estimulu eta indartze positibo gisa balio diezaieketen neurri guztiak antolatzen saiatzen ari da. Hala, 2007az geroztik, Sailak EMGL bultzatzen du. Jarduera horrek, alde batetik, EAEko musika-irakaskuntzetako ikastetxeetan egindako lana gizarteari erakusteko aukera ematen die ikasleei, haien izaera edozein dela ere, arautua ala ez, eta, bestetik, jendaurrean jarduteko aukera ematen die, prestakuntzaren beraren parte gisa.
Beraz, bidezkoa da EMGLren funtzionamendua arautzea, eta Hezkuntza Sailaren titulartasuneko hiru musika kontserbatorio profesionalei dei egitea 2025-2026 ikasturterako proiektuak aurkez ditzaten, proiektu horri jarraipena emateko eta sendotzeko.
Ondorioz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Helburuak.
EMGLren helburua da musika-kultura sustatzea eta EAEn musika-ikasketak egiten ari diren ikasleen musika-talentu gaztea babestea, egiten ari diren lana ezagutarazteko aukera emanez eta sormena eta espiritu berritzailea nahiz esfortzuaren eta nork bere mugak gainditzearen zentzua sustatuz.
Bigarrena.– Lehiaketaren antolamendua.
Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritza da, Eusko Jaurlaritzaren menpeko hiru kontserbatorioetako zuzendaritzen laguntzarekin, lehiaketaren antolaketaren arduraduna. Horregatik, kontserbatorioetako irakasleen artean lehiaketaren koordinatzaile nagusi bat izendatuko du –eta, hala badagokio, bere laguntzaileak–, lehiaketa planifikatu eta gauzatzeko ardura izan dezan.
A) Giza baliabideak.
EMGL irekita dago Hezkuntza Sailaren mendeko hiru kontserbatorio profesionaletako irakasleentzat, eta koordinatzaile bat du esleituta, irakastorduetatik zati batean liberatua.
EMGLko koordinatzailea:
– Hezkuntza Sailaren titulartasuneko hiru kontserbatorioetako bateko irakaslea izango da EMGLko koordinatzailea.
– Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendariaren ebazpen baten bidez izendatuko da ikasturte baterako karguan, Hezkuntza Sailaren mendeko hiru kontserbatorioek aurkeztutako proposamenak entzun ondoren.
– Hiru orduko eskola-liberazio partziala izango du. Erakunde osoaren arduraduna izango da, eta gai guztiei buruzko erabakiak hartzeko ahalmena izango du, Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendariak onartu ondoren.
– Honako eginkizun hauek izango ditu:
• EMGLren programa diseinatzea, ospe eta ibilbide handiko musikako profesionalak proposatzea epaimahaiak osatzeko, lehiaketa egiteko datak eta espazio eszenikoak negoziatzea, eta, hala badagokio, egin beharreko joan-etorriak eta ostatuak koordinatzea.
• Hautaketa-entzunaldien diseinuan parte hartzea.
• Egindako jarduerak baloratzeko txostenak egitea, eta egokitzat jotzen dituen hobekuntzak proposatzea.
– Kargu horretarako izendatzeak ez du berariazko osagarririk jasotzeko eskubiderik emango.
B) Aurrekontu-zuzkidura.
EMGLri esleitutako kredituak erreferentziatzat hartuta, lehiaketaren funtzionamendu-gastuetarako, 10.000 euroko zenbatekoa erabiliko da 2026ko ekitaldi ekonomikorako.
Kudeaketa ekonomikoa bere gain hartuko du lehiaketaren koordinatzailea klaustrokide duen kontserbatorioko zuzendaritzak.
Lehiaketaren programazioa urtero egingo da, eta Hezkuntza Saileko Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendariak baimendu beharko du. Ondoren, bere titulartasuneko kontserbatorioetako bati funtsak igorriko dizkio, eta, edizio horretan, lehiaketari esleitutako kredituaren organo kudeatzaile bihurtuko da.
Edizioaren amaieran, kudeaketaz arduratzen den kontserbatorioak egindako gastuak agiri bidez justifikatu beharko dizkio Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzari.
C) Lehiaketa antolatzeko faseak.
1. fasea. Parte hartzeko baldintzak. Izena ematea.
Baldintza hauek betetzen dituzten ikasleek parte hartu ahal izango dute EMGLn:
– Euskal Autonomia Erkidegoko musika-irakaskuntzako ikastetxeetan ikasten ari diren ikasleak (Hezkuntza Sailaren mendeko musika kontserbatorio profesionalak, behar bezala baimendutako ikastetxe arautuak, eta maiatzaren 21eko 64/2024 Dekretuaren bidez araututako EAEko musika- eta dantza-eskolak).
– Ezingo dute parte hartu Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritako egoeraren batean daudenek.
– Aurreko urteko edizioan lehen saria lortu duten lehiakideek ezin izango dute kategoria berean parte hartu hurrengo edizioan (instrumentu eta ahots multzoen modalitateko irabazleak izan ezik, horiek multzo edo talde desberdin batekin aurkeztu ahal izango baitira, eta jazzeko eta musika modernoko irabazleak, beste talde batekin kolektiboki parte hartzen badute).
– Inskripzio-eskaera «on line» egin izana, Hezkuntza Sailak ezarritako «ikasgunea» komunikazio-atariaren bidez, dagokion deialdian ezarritako epean. Gehienez ere bi modalitatetan eman daiteke izena, betiere modalitate bakoitzerako inskripzio bat betez.
– Deialdia argitaratzen den egunean kategoria bakoitzerako ezarritako arauzko adina izatea; horretarako, parte-hartzaile bakoitzak bere NANaren kopia erantsi beharko du.
– EMGLn sartzeko azterketa-eskubideen kontzeptuan ezartzen den zenbatekoa ordaintzea. Ordainketa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 20ko 1/2025 Legegintzako Dekretuan aurreikusitako bitartekoen bidez egin ahal izango da, kreditu-erakunde laguntzailearen bitartekotza baliatuz.
Musika kontserbatorio profesionaletan antolatutako lehiaketa eta lehiaketa instrumentaletako matrikulen prezio publikoak honako hauek izango dira:
• Banakako lehiakide gisa: 20,00 euro.
• Ganbera-talde edo bestelako talde gisa: 60,00 euro.
Prezio publiko horren zenbatekoa matrikula formalizatzen den unean ordainduko da.
– Inskripzioarekin batera, ikasleek EAEko musika-ikastetxe publikoetan edo baimenduetan dagokion ikasturtean matrikulatuta egoteko betekizunaren justifikazioa aurkeztu beharko dute.
– Onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda eratuko da. Parte-hartzaileek erreklamazioa aurkezteko eskubidea izango dute, eta, ondoren, behin betiko zerrendak ezarriko dira. Zerrenda horiek ikasgunearen bidez kontsultatu ahal izango dira, baita EMGL webgunean ere.
– EMGLn parte hartzeak oinarri guztiak onartzea dakar. Ezarritako baldintzetakoren bat betetzen ez bada, lehiaketatik kanpo geratuko da.
2. fasea. Probak. Ezaugarriak eta arau orokorrak.
Kategoriak:
– 3 kategoria ezartzen dira parte-hartzaileen adinaren arabera:
a) Modalitate guztiak, Kantua eta Konposizioa izan ezik:
• A kategoria: 19 urtera arte.
• B kategoria: 12 eta 15 urte bitartekoak.
b) Kantua, jazza eta musika modernoa modalitatea:
• A kategoria: 25 urtera arte.
• B kategoria: 12 eta 19 urte bitartekoak.
c) Konposizioa modalitatea:
• C kategoria bakarra: 20 urtera arte.
– Parte-hartzaileen adina kalkulatzeko, lehiaketaren urte naturalean betetzen dutena hartuko da kontuan. Ganberako talde instrumentu- edo ahots-taldeen modalitatean, adina taldekideen batez bestekoa izango da.
Modalitateak:
– Akordeoia.
– Kantua.
– Konposizioa.
– Instrumentu- eta/edo ahots-taldeak.
– Gitarra, harpa eta hari pultsatuko instrumentuak.
– Arku instrumentuak.
– Jazza eta musika modernoa.
– Perkusioa.
– Tekla.
– Egur-haizea.
– Haize-metala.
Modalitateak banakako lehiaketakoak izango dira, zuzendaririk gabeko instrumentu- edo ahots-taldekoa izan ezik. Talde horietan, gutxienez, 2 pertsona egon behar dira. Jazz eta musika modernoaren modalitatean banaka edo taldeka lehiatu ahal izango da, baldin eta parte-hartzaile guztiak Euskal Herriko musika-irakaskuntzako ikastetxeetan ikasten ari badira.
Errepertorioa:
A kategoria:
– Errepertorioa librea izango da, parte-hartzaileak gehienez 25 minutuko denbora izango du bere programa gauzatzeko, eta gutxienez 3 obra edo mugimendu solte interpretatuko ditu, estilo desberdinetakoak.
– Talde-modalitateetan, taldeak estilo desberdinetako 2 edo 3 obra edo mugimendu solte interpretatuko ditu.
– Kantua modalitatean, errepertorioa norberak aukeratutako 3 lanez osatuko da, gutxienez bi hizkuntzatan.
B kategoria:
– Errepertorioa librea izango da, parte-hartzaileak gehienez 15 minutu izango ditu bere programa gauzatzeko, eta gutxienez estilo desberdinetako 2 obra interpretatuko ditu.
– Lagundutako obrak errepertorio-pianista batekin interpretatu beharko dira. Parte-hartzaileak errepertorio-pianista jarriko du.
– Jazz eta musika modernoa modalitaterako, prestakuntza eta errepertorioa libreak izango dira, eta azken hori inprobisazio libreak, estandarrak konpontzea eta konposizio propioak izan daitezke. Interpretazioak ez du 15 minutu baino gehiago iraungo.
C kategoria (Konposizioa):
– Epaimahaiak emandako hasiera tematiko baten gainean, parte-hartzaileek abesbatza-, asmakuntza-, suite- edo lied generoko musika-sorkuntza egingo dute, gehienez 6 orduko epean. Lehiaketaren unean epaimahaiak, zozketan, generoa zehaztuko du.
Lehiaketaren garapenaren denbora-muga kontuan hartuta, parte-hartze oso handia gertatzen bada eta horrek hura behar bezala garatzea zaildu badezake, EMGLren koordinatzaileak beharrezko neurriak proposatu ahal izango ditu, besteak beste, parte-hartzaile eta kategoria bakoitzeko interpretazio-denbora murriztea epaimahaiaren aurrean.
Probak egiteko jarraibideak:
– Deitutako modalitate bakoitzak proba bakarra izango du.
– Modalitate guztietan, konposizioan izan ezik, jardun-ordenarako letra Hezkuntza Sailak urtero egiten duen zozketan zehaztuko da.
– Probak hasteko ordutegia parte-hartzaile kopuruaren araberakoa izango da, eta antolatzaileek behar besteko aurrerapenaz jakinaraziko dute.
– Ikasgelak prestatuko dira behar dituzten lehiakideentzat.
– Probak jendearentzat irekiak izango dira, konposiziokoa izan ezik, kolektiboan itxita egingo baita.
– Azken kontzertua 90 minutukoa izango da gehienez, eta epaimahaiak aldez aurretik hautatutako sarituek egingo dute.
– Saridun guztiek sarien banaketara joan behar dute.
– Lehiaketaren koordinatzaile nagusiak, lehiaketaren antolaketaz eta garapenaz arduratzen denak, hura hobeto garatzeko beharreko neurriak hartu ahal izango ditu, ezustekoak sortzekotan.
3. fasea. Lehiaketaren ebazpena.
Epaimahaia:
– Lehiaketaren epaimahaia musika-interpretazioaren eta -irakaskuntzaren arloko kide ospetsuek osatuko dute.
– Epaimahaikideek ezin izango dute epaimahaikide izan Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan aurreikusitako inguruabarrak gertatuz gero, eta Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzari jakinarazi beharko diote. Halaber, hautagaiek epaimahaikideak errekusatu ahal izango dituzte, lege horren 24. artikuluan aurreikusitako inguruabarrak gertatzen badira.
– Epaimahai kalifikatzaileak dagokion aktan jasoko ditu ebaluazio-irizpideak eta parte-hartzaile bakoitzari emandako puntuazioa.
– Lehiaketa amaitzean, epaimahaiak emaitza jakinaraziko du, emandako sarien zerrenda osoarekin batera, eta bere erabakiak apelaezinak izango dira.
Balorazio-irizpideak:
Lehiakideak baloratzeko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan kategoria guztietan, Konposizioan izan ezik:
– Adierazkortasuna: obrak behar bezala egitea eta horien tempo, nota, erritmo, fraseo, artikulazio, dinamika, afinazio eta abarren indikazioak.
– Kontrol teknikoa: interpretatutako obrek dituzten zailtasun teknikoak gainditzeko gaitasuna.
– Soinu-kalitatea: soinua estilora eta errepertoriora egokitzea.
– Musikaltasuna: adierazpen artistikoa, zentzu formala, musika-estiloaren zentzua eta lanari izaera inprimatzeko gaitasuna.
– Komunikazioa: asmoa, konbentzimendua, segurtasuna eta taularatzeko modua.
Konposizioa modalitatean aurkeztutako obraren sormen-gaitasuna, originaltasuna eta berezitasuna baloratuko dira, honako hauek kontuan hartuta:
– Idazketa harmonikoaren eta kontrapuntistikoaren oinarrizko teknikak menderatzeko eta integratzeko gaitasuna.
– Estilo historikoek proposatu dituzten konposizio-ereduetatik gaur egun arte lan egiteko gaitasun kritikoa izatea.
Sariak eta aintzatespenak:
Parte-hartzaile guztiek diploma bana jasoko dute. 3 sari egongo dira modalitate eta kategoria bakoitzean: 1. saria, 2. saria eta ohorezko aipamena.
Epaimahaiak ez ditu sari guztiak eman beharko, eta egokitzat jotzen dituenak eman gabe utzi ahal izango ditu. Sariak ex aequo izan daitezke, eta zati berdinetan bana daitezke sarituen artean.
Hirugarrena.– Jabetza intelektuala.
Deialdi honetan sarien onuradun diren obren konpositoreek, ekoizpenaren jatorrizko formatuaz gain, erreprodukzio, banaketa eta komunikazio publikoko eskubideak ere lagako dizkiote EAEko Administrazio Orokorrari, eta edozein euskarritan editatu, kopiatu edo erreproduzitu ahal izango dira, eta doan banatu edo interpretatu, Jabetza Intelektualari buruzko Legearen testu bateginean aurreikusitako gehieneko iraupen-epean eta munduko herrialde guztietara hedatuta, salbuespenik gabe.
Saritutako parte-hartzaileen probak eta ondorengo jarduketak edozein bitarteko teknikoren bidez grabatu eta zabaldu ahal izango dira, eta material horiek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren jabetzakoak izango dira.
Hezkuntza Sailak ikus-entzunezko materiala, non parte hartzen duten ikasleak agertzen diren, erabiltzeko eskubidea izango du (bai Espainian, bai nazioartean), EMGLren sustapenerako edo publizitaterako, bai eta Sailak egokitzat jotzen duen edozein kanpo-erabilera edo zabalkunderako.
Ikasleak edo haren legezko ordezkariak dagokion baimen informatua sinatuko du, eta datuen tratamenduari buruzko adostasun esplizitua emango du, baldintza hauetan:
– Ikaslearen irudia argitaratzea, edo ikasleari buruzko beste informazio batzuk, baldin eta EMGLrekin erlazionatuta badaude, eta horren zabalkunderako.
– EMGLrekin lotutako jarduerei eta ekitaldiei buruzko informazioa bidaltzea.
– EMGLko irudiak edo bideoak, non ikaslea agertzen den, argitaratzea prentsako, irratiko eta telebistako komunikazio-kanalen bidez.
– Bideoak eta irudiak argitaratzea sare sozialetan eta EMGLren webgunean, eta horiek ezabatzea eskatzen ez bada, gorde egingo dira.
Laugarrena.– Datuen babesari buruzko informazio oinarrizkoa.
Zure datu pertsonalak erabiliko dira, eta tratamendu-jarduera honi erantsiko zaizkio: Sarbide Probak eta izen-emateak.
– Arduraduna: Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.
– Helburua: sarbide-probak kirol irakaskuntzatara (heziketa zikloak), irakaskuntza artistiko profesionaletara eta goi-mailako irakaskuntza artistikotara. Izen-emateak eta lehiaketak.
– Legitimazioa:
• Tratamendua beharrezkoa da misio bat betetzeko, zeina egiten baita interes publikoaren izenean, edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzeko.
– Hartzaileak:
• Autonomia-erkidegoko beste organo batzuk.
• Musika kontserbatorioak, Dantzerti, Idarte.
– Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere:
www.euskadi.eus/zerbitzuak/10842/
– Informazio osagarria: Gure web-orrian kontsulta dezakezu Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua:
www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/145000-capa2-eu.shtml
Araudia:
– Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra:
www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD-2016_0679_eu.pdf
– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa
www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf
Bosgarrena.– Proiektuak aurkeztea.
Bi urte igaro dira egungo koordinatzailea EMGL antolatzeko izendatu zutenetik. Hori dela eta, Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzak lantaldea berritzeko proposamen berriak aztertuko ditu. Horretarako sustatzen du zuzendaritza honek deialdi hau, zeina Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1256803) eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko baita, Hezkuntza Sailaren titulartasuneko hiru kontserbatorioei jakinarazteaz gain, honako baldintza hauetan:
1.– Hezkuntza Sailaren titulartasuneko hiru kontserbatorioetako bateko irakasleek sostengatu beharko dute proiektu bakoitzaren aurkezpena, eta horietako kide batek bere gain hartuko du lantaldearen koordinazioa.
2.– Proiektuek ikasturte bateko iraupena izango dute (2025-2026).
3.– Interesdunek elektronikoki aurkeztu ahal izango dute proiektua Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan:
https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1256803
4.– Proiektu bakoitzak EMGLrako programa bat garatu beharko du, eta aurreikusitako aurrekontuari egokitu beharko zaio, honako hauek barne hartuta:
a) Proiektuaren helburu zehatzen azalpena eta parte-hartzaileengan eta inplikatutako beste kolektibo batzuengan (ikasleak, irakasleak, hezkuntza-komunitatea, etab.) espero den eragina.
b) Proiektuaren integrazioa ikasleen ohiko jardueretan eta ikastetxeen hezkuntza-ekintzan, eta horren lotura curriculumeko arloetan.
c) Proposatutako jarduerak eta denboralizazioa.
d) Egin beharreko lanaren metodologia (lan-plana).
e) Parte-hartzaileak: proiektuan zuzenean edo zeharka parte hartuko duten irakasleak eta departamentuak.
f) Gutxi gorabeherako aurrekontua eta finantzatu daitezkeen kontzeptuak (garraioa, otorduak, aseguru-polizak, proiektua egin, ebaluatu eta zabaltzearen ondoriozko gastuak).
g) Proiektua zabaltzeko plana, etapa guztietan, inplikatutako erakundeen eta tokiko komunitatearen artean.
Hezkuntza Sailaren mendeko kontserbatorioetako zuzendaritzek konpromisoa hartuko dute aurreko memorian azaldutako jardueretan parte hartzeko eta laguntzeko, eta proiektuaren berri emango diote klaustroari eta OOGri.
5.– Proiektuak aurkezteko epea hamabost egunekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
6.– Aurkeztutako proiektuek ez badituzte ebazpen honetan eskatzen diren baldintzak betetzen, hamar eguneko epea emango zaie interesdunei akatsa zuzentzeko edo aurkeztu ez dituzten nahitaezko agiriak aurkezteko, eta adieraziko zaie, hala egin ezean, eskaeran atzera egin dutela ulertuko dela, ebazpena eman ondoren.
Interesdunei banan-banan jakinaraziko zaie errekerimendua, bide elektronikoz, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Interesdunei egindako jakinarazpenen abisuak bidali ahal izango zaizkie eskabidean adierazitako gailu elektronikora edo helbide elektronikora. Abisu horiek ez dute inola ere jakinarazpen-ondoriorik izango.
Seigarrena.– Proiektua hautatzea.
Aurkeztutako proiektuak baloratzeko ebaluazio-batzorde bat eratuko da, eta hauek osatuko dute:
– Eugenio Jiménez Ibáñez, Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendaria, buru izango dena, edo hark eskuordetzen duena.
– Puy Asurmendi Telleria, CPM Jesús Guridi MKPko zuzendaria, edo hark eskuordetzen duen ikastetxeko irakaslea.
– Jorge Pacheco García, CPM Francisco Escudero MKPko zuzendaria, edo hark eskuordetzen duen ikastetxeko irakaslea.
– Itziar Basagoiti Azpitarte, CPM Juan Crisóstomo de Arriaga MKPko zuzendaria, edo hark eskuordetzen duen ikastetxeko irakaslea.
Garatu beharreko hezkuntza-proiektua baloratzeko aurkeztutako proposamenak alderatuko dira, honako balorazio-irizpide hauen eta dagokien kuantifikazioaren arabera:
(Ikus .PDF)
Proiektuak gutxienez 50 puntu lortu beharko ditu ebaluazio-batzordeak ez dezan baztertu.
Proiektua Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendariaren ebazpen baten bidez hautatuko da.
Interesdunei banan-banan jakinaraziko zaie ebazpena, bide elektronikoz, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Egindako jakinarazpenen abisuak eskabidean adierazitako gailu elektronikora edo helbide elektronikora bidali ahal izango zaizkie interesdunei. Abisu horiek ez dute inola ere jakinarazpen-ondoriorik izango.
Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza Politiketako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera.
Zazpigarrena.– Errekurtsoa.
Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza Politiketako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 26a.
Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendaria,
EUGENIO JIMENEZ IBAÑEZ.
RSS