
129. zk., 2025eko uztailaren 9a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (195 KB - 10 orri.)
- EPUB (113 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ONGIZATE, GAZTERIA ETA ERRONKA DEMOGRAFIKOAREN SAILA
3064
AGINDUA, 2025eko ekainaren 23koa, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita 2021-2027ko Europako Plus Gizarte Funtsaren (EGF+) baterako finantzaketa baliatuta oinarrizko laguntza materialerako laguntzak emateko prozedura.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko (EB) 2021/1057 Erregelamenduaren bidez, 2021-2027ko Europako Plus Gizarte Funtsa (EGF+) ezarri eta (EB) 1296/2013 Erregelamendua indargabetu zen. Bada, (EB) 2021/1057 Erregelamenduaren 4. artikuluak xedatzen duenaren arabera, haren helburu espezifikoetako bat da pertsona behartsuenen –batez ere, adingabeen– gabezia materialari aurre egitea, elikagaiak edo oinarrizko laguntza materiala emanez, eta pertsona horien gizarte-inklusioa sustatzeko akonpainamendu-neurriak ezartzea.
Aipatutako erregelamenduaren 19. artikuluak ezartzen duenez, Batzordeak eta Europar Batasuneko estatuek zera bermatu behar dute: batetik, gabezia materialaren aurka borrokatzeko EGF+ programako laguntzek pertsona behartsuenen duintasuna errespetatuko dutela eta haien estigmatizazioa saihestuko, eta, bestetik, elikagaiak eta oinarrizko laguntza materiala zuzenean eta zeharka eskaintzea ahalbidetuko dela. Horrenbestez, erabaki zen materialez hornitzeko eredua aldatzea. Izan ere, aurreko programa operatiboa elikagaiak zuzenean entregatuz kudeatu zen, eta oraingoan, berriz, txanpon-txartel edo -txekeen bidezko zeharkako prestazio-sistema erabiliko da.
Gizarte Zerbitzuen eta Autonomia eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemaren Lurralde Kontseiluak 2022ko apirilaren 7ko bilkuran erabaki zuen zer irizpideren arabera banatuko zen funts berria lurralde bakoitzean, eta zer oinarri ezarriko ziren oinarrizko laguntza materialaren prestazio-sistema garatzeko.
2022ko abenduaren 9an, Europako Batzordeak oinarrizko laguntza materialerako EGF+ programa onartu zuen, batetik, pertsona behartsuenen –batez ere, adingabeen– gabezia materialari aurre egiteko, elikagaiak eta oinarrizko laguntza materiala emanez, eta, bestetik, pertsona horien gizarte-inklusioa sustatzeko akonpainamendu-neurriak ezartzeko.
2025. urteaz geroztik, autonomia-erkidegoek arduratu behar dute txartel edo bonuak egin, banatu, erabili eta kontrolatzeko prozedurak bultzatzeaz; horretarako, dagokion lurraldeko estaldura ziurtatzen duten entitateak baliatuko dituzte.
Horiek horrela, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 320/2024 Dekretuak Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailari esleitzen dizkion eskumenak erabiliz, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdia, oinarriak eta argitalpena.
1.– Oinarri arautzaileak onartzea eta deialdia iragartzea, oinarrizko laguntza materialerako 2021-2027ko EGF+ Programako laguntzak emateko (aurrerantzean, oinarrizko programa) Euskal Autonomia Erkidegoan, 2025eko ekitaldian, segidako lehiaketaren prozedura erabiliz; oinarri arautzaileak ebazpen honen eranskinean daude jasota.
2.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Administrazio-errekurtsoak.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote organo berari, hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Ondorioak sortzea.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 23a.
Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua,
NEREA MELGOSA VEGA.
ERANSKINA
OINARRI ARAUTZAILEAK, XEDATZEN DUTENAK ZER PROZEDURA ERABILIKO DEN OINARRIZKO LAGUNTZA MATERIALERAKO 2021-2027KO EGF+ PROGRAMAREN LAGUNTZAK EMATEKO (AURRERANTZEAN, OINARRIZKO PROGRAMA), EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN, 2025EKO EKITALDIAN
Lehenengoa.– Xedea.
Agindu honen xedea da oinarri arautzaileak onartzea eta deialdia iragartzea, oinarrizko laguntza materialerako 2021-2027ko EGF+ programaren laguntzak emateko (aurrerantzean, oinarrizko programa), Euskal Autonomia Erkidegoan, 2025eko ekitaldian.
Bigarrena.– Laguntzen helburua.
Laguntzen helburua da:
1.– Pobrezia-tasa murriztea; bereziki, gabezia materiala. Horretarako, adingabeak dituzten familia behartsuenei baliabide ekonomikoak emango zaizkie; hain justu, txartelak edo bonuak entregatuko zaizkie, haien truke oinarrizko laguntza materialaren barruan sartzen diren elikagaiak eta beste produktu batzuk eskura ditzaten.
2.– Onuradunen gizarte-inklusioa sustatzea, akonpainamendu-neurrien programa bat abian jarriz.
Hirugarrena.– Aplikatu beharreko araubide juridikoa.
2021-2027ko Europako Plus Gizarte Funtsa (EGF+) programaren baterako finantzaketa izango dute laguntzek, eta Europako funtsak arautzen dituzten Europar Batasuneko erregelamenduen multzoaren bidez arautuko dira; zehazki, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko (EB) 2021/1057 Erregelamenduaren bidez, zeinak Europako Plus Gizarte Funtsa (EGF+) ezartzen baitu eta (EB) 1296/2013 Erregelamendua indargabetzen. Orobat, dirulaguntzez ari garenez, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen xedapenak ere bete behar dira, lege horren 5. artikuluan ezarritako baldintzetan.
Oinarrizko programaren laguntzak segidako lehiaketaren araubidea erabiliz izapidetuko dira, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.3 artikuluaren babesean. Agindu honetan eta aipatutako legean ezarritakoaren arabera arautuko da prozedura. Beraz, laguntzak modu ordenatuan ebatziko dira, espedienteak erabat osatuta geratzen diren unearen arabera.
Behin laguntzak eman eta oinarrizko programari esleitutako funtsak agortzen direnean, laguntza berriak eten edo ukatu egingo dira, eta zuzkidura agortuta dagoela aditzera emango da, Ongizatearen sailburuordearen ebazpen baten bidez.
Laugarrena.– Laguntza emateko betekizunak.
Betekizun hauek betetzen dituzten familia-unitateak izango dira laguntzen hartzaile:
a) Familia-unitatearen benetako bizilekua EAEn egotea, laguntzak irauten duen denbora-tartean.
b) Familia-unitatean gutxienez 18 urtetik gorako pertsona bat egotea. Nolanahi ere, emantzipatutako adingabe batek eta haren kargura dagoen adingabe batek osatutako familia-unitateen eskaerak ere onar daitezke.
c) Eskatzaileak gutxienez adingabe bat bere kargura izatea.
d) Oinarrizko beharrei aurre egiteko baliabide material eta ekonomiko nahikorik ez izatea. Horri dagokionez, familia-unitateko kideak ezingo dira egon diru-sarrerak bermatzeko errenta edo bizitzeko gutxieneko diru-sarrera jasotzen.
e) Familia-unitatearen diru-sarrerak errenta nazionalaren medianaren % 40 baino txikiagoak izatea kontsumo-unitateko, erreferentziatzat hartuta laguntza onartu zeneko urtearen aurreko urteko datua edo, hura argitaratuta ez badago, eskuragarri dagoen azken urteko datua.
Betekizun horiek guztiak laguntza ematen den unean bete beharko dira, bai eta laguntzak irauten duen aldi guztian ere. Bestalde, hiru hilean behin doitu ahal izango dira laguntzak, onartu eta gero sortutako egoerei aurre egiteko.
Bosgarrena.– Laguntzen zenbatekoa.
1.– Laguntzak eskatzaileari aitortuko zaizkio, 2025eko abenduaren 31ra arte. Gainera, hiru hilean behin modulatu ahal izango da laguntza, kontuan hartuta familia-unitatearen uneko benetako inguruabarrak. Oinarrizko programaren laguntza gauzatzeko, gehienez hiru hileko epean trukatu ahal izango dituzten txartel edo bonuak eman edo kargatuko zaizkie familiei, betiere familia-unitatearen kide kopuruari dagozkion kalkulu-parametro hauen arabera, baldin eta gutxienez adingabe bat badute haien kargura:
a) 2 kideko familia-unitatea: 130 euro/hil.
b) 3 kideko familia-unitatea: 160 euro/hil.
c) 4 kideko familia-unitatea: 190 euro/hil.
d) 5 kideko edo gehiagoko familia-unitatea: 220 euro/hil.
2.– Txartel edo bonu trukagarriak hiru hilerako kargatuko dira gehienez, aurreko 1. apartatuan ezarritako zenbatekoen arabera. Azken karga-eguna ezingo da izan 2025eko abenduaren 31 baino beranduagokoa; edonola ere, txartel edo bonuetan dagoen zenbatekoa 2026ko urtarrilaren 31ra arte gastatu ahal izango dute familiek.
Seigarrena.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta gastuak.
1.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira atxikitako zentroetan 2025. urtean egiten diren gastuak, oinarrizko programan sartutako «oinarrizko laguntza materialeko» gaiak erosteko eta edonork duintasunez bizitzeko ase behar dituen oinarrizko premietarako ondasunak eskuratzeko.
2.– Hain zuzen, hauek dira oinarrizko programaren bidez «oinarrizko laguntza material» gisa eskura daitezkeen gaiak:
a) Elikagai-produktu guztiak, hauek izan ezik:
1.– Gasa, azukrea edo ordezko produktuak dituzten edari eta freskagarri guztiak.
2.– Edozein motatako edari alkoholdunak.
3.– Produktu dietetikoak.
4.– Opilak eta litxarreriak.
5.– Botilako ura.
6.– Produktu landuak, aurrez egositako lekaleak eta kontserbak izan ezik.
b) Higiene-produktuak. Produktu hauek erosi ahal izango dira:
1.– Xaboia.
2.– Xanpua.
3.– Hortzetako pasta.
4.– Emakumeen higiene menstrualeko produktuak.
5.– Haurrentzako pixoihalak.
Zazpigarrena.– Finantzaketa.
1.– Agindu honen bidez deitzen diren laguntzek Europako Plus Gizarte Funtsaren (EGF+) baterako finantzaketa izango dute; funts hori Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko (EB) 2021/1057 Erregelamenduan ezarria dago, zeinak Europako Plus Gizarte Funtsa (EGF+) ezartzen baitu eta (EB) 1296/2013 Erregelamendua indargabetzen. Hain zuzen ere, funts horren helburua da aukera-berdintasuna, lan-merkatuan sartzeko berdintasuna, bidezko eta kalitate oneko lan-baldintzak eta gizarte-babesa eta -inklusioa bermatzea, arreta berezia jarrita kalitatezko hezkuntza eta prestakuntza inklusiboan, etengabeko ikaskuntzan, adingabeen eta gazteen aldeko inbertsioetan eta oinarrizko zerbitzuetarako irispidean.
2.– 2025ean, 3.916.123 euro bideratuko dira, gehienez, oinarrizko programa finantzatzeko; kopuru hori EAEko 2025eko Aurrekontu Orokorretan jasota dago, eta honela banatzen da:
a) 3.485.645 euro, oinarrizko laguntza materialaren barruan sartzen diren elikagaiek eta gainerako produktuek eragindako gastuak ordaintzeko.
b) 243.996 euro, tasa finkoan, akonpainamendu-neurrien gastuak finantzatzeko, bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko (EB) 2021/1057 Erregelamenduaren 22.1.e) artikuluan akonpainamendu-neurrientzat ezarrita dagoenarekin.
c) 186.482 euro, tasa finkoan, laguntza teknikoko gastuak finantzatzeko, bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko (EB) 2021/1060 Erregelamenduaren 36.5 artikuluko III) apartatuarekin, zeinak lotura baitauka Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko (EB) 2021/1057 Erregelamenduaren 22.2 artikuluarekin.
3.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 23.2 artikuluan adierazitako ondorioetarako, artikulu honen 2. apartatuan jasotako diru-kopuruak % 25 handitu ahal izango dira, baldin eta oinarrizko programaren estatu-kudeaketatik saldoak geratzen badira edo zuzkidura baliabide propioen bidez handitu beharra badago.
Zortzigarrena.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.
1.– Eskabide-orria eskuragarri egongo da EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: http://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1209104/. Orobat, EAEko udalen gizarte-zerbitzuen egoitzetan eta programako entitate laguntzaileen bulegoetan ere eskuratu ahal izango da eskabide-orria. Eskatzaileak aurrez aurre aurkez dezake eskabidea, EAEko Administrazio Orokorreko erregistroetan, entitate laguntzailearen egoitzan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan jasotako beste edozein bulegotan.
2.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (aurrerantzean, EHAA) argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2025eko abenduaren 19ko 23:59an amaituko, ez bada aurrekontu-zuzkidura lehenago agortzen.
3.– Eskabide-orriarekin batera, egiaztagiri hauek aurkeztu behar dira:
a) Eskatzailearen nortasuna egiaztatzeko agiria: NAN, IFZ, AIZ edo pasaportea.
b) Interesdunak legezko ordezkariaren laguntzaz jarduten badu, ordezkaritza egiaztatzeko agiriak aurkeztu beharko ditu, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5.4 artikuluan ezarritakoaren arabera.
c) Errolda-agiria, eskatzailea benetan EAEn bizi dela egiaztatzeko; halakorik ezean, udalaren gizarte-zerbitzuen txosten sozialaren bidez egiazta daiteke eskatzailea EAEko kasuan kasuko udalerrian bizi dela.
d) Interesdunak bere karguko adingabearekin duen ahaidetasuna egiaztatzeko eta adingabearen legezko zaintza duela frogatzeko agiria.
e) Ogasunaren ziurtagiria, eskaeraren aurreko urtean jasotako errentak egiaztatzekoa; eta erantzukizunpeko adierazpena, aipatutako aldi horretan familia-unitateko inork diru-sarrerak bermatzeko errenta edo bizitzeko gutxieneko diru-sarrera jaso ez zuela aitortzekoa.
f) Baimen-agiria, oinarrizko programa kudeatu eta gainbegiratzeko eskumena duten agintarien eskura jartzeko oinarrizko programari aplikatu behar zaion esparru juridikoa betez laguntzen onuradunei buruz eskatuko diren informazioa eta datuak.
4.– Interesdunak ez ditu adierazitako egiaztagiriak aurkeztu beharko, organo kudeatzaileak informazio hori lor badezake eskura dituen elkarreragingarritasun-sistemen bidez eta interesdunak ez badio berariaz kontra egiten organo kudeatzaileak, bitarteko elektronikoen bidez, deialdian parte hartzeko eskatzen diren datuei buruzko informazioa beste organo, administrazio edo informazio-hornitzaile batzuen bidez egiaztatzeari edo lortzeari.
5.– Eskabidea sinatzeak eta erregistratzeak esan nahi du interesdunak edo hura ordezkatzen duen pertsonak berariaz aitortzen duela eskabideko datuak eta agiriak –indarrean dagoen araudiaren arabera oinarrizko programan onuradun izateko betekizunak egiaztatzeko balio dutenak– egiazkoak direla, eta orobat onartzen duela oinarrizko programaren betebeharrak eta baldintzak deialdi honen arabera beteko dituela.
Bederatzigarrena.– Laguntza emateko prozedura.
1.– Aurkezpen-ordenari jarraituz izapidetuko dira eskabideak, espedienteak erabat osatuta geratzen diren unearen arabera.
2.– Prozedura izapidetzeko, automatikoki kontsultatuko dira agindu honen 4. artikuluan aipatutako eskatzaileen datuak, baldin eta administrazio honek eskura baditu edo administrazio publikoren batek eginak badira, salbu eta interesdunak kontsulta egitearen aurka egiten badu. Hala bada -hau da, interesdunak aurka egiten badu-, horren berri eman beharko du, eta dagokion dokumentazioa aurkeztu.
3.– Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saileko Ongizate Sailburuordetzaren titularraren ebazpen arrazoitu baten bidez emango dira laguntzak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.2 artikuluak xedatutakoaren arabera, harik eta deialdirako ezarri den aurrekontu-kreditua agortu arte edo eskabideak aurkezteko epea amaitu arte.
4.– Laguntzei buruz ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izango da, organo kudeatzaileak espediente osatua jasotzen duen egunetik zenbatzen hasita. Ebazteko gehieneko epea igaro eta ebazpen espresurik jakinarazi ez bada, eskaera administrazio-isiltasunez ezetsi dela ulertu beharko da, hala ezarria baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan.
5.– Ebazpenak ez du administrazio-bidea amaituko, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren titularrari, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin bat.
Hamargarrena.– Entitate laguntzaileak.
1.– Laguntzak emateko prozedura hau kudeatzeko eta onuradunei akonpainamendu-neurriak eskaintzeko, Hirugarren Sektore Soziala eta Ekintza Komunitarioa Sustatzeko Zuzendaritzak Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen arabera hautatuko diren entitate laguntzaileen elkarlana izango du.
2.– Entitate laguntzaileek egin behar dituzten jarduerak lankidetza-hitzarmen batean jasota geratuko dira; hain zuzen ere, hautatutako entitateekin oinarrizko programaren laguntzak emateko eta kudeatzeko sinatuko den lankidetza-hitzarmenean. Entitate laguntzaileek egin beharreko jarduerek ez dute inoiz berekin ekarriko Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailari soilik dagozkion ahal publikoak egikaritzea.
3.– Oinarrizko programaren entitate laguntzaileek egiaztatu behar dute ezen laguntzak emateko betekizunak betetzen direla eta eraginkorrak direla.
4.– Oinarrizko programa kudeatzeaz arduratzen diren entitate laguntzaileek behar beste jarduketa egingo dituzte, eskatutako datuak zehazteko, eskuratzeko eta egiaztatzeko.
5.– Egiaztapen-lana egin ondoren detektatzen bada deialdi honetan eskatutako betekizunen bat ez dela betetzen edo konpon daitezkeen akatsak daudela eskabidean, 10 egun balioduneko epea emango zaio interesdunari, akatsa zuzendu edo nahitaezko dokumentazioa aurkez dezan, eta adieraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaeran atzera egindakotzat joko dela, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluarekin bat etorriz, betiere lege horren 21. artikuluan jasotakoari jarraikiz horretarako ebazpena eman ondoren.
6.– Behin eskabidean adierazitako datuak egiaztaturik eta interesdunak laguntza emateko eskatzen diren betekizunak betetzen dituela frogaturik, oinarri hartuta entitate laguntzaileek eta kudeaketako plataforma teknologikoak emandako informazioa, Ongizate Sailburuordetzaren titularrari horren berri emango zaio, laguntza emateko ebazpena egin dezan.
7.– Entitate laguntzaileek akonpainamendu-neurrien programa bat ezarriko dute onuradunentzat, eta, han, gizarte-inklusioa bultzatzeko jarduerak bilduko dituzte, hala nola gizarte-zerbitzuen prestazioei eta haietara iristeko moduei buruz informatzekoak, edo gizarte-zerbitzuen sistemaren mendekoak ez diren baliabideetara bideratzekoak.
8.– Entitate laguntzaileak onuradunaren eta familia-unitatearen egoera eta jasotako akonpainamendu-neurriak berrikusiko ditu, laguntza onartzen denetik aurrera hiru hilean behin, eta, hala badagokio, laguntza doitzea proposatuko du, uneko eta egiazko inguruabar egiaztatuekin bat etor dadin. Horretarako, Hirugarren Sektore Soziala eta Ekintza Komunitarioa Sustatzeko Zuzendaritza jakinaren gainean jarri behar du; zuzendaritza horrek onuradunari eskatuko dio egoki jotzen duena alega dezala hamar eguneko epean. Epe hori igarotakoan, Ongizate Sailburuordetzaren titularrari bidaliko dio informazioa, hark beste ebazpen bat eman dezan, laguntza gerora sortutako inguruabarretara egokitzeko. Une horretatik aurrera ordainduko diren zenbatekoek laguntza aldatzea eragin duten inguruabarretara egokituko dute emandako kopurua.
Hamaikagarrena.– Entitate atxikiak.
1.– Oinarrizko programari atxikitako entitate izan daitezke Espainian ezarrita dauden edo zerbitzuak Espainian ematen dituzten pertsona fisiko edo juridikoak, espainiarrak zein atzerritarrak izan, baldin eta haien ohiko jardun profesionala edo xede soziala bada oinarrizko programan eta agindu honetan ezarritakoaren arabera oinarrizko laguntza materialaren barruan sartzen diren produktuak eta elikagaiak saltzeko eta eskueran jartzeko jarduerak egitea.
2.– Entitate laguntzaileek printzipio hauek errespetatuz hautatuko dituzte oinarrizko programari atxikiko zaizkion entitateak: objektibotasun-, gardentasun- eta publikotasun-printzipioak eta diskriminaziorik ezaren printzipioa. Atxikitzea formalizatzeko, entitate laguntzaileak eta atxikiak akordio bat sinatuko dute. Lurralde-estaldura handiagoa bermatzeko, entitate bat baino gehiago atxiki daiteke.
3.– Entitate atxikien betebeharrak izango dira:
a) Salbuespenik gabe onartzea agindu honek biltzen dituen oinarrizko programaren baldintzak, nork bere gain hartzea aginduan jasota dauden konpromisoak, eta men egitea organo eskudunek laguntzak ongi bideratzen direla egiaztatzeko egin ditzaketen egiaztapen- eta kontrol-jarduketei. Horretarako, jarduketa horiek direla-eta eskatzen zaien informazio eta dokumentazio guztia aurkeztu beharko dute.
b) Establezimenduaren kanpoaldean eta -halakorik bada- zabalkunde telematikorako erabiltzen dituzten kanaletan, ikusteko moduko leku batean, publizitate-materialak jartzea, oinarrizko programari atxikita dagoela iragartzeko. Material horietan, zera agertuko da: Europar Batasunaren enblema eta «Europar Batasunaren baterako finantzaketa» eta «Oinarrizko laguntza materialerako EGF+ programa» testuak.
c) Produktua saltzeko edo entregatzeko unean, onuradunaren datuak egiaztatzea.
d) Entitate laguntzailearekin sinatutako lankidetza-hitzarmenean jasotako beste edozein betebehar; entitate laguntzaileak atxikipen-dokumentuan txertatu beharko ditu betebehar horiek.
Hamabigarrena.– Ordainketa-tresna jakinaraztea eta entregatzea: txartela edo bonua.
1.– Laguntza emateko ebazpena egin ondoren, entitate laguntzaileek laguntza-ebazpena eta txartel edo bonu trukagarria entregatuko dizkiote onuradunari, ebazpena eman eta hamar egun balioduneko epean. Txartel edo bonua entregatzeko, ezinbestekoa izango da egiaztatzea jakinarazpena jaso dela eta lehenengo akonpainamendu-neurria ezarri dela.
2.– Txartel edo bonuak pertsonalak eta besterenezinak izango dira; gainera, jarraipen-aplikazioaren sistemari esker, txartela edo bonua gaizki erabiltzen denean alerta-abisuak jasoko dira, eta txartela blokeatu edo baliogabetu ahal izango da, bai eta iruzurraren eta faltsutzearen aurkako neurriak hartu ere. Salbuespenez, txartela edo bonua beste norbaitek erabiltzea baimendu daiteke, ahal dela, familia-unitateko beste kide batek, baldin eta entitate laguntzailearen aurrean egiaztatzen bada onuradunak zailtasunak edo eragozpenak dituela entitate atxikietara iristeko. Edozein kasutan, jarraipen-tresna informatikoan jasota geratu behar da nor baimendu den, pertsona horrek noiztik eta noiz arte erabiliko duen txartela edo bonua eta denbora-tarte horretan zer erosketa egin dituen.
3.– Txartel edo bonuek Europar Batasunaren enblema eta «Europar Batasunaren baterako finantzaketa» testua izango dituzte serigrafiatuta.
4.– Txartel edo bonuetan zenbateko ezberdinak karga daitezke -betiere agindu honen 5. artikuluan azaldutako eskalari erreparatuz-, hil baterako, bitarako edo hirutarako, entrega-eguna eta entitate laguntzaileak egindako balorazioa kontuan hartuz. Kargatzeko unean dagoen saldo erabilgarria pilatuta geratuko da kargaren ondoren.
5.– Txartel edo bonuak ezingo dira inoiz diruarekin trukatu.
6.– Txartel edo bonuak zuzkitzeko azken eguna 2025eko abenduaren 31 izango da, hargatik eragotzi gabe ordura arte entregatu edo kargatu diren txartel edo bonuak beranduagora arte erabili ahal izatea familia hartzaileek; hain zuzen ere, dagokion saldoa agortu arte edo, bestela, 2026ko urtarrilaren 31ra arte.
7.– Zuzendaritza kudeatzaileak onuradunen zerrenda eta deialdi hau EAEko Dirulaguntzen Erregistro Orokorrera bidaliko ditu, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 15. artikuluan ezarritakoarekin bat.
Hamahirugarrena.– Laguntzak justifikatzea.
1.– Entitate laguntzaileek automatikoki egiaztatuko dituzte laguntza ongi aplikatzearen ebidentzia osatuko duten gastuen frogagiriak.
2.– Nolanahi ere, entitate laguntzaileek edonoiz eska diezaiekete entitate atxikiei eta onuradunei erosketa-frogagiriak bidaltzeko.
3.– EGF+ programan gastuak justifikatzeari begira, gastu hautagarritzat har daitezke 2025eko ekitaldian eta 2026ko urtarrilean exekutatzen direnak, baldin eta haien trazabilitatea ahalbidetzen bada agindu honen baldintzen arabera.
4.– Dagokion entitate laguntzaileak, 2026ko lehenengo hiruhilekoan, Hirugarren Sektore Soziala eta Ekintza Komunitarioa Sustatzeko Zuzendaritzara bidali beharko ditu oinarrizko programan bildutako ondasunak eskuratzeko ordaindu dituen laguntzei eta haien erabilerari buruzko egiaztagiriak.
Hamalaugarrena.– Bateragarritasuna.
Laguntzak hauek ez dira bateragarriak diru-sarrerak bermatzeko errentarekin edo bizitzeko gutxieneko diru-sarrerarekin. Onuradunek beste edozein gizarte-prestazio jaso ahal izango dute, Espainiako zein nazioarteko edozein administrazio edo ente publiko zein pribatutatik. Onuradunek hitzematen dute halako laguntzak eskatu eta, hala badagokio, jaso izanaren berri emango dutela, laguntzak irauten duen aldian.
Jasotako prestazio gehigarriak kontuan hartuko dira familia-errentaren maila zehazteko.
Hamabosgarrena.– Ikuskatzea, ez-betetzeak eta itzulketa.
1.– Hirugarren Sektore Soziala eta Ekintza Komunitarioa Sustatzeko Zuzendaritzak egokitzat jotzen dituen egiaztapen, ikuskapen eta gainerako kontrol-neurri guztiak ezarriko ditu, baliabide publikoak zuzen erabiltzen direla eta oinarrizko programa garatu eta aplikatzen dela ziurtatzeko.
2.– Laguntza behar ez bezala edo iruzur egiteko erabiltzen ari dela funtsatzen duen ez-betetzeren bat edo arauz kontrako jarduketaren bat detektatuz gero, organo kudeatzaileak horren berri emango dio organo emaileari, eta azken horrek txartela edo bonua blokeatu ahal izango du aldi baterako; horrek esan nahi du ezingo dela txartela edo bonua erabili, harik eta erabilera zuzenari edo okerrari eta mugimenduei buruzko alderdiak zuzendu arte.
Txartela edo bonua blokeatzeak ez du inoiz eragingo hura erabiltzeko epea edo laguntza exekutatzeko epea luzatzea.
3.– Onuradunak egindako gastuek ez badituzte betetzen oinarrizko programan ezarritako baldintzak eta mugak, organo ebazleak Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikulutik 43.era bitartean (biak barne) arautzen den itzulketa-prozedura has dezake.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Oinarrizko programaren esparruan sortutako datuak eta informazioa.
EAEko udaletako gizarte-zerbitzuek oinarrizko programako laguntzen emakidari buruzko informazioa eskatu ahal izango dute -agindu honen arabera emandako laguntzen egoera eta zenbatekoa-, hartara babesgabetasun-egoerak baloratzeko dagozkien eskumenak bete eta gizarte-zerbitzuen esparruan eman beharreko laguntzak eman ditzaten. Administrazio honek oinarrizko programa operatibo izaten jarraitzen duen bitartean eskatu ahal izango dute informazio hori.
Agindu honetan jasotako dirulaguntzak kudeatzean eskuratutako datu pertsonalak arau hauen arabera tratatuko dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko (EB) 2016/679 Erregelamendua (datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa; Datuak babesteko Erregelamendu Orokorra) eta Datu Pertsonalak babesteko eta Eskubide Digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa.
Datu-babesari buruzko informazio xehatua lortzeko, helbide honetara jo daiteke:
https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/064800-capa1-eu.shtml
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honetan berariaz aurreikusi ez diren gaietarako, hauek aplikatuko dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren printzipio orokorrak.
Onuradunek Europar Batasuneko erregelamendu hauetan xedatutakoa ere bete beharko dute:
– (EB) 2021/1060 Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2021eko ekainaren 24koa, zeinaren bitartez ezartzen baitira Eskualde Garapeneko Europako Funtsari, Europako Plus Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari, Bidezko Trantsizio Funtsari eta Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Europako Funtsari buruzko xedapen komunak, bai eta funts horietarako finantza-arauak eta Asilo, Migrazio eta Gizarteratzeko Funtserako, Barne Segurtasuneko Funtserako eta Mugak eta Bisen Politika Kudeatzeko Laguntza Finantzariorako Tresnarako finantza-arauak ere.
– (EB) 2021/1057 Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2021eko ekainaren 24koa, Europako Plus Gizarte Funtsa (EGF+) ezartzen duena eta 1296/2013 (EB) Erregelamendua indargabetzen duena.
RSS