Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

128. zk., 2025eko uztailaren 8a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
3041

125/2025 DEKRETUA, ekainaren 17koa, 2025eko urteko Estatistika-Programa onartzen duena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legeak 6. artikuluan ezartzen duenez, Euskal Estatistika Plana da jarduera hori aldi batez antolatzen duen tresna. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistika Erakundeak 2023-2026 aldian egin beharreko estatistika-eragiketak azaroaren 9ko 10/2023 Legearen bidez onartutako egungo Planak jasotzen ditu –10/2023 Legea, azaroaren 9koa, 2023-2026 Euskal Estatistika Planarena, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko Legea hirugarren aldiz aldatzekoa–.

Apirilaren 23ko 4/1986 Legeak 7. artikuluan dioenez, urteko estatistika-programak dira plana garatzeko eta burutzeko tresnak, eta Jaurlaritzaren dekretu baten bidez onartu beharko dira. Programa horiek zerrenda batean biltzen dituzte estatistika-eragiketak eta izaera horretako beste jarduera batzuk, eta horietako bakoitzerako jasotzen dituzte, banakako fitxetan jaso ere, aipatutako legearen 7. artikuluaren 4. paragrafoan zehazten diren ezaugarriak.

Era berean, 4/1986 Legearen 7. artikuluaren 3. paragrafoak Plana garatu eta gauzatzeko Jaurlaritzaren dekretu bidez onartzen diren urteko estatistika-programen izaera arauemailea ezartzen du. Paragrafo hori aldatu egin da, azaroaren 9ko 10/2023 Legearen azken xedapenetako lehenengoaren zortzigarren puntuaren bidez.

4/1986 Legearen 7.1 artikuluak Planean aurreikusten ez diren eragiketak urteko estatistika-programetan sartzeko aukera ematen dio Gobernuari. Horrela, hasiera batean 2023-2026 Euskal Estatistika Planean jaso ez ziren bi estatistika-eragiketa arautu dira: batetik, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak proposatutako 999108 eragiketa (Saileko atari estatistikoa. Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila), eta, bestetik, Eustat-Euskal Estatistika Erakundeak proposatutako 010909 eragiketa (Etxebizitza bat jabetzan eskuratzeko familiek egiten duten finantza-ahaleginaren estatistika).

Bestalde, sektore publikoko informazioa datu-iturri aparta da, eta merkatu bakarra hobetzen eta kontsumitzaileentzako eta pertsona juridikoentzako aplikazio berriak garatzen lagun dezake. Datuen erabilera adimendunak, adimen artifizialeko aplikazioen bidezko tratamendua barnean dela, eragin eraldatzailea izan dezake ekonomiaren sektore guztietan.

Datu irekiei eta sektore publikoaren informazioa berrerabiltzeari buruzko 2019/1024 (EB) Zuzentarauak adierazten du balio handiko datu-multzoen zerrenda bat edukitzeak onura sozioekonomiko handiak sortzen dituela. Balio handiko datu-multzoen zerrenda ezartzearen helburu nagusia da potentzial handieneko datu publikoak berrerabiltzeko eskuragarri jartzea.

Batzordearen 2023/138 Betearazpen Erregelamenduak, 2022ko abenduaren 21ekoak, balio handiko datu espezifikoen multzoen zerrenda bat ezartzen du, eranskinean agertzen diren kategoria tematikoen barruan sartzen direnak. Horien artean daude, besteak beste, 4. apartatuko datu estatistikoak. Dekretu honen 3.4 artikuluan zehazten dira Euskal Autonomia Erkidegoan eskuragarri egon beharko duten balio estatistiko handiko datuak.

Apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 7. artikuluan agindutakoa betez, 2025eko urteko estatistika-programaren proiektua Eustat-Euskal Estatistika Erakundeak egin du. Proiektuaren edukia Euskal Estatistika Kontseiluak aztertu du, eta Euskal Estatistika Batzordeak eman du apirilaren 23ko 4/1986ko Legearen 34.b) artikuluak aipatzen duen nahitaezko txostena.

Ondorioz, bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2025eko ekainaren 17an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– 2025eko Urteko Estatistika Programa onartzea.

Bat etorrita Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 7. artikuluak xedatu duenarekin, 2025eko Urteko Estatistika Programa onartzen da, zeina dekretu honen eranskin gisa doan eragiketa-multzoak osatzen baitu.

2. artikulua.– Nahitaez erantzun beharra.

Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 10.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, Dekretu honen IV. eranskineko estatistika-eragiketa bakoitzaren banakako fitxan informatzaile gisa agertzen direnek nahitaez bete behar dituzte 2025eko Urteko Estatistika Programan sartutako estatistikak.

3. artikulua.– Estatistika ofizialen emaitzak argitaratzea eta zabaltzea.

1.– 2025eko Urteko Estatistika Programan sartutako estatistiken emaitzak Eustat-Euskal Estatistika Erakundearen web zerbitzarian argitaratu eta zabalduko dira, gutxienez. Gainera, sail bakoitzaren eskumeneko estatistiken emaitzak sailetako atarietan argitaratu eta zabalduko dira, edukia Eustat-Euskal Estatistika Erakundeari jakinarazi ondoren.

2.– Estatistika-eragiketa bakoitzaren erakunde arduradunak bere funtsezko emaitzak bidaliko dizkio Eustat-Euskal Estatistika Erakundeari, argitaratzen diren egunean.

3.– Eustat-Euskal Estatistika Erakundeak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko du emaitza horiek badaudela adierazten duen iragarkia.

4.– 4/1986 Legearen hirugarren xedapen gehigarriak aipatzen dituen balio handiko datu estatistikoak, zeina 10/2023 Legearen azken xedapenetako lehenengoaren hogeita bigarren puntuak aldatu baitzuen –10/2023 Legea, azaroaren 9koa, 2023-2026 Euskal Estatistika Planarena, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko Legea hirugarren aldiz aldatzekoa–, 2022ko abenduaren 21eko Batzordearen 2023/138 (EB) Betearazpen Erregelamenduaren 4. eranskinean (Estatistikak) zehazten dira, eta datu horiek, baldin eta aldagaiak egokiak badira Euskal Autonomia Erkidegorako, Eustat-Euskal Estatistika Erakundeak zabalduko ditu bere datu estatistikoen bankuan, aplikazioen programazio-interfazeen bitartez, eta, hala badagokio, deskarga masiboaren bidez. Batzordearen Erregelamendu horren bitartez, balio handiko datu espezifikoen multzoen zerrenda eta horiek argitaratzeko eta berrerabiltzeko modalitateak ezartzen dira. Zehaztu beharreko lurralde-desagregazioa izango da Euskal Autonomia Erkidegokoa, lurralde historikoetakoa, eta, hala badagokio, lurralde historikotik beherako eremuetakoa.

Sailetako estatistika-organo espezifikoak lankidetzan arituko dira Eustat-Euskal Estatistika Erakundearekin, balio handiko datu estatistikoen zerrenda hori egiteko.

4. artikulua.– Eustat-Euskal Estatistika Erakundeari informazioa ematea.

Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetako organismoek estatistikarako informaziorik emanez gero Estatuko Administrazio Orokorreko organismoei eta sektore publiko instituzionalari, emandako informazioaren kopia bidaliko diote Eustat-Euskal Estatistika Erakundeari.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Indarraldia.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera jarriko da indarrean, eta 2025eko abenduaren 31ra arte izango du indarra.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarraldia luzatzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 7. artikuluko 2. paragrafoan ezarritakoarekin bat etorrita, programa honen indarraldia amaitzen denerako onartu gabe badago urteko estatistika-programa berria, luzatutzat joko da, besterik gabe, programa berria indarrean jarri arte, salbu eta ezarritako epeak edo aldiak direla-eta kanpoan utzi beharreko estatistika-jarduketak.

Vitoria-Gasteizen, 2025eko ekainaren 17an.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua,

MIGUEL TORRES LORENZO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala