Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

127. zk., 2025eko uztailaren 7a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
3027

AGINDUA, 2025eko uztailaren 1ekoa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2025-2028 epealdian euskarazko proiektu komunikatiboak sendotu, garatu eta normalizatzeko dirulaguntzak emateko araubidea ezarri eta deialdia egiteko dena (Hedabideak deialdia).

Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituen. Dekretu horren 6. artikuluak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari, besteak beste, hizkuntza politika eta euskararen sustapenaren inguruko egitekoak izendatu zizkion.

Bestalde, azaroaren 26ko 389/2024 Dekretuak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenak, honako zeregin hau ezarri zion Hizkuntza Politikako Sailburuordetzari bere 13. artikuluan: (EHAA, abenduaren 3koa, 235. zk) azaroaren 24ko 10/1982 Legea (Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoa) eta gainerako xedapen osagarriak egoki garatzen eta aplikatzen direla zaintzea, hargatik eragotzi gabe Administrazioko beste organo batzuek horretarako espezifikoki dituzten egitekoak. Esleitutako jardun-eremuan, euskararen erabilera normalizatzeko xedez, arreta berezia jarriko du botere publikoek xedapen orokorrak bete ditzaten, baita Eusko Jaurlaritzaren jarraibideak eta Euskararen Aholku Batzordearen gomendioak ere, eta betetze-maila ebaluatuko du.

Horretaz gain, Gobernu Kontseiluak 2024ko urtarrilaren 30ean datozen hamar urteetarako plana onartu zuen, Aroa, euskara indarberritzeko eta euskaldunok ahalduntzeko marko estrategikoa. Erronken artean, Euskararen normalizazioa agenda politikoaren erdigunera eramatea jasotzen da. Horren baitako lan-ildo bat, koordinazioa eta osagarritasuna eremu instituzionalean zein sozialean sustatzea da (G.1.2.) eta ekimen hau dagokio, euskararen normalizazioan ari diren pertsonak, elkarteak, erakundeak, hedabideak, enpresak... saretzea (G.1.2.4.). Era berean, Euskara eguneroko bizitzan eroso erabiltzeko berariazko estrategiak garatzeko erronkaren baitan, Euskararen babesguneak indartu eta berriak sortzea (EE.1.1.) lan-ildo gisa jasotzen da, besteak beste, euskarazko hedabideak bultzatuz (EE.1.1.7.).

Era berean, Eusko Jaurlaritzarentzat estrategikoa da ingurune digitaletan euskara eta euskal kultura zaindu eta sustatzea. Eta horrela dago jasota XIII. Legegintzaldiko Gobernu Programako lehenengo ardatzean (Pertsonak erdigunean):

45. konpromisoa. Euskara suspertze bidean dauden eremuetara eta eremu berrietara zabaltzeko konpromisoa.

1. ekimena. Euskara hizkuntza teknologietan integratzen jarraitzea, ahotsa ezagutzeko sistemak, elkarrizketa automatikoko sistemak edo zuzentzaile ortografikoak, gramatikalak bezalako tresnak garatuz.

Hori betetzeko eta corpus jasoa sortzeko, lankidetza hau ezinbestekoa da, datuak behar baitira euskara tresna digital ezberdinetan erabilgarri izateko. Euskarazko corpusak sortzea estrategikoa da hizkuntzaren teknologiek ere euskaraz erantzun dezaten, bizi dugun gizarte digital honetan, eskaintzen diren zerbitzuek, behar bezain besteko kalitatea eduki dezaten. Alde horretatik, Eusko Jaurlaritza, euskararen hizkuntza-corpusa sortzea aktiboki bultzatzen ari dena kontuan hartuta, dirulaguntza deialdi honen bidez azpimarratu nahi da erakunde onuradun guztiek sortzen duten datu emanak corpus hori sortzeko duen eragin biderkatzailea.

Euskarazko hedabideak sustatzearen helburua, besteak beste, kalitatezko euskara esparru guztietan erabilgarri izatea da. Azken batean, hizkuntza batek iraun dezan tresna baliagarria baitira, XXI. mendean.

Beraz, EAEko teknologia- eta industria-eremuan hizkuntza-teknologiak garatzeko eta euskara sustatzen jarraitzeko, sormen datu horien bidez lortuko dugu Corpus nahikoa eta kalitatezkoa. Horiek guztiak osatzea ezinbestekoa izanik, erakunde onuradunek berrerabilpen-lizentzia zabalenaren alde jokatzea lehenetsiko da. Eskuragarri egongo diren datuak euskararen corpus linguistikoa sortzeko prozesatzeko baino ez dira erabiliko, industrian eta gizartean euskarazko adimen artifiziala ezartzea ahalbidetuko duten ereduak sortzeko oinarri gisa ulertuta.

Era berean, 2019ko urtarrilaren 22ko Gobernu Kontseiluak erabakia hartu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren (Eusko Jaurlaritzaren), Bizkaiko Foru Aldundiaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Arabako Foru Aldundiaren arteko hitzarmena izenpetzeko baimena ematea. Hitzarmenaren helburua euskarazko hedabideen finantzaketa marko berria adostea da. Hitzarmenak jasotzen du erakunde bakoitzaren lan-esparrua eta betebeharrak zein diren. 2019ko maiatzaren 8an sinatu zen lehendabizi hitzarmena. Sei urteotan garatutako lankidetzan oinarriturik, euskara hutsezko hedabideak diruz laguntzeko irizpideak bateratu dira, hedabideak kudeatzen dituzten enpresa-egiturak indartu dira eta banatu diren dirulaguntzen estaldura maila orekatu da, besteak beste. Horiek horrela, Kultura eta Hizkuntza Politikarako Sailak foru aldundiekin erabaki du lankidetza hitzarmenari jarraipena ematea, eta beste hiru urteko epealdirako onartzea. Gobernu Kontseiluak 2021eko azaroaren 16an egindako bilkuran hitzarmena berriro sinatzeko baimena eman zion Hizkuntza Politikarako sailburuordeari. Gaur egun, 2025ean indarrean sartuko den hitzarmen berria erakundeen artean izenpetzeko tramitazioa gauzatzen ari da.

Halaber, 2025eko otsailaren 27an, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 2025-2028 epealdiko Dirulaguntza Plan Estrategikoa onartu du. Izaera programatikoa duen Plan Estrategiko hau sailaren politika antolatzeko tresna da, dirulaguntzen bidez, gizartearen intereserako den jarduera bat sustatzea jomuga duten jardun-arloetan. Egun horretan bertan, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agindua eman zuen, sailaren 2025-2028 epealdiko Dirulaguntza Plan Estrategikoa onartzen duena, batetik, eta 2025eko dirulaguntzen urteko plana onartzen duena, bestetik. Agindu horretan, besteak beste, deialdi hau jaso da.

Jarriak dauzkan zereginak betetze aldera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak urtero-urtero deitu eta ebatzi izan ditu arloz arloko laguntza-deialdiak. Oraingo Agindu honen bitartez, euskarazko proiektu komunikatiboak sendotu, garatu eta normalizatzeko, 2025-2028 epealdiko jarduera diruz laguntzeko deialdia egitea erabaki du. Ondorioz, hauxe

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da euskarazko proiektu komunikatiboak sendotu, garatu eta normalizatzea. Horretarako dirulaguntzak emateko modua arautu eta deia egiten da (Hedabideak deialdia).

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Dirulaguntza hauetara bideratutako zenbateko osoa 13.852.000,00 eurokoa da.

Begiz jotako xedeari aurre egiteko, 13.852.000,00 euroko gastua honela banatuko da: 3.463.000,00 euro 2025. urtean; 3.463.000,00 euro 2026. urtean; 3.463.000,00 euro 2027. urtean eta 3.463.000,00 euro 2028. urtean. Diru hori Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan jarritako aurrekontu-ataletik hartuko da.

3. artikulua.– Epe-barrutia.

Deialdiaren epe-barrutia kontuan izanik, epealdi horretan guztian zehar, hau da, 2025eko urtarrilaren 1etik 2028ko abenduaren 31ra bitartean, laguntza mota honetara aurkezten den proiektu komunikatiboak kalean egon behar du, ohiko maiztasunarekin edo jardunarekin.

4. artikulua.– Onuradun izateko betekizunak.

1.– Deialdiaren xede diren laguntzak jaso ahal izango dituzte Europar Batasuneko, Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioa sinatu duen edozein estatutako naziotasuna edo helbide soziala duen pertsona fisiko edo juridiko pribatu guztiak, baldin eta gaitasun juridiko osoa eta jarduteko gaitasun osoa badute. Diruz lagundutako entitateek lagungarriak diren jarduerak burutu beharko dituzte, eta Euskal Autonomia Erkidegoko kontsumitzaileei zuzenduta egon beharko dute laguntza jasotzen duten egitasmoek.

2.– Pertsona fisikoen taldeak, ondasunen komunitateak edo beste mota bateko unitate ekonomiko edo ondarezko bereziak, nortasun juridikorik izan ez arren dirulaguntza horiek jasotzeko moduko egoeran daudenak. Pertsona fisiko edo juridiko pribatu batek baino gehiagok elkarlanean gauzatzekoa den egitasmoaren kasuan, eskabidea pertsona fisiko edo juridiko pribatu horietako batek egingo du guztien izenean. Nolanahi ere, eskabidea egiterakoan argi eta garbi zehaztu beharko dira pertsona fisiko edo juridiko pribatu horietako bakoitzaren nortasuna, ardura eta egitekoa egitasmoaren baitan, baita horietako bakoitzak aurrekontu atalean egiten duen ekarpena ere. Horrela osatutako taldea ezingo da desegin harik eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren (EONALTBaren) 44. artikuluan jasotako preskripzio-epea igaro arte.

3.– Proiektu komunikatiboa aurkeztuko duen entitateak, bere izaera juridikoa edozein delarik ere, bere zeregina edukiak euskaraz sortu eta hedatzea dela edo euskararen normalizazioaren aldeko ekimena dela edo euskarazko hedabidea dela bereziki jasota izan beharko du estatutuetan, sortze agirian edo bestelako dokumentu ofizialen batean.

4.– Hala ere, ezin izango dira onuradun izan honako hauek:

a) Kapital gehiena publikoa eta gainera fundazio-ondarea edota gobernu- edo zuzendaritza-partaidetza nagusiki publikoa duten entitateak.

b) Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Euskararen Erakunde Publikoa/Office Public de la Langue Basquek hizkuntza normalkuntzarako sinatutako hitzarmen markoaren baitan 2025 eta 2028 bitarteko epealdiko dirulaguntzen deialdian onuradun direnak.

c) Eusko Jaurlaritzak eta EAEko hiru foru aldundiek sinatutako hitzarmen markoaren baitan eskumenekoak diren proiektu komunikatiboen titularrak diren entitateak (2025-2028 epealdikoa).

d) Europar Batasunak dirulaguntza bat ilegal eta merkatu komunarekin bateraezin gisa deklaratu duen aurretiazko erabaki baten ondoren, berreskuratze-agindu baten zain dauden enpresak edo entitateak.

e) Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen edo hala ezartzen duen beste lege batzuen arabera, dirulaguntzak eskuratzeko aukera galtzeko zehapena jaso dutenak, ebazpen irmo baten bidez.

f) Sexu arrazoiengatik diskriminaziorik egitearren zigortuak direnak, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako Legearen testu bateginak xedatutakoaren arabera.

g) Hartzekodunen konkurtso boluntario deklaratzeko eskaria egin dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jota daudenak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak, epailearen esku-hartzearen mende daudenak, edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituta daudenak.

h) Estatu-araudiaren arabera berdintasun-plana indarrean izan behar duten arren, halakorik ez dutenak.

i) Sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak, Estatuko legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan ezarritako baldintzetan.

j) Ekonomia zirkularra bultzatzeko hondakinen eta lurzoru kutsatuen apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, arau-hauste astun edo oso astun batengatik zehatuta daudenak, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.

k) Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota betetzen ez dutenak, ez eta hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu ez dutenak ere.

l) Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu erkidearekin bateraezina dela erabaki ondoren, laguntzak berreskuratzeko agindu baten mende daudenak.

m) Oro har, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan jasotako beste egoeraren batean dauden pertsonak edo erakundeak.

5.– Dirulaguntza hau ebazteko eta dagozkion ordainketak egin ahal izateko, dirulaguntzarik esleituz gero, eskatzaileak Ogasun eta Finantza Saileko Hirugarrenen Erregistroan alta emanda eduki beharko du.

5. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen egitasmoak.

1.– Euskara hutsezko proiektu komunikatiboak diruz lagunduko dira. Entitateak eskabide bakar batean proiektu komunikatiboa osatzen duten hedabideen gaineko eskaera egingo du. IFZ bereko bi proiektu komunikatibo ezberdin ez dira diruz lagunduko. Erakunde batek bi eskabide aurkeztuko balitu, lehendik erregistratuta zegoena atzera egiten duela ulertuko da, hari buruzko prozedurari amaiera emanez.

2.– EAE mailako proiektu komunikatiboak lagunduko dira, euskarria edozein delarik.

6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen egitasmoen baldintzak.

1.– Aurkezten diren egitasmoek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Deialdiaren epe-barrutia kontuan izanik, 2025eko urtarrilaren 1etik 2028ko abenduaren 31ra bitartean, laguntza mota honetara aurkezten den proiektu komunikatiboak epealdi horretan kalean izan behar du, ohiko maiztasunarekin edo jardunarekin.

b) Ekoizpen propioa izan beharko dute. Hau da, entitatearen erredakzio taldeak sorturiko edukia, sinadura duena. Hedabideak originala izan behar du eta euskara hutsean ekoitzia. Hots, laguntzagai den beste hedabide edo aldizkako argitalpen baten aldaerarik ez da onartuko.

c) 2025-2028 epealdirako Negozio Plana eginda eduki beharko dute.

d) Gutxienez erredakzio taldeetan kazetaritza lanean ariko den pertsona batek egon behar du (ez du zertan kazetaria izan behar). Kontratu motaren bidez bermatu beharko da hori.

e) Tokiko irratien eta telebisten kasuan, zerbitzua Euskal Autonomia Erkidegoan eman ahal izateko beharrezkoak diren lizentzien jabe izango dira.

f) Jabetza intelektualari buruzko araudia betetzea.

g) Idatzizkoen kasuan, legezko gordailuaren edota ISSN delako zenbakiaren jabe izatea. Besterik ezean, zenbakion eskabidea tramitatuta edukitzea.

h) Banaketa-sistema gardena eta agerikoa izatea.

i) Salneurriaren berri ematea, eta harpidetza-sistemaren bat erabiltzen denean argi adieraztea ale bakoitzean. Dohainik zabaltzen diren hedabideen kasuan ez da aurreko hori bete beharrik izango.

j) Proiektu komunikatibo orok gutxieneko finantzaketa-maila propioa izan behar du, ezinbestean. Ondorioz, finantzaketa-maila horretara iristen ez den proiektu komunikatiboa kanpo utziko da.

k) Defizitarioak diren proiektu komunikatiboei bakarrik eman ahal izango zaie dirulaguntza. Hots, aurreikusitako gastuak, eskatzaileak ezinbestean jarri beharreko finantzaketa propioarekin zein bestelako dirulaguntza publikoekin berdindu ezin dituzten proiektu komunikatiboei.

Agindu honen babeseko laguntza-deialdira eskaerak aurkezteko azken egunean urtebeteko bizitza baino laburragoa duten proiektu komunikatiboen kasuan, gutxienez ere, gastu-aurrekontuaren % 20 izango da.

Lehenagotik ari diren proiektu komunikatiboen kasuan, gutxienez ere, gastu-aurrekontuaren % 25 izango da.

2.– Proiektu komunikatiboaren ekoizpenari dagokionez:

a) Bere jardun nagusia paperean baldin bada, urtean lau ale gutxienez argitaratu behar ditu eta euskarri digitalean asteko bost eduki desberdin gutxienez. Jarraian eta etengabe izen berberarekin argitaratu beharko da eta aleek zenbakikuntza jakin bati jarraituko diote eta data jarrita edukiko dute.

b) Bere jardun nagusia entzunezkoa bada, emititzeko lizentzia eduki behar du eta zuzeneko emisioa egiteaz gain, astean gutxienez bost eduki berri sortu behar ditu Interneten. Urte osoan zehar emititu behar dituzte irrati-programak. Emisio-orduen zenbaketa egiteko orduan ez da norberak aurretiaz emititutako programen birjartzeari dagokion ordu-kopurua kontuan hartuko, ezta musika hutsezko programei dagokiena ere. Era berean, ez dira inoren programa edo informazio-tartearen aldi bereko zein diferitutako emanaldiei dagozkien orduak kontuan hartuko.

c) Bere jardun nagusia ikus-entzunezkoa bada, emititzeko lizentzia eduki behar du eta zuzeneko emisioa egiteaz gain, astean gutxienez bost eduki berri sortu behar ditu Interneten. Urte osoan zehar emititu behar dituzte euskarazko telebista-programak. Emisio-orduen zenbaketa egiteko orduan ez da norberak aurretiaz emititutako programen birjartzeari dagokion ordu-kopurua kontuan hartuko, ezta musika hutsezko programei dagokiena ere. Era berean, ez dira inoren programa edo informazio-tartearen aldi bereko zein diferitutako emanaldiei dagozkien orduak kontuan hartuko.

d) Bere jardun nagusia digitala bada, astero bost eduki berri plazaratu behar ditu gutxienez komunikabidearen webgunean edo sare sozialetan. Neurgailua eduki behar dute bisita eta bisitariak neurtzeko. Entitate eskatzaileak Euskara Sustatzeko Zuzendaritzari emango dio neurgailurako sarbidea. Edukiek argitalpen data eduki behar dute.

e) Aldizkari espezializatua bada urtean 3 ale gutxienez plazaratuko ditu eta edukiak digitalki ere hedatuko ditu gaiari dagokion biderik eraginkorrenean. Negozio planean zehaztuko du digitalki hedatzeko modua zein den.

f) Publizitatearen edukia ez da izango argitalpenaren erdia baino gehiago eta erabilitako hizkuntza euskara izango da. Elebitako iragarkiak (orekatuak) ere onartuko dira. Baldintza hau deialdia argitaratu eta handik aurrera betetzea eskatuko da.

g) Hizkera ez sexista erabili behar da eta pertsonek kazetaritza eta giza subjektu gisa duten duintasuna errespetatzeko moduan tratatu behar dituzte edukiak.

3.– Nolanahi ere, ezaugarri hauetakoren bat duten proiektu komunikatiboak ez dira diruz lagunduko:

a) Honako argitalpen hauek: lanak, gaurkotasuna duten artikuluak edo kazetaritzakoak ez diren idazketak berriz eman edo egokitzen dituztenak, baldin eta beste hedabide batzuetan argitaratu badira lehenbizi eta deialdi berean badaude.

b) Honako argitalpen hauek: erakunde publikoek egindakoak edo, gobernuak edo erakunde publikoek aginduta, erakunde pribatuek argitaratutakoak.

c) Argitalpenen gehigarriak: txertatuta edo beste bat erostearen baldintzapean soilik merkaturatzen diren argitalpenak.

d) Hedabide digital hutsei dagokienez:

– ISP (Internet Service Provider) izenez ezagutzen direnek jarduera garatzean argitaratzen dituzten proiektu komunikatibo digitalak.

– Publizitaterako atari eta argitalpen digitalak, lineako gida komertzialak eta, oro har, batik bat publizitate helburu edo edukiak dituzten argitalpen digital guztiak.

– Pertsona fisikoek egunkari pertsonal elektronikoen formatuan argitaratutako bitarteko digitalak, hau da, blog digitalak (blog, openblog, audioblog eta beste batzuk).

– Batik bat, aurretik edo aldi berean paperean edo beste bitarteko digital batzuetan argitaratutako edo irratiz edo telebistaz emandako jatorrizko edukiak erreproduzitzen dituzten bitarteko digitalak baldin eta eduki horiek hedabidearen eduki osoaren % 50 baino gehiago badira.

e) Euskadiko Administrazio publikoa osatzen duten entitateen proiektu komunikatiboak.

f) Alderdi politikoen, hauteskundeetarako koalizioen eta sindikatuen proiektu komunikatiboak.

g) Elkarteek, fundazioek zein antzeko erakundeek beren bazkideentzat soil-soilik eginiko proiektu komunikatiboak.

h) Glotodidaktika- eta psikopedagogia-aldizkariak; orobat bere edukiak hezkuntza arlora zuzenduak dituzten aldizkariak.

i) Eskola-aldizkari, -irrati eta -telebistak.

j) Kultur berripaperak, ikuskizun-gidak, denbora pasakoak eta antzekoak.

k) Mota guztietako argitalpen konfidentzialak, harpidetza bitartez nahiz kioskoan saldutakoak edo formatu elektronikoan zabaldutakoak.

7. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Agindu honetan jasotako araudiaren babesean diruz lagunduko dira ezbairik gabe jarduera garatzearekin lotura zuzena duten gastuak. Beraz, laguntza-deialdiak honako gastu hauek baino ez ditu gogoan hartuko: sorkuntza-, funtzionamendu-, sustapen-, inprenta- eta zabalkunde-lanei zuzen-zuzenean egotzitako gastuak.

2.– Nolanahi ere, kanpoan utziko dira honako hauek:

a) Patrimonializa daitekeen ibilgetu materialean egindako inbertsioak, salbu eta 20/2023 Euskadiko dirulaguntzen legearen 30.6 puntuan adierazitako a-b-c baldintzak betetzen diren amortizazio gastuak.

b) Sareko hedabideen kasuan, aldaketa edota hobekuntza teknologikoak, hau da, aplikazio berriak egitea edo lehendik daudenak egokitzea.

c) Gastu finantzarioak.

d) Balio Erantsiaren gaineko Zergari (BEZ) dagokion gastua ez da kontuan hartuko. Hala ere, BEZa berreskuratu ezin duten erakunde onuradunen kasuan, gastutzat hartuko da, eta erakundeok dagokien foru aldundiko ogasun-sailaren ziurtagiri bidez egiaztatu beharko dute hori.

e) Artikulu honen arabera ez laguntzeko moduko gastutzat jotzen diren horiek (neurriz kanpokoak direlako edo zuzenean zerikusia ez dutelako) agertzen badira, eskatzaileak aurkezten duen aurrekontuan, zuzendaritza kudeatzaileak ezabatu edo araztu egingo ditu, dirulaguntza kalkulatzeko beharrezkoa den oinarrizko gastu-aurrekontua zehaztu ahal izateko.

3.– Agindu honen 6.1. atalean aipaturiko finantzaketa propioa honako diru-sarrera hauez osatuta egongo da:

a) Eskatzailearen diru-ekarpenak.

b) Zerbitzuen salmentatik eskuratutakoak.

c) Produktuen salmentatik eskuratutakoak.

d) Publizitatetik eskuratutakoak.

e) Entitate pribatuetatik jasotakoak.

8. artikulua.– Diruz lagundutako jarduerak azpikontratatzea

1.– Oinarri hauen ondorioetarako, ulertuko da onuradun batek azpikontratazioa egiten duela diruz lagundutako xedea den jarduera osorik nahiz zati batean hirugarren batekin burutzea hitzartzen duenean. Atal horrez kanpo gelditzen dira diruz lagundutako jarduera bere kabuz egiteko onuradunak nahitaez kontratatu behar izango dituen gastuak.

2.– Onuradunak ezin du diruz lagundutako jardueraren % 50 baino gehiago azpikontratatu. Ezin dira inola ere azpikontratatu diruz lagundutako jardueraren kostua handiagotu eta, aldi berean, haren edukiari balio erantsirik gehitzen ez dioten ekintzak.

3.– Halaber, onuradunak ezin izango du diruz lagundutako jarduerak ondorengo hauekin azpikontratatu:

a) Dirulaguntzen onuradun izatea galarazten duten egoeretako batean dauden pertsona edo erakundeak, 4.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

b) Kontratatu nahi den jarduera horretarako beste dirulaguntzak jaso dituzten pertsonak edo erakundeak.

9. artikulua.– Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Dirulaguntza bateragarria da edozein erakunde publikok zein pribatuk xede berberaz eman ditzaketenekin, betiere, gainfinantzaketarik ez bada. Salbuespen dira Agindu honen 4.4.b) eta 4.4.c) ataletan aipatzen direnak.

Agindu honen epe-barrutia amaitu eta 23. artikuluan finkatutako justifikazioari ekin eta gero gainfinantzaketarik gertatu dela ikusten bada, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, betiere 22. artikuluan zehaztutako bideari jarraituz. Murrizketa hori gainfinantzaketa adinakoa izango da.

10. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

1.– Eskabideak honako epe honetan aurkeztu ahal izango dira: Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hilabeteko epean.

2.– Pertsona fisikoen kasuan, izapidetze presentziala aukeratuz gero, eskabideak honako leku hauetan aurkez daitezke:

– Eusko Jaurlaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

– Eskabideak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan, EAEko erregistro laguntzaileetan (Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan jasotakoak) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.

– Postaz egin nahi izanez gero, honako helbide honetara bidali beharko dira eskabide-orria eta agiriak: Eusko Jaurlaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Euskara Sustatzeko Zuzendaritza, Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz. Bide horri ekitekotan, eskabide-orria kartazal irekian aurkeztu beharko da posta-bulegoan, posta-langileak, ziurtapena egin baino lehen, data eta zigilua jar ditzan eskabide-orrian bertan.

3.– Pertsona juridikoek eskabideak bide elektronikoa erabiliz aurkeztu beharko dituzte. Era berean, bide horri jarraituko diote prozeduraren gainerako pausoetan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Eskabidearen ondorengo izapideak, bide elektronikoz, jakinarazpenak eta justifikazioak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio-bideak eta sinadura elektronikoa eskuragarri daude helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

https://www.euskadi.eus/micarpeta

4.– Nortasun juridikorik gabeko pertsonek, 4.2 artikuluan aipatzen direnek, eskabideak bide elektronikotik egin beharko dituzte 39/2015 Legearen 14.2 artikuluak esaten duena kontuan hartuz.

5.– Eskabideak, ardurapeko adierazpenak, zuriketak eta ereduen gaineko zehaztapenak nola izapidetu, izapidetze presentzialaren zein elektronikoaren bidez, euskadi.eus gune elektroniko honetan dago eskuragarri:

6.– Izapidetze elektronikoaren kasuan, ondorengo tramiteak honako gunearen bitartez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/

7.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntzan, euskaraz edo gaztelaniaz, aurkez ditzakete eskabideak eta haiei lotutako dokumentazioa. Halaber, dirulaguntza eskaeraren ondoriozko jardunetan eta prozedura osoan, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Arauzkotzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

11. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Laguntza-deialdi honetan parte hartu nahi duten pertsona fisikoek, pertsona fisikoen taldeek edo pertsona juridikoek, eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dituzte:

1.– Eskatzaileari dagokion dokumentazioa.

1.1.– Pertsona juridiko pribatuak:

Kasu guztietan entitatea legez eratuta dagoela ziurtatu behar da. Era berean, legezko ordezkariaren nortasuna eta azken honek ordezkapena egiteko legezko ahalmena duela adierazteaz gain, eskatzailearen jarduera arautzen duten arau hauek ere egiaztatuko dira:

– Entitatearen legezko eraketa: sorrerako eskritura edo agiria, estatutuak edo sorrerako egintzaren berri ematen duen agiria.

– Ordezkariaren nortasuna (NANaren edo pasaportearen fotokopia).

– Ordezkariaren legezko ahalmena (ordezkaria nor den adierazten duen ziurtagiria).

– Eskatzailearen IFZ.

Eskatzailea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Erregistroetan dagoen fundazioa, elkartea edo kooperatiba bada, ez ditu aurkeztu beharko entitatearen legezko eraketa egiaztatzeko eskatutako dokumentuak. Kasu horretan, nahikoa izango du hori adieraztea, eta Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak ofizioz konprobatuko du entitatea delako erregistro horretan dagoela.

1.2.– Pertsona fisikoak:

– Nortasunaren egiaztapena (NANaren edo pasaportearen fotokopia).

– Autonomoen Erregimenean alta emanda egon behar du. Hori egiaztatzea dirulaguntzaren organo-kudeatzaileari dagokio.

– Dagokion jarduera ekonomikoaren epigrafean alta emanda izatea.

1.3.– Nortasun juridikorik gabeko pertsonak:

– Ordezkariaren nortasuna (NANaren edo pasaportearen fotokopia).

– Ordezkariaren legezko ahalmena (ordezkaria nor den adierazten duen ziurtagiria, akordioa, akta...).

2.– Eskatzaile guztiek egiaztatzeko baldintzak eta modua:

2.1.– Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko du, elkarreragingarritasun-zerbitzuen bidez, eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela dirulaguntzaren esleipen-proposamena egin aurretik. Era berean, eskatzailearen helbide fiskala Nafarroan baldin badago, kontuan izanik elkarreragingarritasun zerbitzuek ez dutela horrelako zerbitzurik ematen, interesdunak zerga-betebeharrak beteta dauzkala adierazten duen ziurtagiri eguneratua aurkeztu beharko du. Gehienez ere, 6 hilabete lehenago egindakoak izango dira.

2.2.– Interesdunak honako betekizun hauek betetzen dituela adieraziko du, eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpen bidez:

– Helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso dituela adierazi beharko du eskatzaileak, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.

– Eskatzailea den entitate pribatuaren kapitala ez dela gehiena publikoa eta, horrez gainera, fundazio-ondarea edota gobernu- edo zuzendaritza-partaidetza ez dela nagusiki publikoa.

– Eskatzaileak ez duela dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion administrazio-zehapen edo zehapen penalik, ez eta laguntzak jasotzeko gaitasuna kentzen dion lege-debekurik ere. Era berean, ez duela inolako zigorrik sexu arrazoiengatik diskriminaziorik egitearren, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako Legearen testu bateginak xedatutakoaren arabera.

– Eskatzaileak ez duela Europar Batasunak ilegal eta merkatu komunarekin bateraezin gisa deklaratutako dirulaguntzarik onartu.

– Eskatzailea ez dela, Krisialdian dauden enpresa ez finantzarioen salbamendurako eta berregituratzerako estatu-laguntzei buruzko jarraibideetan xedatutakoaren arabera, krisialdian dagoen enpresa.

– Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Euskararen Erakunde Publikoa/Office Public de la Langue Basquek hizkuntza-normalizaziorako sinatutako hitzarmen markoaren baitan 2025eko dirulaguntzen deialdian onuraduna ez dela.

– Burutu nahi den egitasmoa egin ahal izateko jabetza intelektualari loturiko elementuen ustiapen-eskubideen jabea dela.

3.– Diruz lagun daitekeen egitasmoari dagokion dokumentazioa.

3.1.– Negozio plana.

3.2.– Bere jardun nagusia paperean bada:

– Ordainketa bidezko argitalpenen kasuan, proiektu komunikatiboak 2024an izandako zabalkundearen ziurtagiria, Zabalkundearen Justifikaziorako Bulegoak (OJD erakundeak) egindakoa. Agiri horrek ordainketa bidezko zabalkunde arrunta ziurtatu beharko du. Ziurtagiririk ezean, inprimaketa-gastuei dagozkien egiaztagiriak (fakturak eta ordainagiriak). Egiaztagiri horietan ale-kopurua zehaztu beharko da.

– Doaneko argitalpenen kasuan, proiektu komunikatiboak 2024an izandako zabalkundearen ziurtagiria, Zabalkundearen Justifikaziorako Bulegoak (OJD erakundeak) egindakoa. Agiri horrek banatzekoak diren aleei dagokien zabalkundea ziurtatu beharko du. Ziurtagiririk ezean, inprimaketa-gastuei dagozkien egiaztagiriak (fakturak eta ordainagiriak). Egiaztagiri horietan ale-kopurua zehaztu beharko da.

– Argitaratutako azken zenbakiaren ale bat.

– Urtarrilaren 1etik Agindua argitaratzen den egunera arte interneteko euskarrian argitaratutako edukien zerrenda.

– Egokitzat jotzen den beste edozein informazio osagarri.

3.3.– Bere jardun nagusia entzunezkoa bada:

– Irrati-zerbitzua emateko lizentzia.

– Tokiko eremuan maiztasun modulatuko uhin metrikoen bidezko soinuaren irrati-difusioaren zerbitzua eman ahal izateko, jabari publiko erradioelektrikoa era pribatiboan erabiltzeko jabari publikoko emakida ematen duen Ebazpena.

– Proiektu teknikoa aurkeztua izan dela dioen egiaztagiria.

– Asteko zuzeneko programazioa (norberak ekoiztua edo erosita den bereiziz).

– Urtarrilaren 1etik Agindua argitaratzen den egunera arte interneteko euskarrian argitaratutako edukien zerrenda.

– Egokitzat jotzen den beste edozein informazio osagarri.

3.4.– Bere jardun nagusia ikus-entzunezkoa bada:

– Telebista-zerbitzua emateko lizentzia (ezinbestean aurkeztu beharko da eskabidearekin batera).

– Asteko zuzeneko programazioa. (norberak ekoiztua edo erosita den bereiziz).

– Urtarrilaren 1etik Agindua argitaratzen den egunera arte interneteko euskarrian argitaratutako edukien zerrenda.

– Egokitzat jotzen den beste edozein informazio osagarri.

3.5.– Bere jardun nagusia digitala bada:

– Neurgailurako sarbidea.

– Domeinuaren erregistro ziurtagiria, hedabide digitala editatzen duen eskatzailearen izenean egon behar du.

– Urtarrilaren 1etik eskabidea egiten den egunera arte argitaratutako edukien (albiste idatzien eta ikus-entzunezkoen) zerrenda.

– Egokitzat jotzen den beste edozein informazio osagarri.

3.6.– Aldizkari espezializatuak.

– Argitaratutako azken zenbakiaren ale bat.

– Eduki digitalen neurgailurako sarbidea.

– Urtarrilaren 1etik Agindua argitaratzen den egunera arte interneteko euskarrian argitaratutako edukien zerrenda.

– Egokitzat jotzen den beste edozein informazio osagarri.

4.– Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroan egon ezean, edo bertan dauden bankuaren datuak aldatu nahi izanez gero, nahiz bide presentziala, nahiz elektronikoa erabili, honako gune honetan aurkitu daiteke informazioa: https://www.euskadi.eus/hirugarrenarenak.

12. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean eginiko akatsen zuzenketa.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, 10 egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsak zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

Pertsona juridikoren batek edo deialdiko 4.2 artikuluan aipatzen direnetako batek aurrez aurre aurkezten badu eskaera, aurkezpen elektronikoaren bidez zuzen dezala jakinaraziko zaio. Ondorio horietarako, zuzenketa hori egin den eguna joko da eskaeraren aurkezpen datatzat.

13. artikulua.– Dirulaguntzen kudeaketa.

Euskara Sustatzeko zuzendaria da deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

14. artikulua.– Dirulaguntzak emateko prozedura eta mugak.

1.– Agindu honetan jasotako dirulaguntzak, lehiaketaz kanpoko norgehiagoka-prozeduraren bidez emango dira. Horretarako, aurkeztutako eskabideak alderatuko dira, lehentasun-hurrenkera ezartzeko 15.a, 15.b, eta 15.c artikuluetan hurrenez hurren ezarritako balorazio-irizpideei jarraituz, gutxienez 30 puntu lortzen ez dituzten eskabideak baztertuko dira. Ondoren, deialdian ezarritako mugekin esleituko zaizkie dirulaguntzak eskatzaileei, lortutako puntuazioaren araberako proportzioan.

2.– Dena den, Ebazpen-proposamena lantzerakoan, organo kudeatzaileak, dauden diru-baliabideak kontuan izanik, diru-falta balego, eskatzaileei legokiekeen laguntza hainbanatzeko proposamena egitea proposatuko dio Hizkuntza Politikarako sailburuordeari.

3.– Proiektu komunikatibo bakoitzari esleitutako dirulaguntza, gehienez ere, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari eskatutakoa bestekoa izango da, eta, gutxienez, 2.000 eurokoa. Gutxieneko kopuru horretatik beherakorik ez da esleituko.

15. artikulua.– Dirulaguntzaren baloraziorako irizpideak.

1.– Irizpideak:

a) Irizpide deskriptiboa: (15 puntu).

– Proiektu komunikatiboaren deskribapena, edizioaren diseinua eta kalitatea baloratuko da modu orokorrean. Euskarri guztietan egingo da balorazioa. Edukiak euskarri ezberdinetan zabaltzeko egokitasuna eta ikus-entzunezko edukiak (audioa + testua + argazkia) maiztasun batekin sortzen dituen.

– Lantaldea, organigrama: Lantaldea osatzen duten langileak eta haietako bakoitzaren zereginak eta dedikazioak zehaztuko dira. Argitalpenak, bere lantalde osoa zein den jasoko du bere lehenengo orrietan. Eduki bakoitza (idatzizkoa, edo ikus-entzunezkoa) kazetariaren izen-abizenarekin identifikatuko da. Beste hedabide baten edukia bada, hedabide horren izenarekin identifikatu beharko da.

b) Egitasmoaren kalitatea: (60 puntu).

– Audientzia: Proiektuak zer audientziari begira lan egiten duen azalduko du bai eta audientzia aztertzeko erabiltzen duen sistema ere. Audientzia berrietara iristeko plana du eta produktuak audientziekin nola lotzen dituen azalduko du. Planaren balorazioa. Audientzia eta edukiaren arteko lotura baloratuko da.

– Trafiko datuen azterketa: datuak aztertzeko zer panel sistema erabiltzen duen azalduko du. Datuen etengabeko analisia egiten duen baloratuko da.

– Presentzia digitala: proiektu komunikatiboaren jardun digitala baloratuko da eta edukiak digitalki hedatzeko duen estrategia. Komunikabideak bide digitala lehenesteko ze estrategia duen eta lan fluxua horretara egokitzeko egiten duen lana baloratuko da.

– Kultura eta euskara: Proiektu komunikatiboak euskal kulturarekin edo euskararekin duen konpromisoa baloratuko da.

– Zabalkundea: proiektu komunikatiboak sortzen dituen edukiak hedatuak izan daitezen duen estrategia baloratuko da.

– Informazioaren egiazkotasuna: hedatzen dituen informazioak benetakoak direla bermatzeko erabiltzen duen estrategia baloratuko da. Egiazko albisteak edo testuingurutik ateratakoak diren jakiteko eta edukia kontrastatzeko prozedura daukan baloratuko da.

– Inpaktu soziala: proiektu komunikatiboak bere jardunak duen inpaktu soziala nolakoa den azalduko du eta neurtzeko zer sistema erabiltzen duen ere azalduko du. (hedabideak aukeratuko du edukia eta horren gainean azterketa aurkeztuko du). Horren balorazioa egingo da.

– Kode etikoa: proiektu komunikatiboak erabiltzen duen bere kode deontologikoa eta horri ematen dion erabilera baloratuko da.

– Marka kudeaketa: bere marka kudeaketarako estrategia baloratuko da.

– Segmentazioa: xede talde jakin edo berezi bati zuzendutako eduki edo produktu berezituak ditu hobeki segmentatzea ahalbidetzen diona. Ekoizpen esklusiboak ditu harpidedun horiei begirakoak (adibidez: datu horma / muro de datos). Horren gaineko estrategia baloratuko da.

– Berrikuntza: proiektu komunikatiboak berrikuntza bitartezko etengabeko egokitzapena, era planifikatuan azken produktuari begira egiten duen baloratuko da. Batzuetan bakarka garatuko ditu berrikuntza proiektuak eta beste batzuetan ordea, enpresa espezializatu edo komunikabideekin batera. Horren azalpena baloratuko da.

– Publiko potentziala: proiektu komunikatiboak publiko potentzial txikia du (definitu). Definizioa baloratuko da.

– Berdintasuna: egitasmo osoan eta edukiak sortzeko garaian genero ikuspegia txertatzeko plana baloratuko da.

– Teknologia berriak: teknologia berrien aplikazioa lan fluxuaren atalen batean. Itzultzaile automatikoa, harpidetzen kudeaketarako sistemak, maketazio sistema aurreratuak, kudeaketa aurreratua... Teknologia berrien aplikazioa baloratuko da.

– Menbresia: proiektu komunikatiboak menbresia lantzeko aktibitate plana baloratuko da.

– Ingurumena: egitasmo osoan eta edukiak sortzeko garaian ingurumen ikuspegia txertatzen duen baloratuko da.

c) Ezaugarri ekonomikoak: (25 puntu).

– Aurrekontu koherente izatea baloratuko da: aurrekontuaren eta aktibitate-planean jasotako proposamenaren arteko koeherentzia ekonomikoa dago. Aktibitate-planak organigrama bat du: kudeaketa orokorra, kazetaritza, diseinu eta zuzenketa, ikus-entzunezko teknikariak, eta baliabide materialak.

– Aurrekontu orekatua izatea baloratuko da: diru sarrera propioak (autofinantzaketa kopuru absolutuak).

– Marketing plana baloratuko da. Helburu zehatzak eta horiek lortzeko planifikazioa hedabidearen zabalkundeari begira.

2.– Egitasmo bakoitzari dagozkion puntuak artikulu honetan zehaztutako balorazio-irizpideen eta horietako bakoitzaren zehaztapenaren arabera finkatuko dira. Puntu horiek onartutako gastu-aurrekontuaren estalpen-indizea zehaztuko dute.

3.– Egitasmo bakoitzari esleitu beharreko laguntza-kopurua zehazteko orduan, 8. artikuluan finkatutako mugak gordeko dira.

4.– Aurreko puntuetan esandako moduan kalkulatutako dirulaguntzen baturak diru-baliabideen muga gainditzen badu, kasuan kasu esleitu beharreko diru-kopurua banaketa-sistema proportzionalaren arabera finkatuko da.

16. artikulua.– Balorazio Batzordea.

1.– Deialdira aurkeztutako eskabideak ebaluatzeko, dagokion Balorazio Batzordea eratuko da.

2.– Batzordea honako hauek osatuko dute:

a) Euskara Sustatzeko zuzendaria, Miren Josune Irabien Marigorta, edo berak eskuordetzen duen pertsona; Balorazio Batzordeko lehendakaria izango da, eta kalitate-botoarekin ebatziko ditu gerta litezkeen berdinketak.

b) Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kabinetearen zuzendaria, Ana Reka Esparza. Ordezkoa, Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko komunikazio aholkularia, Usoa Mediavilla Ereño.

c) Hizkuntza Ikerketa eta Koordinazioa eta Ikerketako zuzendaria, Sonia Rodriguez Rodriguez. Ordezkoa, HABEko zuzendaria, Jokin Azkue Arrastoa.

d) Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako Sustapen Zerbitzuaren arduraduna, Miren Edurne Ramon Olano. Ordezkoa, Yolanda Viadero Villanueva.

e) Hizkuntza Ikerketa eta Koordinazio Zuzendaritzako koordinazio zerbitzuaren arduraduna, Ane Crespo Calvo. Ordezkoa, Elene Etxezarreta Etxeberria.

3.– Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari bat izango da batzordeko idazkaria, eta hitza izango du, baina botorik ez: Alazne Intza Araiztegi. Haren ordezkoa: Arantza Orbegozo Garate.

4.– Balorazio Batzordeak egoki irizten dionean, aholkularien laguntza eskatu ahal izango du, baita proiektuaren edo jardueraren gai jakin eta espezifikoetan edo zeharkako gaietan (genero ikuspegia, esaterako) adituak diren pertsonen laguntza ere.

5.– Balorazio Batzordea balio osoz eratzeko, gutxienez Lehendakaritza eta Idazkaritza karguak dituztenak bertaratu beharko dira, baita gutxienez kideen erdiak ere, modu presentzialean nahiz urrutikoan.

6.– Balorazio-batzordea eratu aurretik, interesdunek errefusatzeko duten eskubidea erabiltzeko aukera izango dute, legez ezarritako egoera eta baldintzetan.

7.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, horretarako izendatutako Balorazio Batzordeak jasotako eskabideak aztertu eta baloratuko ditu. Eskabideen balorazioa ezarritako esleipen-irizpideetan oinarrituko da, eta Balorazio Batzordeak txosten batean jasoko du egindako ebaluazioaren emaitza.

17. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena eta errekurtsoak.

1.– Organo kudeatzaileak ebazpen-proposamena egingo dio Hizkuntza Politikako sailburuordeari, espedientea eta dagokion Balorazio Batzordearen txostena aztertu ondoren. Ebazpen-proposamen horrek jasoko ditu: onuradun gisa proposatutako erakundeen zerrenda, emandako zenbatekoak, bai eta onartu ez diren eskabideak eta ukatzea proposatzen diren eskabideak ere, zergatik ukatu diren adierazita.

Organo kudeatzailearen proposamena ikusita, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak Agindu honek arautzen dituen dirulaguntzak esleitzeko ebazpena emango du. Ebazpen hori, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta gehienez ere sei hilabeteko epean jakinaraziko zaie interesdunei.

2.– Ebazpenak baztertutako egitasmoen, diruz lagundutakoen eta diruz lagunduko ez diren egitasmoen berri emango du. Aurrekoari kalterik egin gabe, dirulaguntzak esleitzeko ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, herritar orok jakin dezan eta ebazpenak jakinarazpen ondorioak izan ditzan. Argitalpen hori egiten den egun berean, eskaeran gailu elektroniko bat eta/edo helbide elektroniko bat identifikatu duten interesdunei abisua emango zaie adierazitako bitartekoetara.

3.– Epea amaitu eta interesdunek inolako Ebazpen-jakinarazpenik jaso ez badute, legitimatu egingo dira dirulaguntza emateko eskaera administrazio-isiltasunez ezetsi dela ulertzeko,, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritako ondorioetarako.

4.– Ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar diezaiokete Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

18. artikulua.– Dirulaguntzaren onarpena.

Dirulaguntzaren onuradunak esleitutako dirulaguntza onartu egin behar du. Ondorioz, dirulaguntza esleitu zaiola adieraziz Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak bidalitako jakinarazpena jaso eta 10 egun balioduneko epean, onuradunek berariaz uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat emango da.

19. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.

1.– Deialdiaren xede diren laguntzen onuradunek Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte beti; bereziki:

a) Dirulaguntza eskabide-orrian zehaztutako helburu zehatzerako erabili beharko dute.

b) Eskabide-orrian aurreikusitako egitasmoa bere osotasunean gauzatu beharko dute.

c) Kontrol Ekonomikorako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen xedearen fiskalizazio-funtzioak betetze aldera eskatutako informazio guztia eman beharko dute.

d) Hizkuntzaren kalitatea bermatzea guztiz garrantzizkotzat jotzen denez gero, Euskaltzaindiak emandako arau eta gomendioak aintzakotzat hartu eta beteko dituzte. Hori betetzeko eta euskararen zuzentasuna eta egokitasuna bermatzeko, hizkuntza-ezagutza ziurtatuta daukan pertsona bat izendatuko dute.

e) Indarrean dauden lege eskakizunak bete beharko dituzte jabego intelektualari, egile-eskubideei, lege-gordailuari, banaketari eta abarri dagokienez.

f) Laguntzeko modukoak diren egitasmoek giza eskubideak eta pertsonen arteko bizikidetasun-balioak errespetatu beharko dituzte. Ondorioz, egitasmo horiek ezin izango dute jaso herritarrei iraingarri gerta dakiekeen ikur edo elementurik, ezta beren duintasunari kalte egiten dion edo indarkeriaren justifikazioa iradokitzen duen ikur edo elementurik ere.

g) Adierazpen- eta informazio-askatasunari begirunea erakustea. Horretarako, nork bere deontologia arauak beteko ditu eta, aldi berean, politika-aniztasuna eta politika-, gizarte- eta kultura-taldeei zor zaien aukera-berdintasuna bermatuko duen informazio egiazkoa eta objektiboa sustatuko du.

h) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak xedatutakoari jarraituz, hizkera sexistarik ez erabiltzea eta, gizonen eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez egitea.

i) Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak emandako babesaren berri adieraztea, betiere 26. artikuluan esandakoaren arabera.

j) Dirulaguntzak emateko eta horien ordainketak bideratzeko, beharrezkoa izango da esleipendunek zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak kitatuta izatea.

k) Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozedura bukatuta izatea eta halaber, baldin eta arduradunaren erantzukizuna iraungita ez badago, itzulketa-prozedura horietatik eratorritako dirulaguntzak itzultzeko betebeharra beteta izatea eta zigortzeko prozeduratik sortutako isunak ordainduta izatea.

l) Onuradunak ezingo du enpresa–deslokalizaziorik egin Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoarekin bat eginez.

20. artikulua.– Dirulaguntzaren ordainketa.

Agindu honetan oinarrituz emandako dirulaguntzen ordainketak 5 zatitan egingo dira:

a) 2025. urteari dagokion % 55, ebazpena jakinarazitakoan (dirulaguntza onartu eta bi hilabeteko epean).

b) 2025. urteari dagokion bigarren ordainketa (% 45) eta 2026. urteari dagokion lehenengoa (% 55), 2025. urtean dirulaguntzaren xedea bete dela egiaztatu ondoren eta diruz lagundutako egitasmoari dagokion justifikazioa aurkeztu ondoren, bi hilabeteko epean, 25. artikuluko 1. 2. eta 3. puntuetan ezarritakoari jarraituz. Justifikazioa aurkezteko epea 2026ko martxoaren 31 izango da.

c) 2026. urteari dagokion bigarren ordainketa (% 45) eta 2027. urteari dagokion lehenengoa (% 55), 2026. urtean dirulaguntzaren xedea bete dela egiaztatu ondoren eta diruz lagundutako egitasmoari dagokion justifikazioa aurkeztu ondoren, bi hilabeteko epean, 25. artikuluko 1. 2. eta 3. puntuetan ezarritakoari jarraituz. Justifikazioa aurkezteko epea 2027ko martxoaren 31 izango da.

d) 2027. urteari dagokion bigarren ordainketa (% 45) eta 2028. urteari dagokion lehenengoa (% 55), 2027. urtean dirulaguntzaren xedea bete dela egiaztatu ondoren eta diruz lagundutako egitasmoari dagokion justifikazioa aurkeztu ondoren, bi hilabeteko epean, 25. artikuluko 1. 2. eta 3. puntuetan ezarritakoari jarraituz. Justifikazioa aurkezteko epea 2028ko martxoaren 31 izango da.

e) 2028. urteari dagokion bigarren ordainketa (% 45), 2028. urteko dirulaguntzaren xedea bete dela egiaztatu ondoren eta diruz lagundutako egitasmoari dagokion justifikazioa aurkeztu ondoren, bi hilabeteko epean, 25. artikuluko 4. puntuan ezarritakoari jarraituz. Justifikazioa aurkezteko epea 2029ko martxoaren 31 izango da.

21. artikulua.– Ebazpenaren aldaketa.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren inguruabarretako bat aldatzen bada, dirulaguntzaren helburua betetzat jotzen dela, dirulaguntza eman duen ebazpena ere aldatu ahal izango da, betiere Agindu honetan eta Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira. Kasu horietan, emandako dirulaguntza edo haren baldintzak aldatzeko ebazpena emango du Hizkuntza Politikarako sailburuordeak.

2.– Dirulaguntzaren zenbateko osoa edo zati bat jaso badu onuradunak eta aldaketaren ondorioz dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu behar bada, agindu honen 22. artikuluan aurreikusitakoari jarraituko zaio.

22. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzultzeko ebazpena.

1.– Honako hauek izango dira dirua itzultzeko arrazoiak:

a) Jasotako dirulaguntzak, erabat, agindu honen oinarrietan aurreikusitakoez bestelako proiektu edo jardueretarako erabiltzea.

b) Agindu honen oinarrietan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, dirulaguntza emateko egintzan ezarritakoak ez betetzea.

c) Aurkeztutako proiektuan Hizkuntza Politikako sailburuordeak baimendu gabeko aldaketaren bat egitea.

d) Hala badagokio, dirulaguntzaren aldaketa-ebazpenean zehaztutako diru-kopurua ez itzultzea, horretarako emandako epearen barruan.

e) Dirulaguntzen arloko beste edozein xedapenetan oro har ezarritako beste edozein kasu, bereziki Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan adierazitakoak.

2.– Aurreko puntuan aipatutako kasuren bat gertatu dela egiaztatzen bada, Euskal Herriko Diruzaintza Orokorrari itzuli beharko zaizkio jasotako diru-kopuruak eta Dirulaguntzen arloko berandutze-interesak. Horretarako, abenduaren 21eko 20/2023 Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 36. eta 40. artikuluetan xedatutakoaren arabera jokatuko da.

3.– Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legeak 40.1 artikuluan ezartzen duenez, itzulketa-prozedura hasteko erabakiak automatikoki etengo ditu ukitutako dirulaguntzari dagozkion ordaintzeke dauden zenbatekoen igorpenak, eta, gainera, 34. artikuluan (ordainketak atxikitzea), kautelazko neurri gisa, Administrazioak berak emandako beste dirulaguntza batzuetatik eratorritako ordaintzeke dauden zenbatekoen ordainketa-aginduak etetea ahalbidetuko du, betiere itzulketa-espedientea hasteko proposamenak edo ebazpenak finkatutako zenbatekoa eta ordura arte sortutako berandutze-interesak gainditu gabe.

23. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.

1.– Esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa edozein delarik ere, dirulaguntzaren onuradun orok diruz lagundutako egitasmoa urtero gauzatu dela justifikatu behar du, ezinbestean, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzaren aurrean.

2.– Dirulaguntza zuritzeko, urte bakoitzeko datuak urte horretako urtarrilaren 1a eta abenduaren 31 bitartekoak izango dira. Urtealdi bakoitzaren justifikazioari ekiteko, dirulaguntza esleitzeko orduan erabilitako gastu-aurrekontu onartua erabiliko da.

3.– Pertsona juridikoen kasuan zein nortasun juridikorik gabeko pertsonen kasuan, justifikazioa bide elektronikoak erabiliz aurkeztu beharko da, euskadi.eus gune elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

4.– Pertsona fisikoen kasuan, justifikazioa elektronikoki zein modu presentzialean aurkeztu daiteke, 39/2015 Legearen 14. artikuluari jarraituz.

24. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Dirulaguntzaren justifikazioa justifikazio-kontu erraztuaren arabera egingo da, antolamendu juridikoak horretarako aukera ematen duenean, hau da, dirulaguntzaren zenbatekoak 60.000 euro gainditzen ez duenean. Justifikazio-kontu erraztuak honako hauek jaso beharko ditu:

– Diruz lagundutako egitasmoari eta lortutako emaitzei buruzko txostena. Horrek jasoko ditu ebazpena eman zen garaian kontuan izandako baldintzak betetzen dituen produktuen emaitzak edota helburuak. Horiek bere horretan mantendu izan ez balira, aldaketa garaian, zuzendaritza kudeatzaileak ontzat emandako aldaketen berri jasoko du.

– Diruz lagundutako proiektu komunikatiboari dagokion aurrekontu likidatua. Horretan, gutxienik, bermatu beharko da egitasmoak hasieran eskatutako finantzaketa maila propioa duela eta ez duela gainfinantzaketarik.

– Beste dirulaguntzarik izan ez bada, horixe adierazten duen erantzukizunpeko aitorpena.

– Diruz lagundutako proiektu komunikatiboari dagozkion gastuen zerrenda sailkatua.

– Diruz lagundutako proiektu komunikatiboari dagozkion sarreren zerrenda sailkatua.

– Agindu honetako 19. eta 25. artikuluek ezarritako betebeharrak betetzeari buruzko aitorpena.

2.– Dirulaguntzaren xedea bete dela egiaztatzeko, honako hauek igorriko dira Euskara Sustatzeko Zuzendaritzara:

a) Papera nagusi duten proiektu komunikatiboen kasuan:

– Argitaratutako zenbaki guztien ale bana (paperean edo euskarri elektronikoan).

– Zabalkundearen zinpeko aitorpena. Harpidetzak eta salmenta-puntuetan saldutako edo banatutako ale-kopurua ematen duena.

– Inprimaketa-gastuei dagozkien egiaztagiri originalen fotokopiak (fakturak eta ordainagiriak). Egiaztagiri horietan ale- eta orrialde-kopurua zehaztu beharko da.

b) Entzunezkoa edo ikus-entzunezkoa nagusi duten proiektu komunikatiboen kasuan:

– Programazioaren lagin zehatz bat.

c) Jardun nagusia digitala duten proiektu komunikatiboen kasuan:

– Urtean zehar argitaratutako albisteen zerrenda, argitaratze-dataren arabera antolatua.

– Kontratatutako langileen eta kolaboratzaileen zerrenda (langilearen kategoria, hasiera, bukaera eta dedikazioa).

Urteroko justifikazioarekin batera euskarri elektronikoan jasotako testuak, idatzizkoak zein ahozkoak, hizkuntza-ikerketen euskarri izango diren corpusak elikatzeko erabili ahal izango ditu Eusko Jaurlaritzak. Nolanahi ere, urte amaierako justifikazioaren zain egon beharrean argitaratu edo emititu ahala bidali nahi izanez gero, jokamolde horri ekin ahal izango zaio. Bide hori aukeratuz gero, onuradunak Euskara Sustatzeko Zuzendaritzarekin finkatuko du prozedura.

Dirulaguntza ematen duen organoak behar adina frogagiri egiaztatuko du, dirulaguntza behar bezala erabili dela zentzuz agerian uzteko beharrezkoak diren guztiak, unitate moneta laginketa teknikak erabiliz. Horretarako berak hautatutako gastuen frogagarri diren faktura edo agirien kopiak eta, behar denean, ordainketaren egiaztagiriak bidaltzeko eskatuko zaio onuradunari. Horien ordez, onuraduna den pertsona fisiko edo juridiko pribatuaren Kontabilitateko Egunkaria aurkezteko aukera izango da.

3.– Jasotako dirulaguntzaren zenbatekoak 60.000 euro gainditzen duenean, justifikazioak honako hauek jasoko ditu: aurreko ataletan aipatutako dokumentazioaz gain, aipaturiko zerrendako gastuen frogagarri diren faktura edo agirien kopiak eta, behar denean, ordainketaren egiaztagiriak. Horien ordez, onuraduna den pertsona fisiko edo juridiko pribatuaren Kontabilitateko Egunkaria aurkezteko aukera izango da.

4.– Agindu honen 20. artikuluaren e) atalean aipatzen den dirulaguntzaren ordainketa egiteko, artikulu honen 1., 2. eta 3. ataletan jasotakoaz gain, honako hauek ere osatuko dute dirulaguntzaren justifikazioa:

a) Dirulaguntzaren onuraduna enpresa, fundazioa edo onura publikoko elkartea bada, eta deialdi honetan aurkeztutako egitasmoak edota egitasmoek, 2025-2028 epealdiko edozein urtetan, onuradunaren urte horretako % 50etik gorako jarduera osatzen badute, onuradunaren urte horretako edo horietako kontuak. Halaber, aipatu onuradunari legez auditoria egitea badagokio, 2025eko, 2026ko, 2027ko eta 2028ko auditoriak ere aurkeztuko ditu. Edonola ere, onuradunak aurkeztutako egitasmoaren edo egitasmoen urte jakin bateko gastu-aurrekontuak 500.000 euro gainditzen duenean, urte horri dagokion auditoriak egindako onuradunaren gastu-sarreren kontuaren azterketa mugatuaren txosten berezia.

b) Dirulaguntzaren onuraduna elkartea bada eta deialdi honetan aurkeztutako egitasmoak edota egitasmoek, 2025-2028 epealdiko edozein urtetan, elkartearen urte horretako % 50etik gorako jarduera osatzen badute, elkartearen urte horretako edo horietako kontabilitatea. Kontabilitate horrek elkartearen finantza-egoeraren, emaitzaren eta ondarearen irudi leiala lortzeko aukera emango du. Aipatu elkarteari legez auditoria egitea badagokio, 2025eko, 2026ko, 2027ko eta 2028ko auditoriak ere aurkeztuko ditu. Edonola ere, onuradunak aurkeztutako egitasmoaren edo egitasmoen urte jakin bateko gastu-aurrekontuak 500.000 euro gainditzen duenean, urte horri dagokion auditoriak egindako onuradunaren gastu-sarreren kontuaren azterketa mugatuaren txosten berezia.

5.– Dirulaguntzaren erabilera zuzena egin dela ziurtatzeko, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak egokitzat jotzen duen beste edozein informazio osagarri eskatzeko aukera izango du.

6.– Justifikaziorako aurkeztutako dokumentazio guztia aztertzeko eta ontzat emateko jarraipen-batzordea eratuko da. Azterketa horren ondorioz bideratu beharreko ordainketak edota likidazio-ebazpenaren inguruko proposamenak Hizkuntza Politikarako sailburuordeari egingo dizkio. Honako hauek osatuko dute jarraipen-batzordea:

a) Euskara Sustatzeko zuzendaria, batzordearen buru izango dena: Josune Irabien Marigorta.

b) Euskara Sustatzeko zuzendaritzaren Sustapen Zerbitzuaren arduraduna: Edurne Ramón Olano.

c) Euskara Sustatzeko Zuzendaritzaren Sustapen Zerbitzuaren teknikaria: Yolanda Viadero Villanueva.

Jarraipen batzordeak idazkaria izango du. Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari bat izango da: Alazne Intza Araiztegi. Ordezkoa, Arantza Orbegozo Garate. Idazkari-lanak egingo ditu eta hitza izango du, baina ez botorik.

25. artikulua.– Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren aipamena.

1.– Agindu honen 19. artikuluan finkatutako betebeharraren arabera, laguntza-mota honetan onuradun suertatzen den proiektu komunikatibo orok Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak emandako babesaren berri adierazi beharko du. Hori dela eta, ondorengo ezaugarriak dituen aipamena egin beharko da:

a) Papera nagusi duten proiektu komunikatiboen kasuan:

– Diruz lagundutako hedabide orok honako elementu hauez osatutako publizitate-oharra jaso beharko du ezinbestean: Eusko Jaurlaritzaren logotipo normalizatua eta «Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua» esaldia.

– Eusko Jaurlaritzaren logotipo normalizatua, esleitutako dirulaguntza onartzen den egunetik aurrera txertatuko da eta 48 hilabetez agerian egongo da.

– Eusko Jaurlaritzaren logotipo normalizatua agerkariaren kreditu-ezaugarriak (argitaratzailea, zuzendaritza, erredakzioa, tirada, etab.) adierazten diren toki berean jarriko da eta, hori guztiz ezinezkoa bada, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin adostuko du onuradunak garrantzi eta ikusgarritasun bera duen tokirik egokiena.

b) Jardun nagusia entzunezkoa duten proiektu komunikatiboen kasuan:

– Diruz lagundutako irrati orok honako publizitate-oharra jaso beharko du ezinbestean: «Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua» esaldia. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak onuradunen eskura jarriko du publizitate-ohar hori.

– Publizitate-ohar hori, gutxienez 4 aldiz txertatuko da egunean zehar: 2 aldiz entzule gehien dauden orduetan (06:00-10:00), hirugarrena arratsaldean zehar eta laugarrena, gauean.

– Publizitate-ohar hori esleitutako dirulaguntza onartzen den egunetik aurrera txertatuko da eta 48 hilabetez agerian egongo da.

c) Jardun nagusia ikus-entzunezkoa duten proiektu komunikatiboen kasuan:

– Diruz lagundutako telebista orok honako elementu hauez osatutako publizitate-oharra jaso beharko du ezinbestean: Eusko Jaurlaritzaren logotipo normalizatua eta «Kultura eta Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua» esaldia. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak onuradunen eskura jarriko du publizitate-ohar hori.

– Publizitate-ohar hori, gutxienez 4 aldiz txertatuko da egunean zehar: 2 aldiz ikus-entzule gehien dauden orduetan (21:00-24:00), hirugarrena goizean zehar eta laugarrena, eguerdian.

– Eusko Jaurlaritzaren logotipo normalizatua esleitutako dirulaguntza onartzen den egunetik aurrera txertatuko da eta 48 hilabetez agerian egongo da.

d) Jardun nagusia digitala duten proiektu komunikatiboen kasuan:

– Eusko Jaurlaritzaren logotipo normalizatua agerkariaren kreditu-ezaugarriak (argitaratzailea, zuzendaritza, erredakzioa, tirada, etab.) adierazten diren toki berean jarriko da eta, hori guztiz ezinezkoa bada, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin adostuko du onuradunak garrantzi eta ikusgarritasun bera duen tokirik egokiena.

2.– Aurreko puntuan aipaturiko zehaztasun horiek artez eta moldez betetze aldera, onuradunak beharrezko argibideak eman eta eskatuko dizkio Euskara Sustatzeko Zuzendaritzari.

26. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Eskatzailearen datu pertsonalak tratatuko dira eta sartuko dira Euskara Sustatzeko Zuzendaritzaren laguntzak eta dirulaguntzak izeneko tratamendu-jardueran.

Arduraduna: Euskara Sustatzeko Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.

Helburua: euskarazko proiektu komunikatiboak sendotu, garatu eta normalizatzeko dirulaguntzak kudeatzea.

Legitimazioa: interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko beharrezkoa den tratamendua.

Hartzaileak: arloan eskumena duten administrazioak.

Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotako beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza kontsulta dezakezu gure web orrian:

www.euskadi.eus/clausulas-informativos/web01-sedepd/es/transparencia/024300-capa2-es.shtml

Araudia:

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML /? Uri = CELEX: 32016R0679 & from = ES)

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa (www.boe.es/buscar/doc.php? ID = BOE-A-2018-16673)

XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honetan araututako laguntzetan ez dira betetzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. artikuluko 1. apartatuan ezarritako betekizun guztiak; beraz, ez dira estatu-laguntzatzat hartzen, eta, ondorioz, ez zaio Europar Batasunari jakinarazi behar. Hain zuzen, laguntza hauek ez diote Europar Batasunaren barneko merkataritzari eragiten, merkatu lokal batera xedatzen diren produktuak direnez. Horrenbestez, Europar Batasunaren Funtzionamendu Itunak 108.3 artikuluan xedatzen duen jakinarazpen prozeduratik salbuetsita daude laguntza hauek."

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Administrazio-bidea amaitzen duen Agindu honen aurka interesdunak aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, zuzen-zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango du Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazio Auzietarako Salan bi hilabeteko epean, honako Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETaKO BIGARRENA

Agindu honetako euskarazko eta gaztelaniazko testuen artean interpretazio-auzirik sortuko balitz, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik, hura hartuko da aintzat.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean izango du eragina Agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko uztailaren 1a.

Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.


Azterketa dokumentala