Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

127. zk., 2025eko uztailaren 7a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
3021

2/2025 FORU DEKRETU ARAUEMAILEA, ekainaren 10ekoa, zeinaren bidez aldatzen baita Zerga Bereziei buruzko uztailaren 26ko 4/2023 Foru Dekretu Arauemailea.

Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunak, maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez onetsiak, 33. artikuluan xedatzen duenez, zerga bereziak itundutako tributuak dira, Estatuak une bakoitzean ezartzen dituen arau substantibo eta formal berberei jarraituta arautu behar direnak.

Aurrekoa gorabehera, lurralde historikoetako erakunde eskudunek ahalmena dute zerga horien karga tasak ezartzeko, betiere lurralde erkidean unean-unean indarrean dauden mugen eta baldintzen barruan.

Orobat, lurralde historikoetako erakunde eskudunek aitorpen eta ordainketa ereduak onesteko eta likidazio aldi bakoitzeko ordainketa epeak zehazteko ahalmena dute. Baina eredu horietako datuak, gutxienez, lurralde erkidean erabiltzen diren berberak izan behar dira; eta epe horiek, berriz, ezin dira izan Estatuko Administrazioak ezarritakoez oso bestelakoak. Lurralde historikoetako erakunde eskudunek fakturazio edo erregistro betebehar formalak betetzeko modu berriak ezartzen dituztenean aurrerapen teknologikoetan oinarrituta, edo daudenak aldatzen dituztenean, zerga honetan exiji daitezkeen kudeaketa eta prozedura arauak eta betebehar formalak ezarri ahal izango dituzte, betetzeko modu berrietara egokituta, Ekonomia Itun honen 4. artikuluan aipatzen diren administrazio erkideen eta foru administrazioen arteko informazio trukeak garatzeko beharrezkoak diren datuen eskuragarritasuna eta horien tratamendua bermatuta.

Abenduaren 20ko 7/2024 Legeak (haren bidez zerga osagarri bat ezartzen da talde multinazionalen eta magnitude handiko talde nazionalen gutxieneko zergapetze maila global bat bermatzeko, zerga bat ezartzen da finantza entitate jakin batzuen interes eta komisioen marjinaren gainean aplikatzeko, zerga bat arautzen da zigarreta elektronikoetarako likidoak eta tabakoarekin lotutako beste produktu batzuk zergapetzeko, eta beste zerga arau batzuk aldatzen dira), aldaketak sartu dituzte aipatu diren zerga horietan, haien foru araudian nahitaez sartu beharrekoak direnak.

Helburua da aipatutako abenduaren 20ko 7/2024 Legearen azken xedapenetako bigarrenean zerga bereziei dagokienez ezarritako neurriak Zerga Bereziei buruzko uztailaren 26ko 4/2023 Foru Dekretu Arauemailean txertatzea.

Azken urteotan, handituz joan da tabako laboreen ordezko produktu gisa erabiltzen diren zigarreta elektronikoak deitutakoen salmenta.

Zigarreta elektronikoak probatu edo erabiltzen dituzten nerabe eta heldu gazteen kopurua handia da oso, eta goraka ari da joaten, hainbat inkestak erakusten dutenez.

Zigarreta elektronikoetan erabiltzen diren likidoak glizerina, propilenglikola eta nikotina izaten dira nagusiki, kantitate desberdinetan beti. Gainera, zenbait likidok bestelako produktu zapore-emaile eta aromatizatzaileak eraman ditzakete palatabilitatea hobetzeko.

Nahiz eta konposatu batzuk kaltegabetzat jotzen diren ahotik hartzen direlako, makina bat elikagaitan egoteagatik, haien inhalazioak ondorio kaltegarriak ekar ditzake osasunerako. Gauza bera gertatzen da nikotina poltsekin edo tabako laboreen gaineko zergaren eremu objektiboan sartzen ez diren nikotinazko beste produktu batzuekin.

Hori aintzat hartuta, beste tributu bat sortzen da, kasu honetan zigarreta elektronikoetarako likidoak, nikotina poltsak eta nikotinazko beste produktu batzuk kontsumitzea zergapetzen duena.

Aldaketa horiek foru araudian jasotzea ezinbestekoa da zerga itunduen araudia eguneratuta mantenduko bada, zerga horiek Estatuak une bakoitzean ezartzen dituen arau substantibo eta formal berberen arabera erregulatu behar direla aintzat hartuta.

Alde horretatik, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak (martxoaren 8ko 2/2005 Foru Araua) 8. artikuluan xedatzen du ezen, Foru Aldundiak, Batzar Nagusiek eskuordetuta, zerga arloko xedapen normatiboak eman ahal izango dituela, foru arauaren mailarekin, haien xede bakarra Gipuzkoako Lurralde Historikoko araudia egokitzea denean, baldin eta, maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunean ezarritakoa betetzeko, lurralde historiko horretan araubide erkideko lurraldean dauden arau substantibo eta formal berberak aplikatu behar badira.

Foru dekretu arauemaile horietarako eskuordetza normatiboa martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau horrek emandakotzat jotzen da, betiere aurreikusita dagoen helbururako baliatu behar bada.

Foru Aldundiak eskuordetza horretaz baliatuta ematen dituen xedapenei foru dekretu arauemaile deituko zaie, eta haien arrazoibideetan adierazi behar da eskuordetza espezifiko horren babesean ematen direla.

Azkenik, behin onetsita, foru dekretu arauemaile horiek Batzar Nagusietara bidali behar dira batzarkideen kontrola izan dezaten, ofizialki argitaratzea eta indarrean jartzea eragotzi gabe.

Bestalde, uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, 13. artikuluan dio Foru Aldundiak zerga arloko foru dekretu arauemaileak eman ditzakeela gorago aipatu den 8. artikuluko kasu berdinetan.

Horrenbestez, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak proposaturik, eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onetsi ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Aldatzea uztailaren 26ko 4/2023 Foru Dekretu Arauemailea, Zerga Bereziei buruzkoa.

Aldaketa hauek sartzen dira uztailaren 26ko 4/2023 Foru Dekretu Arauemailean, Zerga Bereziei buruzkoan:

Bat.– 3. artikuluari 4. apartatua gehitzen zaio, honela dioena:

«4.– Zigarreta elektronikoetarako likidoen eta tabakoarekin lotutako beste produktu batzuen gaineko zerga.»

Bi.– 4. artikuluaren 32. apartatuko lehen paragrafoa aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«32.– "Zergarik gabeko dendak": Espainiako lurralde penintsularreko edo Balear uharteetako portu edo aireportuetan, segurtasun eta pasaporte kontrolak gaindu ondoren bidaiariak aduanaren kontrolpean ontziratzeko, igarotzeko edo iristeko eremuan kokatuta dauden establezimenduak, erregelamenduz ezarritako baldintzak betez edari alkoholdunak, tabako laboreak, zigarreta elektronikoetarako likidoak, nikotina poltsak edo nikotinazko beste produktu batzuk zergarik gabe saldu ditzaketenak hirugarren herrialde edo lurralde batera airez edo itsasoz doazen bidaiariek beren ekipajean eramateko.»

Hiru.– 5. artikuluko 3. apartatua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«3.– Aurreko apartatuetan ezarritakoak ez du eragotziko foru dekretu arauemaile honen 23., 40. eta 64 bis artikuluetan xedatutakoa.»

Lau.– 7. artikuluko 1. apartatua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«1.– Foru dekretu arauemaile honen 23., 28., 37., 40. eta 64 quater artikuluetan ezarritakoa eragotzi gabe, zergaren sortzapena une hauetan gertatuko da:»

Bost.– 9. artikuluko 1. apartatua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«1.– Foru dekretu arauemaile honen 21., 23., 42., 51., 61. eta 64 octies artikuluetan ezarritakoa eragotzi gabe, fabrikazio zerga bereziei lotutako produktuen fabrikazioa eta inportazioa salbuetsita egongo dira, erregelamenduz ezarriko diren baldintzetan, produktu horiek xede hau dutenean:»

Sei.– 10. artikuluko 1. apartatua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«1.– Foru dekretu arauemaile honen 9., 17., 22., 23., 40., 43., 52., 62. eta 64 nonies artikuluetan ezarritakoa eragotzi gabe, honako hauek izango dute, erregelamenduz ezarriko diren baldintzetan, fabrikazio zerga berezien itzulketarako eskubidea:»

Zazpi.– 15. artikuluko 5. eta 9. apartatuak aldatzen dira, eta honela geratzen dira idatzita:

«5.– 10. artikuluko 1. apartatuaren c) letran, 22. artikuluko c) letran, 40. artikuluko 3. apartatuan, 52. artikuluko d) letran, 62. artikuluko b) letran eta 64 nonies artikuluko b) letran ezarritakoa eragotzi gabe, produktuak berriro sartzen direnean jatorrizko establezimenduan hartzaileari ezin izan zaizkiolako entregatu bidalketa egin duen gordailuzain baimenduari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik, eta salbuespena aplikatuta duten produktuen establezimenduak jarduera uzten duenean, ez da onartuko fabriketan eta gordailu fiskaletan fabrikazio zerga bereziei lotutako produktuak sartzea, haien zerga sortzapena jada gertatu bada.»

«9.– Aurreko apartatuko e) letra aplikatzeko, ulertuko da produktuak merkataritza helburuetarako direla, aurkako frogarik ezean, kantitate hauek gainditzen dituztenean:

a) Tabako laboreak:

1.a Zigarretak, 800 unitate.

2.a Zigarrotxoak, 400 unitate.

3.a Zigarroak, 200 unitate.

4.a Gainerako tabako laboreak, kilogramo bat.

b) Edari alkoholdunak:

1.a Edari deribatuak, 10 litro.

2.a Tarteko produktuak, 20 litro.

3.a Ardoak eta edari hartzituak, 90 litro.

4.a Garagardoak, 110 litro.

c) Zigarreta elektronikoetarako likidoen eta tabakoarekin lotutako beste produktu batzuen gaineko zerga.

1.a Zigarreta elektronikoetarako likidoak: 40 mililitro.

2.a Nikotina poltsak: 400 unitate.

3.a Nikotinazko beste produktu batzuk: 500 gramo.»

Zortzi.– 60. artikuluko 1. apartatua honela geratzen da idatzita:

«1.– Tarifa honen arabera exijituko da zerga:

1. epigrafea. Zigarroak eta zigarrotxoak: hurrengo paragrafoa aplikagarria den kasuetan izan ezik, zigarroak eta zigarrotxoak 100eko 15,8ko tasan zergapetuko dira.

Zergaren zenbatekoa ezingo da izan 47 euroko tasa bakarra baino txikiago 1.000 unitateko.

2. epigrafea. Zigarretak: epigrafe honen hurrengo paragrafoa aplikagarria den kasuetan izanik ezik, zigarretei tasa hauek aplikatuko zaizkie aldi berean:

a) Tasa proportzionala: 100eko 48,5.

b) Tasa espezifikoa: 33,50 euro 1.000 zigarretako.

Zergaren zenbatekoa ezingo da izan 150 euroko tasa bakarra baino txikiago 1.000 unitateko.

3. epigrafea. Tabako xehea: epigrafe honen hurrengo paragrafoa aplikagarria den kasuetan izan ezik, biltzeko tabako xeheari tasa hauek aplikatuko zaizkio aldi berean:

a) Tasa proportzionala: 100eko 37,68.

b) Tasa espezifikoa: 33,4 euro kilogramoko.

Zergaren zenbatekoa ezingo da izan 112,5 euroko tasa bakarretik beherakoa unitateko.

4. epigrafea. Gainerako tabako laboreak: 100eko 34.

Gainerako tabako laboreei 30 euroko tasa bakarra aplikatuko zaie kilogramoko, baldin eta aurreko paragrafoan ezarritako tasa aplikatzetik ateratzen den kuota txikiagoa bada tasa bakar honen zenbatekoa baino.»

Bederatzi.– I. tituluko IX. kapitulua honela geratzen da idatzita:

«IX. KAPITULUA
ZIGARRETA ELEKTRONIKOETARAKO LIKIDOEN ETA TABAKOAREKIN LOTUTAKO BESTE PRODUKTU BATZUEN GAINEKO ZERGA

64. artikulua.– Eremu objektiboa.

1.– Zigarreta elektronikoetarako likidoek, nikotina poltsek eta tabako laboreen gaineko zergaren eremu objektiboan sartzen ez diren nikotinazko beste produktu batzuek osatzen dute zergaren eremu objektiboa, botikatzat hartzen ez direnean.

2.– Zerga honen ondorioetarako, zigarreta elektronikoetarako likidotzat hartuko dira zigarreta elektronikoetan edo antzeko lurrungailuetan erabil daitezkeen likidoak, nikotina eduki edo ez, edo zigarreta elektronikoak edo antzeko lurrungailuak kargatzeko balio dutenak.

3.– Zigarreta elektronikotzat honako hau hartuko da: ahoko bat edo produktuaren beste edozein osagai bat baliatuta lurruna kontsumitzeko erabil daitezkeen produktuak, kartutxo bat, depositu bat eta kartutxorik eta depositurik gabeko gailua barne, erabili ondoren botatzeko direnak edo ontzi edo depositu baten bitartez birgarka daitezkeenak, edo erabilera bakarreko kartutxoekin kargatzeko modukoak direnak.

4.– Nikotina poltsatzat hartuko dira ahotik hartzen diren nikotinazko produktuak, tabakorik gabeak, zuntz begetalekin edo antzeko substratuekin nahasita eta poltsa txikietan edo poltsatxo porotsuetan edo antzeko formatuetan aurkezten direnak.

5.– Zerga honen ondorioetarako, nikotinazko beste produktutzat hartuko dira azken kontsumorako prestatutako produktuak, nikotina bai baina tabakorik ez dutenak, aurreko apartatuan definitutako nikotina poltsekin eta 1. apartatuan aipatutako zigarreta elektronikoetarako likidoekin zer ikusirik ez dutenean.

64 bis artikulua.– Zerga egitatea.

5.– artikuluan ezarritakoaz gain, zergari lotuta egongo da zergaren eremu objektiboko produktuak barruko lurralde eremuan sartzea beste estatu kide batzuetatik etorrita.

Zergaren xede diren produktuak zirkulatu eta edukitzeko barruko lurralde eremuko sarrera puntutik hartzaileak jasotzen dituen tokiraino, beharrezkoa izango da zirkulazioa edo edukitza merkataritza agiri batek babestuta egitea, eta agiri horretan behar bezala identifikatzea bidalketaren hasiera data, bidaltzailea, hartzailea, eta garraiatutako salgaiaren izaera eta kantitatea.

64 ter artikulua.– Zergari ez lotzea.

Zigarreta elektronikoetarako likidoak, nikotina poltsak edo nikotinazko beste produktu batzuk barruko lurralde eremuan sartzea ez da egongo zergari lotuta, foru dekretu arauemaile honen 6. artikuluan araututako kasuetan.

64 quater artikulua.– Sortzapena.

Foru dekretu arauemaile honen 7. artikuluan ezarritakoaz gain, zergari lotutako produktuak barruko lurralde barruan sartzen diren kasuetan, zerga sortuko da hartzaileak lurralde horretan jasotzen dituen momentuan. Hala ere, produktu horiek zuzenean sartzen badira fabrika edo gordailu fiskal batean, sarrera hori etendura araubidean egingo da.

64 quinquies artikulua.– Zergadunak.

1.– Foru dekretu arauemaile honen 8. artikuluan ezarritakoaz gain, zergaren xede diren produktuak barruko lurralde eremuan sartzen diren kasuetan, zergaren zergadunak bidaltzaileak izango dira, non eta sarrera hori ez den merkataritza helburuekin egiten, kasu horretan produktuen hartzaileak izango baitira zergadunak.

Zergaren xede diren produktuak barruko lurralde eremuan entregatzea errazten duten plataforma elektronikoen titularrak bidaltzailetzat hartuko dira beti.

2.– Halaber, zergaren zergadunak izango dira Batasunaren gainerako lurralde eremutik datozen bidaiariak ere, zergari lotutako produktuengatik, baldin eta bidaiariek beraiek gidatzen badute.

64 sexies artikulua.– Zerga oinarria.

1.– Zerga oinarria honako hau izango da: bolumena, mililitrotan adierazia, zigarreta elektronikoetarako likidoen kasuan, eta produktuaren edukiaren pisua, gramotan adierazia, nikotina poltsen eta nikotinazko beste produktuen kasuan.

2.– Bolumen edo pisu hori zenbaki hamartar batean adierazita badago eta lehen zenbaki hamartarra bosta edo handiago bat bada, goitik biribilduko da. Gainerako kasuetan, behetik biribilduko da.

64 septies artikulua.– Zerga tasa.

Tributua zerga tasa hauen arabera exijituko da:

1. epigrafea: zigarreta elektronikoetarako nikotinarik gabeko likidoa, edo gehienez 15 nikotina miligramo dituena mililitro produktuko: 0,15 euro mililitroko.

2. epigrafea: zigarreta elektronikoetarako likidoa, 15 nikotina miligramo baino gehiago dituena mililitro produktuko: 0,20 euro mililitroko.

3. epigrafea: Nikotina poltsak: 0,10 euro gramoko.

4. epigrafea: Nikotinazko beste produktu batzuk: 0,10 euro gramoko.

64 octies artikulua.– Salbuespenak.

1.– Foru dekretu arauemaile honen 9. artikuluan ezarritakoez gain, salbuetsita egongo dira, erregelamenduz ezarriko diren baldintzetan, honako hauek:

a) Barruko lurralde eremuaz bestelako lurraldeetatik datozen hamazazpi urtetik gorako bidaiariek zergaren xede diren produktuak inportatzea edo barruko lurralde eremuan sartzea, beraiek pertsonalki gidatuta, kantitate hauek gainditzen ez badira: 20 mililitro, zigarreta elektronikoetarako likidoen kasuan, 200 unitate, nikotina poltsen kasuan, eta 200 gramo, nikotinazko beste produktu batzuen kasuan.

b) Zergaren xede diren produktuak inportatzea edo barruko lurralde eremuan sartzea, produktu horiek partikular batek beste partikular bati bidaltzen dizkionean barruko lurralde eremua ez den beste lurralde batetik, noizbehinkako izaeraz eta tartean inolako ordainketarik izan gabe, betiere, kantitate hauek gainditzen ez badira: 10 mililitro, zigarreta elektronikoetarako likidoen kasuan, 30 unitate, nikotina poltsen kasuan, eta 150 gramo, nikotinazko beste produktu batzuen kasuan.

c) Zergaren xede diren produktuak fabrikatzea, inportatzea edo barruko lurralde eremuan sartzea, baldin eta produktu horiek Batasunaren lurraldera ateratzen badira lurralde horretatik eta etendura araubidean badaude; horrelakoetan, araubide hori azkendutzat joko da.

d) Zergaren xede diren produktuak fabrikatzea, inportatzea edo barruko lurralde eremuan sartzea, baldin eta produktuen analisi zientifikoak edo kalitatearekin lotutakoak egiteko erabiltzen badira fabrika edo gordailu fiskaletan.

2.– Orobat, salbuetsita egongo da zergaren xede diren produktuak fabrikatzea, inportatzea edo barruko lurralde eremuan sartzea, baldin eta produktu horiek zergarik gabeko dendetan saltzeko eta barruko lurralde eremutik kanpo airez edo itsasoz mugitzen diren bidaiarien ekipaje pertsonalean garraiatzeko badira.

3.– Zergaren xede diren produktuak barruko lurralde eremuan sartzea salbuetsita egongo da, foru dekretu arauemaile honen 9. artikuluko 1. apartatuan aurreikusitako xedeetarako erabiltzen direnean.

64 nonies artikulua.– Itzulketak.

Foru dekretu arauemaile honen 10. artikuluko 1. apartatuaren a) eta b) letretan ezarritakoez gain, zergaren kuotak itzultzeko eskubidea izango dute, erregelamenduz ezarriko diren modu eta baldintzetan, hala badagokio, honako hauek:

a) Zigarreta elektronikoetarako likidoen, nikotina poltsen edo nikotinazko beste produktu batzuen jabeek, produktu horiek suntsitzen badituzte Zerga Administrazioaren kontrolpean.

b) Zigarreta elektronikoetarako likidoen, nikotina poltsen edo nikotinazko beste produktu batzuen jabeek, baldin eta fabrikara itzultzen badituzte produktu horiek birziklatzeko.

c) Zergaren xede diren produktuak barruko lurralde eremutik beste estatu kide batzuetako lurraldera bidaltzen dituztenek.

Kontrakorik frogatu ezean, ulertuko da produktuak barruko lurralde eremutik kanpora bidali direla, haien entrega balio erantsiaren gaineko zergatik salbuetsita badago Batasunaren barruko entrega bat izateagatik, azken zerga horren araudian aurreikusitakoarekin bat.

64 decies artikulua.– Batasunaren barruko zirkulazioari buruzko xedapen bereziak.

Foru dekretu arauemaile honen I. tituluko I. kapituluan Batasunaren barruko zirkulazioari buruz jasotzen diren hurrengo xedapenak ez zaizkio zerga honi aplikatuko. Zehazki:

a) 4. artikuluko 8., 10., 11., 12., 14., 15., 16., 27. eta 34. apartatuak.

b) 7. artikuluaren 1. apartatuko c), d), f), g), i) eta m) letrak.

c) 8. artikuluaren 2. apartatuko c), d) eta e) letrak, eta artikulu horretako 3., 4., 6. eta 9. apartatuak.

d) 10. artikuluaren 1. apartatuko c), d) eta e) letrak.

e) 13. artikuluko 2. apartatua.

f) 15. artikuluko 7. apartatua.

g) 16. artikuluko 2., 3. eta 4. apartatuak.

h) 17. artikulua.»

Hamar.– Bigarren xedapen iragankor bat gehitzen da, jarraian zehazten den edukiarekin, eta orain artekoa lehenengo xedapen bihurtzen da:

«BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Zigarreta elektronikoetarako likidoen eta tabakoarekin lotutako beste produktu batzuen gaineko zergaren aitorpen informatiboa aurkeztea.

Zigarreta elektronikoetarako likidoen eta tabakoarekin lotutako beste produktu batzuen gaineko zerga indarrean jarri eta hurrengo 30 egunetan, zerga horren xede diren produktuak helburu komertzialekin biltegiratzen dituztenek aitorpen informatibo bat aurkeztu beharko dute Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan, eta zerga indarrean jartzeko unean biltegiratua duen produktu mota eta kantitatea zehaztu behar dute bertan. Bereziki, aitorpen horretan produktuak sailkatu beharko dira foru dekretu arauemaile honen 64 sexies artikuluan araututako zerga tasei dagozkien apartatuen arabera.

Aurreko aitorpena epe barruan ez aurkeztea, edo osatu gabe, oker edo datu faltsuekin aurkeztea zerga arloko arau-hauste larria izango da. Zehapena 500 euroko diruzko isun finko bat izango da, eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorraren 192. artikuluan xedatutakoa aplikatuko zaio.»

AZKEN XEDAPEN BAKARRA.– Indarrean jartzea.

Foru dekretu arauemaile hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Donostia, 2025eko ekainaren 10a.

Diputatu nagusia,

EIDER MENDOZA LARRAÑAGA.

Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatua,

MIREN ITZIAR AGIRRE BERRIOTXOA.


Azterketa dokumentala