
126. zk., 2025eko uztailaren 4a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (145 KB - 5 orri.)
- EPUB (138 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
JUSTIZIA ETA GIZA ESKUBIDEEN SAILA
3014
EBAZPENA, 2025eko ekainaren 25ekoa, Justiziako sailburuordearena, espetxe-arloko lan eta ikerketaren «Francisco Javier Gómez Elosegui» saria emateko 2025erako deialdia egiten duena.
Maiatzaren 16ko 68/2023 Dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen 2023ko maiatzaren 30ean (101. zk.), eta espetxe-arloko lan eta ikerketaren «Francisco Javier Gómez Elosegui» saria sortu eta arautzen du.
«Francisco Javier Gómez Elosegui» sariaren helburua da jendaurrean aitortzea eta saritzea beren ibilbide pertsonal edo profesionalarekin giza eskubideen defentsan eta espetxeetako birgizarteratze-lanetan aparteko merezimenduak dituzten pertsonak edo kolektiboak, bai eta espetxe-arloko diziplina anitzeko ikerketa sustatzea ere.
Francisco Javier Gómez Elosegui, espetxeetako psikologoa, bere bizitza profesionalean espetxeak gizatiartzeko eta preso guztien giza eskubideak zorrotz errespetatzeko eta birgizarteratzeko ahaleginean nabarmendu zen, eta ETAk 1997ko martxoaren 11n hil zuen. Haren oroimenez eman zaio izena sariari.
Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren 2025-2028 aldirako dirulaguntzen plan estrategikoa onartzen duen Justizia eta Giza Eskubideen sailburuaren Aginduan aurreikusten da sari hau ematea.
Era berean, aurrekontu-zuzkidura 16 1413 13 451 22/1236 partidari dagokio, «Espetxe-arloko ibilbide eta ikerketaren saria» kontzeptupean, eta jasota dago Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 20ko 8/2024 Legean.
Sariaren urteko deialdia Justiziako sailburuordearen ebazpen baten bidez egiten da, lehen aipatutako 68/2023 Dekretuak ezartzen duen moduan. 68/2023 Dekretuak berezko araubide juridikoa du, dirulaguntzei aplikatzen zaienaz bestelakoa; izan ere, 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak berak dirulaguntzaren kontzeptutik kanpo uzten ditu mota horretako deialdiak –onuradunak eskatu gabe ematen direnak–.
Horregatik guztiagatik, honako hau,
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Espetxe-arloko lan eta ikerketaren «Francisco Javier Gómez Elosegui» sariaren 2025eko deialdia egitea.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen dagozkion arauek ordeztuko dituzte, indargabetuta daudelako, 68/2023 Dekretuan azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluari eta VII. tituluko III. kapituluari egiten zaizkien erreferentziak.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Justizia eta Giza Eskubideen sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 25a.
Justiziako sailburuordea,
ALFONSO GÓMEZ FERNÁNDEZ.
I. ERANSKINA
«FRANCISCO JAVIER GÓMEZ ELOSEGUI» SARIAREN DEIALDIA 2025ERAKO
Lehenengoa.– Agindu honen xedea da «Francisco Javier Gómez Elosegui» saria emateko 2025eko deialdia egitea, publikoki aitortzeko espetxeen arloan giza eskubideen defentsaren eta birgizarteratze-zereginen arloan egindako jarduera nabarmena. Sari hori 2023ko maiatzaren 16ko 68/2023 Dekretuan aurreikusita dago, espetxe-arloko lan eta ikerketaren «Francisco Javier Gómez Elosegui» saria sortu eta arautzen duenean.
Bigarrena.– Saria ohorezko aipamen batek, aintzatespen publiko batek eta diru-zenbateko batek osatuko dute, eta ordainketa bakarrean ordainduko da, saria eman ondoren. Saria 10.000 eurokoa izango da. Epaimahaiak saria «ex aequo» ematen badie zenbait hautagairi, zenbatekoa proportzionalki hainbanatuko da haien artean. Sarituak uko egin ahal izango dio sariaren zuzkidura ekonomikoari, hargatik eragotzi gabe ohorezko aipamena eta aintzatespen publikoa onartzen jarraitzea.
Hirugarrena.– «Francisco Javier Gómez Elosegui» saria sortu eta arautzen duen maiatzaren 16ko 68/2023 Dekretuan aipatzen diren pertsonek eta entitateek aurkeztu ahal izango dituzte hautagaitzak, eta Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Saileko Justizia Zuzendaritzara zuzendu beharko dira (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan zehaztutako edozein bide erabiliz.
Hautagaitzak aurkeztu nahi dituzten pertsona juridikoek bitarteko elektronikoen bidez kontsultatu eta egin beharko dituzte prozedura honetako izapide guztiak. Hautagaitzak aurkezteko interesa duten pertsona fisikoek bide presentziala edo elektronikoa erabili ahal izango dute. Kanal horietako edozein erabiltzeak ez du esan nahi prozeduraren hurrengo izapideetan erabili behar direnik, eta edozein unetan alda daitezke.
Hautagaitza inprimaki normalizatuan beteko da, ebazpen honen eranskinean jasotako ereduaren arabera. Inprimaki hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri.
Hautagaitzak aurkezteko moduari buruzko zehaztapenak euskadi.eus-eko egoitza elektroniko honetan daude eskuragarri:
https://www.euskadi.eus/servicios/1223603
https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1223603
Eskabidearen ondorengo izapideak, bide elektronikoz, helbide honetan egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/
Laugarrena.– Hautagaitzak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Bosgarrena.– Honako hauek osatuko dute epaimahaia:
a) Presidentea: espetxe-legeria betearazteko eskumena duen sailburuordea.
b) Batzordekideak:
– José Luis de la Cuesta Arzamendi jauna. Zigor Zuzenbideko katedraduna eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Kriminologiaren Euskal Institutuko zuzendaria.
– Ruth Alonso andrea, Espetxe Zaintzako Epaitegiko magistratua.
– Marian Moreno andrea, Gipuzkoako espetxeko psikologoa.
– Jon Mirena Landa Gorostiza jauna, Zigor Zuzenbideko katedraduna eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Giza Eskubideen eta Botere Publikoen UNESCO Katedraren zuzendaria.
c) Idazkaria: Justiziako zuzendaria; hitza izango du, baina botorik ez.
RSS