Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

126. zk., 2025eko uztailaren 4a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

MUGIKORTASUN JASANGARRIAREN SAILA
3011

EBAZPENA, 2025eko ekainaren 12koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez ontzat ematen baita «Irungo Nazioarteko zubia (20/929 KP ETSko Donostia-Hendaia lineakoa) birgaitzeko eraikuntza-proiektua».

2022an, Euskal Trenbide Sareak Irungo Nazioarteko zubiaren sostengu-gaitasuna aztertu zuen, «Irungo Nazioarteko Zubiaren sostengu-gaitasunaren azterketa idazteko zerbitzua (ETSren Donostia-Hendaia lineako 20/929 KP)» kontratuan.

2022an egindako lanetik ondorioztatu da beharrezkoa dela zubia birgaitzea, bai eta bideen karga handitu behar izanez gero indartzea ere.

Ondorioz, 2023an «Irungo Nazioarteko zubia birgaitzeko eraikuntza-proiektua idazteko zerbitzua» kontratatzeko lizitazioa atera zen, eta TYPSAri esleitu zitzaion. 2023ko uztailaren 7an sinatu zuen kontratua.

ETSk sustatutako zubian egindako ikuskapenetatik eta «Irungo Nazioarteko zubiaren sostengu-gaitasunaren azterketa idazteko zerbitzua (ETSren Donostia-Hendaia lineako 20/929 KP)» kontratutik ondorioztatu da zubia birgaitzeko beharra dagoela.

Proiektuan jasota daude aurretiazko ikuskapen-lanetan hautemandako patologiak eta gabeziak, eta horiek zuzentzeko balizko aukerak baloratu eta Irungo Nazioarteko zubia erabat birgaitzeko beharrezko jarduketak zehaztu dira.

Biaduktu hori 1913an eraiki zen Irun eta Hendaia lotzeko. Donostia-Hendaia tren-lineako azken fasea izan zen. Nazioarteko zubia inauguratu baino urte gutxi batzuk lehenago eraiki zen zubia. Lehen, errepide bidezko zubia zen, eta Etorbideko zubia zuen izena. Kontratuaren xede-zubitik 5 metro eskasera zegoen. «Compañía del Ferrocarril de San Sebastián a la Frontera Francesa» erakundeak sustatu zuen, eta Ignacio Ugarte ingeniariak aurkeztu zuen proiektua.

Ibaiaren hondoa lohitsua izanik, zeharkako zimendatzea egin zen egurrezko pilotajeen gainean, eta horretarako lubetak egin ziren ibilguaren gainean, pilotajeak sartzeko gabiak ezarri ahal izateko. 6-7 metroko luzeran sartu ziren.

Egurrezko zinbrien bidez ganga eliptikoak egin ziren, alboetako harlanduz eta itundutako kareharrizko harlangaitz-hormez osatuak haien artean.

Donostia-Hendaia trenbide-linearen 20/929 KP kilometro-puntuan, Euskal Trenbide Sarearen Tren Administrazioari dagokionean, kokatzen da aipatutako nazioarteko egitura, Irun eta Hendaia udalerrien artean, eta Bidasoa ibaia gurutzatzen du Txingudiko badian itsasoratzen den lekuan.

Ur gora Etorbideko nazioarteko zubiarekin egiten du muga. Lehen errepide bidezkoa zen, eta egun oinezkoentzako da. Ur behera Madril-Hendaia nazioarteko trenaren zubiarekin egiten du muga, eta zubi hori ADIF eta SNCFren jabetzakoa da. Kasualitatez, bi zubiak berriki birgaitu dira.

Egitura marea-eremuan dago, eta Bidasoa ibaiaren bokaleko korronteekiko esposizioan dago.

Proiektatutako obra Irungo Nazioarteko zubia birgaitzean datza. Euskal Trenbide Sarea Trenen Sektoreko Administrazioaren Donostia-Hendaia trenbide-linearen parte da zubia (20/929 KP), eta Irun eta Hendaia udalerriak lotzen ditu, Bidasoa gurutzatuz Txingudiko badian itsasoratzen den lekuan.

Horretarako, P1 eta P4 pilen zimendatzeak indartuko dira, egun hondoratuta baitaude eta egurrezko piloteak agerian, hondatze-zantzuekin.

Zimendatzeak indartzeko obrak amaitu ondoren, biaduktua konpontzen jarraituko da, zimendatzeen gainean bermatutako aldamioekin. Aldamio horiek konponketetarako materiala biltzeko eta konponketa-jardueretarako erabiliko dira. Jarduera horiek izango dira, batik bat, hormigoizko elementuak karbonatatzetik babestea, landareak eta gainazal kaltzifikatuak kentzea, kaltetutako harlanduak elkartu eta berreraikitzea eta baranda ordezkatzea.

Proiektua egikaritzeko aurrekontua bi milioi ehun eta laurogeita bat mila hirurehun eta hogeita hamahiru euro eta berrogeita hamalau zentimokoa da (2.181.333,54). Lizitaziorako oinarrizko aurrekontua hiru milioi ehun eta berrogei mila bederatziehun eta bi euro eta hamasei zentimokoa (3.140.902,16) dela, BEZa barne; eta Administrazioak horren berri izateko aurrekontua: bi milioi seiehun eta bi mila eta hogeita sei euro eta laurogeita hamaika zentimo (2.602.026,91), BEZik gabe.

Obrak egiteko hamasei hilabeteko (16) epea aurreikusten da.

Euskal Trenbide Sareko (ETS) Zerbitzu Teknikoek egiaztatu dute proiektu honek bere xedeari erantzuten diola eta Sektore Publikoko Kontratuen Legeak eta Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrak eskatutako baldintzak betetzen dituela, kontrata bidez egikaritzeko behar diren alderdi nahikoak jasotzen baititu; halaber maila formalean berrikusi du proiektua, eta berresten du bete egiten duela Sektore Publikoko Kontratuen Legean eta Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrean ezarritakoa, maila formalean, beharrezko dokumentuak eta indarrean dagoen araudia sartzeari dagokionez, edukiari, sinadurei eta alderdi formalei, beharrezko kalkulu-oinarri eta -hipotesiei eta Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 233.1 artikuluan zerrendatutako edukiari dagokienez.

Organo honek eskumena du Euskal Trenbide Sareko obren proiektuak onartzeko, hala xedatzen baitu Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 19ko 382/2024 Dekretuak 11.2.b) artikuluan.

Aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta oro har aplikatu beharrekoak ikusita, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– «Irungo Nazioarteko zubia (20/929 KP ETSko Donostia-Hendaia lineakoa) birgaitzeko eraikuntza-proiektua» onartzea. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua, BEZa barne, hiru milioi ehun eta berrogei mila bederatziehun eta bi euro eta hamasei zentimokoa da (3.140.902,16), eta obrak egiteko epea hamasei hilabetekoa (16) izango dela aurreikusi da.

Bigarrena.– Eraikuntza-proiektu hau onartzeak berekin dakar obrak onura publikokoak edo interes sozialekoak direla deklaratzea, okupatzeko beharra adieraztea eta dagokion eraikuntza-proiektuaren beraren eranskinean zerrendatuta dauden erasandako ondasunak eta eskubideak lehenbailehen okupatu behar direla adieraztea.

Ebazpen hau ez da behin betikoa administrazio-bidean, eta beronen aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Azpiegituren eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Idazki hori organo honi edo Azpiegituren eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordeari bidali beharko zaio.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute, bi (2) hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien aretoan, hargatik aldez aurretik errekerimendua egitea eragotzi gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 12a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.


Azterketa dokumentala