Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

126. zk., 2025eko uztailaren 4a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ONGIZATE, GAZTERIA ETA ERRONKA DEMOGRAFIKOAREN SAILA
3009

AGINDUA, 2025eko ekainaren 16koa, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuarena, zeinaren bidez Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren SEEP Funtsak Kudeatzeko Prozeduren Eskuliburua eta SEEP Funtsak Kudeatzeko Kontrol Plana onartzen baitira.

COVID-19ak eragindako pandemiak aurrekaririk gabeko krisi ekonomiko, sozial eta sanitarioa ekarri zuen. Krisi horri erantzuteko, asmo handiko Suspertze Funtsa jarri zen martxan, COVID-19 osteko munduan ekonomiak suspertzeko prozesuan laguntzeko, 2021etik aurrera.

2020ko abenduaren 31n, 36/2020 Errege Lege Dekretua argitaratu zen, abenduaren 30ekoa, zeinaren bidez presako neurriak onartu baitziren Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana egikaritzeko. Bestalde, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko (EB) 2021/241 Erregelamenduak Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa (SEM) ezarri zuen, eta Erregelamendu hori betez, Ministroen Kontseiluak, 2021eko apirilaren 27ko bileran, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana (aurrerantzean, SEEP) onartu zuen.

2021eko ekainaren 16an Europako Batzordeak positiboki ebaluatu zuen plana, eta 2021eko uztailaren 13an Europako Kontseiluak onartu zuen.

SEMen jarraibideekin bat, SEEPen barruan inbertsio-lerro hauek sartzen dira (besteak beste), horietan txertatzen direlarik Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren azpi-proiektuak.

SEEPen kargura finantzatutako espedienteak justifikatzeko aurkeztu beharreko dokumentazio zabalaren eta haren zailtasunaren ondorioz, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren SEEP Funtsak Kudeatzeko Prozeduren Eskuliburua egin da, bai eta kudeaketa kontrolatzeko eskuliburu bat ere, biak ala biak tresna metodologiko apartak baitira funtsak kudeatzeko zehaztasun guztiak eta horien Kudeaketa Organoek eskatutako gainerako betekizunak identifikatzeko. Halaber, prestakuntza-tresna egokiak ere badira partaide guztiek erabil ditzaten Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean (SEEP) txertatutako azpi-proiektuak egikaritzean.

Eskuliburuak kudeaketa eta jarraipeneko sistema berri honen aplikazioa erraztea du xede, hartara eraginkortasun, efizientzia, bikaintasun eta zorroztasun gehiago lortzeko SEEPen neurriak aplikatzean. Helburua da EBko funts hauen ahalmen eraldatzailea ahalik eta pertsona, operadore publiko eta pribatu, eta, oro har, herritar gehienengana iristea. Ondore horietarako, eskuliburuaren xedeen artean dago SEEPen kudeaketaren berezitasunak jasotzea, disfuntzionaltasunak saihestea, eta funtsak egikaritzeko jarraipen metodikoa erraztea, eta, horretarako, eginkizun zehatz batzuk esleitzen zaizkie egikaritzan eta kudeaketan inplikatutako zeharkako zerbitzu funtzionalei.

2023ko martxoaren 31n egindako bileran, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko informazioa emateko eta haren jarraipena egiteko Sailarteko Batzordeak gomendatu zuen Eusko Jaurlaritzako sail bakoitzak SEEP funtsak kudeatzeko prozeduren eskuliburu propioa onar zezala, kasuan kasuko sailburuaren aginduaren bidez.

Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 320/2024 Dekretuak Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren egitura sortu eta ezarri zuen. Nahiz eta orain arte lehengo Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailerako onartutako Kudeaketa Eskuliburua eta Kontrol Plana erabili diren, beharrezkoa da Sailerako berariaz egindako Kontrol Plana eta Kudeaketa Eskuliburua onartzea.

Agindu hau administrazio-egintza bat da, eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kudeaketa-sistema zehazten duen irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduan jasotako aurreikuspenak garatzen ditu. 2023ko maiatzaren 12ko bileran, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko informazioa emateko eta haren jarraipena egiteko Sailarteko Batzordeak Suspertze eta Erresilientzia Planeko Funtsak Kudeatzeko Kontrol Planerako gida onartu zuen, eta kasuan kasuko sailetan Suspertze eta Erresilientzia Planeko Funtsak Kudeatzeko Kontrol Plana onartzearen edo ez onartzearen eginkizuna zehaztu zuen, sailburuaren aginduaren bidez.

Espedientean ageri den agindu-proposamenak bete egiten ditu bai irailaren 29ko HFP/1030/2021 Agindua, zeinaren bitartez Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana kudeatzeko sistema eratzen baita, bai irailaren 29ko HFP/1031/2021 Agindua, zeinaren bitartez ezartzen baitira Estatuko, autonomia-erkidegoetako eta tokiko sektore publikoko entitateek informazioa emateko prozedura eta formatua, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren osagaietako neurrien mugarri eta helburuen betetze-mailari eta neurrion aurrekontu- eta kontabilitate-betearazpenari jarraipena egiteko.

Sailak, Zerbitzuen Zuzendaritzaren bidez, SEEP funtsak kudeatzeko Prozeduren Eskuliburuaren ardura izango du, eta berau izango da hura egokitu, berrikusi eta eguneratuko duena. Lan-agiria izanik, gomendatzen da eskuliburuko berrikuspen horiek urtero egitea, eta horien berri ematea Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritzari. Prozeduren Eskuliburua edo Kudeaketaren Kontrol Plana berrikusteko prozedurari dagokionez, Saileko SEEP Funtsak Kudeatzeko Prozeduren Eskuliburua eta SEEP Funtsak Kudeatzeko Kontrol Plana berrikustea sailburuari dagokio.

Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko informazioa emateko eta haren jarraipena egiteko Sailarteko Batzordeak gomendatu zuen planean egiten ziren aldaketak Zerbitzuen Zuzendaritzari eskuordetzea, baldin eta aldaketa horiek funtsezkoak ez badira. Eskuordetze horrek haren onarpen-agindutik urtebeteko epean izango du eragina.

SEEP Funtsak Kudeatzeko Kontrol Planean eta Prozedura Eskuliburuan sartutako aldaketak jasota agertuko dira, eguneratu den hori argi eta garbi ikus dadin; halaber, aldaketa-kontrolaren taula beteko da.

Horren arabera, eta Jaurlaritzaren ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26.4 artikuluak, urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko (EB) 2021/241 Erregelamenduak, abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege-dekretuak, irailaren 29ko HFP 1030/2021 Aginduak, eta irailaren 29ko HFP 1031/2021 Aginduak ematen didaten eskumena baliatuz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren SEEP Funtsak Kudeatzeko Prozeduren Eskuliburua onartzea (III. eranskinean agertzen da).

Bigarrena.– Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren SEEP Funtsak Kudeatzeko Kontrol Plana onartzea (I. eranskinean agertzen da).

Hirugarrena.– Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saileko Zerbitzuen Zuzendaritzari eskuordetzea SEEP Funtsak Kudeatzeko Kontrol Planean eta Prozeduren Eskuliburuan aldaketak egiteko eskumena, baldin eta aldaketa horiek funtsezkoak ez badira.

Laugarrena.– Agindu hau argitara eman dadin agintzea, dagokien bitarteko ofizialen bidez eta, edonola ere, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailari www.euskadi.eus webgunean dagokion eremuan.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 16a.

Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua,

NEREA MELGOSA VEGA.


Azterketa dokumentala