
126. zk., 2025eko uztailaren 4a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (210 KB - 16 orri.)
- EPUB (123 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
3008
AGINDUA, 2025eko ekainaren 24koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez dirulaguntzetarako deialdia egiten baitzaie Lanbide Heziketako heziketa-zikloak irakasten dituzten itunpeko ikastetxe pribatuei, 2025-2026ko ikasturtean Lanbide Heziketako irakasleak prestatzeko jarduerak egin ditzaten.
Hezkuntza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzeko azaroaren 19ko 381/2024 Dekretuak Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari esleitzen dizkion egitekoen artean dago Lanbide Heziketako irakasleentzako etengabeko prestakuntza-planak diseinatu, aplikatu eta gauzatzea, barnean hartuta eguneratzea eta espezializatzea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legeak 31. artikuluan ezartzen duenez, Lanbide Heziketan berrikuntza eta etengabeko hobekuntza sustatzeko, ezinbestekoa izango da irakasleak prestatzea, ikasgeletan lantzeko ikaskuntza-metodologia aktibo berriak ikasi eta gara ditzaten eta eduki profesional espezifikoak berengana ditzaten. Horren bidez, irakasle horiek ingurune konplexuetan aritzeko dituzten konpetentziak areagotzea bilatzen da. Aurreko paragrafoan adierazitakoa betetzeko, EAEko hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketaren arloan eskumena duen sailak irakasleentzako prestakuntza-programak eratuko ditu.
Ildo beretik, Lanbide Heziketa Antolatu eta Integratzeko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoak irakasleen prestakuntzari dagokionez xedatzen du etengabeko prestakuntza Lanbide Heziketako Sistemako irakasle eta prestatzaile guztien eskubidea eta betebeharra dela, bai eta Lanbide Heziketa ematen duten ikastetxeen eta administrazioen erantzukizuna ere, eta arreta berezia eskainiko diotela berrikuntza eta ikerketa aplikatuko, ekintzailetzako, digitalizazioko eta atzerriko hizkuntzetako prestakuntzari. Etengabeko prestakuntza bermatuko dute konpetentzia digitaletan, eta horien diseinu eta irisgarritasun unibertsala txertatuko dute, bai euskarri teknologikoak erabiltzeari dagokionez, bai materialak lantzeari dagokionez, bai irakaskuntza-metodologia berritzaileak baliatzeari dagokionez.
Lanbide Heziketako ikastetxeek, irakasleen parte-hartzearekin, ikastetxeko prestakuntza-planak diseinatzen dituzte, Lanbide Heziketako Euskal Sistemaren premiei erantzuteko. Premia horiek Lanbide Heziketako 6. Euskal Planean daude jasota, eta plana Hezkuntza Sailaren webgunean dago eskuragarri. Ikastetxe horiek irakasleen prestakuntza-premiak detektatzen dituzte, eta landu beharreko prestakuntza-jarduerak identifikatzen, oinarri hartuta ikastetxearen proiektu estrategikoaren lehentasunezko helburu eta jarduerak eta Lanbide Heziketako 6. Euskal Planaren 7 ardatz estrategikoak. Hortik abiatuta pentsatu behar dira dirulaguntza-deialdi honen zuzkidura ekonomikoa eskuratzeko hautagai izango diren prestakuntza-jarduerak, zeinak ikastetxearen 2025-2026ko ikasturteko plangintzan jaso beharko baitira.
Deialdi hau Hezkuntza Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoko 4226 programaren barruan dago –«Etengabeko Ikaskuntza eta Helduen Hezkuntza»–; hain zuzen ere, Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzaren 2. helburu estrategikoari erantzuten dio: «Lanbide Heziketako irakasleen eguneratze eta espezializazio pedagogikoa sustatzea». Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoa Hezkuntzako sailburuaren 2025eko apirilaren 15eko Aginduaren bidez onartu zen, eta Hezkuntza Sailaren www.euskadi.eus webgunean dago argitaratuta, haren berri emateko.
Lanbide Heziketako Sailburuordetzak 2022ko azaroaren 7an onetsi zuen Lanbide Heziketako 6. Euskal Plana. Plan hori benetan hedatzeko, hau da, Lanbide Heziketako Euskal Sistemaren eraldaketak gidatzeko tresna izateko, itunpeko ikastetxe pribatuei dei egin die Sailburuordetzak, beren irakasle taldearen bitartez ikastetxearen konpetentziak indartuko dituzten jarduera eta proiektuetan parte hartzeko eta teknologia aurreratuko inguruneei erantzuteko. Lanbide Heziketako 6. Euskal Planak giza garapen jasangarriaren, pertsonen talentuaren sustapenaren eta ikaskuntza-eredu aurreratuen aldeko apustua egin du, ingurune produktibo, teknologiko eta digital berri baten erronkei erantzuteko. Era berean, EAEko Lanbide Heziketaren rola finkatu du, eraldaketa- eta berrikuntza-eragile bihurtu baitu, funtsezkoa delako pertsonen enplegagarritasuna nahiz Euskadiko enpresen lehiakortasuna hobetzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Ildo horretatik, Lanbide Heziketako 6. Euskal Planak hainbat helburu eta jarduera-ildo nagusi ezartzen ditu esparru estrategiko hauen barruan: teknologia, digitalizazioa eta sistema adimendunak; berrikuntza estrategikoa eta eraldaketa disruptiboa; adimenaren kudeaketa Lanbide Heziketako 5.0 ikastetxeetan; bioteknologia, berroneratzea eta ongizatea; giza garapena, eta Lanbide Heziketako 5.0 ikastetxeak.
Egoera horrek nahitaez eskatzen du Lanbide Heziketako ikastetxeetan aritzen diren pertsonak prestakuntza aurreratu, moderno, disruptibo, zehatz eta pertsonalizatuaren bidez gaitzea, haien konpetentzia teknikoak eta trebetasun pedagogikoak maila gorenekoak izaten jarraituko dutela bermatzeko, eta, orobat, gai izateko 4.0 eta 5.0 industrian sortzen diren premiei azkar eta malgutasunez erantzuteko; izan ere, saihestu ezin den zeregina da hori.
Jarduera-esparru horretan, Lanbide Heziketako 6. Euskal Planaren 7 orientazio-ardatz estrategikoak lortzera bideratutako prestakuntza-jarduerak sustatuko dira, eremu hauetan: teknologia, digitalizazioa eta sistema adimendunak; berrikuntza estrategikoa eta eraldaketa disruptiboa; adimenaren kudeaketa Lanbide Heziketako 5.0 ikastetxeetan; bioteknologia, berroneratzea eta ongizatea; giza garapena –pertsonak, eraldaketaren protagonista–; Lanbide Heziketako 5.0 ikastetxe adimendunak; eta Lanbide Heziketako Euskal Sistemaren nazioartekotzea.
Era berean, prestakuntzako jardueren bidez, genero-ikuspegia txertatzeko jarduerak sartzea bultzatuko da, baita hizkuntza-normalizazioari laguntzen diotenak ere, euskararen erabilera sustatuz eta indartuz.
Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Dirulaguntzetarako deialdia egitea itunpeko ikastetxe pribatuei, 2025-2026ko ikasturtean Lanbide Heziketako irakasleak prestatzeko jarduerak egin ditzaten, eta agindu honen eranskinean ageri diren oinarri arautzaileak onartzea.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek jasotzen ez dituen alderdiak arautzeko, aplikatzekoak izango dira Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta laguntza eta dirulaguntza publikoei buruzko araudia.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean. Halaber, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari, bi hilabeteko epean. Bi epeok agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 24a.
Hezkuntzako sailburua,
MARÍA BEGOŃA PEDROSA LOBATO.
OINARRI ARAUTZAILEAK.
I. KAPITULUA
OINARRI OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da dirulaguntzak ematea 2025-2026ko ikasturtean erdi-mailako eta goi-mailako heziketa-zikloak, oinarrizko lanbide-heziketakoak eta espezializazio-ikastaroak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuei, ziklo horiek ematen dituzten irakasleak prestatzeko jarduerak egin ditzaten; dirulaguntzak lehia bidezko konkurrentzia-prozeduraren bidez esleituko dira.
2. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.
240.000 euro erabiliko dira agindu honen xede diren jarduerak diruz laguntzeko.
3. artikulua.– Prestakuntza-jardueren esparru orokorra.
1.– Deialdi honen barruko prestakuntza-jarduerak ikastetxe bakoitzeko prestakuntza-planean hautemandako beharren araberakoak izango dira, eta, ahal izanez gero, Lanbide Heziketako 6. Euskal Planaren 7 ardatz estrategikoei lotuta egongo dira.
2.– Ikastetxe bakoitzeko zuzendaritzak aukeratuko du ikastetxeko prestakuntza-planaren barruko zer jarduera aurkeztuko dituen deialdi honen bitartez finantzatzeko.
4. artikulua.– Prestakuntza-jardueren betekizunak.
1.– Erdi-mailako, goi-mailako eta oinarrizko lanbide-heziketako eta espezializazio-ikastaroetako irakasleen lana hobetu eta haien garapen profesionala bultzatzen lagundu behar dute prestakuntza-jarduerek, eta ikastetxe bakoitzak 2025-2026ko ikasturtean eskaintzen duen prestakuntzarekin lotuta egongo dira.
2.– Prestakuntza-jardueretan parte hartzen dutenak Lanbide Heziketako irakasle izango dira diruz lagundutako ikastetxean. Era berean, baldintza hauetakoren bat betetzen duten ikastetxeek ikastetxe-arteko jarduerak egin ahal izango dituzte:
a) Lurralde historiko bereko ikastetxeak izatea.
b) Lanbide-familia bereko heziketa-zikloak irakasten dituzten ikastetxeak izatea.
c) Zeharkako konpetentziak eskuratzea errazten duten prestakuntza-jarduerak proposatu dituzten ikastetxeak izatea.
3.– Ikastetxe-arteko jardueretarako eskariaren ikastetxe titularra izango da prestakuntza-jarduera horiek egin eta justifikatzearen arduradun bakarra.
4.– Prestakuntza-jardueretan gutxienez 8 pertsonak hartu behar dute parte, oro har. Ikastetxe batean kopuru horretara iristen ez badira, jarduerak ikastetxe-arteko jarduera moduan aurkeztu beharko dira.
Salbuespenez, lurralde historikoko 2 ikastetxetan edo gutxiagotan ezarritako heziketa-ziklo bati dagokion jarduera bada edo EAEn ezarri berria bada eta hau bada irakasten den lehenengo edo bigarren urtea, gutxienez 4 lagunekin hautatu ahal izango dira jarduerak.
5.– Prestakuntza-jarduera bakoitza gutxienez 10 ordukoa izango da, eta gehienez 35ekoa. Prestakuntzako orduak online egin daitezke (sinkronoa eta/edo asinkronoa) edo presentzialak izan daitezke:
Ordu sinkronoetan prestakuntza ematen duena eta hartzen ari dena une berean ari dira lanean eta presentziala edo online emandakoa izan daiteke. Hau da, parte-hartzaileak denbora errealean dabiltza elkarreragiten, norabide bikoa da elkarreragin hori, eta materiala eta dokumentuak partekatzeko aukera dago.
Ordu asinkronoetan ikastaroa ematen ari denaren eta ikastaroko partaidearen arteko elkarreragina gune eta une desberdinetan gertatzen da.
6.– Nahitaezkoa da prestakuntza-jarduerek dirulaguntzarik jaso ez izana deialdiaren aurreko ondoz ondoko bi ikasturteetan, ikastetxe berean eta izenburu berarekin edo eduki berekin. Ez da ulertuko izenburu bera dutenik urte anitzeko (gehienez 3 urteko) prestakuntza-jarduera bateko mailek, ondoz ondoko zenbait ikasturtetan egiten badira.
Aurreikuspen hori ez zaie aplikatuko dirulaguntza eman ondoren hari uko egiteko eskaera aurkezten duten ikastetxeei, deialdi honen 20.3 artikuluan xedatutakoaren arabera.
7.– Ikastetxeko antolakuntza-autonomiaren baitan, irakasleen prestakuntza-jardueren ordutegiak ez du oztopatuko irakasle parte-hartzaileen eskola-ordutegia.
8.– Diruz lagunduko diren prestakuntza-jarduerek ezin izango dute sexuan oinarritutako diskriminaziorik eragin.
5. artikulua.– Ikastetxe bakoitzean diruz lagunduko den gehieneko jarduera kopurua.
1.– Ikastetxe bakoitzak eskabide bakarra aurkeztuko du, eta hor ordenatu beharko ditu prestakuntza-jarduerak lehentasun-ordenaren arabera.
2.– Baldin eta 15.4 artikuluaren arabera onartutako prestakuntza-jarduerei emandako kopuru osoak eskura dagoen kreditua gainditzen badu, ikastetxe bakoitzean gehieneko jarduera kopuru bat lagunduko da diruz, ematen duen heziketa-ziklo kopuruaren arabera. Gehieneko hori tarte hauetan finkatuaren arabera zehaztuko da:
11 heziketa-ziklo baino gutxiago: 8 prestakuntza-jarduera.
11-15 heziketa-ziklo: 10 prestakuntza-jarduera.
16-20 heziketa-ziklo: 12 prestakuntza-jarduera.
20 heziketa-ziklo baino gehiago: 14 prestakuntza-jarduera.
3.– Jarduera bererako bi talde eratzen direnean, bi prestakuntza-jarduera balira bezala hartuko dira.
4.– Emandako jardueren gehieneko muga kalkulatzeko, ez dira kontatuko ikastetxe-arteko jarduerak.
6. artikulua.– Azpikontratazioa.
Ikastetxeko irakasleei prestakuntza-jarduerak emango dizkietenak ikastetxeaz kanpokoak izango dira, dagokien gaian adituak. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluaren arabera, diruz lagundutako jardueraren zenbateko osoa azpikontratatu ahal izango du onuradunak.
7. artikulua.– Entitate onuradunen betekizunak.
1.– Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan ahalko dira Lanbide Heziketako heziketa-zikloak eskaintzeko baimen ofiziala duten EAEko itunpeko ikastetxe pribatu guztiak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan xedatua betetzen badute.
2.– Ikastetxe onuradunek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere. Baldintza horiek eskatzen dira bai onuradun izateko eta bai izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Alde horretatik, egiaztapenak egingo dira ordainketak egiten direnean.
Organo kudeatzaileak modu automatikoan eta behar beste aldiz egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela, eta, horretarako, ez du ikastetxe eskatzaileen baimenik beharko, bat etorriz, betiere, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduarekin eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearekin.
Ikastetxe onuradunak berariaz uka dezake baimen hori. Kasu horretan, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko du, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan ezarritako baldintzen arabera –errege-dekretu horren bidez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartu zen–.
3.– Ikastetxe eskatzaileek baldintza hauek bete beharko dituzte deialdi honetan parte hartzeko:
– Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea galarazten dion zehapen penal edo administratiborik.
– Ez izatea desgaikuntza penal edo administratiborik sexu-diskriminazioa egiteagatik (Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23. artikulua).
Derrigortuta egonez gero, berdintasun-plan bat indarrean izatea edo sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak ezarri izana egiaztatzea, indarrean dagoen legeriak ezarritako baldintzetan.
4.– Aurreko apartatuetan adierazitako betekizunez gain, eskabidean gehitutako erantzukizunpeko adierazpen baten bidez hau ziurtatuko du ikastetxeak:
– Ez da xede eta helburu bererako laguntza edo dirulaguntzarik jasotzen ari administrazio publiko edo entitate pribatuetatik, eta, zehazki, Ikaskuntza eta Berrikuntza Zuzendaritzak kudeatzen duen laguntzarik, hobekuntza-planei, curriculumari eta oinarrizko konpetentzien garapenari zuzenean lotutako prestakuntza-proiektuak eta hezkuntza berriztatzeko proiektuak aurkezteko.
– Ezagutzen ditu Lanbide Heziketako heziketa-zikloak emateko baimenduta dauden ikastetxeetan prestakuntza-jarduerak egiteko deialdiaren baldintzak.
– Konpromisoa hartzen du Hezkuntza Saileko Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari jakinarazteko dirulaguntza emateko eskatzen eta kontuan hartzen diren baldintzei eragiten dien aldaketa oro, baita edozein administrazioren edo ente publiko zein pribaturen eskutik helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak jaso izanaren berri emateko ere.
– Konpromisoa hartzen du bertaratzearen kontrola egiteko erabilitako dokumentu guztiak ikastetxean 5 urtez gordetzeko eta mantentzeko, eta Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzaren edo zuzendaritza horren bidez dokumentu horiek eska ditzaketen organoen esku jartzeko, Aginduaren 20. artikuluko 6. betebeharrak arautzen duenaren arabera.
– Ordainduta ditu dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.
– Ez dago Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan jasotako ezein egoeratan.
– Indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak betetzen ditu.
– Eskabide honetan eta honi gehitutako dokumentuetan adierazitako datu guztiak egiazkoak dira.
5.– Entitate onuradunak apartatu honetan adierazitakoa betetzen duela egiaztatzen duen dokumentazioa edukiko du, eta Administrazioaren esku jarriko du hura egiaztatzeko eskatzen zaionean.
8. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– Soil-soilik gastu hauek lagundu ahal izango dira diruz:
– Prestakuntzan zuzenean parte hartu duten adituen pertsonal-gastuak (ikastetxe eskatzaileaz kanpokoak izango dira pertsona horiek).
– Diruz lagundutako jarduera egiteko behar-beharrezkoak diren gastuak (ezinbesteko materiala, prestakuntza-jarduera egitetik zuzenean sortua).
– Gastu horiek 2025-2026ko ikasturtean zehar egin behar dira.
2.– Ez dira diruz lagunduko honako gastu hauek:
– Ekipamenduen inbertsioa edo amortizazioa.
– Prestakuntza jasotzen duten irakasleen joan-etorriak.
– Ikastetxearen funtzionamendu-gastu arrunta.
– Lokalen kudeaketa- edo alokairu-gastuak.
– Jarduera gauzatzearen ondoriozkoak diren beste batzuk: matrikulak ordaintzea, prestakuntzan aditu direnen egonaldiak.
9. artikulua.– Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa.
Gehienez 110 euro emango da emandako prestakuntza-ordu bakoitzeko.
10. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Agindu honetan araututako dirulaguntzak ematea bateraezina izango da entitate publiko edo pribatuen beste edozein dirulaguntzarekin, baldin eta xede bera badute; zehazki, ezingo dira diruz lagundu hobekuntza-planei, curriculumari eta oinarrizko konpetentzien garapenari zuzenean lotutako prestakuntza-proiektuak eta hezkuntza berriztatzeko proiektuak aurkezteko Ikaskuntza eta Berrikuntza Zuzendaritzak kudeatutako deialdiaren bidez diruz lagundutako jarduerak.
II. KAPITULUA
ESKABIDEAK, ETA DIRULAGUNTZAK EMATEKO PROZEDURA
11. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Entitate interesdunek baliabide elektronikoak erabiliko dituzte, eskabideak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak egiteko:
– Administrazio-prozeduraren informazio-fitxan, izapideak egiteko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak daude eskuragarri, eta, haren bidez, eskabide-inprimakian sartzeko aukera dago, helbide honetan:
https://www.euskadi.eus/servicios/0052013
– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartuta dauden identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri:
https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
– Eskabidearen osteko izapideak helbide honetan egingo dira:
https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
– Halaber, eskabidea ordezkari baten bitartez izapidetu ahal izango da elektronikoki. Horretarako, ordezkaria Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan:
https://www.euskadi.eus/ordezkariak
Entitate eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta dokumentuak. Aukeratutako hizkuntza erabiliko da prozedura osoan.
2.– Ikastetxe eskatzaileak esteka honetan dagoen dokumentazioa aurkeztu eta osatu beharko du:
https://www.euskadi.eus/servicios/0052013
a) A inprimakia: dirulaguntza eskatzen den prestakuntza-jardueren zerrenda duen eskabidea, oinarrizko informazioarekin.
b) Ikastetxearen prestakuntza-plana.
c) A.1 eranskina: «Prestakuntza-jardueraren fitxaren» eranskina, proposatutako jarduera bakoitzari dagokiona.
d) A.2 eranskina: ikastetxearen prestakuntza-planarekin batera, A.2 eranskina entregatuko da, balorazio-irizpideen arabera puntuatua izan ahal izateko.
e) A.3 eranskina: «Klaustroaren akta» daukan eranskina; bertan, berariaz jasoko da klaustroak prestakuntza-jardueren berri baduela, eta bere gain hartzen dituela jarduera horiek parte-hartzaileengan izan ditzakeen ondorio pertsonalak eta ikastetxearen barne-antolamenduan izan ditzakeenak. Ikastetxe-arteko prestakuntzaren kasuan, ikastetxe parte-hartzaile bakoitzeko eranskin bat aurkeztu beharko da.
f) A.4 eranskina: «Ordezkaritza emateko» eranskina, ikastetxe-arteko prestakuntza-jardueretan.
12. artikulua.– Eskabideak aurkezteko eta zuzenketak egiteko epea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Eskabideak eskatutako baldintzak betetzen ez baditu, entitate interesdunari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsa zuzen dezala edo beharrezko dokumentuak aurkez ditzala. Hala egingo ez balu, eskabidean atzera egin duela ulertuko da, ebazpena eman ondoren. Hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatuaren arabera.
13. artikulua.– Dirulaguntzak kudeatzeaz arduratuko den organoa.
1.– Hezkuntza Saileko Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritza izango da agindu honetan araututako laguntzen organo kudeatzailea.
14. artikulua.– Ebaluazio-batzordea.
1.– Jardueren balorazioa, 15. artikuluan xedatutako irizpideen arabera, kide hauek izango dituen batzorde batek egingo du:
1) Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaria, Inge Gorostiaga Luzarraga; batzordeburua izango da.
2) Lurralde-ordezkaritza bakoitzeko teknikari bat:
– Araba: Julen San Vicente Martinez.
– Bizkaia: Leire Gisasola Atxabal.
– Gipuzkoa: Juan Ignacio Larrańaga Hernandez.
3) Miriam Lasagabaster Herrarte, Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzako teknikaria; idazkari-lanak egingo ditu, eta hitza eta botoa izango ditu.
2.– Balorazio-batzordeak, aurkeztutako eskabideak ebaluatu ondoren, behin-behineko balorazio-txostena egin beharko du, eta bertan zehaztuko du egindako balorazioaren emaitza. Alegazioak egiteko epea amaitzen denean, batzorde horrek, denak ebatzi, eta behin betiko balorazio-txostena egingo du.
3.– Balorazio-batzordeko kideak ezin izango dira interes-gatazkako egoera batean egon balioespena egitean, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 8.5 artikuluan ezarritakoa betez. Artikulu horren arabera, dirulaguntzen prozeduretan beharrezko neurriak hartu behar dira, eskabideen balorazioan edo prozedura horien ebazpenean parte hartzen duten pertsona guztien interes-gatazkako egoerak saihesteko.
15. artikulua.– Balorazio-irizpideak eta esleipen-prozedura.
1.– Prestakuntza-jarduerak banan-banan baloratuko dira, deialdi honetako betekizunak betetzen direla egiaztatu ondoren, eta irizpide hauek kontuan hartuta:
a) Alderdi orokorrak (gehienez 2 puntu).
a.1.– Justifikazioa eta helburuak: prestakuntza-jardueraren helburuak zehaztasunez justifikatzen badira, helburu orokorrak eta espezifikoak adierazita (0,7 puntu).
a.2.– Edukiak: irakaskuntza-ikaskuntza prozesuko xedeak eta formak zehatz eta jardueraren helburuekiko koherentziaz zerrendatzen badira: (0,3 puntu).
a.3.– Prestakuntza-ekintzaren ebaluazioa: ebaluazio-tresnak adierazten badira (lanak, kontrolak, inkestak...): (0,5 puntu). Ebaluazio-irizpideak azaltzen badira: (0,5 puntu).
b) Ikastetxearen prestakuntza-plana (gehienez 3 puntu).
Irakasleek epe ertainean dituzten prestakuntza-beharrak finkatuko ditu prestakuntza-planak, ikastetxearen helburuen arabera ordenatuta, eta urteko plangintzan egon beharko da.
b.1.– Prestakuntza-planak bi urteko iraupena badu (2024-2026 edo 2025-2027): (1 puntu).
b.2.– Prestakuntza-planak zehazten badu zer tresna eta irizpide erabiliko diren planak ikastetxean izango duen gauzatzea eta eragina ebaluatzeko: (1 puntu).
b.3.– Prestakuntza-planak hasierako prestakuntza-ekintzak baditu, bitarteko edo ordezko irakasleentzat bereizita: (1 puntu).
c) Lanbide Heziketako 6. Euskal Planean oinarritutako jarduerak badira, eta, beraz, honako orientazio-ardatz estrategiko hauetako batekin edo gehiagorekin lotuta badaude: (gehienez, 4 puntu).
c.1.– Teknologia, digitalizazioa eta sistema adimendunak. (Eraldaketa digitala eta garapen teknologiko adimenduna): 1 puntu.
c.2.– Berrikuntza estrategikoa eta eraldaketa disruptiboa. (Berrikuntza disruptiboa eta ingurune estrategikoetako berrikuntza aplikatua): 1 puntu.
c.3.– Adimenaren kudeaketa 5.0 ikastetxeetan. (Adimen aplikatuaren kudeaketa, konplexutasunaren kudeaketa eta aldaketaren kudeaketa): 1 puntu.
c.4.– Bioteknologia, berroneratzea eta ongizatea. (Biozientziak eta jasangarritasuna eta Lanbide Heziketako ikastetxe jasangarriak): 1 puntu.
c.5.– Giza garapena. Pertsonak, eraldaketaren protagonista. (Goi-errendimenduko prestakuntza, giza dimentsioa eta prestakuntza inklusiboa): 1 puntu.
c.6.– 5.0 ikastetxe adimendunak. (LHko ikastetxe-eredu berria): 1 puntu.
c.7.– LHko euskal sistema nazioartekotzea (Lanbide Heziketako euskal sistema nazioartekotzea): 1 puntu.
d) Honako inguruabar hauetakoren bat gertatzen bada (gehienez 2 puntu):
d.1.– Eskola-arteko prestakuntza-jarduerak: 1 puntu.
d.2.– Ziklo ezarri berria (zikloa ematen den lehenengo edo bigarren urtea): 1 puntu.
d.3.– Ziklo singularra (lurralde historiko berean gehienez bi zentrotan ezarritako zikloa): 1 puntu.
e) Euskaraz ematekoak diren prestakuntza-jarduerak (1 puntu).
f) Aurrekontua: aurkeztutako aurrekontuaren egokitasuna, orduko eta plazako kostu unitarioari dagokionez. Kostu handiagoarekin, puntuazio txikiagoa (gehienez 2 puntu).
g) Irakaskuntza-jardueran genero-ikuspegia sartzeko, gizon eta emakumeen berdintasuna sustatzeko edo genero-indarkeria desagerrarazteko jarduerak (1 puntu).
2.– Eskatutako prestakuntza-jarduerak baloratutakoan, ordenatu egingo dira, kontuan hartuta zenbat puntu lortu dituzten guztira 1. puntuko baremoaren arabera.
Emandako puntuazioan berdinketa egonez gero, lehentasun hau emango da:
– Hasteko, artikulu honetako 1.C apartatuan puntuaziorik altuena lortu duten jarduerak;
– Bigarrenik, euskaraz egingo diren jarduerak (1.E.);
– Eta hirugarrenik, ikastetxe-arteko jarduerak, ikastetxekoen aurretik (1.D).
3.– Puntuaziorik onena lortu duten prestakuntza-jarduerei soilik emango zaie dirulaguntza, deialdi honetara bideratutako aurrekontu-kredituak agortu arte.
4.– Laguntza jasotzeko, prestakuntza-jarduerek gutxienez 6 puntu lortu behar dituzte.
16. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publizitate-prozedura.
1.– Lanbide Heziketako sailburuordeari dagokio agindua behin-behinekoz eta behin betiko ebaztea, balorazio-batzordeak eginiko txostenean jasotakoaren arabera (14.2 artikulua).
https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa
Bestalde, 10 egun balioduneko epea emango zaie ikastetxeei, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, egokitzat jotzen dituzten alegazioak aurkezteko edo, baldin eta proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa eskatutakoa baino txikiagoa bada, eskabidea berriro formulatu ahal izateko, konpromisoak eta baldintzak eman daitekeen dirulaguntzari egokitze aldera.
2.– Nolanahi ere, eskabideak berriro formulatzean, dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburua ez ezik, ezarritako balorazio-irizpideak ere bete beharko dituzte.
3.– Aurkeztutako alegazioak eta eskabideak berriro formulatzeko proposamenak aztertuta, balorazio-batzordeak behin betiko balorazio-txostena idatziko du, eta, ondoren, behin betiko ebazpen-proposamena egingo da, non adieraziko baita eskatzaileetatik zein proposatzen den dirulaguntzaren onuradun izateko eta bakoitzak zer zenbateko jasoko duen. Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariak, instrukzio-organo gisa, Lanbide Heziketako sailburuordeari bidaliko dio proposamen hori.
4.– Ebazpenaren behin-behineko eta behin betiko proposamenek ez dute eskubiderik sortzen, aipatutako proposamenean onuradun gisa ageri diren pertsonen alde, harik eta laguntza emateko ebazpena jakinarazten zaien arte.
5.– Ebazpena jakinarazteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da.
Https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa
Ebazpena argitaratzeko gehieneko epea sei hilabetekoa da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Argitaratzeaz gain, organo kudeatzaileak entitate interesdunei jakinarazpen-abisuak bidaliko dizkie, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inolaz ere egindako jakinarazpenaren ondoriorik izango.
6.– Epea amaitu eta entitate interesdunari ebazpenik jakinarazi ez bazaio, eskabidea ezetsita dagoela ulertuko da.
7.– Prozeduraren ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntza sailburuaren aurrean. Errekurtsoa aurkezteko epea hilabetekoa da, ebazpena egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
17. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.
1.– Dirulaguntza bi zatitan ordainduko da: lehenengoa, emandako laguntza osoaren % 35, laguntza onartu ondoren ordainduko da, 18.1 artikuluan xedatutakoaren arabera. Gainerako % 65a, berriz, justifikazioa 21. artikuluan adierazitako epean eta baldintzetan aurkeztu ondoren.
Dirulaguntzaren zenbatekoak ezin du inola ere gainditu diruz lagundutako jardueraren kostu osoa. Hala gertatuz gero, gehiegizko kopurua bateraezintzat deklaratuko da, eta eman beharreko laguntzaren zenbateko osotik dagokion kopurua kenduko da.
2.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzako dagokion datu-basean egon behar du entitate onuradunak.
Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak eskuragarri jarritako hirugarrenen erregistro telematikora jo beharko da, helbide honetan:
https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/
18. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatu egin direla esango da, azkenean prestakuntza-jardueretara doan kide kopurua hasierako eskabidean adierazitako partaideen % 60ra iristen ez bada. Dirulaguntzaren zenbatekoa proportzioan murriztuko da, orduko eta plazako kostuaren arabera.
Horren ondorioz, ebazpena aldatu egingo da, betiere 4.4 artikuluak finkatutako 8 partaideko gutxieneko kopurua mantentzen bada, artikulu horretan jasotzen diren salbuespenekin.
Ez-betetzetzat hartuko da gutxienez 8 parte-hartzaile ez izatea, eta, halakoetan, itzulketa-prozedura abiaraziko da, aurretik jasotako salbuespenari kalterik egin gabe.
Aipatutako ehunekoa aplikatuta zenbaki hamartar bat emanez gero, behera biribilduko da.
2.– Edozein arrazoi dela medio ikastaroaren iraupena laburtzen bada, dirulaguntzaren zenbatekoa orduko eta plazako kostuaren proportzioan murriztuko da.
3.– Aurrekoa ezertan galarazi gabe, dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatzen badira, eta, hala badagokio, helburu bererako bestelako diru-sarrerak edo baliabideak lortzen badira, horren berri eman beharko zaio Hezkuntza Saileko Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari (agindu honen 20.3 artikulua), eta berekin ekarri ahal izango du ebazpena aldatzea, betiere onuradun izateko ezarritako gutxieneko betekizunak betetzen badira.
4.– Ondorio horietarako, Lanbide Heziketako sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena emango du; ebazpen horretan, emandako dirulaguntzaren kopurua doituko da, edo, hala egokituz gero, jasotako gehiegizko diru-kopurua itzultzeko aginduko da.
19. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.
1.– Dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoa gehi dirulaguntzen arloan aplikatzekoak diren berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, bat etorriz Dirulaguntzen Lege Orokorraren 37.1 artikuluak xedatutako oinarrizko araudiarekin, inguruabar hauetakoren bat gertatuz gero:
a) Ikastetxe onuradunak aurkeztutako azken memoriatik ondorioztatzea jarduerak ez dituela lortu diruz lagundutako proiektuan aintzat hartutako helburuak, 15.1 artikulua oinarri hartuta.
b) Agindu honetan eta beroni garatzen duten ebazpenetan xedatutako edozein betebehar edo baldintza ez betetzea.
c) Ez betetzea Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontuen konturako dirulaguntzen onuradunen edozein betebehar. Betebehar horiek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 33. artikuluetan jasota daude.
d) Aldi berean entitate publiko edo pribatuen beste edozein dirulaguntza jaso izana.
III. KAPITULUA
ONURADUNEN BETEBEHARRAK, JARRAIPENA, EBALUAZIOA, ORDAINKETA ETA ZIURTATZEA
20. artikulua.– Ikastetxe onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun diren ikastetxeek honako betebehar hauek dituzte:
1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, esleipen-ebazpena jakinarazi eta hurrengo hamar egun naturaleko epean ikastetxe onuradunek ez badiote berariaz eta idatziz dirulaguntzari uko egiten, hura onartu dutela ulertuko da.
2.– Diruz lagundutako prestakuntza-jarduerak ikastetxearen 2025-2026ko ikasturterako urteko planean sartzea; jarduera horiek ikastetxeak urte horretarako izango duen prestakuntza-planaren barruan ere egongo dira.
3.– Dirulaguntza emateko kontuan izandako edozein baldintzaren aldaketa edo prestakuntza-jardueraren aldaketa benetan gauzatu baino 15 egun lehenago jakinarazteko konpromisoa hartzea. Hala badagokio, helburu bererako edozein diru-sarrera edo baliabide lortzeak berekin ekarri ahal izango du ebazpena aldatzea, betiere haren onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.
4.– Prestakuntza-jardueraren emaitzak aktan erregistratzea (D.2 eranskina). Amaierako akta itxia izango da, eta gerora ezin izango zaio ezer aldatu, errakuntzak edo aipatu gabeak izan ezik; edonola ere, aldaketak ondo justifikatu beharko dira dokumentu bidez. Prestakuntza-jarduera bakoitzeko amaierako akta bakarra aurkeztuko da, eta artikulu honetako 5. puntuan adierazitako dokumentuetan oinarrituko da.
Amaierako aktak (D.2 eranskina) prestakuntza-jarduera hasi duten parte-hartzaile guztiak jasoko ditu; alegia, A.1 eranskinean (Prestakuntza-jardueraren fitxa) sartutako parte-hartzaileak, bajan dauden parte-hartzaileak kenduta eta parte-hartzaile berriak gehituta (biak D.1 eranskinean sartuta, prestakuntza-ekintzaren amaierako memorian).
5.– Prestakuntza-saioetara joango diren pertsonen bertaratze-kontrola egitea, honela:
a) Ordu sinkrono presentzialak: sinaduren kontrol-orrien bidez (D.3 eranskina).
b) Ordu sinkrono ez-presentzialak (online): b.1 eta b.2 ebidentziak jaso beharko dira, eta, plataformak sortuz gero, b.3:
b.1.– Prestakuntza-saio bakoitzaren pantaila-argazkia, parte-hartzaileak bertaratu direla erakusten duena.
b.2.– Eskola-emailearen adierazpena (D.5 eranskina), saio ez-presentzialen plangintza eta pertsona bakoitzak saioetara izan duen bertaratzea (bai ala ez) jasotzen dituena.
b.3.– Eta, erabilitako plataformak halakorik sortzen badu, pertsonak, datak eta konexio-denborak identifikatzen dituen plataformako konexioen erregistroa.
c) Ordu asinkronoak: prestatzaileak zinpeko adierazpena egin beharko du (D.4 eranskina).
6.– Konpromisoa hartzea bertaratzearen kontrola egiteko erabilitako dokumentu guztiak ikastetxean 5 urtez gordetzeko eta mantentzeko, eta Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzaren edo zuzendaritza horren bidez dokumentu horiek eska ditzaketen organoen esku jartzeko.
7.– Prestakuntza-jarduera bakoitzerako koordinatzaile bat izendatzea. Pertsona hori izango da ikastaroa kudeatzearen arduraduna, eta honako hauek egin beharko ditu, besteak beste:
a) Artikulu honetan adierazitako bertaratze-kontrolerako erabili diren erregistroak jaso.
b) Amaierako akta egin (D.2 eranskina).
c) Prestakuntza-ekintzaren amaierako memoria egin (D.1 eranskina), hasierako aurreikuspenekin alderatuta egin diren aldaketa guztiak sartuta.
8.– Emandako dirulaguntza justifikatzea 21. artikuluan jasotakoaren arabera.
9.– Laguntza zertarako eman den, xede horretarako erabiltzea.
10.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan ezarritako gainerako betebehar guztiak betetzea; zehazki, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari ematea haiek beren funtzioak betetzeko eskatzen duten edozein informazio, laguntzen xedea fiskalizatu ahal izan dezaten.
11.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean ezarritako gainerako betebehar guztiak betetzea.
12.– Diruz lagundutako jardueren finantzaketaren izaera publikoari publikotasun egokia ematea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 26. eta 27. artikuluetan xedatuaren arabera.
21. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.
1.– Ikastetxe onuradunek diruz lagundutako prestakuntza-jarduerak amaitu ahala eta, betiere, 2026ko uztailaren 15a baino lehen, dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte https://www.euskadi.eus/nirekarpeta helbidean:
a) Prestakuntza-ekintzaren amaierako memoria (D.1 eranskina), non alderdi hauek jasoko baitira:
1) Prestakuntza-ekintza bakoitzaren garapena eta hartan lortutako emaitzak, kuantifikatuta eta aurreikusitako helburuekin alderatuta.
2) Diruz lagundutako jardueraren balantze ekonomikoa. Memoria ekonomiko horretan egongo dira, jardueraren gastu eta inbertsioen zerrenda sailkatua, honako hauek adierazita: hartzekoduna eta dokumentua, zenbatekoa, jaulkipen-eguna eta ordainketa-eguna, aurrekontuarekiko desbideratzeak, eta diruz lagundutako jarduera finantzatzeko jasotako beste zenbait diru-sarreraren xehetasunak, zenbatekoa eta jatorria. A.1 eranskinean eskatu eta onartu direnekin bat ez datozen gastuak D.1 eranskinaren 5. puntuan («Egindako gastuak») justifikatu beharko dira; gastu horiek zergatik egin diren zehaztu beharko da, bai eta zergatik izan diren beharrezkoak prestakuntza-jarduera zuzen garatzeko.
b) Ordainagirien, fakturen eta, legez onartuta egonda, emandako dirulaguntzari egotz dakiokeen beste edozein gastu-frogagiriren kopiak.
c) Prestakuntza-ekintza bakoitzaren amaierako akta (D.2 eranskina), behar bezala beteta eta ikastetxeko zuzendariaren sinadurarekin.
22. artikulua.– Jarraipena.
1.– Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzak jarraipena egingo die diruz lagundutako prestakuntza-jarduerei, haiek zuzen egiten direla bermatzeko.
2.– Baldin eta ikasturtean zehar gorabehera garrantzitsuren bat gertatzen bada diruz lagundutako prestakuntza-jardueren garapenean, eta horrek agindu hau behar bezala betetzea eragozten badu, Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzako teknikariak txosten bat egingo du, dagozkion neurriak hartu ahal izan daitezen.
23. artikulua.– Ebaluazioa.
Lurralde-ordezkaritzetan kokatuta dauden Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzako teknikariek, oinarri hartuta ikastetxeek bidalitako amaierako memoria eta haien ustez eskatu beharrekoak diren datuak edo txostenak, dokumentu hauek bidaliko dizkiote Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzan prestakuntzaz arduratzen den teknikariari, ikasturtea amaitutakoan:
– Ikastetxeen zerrenda. Bertan, onartutako jardueretan aurreikusitako helburuak zenbateraino bete diren adieraziko da, eta, gutxieneko helburuak lortu ez badira, aipatu egingo da espresuki.
– Prestakuntza-jarduera bakoitzean parte hartu dutenen amaierako zerrenda. Hartan, pertsona bakoitzak guztira egindako ordu kopurua adieraziko da, bai eta kopuru hori zer bertaratze-ehuneko den prestakuntza-ekintzan aurreikusitako ordu guztiak kontuan hartuta. Gainera, prestakuntza-jarduera nork koordinatu duen adieraziko da.
24. artikulua.– Irakasleen parte-hartzearen ziurtapena.
1.– Irakasleek prestakuntza-jarduera bakoitzean izandako parte-hartzea, ontzat eman bada amaierako ebaluazio-memoriaren arabera, ofizioz erregistratuko da Hezkuntza Sailak irakasleen berrikuntza- eta prestakuntza-jarduerez daukan datu-basean, betiere 23. artikuluan aipatutako parte-hartzaile zerrendaren arabera.
2.– Prestakuntza-ekintza gainditu dela erregistratuko da, irakasleen partaidetzaren ziurtagiria egiteko, baldin eta partaide bakoitza gutxienez prestakuntza-ekintzaren orduen % 80ra joan bada.
Gainera, prestakuntza-ekintza horrek ordu asinkronoak baditu, lan pertsonal hori behar bezala egin izana ziurtatu beharko da.
20. artikuluan ezarrita dauden dokumentuen bidez ziurtatuko dute hori guztia.
3.– Hezkuntza Sailak irakasleen berrikuntza- eta prestakuntza-jarduerez daukan datu-basea Hezigunea atarian kontsultatu ahal izango dute interesdunek:
https://hezigunea.euskadi.eus/eu/
Haren bidez, berrikuntza- eta prestakuntza-jardueren ziurtagiriak lortu ahal izango dituzte.
25. artikulua.– Datu pertsonalen babesa.
Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko: laguntza eta dirulaguntzak Lanbide Heziketako ikastetxeentzat eta entitate laguntzaileentzat.
Arduraduna: Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.
Helburua: laguntza ekonomikoen eskabideak izapidetzea, parte-hartzaileak edo interesdunak identifikatuta. Entitate laguntzaileetarako dirulaguntzak.
Legitimazioa:
Tratamendua beharrezkoa da aplikatu beharreko lege-betebeharrak betetzeko.
Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean egin behar den eginkizun bat betetzeko.
Hartzaileak:
Europar Batasuneko organoak.
Estatuko Administrazioko beste organo batzuk.
Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.
Europako Batzordea.
Eskubideak: eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere (www.euskadi.eus/zerbitzuak/10842/).
– Informazio gehigarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu datu-babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/039900-capa2-eu.shtml
Araudia:
– Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).
– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).
RSS