
126. zk., 2025eko uztailaren 4a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (222 KB - 14 orri.)
- EPUB (130 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
3007
EBAZPENA, 2025eko ekainaren 4koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Laudioko udal-mugarteko (Araba) Bess Athurri baterien bidez energia metatzeko instalazioaren proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena.
EGITEZKO AURREKARIAK
2025eko martxoaren 28an, Arabako Industriako Lurralde Ordezkaritzak eskabidea aurkeztu zuen, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren aurrean, Athurri Solar Energy SLk Laudion (Araba) sustatutako Bess Athurri baterien metatze-instalazioaren proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua abiarazteko. Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera egin zen eskabidea, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluak eta hurrengoek araututako ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuko prozeduraren esparruan.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua betez, eragindako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko izapidea abiarazi zuen 2024ko azaroaren 5ean. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait organismoren txostenak jaso dira, eta haien emaitza espedientean dago jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.
Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar diren judizio-elementu guztiak dituela, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmena izan dezaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, horrela ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2 a) artikuluan eta ekainaren 13ko 445/2023 Errege Dekretuaren bidez egindako aldaketan ezarritakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie arau horren II. eranskinean jasotako proiektuei. Hain zuzen ere, 4. taldean n) epigrafean jasotakoei: «Stand-alone motako energia-metatzea, bateria elektrokimikoen bidez edo energia elektrikoko instalazioekin hibridatutako edozein teknologiaren bidez».
Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusirik proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarrean dagoen araudian xedatutako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txostena eman behar du (organo hori da eskuduna Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera). Txosten honetan, aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzakeen aztertuko da, eta, beraz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaion, edo, bestela, zer baldintza ezarri behar diren proiektua garatu eta ingurumena egokiro babesteko.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Laudioko udal-mugarteko (Araba) Bess Athurri baterien bidez energia metatzeko instalazioaren proiekturako ingurumen-inpaktuaren txostena egitea, honako baldintza hauetan:
A. Proiektuaren xedea da stand alone baterien bidez energia metatzeko instalazio bat eraikitzea. Instalazioaren zuzeneko okupazioak 8.968 m2 inguruko azalera hartzen du, hautatutako 30.922 m2-ko ezarpen-eremu batean. Guztira, 4,2 MWh-ko ahalmen instalatua duten baterien hamar rack ditu; potentzia bihurtzeko sistema bat, norabide biko hiru inbertsorez osatua (346 kVA-ko bi eta 308 kVA-ko bat), guztira 1.000 kVA-ko potentzia izendatua duena, eta 1,25 MVA-ko gehieneko potentzia eta 13,2 kV / 0,8 kV-eko transformazio-erlazioa duen transformadore bat. Instalazioa ST Llodio transformazio-azpiestazioaren ondoan dago, estrategikoki kokatuta, eta bertan konektatuko da energia metatzeko instalazioa banaketa-sarearekin.
B. Ebazpen honetan, zeinaren bidez Laudioko udal-mugarteko Bess Athurri baterien bidez energia metatzeko instalazioaren proiekturako ingurumen-inpaktuaren txostena egiten baita, proiektuaren ingurumen-dokumentuaren edukia aztertu da, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F. eranskinean ezarritako irizpideekin:
1.– Proiektuaren ezaugarriak.
Proiektuaren xedea da stand alone baterien bidez energia metatzeko instalazio bat eraikitzea (hau da, sorkuntza-zentral batean integratuta egon gabe), ondoren, beharrezkoa denean, sarera bidaliko den energia metatzeko.
Baterien edukiontzi batek (20 ft), potentzia-zentro batek (INGECON – Virtual Central Station) eta babes- eta neurketa-zentro batek (PFU-3 Ormazabal) osatzen dute instalazioa.
Bess baterien metatze-sistema (ingelesezko sigletatik: Battery Energy Storage Systems) metatze elektrokimikoan oinarritutako energia metatzeko sistema bat da. Proiektu honetan erabilitako bateria litio ferrofosfatozkoa da.
Azpiegiturak 1.000 KW-eko potentzia instalatua du. Energia metatzeko gaitasuna 4.260 MWh-koa da, lau orduko zikloetan.
Gaur egungo banaketa-sarearekiko konexioa 13,2 kV-eko ST Llodio azpiestazioan egingo da. Azpiestazio hori I-DE Redes Eléctricas Inteligentes enpresarena da. Sekzionamendu-zentroa eta interkonexio-linea ez dira ebazpen honen xede. Interkonexio-linea 13,2 kV-eko tentsio ertaineko lurpeko linea bat izango da, konexio-azpiestazioarekin bateriak kargatzeko/deskargatzeko aukera emango duena. Luzera: 197,31 m.
Instalazioa eraikitzeko hautatutako lurzatiak 30.922 m2-ko azalera du, baina eragindako azalera osoa 8.968 m2-koa izango da. Azalera horretako 372 m2, gutxi gorabehera, «Athurri» izeneko metatze-instalazioak hartuko ditu.
Bateria-sistema da Bess sistemaren muina, hark metatzen baitu energia. Energia elektrikoa litio ferrofosfatozko teknologia (LFP) duten gelaxketan metatzen da. Litiozko, fosfatozko eta burdinazko material katodikoa karbonozko eta grafitozko elektrodo batekin konbinatzen duen teknologia bat da, eta anodo gisa metalezko euskarri bat du.
Bateriak rack-etan jarriko dira, 20 oineko edukiontzietan.
Beraz, instalazioak hamar rack ditu (haietako bakoitzak zortzi bateria-modulu ditu), eta 1.000 KW-eko ahalmen instalatua du, guztira; 346 kVA-ko potentzia nominaleko bi inbertsore ditu (1.000 kVA, guztira), baita 1.000 kVA-ko gehieneko potentzia duen transformadore bat eta, 13,2 kV-eko ST Llodio azpiestazioan, 13,2 kV-eko banaketa-sarearekin konektatzeko beharrezkoa den tresneria ere. Inbertsoreak bi norabidekoak dira: baterien metatze-sistemaren korronte zuzena korronte alterno bihurtzen dute (eta alderantziz). Ekipoak hormigoizko lauza baten gainean jarriko dira.
Instalaziora lurzatiaren mugakide den Larrea kaletik sartu beharko da, eta gaur egungo egoeran ahalik eta inpaktu txikiena eragin beharko da. Bidearen zabalera 3 m-koa izango da. Lur-geruzarik azalekoena garbitu eta hondeatu beharko da (30 cm inguruko lodierakoa), ondoren pikor-materialak ezartzeko (zagorra).
Segurtasunerako perimetro-hesi bat jarri beharko da, 2,00 metroko garaierakoa, 372,16 m2-ko azaleran zehar. Hesiak 200/16/30 ehiza-sarea eta murgiltze bidez galvanizatutako altzairuzko 48 mm-ko diametroko hodi-zutoinak izango ditu.
Instalazioaren argiztapena ondorengo argi-mailakoa izatea aurreikusi da, instalatuta dagoen eremuaren arabera: sarbide nagusian, 50 lux; perimetroan, 5 lux. Kanpoko argiak piztuta egongo dira segurtasun-arrazoiak tarteko.
Proiektuaren bizitza baliagarria 20 urtekoa izatea aurreikusi da.
Proiektua gauzatzeko, 252,80 m3-ko lur-mugimendua aurreikusi da, ekipoen hormigoizko lauzei eta tentsio ertaineko lurpeko linearako zangaren indusketari dagokiena. Lur hori instalazioen perimetroan pilatuko da, gehienez ere 1,5 m-ko altuerako lur-ildoak edo azpilak eratuta, eta perimetroko pantailan landatzeko erabiliko da.
Ebakuazio-lineari dagokionez, 0,8 m-ko gutxieneko sakonerako eta 0,6 m-ko zabalerako zanga bat egitea planteatu da. Zangaren luzera, guztira, 3,07 m-koa izango da, eta, horrela, 1,47 m3 inguruko lur-mugimendua aurreikusi da.
Instalazioko barne-kanalizazioetarako, korronte alternoko eroaleak igarotzeko zangak egitea planteatu da. Egindako neurketen arabera, 3 m inguru proiektatu dira. Zanga horiek 0,8 m inguruko sakonera eta 0,5 m-ko zabalera izango dute, eta, guztira, 1,2 m3 izango dira.
Lurzatiaren barruan arekak eraikiko dira, lursailaren maldaren norabidean, hesiaren perimetroan zehar. Drainatze-sarea lursailaren gaur egungo orografiari jarraitzeko moduan diseinatu da. Horrela, jariatze-ura instalazioaren kanpoaldera bideratuko da, eta bertan bere fluxu naturalari jarraituko dio.
Lanek 14 hilabete irautea aurreikusi da.
Aurkeztutako dokumentazioan 0 alternatibaren edo «ez esku-hartzearen» analisia ere txertatu da, zeina baztertu egin den energia berriztagarrien aprobetxamendua handitzea eragozteagatik, bai eta bi kokapen-alternatiba ere (biak, Laudioko udal-mugartean). Bi alternatibetarako, gaur egungo banaketa-sarearekiko konexio-puntua ST Llodio azpiestazioa da, udalerri berekoa.
Proposatutako alternatiben artean, kokapenik onena aukeratu da, irizpide tekniko eta espezifikoetan oinarrituta, eta ingurune fisiko zein soziala ahalik eta gutxien aldatzea bilatu da, balizko afekzioak eta inpaktu handien sorrera ahalik eta gehien saihesteko asmoz. Horregatik guztiagatik, 1. alternatiba hautatu da, batez ere azpiestazioarekiko hurbiltasunagatik.
2.– Proiektuaren kokapena.
Proiektua Laudioko herrigunetik 0,8 km-ra dago, A-625 errepidetik 50 metrora eta AP-68 autobidetik 1,09 km-ra. Hurbilen dauden lurralde-hiriburuak Vitoria-Gasteiz eta Bilbao dira; 39 kilometrora eta 14 kilometrora daude, hurrenez hurren.
Instalaziorako sarbidea udalerri horretako Larrea kaletik egingo da.
Instalazioa Ason ibaiaren arro hidrografikoan dago, Kantauri Mendebaldeko Arro Hidrografikoan, eta Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak kudeatzen du.
Kantauriko KHren eta Espainiako Geografia Institutu Nazionalaren web-atarietan eskuragarri dagoen kartografiaren arabera, instalazioetan ez dago inongo ibilgurik, eta hurbilena Nerbioi ibaia da, lurzatitik iparraldera 580 metrora.
Era berean, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren Jabari Publiko Hidraulikoaren kartografia berrikusita, egiaztatu da proiektua ez dagoela zedarritutako ibilguaren zaintza-eremuaren gainean. Eta ez du eraginik jasango inolako errepikatze-denboratan (10-50-100-500 urte); uholde-arriskua duen eremurik hurbilena proiektua hartuko duen lurzatitik 580 metrora dago, Nerbioi ibaiari lotua.
Proiektu osoa ES017MSBT017-006 «Hego Antiklinorioa» lurpeko ur-masaren gainean dago. Masa horrek 1.612 km2-ko azalera hartzen du, eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren web-atarian eskuragarri dagoen kartografiaren arabera, egoera kuantitatibo eta kimiko ona du.
Honako izen hau du landaredi-sailak, zeinaren gainean kokatuko den instalazioa:
– 6a: Sail muino-menditar orokantauriar, euskal-kantabriar eta asturiar-galiziar mesofitikoa, lizarrarena: Fraxinus excelsior (Polysticho setferi-Fraxineto excelsioris sigmetum). Landaredi potentziala: lizardiak haritzekin.
Bestalde, hesitutako esparrua zuhaitz-landaredirik gabeko azalera batean dago, eta, Espainiako Basoen Maparen kartografiaren eskalaren arabera, belardi gisa katalogatuta dago. Ebakuazio-lineari dagokionez, belardi eta gainazal artifizial gisa katalogatutako azaleretatik igaroko da.
Aztergai dugun eremuko fauna potentzialari dagokionez, Lehorreko Espezieen Espainiako Inbentarioaren (IEET-MITECO) informazioa aztertu da, proiektuaren kokalekua den 10x10 km-ko 30TWN07 UTM laukiari buruzkoa. Lauki horretako espezieen zerrenda 126 espeziek osatzen dute, guztira; horietatik, 68 hegaztiak dira; lau, ornogabeak; 37, ugaztunak; sei, arrain kontinentalak eta zortzi, narrastiak.
Aztertzen ari garen proiektuaren azpiegiturak hartuko dituen UTM laukirako Lehorreko Espezieen Inbentario Nazionalari erreparatuta, ikusi dugu, 68 hegazti-espezieetatik, belatz handia (Falco peregrinus) desagertzeko arriskuan dagoela, Mehatxatutako Espezien Espainiako Katalogoaren arabera.
Kokagunea azterketa-eremuko balizko gune babestuei (Espainiako legeriak zein autonomia-erkidegokoak babestutakoak, hala nola Natura 2000 Sarekoak, araubide berezia duten mendiak, abelbideak, Batasunaren intereseko habitatak eta abar) gainjartzeari dagokionez, honako hau adierazi behar da:
– Proiektuan ez dago babestutako naturagunerik.
– Proiektuan ez dago Batasunaren intereseko lekurik (BIL) edo kontserbazio bereziko eremurik (KBE).
– Proiektuan ez dago hegaztientzako babes bereziko eremurik (HBBE).
– Proiektuan ez dago Batasunaren intereseko habitatik.
– Proiektuan ez dago onura publikoko mendirik.
– Proiektuan ez dago Ramsar zerrendako hezegunerik, ezta autonomia-erkidegoko edo estatu mailako hezegunerik ere.
– Proiektuan ez dago biosfera-erreserbarik.
– Proiektuan ez dago hegaztien kontserbaziorako gune garrantzitsurik (IBA).
– Proiektuan ez dago geologia-intereseko lekurik.
– Proiektuan ez dago EAEk babestutako eremurik.
Espainiako Hegaztien eta Biodibertsitatearen Kontserbaziorako Gune Garrantzitsuei (IBA) dagokienez, proposatutako proiektua «La Peña Mendiak – Gorobel Mendilerroa – Arkamu Mendilerroa» 33. IBAtik 13,9 kilometrora dago.
EAEko ondare- eta kultura-kartografia kontsultatu ondoren, egiaztatu da proiektuan ez dagoela ondare-elementurik eta hurbilena San Bartolome ermita dela, kultura-ondasun izendatua.
Azkenik, Donejakue Bideari dagokionez, proiektuak ez du haren etapa bakar bat ere ukitzen, eta hurbilena Iparraldeko Bideko «Bilbao - Gueñes» etapa da (eta haren babes-ingurunea), aztertutako lurzatitik 10 km-ra ipar-mendebaldera.
3.– Inpaktu potentzialaren ezaugarriak.
Aurreikusitako obrak gauzatzeak ingurumenean inpaktua izango duten ekintzak ekarriko ditu berekin.
Eraikuntza-fasean, honako ekintza hauek eragin ditzakete inpaktuak:
– Garbitzea eta sastrakak kentzea. Landare-geruza kentzea.
– Lur-mugimenduak, hondeaketak eta betelanak egitea.
– Eraikitze- eta hormigoitze-lanak.
– Makinen eta ibilgailuen joan-etorriak.
– Eraikuntza-materialak eta -soberakinak pilatzea.
– Hondakinak sortzea.
Ustiapen-fasean, honako ekintza hauek eragin ditzakete inpaktuak:
– Instalazioak bertan izatea eta funtzionatzea.
– Mantentze-lanak.
Bertan behera uzteko fasean, honako ekintza hauek eragin ditzakete inpaktuak:
– Eraiste-lanak.
– Lurzatia lehengoratzea.
Proiektuak honako inpaktu hauek sortzea aurreikusi da:
Obra-fasean, airearen kalitatea aldatu egingo da lur-mugimenduen ondorioz (azpiegiturak instalatzeko, bideak eraikitzeko, materialak biltzeko eta abarrerako zangak ireki eta itxi beharrak eragindakoak), baita makinen joan-etorrien eta haien lanaren eraginez ere.
Horren ondorioz, proiektuaren obrak egiteko behar den epean, airearen kalitateak okerrera egingo du partikula solidoen eta kimikoen emisioarengatik eta zaratarengatik.
Obrak egiteko fasean, lurpeko urak kutsatzeko arriskua dago, makinek istripuz isuriren bat izan dezaketelako eta lurzoruan infiltratu daitekeelako.
Lurzorua, landa-lurra, antropizatutako larrez osatuta dago, eta makinen joan-etorriak eta materialen garraioak sortutako trinkotasunaren afekzioa jasan dezake. Era berean, obretako materialak eta produktuak eta obretan sortutako produktuak behar ez bezala biltegiratzearen ondoriozko afekzioa jasan dezake.
Obrako behin-behineko instalazioak desegitean, lurzorua ere kutsa daiteke, eta ezaugarri fisiko-kimikoak nabarmen alda daitezke.
Horrez gain, obrak egiteko fasean, lurzorua kutsatzeko arriskua dago, makinek istripuz isuriren bat izan dezaketelako.
Obrak direla eta, BESSen okupazio-eremuko gaur egungo landaredia kendu egingo da. Belar-landarez eta zuhaitz-landarediko aleren batez osatutako larre antropizatua da. Landare-estalkiaren galerak eta mota honetako instalazioen ikusgarritasun handiak, kontraste handia izanik, inpaktua izango dute paisaian.
Halaber, era batera edo bestera eremua aprobetxatzen duen fauna aztoratzeko modukoak izango dira lan horiek, eta, beraz, beharrezkoa izango da, obra-fasean, ingurunea zorrotz zaindu eta babes-neurriak hartzea, lanen eragina paira dezakeen fauna sentikorra detektatuz gero.
Herritarrei eragindako inpaktuak obren berezko eragozpenak izango dira: makineriaren zaratak, hauts esekiak, makina gehiago ibiltzea, desbideratzeak, trafiko-mozketak eta abar.
Ustiapen-fasean kutsadura elektromagnetikoa gertatuko dela aurreikus daiteke.
Funtzionamendu-fasean, biltegiratze-sistemaren istripuengatiko isurien arriskua oso txikia da, euste-sistemengatik. Hala ere, lurzoruak kalteak izan ditzake, makinek istripuz isuriren bat izan dezaketelako.
Proiektuaren bizitza baliagarria amaitutakoan, desegin egingo da hura; jarduera horrek lur-mugimendu jakin batzuk egin beharra dakar. Lur-mugimendu horiek lurzorua jatorrizko egoerara lehengoratzeko ezinbestekoak diren gutxienekoak izango dira.
Instalazioak eraisteko makineria astuna erabili beharko da, eta horrek eremuko zarata-maila handitzea ekarriko du.
Instalazioak eraisteko fasean, lurzorua eta lurpeko urak kutsatzeko arriskua dago, makinek istripuz isuriren bat izan dezaketelako eta hura lurzoruan infiltratu daitekeelako; hori gertatuz gero, ezaugarri fisiko-kimikoak nabarmen aldatuko lirateke. Gainera, makinen joan-etorriak eta materialen garraioak lurzorua trinkotzea eragin dezake.
Eraiste-fasean, makinen eta ibilgailuen joan-etorriak baldintzatuko du landare-osagaiaren gaineko inpaktu nagusia. Horrek tentsio ertaineko lurpeko linearen eremuaren inguruko landaredia degradatzea eragin dezake, hura estaltzen duten partikulak handitzearen ondorioz, eta, beraz, eraikuntza-fasean gertatutakoen antzeko zeharkako kalteak izan eta zarata-mailak handitu daitezke.
Beste azpiegitura batzuekiko inpaktu sinergikoei dagokienez, esan behar da azterketa-eremuan dauden azpiegitura bakarrak A-625 errepidea eta lurzatira sartzeko bidea direla. Aztertutako gainerako azpiegiturak eta BESSen ezaugarriak eta kokapenak kontuan hartuta, ingurunearen aldaketa nulua izatea espero da.
Azkenik, adierazi behar da balizko inpaktuak saihesteko edo minimizatzeko babes- eta zuzenketa-neurriak jaso direla aurkeztutako dokumentazioan. Era berean, ingurumena zaintzeko plan bat gehitu da, zenbait alderdiri buruzko aldizkako kontrolak egiteko.
Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak kontuan hartuta, eta aintzat hartuta bai sustatzaileak proposatutako babes- eta zuzenketa-neurriak bai ingurumen-inpaktuaren txosten honetan bertan agindutakoak, ez da aurreikusi proiektuak eragin negatibo nabarmenik izango duenik ingurunearen aipatutako alderdietan.
Bigarrena.– Ebazpen honetan, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezarri dira, Laudioko udal-mugarteko Bess Athurri baterien bidez energia metatzeko instalazioaren proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ondorengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza honetan aurkeztutako dokumentazioan ezarritakoaren arabera.
Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua behar adinakoak izango dira ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-inpaktuaren txosten honetan ezarritakoak bermatzeko.
Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan txertatu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak aplikatuko dira obretan.
Apartatu hauetan adierazitako neurriak gehitu beharko dira:
Osasun publikoa babesteko neurriak:
– Etxebizitzak dituzten eremuak ingurumen-eremu garrantzitsutzat hartu eta ingurumen-inpaktuaren azterketarako funtsezkoak diren alderdiak aztertu beharko dira haietan. Gainera, eragin-eremuan bizi diren biztanleengan afekzio negatibo edo positiboa izan dezaketen proiektuko ekintzarik garrantzitsuenak edo nagusiak zein diren adierazi beharko da. Zarataren, airera egindako emisioen, eremu elektromagnetikoen eta abarren eraginpean dagoen populazioa deskribatu beharko da, bai eta hartu beharreko zuzenketa-neurriak ere, eta eraikin kalteberak (ikastetxeak eta zentro sanitario eta soziosanitarioak) eta pertsonak egon ohi diren eremuak (parkeak, aire zabaleko jolasguneak eta abar) identifikatu beharko dira.
– Berariaz baloratu beharko da kaltetua izan daitekeen lurrazaleko edo lurpeko hartunerik eta giza kontsumorako ur-hornidurarik dagoen.
– Proiektuaren alderdi guztiak inguruko biztanleriaren ongizatearen eta osasunaren babesarekiko modu bateragarrian garatu beharko dira, eta aplikatu beharreko arau juridiko edo administrazio-xedapen guztiei heldu beharko zaie.
Natura-ondarea babesteko neurriak:
– Lanak hasi aurretik prospekzio bat egin beharko da babestutako floraren taxonak detektatzeko. Fenologikoki egokia den garaian egingo da. Intereseko espezierik antzemanez gero, horren berri eman beharko zaio organo eskudunari, dagozkion babes-neurriak ezartzeko.
– Obrak hasi aurretik prospekzio bat egin beharko da, instalazio guztien inguruko gutxieneko 50 metroko eremu batean (ebakuazio-linea eta konexio-puntua barne), habiak, etzalekuak edo babeslekuak identifikatzeko. Landa-lana gaian adituak diren teknikariek egin beharko dute. Babestutako espezieen habia edo alerik antzemanez gero, horren berri eman beharko zaio organo eskudunari, neurri egokiak ezar ditzan ukitutako espeziearen arabera.
– Jarduketak gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak lehengoratu beharko dira. Landareztatzea ahalik eta lasterren egingo da tokiko espezie autoktonoak erabiliz, higadura-prozesuak ekiditeko; horrela, habitat naturalizatuak sortzen lagunduko da.
– Perimetro-hesia lurzatien mugaren barruan eraiki beharko da, ez itxiturak ez perimetroko landareztatzeak ez diezaioten eragin inguruko basoko lursailari. Bestela, BESSen instalazioaren kokapena birplanteatu beharko da, aldameneko harizti-baso mistoko eremuari eragin ez diezaion.
– Hesia ezkutatzeko, faunak harekin talka egitea saihesteko eta inguruan fauna-espezieak egotea bultzatzeko korridore ekologikoak eta habitat egokiak sortzeko, landare-pantaila bat jarri beharko da instalazioaren perimetro hesituaren inguruan.
– Perimetro-hesi osoaren inguruan landatzeko, inguruko habitatetako flora autoktonoaren berezko espezieak erabili beharko dira.
– Landare-pantailarako proposatutako espezieak:
Zuhaitzei dagokienez, batez ere, bi espezie erabiltzea gomendagarria da: lizarra (Fraxinus excelsior) eta haritz gorria (Quercus robur). Hala ere, beste batzuk ere erabil daitezke: astigarrak edo gaztainondoak, esaterako.
Zuhaixkei dagokienez, hurritza izan daiteke horietako bat. Gainerakoan, ez da komenigarritzat jotzen Rubus ulmifolius espeziea erabiltzea, espezie hori berez hazten baita eraldatutako eremuetan. Beste zuhaixka batzuekin ordezkatzea komeni da; adibidez, aipatutako hurritzarekin, edo elorriekin, hala nola Crataegus monogyna edo Prunus spinosa-rekin.
– Pantailaren zabalerak 5 m-rainokoa izan beharko luke, egitura funtzionala ahalbidetzeko, ez soilik paisaiari dagokionez, baita ekologiari dagokionez ere. Helburu berarekin, zuhaixken arteko distantzia 2 m-ra murriztu beharko litzateke.
– Gutxienez, bi urteko bermealdia ezarri beharko da landatzeko, eta aldi horretan hutsarteak, ongarritzeak, ureztatzeak eta abar egingo dira, beharrezkotzat jotzen badira.
– Landare-pantailaren eta jarduketa-eremu osoko ingurunea lehengoratzeko ezaugarriak ingurumena lehengoratzeko proiektu batean definitu beharko dira. Hori proiektuan txertatuko da, dokumentazio grafikoaz eta aurrekontua banakatuta, proiektuaren gainerakorako erabilitako xehetasun-maila berarekin. Lehengoratzearen xehetasunak zehaztu beharko dira: erabiliko diren espezieak, landarearen/haziaren jatorria, tamaina, ereintzaren/hidroereintzaren dentsitatea edo landaketa-esparrua, aurreikusitako mantentze-lanak eta abar.
Ingurumena lehengoratzeko proiektuak, gainera, ingurumen-dokumentuan planteatutako Batasunaren intereseko habitatak kentzeagatiko konpentsazio-lehengoratzea barne hartuko du, eta bertan lehengoratu beharreko lurzatiak eta egin beharreko jarduketak zehaztuko dira, proiektuaren gainerakorako erabilitako xehetasun-maila berarekin.
Ingurumena lehengoratzeko proiektua «Laudioko (Araba) Bess Athurri baterietan energia metatzeko proiektua»ren parte izango da, eta, hala badagokio, energia metatzeko instalazioa egiteko idatziko den eraikuntza-proiektuaren arabera birformulatu beharko da.
– Konexio-puntura justu iritsi aurreko tartean, ebakuazio-linearen trazadura, ahal den neurrian, linea elektrikoaren azpian dagoen segurtasun-kalera egokitu beharko da, zuhaiztian afekziorik ez izateko. Teknikoki ezinezkoa bada, prebentzio-neurriak aurreikusi beharko dira (lan-zangaren doikuntza, balizajeak eta abar), zuhaitz horien gaineko afekzioak minimizatzeko.
– Lur-mugimenduak minimizatuko dira, eta lanak materialak pilatzeko eremuen azalera murrizteko moduan planifikatuko dira, eta horiek energia metatzeko instalazioaren mugaketaren barruan kokatuko dira, alboko eremurik okupatu gabe.
– Landare-lurra modu selektiboan kenduko da zangak, hormigoizko plataformak eta instalazioetara sartzeko bidearen zoladurak egiteak eragindako eremuetan; landare-lur hori modu selektiboan kenduko da, eta lehengoratze-lanetan berrerabiliko da.
– Instalazioaren perimetro-hesiak fauna bertatik igarotzeko modukoa izan beharko du, hesi-efektua ekiditeko. Beraz, ez da elementu puntazorrotzik edo ebakitzailerik erabiliko. Hesia tinkatze bidez finkatuko da. Behealdean, sare-argi zabala jarri beharko da, hesi osoaren behealdea 20-30 cm goratuz eta 50 metroan behin katazuloak egokituz.
– Proiektuak sortutako argi-kutsadura minimizatzeko, instalazioen kanpoko argiztapena egokitu egin beharko da, baldintza naturalei eusteko eta, horrela, faunaren gaineko eragina saihesteko, nahiz gaueko zeruaren baldintzei ere eusteko.
– Ahalmen inbaditzaileko landare-espezie aloktonoak kentzeko eta ugaltzea ekiditeko neurriak hartuko dira.
– Hesiaren ikusgarritasuna hobetzeko eta, hala, hegaztiek hesiarekin talka egitea murrizteko, landare-pantailaz gain, hesiaren hainbat mailatan poliestirenozko plaka txikiak jartzea gomendatzen da.
– Ezarritako landaredia mantentzeko lanak gutxienez 5 urtez luzatuko dira, landareztatze-prozesuaren azken fasetik zenbatzen hasita, eta prozesu horren arrakasta ziurtatzeko beharrezkoak diren jarduera guztiak egingo dira.
– Ustiapen-fasean, proiektua ezartzeko lurzatien barruko landaredia kontrolatzeko, bitarteko mekanikoak erabiliko dira, eta, ahal dela, larratzearen bidez egingo da. Edonola ere, debekatuta dago herbizidak erabiltzea instalazioak hartzen duen eremuko landaretza kontrolatzeko.
Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak:
– Kutsagarria izan daitekeen instalazio bati dagokion proiektu bat denez, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan (ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duena) xedatutakoa bete beharko da.
Urak eta lurzoruak babesteko neurriak:
– Instalazioan egiten diren jarduera guztiak gauzatzeko orduan, beharrezkoak diren segurtasun-baldintzak bete beharko dira, lurzorua, lurpeko urak eta lurrazaleko urak ez kutsatzeko. Ildo horretan, proiektuak neurriak zehaztuko ditu bateria-ekipoak ordeztean edo horiek hausten badira gerta daitezkeen istripuen ondorioz urak eta lurzoruak kutsatzeko arriskua minimizatzeko.
– Obrako makinak gordetzeko eremua eta haiek mantentzeko tokia drainatze-sare naturaletik bereiziko dira. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olioek eta erregaiek ez ditzaten lurzorua eta ura kutsatu. Ezin izango da egin erregaien zamalanik, olio-aldaketarik eta lantegiko jarduerarik, horretarako adierazitako eremuetatik kanpo.
Zarataren ondorioak gutxitzeko neurriak:
– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonifikazio akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obra-fasean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.
Lanek dirauten artean, beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, zamalanei, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.
Obrak 6 hilabetetik gora luzatuko direla aurreikusten bada, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoaren arabera, inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat egin beharko da, zuzenketa-neurri aproposak definitzeko.
– Baterien bidez energia metatzeko instalazioak bete egingo ditu Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren I. eranskineko F taulan ezarritako zarata-foku akustiko berriei aplikatu beharreko zarata-immisioaren muga-balioak, eta kontuan hartuko ditu, hala badagokio, aipatutako 213/2012 Dekretuaren II. eranskineko 2. zatiko osagai tonalei (Kt) eta maiztasun txikikoei (Kf) dagozkien zuzenketak.
– Beharrezkotzat jotzen da inpaktu akustikoaz aurkeztutako analisia hobetzeko eskatzea, jarduerak eragin ditzakeen zarata-afekzioak behar bezala ebaluatuko direla ziurtatzeko.
Landa-ingurunea babesteko neurriak:
– Energia baterietan metatzeko sistema proiektatu den lurzatiaren malda % 12tik gorakoa da. Ingurumen-dokumentuan, eraikuntza- eta ustiapen-faseetarako prebentzio- eta zuzenketa-neurriak planteatu beharko dira, lurraren egonkortasunean eta higagarritasunean inpakturik ez izatea bermatzeko.
– Obra- eta funtzionamendu-fasean, erregistratutako zenbait landa-bidek afekzioak izango dituzte.– Erregistratutako mendi-bideetan edozein jarduketa gauzatu aurretik, dagokion txosten teknikoa eskatuko zaio Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Garatzeko Zerbitzuari, eta Arabako Lurralde Historikoko Mendi Bideen Erabilpen, Kontserbazio eta Zaintzari buruzko 6/1995 Foru Araua aplikatuko da.
– Lanetan erretiratutako lurzoruaren azaleko geruzaren landare-lur emankorrena gainerako indusketa-lurretik aparte pilatu beharko da, ondoren berrerabiltzeko, beheko geruzetara irauli gabe.
– Makinen, materialen eta abarren erabileraren eraginpean dauden belardi eta laborantza-eremuetan, dagokion berrereintza egingo da. Belardietako berrereintzarako, aldez aurretik lurra pixka bat landu edo aitzurtu beharko da, lurra ez trinkotzeko, ondorengo berrereintza eta erneketa egokiak izan daitezen.
Eragindako laborantzak birlandatu egingo dira, eta itxiturak eta lurzatietan dauden gainerako azpiegitura-elementuak (drainatzeak eta abar) eta eragindako laboreak ordeztu beharko dira.
Eremu elektromagnetikoekiko esposizioaren inguruko kautelazko neurriak:
– Funtzionamendu-fasean, eremu elektriko eta magnetikoen balioek ez dituzte gainditu beharko Europar Batasuneko Kontseiluaren 1999ko uztailaren 12ko Gomendioan (jendea orokorrean 0 Hz eta 300 GHz arteko eremu elektromagnetikoen eraginpean egoteari buruzkoa) eta irailaren 28ko 1066/2001 Errege Dekretuan (jabari publiko erradioelektrikoa babesteko baldintzak, emisio erradioelektrikoen murrizketak eta emisio erradioelektrikoetatik babes-neurri sanitarioak ezartzen dituen erregelamendua onartzen duena) ezarritako erreferentziazko neurriak eta oinarrizko mugak.
Hondakinak kudeatzeko neurriak:
– Proiektua egikaritzean eta haren funtzionamenduan sortutako hondakin guztiak kudeatzeko, Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoari jarraituko zaio, eta, kasuan-kasuan, sailkatu egin beharko dira hondakin mota eta norakorik egokiena zehazteko.
– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea, balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne, eta, azkenik, deuseztatzea.
– Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik ez dela bideragarria haiek balorizatzea.
– Berariaz debekatuta dago sortutako hondakin tipologia desberdinetako hondakinak edo efluenteak elkarren artean edo beste batzuekin nahastea; jatorritik bertatik bereiziko dira, eta biltzeko eta biltegiratzeko bitarteko egokiak jarriko dira, nahasketa horiek saihesteko.
– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.
– Gainera, zabortegira bidali beharreko hondakinak kudeatzeko, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuari eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretua beteko da.
– Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.
– Betelanetarako, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (A–EBA) ezarritako balioen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek; 9/2005 Errege Dekretuan TPHrako ezarritako 50 mg/kg-ko balioaren azpitik ere egon beharko dute eduki horiek.
– Indusketako soberakinak kudeatzeko, hierarkia- eta hurbiltasun-printzipioei jarraituko zaie; lehentasuna emango zaio material horiek balorizatzeari, dela materialok behar dituzten gertuko eraikuntza-obretan, dela erauzketa-jarduerek eragindako lursailak birgaitzeko lanetan edo beste espazio degradatu batzuk lehengoratzeko lanetan. Hala, ez dira ezabatuko betelan-instalazioetan. Horretarako, kontuan izango da urriaren 10eko APM/1007/2017 Agindua (Hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzkoa).
– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketen baten ondorioz nahasiz gero, arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Orobat, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan hondakinak biltegiratzeari, nahasteari, ontziratzeari eta etiketatzeari buruz ezarritako betebeharrak bete beharko dira, eta itxita egongo dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.
Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Hondakinak biltzeko edukiontziak edo ontziak era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera.
– Sortzen den olio erabilia kudeatzeko, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 29. artikulua eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua beteko dira. Erabilitako olioak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpe batean utziko dira, behar bezala etiketatutako andel estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei eusteko sistemen barruan.
– Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inola ere kontrolatu gabeko efluenterik sortuko erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.
Atmosfera ahalik eta gutxien kutsatzeko eta ahalik eta hauts gutxien aireratzeko neurriak.
– Obrak egin bitartean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak iragan ondoko garbiketa-lanak, bai egin beharreko jardunaren eraginpeko ingurunean, bai jardun-eremuetara sartzeko guneetan. Ureztapen-sistema bat edukiko da, aldi baterako estali gabe dauden pista eta eremuetarako eta ibilgailuak pasatzean material partikulatua aireratu daitekeen kasuetarako. Gainera, lehorraldietan, hautsa duten lur- eta material-pilaketak ureztatuko dira.
Kultura-ondarea babesteko neurriak:
– Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoa betez, lurrak erauzteko obretan arkeologia-izaerako bestelako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Saileko Kultura Zuzendaritzari, eta azken horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren.
Jardunbide egokien sistema bat hartzea:
– Langileek jardunbide egokien sistema bat ezarri beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta hobekien bermatzeko:
– Lanek okupatzen dituzten mugak kontrolatzea.
– Hondakin-uzterik ez egitea, eta olio-isurketen ondorioz edo lurra leku batetik bestera eramateagatik lurzorua eta ura ez kutsatzea.
– Obretan sortutako hondakinak era egokian kudeatzea.
– Proiektuak eragindako herriguneetako biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.
– Obrak, bai eta lurzorua okupatu beharra dakarten jarduera osagarriak ere, proiektua egikaritzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Eremu horretatik kanpo, ahalik eta gehien murriztuko dira makinen joan-etorriak. Adierazitako eremutik kanpo istripu-afekziorik gertatuz gero, zuzenketa- eta lehengoratze-neurri egokiak ezarri beharko dira.
– Kontratistak elementu hauek egokitu beharko ditu egin beharreko jardueren ondoriozko ingurumen-inpaktuak ahalik eta txikienak izan daitezen: lur geldo eta begetalak aldi baterako metatzeko guneak; obrako instalazioak eta eraikinak; makinak; materialen, olioen eta erregaien biltegiak; ibilgailuak edo bestelako egiturak garbitzeko eremuak; urak arazteko sistemak, eta obrako sarbideak eta pistak. Obra-zuzendaritzak onetsi beharko ditu kontratistaren instalazio-eremu horien mugaketa eta ezaugarriak.
– Obrak amaitzean, kanpaina bat egingo da sobran dauden material guztiak eta obretan sortutako hondakinak kentzen direla bermatzeko, eta azken horiek indarreko legeriaren arabera kudeatuko dira.
Garbiketa eta obra-akabera:
– Obra bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuak ukitutako eremua inolako obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak desmuntatu egin beharko dira.
Jarduera uztea:
– Instalazioaren bizitza baliagarria amaitzen denean, jarduera uzten den garaian aplikatzekoa den berariazko araudia betetzeaz gain, babes- eta zuzenketa-neurri batzuk aplikatuko dira instalazioak desmuntatzeko lanetarako; hain zuzen, eraikitze-lanetarako ezarritakoen antzekoak izango dira, batez ere hondakinen kudeaketari dagokionez. Oro har, kutsagarria izan daitekeen edozein elementu desmuntatu eta kendu beharko da, eta dagokion kudeatzaile baimenduari eman beharko zaio, indarrean dagoen legeriaren arabera dagokion tratamendua egin dezan, eta eraiste-prozesuan okupatutako azalera guztiak lehengoratu egingo dira.
– Era berean, jarduera bertan behera utzi ondoren, titularrak ebaluatuko du lurzorua nola dagoen eta instalazioak erabilitako, ekoitzitako edo zabaldutako substantzia arriskutsu nagusiek lurpeko uretan zer-nolako kutsadura eragin duten, eta, halaber, organo honi emango dio ebaluazio horren emaitzen berri. Ebaluazioak erakusten badu instalazioak lurzoruaren edo lurpeko uren kutsadura nabarmena eragin duela, betiere lurzoruaren kalitatea adierazteko izapidean lurzoruaren kalitatea ikertzeko idatzi diren txostenetan ezarritako egoerarekin alderatuta, titularrak neurri egokiak hartuko ditu kutsadura horri aurre egiteko eta instalazioa lehengo egoerara ekartzeko, Ingurumen-erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen II. eranskineko arauei jarraikiz.
– Garatu nahi den jarduerak lurzorua kutsa dezakeenez, jarduera behin bukatuta, lurzoruaren kalitatea deklaratzeko prozedura hasi beharko da, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluaren 1.c) apartatuak ezarritakoaren arabera.
Ingurumen-aholkularitza:
– Obra amaitu arte eta haren berme-aldian, obra-zuzendaritzak ingurumenaren, eta oro har, babes- eta zuzenketa-neurrien inguruan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du. Obra-zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu, baldintza-agiriak horrelako gaien inguruan esleitzen dizkion funtzioak erabiliz, aholkulariek txostena egin beharko dute aldez aurretik.
– Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra gauzatzean. Besteak beste, proiektuaren ekintzen eragina egiaztatuko du, bereziki honako hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hauts- eta zarata-sorrera, hondakin-kudeaketa eta natura-ondarearen babesa.
Hirugarrena.– Zehaztea, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–, ez dela aurreikusten proiektua gauzatzeak ondorio kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenean. Beraz, ez da beharrezkotzat jotzen Laudioko udal-mugarteko (Araba) Bess Athurri baterien bidez energia metatzeko instalazioaren proiektuaz ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.
Laugarrena.– Ebazpen honen edukia Arabako Industriako Lurralde Ordezkaritzari jakinaraztea.
Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Seigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteizen, 2025eko ekainaren 4a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.
RSS