
126. zk., 2025eko uztailaren 4a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (208 KB - 14 orri.)
- EPUB (128 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
3006
EBAZPENA, 2025eko ekainaren 2koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Alonsotegiko Arkema zaharraren ingurua egokitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena.
AURREKARIAK
2024ko abenduaren 20an, Alonsotegiko Udalak eskabide bat aurkeztu zion Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari, Alonsotegiko Arkema zaharraren ingurua egokitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa sinplifikatua hasteko, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa sinplifikatuaren prozeduraren esparruan (prozedura Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. kapituluaren 2. atalean araututa dago).
Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua aplikatuta, 2025eko martxoaren 12an Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak hasi zuen ukitutako pertsona interesdun eta administrazio publikoentzako kontsulta-izapidea. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait organismoren txostenak jaso dira, eta haien emaitza espedientean dago jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.
Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmena izan dezaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, horrela ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin behar zaio proiektuari, lege horren II. eranskineko 8. taldeko c) epigrafean deskribatutakoarekin pareka daitekeelako (ibaiak bideratzeko obrak, ibilguak eta ibaiertzak babesteko proiektuak, eta I. eranskinean sartuta ez dauden ibai-dragatzeak, baldin eta ur-masaren ezaugarri fisikoak aldatzeak berekin ekar badezake ur-masa horren edo ibaian beherago dauden beste ur-masa batzuen egoera edo potentzial ekologikoa narriatzea, edo 1. edo 2. irizpide orokorrak betetzen dituzten obrak), eta, bisoi europarrarentzat interes bereziko eremu batean gauzatu behar denez, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskineko B ataleko 2. irizpidea aplikatu behar zaio: «Formalki igarobide edo lokailu ekologiko izendatutako azpiegitura berdeko elementuekin gainjartzen diren proiektuak, edo eremu hauetan gauzatu behar direnak: espezie mehatxatuak leheneratzeko edo kontserbatzeko planen eremu kritikoak edo babes bereziko erregimenean dauden espezieak kontserbatzeko garrantzitsuak diren beste eremu batzuk; Batasunaren intereseko habitatak, baldin eta unitate biogeografikoan kontserbazio-egoera txarra badute; edo arrantzaren edo itsaski-bilketaren xede diren espezieak babesteko agintari eskudunek deklaratutako eremuak; salbu eta espazio hori kudeatzeaz arduratzen den organoak jakinarazi badu proiektuak ez duela kontrako ondoriorik eragiteko potentzialik».
Proiektuak Cadagua ibaiaren eskuineko ertzeko ingurumena lehengoratzeko jarduketak egitea aurreikusten du, Arkemaren antzinako industria-instalazioen parean, Alonsotegiko udalerrian, bisoi europarra kontserbatzeko «interes bereziko eremu» den ibai-tarte batean. Horrez gain, proiektuak zenbait jarduketa egitea aurreikusten du garai batean Arkemaren industria-instalazioak zeuden lursailetan: hodi biltzaile berri bat egitea (Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak), telekomunikazioen aireko linea lurperatzea, gas-kolektorea desbideratzea, eta dorre elektriko bat birkokatzea.
Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusirik proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarrean dagoen araudian xedatutako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txosten hau ematen du (organo hori da eskuduna Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera). Txosten honetan aztertzen da ea aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzakeen eta, horren ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren azterketa arruntaren prozedura egin behar zaion; hala ez den kasuetan, proiektua garatzean ingurumena egokiro babesteko bete beharreko baldintzak ezartzen dira txostenean.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Viuda de Sainz SL enpresak Alonsotegiko Arkema zaharraren ingurua egokitzeko sustatu duen proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egitea, honela:
A. Proiektuaren xedea da Cadagua ibaiaren eskuinaldeko ertzaren ingurumena hobetzea, Arkemaren antzinako industria-instalazioen parean, Alonsotegi udalerrian, bisoi europarra kontserbatzeko «interes bereziko eremu» den ibai-tarte batean. Horrez gain, proiektuak jarduketa hauek zehaztu ditu garai batean Arkemaren industria-instalazioak zeuden lursailetarako: telekomunikazioak lurperatzea, gas-kolektorea desbideratzea, hodi biltzaile berri bat egitea (Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak), eta dorre elektriko bat birkokatzekoa.
B. Alonsotegiko Arkema zaharraren ingurua egokitzeko proiektuaren (aurrerantzean, Proiektua) ingurumen-inpaktuaren txostena ematen duen ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-dokumentua aztertu da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideei jarraikiz:
1.– Proiektuaren ezaugarriak.
Proiektuaren xedea da Cadagua ibaiaren eskuinaldeko ertzaren ingurumena hobetzea, Arkemaren antzinako industria-instalazioen parean, Alonsotegiko udalerrian, bisoi europarra kontserbatzeko «interes bereziko eremu» den ibai-tartean.
Proiektuaren barruan sartzen da Cadagua ibaiaren eskuinaldeko ertzaren ingurumena leheneratzea, bai eta zenbait jarduketa egitea ere garai batean Arkemaren industria-instalazioak zeuden lursailetan: Cadaguako hodi-biltzailea berritzea (Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak), telekomunikazioen aireko linea lurperatzea, gas-kolektorea desbideratzea, eta dorre elektriko bat birkokatzea.
Cadagua ibaiaren eskuineko ertzaren ingurumena hobetzeko, Arkemaren instalazioak zeuden lurzatian, plataformaren perimetroan zehar, jarduketa hauek egitea aurreikusi da:
– 200 metro inguruko luzera duen horma bat eraistea, gaur egun bisoiak Cadagua ibaian gora egiteko igarobide lehorrik ez duen eremuan. Zehazki, tarte honetan eraitsi nahi da horma: Arkemaren instalazioak zeuden lurzatiaren hasietarik 50 m ibaian behera eta 250 m ibaian gora. Tarte horretan dago gaur egun ibilguaren gainean bermatuta dagoen horma-zatia. Tarte horretatik aurrera, nabarmen txikiagoa da horma, eta lehendik dagoen ibaiertzaren kota altuagoetan dago bermatuta.
– Bisoiak tarte horretatik igaro ahal izateko, 0,50 metro zabal den berma egitea. Berma horrek, bai oinplanoan, bai kotan, ibaian gora eta ibaian behera lehendik dauden ibaiertzekin lotuko du jarduketen xede den tarte hori; hala, jarraitutasuna emango zaio ibaiertzeko igarobideari.
– 1H:1B ezponda eraikitzea eskuineko ibaiertzean. Ezponda horrek harri-lubetazko oinarria izango du, landareztatua eta hormigoirik gabea. Harri lubetari emango zaion altuera (1,00-0,50 m bitartekoa) xede-uraldiko fluxuaren abiaduren araberakoa izango da. Harri-lubetaren funtzioa izango da ezpondaren oina fluxuaren abiadura handietatik babestea ezohiko uraldietan (5 m/s inguruko abiadurak). Ezpondaren gainerako zatian bioingeniaritzako teknikak aplikatuko dira (Krainer horma edo antzekoa).
– Lehendik dagoen elementu artifiziala kendu ondoren, eta egungo mehatxu-faktoreak arintzeko, igarobide bat egin nahi da; horretarako, ibaiertzeko landaredi potentzialarekin lehengoratuko da tarte hori, hau da, bertako genotipodun haltzadi kantauriarrarekin. Besteak beste, espezie hauek erabiliko dira: haltza (Alnus glutinosa), lizarra (Fraxinus excelsior), sahatsa (Salix atrocinerea) eta hurritza (Corylus avellana), guztiak bertakoak. Sahatsaren adar-aldaxkak Cadagua ibaitik bertatik aterako dira, eta beste espezie batzuk, haltzak eta lizarrak kasu, Mungiako Bertoko Basoa haztegitik ekarriko dira. Ibaitik urrunduz eta uholde-arriskuaren tokiko faktoreen arabera (ibaiertzaren kota, oinarri harritsua, zurrunbiloak eta beste), bi soluzio mota konbinatuko dira: ibaiertzeko landareekin landareztatutako Krainer horma, eta sahatsaren adar-aldaxkekin landareztatuko harri-lubeta. Jarduketa horien bidez, zabaldu egingo da igarobidea, eta, hartara, fauna basatia handik igaro ahal izango da.
– Igarobidea haltzadi kantauriarrarekin landareztatuko da, eta gutxienez 0,5 m zabal izango da ubidearen gainean bermatutako hormak gehien erasandako eremuan. Gainerako tokietan are zabalagoa izango da. Igarobide ekologikoaren oinarri izango den berma hori kontaktuan egongo da Cadagua ibaiaren ur-laminarekin.
– Epe ertain/luzera, beraz, landaredi naturalak hartutako igarobide bat egongo da zortasun-eremu osoan. Harri-lubeta lurrez bete eta aldaxkatu egingo da.
Ikuspegi hidraulikotik ere zenbait jarduketa egingo dira; jarduketok, nolanahi ere, lehentasunezko fluxu-eremua errespetatuko dute eta ez diote erasango ibilguari edo ibaiaren eskuinaldeko ertzari. Hauek dira jarduketa horiek:
– Zortasun-eremua mugatzea. Horretarako, 2,33 urteko errepikatze-denborari dagokion uraldia hartuko da erreferentziatzat, hori baita Uraren Euskal Agentziak jabari publiko hidraulikoa mugatzeko erreferentziatzat hartzen duen uraldia.
– Itxitura 5,00 metro atzerago jartzea (zortasun-eremuaren barruan) eraitsi beharreko horma-zatitik ibaian gora, eta eremu horretako ingurumena hobetzea. Horretarako, ibilguan dagoen lur-zerrendaren eta urbanizazioaren arteko horma-zatia kendu, eta landareztatu egingo da. Nolanahi ere, ez da ukituko ibaiertz hori ez eta ubidea ere, eremu horretan jada finkatuta baitago ibaiertzeko landaredia.
Jarduketa horiek eragina izango dute ikuspegi hidraulikotik, inguruneko uholde-arriskua murriztuko baitute.
Perimetro-hormaren eraispenak, ibaiertzeko ezpondak profilatzeko eta landareztatzeko jarduketek eta industrialdearen planteamendu berriak eragin handia izango dute Cadaguako hodi-biltzailean. Hori dela eta, 500 mm-ko diametroko hormigoizko hodi biltzaile berri bat egitea planteatzen da. Hodi biltzaile hori eraikin berritik gutxienez 1,50 metrora kokatu nahi da; hartara, Uraren Euskal Agentziak zehaztutako zortasuna errespetatuko da. Trazadura horrek ez dio eragingo aipatutako zortasunari. Horrez gain, karga hausteko kutxatila berri bat instalatzea aurreikusten da, industria-lurzatia inguratuz PR-49arekin konektatuko dena.
Lurzatiaren ekialdeko mugatik telekomunikazio-linea bat igarotzen da zuhaitzen artean. Hura lurperatzea proposatzen da. Horretarako, enpresa hornitzailearen araudiari jarraitu behar zaio, eta egoera txarrean dauden zurezko bi zutoinen arteko aireko linea kendu behar da. Industria-eraikuntza berriko telekomunikazio-sarea hornituko duen hargunea sare berritik egitea proposatzen da.
Pabiloi berria egiten denean, lehendik dagoen gas-sarea eraikin berriaren azpian geratuko da. Ondorioz, linea hori atzerago eramatea proposatzen da, ekialdeko fatxadatik gutxienez 5,00 metrora gelditu dadin. P4Q Electronics-en pabiloiaren mendebaldeko fatxadatik ere tarte hori geldituko dela bermatu behar da.
Bestalde, erabilerarik ez duen hormigoizko dorre elektriko zahar bat eraistea ere aurreikusten du proiektuak. Dorre horrek ez ditu betetzen enpresa hornitzaileak ezarritako araudiak, eta Uraren Euskal Agentziak ezarritako zortasun-eremuan du zimendu-oinarria. Dorrea eraitsi ondoren, lurzati barruan birkokatuko da, energia elektrikoa hornitzen duen enpresak ezarritako murrizketen arabera. Dorre horretatik 1600 kV-eko erdi tentsioko korrontea banatuko da.
Ingurumen-dokumentuak ez du jasotzen alternatiben azterketarik.
2.– Proiektuaren kokapena.
Proiektuaren eremua Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko (ES017) Ibaizabaleko Unitate Hidrologikoan (UH) dago, zehazki, Cadagua ibaiak Arkemaren antzinako industria-instalazioen parean osatzen duen meandroaren eskuineko ertzean. Beraz, jabari publiko hidraulikoan dago (zortasun-eremua eta zaintza-eremua). Proiektuaren eremuan, ibaia Cadagua IV ur-masa gisa dago sailkatuta (kodea: ES073MAR002920), eta bat dator «oso eraldatutako ibai-ardatz kantauriar-atlantiko nagusiak» tipologiarekin. 2023ko balorazio-urtean, Cadagua IV ur-masaren egoera ekologikoaren potentziala neurrizkoa da, egoera kimikoa ona eta urteko egoera globala ona baino okerragoa. 2019-2023 aldian, egoera kimikoa ona da, eta, globala, berriz, ona baino okerragoa. Cadagua IV ur-masa «hornidura-harguneak dituen masa» gisa dago jasota Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroan, eta «espezie mehatxatuen (bisoi europarra) interes bereziko eremua» da. Proiektuaren eremutik gertu dagoenez, aipatzekoa da, halaber, Zaramillo zubia, zeina urari lotutako kultura-ondare gisa baitago jasota Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroan. Plangintzaren eskumen-eremuei dagokienez, sare hidrografikoa erkidego arteko arroen barruan dago, eta Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak du haren gaineko eskumena ur-arloan.
EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren arabera, osagai hidraulikoari dagokionez, Cadagua ibaia V. mailakoa da (400 < C < 600 km2) Arkemaren antzinako instalazioetatik igarotzean; ingurumen-osagaiari dagokionez, berriz, proiektuaren xede den ibaiertza ez dago zonakatuta.
Litologiari dagokionez, porositateagatik iragazkortasun ertaina duten alubioi-metakinak daude jarduketak proiektatu diren tokian. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, hau da material alubialen osaketa (material berrienetatik zaharrenetara): lohiz eta buztinez osatutako geruza bat –geruza horrek hondar xehea ere badu (eduki aldakorra)–, legar hareatsuz eta boloz osatutako geruza baten gainean bermatuta. Arkema enpresak garai batean hartzen zituen lursailak artifizializatuta daude.
Ikuspuntu hidrogeologikotik, proiektuaren eremua Hegoaldeko Antiklinorioko (ES017MSBT017-006) lurpeko ur-masaren gainean dago –ur-masa horien egoera globala ona da–, Arabako Plataforma Jabariaren Balmaseda-Elorrio Sektore Kuaternarioarekin gainjarrita. Balmaseda-Elorrio Sektore Kuaternarioa, EAEko lurpeko ur-masen sektorea, interes hidrogeologikoko gunea da.
Proiektuaren eremuan ez dago ez Natura 2000 Sareko gunerik, ezta naturagune babesturik edo Batasunaren intereseko habitatik ere. Halaber, ez dago inbentario edo katalogoren batean jasotako paisaia-baliorik, ez eta EAEko geologia-intereseko lekuen inbentarioan sartutako geologia-intereseko lekurik ere.
Proiektuaren xede den ibai-tartean, Cadagua ibaia Euskal Autonomia Erkidegoko azpiegitura berdearen bilbe urdinean dago jasota (LAG), bai eta Bizkaiko azpiegitura berde-urdinean ere, konektore urdin gisa (CA.07 kodea). Proiektuaren parean, Cadagua ibaia Meatzaldea-Ganekogorta igarobide berdearen ondotik doa. Igarobide horrek Ganekogorta nukleo-eremua (AN18 kodea) eta Meatzaldea (AN04 kodea) lotzen ditu.
Eusko Jaurlaritzaren landarediaren kartografiaren arabera, proiektuaren eremuan landaredi erruderal nitrofiloa dago. Landareri mota hori ohikoa izaten da hiriguneetan eta lugorrietan. Ortoargazkian ikus daitekeenez, zenbait eremutan, bideratze-hormaren oinean, zuhaixka-erako landaredia dago, eta, ibaian gora dagoen jarduketa-eremuan, berriz, zuhaitz-erako landaredia. Ingurumen-dokumentuak proiektuaren inguruko landaredia aipatzen du, 200 metroko erradioaren barruan dagoena, eta zenbait landare-unitate nabarmentzen ditu, hala nola artadi kantauriarra, gurbizti edo sastrakadi altu termoatlantikoa, eta sega-belardiak. Ez du, zehazten, ordea, zer ezaugarri dituen esku-hartzearen xede den ibaiertzean gaur egun dagoen landarediak, ezta ere eremu horretan landaredirik baden ala ez. Nolanahi ere, berriro sustatu nahi den industria-jarduera hartu zuen plataforman egin nahi dira gainerako jarduketak, eta plataforma horrek lurzoru artifizializatua du, landaredi interesgarririk gabea.
Faunari dagokionez, proiektuaren eremua bisoi europarraren interes bereziko eremua da, bisoi europarraren kudeaketa-planaren arabera (Foru Aldundiaren ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretua, Bisoi Europarraren –Mustela lutreola (Linnaeus, 1761)– Kudeaketa Plana onartzekoa Bizkaiko Lurralde Historikoan, galzorian dagoen espeziea izanik babes-neurri espezifikoak behar baititu). Planaren eremuak ez du ukitzen fauna mehatxatua kudeatzeko onartutako planen xede den beste eremurik, ez eta Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoak edo Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduaren arabera (2016/05/23ko EHAA, 96. zk.) abifauna babesteko ezarritako beste eremurik ere. Ingurumen-dokumentuak hiru fauna-habitat mota identifikatu ditu proiektuaren ingurunean: ibai-ibilguak, basoak, eta belardiak edo laborantza-eremuak. Ibai-ibilguetan, bisoi europarraz gain (Mustela lutreola), anfibio ugari (hala nola, txantxikua, apo arrunta eta igel gorria), narrastiak (suge biperakara barne), uretako hegaztiak eta txori kantari txikiak daudela jaso da. Basoetan, ugaztun-ugari daudela jaso da, batez ere karraskariak, baita narrastiak eta anfibioak ere. Belardietan eta laborantza-lurretan, berriz, zenbait hegazti identifikatu dira (eperra, galeperra, arabazozoa, alaudidoak eta harrapariak), bai eta ugaztunak ere (lursaguak, untxia, erbia, erbinudea eta azeria).
Kultura-ondareari dagokionez, aipatzekoa da Zaramillo zubia, kultura-ondasun deklaratua. Ingurumen-hobekuntzaren xede den ibai-tartetik gertu dago, ibaian gora.
Ingurumen-arriskuei dagokienez, garai bateko Arkema enpresaren lurzatia 10, 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uholde-eremuan dago. Uholde-arriskuari dagokionez, ingurumen-dokumentuaren arabera, Cadagua ibaiaren eskuineko ertzeko ingurumena hobetzeko aurreikusitako jarduketak uholde-arriskua murriztuko du, bai garai bateko Arkema enpresaren lurzatian bertan, bai lurzati horretatik ibaian gora. Gainera, eremuak barne hartzen du lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen Ihoberen inbentarioko 48912-00015 kodea duen industria-lurzatia. Horri lotuta, ingurumen-dokumentuak nabarmentzen du inbentariatutako lurzatia erabilera industrialerako eraldatutako lurzorutzat jotzen dela, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren Ebazpenarekin bat etorriz. Ebazpen horren bidez, lehen Arkema Química SA enpresak Alonsotegiko (Bizkaia) udalerrian okupatzen zuen kokalekuko lurzoruaren kalitatea deklaratu zen, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeak araututako prozedurari jarraikiz. Hala, adierazpen horren arabera, kokalekua bateragarria da erabilera industrialarekin edo industrialaren parekoarekin, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen ondorioetarako. Era berean, adierazi da ezen, ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta ebazpen horretan xedatutakoa betetzeko, indusketa selektiboko plan bat idatzi beharko dela edozein lur-mugimendu egin aurretik.
Beste arrisku batzuei dagokienez, alde batera utzi dira sismikotasunari lotutakoak, bai eta akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun handiarekin edo oso handiarekin lotutakoak ere. Era berean, baztertu egin dira salgai arriskutsuen errepideko edo trenbideko garraioko istripuekin lotutako arrisku handiak, bai eta SEVESO III araudiari lotutako enpresen hurbiltasunarekin lotutakoak ere.
3.– Inpaktu potentzialaren ezaugarriak.
Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpakturik nabarmenenak obrak egiteko fasean sortuko dira. Ibaiertzeko esku-hartzeari dagokionez, fase honetako afekzioak jarduketa hauen ondoriozkoak izango dira nagusiki: ibaiertzeko landaredia soildu eta moztea bideratze-hormaren oinean; perimetro-horma eraistea; lurra mugitzea, eta ibaiaren ertza birmoldatzea (harri-lubetak, ezpondak, bermak eta Krainer hormak). Horri guztiari industria-lurzatiaren barruko jarduketen eragina gehitu behar zaio: gasaren eta telefono-kableen hodiak aldatzea, elektrizitate-dorrea eraistea, dorre berriaren zimenduak ipintzea eta zapatak hormigoiztatzea, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren hodi biltzaile berria eraikitzeko indusketak egitea eta hormigoia botatzea. Aurreikusitako jarduketek berekin ekarriko dituzte hondeaketak eta lur-mugimenduak industria-lurzatian, ibilgailuen eta obrako makineriaren joan-etorriak, eta obrako materialaren zamalanak. Horrek guztiak inpaktua izan dezake ibaiaren morfologian, landaredian (batez ere, bideratze-hormaren oinean hazten den landaredian), faunan, lurzoruetan, airearen kalitatean, egoera akustikoan, paisaian eta ibai-uren kalitatean (bai solido esekien kantitatea handitzeagatik, bai makineriatik etor daitezkeen ustekabeko isuriengatik).
Proiektuaren eremua lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen Ihoberen inbentarioan dago jasota (kokapenaren kodea: 48912-00015). Horri dagokionez, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutakoa beteko da, eta, bereziki hartuko da kontuan Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren ebazpena, lehen Arkema Química SA enpresak Alonsotegiko (Bizkaia) udalerrian okupatzen zuen kokalekuko lurzoruaren kalitatea deklaratzen duena, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeak araututako prozedurari jarraikiz.
Proiektuaren eremuko uholde-arriskua dela eta, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko Plan Hidrologikoaren (2022-2027) arau-xedapenetako 43., 45. eta 46. artikuluetan ezarritako baldintzak bete beharko dira, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaien eta Erreken Ertzak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialak uholdeen aurkako babesari buruz jasotzen duen araudi espezifikoa ere. Horri dagokionez, ingurumen-dokumentuak Uraren Euskal Agentziaren txosten bat jasotzen du (Erref.: CO-2021-0304). Txosten horrek uren arloko indarreko araudiari buruzko informazio orokorra ematen du, aurreikusitako jarduketekin lotuta, eta kasuan kasuko obrak egiteko Agentzia horren aldez aurreko baimena lortu behar dela adierazten du.
Azkenik, proiektua Bisoi Europarraren Kudeaketa Planean ezarritako «interes bereziko eremuarekin» gainjartzen da (plan hori ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Bizkaian). Horri dagokionez, ingurumen-dokumentuak aipatutako dekretuaren 10. artikuluan ezarritako nahitaezko txostena aurkeztu du, aldekoa dena. Hau adierazten du txosten horrek: «... jarduketak hobekuntza nabarmena ekarriko du Cadagua ibaiaren meandro horren egungo egoerarekin alderatuta, eta, denborarekin, posible egingo du bisoi europarraren eremua edo habitata berreskuratzea. Gainera, epe laburrago batean, ibaiaren eskuineko ertzetik igarotzea ahalbidetuko dio bisoi europarrari, eta hori funtsezkoa da galtzeko arrisku larrian dagoen espezie horren bideragarritasunerako». Txostenak, gainera, etorkizuneko urbanizazio-proiektuak barne hartu beharko dituen zenbait alderdi zehazten ditu, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Sailak obrak egiteko aldez aurretiko baimena eman dezan.
Ingurumen-txostenak eraikuntza-etapan izango diren inpaktu negatiboak aipatzen ditu, alderdi hauei lotuta: gainazaleko urak eta lurpeko urak, landaredia eta habitatak, fauna, paisaia, ondarea, plangintza, biztanleria eta baliabideen kontsumoa. Inpaktu horiek bateragarritzat edo neurrizkotzat jotzen ditu. Ustiapen-faseari dagokionez, ingurumen-dokumentuak positibotzat jotzen ditu landarediarekin eta habitatekin, faunarekin, paisaiarekin, plangintzarekin eta biztanleriarekin lotutako inpaktuak.
Bigarrena.– Ebazpen honetan, zenbait babes- eta zuzenketa-neurri ezartzen dira, Alonsotegiko Arkema zaharraren ingurua egokitzeko proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan, eta proiektu horri ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egiteko beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Eusko Jaurlaritzaren Ingurumenaren Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan ezarritakoa kontuan hartuta.
Neurriek eta kontrolerako langile kopuruak bermatu beharko dute betetzen direla ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak, bai eta ingurumen-inpaktuaren txosten honetan ezarritakoak ere.
Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obretako jardunbide egokiak aplikatuko dira.
Ondoko atal hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira:
Natura-ondarea babesteko neurriak.
Bisoi europarraren gaineko eraginari dagokionez, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiko Natura Ondarearen Zerbitzuak adierazten duen bezala, urbanizazio-proiektuak aldez aurreko baimena jaso beharko du, Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailaren foru-agindu bidez, Bisoi europarraren Bizkaiko Kudeaketa Planaren 9. artikuluak xedatutakoari jarraikiz. Zuzendaritza horrek ezartzen duen bezala, idatziko den urbanizazio-proiektuan, interes bereziko eremua leheneratzeko neurriez gain (bidalitako dokumentazioan ezarritakoaren arabera), alderdi hauek jaso beharko dira:
– Harri-lubetazko oinarria jarri behar den ibaiertz-tarteak ahalik eta luzera txikiena izango du, eta harri-lubetazko oinarri horren garaiera ahalik eta gehien mugatuko da. Oinarri hori ezingo da hormigoitu. Urbanizazio-proiektuan behar bezala jaso behar da baldintza hori. Horren arabera egongo da, hein handi batean, Sail horrek aldez aurreko baimena ematea.
– Bisoi europarrak Bizkaian duen ugalketa-aldi kritikotik kanpo egin behar da obra; beraz, interes bereziko eremuari eragiten dioten obrak ezingo dira egin martxoaren 15etik uztailaren 31ra bitartean.
– Proiektuaren aurreikuspenetan, aurrekontu-aurreikuspenetan barne, adierazi beharko da obrek eragindako eremuan agertzen diren flora inbaditzaile aleak kentzeko kontrola egin beharko dela, gutxienez obrak egin eta hurrengo hiru urteetan. Hiru urteko epe hori, gutxieneko zaintza- eta kontrol-alditzat jotzen da bereziki problematikoak diren hiru flora-espezie inbaditzaile hauek espazio eraldatua ahalik eta gutxien okupatuko dutela bermatzeko: Cortaderia selloana, Buddleja davidii eta Fallopia japonica.– Nolanahi ere, proiektuak jaso behar du landaketetan eta ereintzetan erabiliko diren landareak jatorri genetiko kantauriarra duten ibaiertzeko espezie autoktonoak izan behar direla.
Ingurumena eta paisaia leheneratzeko neurriak.
Lehengoratze-lanak egiteko, kontuan hartuko da proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikaturako aurkeztu den dokumentazioan jasotako proposamena (espezieak, landatze-metodologia, dentsitateak, landareen tamaina, mantentze-lanak eta beste). Hala ere, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzak jakinarazi duenez, Cadaguaren ibaiertza landareztatzeko proiektuak sendotu egingo du zortasun-eremua («zabalgunea» deiturikoa) lehengoratzeko proposamena. Udareondoak, gereziondoak eta basoko sagarrondoak erabili beharrean (itxituratik hurbilen dagoen zerrendan mota horretako zuhaitzak landatzea planteatu da), hobe litzateke azalera horretan ibarbasoko berezko espezieak sartzea, eta haltzei eta lizarrei zuhaixka-espezieak gehitzea; hau da, azalera horretan ezponda-eremuetarako egin denaren antzeko planteamendua aplikatu beharko litzateke.
Obra kontratatzeko baldintzen agirian eta aurrekontuetan, proposatutako landareztatze-jarduketak behar bezala beteko direla bermatzeko behar diren baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak jasoko dira.
Obrak ukitutako eremu guztietan egingo dira obraren paisaia-integraziorako lanak, baita kontratistaren instalazio-eremuetan edo bestelako eremuetan ere, baldin eta, ingurumen-dokumentuan agertu ez arren, proiektuaren ondorioz kaltetu badira. Obrak eremu urbanizatu gabeak ukitzen dituenean, lehengoratze-lan hori egiteko, berriro landatu behar dira landarez bete daitezkeen zonak.
Obrek dirauten bitartean, kontrol-neurriak hartuko dira landare-espezie exotiko inbaditzaileak detektatzeko eta bertan sartu eta hedatzea eragozteko. Ildo horretan, obran erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, inguruan koka daitezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak hedatzeko arriskurik ez izateko. Obrek irauten duten bitartean espezie inbaditzailerik ikusten bada, desagerrarazi egingo da jarduketa-eremuetatik.
Jabari publiko hidraulikoa eta hari lotutako babes-eremuak eta ingurune hidrikoa babestearekin lotutako neurriak.
Uraren Euskal Agentziak ezartzen duen bezala, Cadagua ibaiaren jabari publiko hidraulikoaren eta zortasun-eremuaren mugak berriro definitu beharko dira, proiektatutako soluziora egokitzen den modelizazio hidrauliko berri bati jarraikiz (ezponda berriaren oinean aurreikusitako berma handitzea). Jarduketen ondoren, jabari publiko hidraulikoak eta zortasun-eremuak izango dituzten muga berriak erreferentzia nagusitzat hartu beharko dira etorkizunean egingo diren itxituren gutxieneko distantzia eta eremuan egingo diren eraikinen atzerapenak ezartzeko. Eredu hidraulikoa eguneratu ondoren, berriro egiaztatu beharko da zer eragin izan dezaketen obrek eremuko uholde-arriskugarritasunean. Ildo horretan, gogorarazten da itxiturek iragazkorrak izan beharko dutela lehentasunezko fluxu-eremuan.
Lurzatirako proposatzen diren erabilera berriak Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoaren araudiko 43. eta 45. artikuluetan xedatutakora egokitu beharko dira. Artikulu horiek lehentasunezko fluxu-eremuko lurzoru urbanizatuetako erabilerak eta urak har dezakeen gainerako eremuetako erabilerak mugatzen dituzte, hurrenez hurren.
Kontuan hartuta aurreikusitako jarduketak garai batean Arkema Química SA enpresak zuen kokalekutik gertu egingo direla, eta horko lurzorua industria-erabilerarako lurzoru eraldatutzat jo dela, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren X. eranskinean ezarritako Arriskurik Ezaren Balio Generikoak (AEBG) gainditzen dituzten kutsatzaile kontzentrazioak dituzten lurpeko urak detektatzen badira, informazio hori Kantauriko Konfederazio Hidrografikora igorri beharko da, jakinaren gainean egon dadin eta horren arabera jardun dezan.
Era berean, arreta berezia jarriko zaie Arkema Química SA enpresak garai batean okupatutako lurzatitik ateratzen diren hondeatutako materialei, eta beharrezkoak diren prebentzio-neurriak hartuko dira, kutsadura lurpeko eta azaleko uretara barreiatu ez dadin.
Cadaguaren ibaiertza egokitzeko obretan aurreikusitako jarduketek kokaleku horretako lurpeko uren kalitatearen segimendu- eta piezometria-sareari eragin diezaioketenez, gogorarazten da erasandako piezometroak jatorrizko posiziotik ahalik eta gertuen kokatuko diren beste batzuekin ordeztu beharko direla, obrak egin ondoren ere lurpeko uren kontrol eta segimendu horiek egiten jarraitu ahal izateko.
Jabari publiko hidraulikoaren babes-eremuetan (zortasun- edo zaintza-eremuetan) egin behar diren jarduketek Kantauriko Konfederazio Hidrografikoaren nahitaezko baimena eduki beharko dute. Baimen hori Uraren Euskal Agentziak izapidetuko du.
Oro har, obrak gauzatzean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta substantzia kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera. Materialak ibilguetara arrastan joan daitezkeela edo isurketa zehaztugabeak gerta daitezkeela aurreikusten den guneetan, jalkinei eusteko hesiak jarriko dira, ingurumen-agirian aurreikusiak.
Hidrokarburoen material xurgatzaile espezifikoa jarri beharko da eskura obretan, istripuz isuri edo ihesen bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.
Ez da lurrik edo materialik pilatuko ibai-ibilguaren ingurumarietan.
Obrako makinak gordetzeko azalera eta haiek mantentzeko tokia drainatze-sare naturaletik isolatu beharko dira. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Ezin izango da erregaien zamalanik, olio-aldaketarik eta konponketa-lantegiko jarduerarik egin horretarako adierazitako eremuetatik kanpo.
Hormigoi-ontzietako kanaletak garbitzeko, edukiontzi iragazgaiztu bat jarriko da, kanaleten garbiketa-urak jaso ahal izateko. Hormigoi-upelak obra-eremutik kanpo garbituko dira. Ez da inola ere onartuko hormigoiaren ikuzketaren hondarrak ibaiaren ibilgura isurtzea. Edukiontzi horretan metatutako hormigoi-hondarrak kudeatzaile baimenduak kudeatu beharko ditu.
Obrek lurrazaleko ur-ibilguen gainean sor ditzaketen eraginak zehazteko, lanak egin aurretik, kalitate fisikokimikoari buruzko egoera zehaztuko da obra-eremutik ibaian gora eta ibaian behera. Parametro hauek aztertuko dira gutxienez: pH-a, eroankortasuna, material esekiak, olio eta koipeen kontzentrazioa eta hidrokarburoen kontzentrazioa.
Obrak egin bitartean, hamabostean behin, uraren kalitate fisiko-kimikoaren kontrolak egingo dira, eta lanak egin aurreko egoeran ezarritako parametroak zehaztuko dira. Kontrol horien emaitzetan uren kalitateari eragiten dion zerbait hautemanez gero, horren arrazoia identifikatu eta neurri zuzentzaile egokiak ezarriko dira.
Uholde-arriskuarekin lotutako neurriak.
Uraren Euskal Agentziaren txostenean eskatzen den eredu hidraulikoa eguneratu ondoren, berriro egiaztatu beharko da obrek izan dezaketen eragina eremuko uholde-arriskugarritasunean.
Lehentasunezko fluxu-eremuan, debekatu egingo dira iragazkorrak ez diren itxiturak eta hesiak. Horrez gain, ezingo da egin betelanik, lursailaren sestra aldatu eta urak husteko gaitasuna nabarmen murrizten badute, eta orotariko hondakin-materialak ere ezingo dira metatu.
Lehentasunezko fluxu-eremutik kanpo dagoen lurzatian, berriz, ezingo da egin betelanik, lursailaren sestra aldatu eta urak husteko gaitasuna nabarmen murrizten badute, eta orotariko hondakin-materialak ere ezingo dira metatu.
Obrek dirauten bitartean, uholde-arriskua duten eremuetan ez da obra-instalazio osagarririk jarriko (batez ere, makineria-parkea eta garbigunea), uholdeen errepikatze-denbora edozein dela ere. Nolanahi ere, kontuan hartu beharko da urtarrilaren 24ko 35/2023 Errege Dekretuaren bidez onartutako Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Espainiako zatiko Plan Hidrologikoak (2022-2027) 43., 45. eta 46. artikuluetan xedatutakoa, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaien eta Erreken Ertzak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialak uholdeen aurkako babesari buruz jasotzen duen araudi espezifikoa ere.
Kutsatutako lurzoruen kudeaketarekin lotutako neurriak.
Proiektuaren eremuan lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak jasan dituzten lurzoruak egoteari dagokionez, inbentariatutako lurzatia erabilera industrialerako eraldatutako lurzorutzat jotzen da, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren Ebazpenarekin bat etorriz. Ebazpen horren bidez, lehen Arkema Química SA enpresak Alonsotegiko (Bizkaia) udalerrian okupatzen zuen kokalekuko lurzoruaren kalitatea deklaratu zen, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeak araututako prozedurari jarraikiz. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta ebazpen horretan xedatutakoa betetze aldera, indusketa selektiboko plan bat idatzi beharko da edozein lur-mugimendu egin aurretik.
Zarataren eta bibrazioen ondorioak murrizteko neurriak.
Lanek dirauten bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko –bereziki indusketa-, eraispen-, zama- eta garraio-lanetan–, bai eta erabilitako makineriaren mantentze orokorrean, zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan, zarata sortzeko ordutegiaren mugaketan, lanetan erabilitako ekipoen zaraten kontrolean eta abarrean ere.
Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta, hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.
Bestalde, proiektua garatzean, obraren afektazio-eremuan sorrarazitako zaratek ez dituzte gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoak, hargatik eragotzi gabe dekretu horretako 35.bis artikuluan aurreikusitakoa. Alde horretatik, sei hilabete baino gehiago irautekoak diren lanetan, inpaktu akustikoari buruzko ikerketa bat egin beharko da, zer zuzenketa-neurri behar diren zehazteko.
Soilik egunez egingo da lan.
Hondakinak kudeatzeko neurriak.
– Sortutako hondakin guztiak Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, bereizi egin beharko dira, hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira; hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea, balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne, eta, azkenik, deuseztatzea.
Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik ez dela bideragarria haiek balioestea.
– Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira olio erabiliak.
– Obrek dirauten bitartean, eremu jakin bat egokitu beharko da behin-behinean pilatzeko hondakin arriskutsuak, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarri beharko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak (bidoiak eta beste) jarriko dira lanak egiteko eremu osoan. Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira garbigune batean.
– Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdinetako hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemek independenteak izan beharko dute, baldin eta beren tipologia dela eta, isurketaren baten ondorioz nahasiz gero, arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako edukiontziak edo ontziak etiketatu egin beharko dira argi eta irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan, indarrean dagoen araudiaren arabera.
– Erabilitako olioak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpe batean utziko dira, behar bezala etiketatutako andel estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei eusteko sistemen barruan.
– Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inola ere kontrolatu gabeko efluenterik sortuko erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.
– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.
Aipatu ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak gehitu beharko dio eraikitze-proiektuari hondakinen eta eraikitze- eta eraispen-materialen kudeaketa-azterlan bat, eta I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko du.
Bestalde, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan ezarritako eskakizunak betetzeaz gain, plan bat prestatuko du kontratistak, obrako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakin eta materialekiko betebeharrak nola beteko dituen azaltzeko.
– Hondeaketaren soberakinak kudeatzeko, hierarkiaren printzipioari eta hondakinak kudeatzeko hurbiltasunaren printzipioari jarraituko zaie. Hondeatutako material kutsagabe naturaletarako, ukitutako lursaila morfologikoki leheneratzeko erabiltzea baztertu ondoren, balioztatzea lehenetsiko da, honelako lanetarako erabiliz: material horiek behar dituzten gertuko eraikuntza-obrak, erauzketa-jarduerek eragindako lursailak birgaitzeko lanak edo beste espazio degradatu batzuk leheneratzeko lanak. Hala, ez dira ezabatuko betelan-instalazioetan. Horretarako, kontuan izango da urriaren 10eko APM/1007/2017 Agindua (Hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzkoa).
– Zabortegira bidali beharreko hondakinak kudeatzeko, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuari eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuari jarraituko zaie. Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.
Bestalde, obrak amaitzean proiektuaren sustatzaileak lurren mugimenduen balantze zehatza eta hondeaketaren soberakinen jarraipena helarazi beharko dizkio Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzari, bai eta honako hau zehaztu ere: atera ziren lekuetan ez, baizik eta beste leku edo obra batzuetan eraikuntzara zuzendutako materialen kopuruak eta ezaugarriak. Horrez gain, erabilera horretarako baimenak aurkeztu beharko dira, hondakinen araudiaren arabera nahiz meatzeen araudiarekin bat etorrita.
– Industria-lurzatiaren barruan aurreikusitako jarduketei dagokienez (bereziki gasaren eta telefono-kableen hodiak aldatzea eta elektrizitate-dorrea eraistea), amiantoa duen hondakinik edo elementurik aurkitzen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak ezarritakoa bete beharko da –amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura prebenitu eta gutxitzekoa da errege-dekretu hori–, bai eta martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuak ezartzen duena ere –amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplikatu behar zaizkien segurtasuneko eta osasuneko gutxieneko xedapenak ezartzen ditu errege-dekretu horrek–.
– Obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten osoa egin beharko da, eta indarrean dagoen legeriak hondakinen kontrolerako, jarraipenerako eta onarpenerako jasotzen dituen agiriak erantsi beharko dira txosten horretan.
Kultura-ondarea babesteko neurriak.
Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obran aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio hori Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren Zuzendaritza Nagusiari; hark erabakiko du zer neurri hartu.
Airearen kutsadura minimizatzeko neurriak.
Aldian-aldian, obra-sarbideak garbituko dira, eta, atzemandako hauts-emisioen arabera, ureztatzeak programatuko dira. Sarbideek egoera egokian egon beharko dute beti.
Obra-guneen irteeran ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dira, ahal dela zirkuitu itxikoak, solido esekien karga handia duten urak ibaira ez isurtzeko. Gailu horiek egoera onean mantenduko dira obra fase osoan zehar.
Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da hondeaketa-materiala, hain zuzen, zama-estalkiak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzeko.
Jardunbide egokien sistema bat ezartzea.
Beharginek jardunbide egokien sistema bat ezarri beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta hobekien bermatzeko:
– Obraren okupazio-mugak eta makineriaren zirkulazioa kontrolatzea: egiaztatu egin beharko da lanen eremua proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela; obrek ez dute hartuko aurreikusitakoa baino eremu handiagoa.
– Batasunaren intereseko eta eskualde-intereseko habitatetako flora- eta fauna-espezie mehatxatuen aleetan duen eragina kontrolatzea.
– Hondakin-isurketarik ez egitea, eta olio-isurketen ondorioz edo lurra leku batetik bestera eramatea dela bide lurzorua eta ura ez kutsatzea.
– Obretan sortutako hondakinak era egokian kudeatzea.
– Proiektuak afekzio-eremuko herriguneetako biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.
Garbiketa eta obra bukatzea.
Behin obrak amaituta, garbiketa-kanpaina sakona egingo da, proiektuaren eraginpean egon den esparru osoan obra-hondakinik ez uzteko. Hondakinak lan-eremutik aterako dira, eta, haiek kudeatzeko, txosten honetan hondakinak kudeatzeko xedatzen dena aplikatuko da.
Ingurumen-aholkularitza.
Obra amaitu arte eta haren berme-aldian zehar, obra-zuzendaritzak ingurumenaren eta babes- eta zuzenketa-neurrien arloan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du.
Ingurumen-aholkulariek, gainera, obra egiteko jardunbide egokiak baliatzen diren begiratuko dute. Besteak beste, proiektuaren ekintzen eragina aztertuko dute, bereziki hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hauts eta zarataren sorrera, isurtzeak, hondakinen kudeaketa eta natura- eta kultura-ondarearen babesa.
Hirugarrena.– Aipagarria da ez dela uste proiektua gauzatuta kalte handirik egingo zaionik ingurumenari, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta baldin eta ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen eta ezarritako kontrolak ezartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere –adierazitakoen aurkakoak ez badira–. Hori dela eta, ez da beharrezkotzat jotzen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatzea Alonsotegiko Arkema zaharraren ingurua egokitzeko Viuda de Sainz SL enpresak sustatutako proiektuari.
Laugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Alonsotegiko Udalari.
Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Seigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta gehienez lau urteko epean, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 2a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.
RSS