
126. zk., 2025eko uztailaren 4a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (266 KB - 24 orri.)
- EPUB (138 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
3005
AGINDUA, 2025eko ekainaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuarena, Indartu programaren 2025eko dirulaguntzen oinarriak onartzen dituena eta deialdia iragartzen duena. Programa horren bidez, dirulaguntzak emango zaizkie enpresei, lehiakortasun-hobekuntza eta garapen ekonomikoa ekarriko duen ekoizpen-inbertsioa egin dezaten, Ezkerralde Hedatua eta Euskal Autonomia Erkidegoko urteko batez besteko langabezia-tasaren parekoa (% 7,4) edo handiagoa duten eskualdeetako beste udalerri batzuk indartzeko.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak EAEko industria-sektorearen egoerari buruzko gogoeta egin zuen bere garaian. Gogoeta hori erreferentzia gisa erabili zen 2021-2024 Industrializazio Planean jasotzen diren politikak planifikatzeko. Azterlanen arretagunea gure industrian eragina duten ekonomia globalaren joera eta aldaketak identifikatzea izan zen, eta horrez gain, gure enpresa-sarea besteengandik bereizteko faktoreak eta lehiakortasun-desabantailako faktoreak hobeto ulertzea. Gogoeta horiek alderatuz, beste lehentasun-erronka batzuk identifikatu ziren, eta erronka horiei erantzuteko, Plan hori eta Jaurlaritzaren ekonomia-sustapenerako beste ekimen estrategiko batzuk baliatu ziren.
2025. urteari begira, ezarritako politiken inpaktua baloratu dugu, eta beste estrategia batzuk lantzen ari gara Euskadiko industria- eta ekonomia-sarea sendotzeko. Etorkizuneko plangintzarako, oraindik ere funtsezko ardatzak dira trantsizio digitala eta ekonomikoa, berrikuntza teknologikoa eta lehiakortasunaren indartzea.
2025-2028 Gobernu-programak (XIII. Legegintzaldia) aintzat hartzen du EAEko ekonomiak azken urteetan izan duen bilakaera, non nabarmentzekoak diren COVID-19 pandemiaren osteko susperraldia eta bere gain hartzen dituen eraldaketa globaletik agertzen ari diren erronkak. Oraindik ere engaiatuta gaude enpleguari eustera eta prekarietatearen eta behin-behinekotasunaren kontrako borrokara, betiere genero-ikuspegia kontuan hartuta, bai eta ekonomia suspertzera ere. Helburua lehengo bera da: hazkundea finkatzea eta langabezia-tasa % 10etik beherakoa izatea, politika publikoak testuinguru ekonomiko eta sozialaren premia berrietara egokituz.
Finantzaketa ez da faktore bakarra, baina baldintzatu egiten ditu enpresek eta, batez ere, enpresa txiki eta ertainek hazteko dituzten aukerak eta lehiakortasuna hobetzeko jarduerak abian jartzeko dituzten aukerak.
EAEko ekonomiak hazi egin behar du enplegua sortu ahal izateko, kontu publikoak orekatzeko, eta ongizate-estatua jasangarriki garatzeko. Gure enpresa-sareari lagundu behar diogu egoera ekonomikoak eragindako oztopoak gainditzen, eta horretarako, enpleguaren suntsipena geldiarazten eta enpresa bideragarriak sendotzen saiatu behar dugu.
Eremu horretan, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailak itzuli beharrik gabeko laguntzak lortzera bideratutako finantza-tresnak garatzearen eta aplikatzearen alde egingo du.
Bat etorriz 2022-2027 aldirako eskualde-xedeko estatu-laguntzei buruzko Gidalerroekin (AO, C 153, 2021-04-29) eta 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduarekin –Erregelamendua, laguntza-kategoria jakin batzuk barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dituena, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta (AO, L 187, 2014-06-26), zeina aldatu egin baitzen 2023ko ekainaren 23ko 1315/2023 (EB) Erregelamenduaren bidez (AO, L 167, 2023-06-30)–, eta bat etorriz Europako Batzordeak Estaturako eskualde-laguntzen mapa (2022-2027) onartu izanarekin, arauan zehaztutako helburuak betetzen dituzten enpresa guztiei laguntzak eskuratzen laguntzeko programaren termino berriak garatzen dira, helburu horiek modu dinamikoan gauzatu daitezen ahalbidetzeko eta, behin helburu horiek amaituta, bermatzeko onuradunek laguntzak emateko kontuan izan ziren baldintzei eusten dietela gutxieneko aldi batean.
Gobernu Kontseiluak Industriari Laguntzeko plan berri bat onartu zuen 2025erako. Plan horrek 500 milioi euroko zuzkidura du. Programa berri horren helburua industria-sektorea sendotzea da, bereziki kontuan hartuta Euskadiko enpresa txikiak eta ertainak. Industria-jarduera gehiago sortzeko atala industria-politika garatzeko tresnak abian jartzera bideratuta dago. Helburua da Euskadin industria-proiektu berriak sortzea, enpresa-ekimen berriak haz daitezen laguntzea eta enpresa liderrak eta trakzio-enpresak bertan finkatzea.
Aurrerantzean ere nekazaritza-elikagaien enpresak programa honen onuradun izan daitezke, betiere inbertsioetarako dirulaguntzarik jasotzen ez badute nekazaritzako produktuak, elikagaiak eta arrantzako eta akuikulturako produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko laguntza-programen esparruan.
Bestalde, 2018ko deialdiaz geroztik, Indartu programaren jarduketak EAEko batez besteko langabezia-tasa % 5etik % 15era artekoa zuten udalerrietara ere hedatu ziren, erreferentziatzat hartuta Europar Batasunak eskualde-laguntzako mapak ezartzeko baliatzen dituen irizpideetako bat: estatuko batez besteko langabezia-tasaren % 115aren parekoa edo handiagoa izatea. Izan ere, Europar Batasunak egoera ahuleko eremutzat aitortutako udalerrien antzeko egoeran daudela uste da.
Ekitaldi honetan ere, egoera ahuleko eremuen konfigurazioa (2022-2027) ezartzen da Euskal Autonomia Erkidegoan (Oiartzualdeko eremua desagertu egin zen, eta mantendu egiten da Ezkerraldeko eremua, hedatuta), eta planteatzen da udalerriak egon daitezela Euskal Autonomia Erkidegoko batez besteko langabezia-tasaren parekoa (% 7,4) edo handiagoa duten eskualdeetan. Ehuneko hori ezartzen da Europar Batasunak ezarritako konfigurazio berriaren eraginpean dauden eta eremu ahuletako udalerritzat katalogatzeko irizpideak betetzen dituzten udalerrien integrazioa errazteko, betiere eskualde-laguntzen mapan jasotako kontsiderazioak eta salbuespen-erregelamenduko kontsiderazioak errespetatuz. Euskal Autonomia Erkidegoaren kasu zehatzean, Europar Batasuneko araudia betetzeko, kanpoan uzten dira udalerri horietan kokatuta dauden enpresa handiak.
Mantendu egiten dira aurreko ekitaldiko deialdiko intentsitateak eta inbertsio onartuaren gutxieneko mugak. Oraingo helburua aurreko bera da: enpresa-sarearen indartze eta erresilientziarako jarduketa instituzionalak osatzea, kontuan hartuta COVID-19 pandemiaren ondorio iraunkorrak eta ezegonkortasun geopolitikoaren inpaktua –barne dela Errusiak Ukrainak egindako esku-hartze militarra–, bai eta beste erronka ekonomiko global batzuk ere.
Laguntza horiek Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasotzen dira, zeina Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko abenduaren 28ko agindu bidez onartu baitzen. Plan hori Eusko Jaurlaritzaren «www.euskadi.eus» webgunean argitaratuta dago, sailari dagokion eremuan (egun, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saila), «Planak eta proiektuak» atalean.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.1 eta 10.1 artikuluen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 10. artikuluari dagokionez, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua da programa honen oinarriak eta deialdia onartzeko organo eskuduna.
Azaldutako guztiagatik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Indartu programaren 2025eko dirulaguntzen oinarriak onartzea eta deialdia iragartzea. Dirulaguntza horien bidez, enpresek ekoizpen-inbertsioa egin beharko dute, betiere lehiakortasuna hobetzeko eta garapen ekonomikoa ahalbidetzeko, Ezkerralde Hedatua eta Euskal Autonomia Erkidegoko urteko batez besteko langabezia-tasaren parekoa (% 7,4) edo handiagoa duten eskualdeetako beste udalerri batzuk indartzeari begira. Dirulaguntzen oinarriak agindu honen eranskinean jasotzen dira.
Agindu honen xedapenak deialdi honen babesean 2025ean ematen diren dirulaguntzei aplikatuko zaizkie, harik eta laguntzak guztiz likidatzen diren arte.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, hil biko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarraldia.
Agindu honen ondoreak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko dira.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 3a.
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua,
MIKEL JAUREGI LETEMENDIA.
ERANSKINA
1. oinarria.– Helburua eta araudi aplikagarria.
Agindu honen esparruko dirulaguntzak segidako esleipenaren prozeduraz emango dira, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzen forma izango dute, eta enpresa hauei emango zaizkie: lehiakortasuna hobetzeko eta garapen ekonomikoa ahalbidetzeko ekoizpen-inbertsioa egiten dutenei, ekoizpen-ahalmena sortzeko eta/edo handitzeko Ezkerralde Hedatuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko urteko batez besteko langabezia-tasaren parekoa (% 7,4) edo handiagoa duten eskualdeetako beste udalerri batzuetan.
Dirulaguntzei honako hauek aplikatuko zaizkie:
1.– Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendua (AO, L 187, 2014-06-26), zeinaren bidez zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen baitira, Tratatuaren 107 eta 108 artikuluak aplikatuz; erregelamendu hori (aurrerantzean, Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorra) 2023ko ekainaren 23ko 2023/1315 (EB) Erregelamenduaren bidez aldatu zen. Aipatu laguntzak Erregelamenduaren 14. eta 17. artikuluetan jasota daude (Inbertsiorako eskualde-laguntzak).
Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamendua, zeinaren bidez zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen baitira, nekazaritza- eta basogintza-sektoreetako eta landa-eremuetako sektoreei dagokienez, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (AO, L 193, 2014-07-01). Aipatu laguntzak Erregelamenduaren 17. artikuluan jasota daude (Nekazaritza-produktuak eraldatu eta merkaturatzearekin lotutako inbertsioak egiteko laguntzak).
Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2473 (EB) Erregelamendua, zeinaren bidez zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen baitira, arrantzako eta akuikulturako produktuak ekoizten, eraldatzen eta merkaturatzen diharduten enpresentzako laguntzei dagokienez, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz; erregelamendu hori 2023ko ekainaren 23ko 2023/1315 (EB) Erregelamenduaren bidez aldatu zen. f(AO, L 369, 2014-12-24). Aipatu laguntzak Erregelamenduaren 46. artikuluan jasota daude (Arrantzaren eta akuikulturaren produktuak eraldatzeko laguntzak).
2.– Subsidiariotasunez, laguntza sektorialei buruzko araudiaren mende egongo dira, betiere Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 1. artikuluan adierazitako laguntza-kategorien esklusioa errespetatzen bada; izan ere, Erregelamendua ez da aplikatuko honako hauetan:
a) I+G+B laguntza-araubideak, baldin eta estatu-laguntzen batezbesteko urteko aurrekontua 150 milioi eurotik gorakoa bada estatu kideko, indarrean jartzen denetik seigarren hilabetetik aurrera,
b) 1. artikuluko 2. apartatuko a) letran jasotako araubideen aldaketak, Erregelamendu honen arabera laguntza-araubidearen bateragarritasunari eragin ezin diezaioketen aldaketez edo onartutako ebaluazio-planaren edukiari nabarmen eragin ezin diezaioketen aldaketez bestelakoak;
c) Esportazioarekin lotutako jardueretarako laguntzak, zehazki, zuzeneko lotura dutenak esportatutako kantitateekin, banaketa-sare baten ezarpen eta funtzionamendurako laguntzekin edo esportazio-jarduerari lotutako beste ohiko kostu batzuetarako laguntzak;
d) Inportatutako produktuen ordez herrialdekoak erabiltzeari lotutako laguntzak.
3.– Dirulaguntza-prozedura honi aplikatu beharreko araubide juridikoa honako hauek osatzen dute:
– 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.
– Dirulaguntzen oinarrizko araubidea: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako oinarrizko arauak eta haren betearazpen-erregelamenduan jasotakoak (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaz onartutako erregelamendua).
– Dirulaguntzei buruzko araudi horiek erregulatzen ez duten gaietan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren eta hura gauzatzeko erregelamenduaren alderdi ez-oinarrizkoak aplikatuko dira, osagarri gisa.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta aplikazio orokorreko administrazio-araubidearen gainerako xedapenek ere osatzen dute prozedura honen araubide juridikoa.
2. oinarria.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko 2025. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 20ko 8/2024 Legeak baimendutako kredituen arabera, dirulaguntza-deialdi honek aurrekontu-estaldura nahikoa du: 20.000.000,00 euro bideratuko dira, 1. oinarriaren xedea betetzeko.
2.– Emango diren dirulaguntzen diru-zenbateko osoak ez du gaindituko aipatutako diru-kopurua, ez eta hura eguneratzearen ondorioz ateratzen dena ere –gehienez ere, aurreikusitako zenbatekoaren % 50 gehiago–, betiere kreditu-loturaren araubideari edo indarrean diren legeetan aurreikusitako aurrekontu-aldaketaren araubideari jarraikiz eta laguntzak ebatzi baino lehen. Inguruabar hori gertatzen bada, Industria Sustatzeko sailburuordeak horren berri emango du, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ebazpen bat argitaratuz. Horrek, ordea, ez du eskaerak aurkezteko epea luzatuko (15. oinarria).
3. oinarria.– Entitate onuradunek bete beharreko baldintzak.
1.– Enpresa hauek izan daitezke agindu honetako dirulaguntzen onuradun: enpresa handiak eta enpresa txiki eta ertainak (ETE), erauzketa, eraldaketa edo produkzioko industria-enpresak direnak edo produktu-prozesu industrialarekin lotutako zerbitzuak eskaintzen dituztenak, bai eta azpiegitura digitalei lotutako zerbitzuak ematen dituztenak eta zerbitzu logistikoen enpresak ere –garraioa salbu–, baldin eta diruz lagunduko diren inbertsioak Euskal Autonomia Erkidegoko Ezkerralde Hedatuan kokatuta badaude. Eremu hori Batzordearen 2022ko martxoaren 17ko Erabakian identifikatuta dago (SA 100859 (2021/N) Estatu Laguntzari buruzko Erabakia, Espainiarako 2022-2027 Eskualdeko Laguntzen Mapa onartzen duena).
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko urteko batez besteko langabezia-tasaren parekoa (% 7,4) edo handiagoa duten eskualdeetako udalerrietan (5.2 oinarrian zehazten dira), enpresa txiki eta ertainek (ETEek) egindako inbertsioei soilik emango zaizkie dirulaguntzak.
3.– Mikroenpresa, enpresa txikiak eta enpresa ertainak –ETEak– 250 pertsona baino gutxiagori lana ematen dieten enpresak dira, eta, gehienez ere, 50 milioi euroko urteko negozio-bolumena dutenak, edo, gehienez ere, 43 milioi euroko urteko balantze orokorra dutenak.
ETEen kategorian, enpresa txikitzat jotzen dira 50 langile baino gutxiago dituzten enpresak, urteko negozio-bolumenean edota urteko balantze orokorrean 10 milioi euro gainditzen ez dutenak.
ETEen kategorian, mikroenpresatzat jotzen dira 10 langile baino gutxiago dituzten enpresak, urteko negozio-bolumenean edota urteko balantze orokorrean 2 milioi euro gainditzen ez dutenak.
Enpresa beste batzuekin elkartuta edo lotuta badago, enpresa-taldeak bete beharko ditu aurreko baldintza horiek.
ETEa katalogatzeko, honako hauek hartuko dira kontuan: 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendua –2023ko ekainaren 23ko 1315/2023 (EB) Erregelamenduaz aldatua (AO, L 167, 2023-06-30)–; Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2472/2022 (EB) Erregelamendua; Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2473/2022 (EB) Erregelamendua –zeinak zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzen baititu, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta–, edo horiek ordezkatzen edo aldatzen dituzten xedapenak.
4.– Enpresa handiei, hasierako inbertsioetarako bakarrik emango zaizkie dirulaguntzak (aktibo materialetan eta immaterialetan inbertitzea: establezimendu berri bat sortzea; lehendik dagoen establezimendu baten ahalmena handitzea; establezimendu baten ekoizpena dibertsifikatzea, aurrez establezimenduan ekoizten ez ziren produktuen bidez; eta lehendik dagoen establezimendu baten ekoizpen-prozesu osoan funtsezko eraldaketa bat egitea). Inbertsio horiek izango dira jarduera berriak erakartzeko edo produktu berrien bidez edo prozesu berritzaile berrien bidez lehendik dauden establezimenduak dibertsifikatzeko, 2022-2027 aldirako onartutako eskualde-laguntzen mapa berrian identifikatutako eremuetan.
5.– Deialdi honetatik kanpo geratzen dira:
– Autonomia-erkidegoko Administrazio Instituzionala osatzen duten erakundeak.
– Armen ekoizpen, merkaturatze eta finantzaketan diharduten entitateak.
6.– Eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehen Ogasunarekiko, Gizarte Segurantzarekiko eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean dituzten enpresak soilik izan daitezke agindu honetako dirulaguntzen onuradun.
7.– Halaber, interesdunek enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa adierazi beharko dute eskaeran, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeari buruko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.
8.– Onuradun izateko, eskatzaileek enpresaren baliabide propioak aplikatu beharko dituzte. Baliabide propioak izango dira proiektura bideratuta dauden baliabide diruz ez-lagungarriak, eta diruz lagundu daitekeen inbertsioaren zenbatekoaren % 25 izan beharko dira gutxienez.
4. oinarria.– Debekuak.
1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, ezingo dira dirulaguntza hauen onuradun izan egoera hauetako batean dauden pertsona fisiko edo juridikoak:
a) Dirulaguntza publikoak jasotzeko aukerarik gabe utzita epai irmo baten bidez zigortuta daudenak, edo prebarikazioagatik, funtzionario-eroskeriagatik, ondasun publikoak bidegabe eralgitzeagatik, influentzia-trafikoagatik, iruzur egiteagatik eta legearen aurkako ordainarazpenengatik edo hirigintza-delituengatik epai irmo baten bidez zigortuta daudenak.
b) Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaria egin dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jota daudenak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak –konkurtso horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada salbu–, epailearen esku-hartzearen mende daudenak edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituta daudenak, hartzekodunen konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe dagoelarik.
c) Administrazioarekin egindako edozein kontratu ebazpen irmoz suntsiarazteko arrazoiak sorrarazi eta haien errudun deklaratu izan direnak.
d) Pertsona fisikoak, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen ordezkari direnak, egoera hauetakoren batean badaude: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako egoeraren batean. Edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargu batean daudenak, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen arau autonomikoan ezarritakoaren arabera.
e) Indarrean dauden xedapenen bidez ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez dituztenak.
f) Dirulaguntzak itzuli behar izateagatik sortutako betebeharren ordainketa egunean ez dutenak.
g) Egoitza fiskala erregelamenduz paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean dutenak.
h) Ebazpen irmo bidez dirulaguntzak eskuratzeko aukera galtzeko zehapena jaso dutenak lege honen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera.
Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan.
Halaber, dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta estatu-legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.
i) Ekonomia zirkularra bultzatzeko hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun edo oso astun batengatik administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez zehatuta dauden pertsona fisiko edo juridikoak, publiko edo pribatuak, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.
j) Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota betetzen ez dutenak, eta hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.
2.– Honako hauek ere ezingo dituzte eskuratu agindu honetan iragarritako dirulaguntzak:
a) Krisialdian dauden enpresak. Enpresa bat krisialdian egongo da, krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Gidalerroetan xedatutakoaren arabera (2014/C 249/01, 2014-07-31), inguruabar hauetako batean, gutxienez, daudenak:
– Erantzukizun mugatuko sozietate bat bada eta harpidetutako kapital sozialaren erdia baino gehiago desagertu bada metatutako galeren ondorioz; hori gertatzen da metatutako galerak erreserbetatik (eta sozietatearen funts propiotzat hartzen diren gainerako elementu guztietatik) kentzearen ondorioz, metatutako zenbateko negatiboa handiagoa denean harpidetutako kapital sozialaren erdia baino.
– Sozietate batean gutxienez bazkide batzuek sozietatearen zorraren gaineko erantzukizun mugagabea badute, kontabilitatean ageri diren funts propioen erdia baino gehiago desagertu denean metatutako galeren ondorioz.
– Enpresa porrot- edo kaudimengabezia-prozedura batean dagoenean edo bere estatuko zuzenbidean ezarritako irizpideak betetzen dituenean porrot- edo kaudimengabezia-prozedura baten mende jartzeko, hartzekodunek hala eskatuta.
– ETEa ez den enpresa bat bada, aurreko bi urteetan enpresaren zorra/kapitala-ratioa 7,5etik gorakoa izan denean eta enpresaren interesen estaldura-ratioa, EBITDAren oinarriaren gainean kalkulatuta, 1,0tik behera dagoenean.
b) Salbuespenei buruzko 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamendu Orokorraren 13. artikuluak baztertutako sektoreetako enpresak –erregelamendu hori 2023ko ekainaren 23ko 1315/2023 (EB) Erregelamenduaz aldatu zen (AO, L 167, 2023-06-30), zeinaren bidez zenbait kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen baitira, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta (AO, L 187, 2014-06-26)–. Erregelamendu horren 4. artikuluan xedatutakoaren arabera, 100 milioi eurotik gorako kostu diruz lagungarriak dituzten inbertsiorako eskualde-laguntzak Europako Batzordeari jakinarazi beharko zaizkio.
c) Erregelamendu hauetan zerrendatutako sektoreetako enpresak, baldin eta beren inbertsioak diruz lagungarriak badira nekazaritzako, elikagaigintzako eta arrantzatik zein akuikulturatik eratorritako produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko laguntzen programen esparruan: 2472/2022 (EB) Erregelamendua, Batzordearena, 2022ko abenduaren 14koa, zeinaren bidez zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen baitira, nekazaritza- eta basogintza-sektoreei eta landa-eremuetako sektoreei dagokienez, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta; eta 2473/2022 (EB) Erregelamendua, Batzordearena, 2022ko abenduaren 14koa, zeinaren bidez zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen baitira, arrantzako eta akuikulturako produktuak ekoizten, eraldatzen eta merkaturatzen diharduten enpresentzako laguntzei dagokienez, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.
Enpresa handiak ez dira sartzen nekazaritzako produktuak eraldatu eta merkaturatzearekin lotutako inbertsioetarako laguntzetan; izan ere, mikroenpresei eta ETEei soilik eman ahal izango zaizkie horrelako laguntzak.
d) Eskaeraren aurreko bi urteetan Europako Esparru Ekonomikoan (EEE) jarduera berdin edo antzeko bati amaiera eman dioten enpresak, edo, laguntzaren eskaera aurkezteko unean, inbertsioa osatu eta gehienez bi urteko epean jarduera horri amaiera emateko plan zehatzak dituzten enpresak.
e) Berreskuratzeko agindu baten mende dauden enpresak, Batzordeak aurretiaz hartutako erabaki baten bidez laguntza bat legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo izanaren ondorioz.
3.– 30.000,00 eurotik gorako dirulaguntzetarako, eskatzaileak Merkataritza Eragiketetan Berankortasuna Ekiditeko Neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legearen aplikazio-eremuan sartutako subjektuak badira, ezingo dira onuradun izan lege horretan aurreikusitako ordainketa-epeak betetzen ez dituzten enpresak.
4.– Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrari eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeari buruzko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluan xedatutako egoeran daudenei ez zaie emango dirulaguntzarik.
5.– Oinarri honen 2. e) apartatuan ezarritako inguruabarra egiaztatzeko, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoari jarraituko zaio (Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen esparruan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzko Agindua). Organo kudeatzailea inguruabar horiei buruzko informazioa (interesduna aurka egon ezean) ofizioz biltzen duen organoa izango da.
Aurreko apartatuetan adierazitako inguruabarrak laguntza-eskaera aurkezten denetik emandako dirulaguntza likidatzen denera arte bete beharko dira.
6.– Eskatzaileak, debeku horiek ez dagozkiola egiaztatzeko, 2.e). apartatuan eta 4. apartatuan ezarritakoa izan ezik, erantzukizunpeko adierazpena egingo du.
Dirulaguntza kudeatzen duen organoak noiznahi eskatu ahal izango du aurkez dakiola erantzukizunpeko adierazpenean jasotako eskakizunak betetzearen egiaztagiriak. Halaber, entitate onuradunak eman zaion dirulaguntza osoa justifikatu arte gerta litekeen edozein aldaketaren berri eman beharko du.
Erantzukizunpeko adierazpen batean jasotako edozein datu edo informazio zehatza ez bada, faltsua bada edo falta bada, edo erantzukizunpeko adierazpena aurkezten ez bada, edo adierazitakoa betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin izango da diruz lagundutako jarduketarekin jarraitu egitate horiek jakiten diren unetik bertatik, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penal, administratibo edo zibilak.
5. oinarria.– Ezkerralde Hedatua eta Euskal Autonomia Erkidegoko urteko batez besteko langabezia-tasaren parekoa (% 7,4) edo handiagoa duten eskualdeetako udalerriak.
1.– Agindu honetan ezarritakoaren ondoreetarako, hau jotzen da Ezkerralde Hedatutzat: ezaugarri sozioekonomikoengatik eta langabezia-indize handia izateagatik –industria-krisiak beste leku batzuetan baino eragin handiagoa izan duelako edo egiturazko hondatze-egoeran dagoelako–, sustapen ekonomiko berezi bat behar duen eremua.
Hala, Ezkerralde Hedatua izango da Batzordearen 2022ko martxoaren 17ko Erabakian jasota dagoena –SA 100859 (2021/N) Estatu Laguntzari buruzko Erabakia, Espainiarako 2022-2027 Eskualdeko Dirulaguntzen Mapa onartzen duena–.
Erabaki horretan oinarrituta, udalerri hauek osatzen dute Euskal Autonomia Erkidegoko Ezkerralde Hedatua: Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbena, Alonsotegi, Artzentales, Balmaseda, Erandio, Galdames, Güeñes, Karrantza Harana/Valle de Carranza, Muskiz, Ortuella, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Sopuerta, Trucios-Turtzioz, Valle de Trápaga-Trapagaran eta Zierbena.
2.– Deialdi honetan ezarritako ondoreetarako, gainerako udalerriak izango dira, eremu ahul gisa hartzen ez diren kasuetan, Euskal Autonomia Erkidegoko urteko batez besteko langabezia-tasaren parekoa (% 7,4) edo handiagoa duten eskualdeetakoak, ezarritako azken kalkuluan oinarrituta, zeina EUSTATen eskuragarri baitago orrialde hauetan:
Hauek dira udalerriak:
a) Araba: Agurain/Salvatierra, Alegría-Dulantzi, Amurrio, Añana, Armiñón, Arratzua-Ubarrundia, Artziniega, Asparrena, Ayala/Aiara, Baños de Ebro/Mañueta, Barrundia, Berantevilla, Elburgo/Burgelu, Elciego, Elvillar/Bilar, Erriberagoitia/Ribera Alta, Iruña Oka/Iruña de Oca, Iruraiz-Gauna, Kripan, Kuartango, Labastida/Bastida, Laguardia, Lanciego/Lantziego, Lantarón, Lapuebla de Labarca, Laudio/Llodio, Leza, Moreda de Álava/Moreda Araba, Navaridas, Okondo, Oyón-Oion Ribera Baja/Erriberabeitia, Samaniego, San Millán/Donemiliaga, Valdegovía/Gaubea, Villabuena de Álava/Eskuernaga, Vitoria-Gasteiz, Yécora/Iekora, Zalduondo, Zambrana.
b) Bizkaia: Abadiño, Ajangiz, Amorebieta-Etxano, Amoroto, Arakaldo, Arantzazu, Areatza, Arrankudiaga-Zollo, Arratzu, Arrigorriaga, Artea, Atxondo, Aulesti, Barakaldo, Basauri, Bedia, Berango, Bermeo, Berriatua, Berriz, Bilbao, Busturia, Derio, Dima, Durango, Ea, Elantxobe, Elorrio, Ereño, Ermua, Errigoiti, Etxebarri, Etxebarria, Forua, Galdakao, Garai, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Getxo, Gizaburuaga, Gordexola, Ibarrangelu, Igorre, Ispaster, Iurreta, Izurtza, Kortezubi, Lanestosa, Larrabetzu, Leioa, Lekeitio, Lemoa, Lezama, Loiu, Mallabia, Mañaria, Markina-Xemein, Mendata, Mendexa, Morga, Mundaka, Munitibar-Arbatzegi, Gerrikaitz, Murueta, Muxika, Nabarniz, Ondarroa, Orozko, Otxandio, Sondika, Sukarrieta, Ubide, Ugao-Miraballes, Urduña/Orduña, Zaldibar, Zalla, Zamudio, Zaratamo, Zeanuri, Zeberio, Ziortza-Bolibar.
6. oinarria.– Dirulaguntzak eskuratzeko irizpideak.
Laguntza jaso lezakeen inbertsioak agindu honetan aurreikusitako laguntzak eskuratu ahal izateko, inbertsioa ezingo da hasi eskaera aurkezteko data baino lehen, eta data horretatik aurrera gauzatu beharko da. Betiere 2025eko ekitaldian hasi beharko da, eta, gehienez ere, 2026ko abenduaren 31n bukatu, bere ezaugarrien eta enpresa-planen arabera. Horretaz gain, betekizun hauek bete beharko dira:
a) Enpresa handiek 1.500.000,00 euroko inbertsio onartua egin beharko dute, gutxienez; ETEek, berriz, 200.000,00 euroko inbertsio onartua, gutxienez. Kontuan hartuko dira, halaber, adierazitako gutxieneko inbertsio onartura iritsi ez arren gutxienez 25 lanpostu garbi sortzen dituzten enpresen inbertsioak (enpresa handien kasuan) eta gutxienez 5 lanpostu garbi sortzen dituzten enpresen inbertsioak (enpresa txiki eta ertainen kasuan).
b) Enpresak baliabide propio hauek (dirulaguntzak kanpo utzita) izan behar ditu: dirulaguntza jasotzeko moduko inbertsioaren zenbatekoaren % 25, gutxienez.
c) Entitate eskatzaileek enpresaren plan ekonomiko-finantzarioaren bitartez funtsatu beharko dute inbertsioen bideragarritasun tekniko, ekonomiko eta finantzarioa (13.1.a) artikuluan eskatzen da plan hori).
7. oinarria.– Laguntza jaso dezakeen inbertsioa.
1.– Dirulaguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, diruz laguntzeko moduko inbertsiotzat joko da enpresaren aktiboari gehitzen zaizkion aktibo finkoak eskuratzea, baldin eta, agindu honetan eta hura garatzeko xedapenetan ezarritakoaz gainera, baldintza hauek betetzen badira:
a) Azaroaren 16ko 1514/2007 Errege Dekretuan bildutako Kontabilitate Plan Orokorrak ezarritako definizioaren arabera, kategoria edo epigrafe hauetakoren batean dauden aktiboak izatea:
– 203 Jabetza industriala eta patenteak.
– 206 Aplikazio informatikoak.
– 210 Lurrak eta ondasun naturalak.
– 211 Eraikuntzak.
– 212 Instalazio teknikoak.
– 213 Makineria.
– 214 Lanabesak.
– 215 Beste instalazio batzuk.
– 217 Informazio-prozesuetarako ekipamenduak.
«Lurrak eta ondasun naturalak» eta «Eraikuntzak» epigrafeetako inbertsioaren kopurua, gehienez ere, dirulaguntza jaso dezaketen gainerako aktibo guztiak bestekoa izango da. Gehieneko kopuru hori gaindituz gero, soberako inbertsioa ez da dirulaguntza jaso dezakeen inbertsiotzat hartuko. Neurri bera aplikatuko zaie ezaugarri horietako inbertsioak egiten dituzten logistikako biltegiei ere.
Edonola ere, aktiboek zuzeneko lotura izan behar dute enpresaren objektu soziala den jarduerarekin.
Logistikako biltegiak diruz laguntzeko moduko aktibotzat hartuko dira.
Aktiboen preziotzat haien balio «garbia» hartuko da; hots, fakturatutako zenbatekoari balio erantsiaren gaineko zerga kenduta ateratzen den zenbatekoa.
b) Lehenengo aldiz erabili edo funtzionamenduan jartzea. Diruz lagungarriak izango da, halaber, establezimendu baten aktiboak eskuratzea, betiere establezimendu hori konkurtso-prozedura bidezko likidazioagatik itxita badago, eta hirugarren batek merkatu-baldintzetan eskuratu ezean ateak itxiko lituzkeen establezimendu batetik datozen aktiboak eskuratzea. Jada erabilita dauden eraikin edo beste eraikuntza batzuk eskuratzen badira, berriak balira bezala jokatuko da haiekin.
c) Enpresa handien kasuan, gutxienez bost urteko amortizazio-aldia ezarrita izatea, eta enpresaren aktiboan gutxienez bost urte irautea. ETEen kasuan, berriz, aldi horiek hiru urtekoak izango dira.
d) Aktiboak ez egotea hirugarrenei lagata, ez kontraprestazioarekin, ez kontraprestaziorik gabe.
e) Enpresa eskatzaileak berak edo enpresa elkartuek zein lotuek egindakoak ez izatea, betiere Batzordearen Salbuespenei buruzko 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamendu Orokorreko I. eranskinaren arabera, zeina mikroenpresak, enpresa txikiak eta ertainak definitzeari buruzkoa baita (edonola ere, haien balioa ez da sekula izango hartzen dituzten kanpo-kontsumoena baino handiagoa).
f) Bazkideren batek kapitalari gauzatan egindako ekarpenek ezin izango dute dirulaguntzarik jaso.
g) Finantza-errentamendu bidez finantzatutako inbertsioak berariaz jaso dezala kontratua amaitzean hura erosteko aukera, laguntza jaso dezakeen inbertsiotzat har dadin, eta inbertsioa gauzatzeko konpromisoa, bi alderdiek sinatua.
h) Ordezkapen-inbertsioa ez da ezein kasutan dirulaguntza jaso dezakeen inbertsiotzat hartuko.
i) Dirulaguntza jaso dezaketen aktibo immaterialak onuradunaren establezimenduan soilik ustiatu beharko dira, aktiboko elementu amortizagarritzat jo beharko dira, hirugarren bati merkatu-baldintzetan erosi beharko zaizkio, eta gutxienez bost urte egin beharko dituzte enpresaren aktiboan. ETEen kasuan, aldi hori hiru urtekoa izango da.
Ondasun inbentariagarriak eskuratu, eraiki, birgaitu eta hobetzen badira, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30.4 artikuluan xedatutakoa bete beharko da. Hala, onuradunak dirulaguntza eman zen helburu zehatzerako erabili beharko ditu ondasunak aldi honetan: bost urtez gutxienez, erregistro publiko batean inskriba daitezkeen ondasunen kasuan, eta bi urtez gutxienez, gainerako ondasunen kasuan.
Erregistro publiko batean inskriba daitezkeen ondasunen kasuan, eskrituran jaso beharko da inguruabar hori eta emandako dirulaguntzaren diru-zenbatekoa; datu horiek dagokion erregistro publikoan inskribatu beharko dira.
2.– Diruz lagundu daitekeen zenbatekoak gainditu egiten baditu sektore publikoko kontratazioa arautzen duen araudian kontratu txikietarako ezarritako kopuruak eta betiere horrek hirugarrenekin kontratatzea eragiten badu, onuradunak gutxienez hiru hornitzaileren eskaintza eskatu beharko ditu, betiere obra egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa kontratatu baino lehen; salbuespen izango da obra, zerbitzu edo ondasun horien ezaugarri bereziengatik merkatuan ez badago halakorik egin, eman edo hornitzeko entitate nahikorik, edo gastua dirulaguntza eman baino lehen egiten bada.
Eskaintzak justifikazioan sartu behar dira, edo, hala badagokio, dirulaguntzaren eskaeran. Aurkezten diren eskaintzak hautatzeko, efizientzia eta ekonomiaren irizpideak erabiliko dira, eta eskaintza ekonomikoena aukeratzen ez bada, egindako aukera espresuki justifikatu beharko da memoria batean.
Aurreko paragrafoetan ezarritakoarekin bat etorriz nahitaezkoa bada eskaintza batzuk eskatzea, eta aurkezten ez badira, edo, behar bezala justifikatu gabe, eskaintza ekonomikoena ez den bat aukeratzen bada, organo-emaileak ondasun edo zerbitzuaren peritu-tasazio bat eskatu ahal izango du, eta horrek eragiten dituen gastuak onuradunak ordaindu beharko ditu. Halako kasuetan, bi balio hauetatik txikiena kontuan hartuz kalkulatuko da dirulaguntza: onuradunak adierazitako balioa edo tasazioaren ondoriozkoa.
3.– Enpresa elkartu edo lotuei erositako aktiboetatik datozen inbertsioak berariaz adierazi beharko dira eskaeran, eta kanpo-kontroleko kontu-ikuskapenetan oinarrituta baloratuko dira.
Enpresa elkartu edo lotuaren ondoreetarako, arau hauek bete beharko dira: Salbuespenei buruzko 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamendu Orokorraren I. eranskina (AO, L 187, 2014-06-26); erregelamendu horrek deklaratu zuen zenbait kategoria barne-merkatuarekin bateragarri direla, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz. Halaber bete beharko da Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2472/2022 Erregelamenduan (AO, L 357, 2022-12-21) eta 2022ko abenduaren 14ko 2473/2022 Erregelamenduan (AO, L 357, 2022-12-21) adierazitakoa; erregelamendu horiek deklaratu zuten zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarri direla, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.
4.– Dirulaguntzen eragin pizgarria bermatzeko, inbertsioa eskaera aurkeztu ondoren hasten duten enpresek ere jaso ahal izango dute dirulaguntza; inbertsioa gauzatzen 2025eko ekitaldian hasi beharko dira beti.
«Inbertsioak hastea» esaten denean, hau esan nahi da:
• Lurren eta eraikuntzen kasuan, lanak hasten direnean.
Lurrak erostea eta prestatzeko lanak, hala nola baimenak lortzea eta aldez aurreko bideragarritasun-azterlanak egitea, ez dira hartzen «lanen hasieratzat».
• Gainerako aktiboen kasuan, ekipoak eskatzeko kontratu bat sinatu denean edo inbertsioa itzulezin egiten duen beste konpromisoren bat dagoenean. Aktiboen erosketa likidazioko konkurtso-prozeduran dagoen establezimendu batetik badator, judizialki adjudikatzen den unea izango da.
Dena den, deialdi hau argitaratu eta/edo eskaera aurkeztu baino lehen egiten diren inbertsioak ere hartuko dira kontuan, eskatzaileak, inbertsioak abiarazi aurretik, laguntza eskuratzeko aldez aurretiko idatzizko eskaera bat aurkeztu badu eta, Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014, 2022ko abenduaren 14ko 2472/2022 eta 2022ko abenduaren 14ko 2473/2022 (EB) erregelamenduen 6.2 artikuluan zehaztutakoari jarraikiz, informazio hau jasotzen badu bertan: enpresaren izena eta tamaina, egin beharreko inbertsioen deskribapena (hasiera- eta amaiera-egunak barne), inbertsioen kokapena, kostuen zerrenda, eskatutako laguntza-mota (itzuli beharrik gabeko laguntza) eta hura gauzatzeko behar duen finantzaketa publikoaren zenbatekoa. Kasu horretan, interesdunak behin betiko eskaera bat aurkeztu beharko du horretarako epea irekitzen denean, agindu honen 12. eta 13. oinarrietan adierazten den moduan.
8. oinarria.– Enplegua.
1.– Enplegua sortzeko konpromisoa eta, hala badagokio, hasierako plantillari eustea termino garbietan neurtuko da. Horretarako, «Alta-egoeran dauden langileen batez besteko plantilla» txostenean jasotako datua hartuko da oinarritzat; txosten hori Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak ematen du eta enpresak aurkezten.
2.– Ondore horietarako, egun dauden enpresen kasuan, hasierako plantilla kalkulatzeko, aukera hauetatik handiena hartuko da abiapuntu gisa:
a) «Alta-egoeran dauden langileen batez besteko plantilla» txostenean jasotako datua edo, eskatzailea kooperatiba bat bada, mutualisten batezbestekoaren ziurtagiria, deialdia argitaratu aurreko azken 12 hiletakoa.
b) Edo «Alta-egoeran dauden langileen batez besteko plantilla» txostenean jasotako datua edo, eskatzailea kooperatiba bat bada, mutualisten batezbestekoaren ziurtagiria, deialdia argitaratu aurreko azken 36 hilabeteetakoa eta betiere enplegu-galera esanguratsuak egiaztatzen badira.
3.– Enpresak enplegua sortzeko betebeharra badu, gutxieneko inbertsio onartura iritsi ez delako, onartutako denbora-muga amaitu ondoko 6 hilabeteen barruan (gehienez ere) sortu beharko du enplegua. Sortutako enpleguari gutxienez hiru urtez eutsi beharko zaio enpresa onuradunean, enplegua sortu den egunetik edo denbora-muga amaitzen denetik zenbatzen hasita, luzapenak barne. Justifikatzeko, hiru urteko batezbesteko aritmetikoak kalkulatu ahalko dira.
4.– Enpresak hasierako plantillari eusteko betebeharra badu, gutxieneko inbertsio onartura iritsi delako, enpresa onuradunak hasierako plantillari gutxienez hiru urtez eutsi beharko dio, denbora-mugan hasierako plantilla erdiesten duen unetik aurrera, luzapenak barne. Justifikatzeko, hiru urteko batezbesteko aritmetikoak kalkulatu ahalko dira.
9. oinarria.– Dirulaguntzen intentsitatea.
Dirulaguntzen intentsitatea honako hau izango da:
• Laguntza jaso dezakeen inbertsioaren % 10, enpresa handientzat.
• Laguntza jaso dezakeen inbertsioaren % 15, ETEentzat.
• Dirulaguntza ehunekotan bost puntu (% 5) handituko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Ezkerralde Hedatuan kokatutako udalerrietan inbertsioak egiten dituzten ETEen kasuan.
Dirulaguntzek gehieneko muga hau izango dute: enpresa bakoitzak ezingo du, inola ere, 3.000.000,00 euro baino gehiago jaso.
10. oinarria.– Dirulaguntzen metaketa eta mugak.
Edozein administrazio publikok deialdi honetako dirulaguntzen xede berarekin emandako dirulaguntzak bateragarriak izango dira laguntza hauekin, baldin eta laguntza guztien baturak ez badu gainditzen eskualde-xedeko 2022-2027 aldirako estatu-laguntzei buruzko Gidalerroen 7.4 apartatuan ezarritako muga (AO, C 153, 2021-04-29). Dirulaguntza horiek Industria Garapen eta Administrazioaren Zuzendaritzari jakinarazi behar zaizkio.
Dirulaguntza hauek bateragarriak izango dira proiektu edo jarduketa bererako emandako beste laguntza batzuekin, baldin eta laguntza-neurri horiek diruz laguntzekoak diren beste kostu batzuei buruzkoak badira edo, diruz laguntzekoak diren kostuen berdinak –osorik edo partes– izanda ere dirulaguntzen baturak ez badu gainditzen Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera eman daitekeen laguntzaren intentsitatea edo diru-zenbateko handiena.
Baldin eta Batasunaren finantzaketa –Batasuneko erakundeek, agentziek, enpresa erkideek edo beste organo batzuek zentralki kudeatua eta estatu kidearen zuzeneko edo zeharkako kontrolik gabea– Estatuko laguntzekin konbinatzen bada, azken horiek soilik hartuko dira kontuan jakinarazpen-atalaseak eta gehienezko laguntza-intentsitateak errespetatzen diren zehazteko, betiere diruz laguntzekoak diren kostu berberetarako emandako finantzaketa publikoaren guztizko zenbatekoak ez baditu gainditzen Europako araudi aplikagarrian ezarritako gehieneko finantzaketa-ehunekoak.
Dirulaguntza beste diru-sarrera batzuekin bateragarria dela onartu ondoren, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4.h) artikuluan xedatutakoaren arabera, onuradunak diruz lagundutako jarduerak eta jarduketak neurriz kanpo ez finantzatzeko konpromisoa adieraziko du eskaeran. Hori gertatuz gero, soberakinari dagokion zenbatekoa murriztuko da.
11. oinarria.– Dirulaguntzak emateko prozedura eta eskaerak aurkezteko epea.
1.– Dirulaguntzak segidako esleipenaren prozeduraz emango dira, eta itzultzeko beharrik gabeko dirulaguntzen forma hartuko dute. Eskaerak ordenan ebatziko dira, espedientea osatzen den unearen arabera.
2.– Eskaerak aurkezteko epea 2025eko uztailaren 7ko 09:00etan hasiko da, eta urte bereko abuztuaren 8ko 15:00etan amaituko da, edo eskuragarri dauden funtsak agortzen direnean, 2. oinarrian adierazitakoaren arabera.
3.– Eskaerak aurreko paragrafoan adierazitako epean aurkeztu beharko dira. Eta dirulaguntza jaso dezaketen inbertsioak ez dira hasi behar eskaerak aurkeztu baino lehen –hala xedatzen baita Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta zenbait kategoria barne-merkatuarekin bateragarri zirela deklaratu zuen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduko 2. artikuluaren 23. apartatuan (AO, L 187, 2014-06-26), Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2472/2022 Erregelamenduko 2. artikuluaren 53. apartatuan (AO, L 357, 2022-12-21) eta Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2473/2022 Erregelamenduko 2. artikuluaren 27. apartatuan (AO, L 357, 2022-12-21)–, eta, horrenbestez, ezingo dira sartu aldez aurretik eginikoak, salbu eta agindu honetako 7.3 artikuluko kasuan; horrelakoetan, lehenengo eskaeraren eta aldez aurretiko eskaeraren datak hartuko dira kontuan, hurrenez hurren.
12. oinarria.– Eskaerak.
1.– Enpresek, Agindu honetan ezarritakoaren arabera aurreikusitako laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituztela, eskaera eta hurrengo oinarrian adierazitako agiriak aurkeztu beharko dituzte.
2.– Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa (bertan daude izapideak egiteko jarraibideak, eta bertatik sar daiteke eskabide-orrira) esteka honetan dago: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1027911
Eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako agiriak aurkezteko, eta eskaeraren ondorengo izapideak egiteko –jakinarazpenak barne–, hau izango da bidea: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta).
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak.
Eskabidea ordezkari baten bidez ere izapidetu ahal izango da elektronikoki. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
3.– Eskaera bakarra aurkeztu beharko da, beteta, enpresak aurreikusita dituen jarduketa guztietarako, erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko ahalmena duen pertsonaren sinadura onartuarekin, eta, eskaerarekin batera, hurrengo oinarrian adierazten diren agiriak aurkeztu beharko dira, euskarri gisa.
4.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte dirulaguntza-eskaera eta eskatutako agiriak. Halaber, dirulaguntza-eskaeraren ondoriozko jarduketetan ere, eta prozedurak irauten duen bitartean, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean xedatutakoa betez.
5.– Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailak bere esku dituen indarreko dokumentuak ez dira nahitaez aurkeztu beharko. Kasu horretan, eskaeran bertan adierazi beharko da agiriok zer datatan, zer organotan eta zer espedientetan aurkeztu ziren.
6.– Eskaera aurkeztuta, eskatzaileak baimena ematen dio organo kudeatzaileari zuzenean egiazta dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteta dituela. Hala ere, eskatzaileak horren aurka egin ahal izango du, eta, kasu horretan, bere kabuz aurkeztu beharko ditu dagozkion ziurtagiriak (eskaerarekin batera), aurkezteko eskatzen zaion guztietan.
7.– Era berean, dirulaguntza eskatzeak berekin dakar organo kudeatzaileak kontsulta egitea Hitzarmenen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistro eta Gordailuari, indarrean berdintasun-planik badagoen egiaztatzeko; izan ere, Estatuko araudiaren arabera, 50 langiletik gorako enpresentzat plan hori galdagarria da dirulaguntzak eskatzeko.
13. oinarria.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa:
1.– Enpresa eskatzaileak eskaera bat bete beharko du, bitarteko elektronikoak erabiliz. Eskabide horrekin batera, dirulaguntza-eskaeraz gainera –halakorik aurkeztu badu–, agiri hauek aurkeztu beharko ditu:
a) Eskatzaileak edo enpresa-taldeko enpresa bakoitzak egin beharreko inbertsioen memoria xehatua, parte-hartzaileek konpromisoa sinatuta –hala badagokio–. Memorian, industria-plana, enpresaren plan ekonomiko-finantzarioa, lan-plana eta hori egiteko epeak sartuko dira.
b) Eratze-eskritura (enpresa eratu berria denean bakarrik), identifikazio fiskaleko txartela, eta eskatzailearen ordezkaritza-ahalordea, salbu eta agiri horiek jadanik Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren esku badaude eta enpresan aldaketarik izan ez bada. Interesdunak agiri horiek zer organori eta noiz aurkeztu zizkion adierazi behar du, hori egiteari uko egiten dionean izan ezik. Uko egiten badio, espedienteari erantsi beharko dizkio (ordezkari baten bidez elektronikoki izapidetzen bada, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak).
c) Sozietateen gaineko zergaren azken bi aitorpenak, edo hala badagokio, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergarenak, edo azken bi ekitaldietan Merkataritza Erregistroan aurkeztutako urteko kontuak eta agiri gehigarriak.
d) Enpresako plantillaren bilakaerari buruzko memoria xehatua, urteka, azken hiru ekitaldi ekonomikoei dagokiena, datuak lanbide-kategoriaren eta sexuaren arabera bereizita; eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak egindako dokumentuak, «Alta-egoeran dauden langileen batez besteko plantilla» txostena, urteko deialdia argitaratu aurreko 12-36 hilabeteei dagokiena.
e) Eskatzailea enpresa txiki edo ertaina dela frogatzen duten agiriak (Europar Batasuneko araudiaren araberako ETEaren kalifikazioari jarraikiz), hau da: enpresako eta, hala badagokio, harekin elkartu edo lotutako gainerako enpresetako urteko enplegu-datuak, negozio-bolumena eta balantze orokorra. Enpresa-taldearen datu orokorrak ere aurkeztu behar dira, eta horien barruan talde osoaren antolamendu-eskema bat egongo da, partaidetzak eta enplegu-datuak, ustiapen-zifra eta balantzea jasota; horiek guztiak laguntza eskatu aurreko bi ekitaldiei buruzkoak.
f) Inbertsio berak lortzeko erakunde honen edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuen laguntzak eskatu eta/edo jasoz gero, entitateak eta zenbatekoak adierazi.
g) Ekonomia-jardueren gaineko Zergan alta emanda egoteari buruzko dokumentua.
h) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzei dagokienez, Merkataritza operazioetan berankortasunaren kontra egiteko neurriak ezartzeari buruzko abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak zenbateraino bete diren egiaztatzeko, bide hauek erabiliko dira:
a) Kontabilitateko araudiaren arabera galeren eta irabazien kontu laburtua aurkez dezaketen pertsona fisikoek eta pertsona juridikoek abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdien betetze-mailara iritsi direla adierazten duen ziurtagiria aurkez dezakete; ziurtagiria pertsona fisikoak sinatu behar du, edo, pertsona juridikoen kasuan, administrazio-organoak edo haren baliokideak, ordezkaritza-ahal nahikoa duela. Horrez gainera, ondoko b) letran ezartzen diren frogabideak ere erabil ditzakete hori egiaztatzeko, beren araudia betez gero.
b) Kontabilitateko araudiaren arabera galeren eta irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoek hauetako bat aurkez dezakete:
1. Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek egindako ziurtagiria, zeinean banakatuta agertzen baita ikuskatutako azken urteko kontuen memorian azaltzen diren ordainketei buruzko informazioa, baldin eta kontu horien arabera ondorioztatzen bada iristen dela abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdien betetze-mailara (apartatu honetan ezartzen da), uztailaren 5eko 15/2010 Legeak –zeinak abenduaren 29ko 3/2004 Legea aldatzen baitu– hirugarren xedapen gehigarrian eskatzen den informazioaren arabera.
Ziurtagiri hori hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte izango da baliozkoa.
2. Baldin eta aurreko zenbakian aipatzen den ziurtagiria egin ezin bada, «Adostutako prozedurei buruzko txostena», Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek egina. Txosten horren bidez, erreferentziazko data batean sozietatearen hornitzaileei ordaindu gabe dauden fakturen lagin adierazgarri bat berrikusita, ondorioztatuko da ez dela antzeman abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdietarako salbuespenik, edo, salbuespenak antzemanez gero, horiek ez dutela eragozten apartatu honen azken paragrafoan eskatzen den betetze-mailara iristea.
Apartatu honetan eskatzen den baldintza betetzat joko da baldin eta abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdien betetze-maila irailaren 28ko 18/2022 Legean (azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan) ezartzen den ehunekoaren parekoa edo handiagoa bada (18/2022 Legea, Enpresen sorkuntzari eta hazkundeari buruzkoa).
i) Entitate eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, baldintzak betetzeari eta emandako datuen zehaztasunari buruzkoa; hau da,
– Enpresa eskatzaileak laguntzaren deialdi-agindu honen artikuluetan eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela.
– Eskaerako datu guztiak egiazkoak eta osoak direla, bai eta aurkeztutako dokumentazio guztia ere.
– Beste erakunde publiko edo pribatu batzuei inbertsio berberetarako eskatu dizkien eta/edo haiengandik jaso dituen laguntzak aitortu dituela.
– Aurkezten dituen dokumentuen egiazkotasunaren erantzukizuna bere gain hartzen duela.
– Egunean dituela dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan ezarritakoaren arabera (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen esparruan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).
– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela.
– Konpromisoa hartzen duela aurretik adierazitakoa betetzeko, adierazpen hau aurkezten duenetik deialdia ebatzi eta emandako dirulaguntza osoa justifikatu arteko denbora-tarte osoan.
– Enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzen duela, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.
– Konpromisoa hartzen duela diruz lagundutako jarduerak eta jarduketak neurriz kanpo ez finantzatzeko, dirulaguntza likidatu arteko aldian, ezertan eragotzi gabe etorkizunean xede bererako jaso ditzakeen laguntzen zenbatekoa adierazteko betebeharra.
j) Erantzukizunpeko adierazpena, legezko debekuren bat ez izateari buruz:
– Ez dagoela epai irmo batez laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzeko aukera ez izatera zigortuta edo prebarikazioagatik, funtzionario-eroskeriagatik, ondasun publikoak bidegabe eralgitzeagatik, influentzia-trafikoagatik, iruzur egiteagatik eta legearen aurkako ordainarazpenengatik edo hirigintza-delituengatik zigortuta.
– Ez duela eskatu borondatezko konkurtso-deklaraziorik, ez dagoela ezein prozeduratan kaudimengabetzat jota, ez dagoela konkurtsoan deklaratuta, ez dagoela esku-hartze judizialaren eraginpean edo ez dagoela desgaitua Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.
– Ez duela Administrazioarekin egindako kontraturen baten suntsiarazpen irmorik eragin, kausaren batean errudun deklaratua izateagatik.
– Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daudela honako lege hauek jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legea eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak Arautzen dituen Eusko Legebiltzarraren ekainaren 26ko 1/2014 Legea; edo ez izatea Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko kargudunak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.
– Egoitza fiskala ez duela erregelamenduz paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean.
– Ez duela galdu, epai irmo bidez, dirulaguntzak eskuratzeko aukera, hala xedatzen duen edozein legeri jarraituz. Zehazki, ez duela zehapen administratibo edo penalik jaso sexuan oinarritutako diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-arloko araudia ez betetzeagatik, dagokion zehapenean ezarritako aldian. Hala badagokio, Espainiako araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izatera behartuta egonik, berdintasun-plan bat duela, eta 50 langile baino gehiago edukirik, egiaztatu dezakeela ezarri dituela sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak, emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko Espainiako legeek ezarritako baldintzetan.
– Ez dagoela Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrari eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeari buruzko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluak xedatutako egoeran.
– Ez duela zehapenik jaso, administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, arau-hauste astun edo oso astun batengatik, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeari buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean ezarritakoaren arabera; edo, zehatua izan bada ere, behar diren zuzenketa-neurriak gauzatu dituela eta zehazpena ordaindu duela.
– Bete duela desgaitasuna duten pertsonentzat legez gorde behar den kuota, edo egiaztatu duela egiaztatu hori bete dadin neurri alternatiboak abian jarri izana.
– Ez dagoela berreskuratze-agindu baten mende, Europar Batasuneko Batzordeak dirulaguntza bat legez kanpoko eta barne-merkatuarekin bateraezin deklaratu duen aurretiazko erabaki baten ondoren.
– Ez dela krisian dagoen enpresa bat, krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Gidalerroetan xedatutakoaren arabera.
– Ez duela dirulaguntzak jasotzeko debekurik, honako enpresa hauei ere dagokienez: zuzendaritzan dauden pertsonengatik edo bestelako inguruabarrengatik, presuntzioa egon badaiteke debekua jaso duten beste enpresa batzuen jarraipena edo ondorena direla, eraldatze, bat-egite edo ondorengotza bitartez.
2.– Dirulaguntza kudeatzen duen organoak noiznahi eskatu ahal izango du aurkez dakiola erantzukizunpeko adierazpenean jasotako eskakizunak betetzearen egiaztagiriak. Halaber, entitate onuradunak eman zaion dirulaguntza osoa justifikatu arte gerta litekeen edozein aldaketaren berri eman beharko du.
Erantzukizunpeko adierazpen batean jasotako edozein datu edo informazio zehatza ez bada, faltsua bada edo falta bada, edo erantzukizunpeko adierazpena aurkezten ez bada, edo adierazitakoa betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin izango da diruz lagundutako jarduketarekin jarraitu egitate horiek jakiten diren unetik bertatik, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penal, administratibo edo zibilak.
3.– Eskaerak osorik betetzen ez badira edo haiekin batera eskatutako agiriak aurkezten ez badira, erakunde eskatzaileari, bide elektronikoz, eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean hutsegitea konpon dezala edo nahitaezko agiriak aurkez ditzala, bide bera erabiliz. Horretaz gainera, adieraziko zaio ezen, hori egin ezean, eskaeran atzera egin duela esan nahiko duela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean aurreikusten den moduan.
4.– Nolanahi ere, dirulaguntza hauen organo kudeatzaileak, Industria Garapen eta Administrazioaren zuzendariak, beste edozein agiri edo informazio osagarri eskatu ahal izango die entitate eskatzaileei, beharrezkotzat jotzen badu haiek aurkeztutako eskaera behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko. Agindu honetan berariaz aurreikusi ez diren gaietan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da.
14. oinarria.– Dirulaguntzak ematea.
1.– Industria Sustatzeko sailburuordeak, organo kudeatzaileak –Industria Garapen eta Administrazioaren zuzendariak– proposatuta, eskatzaile bakoitzeko ebazpen bat eman eta jakinaraziko du, eskaera aurkeztu eta gehienez ere sei hilabeteko epean. Ebazpen horrek prozedura ebatziko du, eta eskatutako laguntza eman edo ukatu den erabakiko du. Epe hori inolako ebazpenik jakinarazi gabe bukatzen bada, laguntza-eskaera administrazio-isiltasunaz ezetsitzat jo dezakete interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan aurreikusitakoaren ondoreetarako.
Administrazio-ebazpenak espresuki jasoko ditu xedea eta onartutako inbertsio-plana, eta diruz lagundu daitekeen inbertsioa eta sortu beharreko enplegua zehaztuko ditu, eta, ondorioz, emandako zenbatekoa, haren banaketa adierazita. Inbertsioak urte anitzekoak badira, urtekako banaketa. Eskaera ezesten bada, hura ezesteko arrazoiak adieraziko dira.
Deialdi honen oinarrietan xedatzen da nola eta zein epetan ordaindu, eta agindu honetan eskatutako baldintzak eta betekizunak nola justifikatu.
2.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaio eskatzaile bakoitzari, bitarteko elektronikoen bidez; hori gorabehera, emandako dirulaguntzen zerrenda urtero argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, edo haren egoitza elektronikoan, zenbatekoa, finantzatutako jarduketa eta pertsona edo entitate onuraduna adierazita, hala xedatzen baita Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 26.2 artikuluan.
3.– Emateko edo ukatzeko ebazpenaren aurka, interesdunak gora jotzeko errekurtsoa jar diezaioke Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera.
15. oinarria.– Dirulaguntzak justifikatzea eta ordaintzea.
1.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izateko, onuradunak administrazio honen hirugarrenen erregistroan izena emanda egon beharko du. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro elektronikora jo beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak.
2.– Dirulaguntza ordaintzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubidea xedatzen duen abenduaren 17ko 698/1981 Dekretuan ezarritakoa bete beharko da. Oinarri honetan deskribatutako moduan ordainduko zaio enpresa onuradunari.
a) Lehen ordainketa, aurreratua, emandako dirulaguntzaren % 5ekoa, interesdunak laguntza onartu ondoren egingo da, edo dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta 15 eguneko epean, espresuki uko egin ezean.
b) Gainerako ordainketak egin dakizkion, enpresa onuradunak apartatu hauek bete beharko ditu «Nire karpeta» aplikazioaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, https://www.euskadi.eus/nirekarpeta web-orrian:
– Dirulaguntzaren xede diren inbertsio gauzatuen aitorpena.
– Fakturen koadroa, inbertsioaren gastuen eta zenbatekoen zerrenda sailkatuarekin (BEZa kanpo).
– Adierazpen bat, zeinaren bidez adierazten baita ezen, laguntza jaso ondoren, onuraduna ez dagoela berreskuratzeko agindu baten mende, Europar Batasuneko Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela erabaki duelako.
– Dirulaguntzak alde batera utzita, diruz laguntzeko moduko inbertsioaren zenbatekoaren % 25era edo gehiagora iristen diren baliabide propioen zenbatekoaren, jatorriaren eta aplikazioaren aitorpena.
Aitortzen diren inbertsioak Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saileko lurralde-ordezkaritzek ikuskatuko dituzte. Aurkeztutako fakturek bat etorri beharko dute lehen aipatutako fakturen koadroan zehaztutakoekin. Fakturak ikuskatzaileen eskura egon beharko dira, eta, fakturetan, jaulkitze-dataz gainera, hartzekodunaren identifikazioa jaso beharko da (erakunde edo enpresa hornitzailearen IFZ eta izen soziala), bai eta ordainagiriak ere, zenbatekoa (BEZa banakatuta) eta ordainketa-data adierazita. Horretaz gainera, beharrezkotzat jotzen diren agiri eta informazio osagarri guztiak eskatu ahal izango dira, aitortutakoa egiaztatzeko.
Bigarren ordainketa egiteko, behin dagokion ikuskapena eginda, kontuan izango da aldez aurretik jasotakoa.
3.– Laguntza ordaindu baino lehen, aurreko paragrafoan adierazitako alderdiak egiaztatu ostean eta Industria Garapen eta Administrazioaren Zuzendaritzako teknikariek sinatutako ordainketa-proposamenaren txostena aztertu ondoren, Zuzendaritza horretako titularrak, programa honen kudeatzailea izaki, ebazpena emango du, non enpresa onuradunari ordaindu behar zaion zenbatekoa –osoa edo partziala– adieraziko baitu. Dirulaguntzak, gehienez ere, urtean bi aldiz ordainduko dira; ordainketa horien zenbatekoa justifikatutako inbertsioekiko proportzionala izango da.
4.– Inbertsioak egiteko ezarritako epea amaituta, enpresak bi hilabete izango ditu inbertsioen azken aitorpena aurkezteko. Epe hori igarota, egindako inbertsioak ebaluatuko dira, ordura arte aurkeztutako inbertsioen eta gastuen aitorpenetan oinarrituta, eta dirulaguntzak kudeatzeko zuzendaritzak dagokion laguntzaren azken likidazioaren txostena egingo du, justifikatutako inbertsioen partidari buruzkoa.
5.– Egindako gastutzat hartuko dira justifikatzeko epea amaitu baino lehen egiazki ordaindu diren gastuak. Onuradunak bere merkataritza-eragiketetan egindako gastu diruz lagungarriak sektoreko araudi aplikagarrian aurreikusitako ordainketa-epeetan ordainduta egon beharko dira, edo, halakorik ezean, Merkataritza Eragiketetan Berankortasuna Ekiditeko Neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako epeetan.
6.– Enpresa batek laguntza ez-legitimoren bat badu, zeinaren gainean Europako Batzordeak kontrako erabakia hartu baitu dirulaguntza eman ondoren, eta hura berreskuratzeko agindu bada eta laguntza hori itzuli ez bada, hura ezereztu izanaren justifikazioa aurkeztu beharko da azken ordainketarako eskaerarekin batera. Izan ere, programa honen esparruan emandako laguntza ez da ordainduko harik eta aipatutakoa justifikatu arte.
7.– Dirulaguntza ezingo da ordaindu baldin eta onuradunak ez baditu ordaindu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, orobat, zorduna bada itzulketaren bidezkotasunari buruzko ebazpen baten bidez.
8.– Jarduerak dirulaguntzaz ez ezik funts propioen bidez edo beste dirulaguntza edo baliabide batzuen bidez ere finantzatu badira, funts horien diru-zenbatekoa eta jatorria egiaztatu beharko dira justifikazioan, bai eta diruz lagundutako jardueretan nola aplikatu diren ere. Jasotako funtsek sorrarazten dituzten finantza-etekinak ere egiaztatu beharko dira, hala badagokio.
16. oinarria.– Onuradunen betebeharrak.
Onuradunen betebeharrak arau hauetan ezarritakoak dira: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluak, Europako erregelamendu aplikagarriak eta oinarri hau. Bereziki, onuradunek betebehar hauek izango dituzte:
1.– Emandako laguntza onartzea. Onuradunak, dirulaguntzaren ordainketa jaso baino lehen, edozein unetan uko egin ahal izango dio laguntzari, espresuki eta idatziz.
2.– Laguntza zertarako eman den, xede horretarako erabiltzea, eta hitzartutakoaren arabera inbertsioa egitea eta enplegua sortzea, bai eta horiek justifikatzea ere.
3.– Organo kudeatzaileari, inbertsioa gauzatzeko eta sortutako enpleguari eusteko epearen barruan, eskatzen zaien informazio osagarri oro igortzea, bai eta gertatzen diren aldaketak ere, Administrazioak egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egin ahal izan ditzan inbertsioak garatzeari eta gauzatzeari buruz. Jarduera pertsonei buruzkoa bada, datuak sexuaren arabera bereizitako eman beharko dira.
4.– Organo edo entitate emaileak egingo dituen egiaztatze-jarduketak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-jarduketak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratu diren dirulaguntzen kasuan. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziak xedatutako jarduketak ere onartu beharko dituzte, bai eta finantzaketa dela-eta beste kontrol-organo batzuek egin ditzaketenak ere.
5.– Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailari jakinaraztea helburu bera betetzeko dirulaguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak lortu direla beste edozein administraziotatik edo erakunde publiko nahiz pribatutatik.
Hura jakin bezain laster eman beharko da horren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.
6.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein gorabehera objektibo zein subjektibo aldatuz gero, horren berri ematea Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailari.
Hura jakin bezain laster eman beharko da horren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.
7.– Enpresak laguntza ez-legitimoren bat badu, zeinaren gainean Europako Batzordeak kontrako erabakia hartu baitu dirulaguntza eman ondoren, eta hura berreskuratzeko agindu bada eta laguntza hori itzuli ez bada, horren berri eman beharko zaio Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailari.
8.– Eman den laguntzaren indarraldian egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuko xedapen gehigarri bakarrean aurreikusitako enteekiko betebeharrak ere (dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua onartzen da); halaber, jasotako funtsak itzultzea, zorduna izanez gero itzulketaren bidezkotasunari buruzko ebazpen baten bidez.
9.– Kontabilitate-liburuak, erregistro bideratuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak izatea, pertsona onuradunari kasu bakoitzean aplikatzekoa zaion merkataritza-legeriak eta sektorekoak eskatutako baldintzetan, eta eskatutako kontabilitateko egoera-orri eta erregistro espezifiko oro izatea, egiaztatze- eta kontrol-jardun egokia bermatzeko.
10.– Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne; agiri horiek egiaztatze- eta kontrol-jarduketetan erabil daitezke bitartean.
11.– Jasotako finantzaketaren izaera publikoaren publizitate egokia egitea eta diruz lagundutako ekintzak direla aipatzea ondo ikusteko toki batean, Eusko Jaurlaritzaren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren logotipo korporatiboa agerian jarriz, abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuak araututako Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan ezarritakoaren arabera.
12.– Jasotako funtsak, edo garaturiko jarduerarako nahiz jarduketarako emandako dirulaguntzaren kostuaren gaineko soberakina itzultzea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeari buruzko Legearen 36. artikuluan jasotako kasuetan.
13.– Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituzten hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntza jasotzen duen jarduera edo proiektuak behar dituen agiri eta material guztietan.
14.– Herritarren hizkuntza-eskubideak eta, bereziki, euskararen erabilera bermatzea, diruz lagundutako jarduketarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean.
15.– Enpresa-deslokalizaziorik ez egitea, halakotzat hartuta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeari buruzko Legearen 49. artikuluan araututakoa.
16.– Lagundutako inbertsioek, enpresa handien kasuan, gutxienez bost urteko amortizazio-aldia izango dute, eta gutxienez bost urte iraun beharko dute enpresaren aktiboan. ETEen kasuan, berriz, aldi horiek hiru urtekoak izango dira.
17.– Beste edozein betebehar, arau hauen arabera eska daitekeena: Dirulaguntzen Araubidea erregulatzeari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta 38/2003 Legearen Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua eta horien garapen-arauetan xedatua.
17. oinarria.– Laguntzaren baldintzak aldatzea.
1.– Industria Sustatzeko sailburuordeak, dirulaguntza eman duen organoa izaki, emandako dirulaguntza edo haren baldintzak aldatzea erabaki dezake, ofizioz edo interesdunak eskatuta.
Onuradunak eskatuta bada, dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein inguruabar objektibo edo subjektibo aldatu dela jakinaraziko dio organo kudeatzaileari, horren berri izan bezain laster eta betiere jasotako funtsei emandako erabilera justifikatu baino lehen edo une horretan.
2.– Ondorio horietarako, entitate eskatzaileak inbertsioa egiteko aurreikusitako epeak nahitaezkoak izango dira. Dena den, enpresa onuradunak aldez aurretik eskaera egin eta justifikatuz gero eta gehienez ere onartutako denbora-muga amaitu baino 30 egun lehenago, dirulaguntzak eman zituen administrazio-organoak luzatu egin dezake egin beharreko inbertsioak gauzatzeko epea –12 hilabetez gehienez ere–, betiere alegatutako arrazoiek luzapena justifikatzen badute. Luzapen horrek –halakorik balego– ez du laguntzaren zenbatekoa handituko.
3.– Egiazki egindako edo egitekoa den jarduerak dirulaguntzaren xedearen barruan egon behar du, eta aldaketa justifikatzen duten inguruabarrak ezin dira egon onuradunaren borondatearen mende.
Baloratuko da ea aldaketa dakarten elementu eta inguruabar berriak, hasierako dirulaguntza emateko unean gertatu izan balira, dirulaguntza ukatzeko arrazoi izango ziren ala ez, bai eta aldaketa horrek hasieran onetsitako proiektuan funtsezko aldaketa eragin ote dezakeen ere.
4.– Baldin eta onuradunak jada dirulaguntzaren diru-zenbateko osoa edo zati bat jaso badu eta aldaketaren ondorioz dirulaguntzaren diru-zenbatekoa murriztu egin behar bada, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen Legearen 40. artikuluan (dirulaguntza itzultzeko prozedura) xedatuari jarraituko zaio.
18. oinarria.– Ez-betetzeak eta itzulketak.
1.– Baldin eta enpresa onuradunak ez baditu betetzen agindu honetan ezarritako betekizunak, aplikatzekoak diren gainerako arauak eta, hala badagokio, dirulaguntzak emateko ebazpenean ezartzen diren baldintzak, Industria Sustatzeko sailburuordeak –aldez aurretik Industria Garapen eta Administrazioaren zuzendariak ez-betetzearen espedientea hasi eta izapidetu duela eta hor interesdunari entzunaldia eman zaiola– ebazpen administratibo baten bidez deklaratuko du dirulaguntzarako eskubidea bertan behera utzi dela eta, hala badagokio, jasotako dirulaguntzen printzipala eta dagozkion berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra dagoela, betiere arau hauetan ezarritako baldintzetan: Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legea, Dirulaguntzei buruzko 2003ko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta horiek garatzeko arauak. Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira, dagozkien legezko ondoreetarako.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta haren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91. artikulutik 93. artikulura bitartean ezarritako kasuetan, jasotako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, eta berandutze-interesak eskatuko dira, zehazki, dirulaguntza ordaintzen denetik itzulketa egitea bidezkoa dela erabakitzen den egunera arteko sortutako interesak, edo zordunak itzulketa egiten duen egunera arte sortutakoak (baldin eta itzulketa itzulketaren bidezkotasuna erabakitzen den eguna baino lehenago egiten bada).
2.– Erabateko ez-betetzeak hauek dira, besteak beste:
a) Agindu honetako 6.a) oinarriak ezartzen dituen gutxieneko inbertsioak ez gauzatzea.
b) Enpleguari ez eustea agindu honen 8. oinarrian zehazten diren baldintzetan.
c) Onartutako inbertsioak ez hastea 2025eko ekitaldian.
d) Diruz lagundutako inbertsioak egiteko aurreikusitako epeak ez betetzea.
e) Enpresaren baliabide propioak ez aplikatzea: diruz laguntzeko modukotzat jotako inbertsioaren zenbatekoaren % 25, gutxienez.
3.– Entitate onuraduna konkurtso-prozedura batean sartzen bada, Administrazioak, emandako dirulaguntzak berreskuratzeko, kasuan kasu aplikagarri diren xedapenek aitortzen dioten lehentasuna izango du, eta, hala badagokio, itzultzeko betebeharraren erantzukizun subsidiarioa deribatzeko espedienteak abiarazi ahal izango ditu pertsona juridikoen ordezkarien aurka, edozein izanik ere haien izaera, hala ezartzen baita urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuaren 100.2 artikuluan (1/2021 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua onartzen duena).
RSS