
125. zk., 2025eko uztailaren 3a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (139 KB - 3 orri.)
- EPUB (106 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
2990
EBAZPENA, 2025eko ekainaren 13koa, Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko zuzendariarena, zeinaren bidez interesdunen eskura jartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoan mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektorean nahitaezkoak diren erregistro-liburuei buruzko eredu elektronikoak.
Ikus dezagun zer jartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Mahastizaintza eta Ardogintza Antolatzeko maiatzaren 7ko 5/2004 Legean, 19. artikuluan. Han erabaki zenez, pertsona fisikoek eta juridikoek, edo pertsona-taldeek, mahastizaintzako eta ardogintzako produktu bat baldin badaukate lanbidean aritzeko edo salerosketarako –eta, eduki, edozein eratara eduki dezakete–, produktu horren kontabilitate espezifikoa eraman beharko dute erregistro-liburuetan, eta liburu horietan idatzirik utzi sorta bakoitzaren sartu-irten guztiak (beren instalazioetan gertatzen direnak, jakina) eta instalazio horietan egiten diren manipulazioak.
Ikus dezagun Eusko Jaurlaritzako Industria, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren 1996ko ekainaren 4ko Agindua. Han dago arauturik zer agiri behar diren aldean eraman ardogintzako produktuak garraiatzeko EAEtik abiaturik Europar Batasunaren barruan, eta mahastizaintza-ardogintzan zer erregistro eraman behar diren. Eta, han erabakita dagoenez, badira erregistro-liburu batzuk, paperezkoak, egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan daukaten eta ardogintzako produktuak egiten, biltegiratzen eta botilatzen diharduten industrien titularrek bete eta kudeatu behar dituztenak.
Ikus dezagun orobat Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamendua, nekazaritza-produktuen merkatuen antolakunde erkidea sortzen duena. 147. artikuluan erabakita dakarrenez, mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreko produktuak darabiltzaten pertsona fisiko edo juridikoek edo pertsona-elkarteek, eta, bereziki, ekoizleek, botilaratzaileek, eraldatzaileek eta merkatariek, mahastizaintzako eta ardogintzako produktuen sarreren eta irteeren erregistroak eraman beharko dituzte.
Eta ikus dezagun Batzordearen 2017ko abenduaren 11ko (EB) 2018/274 Betearazpen Erregelamendua, 1308/2013 (EB) Erregelamendua garatzeko arauak ezartzen dituena. Han dago zehazturik agintariek zer tresna edukiko dituzten mahastizaintza-ardogintzako produktuak edukitzea eta merkatura ateratzea kontrolatzeko. Tresna horietako bat, hain zuzen ere, erregistroak dira (Betearazpen Erregelamenduko IV. kapituluan daude aurreikusita, 13.2.b) artikuluan). Artikulu horrek dioenez, mahastizaintzako eta ardogintzako erregistroak sistema elektronikoen bidez kudea daitezke, baina, aurkeztu, arlo horretako agintaritza eskudunek ezarritako arauek dioten bezala aurkeztu behar dira.
EAEko mahastizaintza-ardogintzako operadore ekonomiko gehienek, gaur egun, (EB) 2018/274 Erregelamenduan araututako erregistro-liburuak betetzen dituzte, hots, 1996ko ekainaren 4ko Aginduan aurreikusitako paperezko erregistro-liburuetan orri finko zenbakituak betetzen dituzte. Hala ere, ikusi dugu sektore horrentzat ona izango litzatekeela eredu elektronikoak ere eskura izatea, han jasota uzteko sorta bakoitzaren sartu-irten guztiak –bakoitzak bere instalaziokoak–, bai eta instalazio horietan egindako manipulazioak ere (EAEn sektore horrentzat derrigorrezkoak dira ereduok).
Azkenik, ikus dezagun Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen Dekretua (abenduaren 11ko 438/2024 Dekretua). 12. artikuluan erabakita dagoenez, Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko Zuzendaritzak du eskua bere eskumen-eremuko erregistroak kudeatzeko, bai eta nekazaritza-, arrantza- eta elikagai-ekoizpenaren kalitate-ezaugarriak normalizatu, tipifikatu eta arautzeko araudiarekin lotutako jarduketak gauzatzeko ere (b eta k letrak).
Horregatik guztiagatik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Interesdunen eskura jartzea Euskal Autonomia Erkidegoko mahastizaintza eta ardogintzaren sektorean nahitaezkoak diren erregistro-liburuei buruzko eredu elektronikoak.
Eredu horiek hiru liburu izango dituzte, eta liburu horiek, era berean, zenbaki korrelatiboak dituzten eranskinetan banatuko dira, hemen adierazten den moduan:
1. liburua: ardoen, babestutako jatorri-deitura (BJD) duten ardoen, ardo horiek egiteko produktuen eta lortutako azpiproduktuen sarreren eta irteeren liburu-erregistroa.
1. eranskina – Ontziratu gabeak:
– Sarrerak.
– Irteerak.
2. eranskina - Botilatzea:
– Sarrerak.
– Irteerak.
2. liburua: sarreren eta irteeren erregistro-liburua, lantze-prozesuak dituzten mahastizaintza eta ardogintzako produktuena (ardo aparduna, ardo apardun gasduna, ardo txinpartaduna, ardo txinpartadun gasduna, likore-ardoa, mahats-zukua eta beste batzuk).
3. eranskina – Ontziratu gabeak:
– Sarrerak.
– Irteerak.
4. eranskina - Botilatzea.
3. liburua: praktika enologikoen, lantze-prozesuen eta erregistratu behar diren praktika eta prozesuetarako produktu-mugimenduen erregistro-liburua.
5. eranskina – Produktu enologikoen mugimenduak:
– Sarrerak.
– Irteerak.
6. eranskina - Praktika enologikoak eta lantze-prozesuak.
Bigarrena.– Ebazpen honetan araututako prozeduraren izapidetzean aplikatzekoak diren eredu normalizatuak euskadi.eus atarian argitaratuko dira, https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/elikagai-kalitatea/hasiera/ web-orrian, eta aldatu ahal izango dira, eguneratuta eta indarrean dagoen arautegira egokituta egon daitezen.
Hirugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.a) artikuluan xedatutakoaren arabera, eta argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izatea ondorioak.
Laugarrena.– Ebazpen honen aurka, gorako errekurtsoa jarri ahal izango zaio Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordeari, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 13a.
Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko zuzendaria,
NORA BELTRÁN DE OTÁLORA ERRASTI.
RSS