Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

124. zk., 2025eko uztailaren 2a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

MUGIKORTASUN JASANGARRIAREN SAILA
2971

EBAZPENA, 2025eko ekainaren 11koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, «Bilboko Metroko Kabiezes azpiestazioa birmoldatzeko proiektua. Azpiestazioaren eraikina handitzea eta egokitzea» proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda onartzen duena, eta titularrei dei egiten diena okupazioaren aurretiko aktak egiteko.

2025eko urtarrilaren 14an, Garraio Azpiegituren zuzendariaren ebazpenaren bidez, «Bilboko Metroko Kabiezes azpiestazioa birmoldatzeko proiektua. Azpiestazioaren eraikina handitzea eta egokitzea» proiektua onartu zen. Ebazpena 2025eko martxoaren 14an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (51. zk.).

Santurtzi-Kabiezes zatiko trenbidearen ustiapena 2014ko ekainaren 28an hasi zen.

Azken zabalpen geografiko hori egin zenean, Bilboko Metroari behin-behineko trakzio-azpiestazioa jarri zitzaion. Hasieran, urte batzuetan martxan egotea zegoen aurreikusita, behin betiko azpiestazioa eraiki bitartean, baina egun oraindik martxan jarraitzen du behin-behinekoa izan arren.

2023ko irailean, TYPSAri esleitu zioten Bilboko Metroko Kabiezes azpiestazioa birmoldatzeko proiektua idazteko kontratua.

Kontratuaren barruan 3 proiektu idatzi behar dira; hauek:

– 1. proiektua: Hargune elektrikoa Iberdrolaren Ortuellako azpiestaziotik, 30kV-koa, Kabiezeseko trakzio-azpiestaziora.

– 2. proiektua: Bilboko Metroko Kabiezes behin-behineko azpiestazioko eraikina handitzea eta egokitzea eta beharrezko lursailak egokitzea.

– 3. proiektua: Bilboko Metroko Kabiezeseko azpiestazio elektrikoaren ekipamendua birmoldatzea (ekipamendu elektrikoa), ekipoak handitzea eta egun daudenekin integratzea, behin betiko azpiestazio izan dadin.

«Bilboko Metroko Kabiezes azpiestazioa birmoldatzeko proiektua. Azpiestazioaren eraikina handitzea eta egokitzea» proiektuaren helburua da Kabiezeseko behin-behineko azpiestazioa handitzearekin zerikusia duten elementu guztiak definitu, kalkulatu eta baloratzea. Behin-behineko azpiestazio hori behin betiko azpiestazio bihurtzeko egokituko da, nabearen aurrealdean bi bao berri eraikiz.

Lursailak lortzeko eta ukitutako ondasun eta eskubideak kudeatzeko, proiektuak ondasun eta eskubide horien identifikazio xehatua biltzen du (desjabetzeen eranskinean jaso dira lurzatien zerrenda eta planoak).

Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2025eko martxoaren 21eko Ebazpenaren bidez, erabaki zen proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak nahitaez desjabetzeko prozedurari hasiera ematea eta desjabetzeen eranskinaren zerrenda jendaurrean jartzea. Interesdunei jakinarazi zitzaien, eta 2025eko apirilaren 9an Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, eta 2025eko apirilaren 14an Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta «El Correo» eta «Deia» egunkarietan argitaratu zen. Ondasun eta eskubideen zerrenda hori Santurtziko eta Portugaleteko udaletxeetako iragarki-taulan ere jarri zen.

Izapide honetan ez da alegazio-idazkirik aurkeztu.

Jendaurrean jartzeko epea amaituta, ukitutako ondasun eta eskubideen behin betiko zerrenda egin da.

Organo honek eskumena du garraio-azpiegituren arloko jarduerak gauzatzeko beharrezkoak diren desjabetze-espedienteak izapidetzeko, Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 19ko 382/2024 Dekretuaren 11.2.c) artikuluak xedatzen duenaren arabera.

Abenduaren 19ko 26/2022 Legeak aldatutako Trenbide Sektoreari buruzko irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, trenbide-lineen proiektuak, horien tarteak edo trenbide-azpiegiturako beste elementu batzuk onesteak edo lehendik daudenak aldatzeak lursail berriak erabiltzea eskatzen badu, horietan identifikatutako eraginpeko ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako, onura publikoko edo gizarte-intereseko deklarazioa egingo da, eta okupatu beharrekoa eta presakoa dela deklaratuko da. Legezko adierazpen horrek Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluan aurreikusitako prozedurara jotzeko ahalmena ematen dio administrazioari; hartara, lurrak okupatu edo ukitutako ondasunak eskuratuko ditu, ondasun edo eskubide horiek deskribatzen dituzten aktak egin ondoren, titularrak identifikatuz eta baloraziorako beharrezkoak diren datuak jasoz, eta, aldez aurretik, okupazioaren aurreko gordailu gisa perituak zehaztutako zenbatekoa ordainduz edo kontsignatuz, eta, hala badagokio, okupatzeko presak eragindako kalteen zenbatekoa ordainduz edo kontsignatuz.

Ondorioz, egindakoa ikusita, eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 20., 21. eta 52. artikuluetan eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen Erregelamendua onartzen duen 1957ko apirilaren 26ko Dekretuaren 56. artikuluan eta horrekin bat datozen eta oro har aplikatu beharreko gainerako xedapenetan xedatutakoarekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– «Bilboko Metroko Kabiezes azpiestazioa birmoldatzeko proiektua. Azpiestazioaren eraikina handitzea eta egokitzea» proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda onartzea, eta hura okupatu beharra deklaratzea, Trenbide Sektoreari buruzko irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.2 artikuluan adierazitako ondorioekin.

Bigarrena.– Zerrenda horretan agertzen diren jabeei dei egitea, Portugaleteko eta Santurtziko Udaletara joan ondoren, ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu aurreko aktak egiteko, zerrenda horretan adierazitako egun eta orduetan, eta, hala badagokio, horiek formalki okupatzeko; hala ere, beharrezkoa izanez gero, aukera egongo da lursailetara bertaratzeko, interesdunek hala eskatuta.

Egintza horretara interesdunek berek joan beharko dute, edo haien izenean jarduteko behar bezalako baimena jaso duten ordezkoek; haien titulartasuna egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte (eskritura publikoak, Jabetza Erregistroko ziurtagiriak edo informazio-oharrak, etab.), bai eta beren eskubideak egiaztatzen dituen beste edozein agiri ere. Egoki iritziz gero, beren perituekin eta notario batekin batera aurkeztu ahal izango dira, baina hori haien kontura izango da.

Era berean, eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen Erregelamendua onartzen duen 1957ko apirilaren 26ko Dekretuaren 56.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, interesdunek alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte okupazioaren aurreko akta egiten den egunera arte, akatsik egonez gero horiek zuzentzeko. Horretarako, Mugikortasun Jasangarriaren Saileko Garraio Azpiegituren Zuzendaritzara jo beharko dute, idatziz (Donostia kalea 1, Lakua 1, 01010, Vitoria-Gasteiz).

Ebazpen hau ez da behin betikoa administrazio-bidean, eta beronen aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Errekurtsoa jartzeko idazkia organo honi edo Azpiegitura eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordeari zuzendu behar zaio.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute, bi (2) hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan. Nolanahi ere, aurretik aukera izango dute errekerimendua egiteko, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 11.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.

ERANSKINA
PORTUGALETEKO UDALERRIAN
(Ikus .PDF)
SANTURTZIKO UDALERRIAN
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala