Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

123. zk., 2025eko uztailaren 1a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
2944

AGINDUA, 2025eko ekainaren 17koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuarena, zeinaren bidez, 2025eko ekitaldirako Industria Hobea-Emaitek Programaren dirulaguntzen oinarri arautzaileak onartzen baitira eta deialdia egiten baita.

Azken urteetan aldaketa asko eta garrantzi handikoak gertatzen ari dira ingurune sozioekonomikoan eta geopolitikoan, eta Euskal Autonomia Erkidegoan berrikuntza-estrategia zehaztu eta ezartzeko prozesuan baldintzatzen dute; beraz, beharrezkoa da estrategia hori Europako estrategietara areago egokitzea eta esparru horretarako politika propioak ondo doitzea.

Euskal Autonomia Erkidegoak erronka hauek ditu: lehiakortasun ekonomikoa eta oparotasuna sustatzea lehiakortasun handiko testuinguru globalean; industria eta gizarte berde eta digital bateranzko trantsizio bikoitza lortzea; eta ekosistema eta balio-kate nagusietan erresilientzia eta, ahal den neurrian, subiranotasun teknologikoa handitzea. Asmo horiek betetzeko gai izatea, hein handi batean, I+G+Baren mende dago.

Horrenbestez, industry deal berria bultzatuko da Euskal Autonomia Erkidegoan, autonomia-erkidegoa aitzindaria izan dadin etorkizuneko Europako berraktibatze industrialean. «Itun» horrek herrialdeko ekosistema ekonomikoa osoa ukituko du: enpresa-, teknologia- eta finantza-ehuna, eta erakundeak, klusterrak eta eragile sozialak. Industria-hobekuntzaren atalean, behar-beharrezkoa da I+Gko gastua handitu dezatela Administrazioak eta enpresen sektoreak, Euskal Autonomia Erkidegoa berrikuntzaren arloko «bikaintasun-polo» gisa aitor dezan Europako Batzordeak.

Batetik, Europako Batzordearentzat, lehiakortasuna da jarduketa-printzipio funtsezkoetarik bat, eta, haren esanetan, mundu mailan lehiatzeko, ezinbestekoa da estatu-mailako politikak eta Europar Batasunekoak harmonizatzea. Europan, lehiakortasunaren hobekuntza hiru zutabetan bermatzen da. Horietako bat da berrikuntza-arrakala desagerraraztea, eta horretarako sendotuko diren prozeduren artean dago berrikuntzari eta ikerketari bultzada ematea. I+G+Bko jarduketek soluzio eraginkorrak eskaintzen dituzte gure gizartearen erronka handiei aurre egiteko; beraz, ikerketan inbertitzea, aurrera egiteko bermea da.

Bestetik, 2030erako Euskadiko Zientzia eta Teknologia Planak (ZTBP 2030), zeina Horizon Europe esparru-programarekin bat baitator, Euskal Autonomia Erkidegoa berrikuntzan aurreratuen dauden Europako eskualdeen artean kokatzea du helburu, erronka sozial nagusiak konpontzen laguntzeko: osasuna, enplegua, digitalizazioa, klima-aldaketa eta genero-berdintasuna; guztiak ere NBEren 2030erako Garapen Jasangarriko Helburuekin bat datozenak dira. Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartzen du Garapen Jasangarriko Helburuekin (GJH) bat egiteko konpromisoa, eta Euskadi Basque Country 2030 Agendan txertatzen du. Garapen jasangarriko 9. helburuak (Industria, Berrikuntza eta Azpiegitura) ezartzen duenaren arabera, azpiegituretan inbertitzea eta berrikuntza funtsezko eragileak dira hazkunde eta garapen ekonomikoan.

Horizon Europe esparru-programa abiapuntutzat hartuta, ZTBP 2030ek hiru zutabe estrategiko eta elementu nagusi bat planteatzen ditu: Bikaintasun Zientifikoa, I. zutabea; Lidergo Teknologiko Industriala, II. zutabea; eta Berrikuntza Irekia, III. zutabea; eta Talentua. Hala, «Lidergo Teknologiko Industriala» zutabearen helburua da EAEko enpresa taldeen lidergo teknologikoa eta industriala sendotu eta sustatzea, eta etorkizunean hazteko ahalmen handia duten nazioarteko merkatuetan kokatzen laguntzea; orobat, ikerkuntza babesten du, ikerkuntzan eta garapen teknologikoan egiten diren inbertsioen emaitzak eta eragina hobetu ahal izateko.

Gainera, erronka globalei ere heltzen die zutabe horrek, RIS3 espezializazio-arloetan, Industria Adimendunean, Energia Garbiagoetan eta Osasun Pertsonalizatuan integratutako lankidetza publiko-pribatuko I+G proiektu estrategikoak garatzearen bidez.

Orobat kontuan hartu behar da Eusko Jaurlaritzak, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren bitartez, abian jarritako estrategiaren helburua dela «industria gehiago, industria hobea, emisio gutxiago» lortzea, horiek baitira Euskal Autonomia Erkidegoaren etorkizuneko ongizatearen eta kalitatezko enpleguaren oinarriak. Euskal Autonomia Erkidegoak Europan gertatzen ari den aldaketa industrialaren «gezi muturra» izateko gaitasuna badu izan, egoera ekonomikoa, mundu mailan, «ziurgabea» den honetan. Hala ere, beharrezkoa da jauzi kualitatibo bat egitea, EAEko enpresek energia-eraldaketak eta eraldaketa digitalak eskaintzen duten abagunea profita dezaten, lehiakorrago izateko eta areago hazteko palankak izanik.

EAEko politika zientifiko-teknologikoak erdietsi duen heldutasun maila dela eta, Eusko Jaurlaritzak eskura jarritako laguntza-tresnak gero eta gehiago bideratzen dira merkatutik hurbil dagoen jarduketa zientifiko-teknologikoa garatzera, eta jarduera Euskal Autonomia Erkidegoko espezializazio adimenduneko eremuetan kontzentratzera. Horren guztiaren helburua da enpresa-sektorearen lehiakortasuna handitzea eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean sartutako ikerketa-eragileen emaitzetan bikaintasuna lortzea.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareak –ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuak arautzen du– funtsezko rola du Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sisteman, eta lagundu egin du enpresen lehiakortasuna hobetzen eta ongizate eta aberastasun ekonomiko eta soziala sortzen. Eusko Jaurlaritzaren babes irmo eta jarraitu horri esker, azpiegitura zientifiko eta teknologikoak finkatu dira, sarean modu osagarri eta koordinatuan lan egiteko, merkatu-ikuspegi batetik eta bezeroarenganako hurbiltasuna oinarri hartuta. Horri esker, Euskal Autonomia Erkidegoa berrikuntza-maila handiko eskualdeen taldean kokatu da Europar Batasunean.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautu eta eguneratzen duen ekainaren 23ko 109/2015 Dekretua hiru ardatzen inguruan egituratzen da: posizionamendua I+Baren balio-katean, espezializazio-maila Euskal Autonomia Erkidegoan lehentasuna duten ikerketa-arloetan, eta ikerketaren bikaintasuna. Ardatz horiek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileen arteko eta horien eta ingurune globalaren arteko harreman-ereduan kokatzen dira. Antolamendu horren ondorioz, berriz formulatu behar izan ziren eragile tipologia ezberdinentzako laguntza publikoen programak.

Zehazki, foku anitzeko teknologia-zentroen kategorian, ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuak ikerketa-entitateek izan beharreko misioa, jarduketak eta ezaugarri nahiz eskakizun orokor zein espezifikoak ezartzen ditu, entitate horiek kategoria horren akreditazioa lortu nahi badute, eta, ondorioz, laguntza jaso nahi badute.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2030erako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planak jasotzen duenez, foku anitzeko teknologia-zentroek laguntza-programa baten onuradun izan behar dute, euren emaitzak eta gaitasunak hobetu eta merkatura bideratzeko. Horrela, I+Garen balio-kate osoan zehar lan egingo dute, eta ezagutza berriak lortzeari emango zaio garrantzia, etorkizunera begira, EAEn identifikatutako espezializazio-arloetan. Halaber, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragile ezberdinen arteko lankidetza bultzatuko da.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko teknologia-zentroen jarduera ez-ekonomikoari dagokion finantzaketa publikoa Emaitek Programaren bitartez esleitu izan da, emaitzetara bideratutako teknologia-zentroaren ereduarekiko egokitzapen-mailaren arabera. 2015. urtean, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretua indarrean jarri ondoren, Emaitek Plus programa martxan jarri zen, zeina 2024ko ekitaldira arte egon baita indarrean.

Nolanahi ere, orain arte kontuan hartu diren baldintzen gainean gogoeta egitea eta horiek berrikustea beharrezkoa gertatu da, EAEko ekonomiaren lehiakortasuna, batik bat industriarena, indartzeari begira. Enpresek, une honetan, erronka jakin batzuk dituzte, hala nola energia-kostu handiak, langile eskasia eta kapitala eskuratzeko oztopoak; beraz, lehiakortasunerako galda estrukturalak kendu behar dira. Ondorioz, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailak industria- eta energia-garapena sustatuko ditu, ekonomiaren motor eta ardatz izan daitezen, garapen-faktore hauei helduta: nazioartekotzea, teknologia- eta industria-berrikuntza, ekintzailetza eta gizartea karbonogabetzea.

Aipatu sailaren jarduera-eremua dira, besteak beste, industria-politika, enpresa-lehiakortasuna, enpresa-berrikuntza, teknologia-politika, teknologia-zentroak, teknologia-oinarriko ekintzailetza eta informazioaren eta ezagutzaren gizartea sustatzea eta garatzea EAEn. Hala, ezagutza eta teknologia eskaintzen eta sortzen duten entitateetatik enpresetarako teknologia-transferentzia sustatzeko ardura du, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planetik eratorritako programak kudeatzekoa, eta azpiegitura teknologiko eta berritzaile estrategikoak sortu, ezarri eta sendotzeari loturiko ekintzak sustatzekoa ere bai.

Inguruabar horretan, eta aipatu den guztia kontuan hartuta, besteak beste, ezinbestekoak dira foku anitzeko teknologia-zentroei laguntzeko neurriak hartzea. Zentro horien egitekoa da teknologia propioa sortu eta garatzea, eta beren emaitzak Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-ehunari transferitzeko jarduketak gauzatzea, industria-lehiakortasuna hobetzeko.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean akreditatutako foku anitzeko teknologia-zentroak ikerketa-azpiegitura finkatuak dira, eta gai dira EAEko industriari laguntza eta babesa emateko, balioa emango dioten soluzio teknologiko bikainak sortuta. Gainerako eragileekin elkarlanean eta koordinatuta aritzeko konpromisoa dute, haiekin batera eskaintza zientifiko-teknologiko integral eta bikaina eskaintzeko.

Industria Hobea – Emaitek programa da EAEko Administrazio Orokorraren laguntza foku anitzeko teknologia-zentroetara bideratzeko tresna berria. Finantzaketa esleitzen die jarduketa ez-ekonomikorako, zentroen jarduketaren emaitzak ebaluatuta, emaitzetara bideratutako zentroaren ereduari jarraikiz. Eredu hori Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen berrantolaketaren esparruan definituta dago, eta sare horren osaera arautu eta eguneratzen duen ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuan zehazten da. Emaitzetara bideratutako zentroaren eredu hori aginte-taula batean zertzen da, eta taula horretan zehazten dira zein adierazle, pisu eta helburu lortu behar dituzten zentroek, foku anitzeko teknologia-zentroaren kalifikazioa eskuratu edo mantendu nahi badute. Horretarako, oinarritzat hartzen ditu lehen aipatutako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarea berrantolatzeko ardatzak.

Agindu honen bidez ematen diren dirulaguntzak Batzordearen 2022/C 414/01 Komunikazioan (Ikerketa, garapen eta berrikuntzarako estatu-laguntzei buruzko esparrua) ezarritakoan babesten dira, jarduketa ez-ekonomikorako laguntzei dagokienez. Ondorioz, jarduketa ez-ekonomikoetarako finantzaketa publikoari ez zaio aplikatuko Tratuaren 107. artikuluko 1. apartatuan xedatutakoa, baldin eta argi bereiz badaitezke bi jarduera motak (ekonomikoak eta ez-ekonomikoak), baita bakoitzaren kostu, finantzaketa eta diru-sarrerak ere, jarduera ekonomikoari zeharka diruz laguntzea benetan saihesteko.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.

Industria Hobea – Emaitek Programaren oinarri arautzaileak onartzea, I. eranskinean jasotzen diren legez, eta laguntzen deialdia egitea 2025eko ekitaldirako.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraz, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, zuzenean aurkez daiteke administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasuetan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira epeak.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 17a.

Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua,

MIKEL JAUREGI LETEMENDIA.

I. ERANSKINA

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko foku anitzeko teknologia-zentroen jarduera ez-ekonomikorako laguntza publikoen 2025eko deialdiaren oinarriak ezartzea eta deialdia bera egitea, zentro horiei finantzaketa esleitzeko, beren jarduera orokorraren emaitzak ebaluatu eta aztertu ondoren. Industria Hobea-Emaitek Programa 2025.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Agindu honen xede den deialdiko laguntzak finantzatzeko, 58.587.783 euro erabiliko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2025eko ekitaldiko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituen arabera.

2.– Aurrekontu-ekitaldian zenbateko horixe egongo da laguntza guztien artean banatzeko, ez gehiago (zenbateko horixe, edo egin beharreko eguneraketaren ondoren geratzen dena, baldin eta, indarrean dagoen legeriaren arabera, aurrekontuan aldaketarik egitea onartzen bada). Hala ere, deialdiaren guztizko zenbatekoari beste % 10 gehitu dakioke gehienez, eta, hala egiten bada, horren berri emango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordearen ebazpen baten bidez. Zenbatekoa handitzeak ez du ekarriko ez eskabideak aurkezteko beste epe bat ezartzea, ez ebazteko epea berriz hastea.

3. artikulua.– Entitate onuradunak eta betekizunak: entitate onuradunen betekizunak eta debekuak.

1.– Foku anitzeko teknologia-zentroek jaso ditzakete agindu honetan aurreikusitako laguntzak, betiere betekizun hauek betetzen badituzte:

a) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko kide izatea, ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuan zehaztutakoari jarraituz.

b) ZTBESko eragileen erregistro publikoan akreditatuta egotea, foku anitzeko teknologia-zentroen kategorian.

2.– Ezin izango dira onuradun izan Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan adierazitako egoeretako batean dauden entitate eskatzaileak.

a) Dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukerarik gabe utzita epai irmo baten bidez zigortutakoak edo prebarikazioagatik, funtzionario-eroskeriagatik, ondasun publikoak bidegabe eralgitzeagatik, influentzia-trafikoagatik, iruzur egiteagatik eta legearen aurkako ordainarazpenengatik edo hirigintza-delituengatik epai irmo baten bidez zigortutakoak.

b) Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaria egin dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jota daudenak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak –konkurtso horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada salbu–, epailearen esku-hartzearen mende daudenak edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituta daudenak, hartzekodunen konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe dagoelarik.

c) Administrazioarekin egindako edozein kontratu ebazpen irmoz suntsiarazteko arrazoiak sorrarazi eta arrazoi horien errudun deklaratu izan direnak.

d) Pertsona fisikoak, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen ordezkari direnak, egoera hauetakoren batean badaude: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean ezarritako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean ezarritako egoeraren batean. Edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargu batean daudenak, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen arau autonomikoan ezarritakoaren arabera.

e) Indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez dauzkatenak.

f) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean dutenak.

g) Egunean ez dutenak dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan ezarritakoaren arabera (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).

h) Dirulaguntzak eskuratzeko aukera epai irmo bidez galdu dutenak, hala xedatzen duen edozein legeri jarraituz. Zehazki, zehapen administratibo edo penala jaso dutenak sexuan oinarritutako diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-arloko araudia ez betetzeagatik, dagokion zehapenean ezarritako aldian.

i) Ez dutenak estatu-araudiaren araberako berdintasun-planik indarrean, eta ez dutenak neurririk ezarri sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko, emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko estatu-legeriak xedatutako baldintzetan (50 langiletik gorako enpresak).

j) Elkarte ordezkatuak Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan adierazitako debeku-kausaren bat izatea.

k) Entitate ordezkatuaren inskripzioa egiteko administrazio-prozedura etenda egotea ez-zilegitasun penalaren zantzu arrazionalak aurkitzeagatik, bat etorriz Elkartzeko Eskubidea Arautzeko martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoarekin, betiere dagokion erregistroan inskripzioa egin daitekeela dioen ebazpen judizial irmorik ematen ez den bitartean.

l) Administrazio-bidean emandako ebazpen irmo baten bidez zehapena jaso dutenak Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean ezarritako arau-hauste astun edo oso astun batengatik, harik eta behar diren zuzenketa-neurriak hartu eta zehapena ordaindu arte.

m) Desgaitasuna duten pertsonentzat lanpostuak erreserbatzeko legez ezarritako kuota bete ez dutenak, eta betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu ez dutenak.

n) Fundazioen kasuan, beren estatutuak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legean xedatutakora egokitu ez dituztenak, eta egokitzapen hori Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatu ez dutenak (Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 1. xedapen iragankorra).

ñ) Enpresa-deslokalizazioaren deklarazioa jaso dutenak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak 51. artikuluan ezarritakoaren arabera.

o) Eskatutako laguntza jarduera berberetarako onartuta edo ordainduta dauden beste batzuekin bateragarria izatea baimenduta egonik, gainfinantzaketa dutenak. Nolanahi ere, etorkizunean helburu bererako jasotzen dituztenak jakinarazi beharko dituzte, laguntza likidatu arteko aldian.

3.– Era berean, ezingo dute dirulaguntzarik jaso hauek:

1) Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeari buruzko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluan xedatutako egoeran daudenak.

2) Batzordearen aurretiazko erabaki batean legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo izanagatik berreskuratze-agindu baten mende dauden enpresek, hondamendi natural jakin batzuek eragindako kalteak konpontzera bideratutako dirulaguntza-araubideak izan ezik.

3) Krisian dauden enpresak, krisian dauden enpresak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko jarraibideetan xedatutako definizioaren arabera (EBAO, C249, 2014-07-31).

4. artikulua.– Laguntzen xedea eta izaera. Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Agindu honen babespean emandako laguntzen xedea da foku anitzeko teknologia-zentroen emaitzak eta gaitasunak hobetu eta merkatura bideratzea, I+Garen balio-kate osoan eragiteko eta, etorkizunera begirako ikuspegiekin, ezagutza berriak eskuratzeko Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean zehaztutako espezializazio-esparruetan; halaber, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileen arteko lankidetza sustatu nahi da.

2.– Emango diren dirulaguntzak ez dira estatu-laguntzak, ez behintzat Batzordeak estatu-laguntzaren kontzeptuari buruz emandako jakinarazpenean ezartzen den definizioaren arabera, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. artikuluko 1. apartatuan xedatutakoari jarraikiz (2016/C 262/01).

3.– Programa honek jarduera ez-ekonomikoaren kostua laguntzen du diruz. Jarduera ez-ekonomikoaren definizioa ezartzen da Batzordeak Ikerketa, garapen eta berrikuntzarako estatu-laguntzen Esparruari buruz emandako jakinarazpenean (2022/C 414/01). Erkidegoko esparru horrek ezartzen duenez, ikerketa-entitate horien jarduera ez-ekonomikoen finantzaketa publikoari ez zaio aplikatuko Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. artikuluko 1. apartatuan xedatutakoa; hau da, ez da estatu-laguntzatzat hartuko, baldin eta argi bereiz badaitezke bi jarduera motak (ekonomikoak eta ez-ekonomikoak), baita bakoitzaren kostu eta finantzaketa ere, jarduera ekonomikoari zeharka diruz laguntzea benetan saihesteko.

4.– Programaren xedetik kanpo geratzen da jarduera ekonomikoaren finantzaketa. Jarduera ekonomikoa hau da: I+Gko zerbitzuak emateko eta enpresen kontura eginiko I+Gko jarduerez gain, ikerketa-azpiegituren alokairua eta Ikerketa, garapen eta berrikuntzarako estatu-laguntzen Esparruan jasotako baldintzak betetzen ez dituzten bestelako jarduera ekonomikoak (2022/C 414/01).

5. artikulua.– Dirulaguntzaren banakako zenbatekoa.

1.– Programa honek diruz lagun dezake entitate onuradunak 2025eko deialdiak barne hartzen duen urtean zehar egindako jarduera ez-ekonomikoaren guztizko kostuaren % 100 gehienez.

2.– Entitate onuradunak jasoko duen dirulaguntzaren zenbatekoa emaitzetara bideratutako teknologia-zentroaren ereduarekiko egokitzapen-mailaren ebaluazio-prozeduraren ondoriozkoa izango da, eredu horretako aginte-taulan jasotako helburuen betetze-maila kontuan hartuta (II. eranskinean zehazten da nola).

3.– Prozedura hau aplikatuta entitate onuradun bakoitzak jaso ahal izango duen gehieneko dirulaguntza (GD) izango da I+Gko ustiapeneko diru-sarreren % 27,5 gehienez.

4.– Zentro batek edo gehiagok gehieneko dirulaguntza jasotzen badute, balizko soberakina gainerako zentroen artean banatuko da ondoz ondoko iterazioetan, harik eta 2025eko deialdian emaitzetara bideratutako zentroaren ereduarekiko egokitzapen-mailari esleitutako zenbateko osoa (X) agortu arte. Horretarako, iterazio bakoitzean, berriz kalkulatuko da banaketa-koefizientea, gehieneko mugara (GD) iritsi ez diren zentroak bakarrik kontuan hartuta.

6. artikulua.– Emateko prozedura.

1.– Programa honen barneko dirulaguntzak emateko, printzipio hauei jarraituko zaie: publizitatea, norgehiagoka, objektibotasuna, gardentasuna, berdintasuna, diskriminaziorik eza, administrazio emaileak finkatutako helburuak betetzeko garaian izandako eraginkortasuna eta baliabide publikoen esleipenean eta erabileran izandako efizientzia, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 7. artikuluari jarraikiz.

2.– Laguntzak emateko prozedura norgehiagoka izango da, kontuan hartuta emaitzetara bideratutako eredua eta zentro onuradun bakoitzak zenbatean bete duen aginte-taula. Horretarako, aurkeztu den dokumentazioa aztertuko da, agindu honen II. eranskinean ezarritako irizpideei eta prozedurei jarraikiz. Norgehiagoka lehiaketa bidez egingo da, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19. artikuluarekin.

3.– Agindu honen II. eranskinean zehaztutako irizpideei eta prozedurei jarraikiz emango zaizkie dirulaguntzak zentro onuradunei.

7. artikulua.– Beste laguntza batzuekin bateragarri izatea.

1.– Agindu honetan ezarritako laguntzak eskuratzen dituzten entitate onuradunek beste laguntza batzuk ere eskuratu ahal izango dituzte, jarduera ez-ekonomikokoak, laguntzen izaera edo organo edo administrazio laguntza-emailea edozein dela ere Entitate onuradun bakoitzak jaso beharreko zenbatekoa ezagututa, agindu honetan ezarritakoaren arabera jaso ditzakeen laguntzak zehazteko, kontuan hartuko dira gai horri buruz Europar Batasunean indarrean dauden arauak eta, zehazki, Ikerketa, garapen eta berrikuntzarako estatu-laguntzei buruzko Erkidegoko Esparruan ezarritakoa (2022/C 414/01).

Gainera, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4.h) artikuluan xedatzen denaren arabera, dirulaguntzaren onuradunak gehiegizko finantzaketa saihesteko konpromisoa adierazi beharko du, bai eskaera egitean, bai programa bete bitartean.

2.– Jarduera ez-ekonomikoagatik jasotako laguntza metatuek eta guztizkoek ezin izango dute gainditu jarduera horrek deialdi honen xedeko ekitaldian izandako guztizko kostuaren % 100. Ehuneko horretan sartuko dira entitate onuradunek hirugarrenengandik jaso ahal izan dituzten jarduera ez-ekonomikorako bestelako laguntzak.

3.– Jarduera ez-ekonomikorako emandako laguntza metatuek eta guztizkoek aurreko apartatuan ezarritako muga gainditzen badute, agindu honen arabera entitate onuradunei emandako laguntza muga hori ez gainditzeko beste gutxituko da.

8. artikulua.– Eskaerak egiteko epea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta indarrean sartu eta hilabetera amaituko da.

9. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.

1.– Eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta agindu honekin lotutako gainerako izapideak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, bat etorriz Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan ezarritakoarekin.

2.– Eskaera eskuratzeko eta betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikora jo beharko da. Helbide hau du:

https://www.euskadi.eus/servicios/1007812/ (gaztelaniaz).

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1007812/ (euskaraz).

Helbide horretan egongo dira eskuragarri eskaera-inprimakia, erantzukizunpeko adierazpenak eta izapideak bide horretatik egiteko jarraibideak.

Eskaera egin ondorengo izapideak, baita jakinarazpenak eta espedientearen kontsultak ere, kanal elektronikoaren bidez, «Nire karpeta» gunearen bidez egin eta jakinaraziko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoan:

https://www.euskadi.eus/micarpeta

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3.– Behar bezala beteta aurkeztu behar da eskaera, entitate edo pertsona eskatzailearen sinadura aitortua daramala, eta agindu honetan adierazten diren agiriak izan behar ditu.

4.– Eskaera ordezkari baten bitartez egiten bada, artikulu hauetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluak. Ildo horretan, eta agindu honen esparruan, ordezkaritza egiaztatuta egongo da, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatuta badago (https://www.euskadi.eus/ordezkariak).

5.– Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta indarreko gainerako araudian xedatutakoarekin bat etorriz tratatuko dira datu pertsonalak.

Helbide honetan dago jasota datuak babesteari buruzko informazioa:

https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/077400-capa2-eu.shtml

Teknologia eta Berrikuntza zuzendaria da datuen arduraduna, eta bere aurrean gauzatu ahal izango dira datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideak. Horretarako, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saileko Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzara jo beharko da (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

6.– Laguntza-eskaera eta eskatutako dokumentazioa nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dira. Era berean, laguntza-eskaeraren ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

10. artikulua.– Eskaerak eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskaera-orria eta behar diren ereduzko agiriak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoan eskuratu ahal izango dira, hizpide ditugun laguntzak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ostean.

2.– Entitate eskatzaileek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Entitate eskatzailearen lege-ordezkariak sinatu eta zigilatutako eskaera-orria.

b) Eskatzailearen ordezkaritza-ahalmenaren kopia.

c) Identifikazio fiskaleko txartelaren kopia.

d) Dirulaguntza emateko eta –hala badagokio– ordaintzeko, dirulaguntzen programa hau kudeatzen duen organoak automatikoki egiaztatuko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, salbu eta entitate eskatzaileak dagozkion ziurtagiriak eransteko asmoa adierazten badu.

e) Entitate eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena:

1) Beste erakunde publiko edo pribatu batzuei jarduera ez-ekonomikoetarako eskatutako laguntzak, edo horiek emandakoak. Laguntza horien zenbatekoak adierazi beharko dira, eta entitate emailearen identitatea ere bai, ezertan eragotzi gabe etorkizunean xede bererako jaso ditzakeen laguntzen zenbatekoa adierazteko betebeharra, laguntza likidatzen den arte iraungo duena.

2) Jarduera ez-ekonomikorako eskatutako laguntzaren eta jada emandako edo ordaindutako beste batzuen arteko bateragarritasuna baimenduta egonik, ez dago gehiegizko finantzaketarik.

3) Ez egotea laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatuta, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

4) Ez egin izana hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaririk, ez egotea kaudimengabetzat deklaratuta ezein prozeduratan, ez egotea hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta –konkurtso horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada salbu–, eta ez egotea epailearen esku-hartzearen mende edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta, hartzekodunen konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe egonik.

5) Ez eragin izana Administrazioarekin egindako ezein kontraturen amaiera irmoa, kausaren batean errudun deklaratua izateagatik.

6) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen ordezkari direnak, egoera hauetakoren batean ez egotea: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko 1984ko abenduaren 26ko 53/1984 Legean ezarritako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean edo Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen 2014ko ekainaren 26ko 1/2014 Legean ezarritako egoeraren batean. Edo Hauteskunde Araubide Orokorraren 1985eko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargu batean daudenak, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen arau autonomikoan ezarritakoaren arabera.

7) Egoitza fiskala ez izatea erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean.

8) Egunean izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan ezarritakoaren arabera (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).

9) Ez galdu izana dirulaguntzak eskuratzeko aukera epai irmo bidez, hala xedatzen duen edozein legeri jarraituz.

10) Ez izatea dirulaguntzak jasotzeko debekurik, honako enpresa hauei ere dagokienez: zuzendaritzan dauden pertsonei edo bestelako inguruabarrei erreparatuz, presuntzioa ezar badaiteke debekua jaso duten beste enpresa batzuen jarraipena edo ondorena direla, eraldatze, bat-egite edo ondorengotza bitartez.

11) Ez jaso izana zehapen administratibo edo penalik sexuan oinarritutako diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-arloko araudia ez betetzeagatik, edo kasuan kasuko zehapenean ezarritako aldia igarota ez egotea.

12) Ez urratzea Espainiako araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izateko betebeharra, ez eta emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko Espainiako legeriak xedatutako baldintzetan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurriak ezartzeko betebeharra ere (50 langiletik gorako enpresak).

13) Elkarte ordezkatuak ez izatea Elkartzeko Eskubidea Arautzeko martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan adierazitako debeku-kausarik.

14) Entitate ordezkatuaren inskripzioa egiteko administrazio-prozedura ez egotea etenda ez-zilegitasun penalaren zentzuzko zantzuak aurkitzeagatik, bat etorriz Elkartzeko Eskubidea Arautzeko martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoarekin, harik eta ebazpen judizial irmoa eman eta dagokion erregistroan inskribatzeko aukera ematen zaion arte (elkarteen kasuan, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.4 artikulua).

15) LGTBIfobiaz jokatu ez izana, edo hura bultzatu edo sustatu ez izana, bihurketa-terapiak sustatzea edo egitea barne (otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikulua).

16) Zehapenik ez jaso izana, administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, arau-hauste astun edo oso astun batengatik, Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean ezarritakoaren arabera, harik eta behar diren zuzenketa-neurriak hartu eta zehapena ordaindu arte.

17) Desgaitasuna duten pertsonentzat lanpostuak erreserbatzeko legez ezarritako kuota ez urratu izana, hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.

18) Fundazioen kasuan, beren estatutuak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legean xedatutakora egokitu izana, eta egokitzapen hori Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatu izana (Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 1. xedapen iragankorra).

19) Deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa. Enpresa-deslokalizazioaren deklaraziorik ez jaso izana, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak 51. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Erantzukizunpeko adierazpen batean jasotako edozein datu edo informazio zehatza ez bada, faltsua bada edo falta bada, edo erantzukizunpeko adierazpena aurkezten ez bada, edo adierazitakoa betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin izango da diruz lagundutako jarduketarekin jarraitu egitate horiek jakiten diren unetik bertatik, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penal, administratibo edo zibilak.

f) Deialdiaren aurreko ekitaldian onetsitako finantza-egoeren auditoria-txostena.

g) Auditoria-entitateak emandako ziurtagiria, hauek jasotzen dituena: entitatearen kostuen kontabilitate-prozedurarekin bat etorriz, jarduera ez-ekonomikoaren kostua, gastu-kontzeptuen arabera banakatua, deialdiaren aurreko ekitaldiari dagokiona.

h) Auditoria-entitateak emandako ziurtagiria, hauek jasotzen dituena: jarduera ez-ekonomikoaren ondoriozko diru-sarrerak, finantzaketaren jatorriaren arabera banakatuak, deialdiaren aurreko ekitaldiari dagozkionak.

i) Deialdiaren urteari dagokion jarduera ez-ekonomikoaren diru-sarrera eta gastuen aurrekontua.

j) Kudeaketa-memoria edo jarduera-plana, hauek jasotzen eta azaltzen dituena: lortutako emaitzak, aginte-taulako adierazleei dagozkienak.

k) Innobasquek emandako ziurtagiria. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sareko eragileen organismo koordinatzaile berezia izanik, organismo eskatzailearen datuak egiaztatu eta homologatzeko lanak egingo ditu.

l) Entitate eskatzailearen plan estrategikoa.

3.– Dirulaguntza eskatzen duten entitateek hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkeztu ahal izan dituzte eskaera eta agiri atxikiak.

4.– Edonola ere, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailak, Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzaren bidez, edo, hala dagokionean, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak –agindu honetan jasotako dirulaguntzen kudeaketan lagunduko du– aurkeztutako eskaerak egoki ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko beharrezkotzat jotzen duten dokumentazioa edo informazioa eskatu ahal izango diete entitate eskatzaileei.

11. artikulua.– Eskaerak onartzea eta zuzentzea.

Eskaera puntu guztietan behar bezala beteta ez badago, edo eskatutako dokumentazio guztia aurkezten ez bada, 10 eguneko epea emango zaio entitate eskatzaileari akatsa zuzentzeko edo beharrezkoak diren agiriak aurkezteko. Epe hori igarota hala egin ez badu, eskabidean atzera egin duela ulertuko da, teknologia, berrikuntza eta eraldaketa digitaleko eskumena duen sailburuordearen ebazpen baten bidez, hala ezarrita baitago Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 20.4 artikuluan.

12. artikulua.– Eskaerak ebaluatzeko organoa.

1.– Ebaluaziorako propio sortutako ebaluazio-organoak egiteko hauek izango ditu:

a) Aurkeztutako eskaerak agindu honen 14. artikuluan ezarritako irizpideen arabera ebaluatzea.

b) Balioesteko eta kuantifikatzeko finkatzen dituen irizpide objektiboetan oinarrituta, onuradun bakoitzari zenbateko laguntza eman proposatzea.

c) Instrukzio-organoari txosten bat bidaltzea, egindako ebaluazioaren emaitza zehaztuta; txosten horretan, eskaeren balioespena eta horien lehentasun-ordena zehaztuko dira.

d) Administrazio-errekurtsoa ebazteko eskumena duen organoari aholku ematea, organoak berak hala eskatuta, agindu honetan deitutako dirulaguntzak emateko ebazpena aurkaratzeko arrazoia balioespena bera denean.

2.– Ebaluazio-organoaren presidentea Catalina Chamorro Silgado izango da, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailean teknologia eta berrikuntzako eskumena duen zuzendaritzaren arloburua. Haren ordezkoa izango da Iker Azqueta, zuzendaritza horren beraren arduraduna.

Bokalak, berriz, hauek izango dira:

– José Luis Azkue Arrastoa, Garapenaren eta Industria Administrazioaren zuzendaria, edo karguan hura ordezten duen pertsona; ordezkoa, berriz, Rosa Murillas, industria-garapeneko eskumena duen zuzendaritzako teknikaria.

– Amaia Martínez Muro, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Teknologia eta Berrikuntza unitate estrategikoko ordezkaria; ordezkoa, berriz, Cristina Oyón.

– Amaia Gandarias, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailean teknologia eta berrikuntzako eskumena duen zuzendaritzako teknikaria, idazkari-lanak egingo dituena; ordezkoa Larraitz Segurola izango da.

3.– Ebaluazio-organoa baliozkotasunez eratuta geratuko da bilerak eta eztabaidak egiteko eta erabakiak hartzeko, baldin eta presidentea, idazkaria (edo haien ordezkoak) eta gutxienez gainerako kideetako bat bertaratzen badira.

4.– Eskaerak aztertzeko eta ebaluatzeko lanak egingo ditu ebaluazio-organoak, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak lagunduta.

5.– Gainera, ebaluazio-organoari lagunduko dio Innobasquek, zeinek, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sareko eragileen organismo koordinatzaile berezia izanik, organismo eskatzailearen aginte-taulako adierazleen datuak egiaztatu eta homologatzeko lanak egingo baititu.

Apartatu honetan ebaluazio-organoaren funtzionamenduari buruz ezarri ez den guztian, Euskal Sektore Publikoari buruzko maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 18. artikuluan xedatutakoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15., 18., 23. eta 24. artikuluetan xedatutakoa, edo, horien ordez, lege beraren 19.– 22. artikuluetan xedatutakoa aplikatuko da.

13. artikulua.– Entitate laguntzailea.

1.– Agindu honetan jasotako oinarrien arabera ematen diren dirulaguntzak kudeatzeko, entitate laguntzaile izendatzen da SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailari atxikitako zuzenbide pribatuko entea, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 12. artikuluarekin, bertan arautzen baita entitate laguntzaileen araubidea.

2.– SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak, entitate laguntzailea den aldetik, honako eginkizun hauek izango ditu:

a) Eskaerak jasotzen eta horien hasierako ebaluazioa egiten laguntzea, baita ere, hala dagokionean, interesdunen zuzenketa-errekerimenduak egiten laguntzea, nahiz eta kudeaketa-organoak berak egin errekerimendua, ezertan eragotzi gabe SPRIk errekerimendurako elementu substantiboak eranstea.

b) Eskaerak aztertu eta ebaluatzen laguntzea, agindu honen 13. artikuluan zehazturiko moduan.

c) Justifikazio-agiriak jasotzen laguntzea.

d) Ordainketa-proposamena eta ikuskatze-errekerimenduak egiten laguntzea.

e) Kontrol- eta jarraipen-prozesuak zehaztu eta ezartzen laguntzea.

f) Lortutako emaitzen amaierako ebaluazioa egiten laguntzea.

g) Programa zuzen kudeatzeko behar diren jardueretan laguntzea, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailak hala adieraziz gero.

h) Programa honen kudeaketan Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailak egin ditzakeen egiaztatze-jarduerak onartzea.

3.– Industria Hobea-Emaitek Programaren kudeaketan –horren oinarriak ezartzen ditu agindu honek– Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren arteko harreman-esparrua ezartzeko, dagokion lankidetza-hitzarmena bideratuko da.

14. artikulua.– Ebaluazioa egiteko eta laguntzak emateko irizpideak.

Foku anitzeko teknologia-zentroei dirulaguntzak emateko, prozedura honi jarraituko zaio:

1.– Entitate guztiei emaitzetara bideratutako zentroaren ereduaren araberako ebaluazioa egingo zaie. Eredu hori ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuan argitaratutako aginte-taulan datza, zeinak ezartzen baititu adierazleak, pisuak eta helburuak.

2.– Ebaluazioan kontuan hartuko dira adierazleek onartu eta ikuskatutako ekitaldian, alegia, deialdiaren aurreko urtekoan, izandako emaitzak.

3.– Entitate onuradunen helburua da beren aginte-taulako adierazleen helburuen % 100 betetzea.

4.– Adierazle bakoitza ebaluatzeko, kontuan hartuko da eskatutako helburuaren betetze-maila (analisi kuantitatiboa), eta, horrez gain, analisi kualitatiboa ere egingo da. Horren bidez, ebaluazio-organoak gehienez ere % 5 gehitu ahal izango dio adierazlearen betetze-maila kuantitatiboari.

5.– Zentro bakoitzari esleitutako dirulaguntza parametro hauen araberakoa izango da:

a) Zentroaren aginte-taularen (AT) betetze-maila (BM).

b) Zentroaren dimentsioa, zeina neurtuko baita deialdiaren aurreko ekitaldian I+Gko ustiapeneko diru-sarreren bolumena kontuan hartuta, Emaitek Plus programaren 2024ko deialdian emandako dirulaguntzaren ondoriozko diru-sarrerak salbu.

6.– Prozedura hau aplikatuta entitate onuradun bakoitzak jaso ahal izango duen gehieneko dirulaguntza (GD) izango da I+Gko ustiapeneko diru-sarreren % 27,5 gehienez.

7.– Dirulaguntza kalkulatzeko metodoa zehazturik jasotzen da II. eranskinean.

15. artikulua.– Laguntzen organo kudeatzailea eta ebazpen-proposamena.

1.– Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritza izango da dirulaguntzen programa honen organo kudeatzailea.

2.– Teknologia eta Berrikuntzako zuzendariak, eskabideak ebaluatzeko organoak egingo dituen ebaluazio-txostenean oinarrituta, ebazpen-proposamen arrazoitu bat egingo du, eta laguntzak ematen dituen organoari helaraziko dio. Proposamen horretan, gutxienez informazio hau jasoko du:

a) Entitate onuradunen zerrenda, eta bakoitzari dagokion dirulaguntzaren guztizko zenbatekoa, emaitzetara bideratutako zentroaren ereduarekiko egokitzapen-mailaren arabera, baita beharrezkotzat hartzen den beste edozein inguruabar ere.

b) Deialdiaren betekizunak ez betetzeagatik ezestea proposatzen diren eskabideen zerrenda, eta, horrekin batera, ezesteko arrazoia.

3.– Dirulaguntzak emateko espedientean organo kudeatzailearen txostena egongo da, eta txosten horretan jasota geratuko da organo kudeatzailearen esku dagoen informazioaren arabera onuradunek betekizun guztiak betetzen dituztela dirulaguntzak jasotzeko.

16. artikulua.– Dirulaguntza emateko ebazpena.

1.– Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeari dagokio eskatutako laguntzak emateko edo ukatzeko administrazio-ebazpena eman eta jakinaraztea.

Hartzen den ebazpenak ez dio amaiera emango administrazio-bideari. Ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute ebazpena eman zuenaren aurrean edo Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten denetik aurrera, edo, egintza espresua ez bada, edozein unetan, eta aipatutako sailburuak ebatziko du errekurtsoa; hori guztia, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin.

Laguntzen urteko deialditik aurrera sei hilabete igaro eta ebazpenik ez bada jakinarazi, entitate interesdunak bere eskabidea ezetsitzat jo beharko du. Nolanahi ere, eskatutako dirulaguntzari buruzko berariazko ebazpena ematera behartuta dago organo eskuduna.

2.– Bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan aurreikusitakoarekin, ebazpena egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuta jakinaraziko da (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/) edo, hala badagokio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz jakinaraziko da. Ebazpen horri eranskin bat gehituko zaio; bertan, onuradunei espedientea amaitu arte egin behar dituzten urrats guztiak eta justifikazio fasean aurkeztu beharko dituzten dokumentu guztiak adieraziko zaizkie.

Gainera, emateko ebazpena entitate eskatzaile guztiei bidaliko zaie, baina jakinarazpen pertsonal horrek ez du jakinarazpen-ondoriorik izango.

17. artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea.

1.– Foku anitzeko teknologia-zentroei beren aginte-taulako helburuen betetze-mailaren arabera emandako dirulaguntzen ordainketa era zatikatuan egingo da, honela:

a) Lehenengo ordainketan, emandako dirulaguntzaren % 70 ordainduko da, emateko ebazpena argitaratu eta hurrengo hamabost egunak igaro ostean, non eta onuradunak ez dion berariaz uko egin.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen bigarren xedapen iragankorraren ezarritakoaren arabera, hauxe kontuan hartu behar da: aurrerakina 180.000 eurokoa baino gehiagokoa bada, Euskal Autonomia Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako berme-araubidea bete beharko da (aipatu legearen bigarren xedapen iragankorraren idazkerari jarraikiz).

b) Gainerako % 30a 2026ko ekitaldiaren lehenengo seihilekoan likidatuko da, honako hauek justifikatzeko dokumentazioa aurkeztu eta gero: diruz lagundutako jarduera ez-ekonomikoa egin dela, 2025eko ekitaldiari dagokiona, eta horren kostua egiaztatu ahal izateko dokumentazioa. Horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

1) 2025. urtean onartutako egoera-orri finantzarioen auditoria-txostena.

2) Auditoreak emandako ziurtagiria, honakoak jasotzen dituena: entitatearen kostuen kontabilitate-prozedurarekin bat etorriz, jarduera ez-ekonomikoaren kostua, 2025. urtekoa, gastu-kontzeptuen arabera banakatua.

3) Auditoreak eginiko ziurtagiria, honakoak jasotzen dituena: jarduera ez-ekonomikoaren ondoriozko diru-sarrerak, 2025eko ekitaldikoak, finantzaketaren jatorriaren arabera banakatuak.

Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean izena emanda dagoen auditore batek egina izan behar da dokumentazio hori guztia.

2.– Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailak, emandako dirulaguntza ordaindu aurretik, beharrezkotzat jotzen dituen agiri eta argibide osagarriak eska ditzake, onuradunak aurkeztutako agirien egiatasuna frogatze aldera.

18. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.

1.– Agindu honetan araututako dirulaguntzen entitate onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluek ezartzen dituzten betebehar hauek bete beharko dituzte: zehazki, onuradunak honako betebehar hauek ditu:

a) Dirulaguntza ematea bidezko egiten duen jarduera ez-ekonomikoa gauzatzea.

b) Entitate emaileari justifikatzea dirulaguntza ematea edo dirulaguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak eta betekizunak betetzen direla eta jarduera aurrera eraman dela.

c) Organo edo entitate emaileak egingo dituen egiaztatze-jarduketak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-jarduketak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratu diren dirulaguntzen kasuan. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziak xedatutako jarduketak ere onartu beharko dituzte, bai eta finantzaketa dela-eta beste kontrol-organo batzuek egin ditzaketenak ere.

d) Beste edozein administrazio edo ente publiko nahiz pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzari.

Hura jakin bezain laster eman beharko dute haren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

e) Laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektiboa edo subjektiboa aldatu bada, horren berri ematea organo kudeatzaileari.

Hura jakin bezain laster eman beharko dute haren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

f) Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzari jakinaraztea diruz lagundutako jarduera erabat edo zati batean ez gauzatzea eragin dezakeen edozein gorabehera.

g) Fakturak eta gastu-agiriak gordetzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea, gutxienez hamar urtez.

h) Kostuen kontabilitatea eramatea, jarduera ekonomikoa eta ez-ekonomikoa bereizita.

i) Jendartean zabaltzeko sortzen diren dokumentazio, kartel, propaganda edo argitalpenetan, Eusko Jaurlaritzaren logotipoa eta «Eusko Jaurlaritzak diruz lagundua» dioen esaldia agertu beharko dira. Entitate onuradunek bi hizkuntza ofizialak erabili beharko dituzte nahitaez diruz lagundutako jarduerak argitaratzean, iragartzean eta horiei buruzko publizitatea egitean.

j) Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzari laguntza ematea emandako laguntzen inguruan egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egitean; alde horretatik, eskatzen zaien informazio osagarri guztia eman beharko dute entitate onuradunek.

19. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Entitate onuradunak agindu honetan ezartzen den eskakizunen bat betetzen ez badu, edo Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan zehaztutako gainerako kasuetan, ezin izango du eskatu laguntza edo dirulaguntza ordaintzeko, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzuli beharko ditu, bai eta aplikatzekoak diren berandutze-interesak ere.

Horrez gain, diruz lagundutako jardueraren kostuaren gainetik eskuratutako soberakina itzuli beharko du, eta dagokion berandutze-interesa ordaindu, baldin eta beste laguntza edo dirulaguntza batzuekiko bateragarritasun-muga gainditzen bada. Aipatutako zenbatekoak zuzenbide publikoko diru-sarreratzat joko dira.

2.– Dirua itzultzeko prozedura izapidetzeko orduan, aintzat hartuko da Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikulua. Prozedura ebatzi, eta dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdutzat emango balitz, bidegabe jasotako zenbatekoak itzuli beharko ditu entitate onuradunak, gehi berandutze-interesa, hauei jarraikiz:

Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 23ko 20/2023 Legearen 36.1 artikuluan ezarritako kasuak.

Laguntzak ematen dituen organoak abiaraziko eta ebatziko du itzulketa-espedientea, bere ekimenez, goragoko agindu baten ondorioz, beste organo batzuek eskaera arrazoitu bat egin ondoren, salaketa baten ondorioz edota KEBek edo SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak egindako finantza-kontrolaren ondorioz, baldin eta proiektua amaitu baino lehen detektatzen badira espedientea abiaraztea eragin dezaketen inguruabarrak.

3.– Baldin eta dirulaguntza ematea onartzeko oinarritzat hartu zen aurrekontuko partidaren batean kontsignatutako zenbatekoen % 25eko beheranzko desbideratzea edo txikiagoa bada ez-betetzea, horrek ez du nahitaez ekarriko dirulaguntza osorik kobratzeko eskubidea galtzea, ez eta aurretik jasotako zenbatekoak itzultzea ere, betiere enpresak behar bezala arrazoitu eta justifikatu badio desbideratze hori organo kudeatzaileari, hots, Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzari, eta honako inguruabar hauek gertatzen badira:

– Egiaztatzea onuradunak jardun argi eta garbia izan duela bere konpromisoak osorik betetzeko.

– Ez zaiela kalterik eragin hirugarrenen eskubideei.

– Onuradunak behar bezala arrazoitu eta egiaztatu dituela desbideratze horren zergatiak.

Kasu horretan, emandako dirulaguntzatik egoki eta benetan justifikatutako zenbatekoa ordainduko zaio onuradunari, behin entitate emaileak justifikazioa egiaztatu eta onartu ostean.

4.– Ezarritako baldintzak partzialki betetzen badira, eta onuradunak argi eta garbi konpromisoak betetzeko jardun duela egiaztatzen bada, dirulaguntzaren zati bat ordainduko da, edo, hala badagokio, zati bat itzuliko da, eta egindako jarduera osoak guztizkoarekiko duen proportzioa kalkulatuko da. Nolanahi ere, onuradunak kobratzeko eskubidea duen zenbateko partziala onartutako dirulaguntzatik benetan eta behar bezala justifikatu den zenbatekoa izango da, justifikazioa egiaztatu eta entitate emaileak onartu ondoren.

Hori guztia, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36.3 artikuluarekin, zeinak adierazten baitu ezen, ez-betetze partziala gerta dadin, onuradunak nabarmen hurbildu behar duela erabateko betetzera, eta, gainera, egiaztatu behar duela jardun argi eta garbia izan duela bere konpromisoak osorik betetzeko.

20. artikulua.– Laguntzak aldatzea.

1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluaren arabera, dirulaguntza ematen duen organoak aukera izango du emandako dirulaguntza edo haren baldintzak aldatzeko, ofizioz edo entitate interesdunak hala eskatuta, betiere aipatutako artikuluan zehazten diren betekizunak betetzen badira; honako hauek hain zuzen ere:

a) Dirulaguntza aldatzea interesdunak eskatuz gero, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14.e) artikuluan adierazitako betebeharra betez jakinaraztea entitate onuradunak, jakin bezain laster eta, nolanahi ere, jasotako funtsen aplikazioa justifikatu baino lehen.

b) Zenbatekoa gehitu behar ez izatea.

c) Oinarri hauen xedeen artean egotea gauzatu den edo gauzatzekoa den jarduera edo jokabidea.

d) Onuradunaren borondateak zerikusirik ez izatea aldaketa justifikatzen duten inguruabarrekin.

e) Aldaketa dakarten elementu eta inguruabar berriak, hasierako dirulaguntza emateko unean gertatu izanez gero, dirulaguntza ez emateko arrazoi ez izatea, eta aldaketak ez eragitea hasieran onetsitako proiektua nabarmen aldatzea.

f) Hirugarrenen eskubideei kalterik ez egitea.

Emandako dirulaguntzaren zenbateko osoa edo zati bat jaso badu entitate onuradunak, eta aldaketaren ondorioz dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu behar bada, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeko 40. artikuluan agindutakoari jarraituko zaio.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala