
123. zk., 2025eko uztailaren 1a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (391 KB - 23 orri.)
- EPUB (617 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
2943
AGINDUA, 2025eko ekainaren 18koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuarena, zeinaren bidez azaroaren 9ko 232/2021 Dekretuan aurreikusitako laguntzen 2025erako deialdia egiten den; dekretu horren bidez, sindikatu- eta enpresa-erakundeei dirulaguntzak ematea arautzen da, beren jarduera-esparruei dagozkien gaietan erakunde horiekin lotutako pertsonen kualifikazioa hobetzeko prestakuntza-planak gara ditzaten.
Azaroaren 9ko 232/2021 Dekretuak (2021eko azaroaren 18ko 230. zenbakiko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratua) enpresa- eta sindikatu-erakundeei dirulaguntzak ematea arautzen du, beren jarduera-eremuei dagozkien gaietan erakunde horiekin lotutako pertsonen kualifikazioa hobetzeko prestakuntza-planak garatu ditzaten. Dekretu horren xedea da laguntza-neurriak berrestea eta finkatzea, sindikatuen berezko helburuen barruan prestakuntza-ekintzak egiteko. Laguntza-neurri horiek 1996an hasi zituen Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak; urriaren 29ko 244/1996 Dekretuan arautu ziren hasiera batean, eta, gero, uztailaren 29ko 191/2003 Dekretuan.
Egungo dekretuak finantzaketa publikoko sistema bat ezartzen du, enpresarien elkarteen eta erakunde sindikalen barne-prestakuntzarako programak indartzera, integratzera eta haien koherentzia sustatzera bideratua, baliabide egoki bihur daitezen haien koadro eta langileen kualifikazioa lortzeko, eta horrela egoera soziolaborala hobetzeko ekarpena egin dezaten.
Dirulaguntzen arau horrek indarraldi mugagabea du, baina ezartzen du lan-arloan eskumena duen saileko titularraren agindu baten bidez urtero egingo dela dekretu horretan aurreikusitako laguntzen deialdia.
Deialdian adierazi beharko dira eskabideak aurkezteko epea eta haiek finantzatzeko erabiliko den gehieneko zenbateko osoa, erakunde onuradunen bi kategorien artean banatuta. Era berean, ekitaldi bakoitzeko urteko deialdiaren aginduak baliabide ekonomikoen banaketa adierazi behar du, ehunekotan, bi erakunde-kategorien artean, eta balorazio-irizpide bakoitzaren baremoak eta gehieneko modulu ekonomikoak jasoko ditu. Gainera, laguntza horiek izapidetzeko bitarteko elektronikoak erabiltzeko zehaztapenak ezarriko dira. Zehaztapen horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri.
Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 5eko 323/2025 Dekretuaren 13.1 artikuluak Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzari esleitzen dio gizarte-eragileen giza baliabideen kualifikazioa sustatzeko eginkizuna, agente horiek gizartearen garapen ekonomikoari eta ongizateari egiten dioten ekarpena indartzen duten prestakuntza-planak bultzatuz sustatu ere.
Azaroaren 9ko 232/2021 Dekretuaren 6. artikuluak xedatzen du laguntza-programa honetara bideratutako urteko aurrekontua Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan ekitaldi bakoitzerako aurreikusitakoa izango dela.
Bestalde, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.6 artikuluak ezarritakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko ekitaldi bakoitzeko aurrekontu orokorrak indarrean jartzean, programen dirulaguntzak emateko arauak eguneratu edo berrikusiko dira edo, hala badagokio, oinarri arautzaileak ezarriko dira, eta indarraldi mugagabez arautu ziren laguntzen inguruko deialdia egingo da.
Euskal Autonomia Erkidegoko 2025. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 20ko 8/2024 Legean, «232/2001 Dekretua, 2025-2026 Enpresa-elkarteen eta erakunde sindikalen prestakuntza-planak» izeneko 2025/000124 kontu-saila kontsignatu da, programa honetan: 3112 Lana, 11 zerbitzua, Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritza, 452 azpikontzeptua, Irabazi-asmorik gabeko beste erakunde batzuei transferentziak eta dirulaguntzak. Dirulaguntzaren zenbatekoa, guztira: 809.306,00 euro.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 7. artikuluak ezartzen duenez, xedapen honen bidez deitutako dirulaguntzen lerroa, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren 2025-2028ko aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzen duen Jaurlaritzako Bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuaren Aginduan aurreikusita dago. Agindu hori digitalki sinatu zen, 2025eko otsailaren 14an, eta Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailari dagokion gunean argitaratu zen, www.euskadi.eus webgunean.
Hori guztia dela eta, eta azaroaren 9ko 232/2021 Dekretuaren 6.1 artikuluan jasotako gaikuntza baliatuz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdia.
Azaroaren 9ko 232/2021 Dekretuan aurreikusitako laguntzen deialdia egitea 2025erako, I. eranskinean jasotako eran. Dekretu horren bidez, sindikatu- eta enpresa-erakundeei dirulaguntzak ematea arautzen da, erakundearen jarduera eremuan bere kideen kualifikazioa hobetzeko prestakuntza-planak gara ditzaten.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Araudi aplikagarria.
Agindu honetan adierazitako dirulaguntzetarako, honako hauek ezarritakoa aplikatuko da: Azaroaren 9ko 232/2021 Dekretua, erakunde sindikal eta enpresarialei dirulaguntzak ematea arautzen duena, erakunde horiek osatzen dituzten pertsonen kualifikazioa beren jarduera-esparruetako gaietan hobetzera zuzendutako prestakuntza-planak gara ditzaten. 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko manuak (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak garatu du). Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, eta, horretarako, bi hilabete izango dira, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, hala xedatuta baitago Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 18a.
Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua,
MIGUEL TORRES LORENZO.
I. ERANSKINA
1. oinarria.– Xedea.
Agindu honen xedea da azaroaren 9ko 232/2021 Dekretuan aurreikusitako laguntzen 2025erako deialdia egitea. Dekretu horren bidez arautzen dira enpresa- eta sindikatu-erakundeentzako dirulaguntzak, beren jarduera-esparruei dagozkien gaietan erakunde horiekin lotutako pertsonen kualifikazioa hobetzeko prestakuntza-planak garatzeko.
2. oinarria.– Eskabideak aurkezteko epea.
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, eta agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da.
3. oinarria.– Baliabide ekonomikoak.
Deialdi honen xede den finantzaketara bideratutako baliabide ekonomikoak, 2025erako, 809.306,00 euro dira guztira, honela banakatuta:
• 566.514,00 euro 2025erako aurrekontu arruntaren kargura.
• 242.792,00 euro 2026. urterako konpromiso-aurrekontuaren kargura.
Gehieneko zenbateko hori erakunde onuradunen bi kategorien artean banatuko da, banaketa-formula honen arabera:
a) Enpresa-erakundeei gehieneko kopuru osoaren % 40 emango zaie, hau da, 323.722,40 euro.
b) Erakunde sindikalei gainerako % 60a emango zaie, hau da, 485.583,60 euro.
4. oinarria.– Prestakuntza-ekintzak hasteko eta amaitzeko epea.
Azaroaren 9ko 232/2021 Dekretuaren 4.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, dekretu honen arabera diruz lagunduko diren prestakuntza-planetan aurreikusitako prestakuntza-ekintza guztiak 2025. urtean hasi beharko dira, eta 2026ko martxoaren 30a baino lehen amaituta egon beharko dira.
5. oinarria.– Prestakuntza-planak baloratzeko irizpideen baremoak.
Azaroaren 9ko 232/2021 Dekretuaren 11. artikuluaren arabera, balorazio-irizpideen baremoak hauek izango dira:
1.– Dekretuaren helburuetara egokitzea: Prestakuntza-ekintza guztiak, diruz lagundu daitekeen taldea edozein dela ere, azaroaren 9ko 232/2021 Dekretuaren 2. artikuluan ezarritako helburuetara egokitzen diren baloratuko da. Horretarako, dekretura egokitutako ekintza gehien aurkezten duen erakundeari gehieneko puntuazioa emango zaio, 50 puntu. Gainerako erakundeei dekretura egokitutako ekintza kopuruaren araberako puntuazio proportzionala emango zaie, gehieneko puntuazioari dagokionez.
2.– Prestakuntza emateko gaitasuna (25 puntu, gehienez): balorazio-irizpide horretarako baremoak hauek izango dira:
a) I. talderako, entitate eskatzaileak prestakuntza emateko duen gaitasuna irizpide eta baremo hauen arabera baloratuko da:
– Prestakuntza-ekintzen lurralde-irismena. Gehienez ere 5 puntu, prestakuntza-ekintzak antolatzen diren lurralde historikoen kopuruaren arabera.
• Hiru lurralde historiko: 5 puntu.
• Bi lurralde historiko: 3 puntu.
• Lurralde historiko bat: puntu 1.
– Prestakuntza-planean sartutako I. taldeko jardueren hartzaile diren pertsonen kopurua. Gehienez 10 puntu, tarte hauen arabera:
• 801 pertsona baino gehiago: 10 puntu.
• 800-501 pertsona: 5 puntu.
• 500-301 artean: 3 puntu.
• 300-101 artean: 2 puntu.
• 101 baino gutxiago: puntu 1.
– Prestakuntza-ekintza bakoitzeko ordu kopurua. Gehienez, 10 puntu.
• Prestakuntza-ekintza guztien % 51k 6 ordu baino gehiago badituzte: 10 puntu.
• Prestakuntza-ekintza guztien % 51k 6 ordu baino gehiago ez badituzte: 5 puntu.
b) II. talderako, entitate eskatzaileak prestakuntza garatzeko duen gaitasuna irizpide eta baremo hauen arabera baloratuko da:
– Prestakuntza-ekintzen lurralde-irismena. Gehienez ere 2 puntu, prestakuntza-ekintzak antolatzen diren lurralde historikoen kopuruaren arabera.
• Hiru lurralde historiko: 2 puntu.
• Bi lurralde historiko: puntu 1.
• Lurralde historiko bat: 0,5 puntu.
– Prestakuntza-planean sartutako II. taldeko jardueren hartzaile diren pertsonen kopurua. Gehienez 10 puntu, tarte hauen arabera:
• 1.001 pertsona baino gehiago: 10 puntu.
• 1000-901 pertsona: 9 puntu.
• 900-801 artean: 8 puntu.
• 800-701 artean: 7 puntu.
• 700-601 artean: 6 puntu.
• 600-501 artean: 5 puntu.
• 500-401 artean: 4 puntu.
• 400-301 artean: 3 puntu.
• 300-201 artean: 2 puntu.
• 201 baino gutxiago: puntu 1.
– Prestakuntza-ekintza bakoitzeko ordu kopurua. Gehienez, 13 puntu.
• Prestakuntza-ekintza guztien % 75ek 15 ordu baino gehiago badituzte: 13 puntu.
• Prestakuntza-ekintza guztien % 50ek 15 ordu baino gehiago badituzte: 10 puntu.
• Prestakuntza-ekintza guztien % 25ek 15 ordu baino gehiago badituzte: 5 puntu.
3.– Esperientzia (25 puntu, gehienez): balorazio-irizpide horretarako baremoak hauek izango dira:
a) I., II. eta IV. taldeetarako, entitateek deialdiaren esparruan prestakuntza emateko orduan duten esperientzia egiaztatua irizpide eta baremo hauen arabera baloratuko da:
– Aurreko ekitaldian onartutako prestakuntza-planaren betearazpen-maila: 20 puntu gehienez. Tarte hauen arabera banatuko dira:
• Betearazpen-maila % 100ekoa bada: 20 puntu.
• % 90 eta % 100 artekoa bada: 15 puntu.
• % 75 eta % 90 artekoa bada: 10 puntu.
• % 50 eta % 75 artekoa bada: 5 puntu.
• % 50etik beherakoa bada: 0 puntu.
– Aurreko ekitaldian onartutako prestakuntza-planeko parte-hartzaileen amaitze-tasak. 5 puntu gehienez.
• Tasa % 75 eta % 100 artekoa bada: 5 puntu.
• Tasa % 50 eta % 75 artekoa bada: 2,5 puntu.
• % 50etik beherakoa bada: 0 puntu.
b) III. talderako, entitateen esperientzia egiaztatua aurreko ekitaldiko planaren betearazpen-mailaren arabera soilik baloratuko da; 25 puntu gehienez.
• Betearazpen-maila % 100ekoa bada: 25 puntu.
• % 90 eta % 100 artekoa bada: 19 puntu.
• % 75 eta % 90 artekoa bada: 13 puntu.
• % 50 eta % 75 artekoa bada: 6 puntu.
• % 50etik beherakoa bada: 0 puntu.
6. oinarria.– Gehieneko modulu ekonomikoak.
Prestakuntza finantzatzeko dirulaguntzak zehazteko eta justifikatzeko aplika daitezkeen gehieneko modulu ekonomikoak hauek izango dira, irakasteko modalitatearen eta diruz lagundu daitekeen taldearen arabera:
(Ikus .PDF)
I. taldean sartzen diren ekitaldi masiboen kasuan, baldin eta ekitaldi horiek lanaldi osokoak badira eta 2 jardunaldiko iraupena gainditzen ez badute, gehienez 2.400 euroko modulua izango da eguneko.
Jardunaldia osotzat hartuko da gutxienez 8 ordu irauten badu, eta gehieneko modulua proportzionalki murriztuko da benetako iraupeneko ordu kopurura.
7. oinarria.– Laguntzen izapidetze telematikoa.
1.– Laguntzak emateko deialdi honetako eskabide, errekerimendu, jakinarazpen, zuzenketa, justifikazio eta gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoz egingo dira.
2.– Eskabidea eskuratu eta betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikora jo beharko da; zehazki, helbide honetara: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1065408
3.– Agindu honetako espedienterako irispidea eta errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak, justifikazioak eta eskabidearen osteko gainerako kudeaketak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren «Nire Karpeta» atalaren bitartez egin beharko dira (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta).
4.– Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
5.– Eskabideak ordezkari baten bidez izapidetu ahalko dira elektronikoki. Horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
8. oinarria.– Eskabideak eta dokumentazioa aurkeztea.
1.– Eskabide-orria (II. eranskina), erantzukizunpeko adierazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dagoen inprimakian bete behar da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1065408
2.– Erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, inguruabar hauek egiaztatuko dira:
2.1.– Zer egoeratan dagoen (eskatuta, emanda edo izapidetzen) administrazio publiko honi edo beste batzuei edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuei prestakuntza-plan bererako edo haren edozein alderditarako eskatutako beste edozein laguntza edo dirulaguntza.
2.2.– Zer egoeratan dauden Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitako itzulketa- edo zehapen-prozedurak, izapidetzen ari direnak.
2.3.– Azaroaren 9ko 232/2021 Dekretuan eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean ezarritako betekizun eta baldintza guztiak betetzeko konpromisoa.
2.4.– Ez izatea Dirulaguntzen Lege Orokorraren 13 artikuluan xedatutako ezein inguruabarrik.
2.5.– LGTBI-fobia erakutsi, bultzatu edo sustatu ez izana, barnean dela bihurketa-terapiak sustatu edo egin ez izana.
2.6.– Berme erreala eratzeko konpromisoa, abenduaren 17ko 698/191 Dekretuaren 2.3 artikuluan ezarritako moduan.
3.– Eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztu behar dira:
• Prestakuntza-plana deskribatzen duen inprimaki normalizatua, dekretuaren 8.1.b) artikuluan eskatutako eran.
• Gastu-aurrekontua, agindu honen III. eranskinean argitaratutako formatuarekin.
Eredu horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1065408
4.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeko, administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko dira, hurrenez hurren zerga-organo eskudunek edo Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emandakoak. Espedientea kudeatzen duen organoak, elkarreragingarritasun-zerbitzuen bidez, zuzenean bilduko ditu dokumentu horiek. Hala ere, entitate eskatzaileak aurka egin ahal izango du; kasu horretan, ziurtagiri horiek aurkeztu beharko ditu.
5.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, entitate eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ogasuna eta Finantzak Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan inskribatuta egon behar du.
Entitatea erregistratuta ez badago, edo Ogasuna eta Finantzak Sailaren Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi baditu, elektronikoki izapidetu beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://euskadi.eus/hirugarrenak).
9. oinarria.– Datuak babesteari buruzko oinarrizko informazioa.
Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta honako izen hau duen tratamendu-jardueran sartuko dira: Prestakuntza-planetarako dirulaguntzak.
• Arduraduna: Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritza, Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila.
• Helburua: enpresa-elkarteentzako eta erakunde sindikalentzako dirulaguntzak izapidetzea eta kudeatzea, prestakuntza-planak gara ditzaten giza baliabideen kualifikazioa hobetzeko beren jarduera-esparruetako gaietan.
• Legitimazioa:
– Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean eginkizun bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak baliatuz bete beharreko eginkizun bat betetzeko.
– 19/1977 Legea, apirilaren 1ekoa, Sindikatuetan Elkartzeko Eskubidea Arautzeari buruzkoa.
– 11/1985 Lege Organikoa, abuztuaren 2koa, Sindikatu Askatasunari buruzkoa.
• Hartzaileak:
– Ez dago aurreikusita daturik jakinaraztea.
• Eskubideak: eskubidea duzu datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.
• Informazio gehigarria: gure webgune honetan kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza:
https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/122900-capa2-eu.shtml
• Araudia:
– Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra:
(eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).
– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestu eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).
10. oinarria.– Dirulaguntzen kudeaketa eta ebazpena.
1.– Ekonomia, Lan eta Enplegu Saileko Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzak kudeatu eta izapidetuko ditu eskaerak.
2.– Aurkeztutako eskabideak dagokien prozeduraren bidez izapidetuko dira, eta Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordeak ebatziko ditu, balorazio-batzordearen txostena jaso ondoren eta organo kudeatzaileak proposatuta.
11. oinarria.– Dirulaguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.
Dirulaguntzak honela ordainduko dira:
a) Lehenengo zatia, hau da, guztirako dirulaguntzaren % 70, dirulaguntza ematea erabakitzen denean.
b) Bigarren zatia, gainerako % 30a, diruz lagundutako prestakuntza-plana amaitu ondoren ordainduko da, hura amaitu eta bi hilabeteko epean azken memoria bat aurkeztu ondoren. Memoria horretan, azaroaren 9ko 232/2021 Dekretuaren 15.1 artikuluan aipatutako dokumentazioa jaso behar da.
12. oinarria.– Entitate onuraduna izateko betekizunak.
Entitate eskatzaileek, onuradun izango badira, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean ezarritakoa bete behar dute, azaroaren 9ko 232/2021 Dekretuan ezarritako betekizunez gain (dekretu horren bidez, sindikatu- eta enpresa-erakundeei dirulaguntzak ematea arautzen da, erakunde horiekin lotuta dauden pertsonen kualifikazioa hobetzeko prestakuntza-planak egin ditzaten beren jarduera-esparruetako gaietan).
Era berean, ezingo dira onuradun izan Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan eta otsailaren 28ko Transexualen berdintasun erreal eta eraginkorreko eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko 4/2023 Legeko 82. artikuluan adierazitako egoeretan aurkitzen diren eskatzaileak.
13. oinarria.– Entitate onuradunen betebeharrak.
Laguntzaren entitate onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetako betebeharrak bete beharko dituzte, indarrean dagoen araudiaren arabera eska daitezkeen gainerako betebeharrekin batera, azaroaren 9ko 232/2021 Dekretuan ezarritako betebeharrez gain (dekretu horren bidez, sindikatu- eta enpresa-erakundeei dirulaguntzak ematea arautzen da, erakunde horiekin lotuta dauden pertsonen kualifikazioa hobetzeko prestakuntza-planak egin ditzaten beren jarduera-esparruetako gaietan).
14. oinarria.– Laguntzak itzultzeko arrazoiak eta prozedura.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen III. tituluaren 36. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera arautuko dira bidegabeki jasotako laguntzak itzultzeko arrazoiak eta itzultzeko prozedura.
RSS