Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

122. zk., 2025eko ekainaren 30a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
2931

AGINDUA, 2025eko ekainaren 17koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez bizialdi osoko ikaskuntzari lotutako jarduerak egiteko laguntzak arautzen dituen uztailaren 23ko 118/2019 Dekretuan aurreikusitako laguntzen 2025erako deialdia egiten baita.

Bizialdi osoko ikaskuntzari lotutako jarduerak egiteko laguntzak arautzen dituen uztailaren 23ko 118/2019 Dekretuan, ezagutzaren edozer eremutan bizialdi osoko ikaskuntzarekin lotutako ikaskuntza-ekintzak egin daitezela sustatzeko laguntzak arautu dira.

Era berean, Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legeko 4. artikuluan aurreikusitako xedeak betetzen lagunduko dute agindu honetako laguntzek.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean ezarritakoaren arabera ebatziko da deialdi hau.

Deialdi hau Hezkuntza Sailaren 2025. urterako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dago, zeina Hezkuntzako sailburuaren Aginduak onartu zuen eta Hezkuntza Sailaren https://www.euskadi.eus webgunean argitaratuta dagoen.

Kontuan izanik diruz lagun daitezkeen jardueretatik indarraldi zehaztugabea nahiz aldi baterako indarraldia izango dutenak arautu direla uztailaren 23ko 118/2019 Dekretuan, eta dekretu horretako 10 artikuluko 2. apartatuan xedatutakoa betetze aldera, hots, publikotasun-printzipioa betetze aldera, egoki den deialdia egingo du Hezkuntza Sailak. Hortaz, agindu hau eman eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharra dago.

Hori guztia dela eta, hauxe

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Bizialdi osoko ikaskuntzari lotutako jarduerak egiteko laguntzak arautzen dituen uztailaren 23ko 118/2019 Dekretuan aurreikusitako laguntzen 2025erako deialdia egitea eta erantsitako oinarri arautzaileak onartzea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean Euskal Herriko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, eta, horretarako, bi hilabete izango dira, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita, hala xedatuta baitago Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 17a.

Hezkuntzako sailburua,

MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.

OINARRI ARAUTZAILEAK
I. KAPITULUA
OINARRI OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da bizialdi osoko ikaskuntzari lotutako jarduerak egiteko laguntzak arautzen dituen uztailaren 23ko 118/2019 Dekretuan aurreikusitako laguntzen 2025erako deialdia egitea.

II. KAPITULUA
ESKABIDEAK ETA EMATE-PROZEDURA

2. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

Eskaerak aurkezteko epea hilabete izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Diruz laguntzekoak diren jarduerak 2025eko irailaren 1etik 2026ko uztailaren 31ra bitartean gauzatu ahal izango dira.

3. artikulua.– Izapideak modu elektronikoan egitea.

1.– Erakunde eskatzaileek laguntza-deialdi honetan eskatzen diren izapide guztiak telematikoki egin beharko dituzte, eta behar den dokumentazioa aurkeztu beharko dute xede horretarako eskuragarri dituzten txantiloiak erabiliz.

Eskaera izapidetzeko jarraibideak eskuragarri dituen administrazio-prozeduraren informazio-fitxa, eskaeraren inprimakira sartzeko erabiltzen dena eta erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak dituena, helbide honetan eskura daiteke:

https://www.euskadi.eus/servicios/0051213

2.– Eskabidearen ondorengo izapideak –jakinarazpenak eta justifikazioak barne– bide elektronikoz egingo dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» erabiliz:

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartuta dauden identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide elektroniko honetan daude eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaria Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/ordezkariak

4.– Erakundeek euskaraz nahiz gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta dokumentuak. Halaber, prozedura osoan zehar, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutako moduan.

Eskaerak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

4. artikulua.– Ebaluatzeko irizpideak.

118/2019 Dekretuaren 14. artikuluan xedatutako irizpideak betez ebaluatuko dira eskaerak, deialdi honetako II. eta III. eranskinetako eskemak oinarri hartuta.

Horretarako, uztailaren 23ko 118/2019 Dekretuaren 11. artikuluak xedatzen duen moduan, dirulaguntzaren eskaerarekin batera, proiektuan egingo diren ekintza guztien deskribapen-memoria aurkeztu beharko da, beste dokumentazio batzuen artean. Memoria horrek IV. eta V. eranskinetan jarduera mota bakoitzerako zehaztutako inprimaki normalizatuan ezarritako eskemari jarraitu beharko dio. Formulario horiek euskadi.eus egoitza elektronikoan deskargatu daitezke (betetzeko PDF formatuan).

Ez da onartuko memoria horretako puntuen azalpen-eranskinak orokorrean erabiliz egindako deskribapen-memoriarik aurkeztea.

5. artikulua.– Ebaluazio-batzordea.

Agindu hau arautzen duen dekretuaren 15. dekretuak xedatzen duenez, Ebaluazio-batzordea kide hauek osatuko dute:

– Ikaskuntza Berezien zuzendaria, Isabel Mendiguren Laca.

– Ikaskuntza Berezien Zuzendaritzako teknikari bat, zuzendariak berariaz izendatutakoa, idazkari gisa jardungo duena, eta hitza eta botoa izango dituena.

– Lurralde ordezkaritza bakoitzeko teknikari bana:

– Araba: Julen San Vicente Martinez.

– Bizkaia: Leire Gisasola Atxabal.

– Gipuzkoa: Juan Ignacio Larrañaga Hernandez.

Balorazio-batzordea osatzen duten pertsonak ezin izango dira interes-gatazkako egoeran egon beren balorazioa egitean, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 8.5 artikuluan ezarritakoa betez. Artikulu horren arabera, dirulaguntzen prozeduretan beharrezko neurriak hartu behar dira, eskaeren balorazioan edo prozedura horien ebazpenean parte hartzen duten pertsona guztien interes-gatazkako egoerak saihesteko.

6. artikulua.– Finantzaketa.

1.– 930.000,00 euro erabiliko dira deialdi hau finantzatzeko, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituen arabera.

2.– Hona hemen jarduera-mota bakoitzarentzat erabilgarri egongo diren gehieneko zenbatekoak:

a) Prestakuntza-jarduera espezifikoak: 180.000,00 euro.

b) Ikaskuntzako bitartekaritza-zerbitzuak: 750.000,00 euro.

7. artikulua.– Dirulaguntza jaso dezaketen gastuak.

Deialdi honen funtsen kargura honako gastu hauek finantzatu ahal izango dira: proiektuan zuzenean parte hartzen duten eta diruz lagundutako jarduera garatzeko ezinbestekoak diren langileen gastuak eta diruz lagundutako jarduera garatzearen ondorioz zuzenean sortutako funtzionamendu-gastuak.

Finantzatu daitezkeen gastu guztien % 10 izan daitezke, gehienez ere, funtzionamendu arrunteko gastu; besteak beste: proiektuaren zuzendaritza-, koordinazio-, kudeaketa- eta administrazio-gastuak; komunikazio-gastuak; ura; argia eta lokalen alokairua edo amortizazioa.

8. artikulua.– Laguntzaren zenbatekoa.

Hona hemen jarduera-mota bakoitzarentzako gehieneko zenbatekoak:

a) Prestakuntza-jarduera espezifikoak: plaza eta prestakuntza-ordu bakoitzeko 7 euro gehienez; 18.000,00 euro gehienez erakunde bakoitzeko.

Ezingo dira diruz lagundu herritarrak digitalki gaitzeko prestakuntza-jarduera espezifikoak.

b) Ikaskuntzako bitartekaritza-zerbitzuak: 39.000,00 euro, gehienez ere, bitartekaritza-zerbitzuari egozten zaion eta lanaldi osoz aritzen den bitartekari bakoitzeko, zerbitzua eman den 12 hilabeteko. Bitartekaritza-zerbitzua gutxienez 100.000 biztanleko udalerri batean edo gutxienez 60.000 biztanleko eskualde batean ematen bada, lanaldi osoz arituko den bitartekari bat egotziko da. Bitartekaritza-zerbitzua 12 hilabete baino gutxiagoko epean gauzatzen bada, gehieneko zenbatekoa hainbanatu egingo da.

III. KAPITULUA
ONURADUNEN BETEBEHARRAK, JARRAIPENA, EBALUAZIOA, ORDAINKETA ETA ZIURTATZEA

9. artikulua.– Dirulaguntzak justifikatzea eta ordaintzea.

1.– 118/2019 Dekretuaren 18.1 artikuluak xedatzen duenaren arabera, aurreikusitako jarduerak egiteko emandako dirulaguntzak bi zatitan ordainduko dira:

Lehenengo ordainketa, erakunde onuradunak dirulaguntza onartutakoan, emandako dirulaguntza osoaren % 45.

Bigarren ordainketa, gainerako % 55arena, 118/2019 Dekretuaren 18.1.b) artikuluan aipatutako dokumentazioa jaso ondoren. Dokumentazio horrek VI. eta VII. eranskinetan jarduera mota bakoitzerako (amaierako memoria) eta VIII. eranskinean (memoria ekonomikoa) zehaztutako inprimaki normalizatuan ezarritako eskemari jarraitu beharko dio. Inprimaki hauek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuratu ahal izango da, helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/servicios/0051213

Dokumentazio hau aurkezteko gehieneko epea bi hilabetekoa da, ebazpenean jasotako ekintza guztiak amaitu ondoren.

Bigarren ordainketaren % 50en zenbateko baliokidea –gehienez ere– kontura ordaindu ahal izango da, 118/2019 Dekretuaren 18.2 artikuluan ezarritako baldintzen arabera.

2.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzako dagokion datu-basean egon behar du entitate onuradunak.

Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak eskuragarri jarritako hirugarrenen erregistro telematikora jo beharko da, helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/.

10. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.

1.– Dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, hala egokituz gero, jasotako zenbatekoa gehi dagokion interesa Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaio hauetako bat gertatuz gero:

a) Ikastetxe onuradunak aurkeztutako azken memoriatik ondorioztatzea jarduerak ez dituela lortu diruz lagundutako proiektuan aintzat hartutako gutxieneko helburuak.

b) Ez betetzea agindu honetan xedatutako edozein betebehar, betekizun edo baldintza.

c) Ez betetzea Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontuen konturako dirulaguntzen onuradunen edozein betebehar. Betebehar horiek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorraren 14. eta 33. artikuluetan jasota daude.

d) Aldi berean erakunde publiko edo pribatuen beste edozein dirulaguntza jaso izana.

2.– Jasotako zenbatekoen itzulketa eta berandutze-interesen eskaera Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan xedatutakoaren araberakoa izango da.

11. artikulua.– Laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste instituzio publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada.

Onuradunak laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabideren bat –publikoa edo pribatua– jasoz gero agindu honen bidez finantzatutako proiektuaren garapenean, Ikaskuntza Berezien Zuzendaritzari eman beharko dio horren berri. Gainfinantzaketarik gertatuz gero, hasierako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztuko da, eta horrek Lanbide Heziketako sailburuordearen aginduaren ebazpena aldaraziko du.

12. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko dira: Laguntzak eta dirulaguntzak entitate laguntzaileetarako eta lanbide heziketako ikastetxeetarako.

Arduraduna: Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

Xedea: laguntza ekonomikoen eskaerak izapidetzea, parte-hartzaileak edo interesdunak identifikatuta. Erakunde laguntzaileetarako dirulaguntzak.

Legitimazioa:

1.– Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean egin behar den eginkizun bat betetzeko.

2.– Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean egin behar den eginkizun bat betetzeko.

Hartzaileak:

1.– Europar Batasuneko organoak.

2.– Estatuko Administrazioko beste organo batzuk.

3.– Autonomia-erkidegoko beste organo batzuk.

4.– Europako Batzordea.

Eskubideak: eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk baliatzeko ere (www.euskadi.eus/zerbitzuak/10842/).

Informazio osagarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu datu-babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza.

(www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/039900-capa2-eu.shtml).

Araudia:

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra.

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta eskubide digitalak bermatzekoa.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala