
121. zk., 2025eko ekainaren 27a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (208 KB - 11 orri.)
- EPUB (133 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
2886
EBAZPENA, 2025eko maiatzaren 30ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Donostiako «IN.01 Marrutxipi» HEko G.00/IN 101 Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen duena.
AURREKARIAK
2025eko otsailaren 24an, Donostiako Udalak, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren aurrean, Donostiako «IN.01 Marrutxipi» HEko G.00/IN 101 Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ebaluazio estrategiko sinplifikatua hasteko eskabidea osatu zuen. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, zeinak Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia baitzuen.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2025eko apirilaren 3an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.
Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluarekin.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.
Plana abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Plana Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.B eranskinaren 1. apartatuan jasotako kasuetarik bat da (udal-mailan eremu txikien erabilera ezartzen duten II.A eranskineko [ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta bete behar duten planei buruzkoa] planak eta programak).
Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan arautzen da, II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera. Txosten honetan, planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertzen da eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren plana gauzatu eta ingurumena behar bezala babesteko.
Kontuan hartu dira: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 211/2012 Dekretua, urriaren 16koa, Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duena; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Donostiako «IN.01 Marrutxipi» G.00/IN 101 HEri dagokion Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, honela:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Planaren xedea da Dbus – Donostiako Tranbia Konpainiaren «g.002 ekipamendu komunitarioa» lurzatia handiagotzea, BEA (bus elektriko adimenduna) linea berri bat garatu eta ustiatzeko ezinbestekoak diren instalazio batzuk barne hartu ahal izan ditzan. Plan horren eremua «IN.01 Marrutxipi» hirigintza-eremuko G.00/IN.101 erabilera orokorreko esparrua da, han baitaude Donostiako Tranbia Konpainiaren kotxetegiak. Dbusen lurzatia handitzea f.10-b Espazio libreak kalifikazioa duten lurzoruen kontura egingo da, eta, horretarako, beharrezkoa da 2017ko Hiri Antolamendurako Plan Berezian ezarritako zonifikazio xehatua aldatzea.
Eremuak 26.372 m2-ko azalera du (eremua berriro zedarritu da, Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren eta udal-kartografiaren arabera), forma angeluzuzena du nabariki, eta muga hauek ditu: iparraldean, Zubiaurre pasealekua; hegoaldean eta ekialdean, Mons pasealekua; eta, mendebaldean, Fernando Sasiain kalea. Topografiaren ikuspuntutik, eremuak beheranzko malda du hegoaldetik iparralderako noranzkoan. Garraio-sareari dagokionez, eremutik 15 m iparraldera, gutxi gorabehera, Madril-Irun trenbidea dago; eta eremutik 40 m hegoaldera, GI-20 errepidea. 2017an antolatu zen eremuaren azalera handiagoa zen, 26.554 m2-koa.
Eremu osoa lurzoru publikoa da, eta baditu behar bezala funtzionatzeko beharrezkoak diren azpiegitura-sareak. Eremuaren iparraldea hiri-parkea izango da etorkizunean; eta Dbusen kotxetegiak daude haren hegoaldean.
Dbusen kotxetegien lurzatia, bestalde, bi esparrutan banatzen da. Hegoaldean, administrazio-zerbitzuetarako eraikin bat eta garajerako eta autobus-tailerrerako beste eraikin bat daude; eraikin horrek garaje gisa erabiltzen den sotoko solairu bat, tailer gisa erabiltzen den behe-solairu bat eta autobusak aparkatzeko erabiltzen den teilatu lau bat ditu. Lurzatiak barneko bide bat du, autobusak solairu artean mugitu ahal izateko. Dbusen kotxetegien lurzatiaren iparraldea (hau da, planaren esparruaren erdialdea), autobusen aparkalekurako erabiltzen den zabalgune bat da gaur egun.
Dbusen lurzatia handiagotu egingo da 13 bat metroko zabalerako lur-zerrenda txiki bat gehituta; lur-zerrenda hori, gaur egungo lurzatiaren mugaren eta Mons pasealekua eta Fernando Sasiain kalea lotzen dituen zeharbidearen artean dago. 784 m2 inguruko azaleran handiagotzen da Dbusen lurzatia.
Kanpoko zabalgunean jarri nahi den BEAen (bus elektriko adimenduna) flotarako behar den energia bermatzeko, honako elementu hauek gehitu beharko dira eremu handiagotu berrian:
– Sekzionamendu- eta transformazio-zentro bat, goi-tentsioko hargune elektriko berria behe-tentsioko bihurtuko duena, eta autobus berriak energiaz hornituko dituzten kargagailu elektrikoak elikatuko dituena.
– Ekipo elektrogeno bat, sare elektrikoaren hornidurak huts eginez gero kargagailuak elikatuko direla bermatuko duena.
– Ur-hornidurako sistema bat, suterik gertatuz gero hornidura bermatuko duena eta udaleko hornidura-saretik aparte funtzionatuko duena. Horretarako, ura metatzeko bi depositu jarri beharko dira, baita ponpaketa-ekipo bat ere (ponpa elektriko bat + diesel-ponpa bat + jockey-ponpa bat), sua itzaltzeko elementuetara (suteetako ur-hargune hornituetara eta ihinztagailuetara) presio eta emari egokiarekin ura helaraziko duena aparkalekuan.
Eremu handiagotuak barne-konexio bat izango du Dbusen lurzatiaren gainerakoarekin, instalazioen mantentze- eta ikuskapen-lanak lurzatiaren barrutik egin ahal izateko. Sekzionamendu-zentroak espaloi publikotik sarbidea eduki beharko du nahitaez.
Bestalde, arestian aipatu den bezala, BEAk egongo diren kanpoko zabalgunea estaltzeko asmoa du Dbusek, ekipoak, instalazioak eta ibilgailuak babesteko, estalki baten bitartez. Dbus eta Donostiako Udala elkarlanean ari dira behin betiko eraikuntza-proiektua diseinatzen, inguruan ahalik eta integraziorik onena lortu ahal izateko. Xehetasun-azterketa bat izapidetzen ari dira, autobus elektrikoak kargatzeko panel fotovoltaikoak jarriko diren estalkia zabalgune horretan egiteko. Xehetasun-azterlana onetsi eta gero, hau da, plan hau indarrean jarri aurretik, hasiko dira kanpoko zabalgunea estaltzeko obrak.
Hori dela eta, plan honek estalkiaren zehaztapenak aintzat hartu beharko ditu eta Dbusen lurzatiaren eraikigarritasuna handiagotuko egingo du, etorkizunean estalki hori eraikin bihurtu ahal izatea zilegitzeko. Horrek esan nahi du eraikigarritasuna 4.450 m2 handiagotuko dela.
Plan horrek antolamenduan eginarazten dituen aldaketen ondorioz, «IN.01 Marrutxipi» eremuaren zonifikazio xehatua honela geratuko da:
(Ikus .PDF)
Plana garatzeko, instalazioen proiektua gauzatuko da, eta, etorkizunean lurzatiaren itxitura handiagotu eta eraikin bihurtzen bada, horretarako eraikuntza-proiektua eta -obrak egingo dira.
Aztertutako alternatibak:
Ingurumen-dokumentuak hainbat aukera hartzen ditu aintzat, Dbusen lurzatia ez handiagotzea ekarriko lukeen 0. alternatiba edo «esku ez hartzekoaz» gain.
1. alternatiban, instalazioak zabalgunearen iparraldean jartzea proposatzen da, «IN.01 Marrutxipi» eremuaren erdialdean. Sekzionamendu-zentroa ezpondaren alde horizontalean kokatuko litzateke, Mons pasealekuaren izkinan. Ekipo elektrogenoa haren jarraian kokatu behar da, transformazio-zentroan dagoen koadroa hornitu behar baitu energiaz, sare elektrikoaren hornidura nagusiak huts egiten badu. Bi ur-deposituen uraskak instalazio horien segidan jarriko lirateke, hau da, Mons pasealekuaren eta Fernando Sasiain kalearen arteko ezpondaren alde horizontalean, guztiak espazio berberean kokatu ahal izateko moduan.
Ingurumen-dokumentu estrategikoan jasotako gainerako alternatibek proposatzen dute azpiegitura horiek beste kokaleku batzuetan jartzea; adibidez, zabalgunearen eremuan dagoen aparkalekuaren barnean, kotxetegien eraikin nagusian edo eraikin nagusiaren teilatu lauan.
0. alternatiba baztertu egin da, eragotzi egiten duelako autobus-flota eraberritu eta % 100ean elektrikoa izateko behar diren instalazioak ezartzea. Azpiegiturak zabalguneko aparkalekuan, kotxetegien eraikinean eta eraikin nagusiaren teilatu lauan kokatzeko aukerak baztertu egiten dira, eremuan lekua behar delako, kanpoko zabalgunetik urruti geratzen direlako eta eraikinaren teilatu lauak ez lituzkeelako instalazioen zamak jasango.
Ingurumen-dokumentuak adierazten du alternatiben ingurumen-eragina nahikoa mugatua dela, eta taula bat aurkezten du, 0. eta 1. alternatibek ingurumenean izan ditzaketen eraginak konparatuz. 1. alternatiba hobetsi da, hura baita aukera bakarra instalazio berriak kokatu ahal izateko eta, bide batez, 2030erako autobus-flota % 100ean elektrikoa izateko konpromisoaren helburuak eta eginbeharrak betetzeko.
B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:
a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: kontuan hartuta kokapena, eragindako eremuaren ingurumen-ezaugarriak eta proposatutako garapenaren garrantzia, ez dago zertan plana ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren mende jarri, berezitasunik ez duela uste da eta.
b) Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenak barne: planak aldatu egiten du indarrean dagoen Hiri Antolamenduko Plan Berezia, «f.10-b Espazio librea» kalifikatutako lurzoru publikoaren kontura «g.002 Ekipamendu komunitarioa» eremua handiagotuz. Planak, bere ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da hauteman bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.
c) Plana egokia ote den ingurumen-arloan kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko, garapen jasangarria sustatzeko, bereziki: iritzi zaio plana egokia dela garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko; hain zuzen ere, erregai fosilen kontsumoa murrizteko eta energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak sar daitezke planean.
d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere planaren eraginpeko eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak lurzoruei, urei, zaratari, hondakinei eta isurketei, segurtasunari, osasunari eta ingurumenari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira.
e) Era berean, plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.
2.– Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak:
Planak 26.372 m2-ko azalera duen Donostiako Sistema Orokorretako Ekipamenduen lurzoru-eremu bat antolatzen du, hegoaldetik iparralderako noranzkoan beheranzko malda duena. Litologiari dagokionez, hauek txandakatzen dira: pitzadura bidezko iragazkortasun ertaina duten tuparriak eta kareharri hareatsuak, pitzadura bidezko iragazkortasun txikia duten tuparriak eta kareharri tupatsuak, eta porositate bidezko iragazkortasun ertaina duten alubioi-metakinak. Akuiferoak kutsatzeko kalteberatasuna, gehienbat, oso txikia da eremu horretan, eta txikia eremuaren iparraldean. Planaren xede diren lurzoruak ez daude antolatuta Nekazaritza eta Abeltzaintzako LPSan.
Eremua «Urumearen unitate hidrologikoan (UH)» dago, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoan (ES017). Zehazki, Urumearen trantsizio-drainatzearen ur-masaren isurtze-arroan dago. Eremuan ez dago ur-ibilgurik, eta gertuen dagoen ibilgua, Urumea trantsizioa ibaia, 500 m-ra baino gehiagora dago hego-mendebalderantz. Eremuak ez du barne hartzen Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroko elementurik. Ikuspuntu hidrogeologikotik, eremua «Zumaia-Irun» lurpeko ur-masaren (ES017MSBTES111S000015) gainean kokatuta dago. Eremuaren iparraldea hidrogeologia-intereseko gune batean dago.
Eremuan ez da hautematen ingurumen-balio nabarmenik. Ez du ukitzen Natura 2000 sareko naturagune babesturik, ezta inbentarioan sartutako beste gune babestu edo natura-interesekorik ere. Halaber, ez dauka ezein inbentario edo katalogotan jasotako paisaia-baliorik, eta ez du ukitzen EAEko Geologia Intereseko Lekuen Inbentarioan jasotako geologia-intereseko lekurik, ez eta EAEko korridore ekologikoen sareko elementurik ere. Eremuan ez da hauteman espezie mehatxaturik, ezta Batasunaren intereseko habitatik ere.
Eunis (geoEuskadi) habitaten kartografiaren arabera, eremua dentsitate handiko herri eta hirietako eraikuntzen gainean dago. Ingurumen-dokumentuaren arabera, lurzatiaren iparraldean interes eskaseko landaredia dago, eta erdialdean, azpiegiturak kokatuko diren tokian, lorategi bat, landatu berriak diren zenbait zuhaitz-alerekin.
Ez planaren eremuan, ez haren ingurune hurbilean, ez da identifikatu fauna mehatxaturik edo Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoak kudeatzeko plan onartuen xede den espezierik. Ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, eremuko hirigintza-presio ikaragarriak neurrigabe baldintzatzen du bertan fauna-espezieak egotea.
Planaren xede diren lurzatietan ez dago eraikitako kultura-ondareko elementu babesturik, ez eta arkeologikorik ere.
Planaren eremua Donostiako Udalak 2017an «Urumea» Babes Akustiko Bereziko Eremu deklaratutako zonaren parte da. Ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, Urumea babes akustiko bereziko eremu deklaratzeko dokumentuak ez du gatazkarik identifikatzen plan honen xede den eremuan, eta, ondorioz, eremu hori errepideen eta trenbideen eragina murrizteko proposatutako zuzenketa-neurrietatik kanpo geratzen da.
Ingurumen-dokumentu estrategikoan, eremuaren egungo eta etorkizuneko egoeraren inpaktu akustikoari buruzko azterketa bat jasotzen da, Audiotecek egina 2025eko urtarrilean. Azterketa horretan ondorioztatzen da eremua garraio-azpiegituren edo beste ekipamendu publiko batzuen sistema orokor motakoa dela; beraz, ez da beharrezkoa kalitate akustikoko helburu jakin batzuk betetzea, eta ez da beharrezkoa prebentzio- edo zuzenketa-neurririk hartzea. Planak ez du aurreikusten trenbide-ardatzetik 75 m-ra baino gutxiagora dagoen eremuan eraikinak eraikitzerik.
Ingurumen-arriskuei dagokienez, eremuak bi kode-lurzati ditu, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen inbentarioan sartuta daudenak, 20069-00112 (972 m2, industriala), eta 20069-00809 (27.218 m2, zabortegia), iparralderago, kodeak dituztenak.
Bestalde, eremuaren iparraldea salgai arriskutsuen garraioan istripuak izateko arrisku ertaina duen tren-trazatu baten 100 m-ko afekzio-bandaren barruan dago, eta eremuaren gainerakoa, berriz, 200 eta 600 metroko afekzio-banden barruan. Era berean, eremua salgai arriskutsuen garraioan istripuak gertatzeko arrisku handia duen errepide baten 100, 200 eta 600 metroko banden barruan dago.
Beste arrisku batzuei dagokienez, ez da identifikatu sismikotasunak, uholdeek, baso-suteek, akuiferoen kalteberatasunak edo SEVESO enpresak gertu egoteak eragindako arrisku handirik. Lurzatiaren hegoaldeko zatiak muturreko higadura-prozesuak ditu, RUSLE (Revied Universal Soil Loss Equation) ereduaren arabera, nahiz eta lurzatiaren gehientsuenak ezin duen higadura-prozesurik pairatu.
Aurrekoa kontuan izanik, plana garatzeak ekar ditzakeen ondorioak instalazio berriak eraikitzeko lanei lotuta daude; horren ondorioz, lurzorua okupatuko da, lurrak mugituko dira, landaredia kenduko da, materialak garraiatuko dira, materialak eta hondakinak aldi baterako metatuko dira, eraikuntza- eta eraispen-hondakinak erretiratu beharko dira, urbanizazioa berrezarriko da, istripuz isurketak gertatu ahalko dira, ibilgailuen zirkulazioa areagotuko da, ura eta energia kontsumituko da, emisio atmosferiko eta akustikoek herritarrei eragozpenak sortuko zaizkie eta abar. Hori guztia hiri-eremu batean izango da. Eremuan kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak egoteari dagokionez, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoa beteko da.
Ustiapen-faseari dagokionez, landarediaren kasuan, kaltetutako zuhaitzak berrezartzea eta landare-pantailak jartzea aurreikusi da. Gainera, eraikuntza-elementu berriaren ondoriozko paisaia-aldaketa txikia izango da. Atmosferaren kutsaduraren kasuan, uste da ustiapen-fasean ez duela okerrera egingo ibilgailuen joan-etorrien ondorioz, baina ez dira aipatzen instalatu nahi diren ekipoen (ekipo elektrogenoa, ponpaketa-ekipoa) funtzionamenduaren ondorioz sor daitezkeen emisioak. Planari lotutako azterketa akustikoan aintzat hartutako soinu-fokuak garraio-azpiegiturek eragindakoak dira, bai gaur egungo eredurako, bai etorkizunekorako, eta ez da gatazkarik hautematen planaren xede den eremuan.
Indarrean dagoen legeria eta, bereziki, zaratari eta airearen kutsadurari, urei, lurzoruei, hondakinei eta isurketei buruzkoak betetzen badira, afekzioak txikiak izango dira, eta, oro har, aldi baterakoak, itzulgarriak eta lehengoratzeko modukoak.
Kontuan harturik aurreko guztia, eremuaren gaur egungo egoera, planak indarrean den plangintzarekiko proposatzen dituen aldaketen ondoriozko jarduketak, eta, orobat, aplikaturik prebentzio, babes- eta zuzenketa-neurriak, ez da espero jarduketa horiek inpaktu nabarmenik sortuko dutenik ingurumenean.
Hori dela eta, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen zuzenketa- neurriak eta jasangarritasunaren aldekoak aplikatuta, eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak ere aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean inpaktu adierazgarririk izango dutenik, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean ezarritakoari jarraikiz, baldin eta eragin-eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduketak gauzatzen badira, besteak beste, ur, zarata, hondakin eta isurketa, segurtasun, osasun eta ingurumenaren arloetako indarreko araudia betez.
3.– Ebazpen honetan, babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan, eta Donostiako «IN.01 Marrutxipi» HEko G.00/IN 101 Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar ez izateko, betiere ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dagoen araudiaren arabera eta ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpenean adierazitakoaren arabera gauzatuko dira, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan jasotakoaren arabera.
Beraz, planak zehaztapen hauek jaso beharko ditu, besteak beste:
Eremuko kalitate akustikoa babesteko neurriak:
Kontuan hartuko da, bat etorrita Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluarekin, etorkizunean ezingo dela hirigintza-garapenik gauzatu kanpoko giroan kalitate akustikoaren helburuak (KAH) betetzen ez diren guneetan, hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa.
Aipatutako 213/2012 Dekretuak, I. eranskineko 1. zatian (A taula), f) motako eremu akustikorako («Garraio-azpiegiturako sistema orokorrek edo haiek behar dituzten beste ekipamendu publiko batzuek eragindako lurralde-esparru edo -sektoreak») kalitate akustikoko helburu hauek ezartzen ditu: beren eremuaren mugan, mugakide dituen eremuen zonifikazio motari dagozkionak.
Urumea babes akustiko bereziko eremuko Zonakako Planean ezarritako neurriak ezertan eragotzi gabe, plan honetan, zehazki, ziurtatu beharko da eremuaren mugan kalitate akustikoko helburu horiek bete egiten direla. Hala ez bada, zuzenketa-neurriak ezarri beharko dira urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren III. tituluko II. kapituluan xedatzen duenari jarraikiz. Neurri horietan, 213/2012 Dekretuaren 40. artikuluaren arabera, honako hau zehaztu beharko da:
– Neurri espezifikoak, teknikoki eta ekonomikoki proportzionalak, gauzatze-epeak eta -arduraduna, kalitate akustikoko helburuak (KAH) lortzeko, lehenik eta behin, eremu akustikoen kanpoaldea babestera bideratuak –altuera guztietan sentikorrak diren eraikinetako leihodun fatxada guztietan, bai eta lurretik 2 metroko altuerara kanpoaldean ere, eraiki gabeko eremuetan–.
Kanpoaldea babestu ezin bada, eta eremu akustikoan aurreikusitako KAHak betetzeko neurriak teknikoki edo ekonomikoki proportzionalak ez direla behar bezala arrazoituta badago, neurri gehigarriak hartuko dira, kasu guztietan, eraikinen barrualdeari aplika dakizkiokeen zarataren eta bibrazioen kalitate akustikoaren helburuak betetzeko.
Horretarako, inpaktu akustikoaren azterlanak zarata-mapak eta ebaluazio akustikoak jasoko ditu, eremuaren inpaktu akustiko globala aurreikusteko. Horretarako, inpaktu akustikoaren azterlana honako hauekin osatu beharko da:
– Eguneko hiru aldietan zehar 2 metroko altueran egun dagoen kanpoko zarata osoaren mapak.
– Kanpoko zarataren mapak, 2 metroko altueran, etorkizuneko egoeran, eguneko hiru aldietan, eta altuera guztietan sentikorrak diren eraikinetako leihodun fatxada guztietan eta aztertutako eguneko hiru aldietan, soinu-mailen emaitzen irudikapena.
Azkenik, planak ziurtatu beharko du, dagokion hirigintza-tresnari hasierako onarpena eman aurretik, azpiegituren zortasun akustikoen pertsona edo entitate titularrek kutsadura akustikoaren erregulazioari dagokion nahitaezko txostena egiten dutela, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 30. artikuluan adierazitakoa betez.
Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruei buruzko neurriak:
Eremuan, Goeiker kodea duten bi lurzati daude, 20069-00112 (industriala), eta 20069-00809 (zabortegia), eta biak daude sartuta Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo eduki dituzten lurzoruen inbentarioan.
Beraz, lurzoru horiek identifikatzen diren inbentarioan jasotako lekuetan edozein jarduketa egin aurretik, lurzoruaren kalitatearen adierazpena izapidetu beharko da, baldin eta Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko 4/2015 Legearen 23. artikuluan jasotako egoeretako bat gertatzen bada, hala nola kutsagarria izan daitekeen jarduera edo instalazio bat duen edo izan duen lurzoru baten erabilera-aldaketa.
Kasu honetan, lurzoruaren kalitatearen adierazpen hori antolamendu xehea jasotzen duten hirigintza-bitartekoak behin betiko onartu baino lehen egin beharko da; edo, lurzoruaren kalitatea ikertzea oztopatuko luketen inguruabarrak egongo balira, jarduketa urbanizatzailearen programari edo lekua barne hartzen duen kudeaketa-esparruko birpartzelazio- eta urbanizazio-proiektuei hasierako onespena eman aurretik, ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 31.4 artikuluan xedatzen duenarekin bat etorriz.
Halaber, lege horren 23.2 artikuluaren arabera, 23.1 artikuluan jasotako jarduketa baten ondorioz lurrak mugitu behar badira, hondeaketa selektiborako plan bat onartu beharko du aldez aurretik autonomia-erkidegoko ingurumen-organoak, lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpenaren prozeduraren esparruan.
Aurrekoa ezertan eragotzi gabe, obrak egin bitartean lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten beste kokagune batzuk atzemanez gero, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudelako zantzu funtsatuak egonez gero, horren berri eman beharko zaie, berehala, Donostiako Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari, azken horrek zehatz ditzan zer neurri hartu behar diren eta zein pertsona fisikok edo juridikok bete beharko dituen neurriak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikuluarekin bat.
Landarediari buruzko eta ingurumenaren integraziorako neurriak:
Planak esplizituki jasoko du oinarrizko edo egikaritze-proiektuak «lehengoratze-proiektua» izan behar duela, zeinak proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak bilduko dituen; gainera, gauzatzeko behar adinako xehetasun-mailarekin garatuko dira jarduketak lehengoratze-proiektuan, aurrekontua barne.
Aurreikusten den landareztatzea Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburuan jasotako gomendioak eta neurriak baliatuko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egin zuen. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia, eta Cortaderia selloana.
Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk:
Aurreko neurriak eragotzi gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak lotuta egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, hondeatutako lurzoruak kontrolatzeari, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira, eta planak azkenik ezartzen dituen zehaztapenetan txertatu:
– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jarduerak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.
– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, barnean hartuta makinak gordetzeko guneak, obra-txabolak, obrako materialak aldi batean pilatzeko guneak, landare-lurra eta hondakinak aldi baterako metatzeko eremuak, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.
– Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak ezarritakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira; hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa eta deuseztatzea barne.
Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik ez dela bideragarria haiek balorizatzea.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, baldin eta hondakinak isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeatzeko zailagoak badira. Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek, eta itxita egongo dira kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako edukiontziek edo ontziek era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatuta egon beharko dute, indarrean dagoen araudiaren arabera.
Eremu jakin bat egokituko da behin-behinean pilatzeko hondakin arriskutsuak, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko elementu estankoak jarri beharko dira lanak egiteko eremu osoan (bidoiak eta abar). Motaren arabera bereizi beharko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.
Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, nahasketok saihesteko.
Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utzi beharko dira, behar bezala etiketatutako edukiontzi estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.
Araudia betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inola ere kontrolatu gabeko efluenterik sortuko erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.
Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio industrial erabiliak.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
– Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira dagokion obra-faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, etab.). Istripuz isurketarik gertatuz gero, kutsatutako lurzorua eta material xurgatzailea berehala bilduko dira eta hondakin arriskutsu gisa biltegiratu eta kudeatuko dira.
Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak eta makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan jarriko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan, eta, nolanahi ere, hondakinak (bereziki, olio erabiliak) biltzeko sistema izango duen plataforma iragazgaiztu baten gainean egingo dira obran erabiltzen den makineriari erregaia jartzeko, lubrifikatzaileak aldatzeko eta bestelako lanak, urak kutsatu ez daitezen.
– Obra-faseko zaratak: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan ezarritakoaren arabera, zonifikazio akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan ere.
Eguneko lan-ordutegian egingo dira lanak.
Obrek sei hilabete baino gehiago iraungo dutela aurreikusten bada, inpaktu akustikoaren azterketa egin beharko da, egoki diren zuzenketa-neurriak zehazteko, hala ezarrita baitago urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluan.
– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak xedatzen duena ezertan eragotzi gabe, obrak egin bitartean aztarna arkeologikoren bat aurkitzen bada, bertan behera utziko dira lanak prebentzioz, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari, eta hark adierazi beharko ditu hartu beharreko neurriak.
– Kamioiek obra-lekura sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi eduki beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makina mekanikoak erabiliko dira.
– Obrek kaltetutako eremuak lehengoratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak lehengoratuko dira. Hala badagokio, espazio libreen landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira; modu horretan, saihestu egingo dira higadura-prozesuak, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa.
– Eraikingintza jasangarria: eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izateko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumenaren arloko neurriak eta jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpen eta -efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:
– Materialak. Lehengai berriztaezin gutxiago kontsumitzea.
– Energia. Energia gutxiago kontsumitzea edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.
– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.
– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.
– Barne-kalitatea. Barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.
Bigarrena.– Zehaztea ez dela aurreikusten Donostiako «Marrutxipi IN.01» HEko G.00/IN 101 Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatzen dituenak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraztea.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen efektuak izateari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean Donostiako «IN.01 Marrutxipi» G.00/IN 101 Hiri Antolamenduko Plan Berezia ez bada onetsi. Kasu horretan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Luzapena eskatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 30a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.
RSS