Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

121. zk., 2025eko ekainaren 27a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
2880

EBAZPENA, 2025eko ekainaren 20koa, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariarena, zeinaren bidez agintzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako Administrazio Kudeaketako Kidegoko Administrazio Kudeaketako Eskalan enplegua finkatzeko prozesu berezian eta salbuespenezko prozesuan hautatutako pertsonen eta esleipen gehigarriko lanpostuen behin betiko zerrendak argitaratzeko.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak 2022ko maiatzaren 18an emandako Aginduaren bidez, oinarri orokorrak onartu ziren arautzeko nola bideratuko diren Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako kidego eta eskaletan enplegua finkatzeko prozesu bereziak eta enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesuak. Agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, 2022ko maiatzaren 23an.

Era berean, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren 2022ko irailaren 8ko Aginduaren bidez, zeina 2022ko irailaren 13an Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu baitzen, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako Administrazio Kudeaketako Kidegoko Administrazio Kudeaketako Eskalan enplegua finkatzeko prozesu bereziko eta salbuespenezko prozesuko deialdia egin zen, eta prozesu horietako oinarri espezifikoak onartu ziren.

Oinarri orokorren 6. apartatuan, lanpostuen esleipen gehigarriak zein kasutan eta egoeratan egingo diren zehazten da: lehenengo itzulian esleitu diren lanpostuak, baldin eta lanpostu horietarako behin betiko hautatutako pertsonak azkenean funtzionario izendatu ez badira edo funtzionario izendatuta ere lanpostua jabetzan hartu ez badute; lehenengo itzulian esleitu diren lanpostuak, baldin eta esleipendunak lanpostuak jabetzan hartuaz batera plaza-erreserbarik gabeko eszedentzia egoerara igaro badira; karrerako funtzionarioen titulartasunekoak ziren lanpostuak, funtzionario horiei beste lanpostu bat esleitu bazaie finkatze-prozesuren batean. Horrez gain, aukera dago deitutako lanpostuen % 10 gehigarria esleitzeko, lanpostu huts gehiago sortzen badira. Langileen ordezkariekin negoziatu eta onartu da beste % 10 horretan zehazki zein dotazio sartuko diren zehazteko irizpideak. Azkenik, hasierako esleipenean esleitu ez diren lanpostuak ere gehitzen zaizkie oinarrietan aurreikusitako egoera horiei.

Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariaren 2025eko apirilaren 10eko Ebazpenaren bidez:

– Zehaztu zen zenbat plaza esleituko diren enplegua finkatzeko prozesu bakoitzean eta plaza horiek nola banatuko diren sarbide-modalitatearen eta hizkuntza-eskakizunaren arabera.

– Esleipen osagarrietan parte har dezaketen pertsonak identifikatu ziren.

– Adierazi zen zein prozesutan egongo den lanpostuak aukeratzeko izapidea eta zeinetan ez, kasu bakoitzerako esleipen-prozedura ezarrita.

– Izapide hori duten lanpostuetan, lanpostua aukeratzeko epea ezarri zen, baita lanpostua aukeratu behar duten hautagaiei dei egiteko prozedura ere.

Ebazpen horretan ezarri zen Administrazio Kudeaketako Kidegoko Administrazio Kudeaketako Eskalako prozesu berezian, desgaitasuna duten pertsonentzako sarbide-modalitatean, esleipen gehigarria egingo zela: plaza bat, 3. hizkuntza-eskakizunarekin. Halaber, adierazi zen hautaketa-prozesu hori esleitzeko prozedurak lanpostuak aukeratzeko izapidea izango zuela.

Hala ere, akats baten ondorioz, Administrazio Kudeaketako Kidegoko Administrazio Kudeaketako Eskalako prozesu berezian, desgaitasuna duten pertsonentzako sarbide-modalitatean, ez zitzaien deitu lanpostua aukeratzera behin betiko hautatu gabeko izangaiei. Eta, ondorioz, lanpostuen aukeraketaren izapidea ere ez zen gauzatu, eta ebazpen horrekin batera argitaratutako zerrendetan ez ziren sartu Administrazio Kudeaketako Kidegoko Administrazio Kudeaketako Eskalako prozesu bereziko desgaitasuna duten pertsonentzako sarbide-modalitateko izangaiak.

Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariaren 2025eko maiatzaren 15eko Ebazpenak organo bereko 2025eko apirilaren 10eko Ebazpena zuzendu zuen; Administrazio Kudeaketako Kidegoko Administrazio Kudeaketako Eskalako prozesu berezian, desgaitasuna duten pertsonentzako sarbide-modalitatean, lanpostua aukeratzera behin betiko hautatu gabeko izangaiei dei egin zitzaien eta lanpostua aukeratzeko epea ezarri zen.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako kidego eta eskaletan enplegua finkatzeko prozesu bereziak eta enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesuak arautzen dituzten oinarri orokorren 12., 13., 14., 15. eta 16. apartatuetan aurreikusitakoaren arabera (2022ko maiatzaren 18ko Agindua) garatuko dira lanpostuak aukeratzeko prozedura, destinoen esleipena, hautatutako pertsonen zerrenda, dokumentazioaren aurkezpena, izendapena eta lanpostuaz jabetzeko prozedura.

Hautatutako pertsonen eta esleipen gehigarriko lanpostuen behin-behineko zerrenden aurkako erreklamazioak egiteko epea igarota eta erreklamazioak ebatzita, IVAPeko Zuzendaritzak ebazpen bat eman behar du hautatutako pertsonen eta esleituko diren lanpostuen behin betiko zerrendak argitaratzeko agintzeko.

EBAZTEN DUT:

Lehenengo artikulua.– Hautaketa-prozesuetako web-orriko Eskaerak eta jarraipena apartatuan eta 7. oinarri orokorrean adierazten diren tokietan argitaratzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako Administrazio Kudeaketako Kidegoko Administrazio Kudeaketako Eskalan enplegua finkatzeko hautaketa-prozesu berezian eta salbuespenezko hautaketa-prozesuan hautatutako pertsonen eta esleipen gehigarriko lanpostuen behin betiko zerrendak.

Bigarren artikulua.– 20 egun balioduneko epea ematea, 2025eko ekainaren 30etik 2025eko uztailaren 28ra, karrerako funtzionario izendatzeko eta lanpostuaz jabetzeko beharrezkoak diren agiriak aurkezteko Enplegu Publikoko Zuzendaritzan. Aurkeztu beharreko dokumentazio zehatzari buruzko informazioa Enplegu Publikoaren webguneko «Nire deialdiak» apartatuan dago, «lanpostuaz jabetzeko urratsak» atalean.

Epe berean, hautatutako pertsona guztiek karrerako funtzionario izendatzeko eta lanpostuaz jabetzeko ezinbestekoa den informazioa bete beharko dute, Enplegu Publikoaren webguneko «Nire deialdiak» apartatuan, «lanpostuaz jabetzeko urratsak» atalean.

Hirugarren artikulua.– Dokumentazioa aurkezteko epea amaitu ondoren, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren kidegoetako eta eskaletako karrerako funtzionario izendatuko ditu oinarri orokorretan ezarritakoa bete duten pertsona hautatuak. Izendapenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.

Laugarren artikulua.– Gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariaren ebazpen honen aurka, ez baitu agortzen administrazio-bidea; betiere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluaren eta hurrengoen arabera. Errekurtsoa jartzeko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Errekurtsoa, bestalde, ebazpen hau eman duen organoari jar dakioke, edo Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuari. Gora jotzeko errekurtsoa aurkezten denetik hiru hilabete pasatzen badira ebazpen espresurik eman gabe, ezetsitzat hartu ahal izango da errekurtsoa, eta administrazioarekiko auzien bidera jo ahal izango da.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 20a.

Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendaria,

LEIRE CORRALES GOTI.


Azterketa dokumentala