
120. zk., 2025eko ekainaren 26a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (197 KB - 12 orri.)
- EPUB (123 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
2865
EBAZPENA, 2025eko maiatzaren 27koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-adierazpen estrategikoa egiten baita Bergarako (Gipuzkoa) A-18 eremuko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren aldaketari buruz.
AURREKARIAK
2024ko urtarrilaren 12ko Ebazpenaren bidez, orduko Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, EAES-626INET espedientearen barruan, Bergarako (Gipuzkoa) A-18 eremuko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-azterketa estrategikoaren irismen-dokumentua formulatu zuen, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluan eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Bergarako Udalak Planaren eta haren ingurumen-azterketa estrategikoaren jendaurreko informazioaren izapidea bete zuen, jendaurrean 45 egunez jarrita, 2024ko irailaren 26ko Dekretuaren eta 2024ko urriaren 7ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialeko (193. zenbakia) iragarkiaren bidez.
Era berean, indarrean dagoen araudiaren arabera, ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko izapidea bete zuen.
Bergarako Udalak ohartarazi zuenez, jendaurreko informazio-aldian ez zen alegaziorik aurkeztu eta eragindako administrazio publikoei eta interesdunei eginiko kontsulta-izapidean jasotako txostenak igorri ditu. Azken horien emaitza nahiz edukia administrazio-espedientean daude jasota; gainera, aipatutako alegazio eta txosten horiek kontuan hartu dira Plana behin-behinean onartzeko bertsioa idazteko orduan.
2025eko urtarrilaren 8an, Bergarako Udalak eskabide bat aurkeztu zuen Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, Bergarako (Gipuzkoa) A-18 eremuko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren aldaketari buruzko Ingurumen Adierazpen Estrategikoa egiteko.
Ondoren, 2025eko otsailaren 11n, Bergarako Udalak dokumentazio osagarria aurkeztu zuen.
Eskaerarekin batera, honako hauek aurkeztu zituen: Planaren behin betiko proposamena, 2024ko uztailekoa; ingurumen-azterketa estrategikoa, 2025eko otsailekoa; eta jendaurreko informazioaren izapidea eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei entzunaldia egiteko izapidearen inguruko azalpenak emateko zenbait dokumentu.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen Ebaluazioaren abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumen-efektu nabarmenak izan ditzaketen planen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea, eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarria sustatzeko.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, administrazio publiko batek abian jarritako edo onetsitako planei eta programei ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar zaie, bai eta haien aldaketei ere, lege- edo arau-xedapen batek beharturik prestatu eta onartu badira, baldin eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak baimentzeko etorkizuneko eremua ezartzen badute eta arlo jakin batzuei erreferentzia egiten badiete, hala nola hiri- eta landa-lurraldearen antolamenduari eta lurzoruaren erabilerari.
Era berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta Planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera, bai Bergarako Udalak bai Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak beharrezkoa den guztia xedatu dute planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura aurrera eraman ahal izateko. Horretarako, ingurumen-azterketa estrategiko bat egin beharra xedatu dute eta haren irismena aurrez ezarri, kontsulta publikoen bidez eta ukitutako administrazio publikoek eta interesdunek parte hartzeko prozeduraren bitartez.
Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-azterketa estrategikoa egokia dela eta indarrean dagoen araudiari egokitzen zaiola, ingurumen-adierazpen estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, organo eskuduna baita abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera (Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen du dekretu horrek). Adierazpenean, ingurumenaren arloko alderdiak planaren proposamenean egoki txertatu direla baloratzen da, eta plan horrek ingurumenean eragingo dituen inpaktu nabarmenen aipamena ere jasotzen da, azkenean onartuko den planean sartu beharreko azken zehaztapenak barnean direla, ingurumen-ondorioetarako bakarrik.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioarena; 211/2012 Dekretua, urriaren 16koa, Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duena; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Bergarako (Gipuzkoa) A-18 eremuko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren aldaketaren ingurumen-adierazpen estrategikoa formulatzea, baldintza hauen arabera:
A) Plan Partzialaren esparruan, dentsitate handiko bizitegi-erabilerako hiri-eraldaketako lurzorua da. Bertan, Bergarako hiriaren erdialdea leheneratzeko eta osatzeko hiri-berrikuntzako esku-hartze bat egitea aurreikusten da, lehen neurri handi Tavex-Algodonera SA kotoi-enpresaren industria-jarduerak hartzen zituen zoruek okupatuta baitago.
A.18 Algodonera-San Antonio eremuak 30.183 m2 ditu, eta Bergarako udalerriaren ekialdean dago, San Antonio auzoan. Bi eremuk osatzen dute:
Lehengo Tavex-Algodonera SA industriak okupatutako lurrak, Deba ibaiak Martoko eta San Antonio inguruan egiten duen meandroaren eta GI-627 errepidearen artean kokatua. Unitate horretan Gabiria dorrea eta Gabiria baserria daude. Planaren aldaketa azpieremu horretan egingo da nagusiki, bizitegi-garapenaren zati handiena hartuko baitu.
Eremu txikiena nagusiaren hegoaldean dago, Gabiria kalearen eta GI-627 errepidearen artean, Miguel Altuna Lanbide Heziketako Ikastetxe Publikoaren instalazioetatik gertu.
Plan Bereziaren aldaketaren helburu nagusia da bide berriaren bi aldeetan aurreikusita zeuden blokeen osasungarritasun-, aireztapen- eta eguzkiztapen-baldintzak hobetzea, kanpoko fatxaden arteko hormartea murriztuz eta kale nagusia zabalduz; gainera, proiektatutako 4 etxebizitza kolektiboko eraikinetik 6ra eta 6 lurzati (R1-R5 eta E1) izatetik 7 izatera (R1-R7) igarotzea aurreikusten da.
Halaber, trafikoa berrantolatuko da, barnekoak eta pasabidekoak bereiziz:
– Barneko trafikoa Deba ibaiaren gaineko zubi berritik eta Ibargarai kalearekin lotzen duen bidetik sartuko da zuzenean.
– Kanpoko trafikoak Gabiria dorrea ekialdetik eta hegoaldetik inguratzen duen errepide perimetraletik zirkulatuko du, GI-627 eskualde-errepidea gurutzatzea ahalbidetzen duen sestrara iritsi arte.
– Proiektatutako biribilgune nagusiaren eta Algodonera zubiaren arteko bide-zatia eraldatu eta oinezkoak eta ibilgailuak elkarrekin ibiltzeko zati bihurtuko da, eta oinezkoek izango dute lehentasuna (EL2 zonakatzea).
Algodonera-San Antonio 18 eremuan aurreikusitako antolamendu-alternatibei dagokienez, 0 alternatiba edo «ez esku hartzekoa» –2011ko martxoaren 28an onartutako Hiri Antolamenduko Plan Berezia– aztertu eta baztertu egiten da, besteak beste, proiektatutako eraikuntzaren hormarte handiak etxebizitzen erdiek orientabide bakarra izatea zekarrelako, iparraldera begira, eta handicap serioa zen hori garapenerako, aireztapena eta eguzkiztapena baldintzatzen baitzituen.
1. antolamendu-alternatibak 0 alternatiban proiektatutako etxebizitza askoren orientazioa eta eguzkiztapena nabarmen hobetzen baditu ere, antolamenduak oraindik ere gabezia batzuk ditu osasungarritasunari, argiztapenari eta aireztapenari dagokienez, bizigarritasunari buruzko egungo araudiaren arabera. Araudi hori ez da nahitaez bete behar, baina, kasu honetan, 2. alternatibak bete egin nahi du, kale nagusia zabalduz, hegoaldeko hiru blokeek itzal gutxiago sor dezaten iparraldeko beste hiruren gainean, biribilgunea bi nagusien artean kokatuz.
2. antolamendu-alternatibak «Bergara udal-mugarteko Algodonera eremutik igarotzen den Deba ibaiaren azterlan hidraulikoan» (Endara Ingenieros Asociados SL enpresak 2024ko apirilean idatzia eta Ura Uraren Euskal Agentziak aldeko txostena egin ziona) zehaztutako ildoei erantzuten die. Ildo horiek errespetatu beharko ditu etorkizuneko antolamenduak, uren arloko araudia betetzen dela eta ibaiertzeko ingurumena hobetzen dela bermatzeko. Helburu horretarako, 2. alternatibak Algodonera enpresa zaharraren fabrika-obrak ezabatzea proposatzen du, eta gungo ibaia bideratzeko dagoen hormigoizko horma bertikala kendu eta horren ordez 1H/1V ezpondak jartzea, ibilgua berriz naturalizatzea ahalbidetzen baitute, eta, halaber, ibaiertzean pasealeku bat jartzea bidegorriarekin, urpean geratzeko modukoa, 145.50 m-ko kotan, eta 1H/1V ezponda bat, etxebizitzen eta ibaiertzeko pasealekuaren artean. Bestalde, alternatiba horrek ibaiertzetako ingurumena leheneratzea proposatzen du, bioingeniaritzako tekniken eta HIC 91E0* ibaiertzeko haltzadi eurosiberiarren espezie propioen bidez.
2011ko HAPBn aurreikusitako 18. eremuaren antolamendua egokitzeko egindako bi antolamendu-alternatibek alde gutxi badituzte ere elkarren artean bizitegi-eremuari dagokionez, funtsean desberdinak dira ibaiaren bideratzearenko tratamenduan (harri-lubeta, lehenengoan, eta ezponda etzanak, bigarrenean), eta ibaiaren ertzeko pasealekuaren eta bidegorriaren diseinuan (1. alternatiban, oinezkoentzako pasealekua eta bidegorria, oinezkoentzako pasealekua zubi berriarekin +150 kotan lotuta, eta bidegorria lehendik dagoen zubiarekin +145 kotan; eta 2. alternatiban, ibaiertzeko pasealeku bat, urpean gera daitekeen bidegorriarekin, 145.50 m-ko kotan, eta 1H/1V ezponda etxebizitzen eta ibaiertzeko pasealekuaren artean).
Azkenik, Planak 2. alternatibaren alde egin du, bizigarritasunari buruzko araudiaren eskakizunei hobeto erantzuten dielako (ekainaren 28ko 80/2022 Dekretua), eguzkitapenari eta aireztapenari dagokionez, bai eta eremuko uholde-arriskua hirugarrenei eragin gabe ebazten duelako ere.
Plangintza garatzeko Hirigintzako Jarduketa Programa bat aurreikusten da, bai eta birpartzelatzeko, urbanizatzeko eta eraikitzeko proiektuak ere. Urbanizazio-proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egingo zaio, Ingurumen Ebaluazioaren abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, kontuan izanik ekainaren 13ko 445/2023 Errege Dekretuak aldatu egin zituela Ingurumen Ebaluazioaren abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I., II. eta III. eranskinak.
Planaren eremua 30.183 m2-ko urbanizatzeko hiri-lurzoru finkatu gabe bat da, Bergarako udalerriaren azaleraren % 0,05 baino gutxiago hartzen duena eta San Antonio auzoko ekialdean kokatutako bi azpieremutan banatzen dena. Eremu handienak garai batean Tavex-Algodonera SA industriak okupatzen zituen lurzoruak hartzen ditu, Martoko eta San Antonio inguruko meandroan, Deba ibaiaren eta GI-627 errepidearen artean. Lursail horietan daude Gabiria dorrea eta Gabiria baserria ere.
Bigarren azpieremua aurrekoaren hegoaldean kokatzen da, Gabiria kalearen eta GI-627 errepidearen artean, eta Miguel Altuna Lanbide Heziketako Ikastetxe Publikotik hurbil dago.
Eremua batez ere laua da, eta Tavex-Algodonera industria kokatu zen eremu artifizializatutik at Fluvisol motako lurzoruak topatu badira ere –erabiltzeko gaitasun handia dute–, gaur egun, nekazaritzarako erabil daitezkeen lurzoruak (1.500 m2) Gabiria baserriaren ingurura mugatzen dira batik bat.
A.18 eremua «Debako Unitate Hidrologikoan (UH)» sartzen da, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoan (ES017), Euskal Autonomia Erkidegoko Barne Arroen eremuan. Bertatik, Deba ibaia bideratuta doa, eta Antzuola ibaiaren urak jasotzen ditu eskuineko ertzetik, Gabiria zubiaren parean.
Bestalde, Deba ibaia azpiegitura berdearen («bilbe urdina») zatitzat hartzen da, korridore ekologiko lineala baita iktiofaunarentzat eta bestelako fauna urtar eta lurtarrarentzat.
Ez dago Plan Hidrologikoak Babestutako Eremuen Erregistroan sartutako eremu bakar bat ere; bai, ordea, 05195201 (iraungita) eta 05208501 (legeztatuta) kodeak dituzten lurrazaleko bi hargune, bai eta garbitokia duen iturri bat ere, Gabiria baserriaren eta Deba ibaiaren artean.
Halaber, «Bizkaiko Sinklinorioa» (ES017MSBT017.005) masaren gainean dago, Oizko Domeinu Hidrogeologiko Sinklinalaren barruan, zeinak egoera kuantitatibo eta kimiko ona baitu.
Landaredi potentziala haltzadi kantauriarra den arren, gaur egun Batasunaren intereseko HIC 91E0* «Ibaiertzeko haltzadi eurosiberiarra» habitata haltzadi degradatu batera mugatzen da, eta haltzadi horrek, atalka, Deba ibaiaren ertza hartzen du; zehazki, ubide-hormaren oinean dauden jalkin alubialak. Eremuaren gainerakoan, «landaredi erruderal-nitrofiloa» dago iparraldean, eta «belardi eta labore atlantikoak» hegoaldean.
Halaber, eremuan ez dago onartutako kudeaketa-planak dituzten mehatxatutako fauna banatzeko eremurik, ez eta abifauna goi-tentsioko aireko linea elektrikoetan talka egitearen eta elektrokuzioaren aurka babesteko eremurik ere, ez eta Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko Legean (42/2007, abenduaren 13koa) eta Euskadiko Natura Ondarea Kontserbatzeari buruzko Legean (9/2021, azaroaren 25ekoa) aipatutako beste gune babesturik ere.
Paisaia nagusiki industriala denez, kalitate oso baxua du, eta ez dago EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoan. Era berean, ez du Onura Publikoko Mendirik, ez eta Mendi Babeslerik edo Herri Onurakotzat jotako Mendirik ere.
Nolanahi ere, ondare kulturalari dagokionez, Gabiria dorrea dago, XVII. mendekoa –ustezko zona arkeologikoa (1997ko urriaren 30eko EHAA, 208. zk.) eta ondasun kultural deklaratutako ondare eraikia (2002ko urriaren 30eko EHAA, 207. zk.)–. Ustezko zona arkeologikoaren mugartean, «eraikinaren harresi-barruko eremua» dago.
Gainera, Torrekua zubia Vasco-Navarro trenbidearen ondare higiezinen zerrendan jasota dago, babes bereziko obra zibil gisa –157/2023 Dekretua, urriaren 24koa, zeinaren bidez Vasco-Navarro Trenbidearen Euskal Autonomia Erkidegoko tartea babes bereziko kultura-ondasun deklaratzen baita, monumentu multzoaren kategoriarekin–.
Ingurumen-arriskuei dagokienez, eremuan lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruak dira gehienak. Inbentarioan 20074-00142 kodea duen kokalekua da, industria motakoa, lehen Algodonera San Antonio Industrial SA (TAVEX SA) enpresak okupatua.
Bizitegi-erabilerako lurzoruak nagusi diren lurralde-sektoreen eremuak egun duen egoera akustikoan, gainditu egin dira kalitate akustikoaren helburuak aztertutako hiru aldietan (eguna, arratsaldea, gaua), batez ere GI-627 errepidearen ondorioz.
Azkenik, lehentasunezko fluxu-eremuak eta hainbat errepikatze-denborako uholde-arriskuko eremuk eragiten diote eremuari, eta Bergarako UAHEren zati da –ES017-GIP-DEB-07 kodea–.
B) Ebazpen hau bat dator ingurumen-azterketa estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta ondorioztatzen da nahikoa justifikatu dela Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2024ko urtarrilaren 12ko Ebazpenaren bidez emandako irismen-dokumentuan aurkeztu ziren ingurumen-irizpideak barnean hartzea.
Aipatutako ingurumen-organo horrek emandako erreferentzia-dokumentuan eskatutako hedadura, xehetasuna eta zehaztasuna bermatuz egin da planaren ingurumen-azterketa estrategikoa. Plangintza-prozesuan ingurumen-inpaktu posibleak kontuan hartzen direla bermatzeko, uste da behar besteko zorroztasunez heldu zaiela ingurumen-izapidean adierazitako irizpide guztiei.
C) Planaren tramitazioa egin bitartean ez da ingurumen-ebaluazio estrategikoaren hedapenik eskatzen duen jarduketa berririk sartu. Ez da detektatu planean ezabatu edo berriz definitu beharreko ekintzarik.
D) Neurri babesleak, zuzentzaileak, konpentsatzaileak eta jarraipenekoak hauen arabera hartuko dira: indarrean dagoen araudia, hurrengo apartatuetan xedatutakoa eta, aurrekoa galarazten ez duenean, ingurumen-azterketa estrategikoa. Era berean, zehaztapen hauek jaso beharko ditu Planak:
D.1.– Jabari publiko hidraulikoa babesteari eta uholde-arriskuak murrizteari buruzko neurriak:
A.18 Algodonera-San Antonio eremuko lurzoruaren erabilerek uren arloko araudian xedatutakoa bete beharko dute, bereziki urtarrilaren 24ko 35/2023 Errege Dekretuaren I. eranskineko 37.6 eta 43. artikuluetan xedatutakoa (errege-dekretu horrek onartzen du honako hauen plan hidrologikoak berrikustea: Kantauri Mendebaldeko, Guadalquivirreko, Ceutako, Melillako, Segurako eta Jucarreko demarkazio hidrografikoak eta Kantauri Ekialdeko, Miño-Sileko, Dueroko, Tajoko, Guadianako eta Ebroko demarkazio hidrografikoen Espainiako aldea) eta apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretuaren 7. artikuluan xedatutakoa (errege-dekretu horrek onartzen du Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamendua, eta Urei buruzko abuztuaren 2ko 29/1985 Legearen atarikoa eta I., IV., V., VI. eta VII. tituluak garatzen ditu).
Uraren Euskal Agentziaren 2024ko maiatzaren 27ko txostenean jasotzen den moduan (erref.: CO-2024-0171), eraikuntza-prozesuan kontuan hartu beharko da eskuineko ibaiertzeko urbanizaziotik euri-urak ibilgurantz joateko zailtasuna, eta horretarako, drainatzeko hiri-sistema egokia jarri beharko da.
Jabari Publiko Hidraulikoan eta haren babes-eremuetan edozein jarduketa egiteko, Uraren Euskal Agentzian obrak baimentzeko espedientearen administrazio-izapidetzea egin beharko da –proiektatutako obrak zehazten dituen dokumentazioa beharko da–, bai eta uholde-arriskuaren erantzukizunpeko adierazpena ere.
Planean Deba ibaiaren gainean aurreikusitako zubi berriaren diseinuak bermatu beharko du kontra-hormak Jabari Publiko Hidraulikotik kanpora geratzen direla, eta ibaian ahalik eta esku hartze txikiena izateko moduan gauzatzea planifikatu beharko du, urtarrilaren 24ko 35/2023 Errege Dekretuaren bidez onartutako Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Espainiako zatiaren 2022-2027 aldirako Plan Hidrologikoaren Xedapen Arauemaileen I. eranskinaren 47. artikuluari jarraituz (zubiak, estaldurak, defentsarako egitura-neurriak eta ibilguaren trazadura aldatzeko berariazko arauei buruzkoa baita).
D.2.– Kultura-ondarea babesteari buruzko neurriak:
Arestian aipatutako moduan, ondare kultural deklaratutako (2002ko urriaren 30eko EHAA, 207. zk.) XVII. mendeko Gabiria dorrean egiten den esku-hartze orok urriaren 25eko 247/2002 Dekretua bete beharko du, hau da, Bergarako (Gipuzkoa) Gabiria dorrea Sailkatutako Kultura Ondasun izendatzeko espedientea Euskal Kultura ondareari buruzko 7/1990 Legera egokitzeko dekretua (2002ko urriaren 30eko EHAA, 207. zk.).
Halaber, Torrekua zubian –Vasco-Navarro trenbidearen ondare higiezinen zerrendan jasota dago, babes bereziko obra zibil gisa– egiten den esku-hartze orok urriaren 24ko 157/2023 Dekretua bete beharko du, zeinaren bidez Vasco-Navarro Trenbidearen Euskal Autonomia Erkidegoko tartea, babes bereziko kultura-ondasun deklaratzen baita, monumentu multzoaren kategoriarekin.
Hargatik eragotzi gabe Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa: obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala emango zaio horren berri Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailari; hark erabakiko du zer neurri hartu.
D.3.– Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruei buruzko neurriak:
Erabilera-aldaketa bat aurreikusteko, beharrezkoa izango da lurzoruaren kalitate-adierazpen bat izapidetzea, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko Legearen (4/2015 Legea, ekainaren 25ekoa) 23. artikulua betez, A-18 Algodonera eremuan lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruak daudelako –inbentarioan 20074-00142 kodearekin sartutako kokaleku industriala, lehen Algodonera San Antonio Industrial SA (TAVEX SA) enpresak okupatzen zuena–.
Lurzoruaren kalitatearen deklarazio hori antolamendu xehea jasotzen duten hirigintza-bitartekoak behin betiko onartu baino lehen egin beharko da; edo, bestela, jarduketa urbanizatzailearen programari edo lekua barne hartzen duen kudeaketa-esparruko birpartzelazio- eta urbanizazio-proiektuei hasierako onespena eman aurretik, ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 31.4 artikuluan xedatzen duenarekin bat etorriz.
Gainera, eremu horretan kutsatutako lurzoru horiek egoteak berekin ekarriko du inbentarioan sartutako kokalekuan indusketak egitea aurreikusten duten eraikuntza-proiektuek dagokion indusketa-plana aldez aurretik onartua izatea.
Obrak egin bitartean 20074-00142 kodea duen kokalekutik kanpo kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak daudela susmatuz gero, kontuan hartu beharko da Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutakoa.
D.4.– Natura-ondarea babesteari buruzko neurriak:
Intereseko landaredia babesteko neurriak ezarriko dira, eta, zehazki, HIC 91E0* «Ibaiertzeko haltzadi eurosiberiarra» Batasunaren intereseko habitatari dagozkionak. Habitat horrek, modu degradatuan eta atalka, Deba ibaiaren ertza hartzen du, eta, obrak hasi aurretik, zehatz-mehatz balizatuko da inolako eraginik jasan behar ez duen landaredia.
Proiektua gauzatzearen ondorioz erasandako eremu guztiak leheneratuko dira. Landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira, ekiditeko higadura-prozesuak, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa.
Ibaiertzeko landaredia leheneratzeko, espezie autoktonoak erabiliko dira, HIC 91E0* habitatak berezkoak dituenak. Leheneratutako azalera, gutxienez, 1H/1V ezponda etzanek ordezkatuko duten bideratzeak eragindako azaleraren berdina izan beharko da.
Gune libreak landareztatzeko, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburuan» jasotako gomendioak eta neurriak baliatuko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egin zuen.
Espezie inbaditzaileak kontrolatzeko, hautematen diren flora aloktono inbaditzailearen aleak ezabatuko dira, batez ere buddleia (Buddleja davidii), sasiakazia (Robinia pseudoacacia) eta panpa-lezka (Cortaderia selloana) espezieenak, eta neurri egokiak hartuko dira ez daitezen ez eremuan ez inguruan hedatu. Gainera, leheneratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da. Ibai-eremuan, honako dokumentu honetan jasotako neurriak hartu beharko dira kontuan: «EAEko ibai-eremuetan landare inbaditzaileen espezieak kudeatzeko jardunbide egokien gidaliburua», Ura, 2021.
D.5.– Paisaia babesteko neurriak:
Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamenduan paisaia babestu, kudeatu eta antolatzearen gaineko ekainaren 3ko 90/2014 Dekretuaren arabera, ondare historiko artistikoaren zati direlako katalogatuta edo inbentariatuta dauden eremu edo guneetan, haien ingurua barne, kasu honetan, alegia, hirigintza-proiektuak paisaian integratzeko azterlana jaso beharko dute, eta dagokion ingurumen-inpaktuaren azterlanean sartuko da.
D.6.– Kalitate akustikoa babesteko neurriak:
– Planaren eremu akustikorako kalitate akustikoko helburuak betetzen ez badira, Babes Akustiko Bereziko Eremua (aurrerantzean, BABE) izendatu behar du Bergarako Udalak, proiektua gauzatu aurretik. BABEaren adierazpen horretan jasotako zonako planean lehen instantzian kanpoko giroa babesteko neurri teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak ezarriko dira, eta urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 46-48. artikuluetan ezarritakora egokituko da.
– Kalitate akustikoaren babesari dagokionez obretan: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarrita dagoenera.
Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan ere.
Egunez lan egingo da.
Sei hilabeterako baino gehiagorako lanak badira, inpaktu akustikoari buruzko azterketa bat egin beharko da behar diren zuzenketa-neurriak zehazteko, EAEko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 2013/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluaren arabera. Inpaktu akustikoaren azterketan zuzenketa-neurriak zehaztuko dira, eta hor aztertuko da zer onura akustiko lortu nahi den zuzenketa-neurri horien bitartez, eremu akustikoetako eta eraikin sentikorretako zarata-maila murrizteari dagokionez, eta haren edukia ukitutako udalerriari jakinarazi beharko zaio.
D.7.– Ingurumena babesteko neurri orokorrak, aurreikusitako jarduketak gauzatu bitartean:
Aurreikusitako garapenetan, ingurumen-balioei eustea bermatzen duten neurri guztiak aplikatu beharko dira. Bereziki, hauek:
– Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburua. Gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak; makineria; aldi baterako desbideratzeak; isurketak saihesteko prebentzio-neurriak; ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea; herritarren lasaitasunerako kaltegarriak izan daitezkeen jardunak minimizatzea; hondakinak kudeatzea, eta abar.
– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak (barne hartuta makinak gordetzeko guneak, obra-txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak) ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.
– Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak ezarritakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzeari aurrea hartzea sustatu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran kudeatu daitezela, hau da: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.
Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik ez dela bideragarria haiek balioestea.
Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira olio erabiliak.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasita, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek bete egingo dituzte Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako edukiontziak edo ontziak etiketatu egin beharko dira argi eta irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan, indarrean dagoen araudiaren arabera.
Eremu jakin bat egokitu beharko da behin-behinean pilatzeko hondakin arriskutsuak, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarri beharko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko elementu estankoak jarri beharko dira lanak egiteko eremu osoan (bidoiak eta abar). Motaren arabera bereizi beharko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.
Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia bateko eta besteko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereizi beharko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarri, nahasketok saihesteko.
Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utzi beharko dira, behar bezala etiketatutako edukiontzi estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.
Araudia betetzea errazagoa izan dadin, lan bakoitzean sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inola ere kontrolatu gabeko efluenterik sortuko erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.
Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak Eraikuntzako eta Eraispeneko Hondakinen Kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatu beharko dira.
Aurreikusitako eraispenak egitean, arreta handiz jokatu beharko da, eta amiantoa duen hondakinik atzematen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak ezartzen dituen eskakizunak bete beharko dira (108/1991 Errege Dekretua, otsailaren 1ekoa, Amiantoak ingurumena ez kutsatzeko eta amiantoaren ondoriozko kutsadura txikitzekoa). Era berean, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak amiantoarekin lan egitean segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak ezartzen dituen martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera egingo dira.
Obretan sortutako hondeaketa-soberakinak soberakinen biltegi baimendura eramango dira, eta haien kudeaketa hauen arabera egingo da: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.
– Nolanahi ere, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, lur-mugimenduak egin bitartean aztarna arkeologikoren bat egon daitekeen zantzuren bat aurkitzen bada, lanak eten egingo dira, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari; hark erabakiko du zer neurri hartu.
– Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: neurri prebentibo eta zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, ustekabeko isuriek eragindako eraginak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea eta abar).
Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan, eta, nolanahi ere, hondakinak, bereziki, olio erabiliak, biltzeko sistema izango duen plataforma iragazgaiztu baten gainean egingo dira obran erabiltzen den makineriari erregaia jartzeko, lubrifikatzaileak aldatzeko eta bestelako lanak, urak kutsatu ez daitezen.
– Airearen kalitatearen babesa: kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.– Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da hondeaketa-materiala, hain zuzen, zama-estalkiak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzeko.
– Obrengatik kaltetutako eremuak leheneratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak leheneratuko dira. Hala badagokio, espazio libreen landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira; modu horretan, saihestu egingo dira higadura-prozesuak, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa.
D.8.– Eraikingintza eta urbanizazio jasangarriaren aldeko neurriak:
Ekainaren 28ko 80/2022 Dekretuan ezarritako gutxieneko bizigarritasun-eskakizunak ezertan eragotzi gabe (Plana haietara egokitu behar da), «Euskal Autonomia Erkidegoko etxebizitzetarako eraikuntza jasangarriaren gida» dokumentuko gomendioak hartuko dira kontuan, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia sustatzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko.
Halaber, eremua berrurbanizatzeari dagokionez, SPRILUR-IHOBEren «Urbanizazio-proiektuen garapen jasangarrirako gida. 2015» dokumentuko gomendioak hartu behar dira kontuan. Agiri horretan, hain zuzen, urbanizazio-proiektuei bizi-ziklo osoan aplikatu beharreko jardunbide egokien zerrenda zabala jasotzen da, eta proiektu horien diseinuaren, gauzatzearen, mantentzearen eta bizitza-amaieraren jasangarritasun maila baloratzea ahalbidetzen du.
Neurri horiek, gutxi edo gehiago, honako alderdi hauetan eragin beharko dute:
– Uraren zikloa. Uraren kudeaketa eta kalitatea hobetzea. Drainatze jasangarria.
MITECOren «Uholde-arriskura egokitzeko gida: drainatze jasangarrirako hiri-sistemak (2019)» hartuko da kontuan.
– Materialak. Lehengai berriztaezin gutxiago kontsumitzea.
– Energia. Energia gutxiago kontsumitzea edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.
– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.
– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
– Atmosfera. Gas-, hauts-, zarata-, bero- eta argi-emisioak murriztea. Kanpoko argiztapenari dagokionez, energia-efizientzia maximizatzera eta argi-kutsadura minimizatzera jo beharko da, azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuarekin bat etorriz (Kanpo-argiztapeneko instalazioen energia-efizientziari buruzko erregelamendua eta haren jarraibide tekniko osagarriak onartzen dituena, EA-01etik EA-07ra).
– Eraikinen barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.
– Hondakinak. Hondakinen kudeaketa hobetzea eta/edo sorkuntza murriztea.
– Lurzoruaren erabilera. Lurzoruaren okupazioa murriztea.
– Mugikortasuna eta garraioa. Mugikortasun jasangarria eta unibertsala sustatzea.
– Ekosistemak eta biodibertsitatea. Naturaguneen funtzioak hobetzea eta biodibertsitatea handitzea edo kontserbatzea.
– Paisaia. Sektorearen eta haren instalazioen paisaia-integrazioa.
– Arriskuak eta segurtasuna. Arrisku naturalak edo antropikoak minimizatzea.
– Klima-aldaketa. Klima-aldaketaren ondorioetara egokitzea.
D.9.– Klima-aldaketa arintzeari eta klima-aldaketara egokitzeari buruzko neurriak:
Klima-aldaketari eta trantsizio energetikoari buruzko maiatzaren 20ko 7/2021 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, Plana gauzatzeko proiektuak klima-aldaketaren aurrean pixkanaka eta erresilientziaz egokitzeko beharrezkoak diren neurriak kontuan hartuta diseinatuko dira, hala nola «Euskadiko Hirigintzaren Plangintzari buruzko eskuliburua Klima-aldaketa arintzeko eta Klima-aldaketara egokitzeko (2012)» dokumentuan aipatutakoak, bai eta ebazpen hau egin aurretik aipatutako erreferentziazko beste dokumentu batzuetan jasotakoak ere.
D.10.– Erosketa publiko berdea:
Halaber, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 84. artikuluaren arabera (erosketa publiko berdeari buruzkoa), administrazio publikoetako eta sektore publikoko gainerako entitateetako kontratazio-organoek haietako bakoitzari begira erabili beharreko azpiproduktuen, bigarren mailako lehengaien, material birziklatuen edo berrerabiltzeko xedean prestatzeko prozesuetatik eratorrien ehunekoak adieraziko dituzte obra-kontratuak egikaritzeko klausula administratiboen eta baldintza tekniko berezien orrien idazketan. Gutxienez, % 40an erabiliko dira material horiek, behar bezala justifikatutako arrazoi teknikoak direla-eta ehuneko hori murriztea beharrezkoa denean izan ezik.
E) Ingurumen-jarraipeneko plana.
Planaren ingurumen-jarraipenak ingurumen-azterketa estrategikoan ezarrita dagoenari jarraituko dio, zeinak ingurumen-zaintzako programa bat jasotzen baitu. Programa horren xedea da behar diren zaintza- eta kontrol-sistemak ezartzea, egiaztatu ahal izateko planeko aurreikuspenak betetzen direla, eta, horien barruan, planteatutako jarduketen ingurumen-exijentziak mantentzen direla.
Aurreikusitako garapen-proiektuek zehaztu egin beharko dituzte obrak egin bitartean egin beharreko kontrolak, batez ere kalitate akustikoarekin eta atmosferikoarekin, ingurumena leheneratzearekin eta lur-mugimenduekin lotutakoak –bereziki, bat etortzeagatik lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioko 20074-00142 kodeko lurzatiarekin–. Halaber, hala badagokio, kontserbatu beharreko ondare-intereseko elementuei buruzko kontrolak zehaztuko dira. Era berean, ingurumenaren arloko jarraipenaren barnean, egungo bideratzea ordezkatzeak eragindako ibaiertzeko landaredia leheneratzearen arrakasta kontrolatuko da, bai eta espezie inbaditzaileen hedapena ere.
F) Planaren ondoriozko proiektuen ingurumen-ebaluaziorako gidalerro orokorrak.
Planetik eratorritako proiektuen ingurumen-ebaluazioan, aintzat hartuko dira lurraldearen baldintzatzaileak eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariak 2024ko urtarrilaren 12an emandako Ebazpenaren bidez eginiko irismen-dokumentuan adierazten diren ingurumen-irizpideak.
Beste alderdi batzuen artean, lurzoruaren kontsumoa eta intereseko landarediaren erasana ahalik eta txikiena izatea azpimarratuko da, eta, halaber, ahalik eta gutxien eragin beharko zaio uren kalitateari, uholde-arriskuari eta egoera akustikoari, eta paisaian behar bezala integratuko da. Horretarako, nolanahi ere, kalteei aurrea hartzea lehenetsiko da, konpentsatzearen aurrean.
Bigarrena.– Bi urteko gehieneko epea ezartzen da Bergarako (Gipuzkoa) A-18 eremuaren hiri-antolamenduaren plan bereziaren aldaketa onartzeko, ingurumen-adierazpen estrategiko hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik kontatzen hasita. Epe hori igarotakoan, Plana ez bada onartu, ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia amaituko da, eta hortik aurrera ez du ondoriorik izango. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, non eta ez den ingurumen-adierazpen estrategikoaren epea luzatzea adosten. Hori guztia, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluarekin bat etorriz.
Hirugarrena.– Ebazpen ha Bergarako Udalari jakinaraztea.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 27a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.
RSS