Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

120. zk., 2025eko ekainaren 26a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
2864

59/2025 EBAZPENA, 2025eko ekainaren 17koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak eta Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailak sinatutako kudeaketa-gomendioari buruzko akordioa, ente horrek kudeatutako zuzenbide publikoko diru-sarrerak biltzeko.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak eta Ogasun eta Finantza Sailak aipatutako akordioa sinatu dute, eta, beharrezko publikotasuna emateko xedez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak eta Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailak izenpetutako kudeaketa-gomendioari buruzko akordioaren testua, ente horrek kudeatutako zuzenbide publikoko diru-sarrerak biltzeko sinatua eta ebazpen honen eranskinean jasotzen dena.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 17a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IŃAKI URBINA GARCÍA DE VICUŃA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN EKAINAREN 17KO 59/2025 EBAZPENARENA
ESKU HARTZEN DUTE:

Batetik, Noël d´Anjou Olaizola jauna, Ogasun eta Finantzetako sailburua den aldetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkari legez, Jaurlaritzaren Legeari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. artikuluan eta Ogasun eta Finantza Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 313/2024 Dekretuaren 1.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Bestetik, Francisco Pedraza Moreno jauna, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari den aldetik, ente horren izenean eta hura ordezkatuz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Estatutuak onartzen dituen apirilaren 29ko 94/2025 Dekretuaren 14.1 artikuluarekin bat etorriz.

Bi alderdiek Akordioa sinatzeko lege-gaitasun nahikoa aitortu diote elkarri, eta, horren ondorioz, honako hau

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– Enpleguari buruzko 15/2023 Legearen 90. artikuluaren arabera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa zuzenbide pribatuko ente publikoa da, izaera juridiko propioa eta bere xedeak betetzeko eskumen osoa dauzkana, eta Eusko Jaurlaritzan enplegu-arloko eskumena duen sailari atxikita dago. 2025eko ekainaren 1ean pasa da ente izatera, bat eginez Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Estatutuak, apirilaren 29ko 93/2025 Dekretuan onartuak, indarrean sartu ziren datarekin.

Bigarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren eginkizunen artean, zeinak abenduaren 31ko 15/2023 Legearen 92.1 artikuluan eta estatutuen 4. artikuluan aurreikusten baitira, honako hauek daude: enplegu-programen, lan-prestakuntzaren, autoenplegu-sustapenaren eta enpresa-sorreraren kudeaketa; Diru-sarrerak Bermatzeko eta Inklusiorako Euskal Sistemaren prestazioen tramitazioa; zehatzeko ahala egikaritzea bere eskumeneko lan eta prestazio ekonomikoen arloan (jarduera hori administrazio-zuzenbidearen mende geratzen da).

Hirugarrena.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusia Antolatzeko Arauei buruzko Legearen testu bateginaren 32 artikuluaren arabera, zuzenbide publikoko diru-sarreratzat hartzen dira prestazio ekonomiko, dirulaguntza eta zehapenen ondorioz itzuli beharreko kantitateak, baita aipaturiko arau-testuaren 31. artikuluaren 2 paragrafoan aipaturiko beste edozein diru-sarrera ere.

Laugarrena.– Urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamenduaren 10. artikuluaren arabera (hemendik aurrera Diru-bilketa Erregelamendua) zuzenbide pribatuko ente publikoek, ahal publikoak egikaritzen dituztenean, salbuespenik gabe erabili beharko dituzte diruzaintza-arloko sail eskudunak haien esku jartzen dituen programa eta aplikazio elektronikoak zuzenbide publikoko sarreren erregistro eta kobrantza automatizatua egiteko, borondatezko epean zein epe exekutiboan.

Bosgarrena.– Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak ez dauka behar beste bitartekorik dirua itzultzeko prozeduren esparruan aipaturiko zerbitzu publikoko diru-sarrerak premiamendu bidez kobratzeko, ezta borondatezko epean diru-sarreren kobrantza entearen kontu propioetan erregistratzeko ere; beraz, jarduera hori entitate bati gomendatu behar zaio, beharrezko diren bitarteko horien jabe izanik aipaturiko jarduera espezialitate-baldintzarik onenetan burutu ditzan.

Seigarrena.– Ogasun eta Finantza Sailari, Finantza Politika eta Gizarte Aurreikuspen Zuzendaritzaren bidez, dagozkio, besteak beste, honako hauek: bera titular den finantza-kontuak berdinkatzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren zuzenbide publikoko diru-sarreren bilketaren kudeaketa egitea epe exekutiboan, diru-bilketaren erregelamenduak emandako ahalmenaren eta sail horren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen dekretuaren arabera.

Zazpigarrena.– Ogasun eta Finantza Sailak baditu diru-sarrera publikoak ongi kudeatzeko beharrezko diren bitarteko elektronikoak, hala nola: «SIPCA Administrazioaren Ordainketa eta Kobrantzen Sistema Integrala», Euskal Administrazioaren Ordainketa Pasabidea eta «EIKA Kontabilitate Zerbitzua». Era berean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren beharrak efikaziaz, azkar eta arrazionaltasun administratiboaz atenditzeko behar besteko antolamendua eta bitartekoak ditu. Horrek guztiak berresten du komenigarria dela SIPCA erabiltzea, horren bidez kontrola eta identifikatu ahal izateko kobrantza-likidazioak borondatezko epean, Lanbideko diru-sarreretarako sistema informatikoetatik datozenak, eta sail horri gomendatzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren kredituen (garatzen duen ekintza publikotik eratorriak) bilketa kudeatzea epe exekutiboan.

Zortzigarrena.– Azaldutako arrazoiak oinarri hartuta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Ogasun eta Finantza Sailak, bat etorriz Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 29. artikuluarekin eta Sektore Publikoaren Araubide juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluarekin, akordio hau sinatzea adostu dute, zerbitzu-prestazioen ondoriozko zuzenbide publikoko diru-sarrerak (tributatzen ez dutenak) Ogasun eta Finantza Sailaren organoen bidez biltzeko; sail horrek, hala badagokio, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 40.4 artikuluak aipatzen dituen entitate publiko edo pribatuen laguntzarekin, kreditu horien bilketaren kudeaketa materiala egingo du, honako hauen arabera:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Akordioaren xedea eta araubide juridikoa:

Akordio honen xedea da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren eta Ogasun eta Finantza Sailaren arteko kudeaketa-gomendioa erregulatzea zuzenbide publikoko diru-sarrerei dagokienez.

Esparru horretan, Ogasun eta Finantza Sailak ardura hauek hartzen ditu bere gain:

Borondatezko epea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren esku jarriko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiaren banku-kontuak, zordunek dagozkien ordainketak egin ditzaten. Era berean, kobrantzak identifikatu, eragiketak erregistratu eta banku-kontuak berdinkatuko ditu.

Epe exekutiboa: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzenbide publikoko diru-sarreren bilketa exekutiboa kudeatuko du.

Akordio honek araudi honi jarraituko dio:

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusia Antolatzeko Arauei buruzko Legearen testu bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketarako Erregelamendua eta berau garatzeko eman diren edo eman daitezkeen gainerako xedapenak.

47/2003 Aurrekontuen Lege Orokorra, azaroaren 26koa, eta 58/2003 Zergen Lege Orokorra, abenduaren 17koa, oinarrizko izaera duten edo Euskal Autonomia Erkidegoan zuzenean aplikatu behar diren puntuetan.

3/2022 Legea, maiatzaren 12koa, Euskal Sektore Publikoarena.

39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.

40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa.

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

2008ko apirilaren 11ko Agindua, Ogasun eta Administrazio Publikoaren sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren diru-bilketa kudeatzeko lankidetza-zerbitzua erregulatzen duena.

2008ko apirilaren 11ko Agindua, Ogasun eta Administrazio Publikoaren sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren organismo autonomoen zuzenbide publikoko diru-sarreren erregistro eta kobrantza automatizatuak Administrazioaren Ordainketa eta Kobrantzen Sistema Integralaren bidez egitea erregulatzen duena.

2008ko apirilaren 11ko Agindua, Ogasun eta Administrazio Publikoaren sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren zuzenbide publikoko diru-sarreren ordainketa ordainketa-pasabidearen bidez egitea erregulatzen duena.

Akordio honen klausulak.

Bigarrena.– Ezarpen-eremua.

Akordio honen xede den eskubideen diru-bilketa exekutiboaren kudeaketa Estatu osoan egingo da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko izaera publikoko eskubideen diru-bilketa exekutiboa egiteko erabiltzen diren informazio-baliabide eta prozedura tekniko berberak erabiliko dira.

Hirugarrena.– Alderdien konpromisoak.

Gomendatzen den kudeaketa materiala honako jarduera hauetan gauzatuko da, kasu bakoitzean zehaztuko den hedadurarekin.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren organo eskudunari dagokio:

a) Borondatezko epean diru-bilketa kudeatzea, Diru-bilketaren Erregelamenduan aurreikusitako baldintzetan.

b) Biltzekoak diren zorren likidazioa dela-eta jartzen diren administrazio-errekurtsoak eta bestelako gorabeherak ebaztea.

c) Premiamendu-probidentziak egitea eta diru-bilketa bide exekutiboan egiteko eskumena duen Zuzendaritzari bidaltzea, kasuan kasuko pertsona eta entitate zordunen zerrendarekin batera.

d) Premiamendu-probidentzien aurka jarritako administrazio-errekurtsoak ebaztea, baita aurkaratutako egintza eteteko eskabideak tramitatu eta ebaztea ere, diru-bilketa bide exekutiboan egiteko eskumena duen Zuzendaritzari horren berri emanez (bermerik jarri bada, zenbatekoa izan den ere adierazi).

e) Kreditu kobraezinak deklaratzea.

f) Bidegabe kobratutako kopuruak itzultzea, horrela dagokionean.

g) Akordio honen xede diren eta lehiaketa-prozesuari lotuta dauden errekurtsoei buruzko kobrantza-eskubideen defentsa egitea.

h) Eman dituen egintzei eragiten dieten epai judizialak exekutatzea.

i) Premiamendu-prozeduraren bidez kudeatzeko bidalitako zorren preskripzioa deklaratzea, gomendatutako organoaren bidez.

j) Zorrak konpentsatzeko ebazpena ematea epe exekutiboan, Lanbidek hirugarren zordunari egin beharreko ordainketen kargura.

k) Erantzukizun solidarioa edo subsidiarioa deribatzeko administrazio-egintza ematea, gomendatutako organoak proposatuta.

2.– Honako hauek dagozkio Ogasun eta Finantza Sailari:

A) Borondatezko eta exekuzio epeetako kobrantzak kudeatzea:

a) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari erraztasunak emango dizkio Ogasun eta Finantza Sailarekin lankidetzan diharduten finantza-entitateen banku-kontuak erabil ditzan zuzenbide publikoko diru-sarrerak kobratzeko.

b) Aurreko paragrafoan aipatutako banku-kontuak berdinkatzea EIKAren bidez.

c) Kobrantzak dagozkien likidazioekin (borondatezko epean) edo ziurtagiriekin (epe exekutiboan) identifikatzea SIPCAren bidez.

d) Borondatezko epean eta epe exekutiboan bildutako zenbatekoak hilero likidatu eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak izendatutako kontu batera transferituko ditu, SIPCAren bidez.

e) SIPCAren eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren sistema informatikoen artean informazioa trukatzeko beharrezkoak diren fitxategi informatikoak sortzea.

B) Zuzenbide publikoko diru-sarreren bilketaren kudeaketa epe exekutiboan.

a) Zordunei jakinaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak emandako premiamendu-probidentziak, eta ediktu bidez argitaratzea egin ezin izan diren jakinarazpenak.

b) Enbargoekin eta gainerako izapide materialekin lotutako premiamendu-prozedurako jarduketak gauzatzea, horrela dagokionean, zorrak kobratzeko beharrezkoak diren enbargo-izapideak eginez, jakinaraziz, eta haien aurka jarritako berraztertze-errekurtsoak ebaztea.

c) Enbargatu daitezkeen ondasun, kreditu eta eskubideen gaineko informazioa eskatzea beste administrazio, finantza-entitate eta erregistro publiko batzuei.

d) Bermeak exekutatzea Diru-bilketarako Erregelamenduaren arabera.

e) Geroratze- eta zatikatze-eskaerak ebaztea epe exekutiboan eta ebazpenak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari jakinaraztea.

f) Premiamendu-bidean bildutako zordunketen berandutze-interesak likidatzea.

g) Kreditu kobraezinen deklarazioak eta birgaitzeak proposatzea.

h) Premiamendu-prozeduran eska daitezkeen hirugarrengotzak ebaztea.

i) Premiamendu-prozedura bertan behera uzteko eskaerak izapidetu eta ebaztea ordainketak egitera behartuta daudenek jarritako erreklamazio ekonomiko-administratiboetan.

j) Egin beharreko jarduerak egin ostean, Lanbide-Enplegu Zerbitzu Publikoari proposatzea erantzukizun solidario edo subsidiarioa ondorioztatzen den administrazio-egintza emateko, diru-bilketa bide exekutiboan egiteko eskumena duen Zuzendaritzak, Lanbide-Enplegu Zerbitzu Publikoaren eskubide publikoko zor bat biltzeko prozeduraren barruan, erantzukizuna ondorioztatu daitekeen kasuren baten berri duenean.

k) Zorren bilketa exekutiborako beharrezkoa den beste edozein jarduketa.

Laugarrena.– Prozedura:

A) Borondatezko epea.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak diru-bilketaren kudeaketa egingo du borondatezko epean, aplikatu beharreko araudian aurreikusitako baldintzetan.

Zuzenbide publikoko diru-sarrerak borondatezko epean biltzeko prozedura honako hau izango da:

a) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak likidazioak (ordainketa-gutunak) egingo ditu 913 eta 915 atzizkien bidez, «sortzapena kobratzean» sarrera-kontzeptupean. Likidazio horiek SIPCAn prozesatuko dira. Kobrantzak Euskal Autonomia Erkidegoko finantza-entitate laguntzaileen banku-kontuetan egingo dira.

b) Finantza-entitate laguntzaileek egunero bidaliko dizkiote kobrantzak SIPCAri.

c) SIPCAk likidazioekin identifikatuko ditu kobrantzak borondatezko epean.

d) «Sortzapena kobratzean» ez badira ordaintzen likidazioak ordaintzeko muga-egunetan, administrazio-espedienteak epe exekutiboan kobratzeko prozedura hasiko da. Espediente horiek bide exekutibora pasatzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak likidazioak egingo ditu «sortzapena jaulkipenean» izeneko sarrera-kontzeptupean, eta informazioa osatuko du zorrak epe exekutiboan kobratzeko behar diren datuekin.

e) SIPCAk bilduko ditu bilketa-prozesuan sortzen diren eragiketak, eta unean-unean jakinaraziko dizkie Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren sistema informatikoei, fitxategiak trukatzeko sistemaren bidez.

f) Borondatezko epean bildutako zenbatekoak hilero transferituko dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak izendatutako kontu batera.

g) EIKA sistema informatikoaren bidez berdinkatuko dira finantza-entitate laguntzaileen banku-kontuak.

Kobrantzen kudeaketari dagokionez, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren agindu hauetan ezarritako araudia aplikatuko da:

2008ko apirilaren 11ko Agindua, Ogasun eta Administrazio Publikoaren sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren diru-bilketa kudeatzeko lankidetza-zerbitzua erregulatzen duena.

2008ko apirilaren 11ko Agindua, Ogasun eta Administrazio Publikoaren sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren organismo autonomoen zuzenbide publikoko diru-sarreren erregistro eta kobrantza automatizatuak Administrazioaren Ordainketa eta Kobrantzen Sistema Integralaren bidez egitea erregulatzen duena.

2008ko apirilaren 11ko Agindua, Ogasun eta Administrazio Publikoaren sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren zuzenbide publikoko diru-sarreren ordainketa ordainketa-pasabidearen bidez egitea erregulatzen duena.

B) Epe exekutiboa.

1.– Diru-bilketaren kudeaketa epe exekutiboan hastea:

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko organo eskudunak egingo ditu premiamenduzko administrazio-prozedura abiatzeko beharrezkoak diren exekuzio-tituluak, Diru-bilketarako Erregelamenduaren arabera eta gutxienez erregelamendu horretan zehaztutako datuak jasoz.

Erreklamaziorik egin behar izanez gero, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak hilean behin bidaliko dio Ogasun eta Finantza Sailari, honek zehaztutako bitartekoak erabilita, premiamendu-probidentzia duten zorrak jasotzen dituen fitxategi bat, eta, onartu aurretik, diru-bilketa bide exekutiboan egiteko eskumena duen Zuzendaritzako zerbitzuek aldez aurretik balioztatuko dute bidalketaren edukia. Fitxategi horren ezaugarri teknikoek bat egin beharko dute Administrazioaren Ordainketa eta Kobrantzen Sistema Integralean ezarritakoekin.

Ezingo dira bidali 12 euro baino gutxiagoko zorrak. Era berean, beste arrazoi batzuengatik baztertuko dira honako zor hauek: diru-bilketako Erregelamenduan eskaturiko daturik ez dutenak, preskribatutakoak, premiamendu-probidentzia eman aurretik zorduna hil eta preskribatzeko 4 hilabete baino gutxiago geratzen direnak barne, bai eta gomendatuaz bestelako eremu batekoak direnak ere.

Zorduna premiamendu-probidentzia eman ondoren hiltzen bada, gomendatutako organoak haren diru-bilketaren kudeaketarekin jarraituko du ondorengoekin.

Zorduna hartzekodunen konkurtsoan dagoenean, epe exekutiboan dirua biltzeko eskumena duen zuzendaritzak konkurtso-zorra atzera bota edo ezeztatuko du, dagokionaren arabera, zorra borondatezko epean ordaintzeko epemuga konkurtso-deklarazioaren data baino geroagokoa den kasuetan.

Zorra konkurtsoko edo masaren aurkako gisa zehazteko, zorraren sortze-data hartuko da kontuan.

Zorrak lurralde erkidean biltzeko, Lanbidek premiamenduz ordaindu gabekoen zerrenda bidali beharko du, Zerga Administrazioko Estatu Agentziak (ZAEA) Diru-bilketa Exekutiborako Hitzarmenean eskatutako baldintza teknikoekin (hitzarmen hori 2007ko uztailaren 30ean izenpetu zuten Zerga Administrazioko Estatu Agentziak eta Euskal Autonomia Erkidegoak). Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko zordunentzako premiamendu-probidentzien jakinarazpenei dagokienez, Ogasun eta Finantza Sailarekin koordinatu beharko da, jakinarazten den titulu exekutiboaren autentikotasuna eta osotasuna egiaztatzeko mekanismo zehatzak ezartzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuz (egiaztapen-kode segurua).

Datuak zuzenak ez badira, horrek izan ditzakeen ondorioen erantzulea gomendioa egiten duen bera izango da, baldin eta ondorio horiek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari egotzi ahal zaizkion akatsengatik badira.

Diru-bilketa bide exekutiboan egiteko eskumena duen zuzendaritzak izapidetuko du zor horiek bide exekutiboan biltzeko prozedura, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketarako Erregelamenduan ezarritakoaren arabera.

Behin zorrak biltzeko kudeaketa amaituta, bildutako zenbatekoa Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak adierazitako kontura transferituko da, hilero:

2.– Atzerapen eta zatikatzeak.

Diru-bilketa bide exekutiboan egiteko eskumena duen zuzendaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren aldeko zorrak kobratzeko aplikatzen dituen denborazko irizpide eta irizpide kuantitatibo berberei jarraituz emango dira. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari atzerapen-eskabideak aurkezten zaizkionean, diru-bilketa bide exekutiboan egiteko eskumena duen Zuzendaritzari bidaliko zaizkio eskabideok, gehienez ere eskaera aurkeztu denetik hamar egun naturaleko epean.

3.– Prozeduraren kostuak.

Premiamendu-prozeduraren kostutzat hartzen dira zerga-bilketako jardunaren ondorioz sortzen diren gastu guztiak, Diru-bilketarako Erregelamenduan zehaztutako moduan.

Eragindako kostuak, zordunei kobratu ezin zaizkienean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren kontu geratuko dira; zehazki, hilero Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren kontura egin beharreko transferentziatik kenduko dira.

4.– Prozedura etetea.

Errekurtsoak eta erreklamazioak jartzeagatik prozedurak etengo diren kasuak eta baldintzak Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren aldeko zorretarako berberak izango dira.

5.– Premiamendu-errekargua aldatzea.

Premiamendu-probidentzian premiamendu-errekargu arrunta likidatu denean, eta errekargu exekutiboa aplikatzea dagokionean azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bitartez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 40.bis artikuluan aurreikusitakoaren arabera, Ogasun eta Finantza Sailak hasiera batean likidatutako errekargua murriztuko du.

Bosgarrena.– Datuen babesaren arloko betebeharrak.

Ogasun eta Finantza Sailak sarbidea izango du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bidaltzen dizkion eta diru-bilketarako garrantzia duten datuetara, Akordio honetan ezartzen dena betetzeko, Zergei buruzko abenduaren 17ko 58/2003 Lege Orokorraren 95.1.b) artikuluak xedatzen duenaren babesean.

Nolanahi ere, Ogasun eta Finantza Saila izango da kudeaketa-gomendioa exekutatuz Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren kontura eskura ditzakeen datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoa aplikatuko zaio. Ondorio horietarako, aipatutako erregelamenduaren 28. artikulua betez, Akordio honekin batera datuen babesaren arloko kontratua sinatu beharko da.

Era berean, alderdiek konpromisoa hartzen dute beharrezko diren neurri teknikoak eta antolakuntzakoak hartzeko, datu pertsonalen segurtasuna bermatzeko eta datu horiek aldatzea, galtzea edota baimendu gabeko tratamendua edo sarbidea ematea saihesteko. Era berean, konpromisoa hartzen dute beste alderdiak emandako datu eta informazio guztien konfidentzialtasuna gordetzeko, datu eta informazio horiek Akordio honen xedea betetzeari buruzkoak direnean. Alderdiek isilpean gorde beharko dute informazio hori, eta ezin izango zaio eman Akordioaren parte ez den inongo pertsona fisiko edo juridikori, dela osorik dela partzialki, salbu eta legalki aurreikusitako kasuetan eta forman.

Seigarrena.– Zerbitzuaren kostua.

Kudeaketa-gomendio honetan zehaztutako diru-bilketa zerbitzua epe exekutiboan emateagatik Ogasun eta Finantza Sailak bildutako zenbateko osoaren % 14 jasoko du, prozedurako kostu gisa bildutako kopuruak albo batera utzita.

Zazpigarrena.– Jarraipen Batzordea.

Sinatutako Akordioaren jarraipena egiteko batzorde bat eratuko da alderdi sinatzaileen ordezkariekin. Batzordeak Akordioarekin lotutako betebeharrak behar bezala betetzen direla zainduko du eta beharrezkoak diren neurri eta zehaztapen tekniko guztiak ezarriko ditu egin beharreko jarduerak behar bezala egingo direla bermatzeko. Era berean, eskumena izango du Gomendio Akordio honen xedapenak interpretatzean eta betetzean sor litezkeen eztabaida, zalantza eta auzi guztiak aztertu eta ebazteko.

Batzordea alderdietako batek hala eskatuta bilduko da, behar beste aldiz, Akordioa aplikatzeak eragin ditzakeen zalantzak edo zailtasunak argitzeko, edo hura abian jartzeko behar diren hobekuntza operatiboak sartzeko.

Jarraipen Batzordeak, funtzionamenduari eta araubide juridikoari dagokienez, klausula honetan berariaz ezarrita ez dagoen guztian, Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legean eta Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean kide anitzeko organoei buruz xedatutakoari jarraituko dio.

Zortzigarrena.– Eskumenaren titulartasuna.

Kudeaketa-gomendio honen bidez ez da lagako eskumenen gaineko titulartasunik, ezta horiek erabiltzeko funtsezko elementurik ere.

Bederatzigarrena.– Indarraldia.

Kudeaketa-gomendioaren Akordio honek lau urteko indarraldia izango du formalizatzen denetik aurrera. Indarraldia amaitu aurretik, alderdi sinatzaileek hitzarmena luzatzea adostu ahalko dute, beste lau urterako gehienez, edota hitzarmena azkentzea. Era berean, azkendu ahalko da, baldin eta alderdietako batek Akordio honi jarraikiz hartu dituen konpromisoak betetzen ez baditu.

Bi alderdiek edukiarekin ados daudela adierazten dute, eta, hala jasota gera dadin, Akordio hau sinatzen dute, elektronikoki, eta azken sinatzaileak dokumentua izenpetzen duen eguna hartuko da dokumentu honen formalizazio-eguntzat.

Vitoria-Gasteizen, azken sinadura elektronikoaren datan (2025eko ekainaren 16).

Ogasun eta Finantza Saila:

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

NOËL D'ANJOU OLAIZOLA.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa:

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusia,

FRANCISCO PEDRAZA MORENO.


Azterketa dokumentala