
120. zk., 2025eko ekainaren 26a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (153 KB - 3 orri.)
- EPUB (105 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
OGASUN ETA FINANTZA SAILA
ONGIZATE, GAZTERIA ETA ERRONKA DEMOGRAFIKOAREN SAILA
2862
AGINDUA, 2025eko ekainaren 16koa, Ogasun eta Finantzetako sailburuarena eta Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuarena, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saileko Kontratazio Mahaiaren osaera ezartzen duena.
Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren araubidea ezartzeko uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuak 6. artikuluan ezartzen duenez, Administrazio Orokorrean, hura osatzen duten sailetako titularrak izango dira kontratazio-organoak, eta, Administrazio Orokorrekoak ez diren organismo autonomoetan eta gainerako erakundeetan, berriz, ordezkaritza gorena duten organoak, salbu eta horri buruzko aurreikuspen espezifikorik badago egitura organiko eta funtzionalari buruzko dekretuetan edo erakunde horiek sortzeko edo haien funtzionamendua arautzeko arauetan.
Era berean, 8. artikuluan adierazten denez, kontratatzeko eskumena kontratazio-batzorde batena denean izan ezik, kontratazio-organoek kontratazio-mahai baten laguntza izango dute prozedura irekietan, mugatuetan eta prozedura negoziatu publizitatedunetan. Kontratazio-mahai hori izango da eskaintzak baloratzeko eskumena izango duen organoa, eta mahai hori eratzea aukerakoa izango da kontratazio-organoarentzat lizitazio-iragarkirik argitaratu beharrik ez duten prozedura negoziatuetan. Eta aurreikusten du, gainera, kontratazio-mahaiko kideak modu iraunkorrean izendatzen badira, kontratazio-arloan eskumena duen saileko titularraren eta dagokion saileko titularraren edo erakundea atxikita dagoen saileko titularraren baterako agindu bidez zehaztuko dela mahaiaren osaera, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dela.
Bestalde, Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren funtzioak eta jardun-arloak ezartzen ditu 15. artikuluan, eta haren egitura Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 320/2024 Dekretuan zehazten da.
Horregatik guztiagatik, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren Kontratazio Mahaiaren osaera zehaztu behar da.
Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordeak txostena egin ondoren, honako hau
XEDATZEN DUGU:
Artikulu bakarra.– Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren kontratazio-mahaia.
1.– Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren kontratazio-organoek kontratazio-mahai baten laguntza izango dute esleipen-prozedura irekietan, mugatuetan eta negoziatu publizitatedunetan. Mahai horrek Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren araubidea ezartzeko uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren 9. artikuluan aurreikusitako eginkizunak beteko ditu.
2.– Mahaiak kide hauek izango ditu eta kontratazio-organoak izendatuko ditu, Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren ordezkaria izan ezik:
a) Batzordeburua: saileko Administrazio eta Zerbitzuen arduraduna. Kargua hutsik badago, bertaratu ez bada, gaixorik badago edo legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada, saileko Aholkularitza Juridikoko Arloko arduradunak ordezkatuko du.
b) Batzordekideak:
– Kontratazioa sustatzen duen zuzendaritzaren ordezkari bat, kontratazio-organoari aholkularitza teknikoa emateko eginkizuna izango duena.
– Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren ordezkari bat, bulegoaren titularrak izendatua.
– Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) arloko zuzendaritza eskudunaren ordezkari bat, martxoaren 10eko 36/2020 Dekretuan aurreikusitako kasuetan (36/2020 Dekretua, martxoaren 10ekoa, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoan informazioaren eta komunikazioaren teknologiak kudeatzeko eredua).
c) Idazkari bokal-aholkulari juridikoa: zuzenbidean lizentziaduna den pertsona bat, Zerbitzu Zuzendaritzako Kontratazio Zerbitzuari atxikia. Kontratazio-organoari aholkularitza juridikoa emango dio, eta kontratazio-mahaiko idazkari-lanak egingo ditu. Hitza eta botoa izango ditu.
3.– Aukeran, eta kontratazio-organoak eskatuta, artikulu honetan eratutako kontratazio-mahaiko kide izan ahalko da Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzaren ordezkari bat, haren titularrak proposatua eta kontratazio-organoak izendatua.
4.– Aurreko paragrafoetan zehaztutakoaren arabera eratutako kontratazio-mahaiak eskumena izango du, halaber, bere esku-hartzea nahitaezkoa ez izan arren kontratazio-organoak hala erabakitzen duen esleipen-prozeduretan esku hartzeko.
5.– Nolanahi ere, osaera eta kideen identifikazioa kontratuaren administrazio-klausula partikularren agirian jasoko dira, eta dagokion kontratazio-organoaren kontratatzailearen profilean argitaratuko da, kontratatzeko gaitasuna eta kaudimen- edo sailkapen-baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten agiriak kalifikatzeko egin behar duen bilera baino hamar egun lehenago, gutxienez.
6.– Kontratazio-mahaiko kideak izendatzean, kontuan hartuko da Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan behar besteko hizkuntza-gaitasuna izatea, eta gizonen eta emakumeen arteko oreka bilatuko da.
Kontratazio-mahaiko kideek hizkuntza ofizialetako edozeinetan hitz egin ahal izango dute beren eginkizunetan. Euskararen normalizaziorako bidean aurrera egiteko, eta kontratazio-mahaiak hala erabakitzen badu, deialdiak, aktak, ziurtagiriak eta gainerako testu idatziak euskaraz egin ahal izango dira. Nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen erabilera bermatuko da.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA.– Indarrean jartzea.
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 16a.
Ogasun eta Finantzetako sailburua,
NOËL D'ANJOU OLAIZOLA.
Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua,
NEREA MELGOSA VEGA.
RSS