
120. zk., 2025eko ekainaren 26a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (241 KB - 16 orri.)
- EPUB (154 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
2861
AGINDUA, 2025eko ekainaren 10ekoa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez ezartzen baita dirulaguntzak emateko araubidea 2025ean egin edo hasiko diren kirol-lehiaketa ofizialetan parte hartzeko, nazioarteko eremua eta izaera dutenetan, kategoria absolutuan, eta emakumezkoen taldeko kirolen estatu mailako ligetan, kategoria absolutuan.
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, agindu honen bidez, dirulaguntza-lerro bat ezartzen du kirol-entitateei kirol-lehiaketetan parte hartzen laguntzeko; zehazki, nazioarteko eremua eta izaera duten kirol-lehiaketa ofizialetan, kategoria absolutuan, eta emakumezkoen taldeko kirolen estatu mailako ligetan, kategoria absolutuan.
Eusko Jaurlaritzaren ustez, nazioarteko kirol-lehiaketetan parte hartzeak berebiziko garrantzia dauka, eta funtsezkoa da euskal kirolak nazioartean presentzia izateko, bai eta kirolaren praktika orokorra bultzatzeko ere. Horregatik egiten da deialdi hau, hain zuzen ere. Emakumezkoen kirolak duen garrantziaren isla ere bada deialdia, eta, haren bidez, sustatu nahi da euskal taldeek emakumezkoen maila goreneko lehiaketetan parte hartzea, bai eta kirolaren praktika orokorra sustatzea ere.
Euskadiko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren martxoaren 30eko 2/2023 Legearen arabera, goi-mailako kirola interes publikokoa da; izan ere, funtsezko faktorea da Euskal Autonomia Erkidegoko kirolaren garapenean, oinarrizko kirola sustatzeko eragingarri gisa duen garrantziagatik eta Estatuko eta nazioarteko kirol-lehiaketa ofizialetan betetzen duen ordezkaritza-funtzioagatik. Legeak, gainera, Autonomia Erkidegoko erakunde komunei ematen die goi-mailako kirola antolatzeko eta sustatzeko eskumena.
Agindu hau Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Dirulaguntzen 2025-2028 urteetarako Plan Estrategikoaren eta 2025eko Dirulaguntzen Urteko Planean txertatuta dago. Bi plan horiek Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2025eko otsailaren 27ko Aginduaren bidez onartu ziren, eta aipatutako sailaren web-orrian argitaratu dira.
Kontuan hartuta zer xedatzen duen Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onesten duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren II. tituluaren IV. kapituluak, modu aktiboan hartuko da aintzat emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren helburua, dirulaguntza-programa hau landu eta aplikatzeko orduan.
Horrenbestez, beharrezkoa da kirol-jarduerek dirulaguntzak jaso ahal izateko baldintzak eta irizpideak finkatzea, bai eta laguntza horiek eskatzeko, izapidetzeko eta emateko arauak finkatzea ere.
Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Ebazpen honen I. eranskinean jasotako oinarriak onartzea, eta dirulaguntzen deialdia egitea, 2025ean egin edo hasiko diren kirol-lehiaketa ofizialetan parte hartzeko, nazioarteko eremua eta izaera dutenetan, kategoria absolutuan, eta emakumeen taldeko kirolen estatu mailako ligetan, kategoria absolutuan.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote entitate interesdunek Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 10a.
Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.
I. ERANSKINA
OINARRIAK
1. artikulua.– Xedea.
1.– Agindu honetan, dirulaguntzak emateko araubidea ezartzen da 2025. urtean egin edo hasiko diren eta artikulu honetako baldintzak betetzen dituzten kirol-lehiaketetan parte hartzeko; zehazki, nazioarteko eremua eta izaera duten kirol-lehiaketa ofizialetan, kategoria absolutuan, eta emakumezkoen taldeko kirolen estatu mailako ligetan, kategoria absolutuan.
Agindu honen ondorioetarako, nazioarteko lehiaketa ofizialtzat hartuko dira nazioarteko federazio baten, Europako federazio baten edo nazioarteko liga profesional baten egutegi ofizialean sartuta dauden lehiaketak. Emakumezkoen taldeko kirolen estatu mailako ligak eta kategoria absolutukoak izango dira dagokion federazioaren edo liga profesionalaren egutegi ofizialeko maila gorenekoak. Era berean, taldeko kiroltzat hartzen dira kirolarien arteko lankidetza eta aurkakotasuna dakarten egoerak dituzten kirolak, non kirolariek elementu mugikor baten bidez etengabe eragiten baitiote elkarri.
Lehiaketa horiek goi-mailako kirola sustatzera bideratuta egon behar dute. Ez da dirulaguntzarik emango funtsean partaidetzako kirola sustatzera bideratuta dauden jardueretarako (jolaserako, aisiarako eta osasunerako kirola), ez eta selekzioek parte hartzen duten kirol-lehiaketetarako ere.
2. artikulua.– Laguntza-lerroak eta aurrekontu-zuzkidura.
1.– Deialdi honetako dirulaguntzetarako, gehienez ere, zazpiehun mila euro daude (700.000,00), dirulaguntza-lerroka honela banatuta:
a. Laurehun eta hogei mila (420.000,00) euro nazioarteko esparrua eta izaera duten kirol-lehiaketa ofizialetan kategoria absolutuan parte hartzeko dirulaguntzetarako; horietatik, 210.000 euro 2025erako ordainketa-kredituari dagozkio, eta 210.000 euro, 2026rako konpromiso-kredituari.
b. Berrehun eta laurogei mila (280.000,00) euro emakumezkoen taldeko kirolen estatu-mailako ligetan parte hartzeko dirulaguntzetarako; horietatik 140.000 euro 2025erako ordainketa-kredituari dagozkio, eta 140.000 euro, 2026rako konpromiso-kredituari.
Lerro bakoitzean adierazitako zuzkidura dena dela ere, eskabiderik ez dagoelako edo eskakizunak betetzen ez dituztelako lerroetako batean ezarritako diru-kopurua agortzen ez bada, kreditu-soberakin hori beste modalitateetarako zenbatekoa handitzeko erabiliko da, betiere delako lerro hori artean ebatzi gabe badago.
2.– Aurkeztutako eskabideak dagokien prozeduraz izapidetuko dira deialdiko laguntza-lerro bakoitzean, eta eskabide bakoitza ebatzita entitate interesdunek planteatu dituzten gai guztiak ere ebatziko dira.
3. artikulua.– Entitate onuradun izateko betekizunak.
1.– Honako hauek soilik eskuratu ahal izango dituzte agindu honetan araututako dirulaguntzak: kirol-klubek, kirol-elkarteek eta kirola helburu duten nortasun juridikodun entitateek, baldin eta haien zerga-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan badago, eta legez eratuta eta dagokien erregistroan inskribatuta badaude. Kirol-federazioek ezingo dituzte dirulaguntza hauek eskuratu.
2.– Ezin izango dute dirulaguntzarik jaso Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan jasotako egoeraren batean dauden entitateek.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 7.3 artikuluaren 2. paragrafoan xedatutakoaren arabera, ezin izango da deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzarik eskuratu sexuan oinarritutako arrazoiengatik diskriminatzaileak diren jardueretarako. Lege horren 13.1.h) artikuluaren arabera, halaber, ezingo dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean eduki behar duten baina halakorik ez duten enpresek, ezta 50 langiletik gorako enpresek ere, baldin eta egiaztatzen ez badute sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurriak ezarri dituztela, Estatuko legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunari buruz ezarritakoaren arabera.
Era berean, ez zaio dirulaguntzarik emango, ez zuzenean ez zeharka, LGTBIfobia egiten, bultzatzen edo sustatzen duen inongo pertsona fisiko edo juridikori –publikoa, pribatua edo finantzaketa mistokoa izan–, konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea ere barne hartuta, otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz (lege hori Trans pertsonen benetako berdintasun eraginkorra lortzekoa eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzekoa da).
Ezin izango dute dirulaguntzarik eskuratu Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak lehiaketa bererako bideratutako dirulaguntza izendunak jasotzen dituzten entitateek.
3.– Kategoria absolutuko emakumezkoen estatu mailako ligei dagokienez, entitate eskatzaileek parte hartu beharko dute nazioarteko lehiaketetan parte hartzeko aukera dakarten maila goreneko estatu mailako lehiaketetan. Gainera, entitate eskatzaileak gutxienez hirurehun mila (300.000) euroko aurrekontua izan behar du emakumeen kirolera bideratua, futbol-ligak kanpoan utzita.
4. artikulua.– Dirulaguntza emateko prozedura.
1.– Kategoria absolutuko emakumeen estatu mailako ligen kasuan, dirua bananduko da 1. eta 3. artikuluetako betekizunak bete eta eskatutako dokumentazioa aurkezten duten entitate eskatzaileen artean.
2.– Gainerako eskabideen kasuan, laguntzen zenbatekoa zehazteko, norgehiagoka-prozedura erabiliko da. Alegia, agindu honen 2.1.a) artikuluan adierazitako diru-kopuru osoa eskabideek, 11. artikuluan ezarritako irizpideak aplikatuta, balorazio-fasean lortu duten puntuazioaren arabera banatuko da proportzionalki, betiere errespetatuta ezarritako gehieneko diru-kopurua edo, txikiagoa bada, eskatutako kopurua.
3.– Entitate eskatzaile bakoitzak, gehienez ere, laurogeita hamar mila (90.000) euroko dirulaguntza jaso ahal izango du, edozein dela ere lerroa. Halaber, banakako diziplinen kasuan, kirolari bakoitzak, gehienez, hamar mila (10.000) euro jasoko du, guztira.
4.– Futbol Profesionaleko Ligan, Asobal ligan edo ACBn parte hartzen duten entitate onuradunei agindu honen 2.1.a) artikuluan ezarritako aurrekontu-zuzkidura osoaren % 5 banatuko zaie, gehienez.
5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Agindu honetan araututako dirulaguntzetarako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
2.– Entitateek dirulaguntza bide elektronikotik izapidetu behar dute nahitaez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.
3.– Entitate interesdunek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztuko dute eskabidea (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0130015 nazioarteko lehiaketen kasuan, eta https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0130016 emakumezkoen estatu mailako ligen kasuan). Hor eskuragarri daude, halaber, bide elektronikoz izapidetzeko zehaztapenak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak.
Eskabidearen ondorengo izapideak –jakinarazpenak barnean direla– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bideak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/
Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
4.– Entitateek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten eran. Halaber, prozeduran zehar, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
5.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak, hargatik eragotzi gabe agindu honen azken xedapenetako lehenengoan jasotako aurreikuspena.
6.– Entitate eskatzaileek eskabide bakarra aurkeztu beharko dute kirol-modalitate bakoitzeko. Bat baino gehiago aurkezten badituzte, dagokiona zuzentzeko eskatuko zaie. Bi dirulaguntza-lerroetara aurkezten diren entitateek eskabide bana aurkeztu beharko dute.
6. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzko Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 12ko Aginduaren 6.2 artikuluaren arabera, organo kudeatzaileak, elkarreragingarritasun-zerbitzuen bitartez, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela egiaztatzeko agiriak eskatuko ditu; hau da, zerga-organo eskudunek edo Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak hurrenez hurren emandako administrazio-ziurtagiri positiboak eskatuko ditu. Hala ere, eskatzailea horren aurka agertu ahal izango da, arrazoiak emanez, baina, kasu horretan, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.
2.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.5 artikulua aplikatuz, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, honako baldintza hauek egiaztatuko dira eskaera-orri normalizatuan:
a) Eskatzaileak ez du zorrik Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren entitateekin betearazpen-aldian dirulaguntzak itzuli behar izateagatik, eta egoera horretan gerta litekeen edozein aldaketa jakinaraziko duela emandako dirulaguntza osoa justifikatu arte.
b) Helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso badira beste edozein administraziotatik edo ente publiko zein pribatutatik, horren berri eman beharko da.
c) Jaso ditu edo ez ditu jaso –zer dagokion– Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko (EB) 2023/2831 Erregelamenduan ezarritako araubidearen mendeko laguntzak 2021., 2022. eta 2023. urteetan –Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak «de minimis» laguntzei aplikatzeari buruzkoa da erregelamendu hori–. Halako laguntzarik jasoz gero, zenbatekoa eta entitate emailea adierazi beharko ditu.
d) Entitate eskatzailea ez badago inskribatuta Eusko Jaurlaritzaren kirol-erakundeen erregistroan, legez eratuta dagoela eta dagokion erregistroan inskribatuta dagoela egiaztatu beharko du (eta erregistroaren izena adierazi).
e) Entitate eskatzaileak edozein hedapen-modutan adierazi beharko du Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza duela ekitaldian parte hartzeko, salbu eta dirulaguntza ekitaldia egin ostean ematen bada; kasu horretan, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik aurrera sortuko dituzten agirietan adierazi beharko dute hori.
f) Entitate eskatzaileak ez du izan behar dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera kentzen dion zigor administratibo edo penalik, ezta dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexu-diskriminazioaren ondoriozkoak barne.
g) Entitate eskatzaileak indarrean du berdintasun-plana, eta sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak ezarri ditu, edo, hala badagokio, ez dago dokumentazio hori edukitzera behartuta.
h) Dirulaguntza emateko arauetan eskatutako baldintzak betetzen ditu.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko inongo erregistro publikotan izena emanda ez dauden entitateen kasuan, eratze-eskritura eta estatutuak.
4.– Ordezkaritza egiaztatzeko, zuzenbidean baliozkoa den edozein bide erabili ahal izango da, baldin eta ordezkaritza badela modu sinesgarrian frogatzen badu.
7. artikulua.– Jarduera esplikatzeko dokumentazioa, eskabidearekin batera aurkeztu beharrekoa.
1.– Jarduerari buruzko memoria: telematikoki beteko da, eskabidearen dagokion atalean, informazio hau emanez:
– Baloratu beharreko lehiaketak edo liga. Bi aukeratuko dira, mailarik goreneko biak. Banakako kiroletan, bi proba aukeratuko dira, parte hartu behar den guztien artetik.
– Dena delako proba programa olinpikoan sartuta dagoen ala ez.
– Munduko federazio baten egutegi ofizialean jasota dagoen ala ez.
– Baloratu beharreko lehiaketan edo lehiaketetan kirolariek lortutako postua. Artean ez bada lehiaketa egin, aurreko urtean lehiaketa horretan edo maila horretako edo goragoko beste lehiaketa batzuetan (halakorik izanez gero) lortutako emaitzak egiaztatu beharko dira.
– Parte-hartzean izandako jarraitutasuna. Azken 10 urteetan, zenbat urtetan parte hartu duten nazioartean. Emakumezkoen estatu mailako ligen kasuan, azken 10 urteetan estatu mailako ligan izandako parte-hartzearen baliokidea.
– Lehiaketan goi-maila duten euskal kirolariak, Eusko Jaurlaritzaren edo Kirol Kontseilu Gorenaren zerrendetan hala aitortuak.
– Zenbat kirolari eta teknikari joan diren lehiaketara: zenbat egunetan aritu diren, eta non, eta zenbateko distantzia dagoen lehiaketaren lekura.
– Interesgarritzat jotzen den beste edozein datu.
2.– Dirulaguntzaren xede izango den proba edo liga barne hartzen duen nazioarteko federazioaren, Europako federazioaren edo nazioarteko profesionalen ligaren egutegi ofiziala, bai eta helbide bat ere, harremanetan jartzeko ekitaldia antolatzen duen entitatearekin eta dagokion nazioarteko federazioarekin, Europako federazioarekin edo nazioarteko ligarekin. Emakumezkoen estatu mailako ligaren kasuan, egutegi hori federazio edo liga profesional nazionalarena izango da.
3.– Kasuan kasuko federazioaren ziurtagiria, lehiaketan lortutako kirol-emaitza egiaztatzen duena. Artean ez bada lehiaketa egin, aurreko urtean lehiaketa horretan edo maila horretako edo goragoko beste lehiaketa batzuetan (halakorik izanez gero) lortutako emaitzak egiaztatu beharko dira.
4.– Kasuan kasuko nazioarteko federazioaren ziurtagiria, azken 10 urteetan nazioartean zenbat aldiz parte hartu duten egiaztatzen duena. Emakumezkoen estatu mailako ligen kasuan, azken 10 urteetan estatu mailako ligan izandako parte-hartzearen baliokidea.
5.– Espainiako kasuan kasuko federazioaren ziurtagiria, modalitate horretako EAEko kirol-federazioa Espainiakoan integratuta dagoela egiaztatzen duena, salbu eta modalitate horretako Espainiako federaziorik ez badago.
6.– Dirulaguntzaren xede den jardueraren aurrekontu orekatua, diru-sarrerak eta gastuak jasota; bitarteko telematikoz beteko da, eskabidearen dagokion atalean.
7.– Dagoeneko eginda dauden jardueretarako, egindako gastuak egiaztatzeko, agindu honen 16. artikuluan ezartzen diren dokumentu guztiak aurkeztu beharko dira.
8.– Onuradunek konpromisoa hartuko dute Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritza gonbidatzeko kirol-gertakariarekin loturiko ekitaldi publikoetan ager dadin, salbu eta ekitaldiaren ondoren ematen bada dirulaguntza, orduan gorabehera horren berri jaso beharko baitute laguntza ematen duen ebazpena jakinarazi ondoren sortuko den dokumentazioan.
9.– Eusko Jaurlaritzaren Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak dirulaguntza emateko beharrezkotzat jotzen dituen dokumentu osagarriak eskatu ahal izango ditu.
10.– Aurkezten diren dokumentuetan hizkuntza inklusibo eta ez-sexista erabili beharko da. Gainera, emandako datu guztiek sexuaren arabera bereizita egon beharko dute.
8. artikulua.– Eskabideetako eta dokumentazioko akatsak zuzentzea.
Eskabideak telematikoki aurkezten ez badira, eskabidea izapidetzeko eskatzen diren dokumentu batzuk falta badira edo horietan forma-akatsak badaude, edo akatsak badaude eskabidea baloratzeko aurkeztutako dokumentazioan, hamar egun balioduneko epea emango zaio entitate interesdunari hutsegitea konpontzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko, eta jakinaraziko zaio hori egiten ez badu ulertuko dela eskabidean atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela, dagokion ebazpena eman ondoren.
9. artikulua.– Dirulaguntza-programa kudeatzea.
Eusko Jaurlaritzaren Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak du agindu honetan araututako dirulaguntza-programa kudeatzeko eskumena.
10. artikulua.– Balorazio-batzordea.
1.– Balorazio-batzorde bat eratuko da aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko. Honako hauek osatuko dute Batzordea: Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzako Aholkularitza Juridikoaren arduradunak (batzordeburua izango da) eta Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak izendatutako arlo horretako bi teknikarik (horietako bat idazkaria izango da).
2.– Era berean, balorazio-batzordearen bileretara bertaratu ahal izango dira, hitzarekin baina botorik gabe, aztertu beharreko gaien inguruko jakintza espezifikoa duten pertsonak, batzordekideen gehiengoak onartuz gero.
3.– Balorazio-batzordea eratzeko, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onesten duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3.10 artikuluan ezarritakoa bete beharko da.
4.– Balorazio-batzordearen behin betiko osaera EHAAn argitaratuko da, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariaren ebazpen baten bidez, eratu aurretik interesdunek errefusatzeko duten eskubidea erabil ahal izan dezaten, legez ezarritako zehaztapen eta baldintzetan.
5.– Balorazio-batzordeak egokitzat jotzen dituen argibide guztiak eskatu ahal izango dizkie eskatzaileei, aurkeztutako eskabideak behar bezala aztertu ahal izateko beharrezkoa dela irizten badio; era berean, beharrezkotzat jotako txosten teknikoak ere eskatu ahal izango ditu.
6.– Batzorde horrek txostena egingo du, non zehaztuko baitu egindako ebaluazioaren emaitza. Organo kudeatzaileak, espedientea eta kide anitzeko organoaren txostena ikusi ondoren, ebazpen-proposamen arrazoitua egingo du, eta Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari helaraziko dio.
11. artikulua.– Baloratzeko eta hautatzeko irizpideak.
Deialdi honen 2.1.a) artikuluan zehaztutako lerroan jasotako eskabideak aztertuko ditu balorazio-batzordeak, eta zehazten diren alderdiak ebaluatuko ditu, baremo eta irizpide hauen arabera:
1.– Probaren maila (55 puntu, gehienez):
– Programa olinpikoa: 30 puntu, gehienez.
• Proba olinpikoa: 30 puntu.
• NBOk aitortutako nazioarteko federazio baten proba ez-olinpikoa: 7,5 puntu.
• NBOk aitortu gabeko nazioarteko federazio baten proba ez-olinpikoa: 0 puntu.
– Lehiaketa-maila: kategoria gorenekoa bada, 10 puntu. Bestela, 0 puntu.
– Egutegi ofiziala. Munduko federazio baten egutegi ofizialean jasota badago, 15 puntu. Bestela, 0 puntu.
2.– Kirolarien maila (10 puntu, gehienez).
– Azken 10 urteetan nazioartean parte hartzen izandako jarraitutasuna (5 puntu, gehienez).
• 7 parte-hartze baino gehiago azken 10 urteetan: 5 puntu.
• 4-7 parte-hartze azken 10 urteetan: 2,5 puntu.
• 1-3 parte-hartze edo gutxiago azken 10 urteetan: 0 puntu.
– Eusko Jaurlaritzaren edo Kirol Kontseilu Gorenaren goi-mailako kirolarien zerrendetan dauden euskal kirolariak (5 puntu, gehienez).
• Banakako kirolak: kirolari bat, 5 puntu.
• Talde-kirolak: 2 kirolari edo gehiago, 5 puntu; kirolari 1, 0 puntu.
3.– Aurrekontuari buruzko faktoreak. 2 lehiaketa, gehienez (25 puntu, gehienez).
– Lehiaketara joandako kirolarien eta teknikarien kopurua (15 puntu, gehienez): puntu 1 pertsonako, eta, gehienez, 15 puntu. Gehienez, kirolarien kasuan 13 puntu emango dira, eta, teknikarienean 2 puntu. Teknikari bat baloratuko da 7 kirolariko, eta gehienez 2 teknikari.
– Lehiaketa-tokira bitarteko distantzia (10 puntu, gehienez).
• Europa: 2,5 puntu.
• Afrika, Amerika, Asia: 6 puntu.
• Ozeania: 10 puntu.
4.– Lehiaketa- edo proba-kopurua. 2 lehiaketa, gehienez (10 puntu, gehienez).
– 2 lehiaketa: 10 puntu.
– Lehiaketa 1: 5 puntu.
Eskabide bakoitzeko, 2 lehiaketa baloratuko dira gehienez, eta entitate eskatzailea arduratuko da maila goreneko biak hautatzeaz.
5.– Emakumeak gutxi ordezkatuta dauden kiroletan emakumeen parte-hartzea sustatzen duten lehiaketak direnean: 20 puntu. Emakumeak gutxi ordezkatuta daudela joko da, baldin eta dagokion euskal federazioan emakumeen lizentzia-kopurua % 40tik beherakoa bada.
12. artikulua.– Laguntzen bateragarritasuna.
Agindu honetan ezarritako mugak eragotzi gabe, deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak izango dira beste edozein entitate publikok edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntza, laguntza, sarrera eta bestelako baliabideekin, betiere gainfinantzaketarik sortzen ez bada. Izan ere, gainfinantzaketarik sortuz gero, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztuko da, finantzaketa horretan eragiten duen neurrian.
13. artikulua.– Ebazpena.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko ebazpena Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eman eta jakinaraziko du organo kudeatzaileak helarazitako proposamena aztertu ondoren, sei hileko epean, deialdia egiteko agindu honek indarra hartzen duen egunetik aurrera. Ebazpen horren edukia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
2.– Ebazteko epea igarota entitate interesdunari ebazpena jakinarazi ez bazaio, eskabidea ezetsi dela ulertuko da, hala xedatzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan.
3.– Aurreko apartatuan esandakoa gorabehera, agindu honen 8. artikuluan xedatutakoa aplikatu behar bada, ebazpena emateko epea eten egingo da, izapide horrek eskatzen duen bezainbat denboraz, jakinarazpena jaso eta horri erantzuteko epearen arabera.
4.– Ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuak (Herritarrei arreta integral eta multikalana ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izatekoa) 88. artikuluan eta 39/2015 Legeak 43. artikuluan xedatutakoaren arabera, jakinarazpena egintzat joko da haren edukian sartzen den unean.
Jakinarazpenaren xede-egintza entitate interesdunaren edo, hala badagokio, haren legezko ordezkariaren edo baimendutako pertsonaren eskura jartzen denetik (aipatutako dekretuak adierazten duen helbide elektronikoan) hamar eguneko epea igarota, entitate edo pertsona horrek ez badu jakinarazpena eskuratu, ez onartutzat joko da. Halakoetan, izapidea gauzatutzat joko da, eta prozedurak aurrera jarraituko du, salbu eta, ofizioz edo pertsona edo entitate hartzaileak hala eskatuta, eduki horietara jotzeko ezintasun tekniko edo materialik egon dela egiaztatzen bada.
Entitateak gailu elektroniko bat edo helbide elektroniko bat eman ahal izango du jakinarazpenen abisuak jasotzeko. Ebazpena bitarteko elektronikoak erabiliz jakinaraziko da, «Nire karpeta» aplikazioaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
5.– Jakinarazten den ebazpenaren aurka, edo ebazteko epea igaro eta ebazpen espresurik eman ez bada, entitate interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoarekin bat. Dena dela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko aukera ere badute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean aurreikusitakoaren arabera.
14. artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea.
Bi alditan ordainduko da dirulaguntza. Lehenengo ordainketa 2025ean egingo da, dirulaguntza onartu ostean, 15.b) artikuluan ezarritako epea berariazko uko-egiterik gabe igaro ostean. Onartutako zenbatekoaren ehuneko berrogeita hamarrari dagokion zenbatekoa emango da lehenengo ordainketa horretan. Bigarren ordainketa, gainerako zenbatekoari dagokiona, 2026an egingo da, dirulaguntza 16. artikuluan xedatutako moduan justifikatu ondoren.
Entitate onuradunek egunean izan beharko dituzte zergen arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izan beharko dituzte. Baldintza hori betetzea nahitaezkoa izango da entitate onuradun izaten jarraitzeko, eta, beraz, dirulaguntza ematen den unean eta ordainketak egiten diren unean egiaztatuko da baldintza hori betetzen dela.
Administrazioak laguntzak eta dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistro Telematikoan egon behar du entitate eskatzaileak. Alta emateko edo hirugarrenen datuak aldatzeko, helbide honetarako jo behar du entitate interesdunak: https://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-tramite/eu/
15. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan araututako betebehar-araubidea bete beharko dute, eta, zehazki, honako hauek:
a) Diruz lagunduko den jarduera egitea.
b) Esleitutako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman zaiela aditzera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost egun balioduneko epean ez badiote dirulaguntzari idatziz espresuki uko egiten, onartu egin dutela ulertuko da.
c) Deialdi honen bidez jasotako dirulaguntzei buruzko informazioa ematea Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, haiek hala eskatuz gero beren funtzioen jardunean.
d) Dirulaguntza ematen duen organoari jakinaraztea jarduera beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuekin finantzatu dela. Jakin bezain laster jakinarazi behar zaio, eta, betiere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen.
e) Kontabilitate-liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak izatea entitate onuradunari kasu bakoitzean aplikatzekoa zaion merkataritza-legeriak eta sektorekoak eskatutako baldintzetan, eta dirulaguntzen oinarri arautzaileek eskatutako kontabilitateko egoera-orri eta erregistro espezifiko oro, egiaztatze- eta kontrol-jardun egokia bermatzeko.
f) Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gorde behar dira, agiri elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko jarduketak gauzatzeko erabil baitaitezke.
g) Eusko Jaurlaritzaren Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritza gonbidatzea jarduera aurkezteko egingo diren ekitaldi publiko guztietara, eta jarduera gauzatzen den artean ikusteko moduko tokian adieraztea Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren dirulaguntza jaso duela jarduerak, dirulaguntza ekitaldia egin ostean ematen ez bada behintzat; hala bada, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik aurrera sortuko dituzten dokumentu guztietan adierazi beharko dute hori.
h) Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onesten duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan xedatutakoa betez, diruz lagundutako jarduerarekin lotutako ekintzetan ez da hizkera sexistarik erabiliko. Gizon eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez dagoela bermatuko da.
i) Jasotako funtsak itzultzea deialdi honen araudian aurreikusitako kasuetan.
j) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 27. eta 42. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera eska daitekeen beste edozein betebehar.
16. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira ostatuari, ekipajeari, logistikari eta garraioari dagozkienak, parte hartzen den lehiaketetatik eratorriak, bai eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan ezarritakoak ere, hau da, diruz lagundutako jardueraren izaerarekin zalantzarik gabe lotuta daudenak, baldin eta behar-beharrezkoak badira eta 2025ean egiten badira.
Diruz lagundu daitezkeen gastuak eskuratzeko kostua ez da inola ere izango merkatuko balioa baino handiagoa.
2.– Egindako gastutzat hartuko dira justifikatzeko epea amaitu aurretik egiazki ordaindu direnak.
3.– Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen baditu, entitate onuradunak hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta, haren ezaugarri bereziak direla eta, merkatuan ez badago horiek egiten, ematen edo hornitzen dituen entitate nahikorik, edo salbu eta gastua dirulaguntzaren aurretik egin bada.
Efizientzia- eta ekonomia-irizpideen arabera hautatuko da aurkeztutako eskaintzen artean, eta berariaz justifikatu beharko da hautu hori, memoria batean, baldin proposamen ekonomiko merkeenaren alde egiten ez bada. Eskaintza horiek justifikazioarekin batera aurkeztu beharko dira, edo, bestela, dirulaguntza-eskabidearekin batera.
4.– Tributuak diruz lagundu ahal izango dira, baldin eta entitate onuradunak egiazki ordaintzen baditu. Gastu hauek ez dira inola ere diruz lagungarritzat joko: zeharkako zergak, baldin eta errekuperatu edo konpentsatu badaitezke, eta errentaren gaineko zerga pertsonalak.
Gastu hauek ere ezingo dira inola ere diruz lagundu: banku-kontuetako interes zordunak, interesak, errekarguak, administrazio-zehapenak eta zehapen penalak, eta prozedura judizialen gastuak.
5.– Zeharkako kostuak diruz lagundutako jarduerari egotziko dizkio entitate onuradunak, arrazoiz dagokien partean, oro har onartutako kontabilitate-printzipio eta -arauekin bat, eta, betiere, jarduera egiten den aldiari badagozkio kostu horiek.
17. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.
Justifikazioak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira 2026ko martxoaren 2a baino lehen, agindu honen 5. artikuluan ezarritako jarraibideen arabera eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikuluan justifikazioak aurkeztearen inguruan xedatutakoa kontuan hartuta.
Justifikazio-agiriak:
a) Dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzeari buruzko memoria laburra, egindako jarduerak eta lorturiko emaitzak adierazita.
b) Gastuen fakturak eta ordainketa-ziurtagiriak. Gastuak egiaztatzeko, fakturak eta froga-balio baliokidea duten gainerako dokumentuak aurkeztu beharko dira, merkataritzako trafiko juridikoan balioa dutenak edo eraginkortasun administratiboa dutenak, erregelamendu bidez ezarritako moduan. Faktura elektronikoen bidez ere egiaztatu ahal izango dira gastuak, baldin eta zerga-arloan onartuak izateko betekizunak betetzen badituzte.
Faktura eta egiaztagiri guztiak espedientean kargatuko dira. Aurkeztutako fakturek diruz laguntzen den jardueraren gastu guztiak justifikatu beharko dituzte.
c) Dirulaguntza emateko ebazpenean jarritako baldintzen arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa berariaz jasotzen duen dokumentazio guztiaren aleak (dokumentu grafikoak, fotografikoak edo ikus-entzunezkoak).
d) Egindako gastuen (jardueraren zenbateko osoaren besteko kopurua) zerrenda zehatza. (III. eranskina).
e) Ekitaldian parte hartu izanaren aurrekontu likidatua, diru-sarrera eta gastu guztiak adierazita. Bereziki jaso beharko dira helburu berarekin eskuratutako beste laguntzak, eskabideak aurkezteko unean laguntza horiek egiazki jasoko ote ziren jakiterik ez bazegoen (II. eranskina).
18. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen III. tituluko 35.– 43. artikuluetan ezarritakoak dira ez-betetzeak.
2.– Horrelako ez-betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, osorik edo partzialki, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36.1 eta 36.2 artikuluetan ezarritakoaren arabera, eta lege horren 40. artikuluan aurreikusitako prozeduraren bidez izapidetuko da.
19. artikulua.– Emandako zenbatekoa aldatzeko, laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat jotzeko eta, hala badagokio, laguntza itzultzeko prozedura.
Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, eta, edozelan ere, beste administrazio edo ente publiko nahiz pribatu batzuetatik beste dirulaguntza batzuk edo bestelako laguntzak jasotzen badira, edota, kasua bada, helburu bererako beste diru-sarrera zein baliabide batzuk eskuratzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 25. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, eta, betiere, dirulaguntzen onuradun izateko arauetan jarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.
Agindu honetan aurreikusitako likidazio edo ez-betetze kasuetan, eta 14. artikuluan aipatzen den kasuan, hau izango da prozedura:
a) Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak hasiera emango dio likidazio- eta itzulketa-prozedurari, eta 10 egun balioduneko epea emango dio interesdunari egokitzat jotzen dituen alegazioak egiteko. Prozedura hasiz gero, eten egingo dira egiteke dauden ordainketak.
b) Alegazioak jaso ondoren, edo epea alegaziorik egin gabe igarotzen bada, amaiera emango zaio prozedurari, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren agindu baten bidez. Prozedura ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izango da, hasiera emateko erabakiaren egunetik zenbatzen hasita. Ebazpenean arauren bat bete gabe utzi dela iritziz gero, laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, hala badagokio, adieraziko da Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola dagozkion diru-kopuruak eta laguntza ordaindu zenetik sortutako berandutze-interesak, ebazpena jakinarazi eta gehienez ere bi hilabeteko epean. Epe hori borondatezko alditzat joko da.
c) Borondatezko aldian itzulketarik egiten ez bada, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari jakinaraziko zaio, aplikatzekoa den legezko araudian xedatutakoari jarraikiz jardun dezan.
20. artikulua.– Lehiari buruzko Europako araudia.
Deialdi honetan jasotako laguntzek, jarduera ekonomikoak egiten dituzten onuradunen kasuan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak «de minimis» laguntzei aplikatzeari buruzko Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko (EB) 2023/2831 Erregelamenduan ezarritako «de minimis» araua bete beharko dute. Kalifikazio horren ondorioz, enpresa bakar bati emandako «de minimis» laguntzen zenbateko osoa ez da 300.000 eurotik gorakoa izango hiru urteko edozein alditan. Muga hori aplikatzeko, aipatutako erregelamenduaren 2.2 artikuluan «enpresa bakarraren» definizioari erreparatu beharko zaio.
Laguntza eskatzen duen entitateak 2021., 2022. eta 2023. urtean jasotako «de minimis» laguntza horiei buruzko adierazpena egin beharko du, frogatzeko «de minimis» laguntza berriak ez duela gainditzen aipatutako erregelamenduan ezarritako gehieneko muga.
21. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.
Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta izen hau duen tratamendu-jardueran sartuko dira: Kirolaren arloko laguntzak eta dirulaguntzak.
– Arduraduna: Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.
– Helburua: kirol-arloko laguntzen eta dirulaguntzen eskaerak kudeatzea.
– Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren alde edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak baliatzearen alde egindako eginkizun bat betetzeko.
– Hartzaileak: arlo honetan eskumena duten administrazioak.
– Eskubideak: datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko eskubidea duzu, bai eta informazio gehigarrian jasotzen diren beste eskubide batzuk ere.
– Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarria eta xehea duzu gure web-orrian: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/025200-capa2-eu.shtml
Araudia:
– Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra: (www.eulex.europa.eu/legalcontent/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).
– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).
RSS