
120. zk., 2025eko ekainaren 26a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (131 KB - 4 orri.)
- EPUB (106 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
2859
EBAZPENA, 2025eko maiatzaren 29koa, Eustat-Euskal Estatistika Erakundeko zuzendariarena, Eustat-Euskal Estatistika Erakundeko Zuzendaritza Nagusiko goi-kargudunaren idazkariaren lanpostua izendapen askearen sistema erabiliz betetzeko deialdi publikoa iragartzen duena.
Laster, Eustateko Zuzendaritza Nagusian, hutsik geratuko da goi-kargudunaren idazkariaren lanpostu bat (kodea: 520010; dotazioa: 113). Hala, Euskal Enplegu Publikoaren azaroaren 1eko 11/2022 Legearen 102.2 artikuluaren arabera, eta Funtzio Publikoko Zuzendaritzak aldeko txostena bidali eta gero, organismo honek erabaki du iragartzea eranskinean aipatzen den lanpostua beteko dela, izendapen askez eta oinarri hauei jarraituz bete ere:
OINARRIAK
Lehenengoa.– Parte hartzeko baldintzak.
1.– Deialdi honetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko eta haren organismo autonomoetako karrerako funtzionarioek parte hartu ahal izango dute, bai eta EAEko Administrazio orokorrarekin lotuta dauden zuzenbide pribatuko ente publikoetako karrerako funtzionarioek ere, lanpostu-zerrendan (LPZ) ezartzen diren eta eranskinean zehaztuta dauden baldintzak betetzen badituzte.
Langile horiek edozein administrazio-egoeratan egonda har dezakete parte deialdian, egoera hauetan izan ezik:
– Eginkizun-gabetze irmoa ezarrita daukaten funtzionarioek ezin izango dute parte hartu, egoera horrek dirauen bitartean.
– Norberaren kontuetarako edo familia elkartzeko borondatezko eszedentzian dauden langileek ezin izango dute parte hartu, ez badute bete eszedentzian egon beharreko gutxieneko denbora (2 urte).
2.– Orobat, parte hartu ahal izango dute beste administrazio publiko batzuetako karrerako funtzionarioek, irakaskuntzako eta Justizia Administrazioko karrerako funtzionarioek, bai eta erakunde sanitarioetako estatutupeko langile finkoek ere, baldin eta lanpostu-zerrendan espresuki ezartzen bada langile mota horrek betetzeko moduko lanpostua dela, eta, hortaz, zehazki identifikatzen bada dagokion kodearekin, ebazpen honen eranskinean zehaztutakoarekin bat etorriz.
Langile horiek deialdi honetan parte hartu ahal izango dute, lanpostu-zerrendan ezarritako baldintzak egiaztatzen badituzte eta zerbitzu aktiboko administrazio-egoeran edo jatorrizko administrazioan lanpostua gordetzea dakarren administrazio-egoeran badaude, non eta ez duten 6 hilabetetik beherako eginkizun-gabetze behin-behinekoa edo irmoa.
Bigarrena.– Eskabideak.
Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik 15 egun balioduneko epean aurkeztu beharko dira parte hartzeko eskabideak.
EAEko Administrazio orokorrean eta haren organismo publikoetan jardunean dauden karrerako funtzionarioek EIZU enplegatuaren atariaren bidez egin ditzakete eskabideak. Jakina bidez eta Internet bidez sar daiteke atari horretara, helbide honetatik: Funtzio Publikoa-Eusko Jaurlaritza-Euskadi.eus
Aurkeztu nahi duten gainerako guztiek Eustat Euskal Estatistika Erakundearen Zuzendaritza Nagusira bidali beharko dute eskabidea, erregistro elektronikoaren bidez.
Hirugarrena.– Betekizunak eta merezimenduak.
Ebazpen honen eranskinean, 520010 GKI lanpostua (113 dotazioa) betetzeko lanpostuen zerrendan eskatzen diren betekizunak daude. Era berean, lanpostuaren funtzioen eta zereginen arabera zer merezimendu eta gaitasun balora daitezkeen ezartzen da.
Parte hartzeko eskabideari curriculum vitaea erantsi behar zaio, eta, hor, datu pertsonalak eta norberaren talde, azpitalde edo kidegoa zehazteaz gain, beste hauek ere jaso behar dira:
a) Tituluak.
b) Administrazio publikoan eta sektore publikoan eta, hala badagokio, enpresa pribatuan betetako lanpostuak, lehiatzen den lanpostuaren funtzioen eta zereginen antzekoak dituztenak.
c) Egiaztatutako hizkuntza-eskakizuna.
d) Jasotako edo emandako prestakuntza-ikastaroak.
e) Hizkuntzak.
f) Bestelako merezimendu eta konpetentzia guztiak, eskatutako lanpostuari esleitutako funtzio eta zereginekin lotuta egonda eta egokitzat jota jakinarazi nahi direnak.
Eskabidearekin batera, deialdian eskatzen diren betekizunen eta alegatutako merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte izangaiek, baldin eta EAEko Administrazio orokorraren Langileen Erregistroan ez badaude.
Izangaia deitutako lanpostuaren funtzioetara ongi egokitzen dela bermatzeko, deialdia egin duen organoari aukera ematen zaio izangaiak alegatu dituen merezimenduak egiaztatzeko egoki jotzen dituen bitartekoak erabil ditzan; elkarrizketa pertsonala egin edo proba bat jar dezake horretarako, edo Giza Baliabideen Zerbitzuko organo teknikoen txostenak eskatu.
Deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bete behar dira eskatutako betekizunak, eta esleitutako lanpostuez jabetu arte eutsi behar zaie. Parte hartzeko baldintzak betetzen jarraitzen ez duten parte-hartzaileak ezin izango dira jabetu esleitutako lanpostuaz.
Laugarrena.– Ebazpena.
Eustateko zuzendariaren ebazpen baten bidez ebatziko da deialdi hau, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik hiru hilabete igaro baino lehen, eta ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da.
Lanpostua lortzen duenak esleipen-ebazpenean ezarritako egunean jabetu beharko du lanpostuaz, eta, hala badagokio, aurreko lanpostuaren titulartasuna galduko du.
Ebazpen hori arrazoitzeko, kontuan hartuko da izangaiak deialdian eskatzen diren baldintzak eta zehaztapenak bete dituela, izendapena egiteko eskumena dagoela eta izangaia lanpostuari buruz monografian ezarritako eginkizunak eta zereginak betetzeko egokia dela. Horretarako, gainerako izangaiekin alderatuko dira merezimenduak (eta, hala badagokio, elkarrizketaren edo probaren emaitza), beste izangairik baldin badago behintzat.
Deialdia hutsik geratu dela deklaratu daiteke, baldin eta izangaietako batek ere ez baditu betetzen lanpostuaren baldintzak, edo izangaietako bat ere ezin bada egokitzat jo deialdiko lanpostua betetzeko behar beste merezimendu eta konpetentzia ez dituelako.
Bosgarrena.– Errekurtsoak.
Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke ebazpena eman duen organoari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, dagokion Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta bi hilabete igaro baino lehen.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 29a.
Eustat-Euskal Estatistika Erakundeko zuzendaria,
BELEN MUÑIZ VILLANUEVA.
ERANSKINA
520010 GKI lanpostuaren datuak:
Izena: goi-kargudunaren idazkaria.
Kodea: 520010.
Dotazioa: 113.
Kidegoak: C1 administraria edo C2 administrari laguntzailea.
Lanpostu-mailako osagarria: 18.
Berariazko osagarria: VI-A.
Kokapena: Eustat.
Herria: Vitoria-Gasteiz.
Hizkuntza-eskakizuna: 3.
Derrigortasun-data: 2014ko urria.
Lanpostu-zerrendako betekizunak edo berariazko ezagutzak:
– Goi-kargudunekin harremanetan egotea sarritan. Isilpeko informazioarekin lan egin ohi du.
– Lanaldia luzatzeko prestasuna.
Lanposturako baloratu daitekeen ezagutza:
– Gutxieneko bi urteko esperientzia goi-kargudunen idazkariaren lanpostuetan.
– Administrazioko administrazio-izapideei buruzko ezagutza.
– Datu pertsonalak babesteari buruzko ezagutza.
– Ingelesa: B2, maila ertaineko ulermena eta adierazpena.
– Espedienteak, aktak, txostenak eta abar artxibatzen jakitea.
– Outlook erabiltzen jakitea lan-agendak kudeatzeko.
– Bidaiak (joan-etorriak, ostatatzeak) antolatzen jakitea.
– Egiten diren jardueretan objektibotasuna transmititzen edo jarrera objektiboa izaten jakitea.
RSS